77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 24koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Noaingo Fundación Aspace Navarra para el Empleo entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Noaingo Fundación Aspace para el Empleo entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31007912012000) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko urtarrilaren 27an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta zenbait sindikaturen ordezkariek (LAB, CCOO eta UGT) 2014ko urtarrilaren 23an izenpetu eta 2014ko martxoaren 21ean zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko martxoaren 24an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

ASPACE NAVARRA PARA EL EMPLEO FUNDAZIOAREN ENPLEGURAKO ZENTRO BEREZIAREN V. HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lan hitzarmen kolektibo honek lan harremanak arautzen ditu, Fundación Aspace Navarra para el Empleo fundazioaren (Enplegurako Zentro Berezia lantokian) eta haren lurralde eremuko eta eremu pertsonaleko langileen artean.

2. artikulua. Lurralde eremua.

FANEko Enplegurako Zentro Bereziak Nafarroako Foru Komunitatean dituen zentro, lantalde mugikor, enklabe eta zerbitzuetan aritzen diren langileei aplikatuko zaie hitzarmen kolektibo hau.

3. artikulua. Iraunaldia, salaketa eta indarraldia.

Hitzarmen kolektibo honek 2014ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta 2015eko abenduaren 31 arte iraunen du. Nolanahi ere, hitzarmena salatuta, aurreraeragina izaten jarraituko du, hau da, hitzartutakoa aplikatuko da beste hitzarmen batek ordeztu arte. Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluko 4. paragrafoan xedatutako urtebeteko epea gainditzen bada ere.

Langileen Estatutuaren 86.2. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertzen da hitzarmen honen amaiera sinatzen den egunetik beretik iragartzen dela.

4. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen Kolektibo honek langile finkoak, behin-behinekoak, bitartekoak eta abar hartzen ditu, honakoetan ezarritako edozein kontratazio mota dutenak: Langileen Estatutuan eta hura garatzeko gainerako legerian, batik bat 427/1999 Errege Dekretuaren bidez aldatutako uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan (Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duena). Hitzarmenaren aplikaziotik kanpo gelditzen dira gizarte boluntarioaren lana egiten dutenak edo prestakuntza praktiketan edo erlijio zereginetan ari direnak, eta FANEko Enplegurako Zentro Berezia entitatearekin zerbitzuen errentamendu kontratuak hitzartuak dituzten enpresen edo entitateen plantilletakoak.

II. TITULUA

Lanbide sailkapena

5. artikulua. Langileen sailkapena.

Langileak, betetzen duten lanaren arabera, lanbide talde, kategoria edo maila hauetakoren batean sailkatuko dira:

1. taldea.–Goi mailako teknikariak.

1.1. Zuzendari teknikoa.

1.2. Unitate operatiboko zuzendaria, laguntza prozesukoa, alorreko arduraduna.

1.3. Fabrikazio burua.

1.4. Terapeuta.

2. taldea.–Erdi mailako teknikariak.

2.1. Ataleko karguduna.

2.2. Erdi mailako teknikaria.

2.3. Administrari-ofiziala.

2.4. Ataleko arduraduna.

2.5. 1. mailako gidaria.

2.6. Sukaldaria.

3. taldea.–Produkzioko eta zerbitzuetako langileak.

3.1. Soroslea.

3.2. 1. mailako ofiziala.

3.3. 2. mailako ofiziala.

3.4. 3. mailako ofiziala.

3.5. 1. mailako espezialista.

3.6. Espezialista.

Artikulu honetako lanbide taldeen sailkapena zerrenda hutsa baino ez da, baita haietako bakoitzean zehazten diren lanbide mailak ere, eta horrek ez dakar horiek guztiak beterik izateko betebeharra. Hala balegokio, lanbide talde edo maila berriak sor daitezke eginkizun zehatzak izanda, baldin eta egun aurreikusita daudenekin bat egiten ez badute.

Lanbide taldeen bidezko sailkapen hau egin da langileek egiten dituzten oinarrizko betebehar eta atazarik adierazgarrienak eta ondoko balorazio faktoreak interpretatuz, aplikatuz eta batera aztertuz: ezagutzak, esperientzia, ekimena, autonomia, erantzukizuna, agintea eta konplexutasuna.

Honako hauek dira enpresako langileak sailkatzeko lanbide taldeak:

6. artikulua. Lanbide taldeen definizioa eta eginbeharrak.

1. taldea.–Goi mailako teknikariak.

Unibertsitateko edo maila bereko eskola teknikoko titulua edo esperientzia edo prestakuntza teknikoa frogatua izanik, kontratuaren xedeko erantzukizunari dagozkion eginkizunak betetzen ditu, bere arloko erantzukizuna bere gain hartuta.

1.1.–Zuzendari teknikoa: Enplegurako Zentro Bereziko produkzioko eta zerbitzuetako alorretako arduradun nagusia da.

–Unitate operatiboetako zuzendariak koordinatuko ditu.

–Zuzendaritza teknikoko lanak eginen ditu eta prozesuak gainbegiratuko ditu.

–Enplegurako Zentro Bereziko jarduera guztien zerbitzua eta produkzioa planifikatuko ditu.

–Konplexutasun, autonomia eta ekimen handiko lanak eginen ditu, hala nola: kalitatea eta sistemak bermatzea, arriskuak prebenitzea eta lan osasuna, langileak kudeatzea, merkataritza kudeaketa, unitate operatiboen urteko aurrekontuari kontrola eta segimendua egitea, laguntza prozesuko zuzendaritzekin eta FANEko zuzendaritzarekin elkarlanean.

–FANEko zuzendaritza taldean hartuko du parte. Eta hura ordezkatuko du, hala eskatzen zaionean.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

1.2.–Unitate operatiboko, laguntza prozesuko eta arloko arduradunen zuzendaria: unitate operatiboko, laguntza prozesuko edo esleitutako arloko erantzukizun handieneko pertsona da.

–Bere unitateko, prozesuko edo alorreko kargudunak eta arduradunak koordinatuko ditu.

–Erantzukizun handiko eginkizunak beteko ditu bai eta bere unitateari, prozesuari edo alorrari esleitutako prozesuak gainbegiratzekoak ere.

–Bere unitateko, prozesuko edo alorreko jarduera guztien zerbitzua eta produkzioa planifikatuko ditu.

–Erantzukizun, autonomia eta ekimen handiko lanak eginen ditu bere unitate, prozesu edo alorraren barruan, hala nola: kalitatea eta sistemak bermatzea, arriskuak prebenitzea eta lan osasuna, langileak kudeatzea, merkataritza kudeaketa, unitate operatiboen urteko aurrekontuari kontrola eta segimendua egitea, laguntza prozesuko zuzendaritzekin, beste unitate operatiboekin edo alorrekin, EZBko zuzendaritza teknikoarekin eta FANEko zuzendaritzarekin elkarlanean.

–Laguntza prozesuetako eta unitate operatiboetako zuzendariek zuzendaritza taldean parte hartuko dute, eta hura ordezkatuko dute hala eskatzen zaienean.

