77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119E/2014 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, "Andosillako Hirigintzako Udal Planaren aldaketa. Jarduera ekonomikoen eremua" proiektuaren Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Andosillako Udala da.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal plan orokorretako aldaketek, lurzoru urbanizaezina ukitzen dutenean, Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dituzte, aldaketak onestearekin batera edo lehenago.

Andosillako Udalak, 2013ko irailaren 26an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udal Planean egiturazko aldaketa bat egitea, eta erabaki hori jendaurrean jarri zuen 2013ko 192. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 4an, argitaraturiko iragarkiaren bidez. Jendaurreko epe horretan, ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Jarduera ekonomikoen eremua Andosillako hegoaldean ezarri nahi da, bizitegien herrigunearen jarraian, nekazaritzarako eta industriarako erabiltzen den ingurune misto batean. Eremu horretan gaur egungo industrialdea eta NA-8715 errepidearen eta Ega ibaiak ezartzen duen muga naturalaren artean dauden lurrak sartzen dira, bizitegietarako hiri-lurzoruaren hegoaldeko mugatik San Adriango mugaraino, Camino de San Adrián, La Presa, La Currilla eta La Razuela izeneko alderdietan.

Udal planaren aldaketaren helburua da egungo industrialdearen handitzea mugatu eta garatzea. Industria eremu berriak gaur egun dauden industria lurzoruak (ZI-1) eta lurzoru urbanizaezinean (ZI-2) baimenduta dauden industria jarduerak hartuko ditu bere baitan. Handitzea lurzoru urbanizagarri sektorizatuan dauden bi sektoretan egitea proposatzen da. SI-1 sektorea (antolamendu xehakatua duena errepidetik Ega ibairaino), eta SI-2 sektorea, San Adrianekin muga egiten duena eta plan partzial baten bidezko antolamenduari lotua dagoena. Jarduera ekonomikoen eremuaren azalera, guztira, 53,4 hektareakoa da. Horietatik 24,3 ha bi sektore horietan aurreikusitako handitzeari dagozkio.

Aldaketaren ondorioz, Andosillako hirigintza planeamenduan indarra duen lurzoruen sailkapena ere aldatu beharko da. ZI-1 eta ZI-2 zonak hiri lurzoru finkatuen sailean sartuko dira, eta SI-1 eta SI-2 sektoreen eremua lurzoru urbanizaezin izatetik (nekazaritzako produktibitate ertaina eta altua, ur babestuetako lurzorua eta eraikitako azpiegiturena) lurzoru urbanizagarri izatera pasako da.

Jarduera ekonomikoen eremua NA-8715 errepidearen inguruan egituratzen da, hiriko bide bihurtzen baita. Lurzati berrietara sartzeko bideak hortik abiatuko dira. Lehenengo alubioi-terrazan berdegune handi bat sortzea proposatzen da, uholdeak hartzen ahal dituen zonak hartuko dituena (500 urteko birgertatzealdirako). Zona horiek urbanizatu beharreko eremutik kanpo geldituko dira, eta tratamendu berezia izanen dute, ibarbasoa errekuperatzeko eta arrisku naturalak babesteko erabiliko baitira. Multzoaren eta ingurunearen ikusizko inpaktua hobetzearren, terrazetako mugen ezpondetan landaketak egitea aurreikusi da.

Ibai bazterreko espazioak eten bat dauka Ega ibaiaren eskuinaldean dauden industria-instalazioengatik. Eremu horretarako (ZI-2) aurreikuspenen arabera, etorkizunean jarduera horiek aldatzen badira, ibaiaren bazterrak berreskuratzeko irizpidea aplikatuko da antolamendua egitean, lurzoru urbanizagarriko sektoreetan aurreikusita dauden ibarbaso eta bideei jarraipena emateko.

Bizitegietarako eta industriarako guneen arteko trantsizio gisa, erabilera anitzeko eremu bat eta berdegune bat aurreikusi dira. Berdegune hori lorategi gisa presta daiteke, edo nekazaritzako erabilera eman dakioke bizitegien gunetik hurbilen dagoen aldean. Oinezkoak eremu horietako batetik bestera joateko, hiriko bide berri bat eginen da.

Jarduketa eremuaren barrenean bi aztarnategi arkeologiko identifikatu dira (3. mailakoak): La Currilla SI-1 sektorean, eta Camino de San Adrián, SI-2 sektorean. Plan partzialek ondarearen gainean izanen dituzten ukipenak Ondare Historikoaren Zerbitzuak proposatutako neurriak aplikatzearen menpe daude. Neurri horiek aldaketaren araudian jaso dira.

Saneamendurako azpiegiturei dagokienez, sare bereiziak planteatu dira ur beltzentzat eta euri-urentzat. Euri-uren kudeaketari dagokionez, dekantazio eta laminazio putzu bat sartu da, Ega ibaira egiten diren isurkien kalitatea hobetuko duena. Putzu hori berdegunean kokatuko da, eta naturalizatuko da.