Laguntza prozesuetako zuzendariek FANEko zuzendaritza batzordean hartuko dute parte.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

1.3.–Fabrikazio burua: fabrikazio langileen zuzeneko arduraduna da (produkzioa, mantentze-lanak, zerbitzu osagarriak, etab.), baita bere zentroko edo zerbitzuko beste kargudun eta aginteena ere. Halaber, ardura du lana banatzearen, diziplinaren, pertsonen segurtasunaren, ingurumena errespetatzearen eta bere alorreko eta bere erantzukizun mailako bezero eta hornitzaileekiko harreman zuzenaren gainean.

–Bere gain dauzka lantegiko zuzendaritzaren eta produkzioaren kontrola eta planifikazioa.

–Lan kargak, produkzio eta hobekuntza azterlanak, errendimenduak, etab. ere kontrolatuko ditu.

–Elkarlanean arituko da bere unitate operatiboko zuzendaritzarekin helburuak eskuratzeko eta EZBko beste zentro edo zerbitzuekin koordinatzeko.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

1.4.–Terapeuta: bere eginkizunak betetzeko titulu ofiziala izanda, eskeletoko alterazioak prebenitzeko eta errehabilitazioko tratamenduak egiten ditu, bitarteko fisiko odolik gabekoen bidez (fisioterapeutaren kasuan). Pedagogoaren kasuan, etengabeko prestakuntzako eginkizunak edo errehabilitaziokoak eginen ditu, bere alorraren barrenean.

Bere jarduerak koordinatuko ditu PASYP laguntza prozesuko zuzendariarekin.

–Egin beharreko programak eta terapiak ezarriko ditu.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2. taldea.–Erdi mailako teknikariak.

2.1.–Sekzioko arduraduna: gaia behar bezala ezaguturik, unitate operatiboko zuzendaritzak, laguntza prozesuko zuzendariak edo fabrikazioko buruak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Lanak zuzentzea eta esleitzea bere produkzio ataleko, lantalde mugikorreko, enklabeko, lantokiko edo laguntza zerbitzuko langileei.

–Lana banatzea, diziplina, pertsonen segurtasuna, ingurumena errespetatzea eta bere ataleko, zentroko, lantalde mugikorreko, enklabeko edo zerbitzu osagarriko bezero eta hornitzaileekiko zuzeneko harremana, unitate operatiboko zuzendariak, laguntza prozesuko zuzendariak edo fabrikazio buruak gainbegiratuta.

–Esleitutako alorraren erantzukizuna bere gain hartzea, prozesu operatiboko zuzendaria, unitate operatiboko zuzendaria edo fabrikazio burua ez dagoenean.

–Produkzioa edo zerbitzua bermatzea, bezeroak kalitatean, zerbitzuan eta/edo kantitatean egiten dituen errekerimenduen arabera.

–Bere ardura etengabe hobetzen jardutea eta prestakuntzarako ekintzak, produkzioa hobetzekoak edo zerbitzua ematekoak eta antolaketa proposatzea.

–Emaitzarik hoberenak lortzeko, bere agindupeko langileei laguntzea eta bere menpeko langileen betebehar eta arazoak atzeman eta bideratzea.

–Bere ardura diren makina, instalazio, material, eta beste elementuak egoera ezin hobean mantentzea.

–Kontrolpean edukitzea erreminten, tresnen, osagarrien eta bere agindupekoek lana egiteko behar dituzten beste elementuen egoera.

–Elkarlanean aritzea unitate operatiboko zuzendariarekin, laguntza prozesuko zuzendariarekin edo fabrikazio buruarekin, bere ataleko, zentroko, lantalde mugikorreko, enklabeko edo zerbitzu osagarriko helburuak erdiesteko.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.2.–Erdi mailako teknikaria: kategoria honetakoak dira, berariazko kualifikazio teknikoa izanik, zerbitzu edo alor zehatz batean eginkizun teknikoak betetzen dituztenak, betiere bertako arduradunaren menpean.

2.3.–Administrari-ofiziala: gaia behar bezala ezaguturik eta laguntza prozesuko zuzendariaren agindupean, administrazio tramitazioa antolatu eta egiten du: fakturazioa, albaranak, kontabilitatea, txostenak, erosketen segimendua eta alor ekonomiko-finantzarioko beste lan batzuk.

Orobat, bere erantzukizuneko kudeaketak egiten ditu, EZBren barruan zein kanpoan.

Laguntza prozesuarekin elkarlanean aritzeko, telefonoa eta bisitak hartzen ditu, langileen asistentzia erregistratzen du eta laguntza lanak egiten ditu unitate operatiboko, laguntza prozesuko eta zuzendaritza teknikoko zuzendarientzat.

EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.4.–Ataleko arduraduna: gaia behar bezala ezaguturik, unitate operatiboko zuzendariak, zuzendari teknikoak, ataleko kargudunak eta/edo laguntza prozesuko zuzendariak agindurik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Bere ataletik (mantentze-lanak, informatika eta kalitatea) koordinatzen da bere zerbitzuak behar dituzten zentro, lantalde mugikor, enklabe edo zerbitzu osagarriekin.

–Kargudunekin elkarlanean aritzea bere eginkizunetan eta haiek ordezkatzea bertan ez daudenean.

–Bere erantzukizuneko jarduerak hobetzen jardutea etengabe eta hobekuntzak, prestakuntzako ekintzak eta antolaketakoak proposatzea.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak betetzea, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.5.–Lehen mailako gidaria: C1 gidabaimena edukita (3.500 kg-tik gorako ibilgailuei dagokiena), EZBko ibilgailuak gidatu, kargatu, deskargatu, garbitu eta mantentzen ditu, behar bezala funtziona dezaten.

Gestioak eskatzen ahal zaizkio berezko zentro eta zerbitzuetan zein besteetan.

Ardura izanen du garraiatzen dituen kargen kontrolaren eta segurtasunaren gainean.

Segurtasun neurriak begiratuko ditu, salgaiak garraiatzen dituenean eta, are gehiago, pertsonak eramaten dituenean.

Trafikoaren erregelamenduan biltzen diren arau guztiak beteko ditu bere erantzukizunei eta eginkizunei dagokienez.

Eta EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko ditu, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

2.6.–Sukaldaria: behar bezalako ezagutzak izanik,eta gobernantaren agindupean, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Menuak prestatuko dituzte.

–Bere ardura diren elementu guztiak (hozkailuak eta izozkailua, labea, erauzgailua, frijigailua, sutegia, apalak eta mahaigainak, biltegiak, aldagelak, sukaldeko eremu osoa eta gainerako tresnak) behar bezala kontserbatu, garbitu eta mantendurik daudela bermatuko dute.

–Eskaerak prestatuko dizkiete sukaldeko hornitzaileei.

–Eguneroko garbiketa eta garbiketa orokorra eginen dizkiete sukaldeko eta jantokiko eremu, ontzi eta tresna guztiei.

–Jantokian eta sukaldean sortzen diren hondakinak eta zaborrak egunero eramanen dituzte edukiontzietara, eta organikoa eta inorganikoa bereiziko, haien tratamendurako zabor bilketarako zerbitzuen aldetik.

–Janaria zerbitzatuko diete bezeroei.

–Arduradunarekin batera, menuak prestatuko dituzte ostatu hartuta daudenen betebeharrak asetzeko. (Dieta bereziak, zeliakoentzat, barazkijaleentzat, dietak kirolarientzat, haurrentzat...).

–Sukaldaritza zerbitzua itxita egoten denean, lankideekin arituko dira elkarlanean esleitzen zaizkien lanetan.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko dituzte, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkien beste batzuk ere.

3. taldea.–Produkzioko eta zerbitzuetako langileak.

3.1.–Soroslea: gutxienez igerilekuko soroslearen titulazioa edukirik, oinarrizko eginkizun hauek ditu:

–Igerilekua zaintzea eta, hala behar denean, laguntza ematea oinarrizko bizi-euskarria mantentzeko, inprobisaturiko bitartekoekin funtsean.

–Igerilekuan mantentze-lanak egitea: pH-a kontrolatzea, makineria, hondo-eskobatzailea, hondartza-igerilekua eta bere erantzukizuneko beste edozein instalazio errebisatzea.

–Aldagelak, komunak, dutxak, botikina eta bere erantzukizuneko beste edozein gela egoera ezin hobean mantentzea.

–Bere ataleko edo zerbitzuko langileekin elkarlanean aritzea beharrezkoa denean eta aurretik aipaturiko eginkizunak betetzen ez dituenean.

–EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak betetzea, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkion beste batzuk ere.

3.2.–Lehen mailako ofiziala: behar bezalako ezagutzak edukita, jarduera zehatzen gainean erantzukizunak bere gain hartuta eta arduradunak gainbegiratuta, akabera eta perfekzio handiko egite lanak betetzen ditu, autonomiarekin eta ekimenarekin.

3.3.–Bigarren mailako ofiziala: behar bezalako ezagutzak edukita eta arduradunak gainbegiratuta, bere laneko hainbat fase autonomia osoz egin ditzake.

3.4.–Hirugarren mailako ofiziala: behar bezalako ezagutzak edukita eta kategoria handiagoko batek zuzenean gainbegiratuta, bere laneko hainbat fase autonomiaz egin ditzake.

3.5.–Lehen mailako espezialista: menpekotasun handiz eta oso jarraibide zehatzez egiten ditu lanak. Esfortzu fisikoa beharrezkoa izan daiteke, oso oinarrizkoa da prestakuntza eta denbora laburra behar du egokitzeko; kategoria horretako hainbat lanpostutarako balio du.

3.6.–Espezialista: menpekotasun handiz eta oso jarraibide zehatzez egiten ditu lanak. Esfortzu fisikoa beharrezkoa izan daiteke; prestakuntza urria edo ezagutzak oso oinarrizkoak; egokitzeko denbora laburra behar du.

3. taldeko pertsona horiek guztiak EZBko kudeaketa sisteman ezarritako eginkizun eta erantzukizunak beteko dituzte, baita karguagatik eta erantzukizunagatik dagozkien beste batzuk ere.

Artikulu honetan lanbide sailkapen bakoitzarentzat adierazi diren eginkizun eta lanak adibide moduan jarri dira. Hortaz, langile guztiak gainean dituzten agintariek agintzen dizkieten bestelako lan eta eginkizunak egitera behartuta daude, hemen adierazi ez badira ere; betiere, beren eskumen eta kategoriaren barrenekoak baldin badira.

7. artikulua. Lanbide sustapena.

Enplegurako Zentro Berezian hutsik dauden lanpostuak, zuzendaritzak erabakirik, bete edo amortizatzen ahalko dira, hala baderitzo, lanaren, garapen teknologikoaren, jarduera aldaketen eta komenigarri egiten duten bestelako inguruabarren arabera.

Betetzen badira, eta, oro har, zentroak argitaratuko ditu lantoki bakoitzeko iragarki oholean, ordezkapeneko zein sorrera berriko lanpostu hutsen deialdia, eta ondoko hauek jasoko dira bertan: lantokia, lanbide taldea, kategoria, lanpostuaren profila, beharrezko prestakuntza, hautatzeko sistema, eskaerak aurkezteko eta prozesua ebazteko eguna.

Izangaiaren hautaketa irizpide eta/edo proba objektiboen bidez eginen da, merezimendu eta gaitasuna neurtzeko, baita zentroak ezartzen dituen proben bidez ere, eta, edonola ere, Enplegurako Zentro Berezian izandako esperientzia baloratuko da.

Plantillako langileen lanbide igoera indartzeko, lanpostu hutsak betetzeko prozesuetan Enplegurako Zentro Berezitik kanpoko izangaiak eta plantillako langileak baldintza beretan lehiatzen direnean, azken horiek izanen dute lehentasuna.

Nolanahi ere, jardun profesionalean aginteko funtzioak edo konfiantza eta erantzukizun bereziak dituzten lanpostuak izendapen libreko sistemaren bidez beteko dira Enplegurako Zentro Bereziko egituraren edozein mailatan, edo zuzendaritzaren iritziz, kontratazio berri batekin.

Hitzarmen honek indarra duen bitartean, langileak mailaz igotzea sustatuko da Enplegurako Zentro Berezian bertan, baita lan merkatu arruntean sartzea ere, gure Fundazioaren “Empleo con Apoyo” izeneko programaren bidez.

III. TITULUA

Lanean hastea eta lana uztea; probaldia

8. artikulua. Kontratuak.

Desgaitasunaren ziurtagiria edo antzekoa dutenentzat, kontratu guztiak idatziz formalizatuko dira, eta Enplegurako Zentro Berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duen uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan, martxoaren 12ko 427/1999 Errege Dekretuak aldatu zuen hartan, ezarritakoari men eginen zaio.

Kontratuen iraupenari eta motei dagokienez, 1368/1985 Errege Dekretuaren 7. eta 10. artikuluetan, 427/1999 Errege Dekretuaren bidez eman zaion idazketan, agindu bezala eginen da.

Gainerako langileei Langileen Estatutuan xedatutako araudia aplikatuko zaie.

9. artikulua. ABLE.

Zuzendaritzak, oro har, aldi baterako lan enpresez ez baliatzeko hitza ematen du. Horregatik, bakarrik aparteko kasuetan, Enpresa Batzordearen kide gehienak ados daudela, izenpetzen ahalko dira kontratuak aldi baterako lan enpresekin langileak atzemateko.

10. artikulua. Probaldia.

Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da, idatziz horrela agertzen bada. Probaldiaren iraupena aldakorra izanen da, bete beharreko lanpostuen eta gainerako gorabeheren arabera. Hala ere, behin ere ez da izanen sei hilabete baino luzeagoa, halaxe xedatzen baita 1368/1985 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan, 427/1999 Errege Dekretuaren bidez eman zaion idazketan.

11. artikulua. Lana borondatez uztea.

Bere borondatez Enplegurako Zentro Berezia utzi nahi duen langileak gutxienez 15 egun lehenago horren berri eman beharko du. Aurreabisu horren epea ez betetzeak azken likidazioan eta kitapenean kenketa bat ekarriko du, eta haren balioa aurreabisua egin behar zuenetik egin duenera bitarteko egunei dagokien lansaria adinakoa izanen da.

Zentroak aurreabisua garaiz eta behar bezala jasotzen badu, beharturik dago lan harremana bukatzean, langileari dagokiokeen azken likidazioa eta kitapena ematera. Eginbehar hori bete ezik, langileak eskubidea izanen du kalte-ordain bat hartzeko. Honelaxe kalkulatuko da: atzeratu den egun bakoitzeko bi eguneko lansaria pagatuko zaio, gehienez ere 15 egunekoa.