Argi-kutsaduraren prebentzioari dagokionez, jarduketa-eremua E3 zona bat da, hau da, dirdira ertaina onartzen duten lurraldeetan sartutako eremua. Hori dela eta, urbanizazio proiektuan ezaugarri hori aintzat hartu beharko da.

Jarduera ekonomikoen eremuak urbanizatu gabeko industri eremuetarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzen ditu. Hortaz, ez da zuzenketa neurririk behar, eta b) motako eremu akustiko gisa sartzen da (bereziki industria erabilerarako lurzoruak dituzten lurraldeko sektoreak).

Ingurumen ondorioen azterlanean egoki aztertu dira jarduketa eremuan dauden ingurumen balioak eta arriskuak. Balio handieneko ingurumen elementuak hauek dira: Ega ibaia, ibaiari lotutako landareak eta fauna, eta La Harinera kanala, intereseko espezieentzat habitata izan daitekeelako, bisoi europarrarentzat konparazio batera.

Ingurumen ondorioen azterlanean, aldaketaren ondorioz ingurumen eragina sor dezaketen jarduerak aipatzen dira, eta, sektorea berrantolatzeko hartutako neurrien ondorioz, ingurumen ukipenak bateragarritzat jotzen ditu. Gainera, ondorio positiboak ere ekar ditzakeela dio, ondorio sozio-ekonomikoei dagokienez eta ibaiko ibarbasoa errekuperatuko delako. Azterlanaren 10. kapituluan babes, zuzenketa eta diseinu neurri batzuk jasotzen dira, proiektu fasean gauzatu beharrekoak.

Espedientean Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalaren 2014ko urtarrilaren 17ko txostena jaso da, industria eremu horretan kalitate akustikoaren helburuak betetzeari buruz.

Uraren Zerbitzuak, 2014ko urtarrilaren 10ean, aldeko txostena eman du, industria jarduerak uholde-lautadako terraza altu batean kokatuko direlako, 500 urteko uholde-eremutik kanpo.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak azaldu du Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela eta aldeko txostena eman du, betiere planaren aldaketari ingurumen arloko baldintza batzuk erantsiz gero.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren 42. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Andosillako Hirigintzako Udal Planaren aldaketa. Jarduera ekonomikoen eremua" proiektuaren aldeko Ingurumen ondorioen adierazpena egitea. Sustatzailea Andosillako Udala da.

2. Ingurumen ondorioen adierazpen hau ingurumen arloko baldintza hauek betetzearen mende dago:

–Industria eremua garatzeko urbanizazio proiektuetan Ingurumen ondorioen azterlanaren 10. kapituluan adierazitako ingurumen neurriak jasoko dira. Honako alderdi hauen gaineko arauetan arreta berezia jarriko da: ondare arkeologikoa, azaleko hidrologia, argi-kutsadura, jarduteko aldi egokienak faunaren gaineko ukipenak saihesteko, eta Ega ibaiaren eskuineko bazterrean ibarbaso bat sortzeko eta ingurua landareztatzeko neurriak.

Urbanizazio proiektuetan eraikuntza neurri berariazko batzuk jasoko dira aparkalekuetako, bideetako eta espazio libre publikoetako azaleren iragazgaizpenaren ehunekoa murrizteko.

–Ega ibaiko beheko terrazan jarri beharreko euri uren laminazio putzua gaur egun nekazaritzarako erabiltzen diren zenbait lurzatiren toki berean kokatuko da, eta euri ur horiek ibaira botatzeko, ahal dela, ibai-bazterreko landarerik ez duen toki bat aukeratuko da.

–Gaueko giroa babestearren, ibaiaren inguruan aurreikusitako berdeguneak espazio publikoetako argi-sistematik kanpo egonen dira.

–S-1 sektoreko berdeguneko euri-uren putzua ezartzeko eta ibaiaren ingurua berreskuratzeko orduan, kontuan hartuko dira eremu horretan berean baimendutako instalazioak, hango industria jarduerei lotutako araztegia, konparazio batera.

–SI-1 sektoreko berdegunean sartzeko, oinezkoek terrazaren ertzetik aurreikusita dagoen perimetro-bidea erabiliko dute, horrela bermatuko baita oinezkoentzako bideak jarraipena izanen duela.

–S.I.2 sektorea garatzeko plan partzialak ingurumen ebaluazio estrategikoa beharko du. Plan partzial horren antolamenduan SI-1 sektorean aplikatutako irizpideak aintzat hartuko dira, zehazki, urak hartzen ahal dituen eremuak ibaietako ibarbasoak errekuperatzeko gune gisa tratatzeari dagokionez eta ondarea babesteko neurriei dagokienez.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, NASUVINSAri eta Andosillako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko martxoaren 21ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1404353