IV. TITULUA

Laneko osasuna

12. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Une bakoitzean indarra duen legeriak agintzen duenari jarraituko zaio eta, bereziki, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legeak eta hura garatzen duten arauek ezarritakoari.

13. artikulua. Laneko arropa eta babes jantziak.

Segurtasun oinetakoak edo, legez hala ezartzen denean, beharrezkoa den beste edozein babes ekipamendua emanen zaizkie langileei. Segurtasun ekipamendu horiek jasotzen dituzten langileak derrigorturik daude haiek erabiltzera eta behar bezala mantentzera.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa ukatu gabe, jantzi eta ekipamendu horiek guztiak zentzuz erabili eta hondatzen diren heinean berritu beharko dira. Alde horretatik, berariaz ezartzen da ezen zuzendaritzak, edo horrek eskuordetzen duenak, erabilitako jantziak eta ekipoak eskatzen ahal dituztela berriak eman baino lehen, bai urtero eskura ematen direnean, bai berriak ematen direnean, bai langilearen harremana zentroarekin hausten denean.

Arlo honetaz sor daitezkeen gorabeherak, hala nola, jantziak aldatzeko datak eta maiztasuna, arropa mota eta haren ezaugarriak, eta abar, enpresa batzordeak eta zentroko zuzendaritzak elkarrekin eztabaidatu ondoren erabakiko dira.

V. TITULUA

Lanaldia, oporrak, lizentziak eta eszedentziak

14. artikulua. Lanaldia.

Benetan egiteko 1.593 lanordu izanen ditu urtean langile bakoitzak.

“Baztan” gazteen aterpetxearen kasuan, 15 minutuko atsedenaldia benetan egiteko lanaldiaren barrenean egonen da, goizeko txandan (8etatik 15:30 arte) zein arratsaldekoan (15:30etik 23:00ak arte).

Halaber, fisioterapiaren zerbitzuarekin lantokian egiten duen errehabilitaziorako denbora lanalditzat hartuko da.

15. artikulua. Lanaldi irregularra.

Bi alderdiek erabaki dute indarrik gabe uztea Langileen Estatutuaren 34.2. artikuluan xedatua eta %0ean ezarri dute lanaldia modu irregularrean banatzeko aukera, eta hori kontrako ituna da.

16. artikulua. Atsedenaldiak.

15 minutuko atsedenaldia ezarri da ogitartekoa hartzeko, bai lanaldi jarraituko langileentzat bai lanaldi zatitukoentzat. 15 minutuko atsedenaldia ez da benetan lan egindako denboratzat hartuko, salbu eta “Baztan” gazteen aterpetxearen kasu bakarrean, bertan, salbuespenez, benetan lan egindako lanalditzat joko baita.

Antolaketaren edo produkzioaren arrazoiak direla-eta, komenigarria denean, zentroan luzatzen ahal dira atsedenaldiak eta haien iraupena.

Halaber, zuzendaritzak zentroen eta zerbitzuen berariazko ordutegietako atsedenaldiak zehaztuko ditu. Atsedenaldi horiek, hala komeni denean, aldatzen ahalko dira antolaketaren edo produkzioaren arabera.

Lanaldien arteko eta asteko atsedenaldiei dagokienez, zuzendaritzak prestaturiko ordutegi eta egutegietan xedatu bezala eginen da. Horiek, betiere, legeak unean-unean ezarritako gutxieneko iraupenak errespetatu beharko dituzte.

17. artikulua. Lan egutegia.

Urtero, bezeroen beharren arabera, enpresak lan egutegi bat osatuko du, non zehaztuko baitira zentroa egituratzen duten atal, zerbitzu eta zentroen txanda, ordutegi eta lanegunak.

Lan egutegi horrek eginen da benetan egiteko 1.593 lanordu oinarri hartuta.

Halaber, egutegi horretan oporraldiak ere adieraziko dira eta, urtean-urtean, ondoko artikuluko azken paragrafoan ezartzen den prozedura hitzartuan zehaztuko baitira.

18. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean 30 egun naturaleko opor pagatuak izanen dituzte, 22 lanegun alegia.

Urteko opor horiek, urte naturalean hartu beharko direnak, ezin izanen dira eskudirutan ordaindu, salbu eta lan harremana hautsiz gero edo eszedentzia hartuz gero.

Urte naturalean kontratatutako langileek lan egiten duten denborari proportzioan dagozkion opor egunak izanen dituzte.

Oporrak, horiek hartzean langileak kobratzen duen benetako soldataren arabera pagatuko dira.

Oporretarako txandak urtero zehaztuko dira, urteko lehen hiruhilekoan, zuzendaritzaren eta langileen batzordearen arteko adostasunaren bidez eta bezeroen zerbitzu beharrak kontuan hartuz.

Hori horrela, bezeroen zerbitzu beharrak ezagutu ahala zentro edo zerbitzuetan, zuzendaritza eta langileen batzordea, hitzarmena interpretatu eta betearazteko batzorde mistoan, oporrak hartzeko egunak zehaztuz joanen dira gela, atal, lantalde edo zentro bakoitzerako. Data hauek ezartzean, posible bada aukera edo egun batzuen artean hautatzea, ahalik eta lasterren jakinaraziko zaie langileei, beren eskura dauden txanden edo egunen artean hautatu ahal izan dezaten. Kasu horietan, langileak hautatu ondoren, ezarritako egunak ezin aldatuko dira, salbu eta langilea eta zuzendaritza espresuki ados badaude.

Azken kasu hauetan lortu nahi den helburua denez oporrak zenbait zentro, lantalde edo zerbitzutan gutxieneko lanari eta bezeroendako zerbitzuari eutsiz hartzea, espresuki ahalmena ematen zaio hitzarmena interpretatzeko batzorde mistoari gutxieneko lana bermatu, oporrak hartzeko lehentasunezko irizpideak eta metodoak ezartzeko, helburu hori ahalik eta hobekien erdiesteko. Lan maila eta lehentasunezko irizpide horiek ukituriko langileei jakinaraziko zaizkie, horiei lotuz norberak bere oporrak hartu ahal ditzan.

Gainera, oporren luzapen bat ezartzen da, antzinatasunaren arabera. Opor gehigarri gisa, egun bat gehiago hartuko dute fundazioan gutxienez 18 urteko antzinatasuna duten langile guztiek.

Opor gehigarri gisako egun hori hartzeko, langileak jakinarazi beharko du, ahalik eta lasterren, zein egunetan hartu nahi duen, eta halaber, egun hori onartu beharko dio bere ataleko arduradunak.

Egun hori ez onartzeak ekarriko du egun horretan oporrik hartu ezin izatea. Kausa objektiboak eta frogatzeko modukoak arrazoitu beharko dira horretarako, hala nola egun horretan beste eskaera batzuk daudela, baja, baimen edo beste opor batzuekin batera dela, eta, oro har, antolaketa edo produkzioaren arloetako beste edozein dagoela.

Ildo horretan, ahalmena ematen zaio hitzarmena interpretatzeko batzorde mistoari, sortzen diren kasu zehatzak ikusi ahala, alor horretan bidezkoak juzgatzen dituen erabaki guztiak har ditzan, hala nola gutxieneko portzentajeak ezartzea atal eta/edo lanpostuetan aritzeko, lehentasunezko irizpideak eskaerek bat egitean, aurreabisuak, etab.

19. artikulua. Aldi baterako ezintasun egoera oporretan.

Langile batek aldi baterako ezintasuna duenean oporraldi osoan edo zati batean, lanera itzuli ondoren eskubidea izanen du bajan egon den bitartean izandako opor egunen kopuru bera hartzeko, zegokien urte naturala bukaturik badago ere, baldin eta 18 hilabete baino gehiago ez badira igaro sortu ziren urtearen bukaeratik.

Oporrak hartzeko egun berriak ukitutakoaren eta zuzendaritzaren artean zehaztuko dira.

20. artikulua. Ordaindutako baimenak.

Langileek, ahalik eta denbora gehienarekin aldez aurretik abisatuz eta ondoren justifikatuta, baimena dute lanera ez agertzeko, benetako soldata indarduna eskuratzeko eskubidea galdu gabe, honako arrazoi hauetakoren bat tartean denean, eta kasu bakoitzean adierazten den denboraz:

a) Ezkontza: 15 egun natural.

b) Seme-alaba bat jaiotzeagatik: 4 egun natural.

c) Honako hauen heriotza, ezbehar edo gaixotasun larriagatik edo ospitaleratzeagatik:

–Ezkontidea eta seme-alabak: 4 egun natural.

–Gurasoak: 3 egun natural.

–Anai-arrebak, aiton-amonak, ilobak: 2 egun natural.

–Bigarren maila bitarteko ezkontza bidezko senideak: 2 egun natural.

d) Ospitaleratzerik gabe etxeko atsedena beharrezko duten ebakuntzagatik, bigarren gradura bitarteko odol edo ezkontza bidezko senideen kasuan: 2 egun natural.

c) eta d) ataletako kasuetan baimenak hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira. Halaber, espresuki ezarri da baimena ezin izanen dela ospitaleratzeko aldia baino luzeagoa izan.

Ospitaleraturik daudenean, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da baimena hartzeko aukera. Ezein kasutan ezingo dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema berri honen bidez, gertaera eragilearen ondotik egokitu izango litzaizkiokeen baino lan egun gehiago.

c) eta d) arrazoiengatik langileak 60 kilometrotik gorako joan-etorri bat egin behar duenean, baimen horri egun natural bat gehituko zaio, eta bi egun natural Nafarroarekin mugakide ez den probintzia batera joan behar duenean.

e) Ohiko bizilekuz aldatzea (ezkontzaren ondoriozkoarekin bat ez badator): egun natural bat.

f) Aiten, amen, seme-alaben edo anai-arrenben ezkontzagatik: egun natural bat.

g) Behar den denbora hartzen ahal da Gizarte Segurantzan familiaren medikuari eta sendagile espezialistei egin beharreko kontsulta medikoen kasuetan eta errehabilitaziorako tratamendu mediko-funtzionaletan eta lanbidearen arloko orientazio, prestakuntza eta berregokitzapen ekitaldietan parte hartzeko, lanaldiz kanpo joaterik ez dagoenean eta seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez direnean.

h) Behar den denbora hartzen ahal da Gizarte Segurantzan familiaren medikuari eta sendagile espezialistei egin beharreko kontsulta medikoen kasuetan, lanaldiz kanpo joaterik ez dagoenean eta seihilabetekoan hamar egun baino gehiago ez direnean.

i) Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

j) Titulu akademiko bat lortzeko edo lanpostu bat eskuratzeko oposizio bat lortzeko asmoz HZMak eta/edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, ofizial edo onartuetan, izena eman duten langileek, azterketetara eta gaitasun eta ebaluazio probetara joan ahal izateko behar-beharrezkoa den denbora.

k) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko denbora, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

l) Behar-beharrezkoa den denbora, erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.

m) Norberaren aferetarako egunak: 3 lanegun.

Egun horietako bat hartzeko, gutxienez 48 ordu lehenago gaztigatu beharko da, eta beste biak hartzeko, gutxienez 7 egun lehenago.

Lortu nahi den helburua denez norberaren aferetarako egunak lan zentroetan gutxieneko lanari eta bezeroendako zerbitzuari eutsiz hartzea, espresuki ahalmena ematen zaio hitzarmena interpretatzeko batzorde mistoari gutxieneko lana bermatu, oporrak hartzeko lehentasunezko irizpideak eta metodoak ezartzeko, helburu hori ahalik eta hobekien erdiesteko. Gutxieneko lana bermatzeko mailak eta oporrak hartzeko lehentasunezko irizpideak langileei jakinaraziko zaizkie.

a) eta f) bitarteko ataletako lizentziak, biak barne, egun naturaletan kontatuko dira, eta, c) ataleko ospitaleratzeetarako egindako oharraren kasuan salbu, gertaera eragilea sortu den unetik beretik hartuko dira.

Ezkontidea aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, betiere bizilekua duen udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

21. artikulua. Eszedentziak.

21.1.–Borondatezko eszedentzia norberaren aferetarako.

Zentroan urtebeteko antzinatasuna, bederen, daukan langile orok aukera izanen du hiru hilabetetik urtebetera bitarteko borondatezko eszedentzia hartzeko, lanpostua gorderik. Lanpostua gorderik izateko epe hori iraganda zentrora itzuli gabe, urtebeteko luzapen bat eska daiteke, lanpostua gorderik izan gabe, baina lehentasunezko eskubidea edukita egun horretan zentroan izan litezkeen kategoria bereko edo antzeko lanpostu hutsetan sartzeko, betiere, eskubide hori baliatzeagatik zentroak ez baditu galtzen langilearen ezintasunagatik Enplegurako Zentro Berezi gisa jaso beharko lituzkeen diru-laguntzak. Kasu horretan, langilea itzuliko da egoera hori amaitzen denean.

21.2.–Borondatezko eszedentzia lanpostu bat eskuratzeagatik.

Zentroan ezintasuna duten pertsonak lanean sar daitezela sustatzeko asmoz, ezartzen da ezen, ezintasuna duela frogatuta, enpresa arrunt batean (EZB ez dena) zerbitzu ordainduak egin nahi dituen langile orok eskubide izanen duela arrazoi hori dela-eta borondatezko eszedentzian egoteko aukera aitor diezaioten bost urtera bitartean, lanpostua gorderik, betiere eskubide hori baliatzeagatik zentroak ez baditu galtzen langilearen ezintasunagatik Enplegurako Zentro Berezi gisa jaso beharko lituzkeen diru-laguntzak. Kasu horretan, langilea itzuliko da egoera hori amaitzen denean.

21.3.–Eszedentzia seme-alabak eta lehen mailako senideak zaintzeagatik.

Langile guztiek eskubidea izanen dute eszedentzian egoteko aukera aitortua izateko seme-alabak zaintzeagatik hiru urteko eperako gehienez, lanpostua gordeta, jaiotzaren egunetik hasita, edo, bestela, ebazpen judizial edo administratiboaren egunetik hasita.

Era berean, ezartzen da langile guztiek eskubidea izanen dutela eszedentziaren epe baterako, lanpostua gorderik, mendekotasuna duen lehen mailako senide bat zaintzeagatik, betiere hura behar bezala frogatzen bada, egoera horrek irauten duen bitartean, baina hiru urtez gehienez ere.

Senideak zaintzeari buruzko gainerako kasuetarako, aurreko atalean aurreikusten ez diren horietarako, Langileen Estatutuaren 46.3 artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

20.2 eta 20.3 kasuetan, langileak egoera horiek frogatu beharko ditu, eta hamabost egun igaro baino lehen jakinarazi beharko dio zentroari haiek aldatzen direnean (enpresa edo laguntzen diren pertsonak aldatzea), eta zentroak agiri bat prestatuko du, aldaketa horiek jasoz. Bestela, eszedentzia bukatutzat joko da, aurretik itundutakoa bukatuta.

21.4.–Gainerako kasuak.

Aurreko ataletan aurreikusi ez diren gainerako eszedentzia kasuetarako, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan xedatuari jarraituko zaio (Laneko eta Familiako Eginkizunak Batera Eramateari buruzko azaroaren 5eko 39/1999 Legearen ondoko idazketa), baita aplikatu beharreko beste edozein legezko arauri ere.

22. artikulua. Amatasuna.

Arlo hauei dagokienez, Langileen Estatutuaren 37. artikuluari (4. ataletik 6.era), 45.1 d) artikuluari, 48. artikuluari (4. eta 5. atalak) eta 48. bis artikuluari jarraituko zaie, baita aplikatu beharreko beste edozein legezko arauri ere.

Familiako arduren banaketa orekatuagoa izan dadin, gurasoei aitortzen zaie aitatasun-amatasuneko prestaziorako eta baimenerako eskubidea, lan araudian eta Gizarte Segurantzan aurreikusi bezala.

23. artikulua. Lanaldiaren eta bularra emateko murrizketa.

Emakumezko langileek hautatzen ahal dute edoskitzarorako baimena hartzea (Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan erregulatu bezala) edo artikulu horren arabera izan ditzakeen ordu guztiak metatzea hiru aste naturaleko epe bakar batean. Langileak hiru aste horiek edozein unetan har ditzake, etenik gabe, haurrak bederatzi hilabete bete bitartean.

Hauxe da langileek jarraitu beharreko prozedura hiru asteko edoskitzarorako baimena metaturik hartzeko: kontratuaren etenaldia amatasunagatik bukatuta, edoskitzarorako baimena metaturik hartu nahi duen langileak idatziz jakinarazi behar dio zuzendaritzari, 24 orduko epean, jasota geldituta hiru aste horiek hartzeko egunak.

Langileak aukeratzen badu edoskitzaroko baimeneko orduak metatzea hiru asteko epe bakar batean, gero ezin izanen du Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan zehaztutako edoskitzerako baimena eskatu, metaturik hartua baitu.

Edoskitzarorako baimena metaturik hartzeko aukera aitak nahiz amak balia dezakete, biek lan egiten badute. Edonola ere, oroitarazi behar da edoskitzarorako baimena, Langileen Estatutuen 37.4 erregulatutako moduan zein artikulu honetan erregulatutakoan, gurasoetako batek soilik har dezakeela; hartara, guraso batek, izan zentroko langilea edo beste enpresa batekoa, edoskitzarorako baimena hartzen badu goian aipaturiko modalitateren batean, besteak ezin izanen du edoskitzarorako baimenik baliatu.

Halaber, 12 urte bitarteko adin txikikoak bere kargura duenak lanaldia murritz dezake, soldataren murrizketa proportzionala izanik, lanaldiaren zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez.

24. artikulua. Legepeko zaintza.

Legepeko zaintza dela eta, langileren batek hamabi urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargura izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol bereko edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

Atal honetan ezartzen den lan murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.

VI. TITULUA

Baldintza ekonomikoak

25. artikulua. Soldata egitura.

Soldaten egiturak bilduko ditu kategoria bakoitzeko oinarrizko soldata, denbora edo lan unitateko sari finkoa den aldetik, eta, hala bada, kasuan-kasuan bidezko diren soldata osagarriak.

Kategoria bakoitzeko oinarrizko soldataren bidez hitzarmen honetan ezarritako lanaldi arrunta nahiz atsedenaldiak ordaintzen dira.

Langileen Estatutuaren 26.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hitzarmen honetan ezarrita dauden ordainsari guztiak gordinak dira.

2014rako, Nafarroako 2013. urteko KPI errealeko igoera izanen dute soldata taulek, 2013. urtean aplikatu diren taulen gainetik.

2015erako, Nafarroako 2014. urteko KPI errealeko igoera izanen dute soldata taulek, 2014. urtean aplikatu diren taulen gainetik.

Adostutako soldata igoera aplikatzetik ateratzen diren taulak 2014an eta 2015ean aplikatuko dira. Epea iraganda, eta kontrako ituna izan ezean, 2011n indarra zuten soldata baldintzak berreskuratuko dira.

Nolanahi ere, batzorde paritario bat eratuko da eta emaitzak ebaluatzeko adierazle ekonomikoak ezarriko ditu, 2011ko baldintza ekonomikoak pixkanaka-pixkanaka eta hitzarmen honen indarraldian berreskuratzeko, edo areago, haiek hobetzeko, Enplegurako Zentro Bereziaren egoerak onera egiten badu.

26. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Gauean lan egiten dutenentzat gaueko lanaren plusa ezartzen da. Haren zenbatekoa erantsitako soldaten taulak ezartzen da.

Gaueko lana izanen da indarreko araudian zehazten den ordutegia.

27. artikulua. Harreman luzearen saria.

Aparteko eskersaria ezartzen da, finkaezina, “harreman luzearen saria” izenekoa. Behin jasoko da, enpresan 21 urte egiten direnean.

Sari horren zenbatekoa oinarrizko soldataren hilabeteko bat izanen da.

28. artikulua. Aparteko eskersariak.

Aparteko pagak hilero hainbanatuko dira, non langileek ez duten idatziz adierazten jarraitu nahi dutela aparteko pagak ekainean eta abenduan jasotzen.

Aparteko pagak hilero hainbanaturik jaso nahi ez dituzten zentroko langileentzat, aparteko bi eskersari ezartzen dira, udakoa eta Eguberrietakoa. Haietariko bakoitzaren zenbatekoa, osorik kobratzeko eskubiderik izanez gero, hilabeteko oinarrizko soldata izanen da.

Aparteko ordainketa horiek urtean urteko ekainaren 30ean eta abenduaren 22an pagatuko dira, egun horretan indarra duten zenbatekoen arabera.

Udako eta Eguberrietako eskersarien sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da bi kasuetan, eta ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa, hasiera edo bukaera ezartzeko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko tartea hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenean.

VII. TITULUA

Hobekuntza sozialak

29. artikulua. Istripu asegurua.

Zentroak bere kargura kontratatuko du langile bakoitzarendako banakako istripuetarako aseguruen poliza. Lan istripuaren ondoriozko heriotzak estaliko ditu, “in itinere” izandakoak barne.

Hitzarmen hau sinatu eta 20 egunetik aurrerako ondorioekin, poliza horrek aseguratutako kapitala 50.000 eurora bitartean handituko da. Hura ez da aldatuko hitzarmenak irauten duen bitartean.

30. artikulua. Aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arrisku egoera eta edoskitzaro naturaleko arrisku egoera.

Lan istripuaren ondorioz aldi baterako ezintasuna sortzen denean, zentroak osatuko ditu gertakizun horren ondoriozko prestazioak, Lan Istripuen Ugazaben Mutualitateak ordainduak, langilearen ordainsariaren zenbateko osoa berdindu arte, egoera horrek irauten duen bitartean.

Lanekoa ez den istripuaren ondorioz edo gaixotasun arruntaren ondorioz aldi baterako ezintasuna sortzen denean, zentroak legezko prestazioa osatuko du bajaren lehenengo 20 egunetan, langilearen ordainsarien hilabeteko zenbatekoaren %75 berdindu arte. 21. egunetik aurrera, legez dagokion prestazio ekonomikoa jasoko du, bajaren aurreko hilabetearen kotizazio oinarriaren %75, alegia.

Nolanahi ere, zentroak ondoko kasu hauetan osatuko ditu lanekoa ez den istripuaren ondoriozko edo gaixotasun arruntaren ondoriozko prestazioak, langileen ordainsarien hilabeteko zenbateko osoa berdindu arte:

–Aldi baterako ezintasunak gertakizun arruntengatik, gaua ospitaleraturik pasatzea beharrezko dutenak, betiere mediku espezialistak behar bezala frogatzen baditu eta ospitaleratze horrek irauten duen bitartean.

–Larritzat jotzen diren gaixotasunak, hitzarmen honen 1. eranskinean berariaz zerrendatzen direnak, betiere mediku espezialistak behar bezala frogatzen baditu.

Orobat, ordainsarien zenbateko osoa berdindu arte osatuko da langileak jasotzen duen prestazioa, hura arrisku egoeran badago haurdunaldian edo edoskitzaro naturalean.

31. artikulua. Fisioterapia zerbitzua.

Langileen egoera fisikoa hobetu nahian, zentroak fisioterapia zerbitzua jarriko du haien eskura. Haren funtzionamendua Egokitze pertsonal eta sozialerako programatik erregulatuko da.

32. artikulua. Prestakuntza.

Zentroko zuzendaritzak konpromisoa hartzen du langileen etengabeko prestakuntza begiratzeko.

Horretarako, Prestakuntza plan bat prestatuko da urtero, barneko prestakuntza ekintzak dakartzala, zentroko langile guztiei zuzenduak.

Plan hori urtero prestatzeko, zuzendaritzak aurreko azterlan bat eginen du, langileek prestakuntzaren aldetik dituzten premien inguruan. Enpresa Batzordeak parte hartuko du eta plan horretan haren ekarpenak jasoko dira.

Zuzendaritzak plana diseinatuko du eta Enpresa Batzordeari aurkeztuko dio, hark onets dezan. Halaber, hiru hilabetean behin eginen du txostena haren gauzatzeari buruz.

33. artikulua. Erretiroa aldez aurretik hartzea.

Zentroko zuzendaritzak aurre-erretiroak erraztuko die, unean-unean indarra duen legediarekin bat, egoera horri heltzen ahal dioten langileei, baldin eta egoera horri heltzea bateragarria bada Enplegurako Zentro Bereziak arautzen dituen legediarekin.

34. artikulua. Garraioa.

Egungo sistema mantenduko dela bermatzen da, eta erabaki da hitzarmena interpretatzeko eta aplikatzeko batzorde mistoa sortzea, beharrezko aldaketak egin ditzan, zuzendaritzak proposatuta eta Enpresa Batzordearekin bat, zentro edo zerbitzu berrietara egokitzeko, haietako bakoitzaren plantillaren arabera.

VIII. TITULUA

Diziplina araubidea, hutsegiteak eta zehapenak

35. artikulua. Zehapenak.

Zentroko zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, lanean hutsegiteak egiteagatik, artikulu hauetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

36. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Langileek lanean edo lanaren ondorioz egiten dituzten diziplina hutsegiteak honelakoak izan daitezke: arinak, larriak edo oso larriak.

A) Hutsegite arinak:

A.1) Lankideenganako errespetu edo begiramendu falta.

A.2) Hilean behin lanera ez joatea, bidezko arrazoirik gabe. Langilea lanaldia hasi eta ordubete pasa iristen bada lanera, lanera ez joatea bezala joko da. Horrek ez du esan nahi egun horretako lansari osoa galduko duenik, lanetik kanpo emaniko denborari dagokiona baizik.

A.3) Puntualtasun falta, arrazoirik eman gabe, zentroak edo zerbitzuak ezarritako ordutegiaren arabera, hiru aldiz hilabete batean gehienez. Langilea lanera berandu ailegatu dela ulertuko da lanaldiaren hasieratik ordu bat pasa baino lehen joaten denean.

A.4) Lanean sartzean edo ateratzean ez fitxatzea, langilea agertzen ez den kasuetan izan ezik, puntualtasun falta bezala joko da.

A.5) Gorputz-higienerik eza.

A.6) Sakelako telefonoaren erabilera pribatua, baimenik gabe.

A.7) Hiru eguneko epean ez jakinaraztea baja agiria edo aldi baterako ezintasunaren egiaztagiria. Helbide eta etxe aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean.

B) Hutsegite larriak:

B.1) Hilabete berean lau aldiz berandu ailegatzea lanera, arrazoirik eman gabe.

B.2) Hilabetean bi egunetan lanera huts egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.3) Lantokitik ateratzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

B.4) Noizean behin mozkortzea edo bestelako drogak hartzea.

B.5) Lantokian erretzea, horretarako baimenduri ez dauden eremuetan, edo lanpostutik alde egitea erretzera.

B.8) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez fitxatuz.

B.9) Diziplinarik edo obedientziarik eza lanean.

B.6) Hutsegite arinak berriz egitea.

C) Hutsegite oso larriak:

C.1) Lantokian diziplinarik edo obedientziarik eza, behin eta berriro, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C.2) Lanera behin eta berriz berandu iristea, bidezko arrazoirik izan gabe, hamar aldiz baino gehiago hilean edo hogei aldiz baino gehiago hiru hilabetean.

C.3) Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, bidezko arrazoirik eman gabe.

C.4) Bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja lortu edo luzatze aldera egindako edozer ere.

C.5) Lankideak hitzez larriki iraintzea.

C.6) Lankideei fisikoki erasotzea.

C.7) Sexu jazarpena.

C.8) Lantokian behin eta berriro mozkortzea edo bestelako drogak hartzea, langilea lehen ere horrexegatik zehatua izan denean.

C.9) Agintekeria.

C.10) Leialtasunik eza eta, eskuarki, kontratuko fede ona urratzen duen beste edozein portaera.

C.11) Zentroaren edo lankideen ondasunak lapurtu edo ebastea.

C.12) Behin eta berriro uko egitea norberaren babeserako ekipoak erabiltzeari.

C.13) Nahita egindako kalteak lantokiko ondasunetan eta instalazioetan.

C.14) Sei hilabetean hutsegite larri bat baino gehiago egitea, nahiz eta mota desberdinetakoak izan, baldin eta langileari, haien ondorioz, zehapenik jarri bazaio.

37. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:

A) Hutsegite arinengatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Kargu-hartze idatzia.

–Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

B) Hutsegite larriengatik:

–Hiru egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

C) Hutsegite oso larriengatik:

–Enplegu eta soldataren etenaldia, 21-60 egunekoa.

–Kaleratzea.

38. artikulua.–Zehapen prozedura.

Zehapen ororen berri, hitzezko kargu-hartzea salbu, idatziz emanen zaio langileari. Jakinarazpen horretan zehatz-mehatz esanen zaio zein hutsegite egin duen eta noiz, hutsegitearen kalifikazioa eta zer zehapen jarriko zaion.

Halaber, zuzendaritzak hutsegite larri edo oso larriengatik jartzen diren zehapen guztien berri emanen dio Enpresa Batzordeari. Zehapena ezarririk, haren datatik bi hilabete arte luzatzen ahal da bete gabe.

39. artikulua.–Hutsegiteen preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, zuzendaritzak hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

IX. TITULUA

Eskubide sindikalak

40. artikulua.–Ordu sindikalak eta metaketa.

Enpresa batzordeko kideetako bakoitzak zenbait ordu izanen ditu bere eginkizunak betetzeko. Langileen Estatutuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz dagokion ordu kopurua izanen du bakoitzak. Kreditu hau erabili ahal izateko, aski da ahalik eta lasterren zuzendaritzari noiz hartu nahi diren ordu horiek eta zenbat denbora jakinaraztea eta gero justifikatzea.

Lan sindikala lan orduetatik kanpo egiten denean, ordu haiek konpentsatuko dira, denbora hori behar bezala justifikatu eta gero. Ordu haien ordez atsedenaldi ordaindua hartzen ahalko du ordezkari sindikalak, ordu haien ondoko bi lanegunetan. Hala ere, ordu horiek ondorengo beste batzuei metatzen ahalko zaizkie, hilabeteko epean, lehenbiziko ziurtagiria aurkezten denetik hasita.

Langileen Estatutuari buruzko 68. artikuluko e) idatz-zatiko azken lerroaldean xedaturikoarekin bat, posible izanen da enpresa batzordeko kide bakoitzari dagozkion orduak metatzea, guztira gehienekoa gainditu gabe, osorik edo hein batean kide bakar batek edo batzuek hartuta.

Horretarako, orduak metatzea erabakiz gero, enpresa batzordeko buruak edo idazkariak zuzendaritzari jakinaraziko dio, hiru egun lehenagotik bederen, nork hartuko dituen orduak, zer baldintzatan eta zer epetan.

41. artikulua. Lan osasuna.

Laneko Osasunaren Batzordeko kideei zazpina ordu hilean ematen zaizkie norberaren prestakuntzarako alor horretan.

Ordu horiek kide bakoitzaren soldata gordinaren arabera ordainduko dira.

Orduen kreditu horretarako eskubidea izateko, ordezkariek zuzendaritzari jakinarazi behar diote gutxienez hiru egun lehenago, eta, ondoren, zergatia justifikatu behar dute.

42. artikulua. Iragarki ohola eta artxiboa.

Enpresa Batzordeari bere ordezkaritza lana erraztearren, iragarki ohola eta gutunontziak jarriko dira haren esku, proposamenak eta iradokizunak jasotzeko. Orobat, zentroak Batzordearen esku jarriko du artxibo bat, giltza bat dakarrena, baita behar duen bulego-material txikia ere.

43. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Langileen Estatutuaren 4. artikuluan, 77.ean eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz, bermatu eginen da langileek biltzeko duten eskubidea.

Batzarrak egitekotan, gutxienez 48 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio zentroko zuzendaritzari; betiere adieraziko da zein diren jorratu beharreko gaiak eta zentrotik kanpoko zer pertsona joanen diren bileretara, halakorik baldin badago. Lanorduetatik kanpo eginen dira, zuzendaritza espresuki ados dagoenean izan ezik.

44. artikulua.–Batzordearentzako informazioa.

Zuzendaritzak, Langileen Estatutuko 64. artikuluaren arabera, informazioa emanen dio enpresa batzordeari zentroaren bilakaera ekonomiko eta produktiboari buruz, baita kontratazioei buruz eta legez aurreikusten diren gainerako gaiei buruz ere.

X. TITULUA

Azken xedapenak

Azken xedapenetan lehena.–Arau Subsidiarioak.

Hitzarmen honetan arauturik ez dagoen orotarako, Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten xedapenetan, bereziki enplegurako zentro berezietan lanean ari diren minusbaliatuen lan harreman berezia arautzen duen uztailaren 17ko 1368/1985 Errege Dekretuan, martxoaren 12ko 427/1999 Errege Dekretuak aldatu zuen hartan, xedatu bezala eginen da.

Azken xedapenetan bigarrena.–Interpretaziorako Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau eta Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan xedatua interpretatu eta betetzerakoan sor litezkeen zalantzen gainean ebazteko, Interpretaziorako Batzorde Misto bat, paritarioa, sortuko da, zeinetan bi aldeek hartuko baitute parte. Lehen mailan, hitzarmena ulertu eta betetzean sor litezkeen liskarrak hortxe konponduko dira.

Aholkulariek laguntzen ahalko diete bi aldeen ordezkariei. Eztabaidetan parte hartuko dute. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

Batzorde Paritario horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren bidez esleitzen zaizkion gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Ebazpen bat hartu beharko du zazpi eguneko epean.

Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten kide guztien sinadurak bildu beharko dira.

Planteatzen diren auziak biak adostuta ebatziko dira. Bestela, lan erakundeetan planteatzen ahal dira, nahitaezko arbitrajea bazterturik.

Hitzarmena interpretatzeari edo aplikatzeari buruzko gatazka kolektiboaren kasuetan, Batzorde Paritarioak beharko du esku hartu gatazka organo judizial eskudunari formalki planteatu baino lehen.

Azken xedapenetan hirugarrena.–Hitzarmeneko baldintzak ez betetzeko prozedura.

Lan baldintzak aplika ez daitezen hitzarmen kolektiboan lanaldiaren, ordutegiaren, laneko denbora banatzearen, txandakako lanaren araubidearen, ordainsariaren sistemaren, soldataren zenbatekoaren, lan sistemaren eta errendimenduaren arloan, Langileen Estatutuaren 37. artikuluak aurreikusten duen mugikortasun funtzionalerako mugak gainditzen dituzten eginkizunen arloan eta gizarte segurantza babesteko borondatezko hobekuntzen arloan, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo produkziokoak direla-eta, kontsultak egiteko epea iraganda eta Batzorde Paritarioak esku hartuta adostasunik gabe, alderdiek men eginen diete gatazkak judizioz kanpoko ebazteko prozedurei, nahitaezko arbitrajea bazterturik.

I. ERANSKINA

Larritzat hartzen diren gaixotasunak, hitzarmen honen 30. artikuluan jasotzen direnak

–Kimioterapia edo erradioterapia behar duten gaixotasun larriak.

–Miokardioko infartuak. Bypass-ak.

–Kirurgia behar duten gaixotasun koronarioak.

–Giltzurruneko gutxiegitasun kronikoa.

–Ezbehar baskular entzefalikoak.

II. ERANSKINA

Hitzarmen honen 9. artikuluan xedatutakoari buruz, haren sinatzaileek, kontuan harturik Aspace Navarra para el Empleo fundazioaren xede soziala desgaitasunak dituztenak lanean txertatzea dela, eta zer ezaugarri dituzten zentroan zerbitzuak ematen dituzten langileek, uste dute Aldi Baterako Laneko Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legearen laugarren xedapen gehigarriak araututako mugapen kasuak aplikagarri direla.

Iragarkiaren kodea: F1404383