Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko martxoaren 24koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Agoizko Kanpondoa, S.L. enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Agoizko Kanpondoa, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100612012014) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko martxoaren 3an sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko urtarrilaren 14an izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko martxoaren 24an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
KANPONDOA S.L. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
ATARIKOA
Alderdiak zehaztea
Hitzarmen hau, enpresaburuen aldetik, Agoizko alkateak, Unai Lako Goñik, udala ordezkatuz, eta langileen aldetik, ELA sindikatuko ordezkariak, Eva González Arenasek, itundu dute.
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Xedapen orokorrak
2. artikulua. Eremu funtzionala eta langile eremua.
Hitzarmen hau Kanpondoa S.L. enpresari eta bere langileei (orain enpresan aritzen direnei eta gerora kontratatuko direnei) aplikatuko zaie, haien kontratua aldi baterakoa edo mugagabea den kontuan hartu gabe.
3. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen hau enpresa eremukoa da eta Kanpondoa S.L. enpresaren lantokietan aplikatuko da.
4. artikulua. Iraunaldia eta hitzarmena salatzea.
Hitzarmen kolektibo honek 2013ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta 2014ko abenduaren 31 arte iraunen du.
Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela harik eta bi alderdiek horren ordezko bat (eremu funtzional eta lurralde eremu berekoa) izenpetzen duten arte.
Langileen Estatutuaren testu bategineko 86.2. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, sinatzen den egunetik beretik salatzen da hitzarmen hau.
5. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, haien osotasunean hartuko dira.
Kasu horretan, hitzarmen honen hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa, baina konparazioa urteko guztirakoari begira eginen da, errendimendu normalean eta asistentzia osoa izanik.
Etorkizunean ezar daitezkeen xedapenei dagokienez, aldaketa ekonomikorik badakarte, eragina izanen dute baldin eta, osotara kontuan harturik, hitzarmen honetan ezarritakoak baino gehiago badira urteko kopuruan.
6. artikulua. Konpentsazioa.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzak, denak batera hartuta, indarra hartu aurretik zeuden guztiekin konpentsatzen ahal dira, edozein dela ere haien izaera edo jatorria.
7. artikulua. Berme pertsonalak.
Langileren batek, urteko kopuruan eta orokorrean, hitzarmen honetan ezarritakoak baino lan-baldintza hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio.
8. artikulua. Probaldia.
Langileak enpresan lanean hastean proba gisan arituko direla ulertuko da idatziz horrela agertzen bada lan-kontratuan. Probaldia ez da, inondik ere, ondoko denbora baino luzeagoa izanen:
6 hilabete, hitzarmen honen 11. artikuluan finkatutako langileen sailkapenean 1. lanbide taldean daudenentzat.
2 hilabete, 2. lanbide taldeko langileentzat.
Hilabete bat, 3., 4. eta 5. lanbide taldeetako langileentzat.
15 egun natural, 6. lanbide taldeko langileentzat.
Probaldian, bi alderdietako edozeinek lan-kontratua bertan behera uzten ahal du aurreabisurako eperik jarri gabe eta kalte-ordaina izateko eskubiderik izan gabe.
Probaldia bukatutakoan, lan-kontratuan atzera egin ez bada, kontratuak dagozkion ondorio guztiak sortuko ditu.
9. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen honetako batzorde paritarioa eratu da, hitzarmenaren aplikazioa interpretatzeko eta zaintzeko, bere edukiaren gainean sor daitezkeen desadostasunetan, baita Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan jasotako auzietan ere.
Bi alderdiek espresuki adostu dutenez, zalantzarik edo desadostasunik sortuz gero, txostena eskatuko zaio batzorde paritarioari, jurisdikzio eskudunari edozein erreklamazio egin aurretik.
Batzordea bi kidek osatuko dute, bat enpresaburuen ordezkariek hautatua eta besteak hitzarmena sinatzen duten langileen ordezkariek hautatua. Batzuek eta besteek aholkularien laguntza izan dezakete, hizpidea dutela baina botorik gabe.
Batzorde horrek alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak), hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan araututako gainerako gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Gutxienez astebete lehenago jakinaraziko da, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi asteko epea izanen du.
Eztabaidatutako gaiak bi alderdiek onetsi behar dituzte; erabakiak hartuz gero, hitzarmenaren testuari erantsiko zaizkio eta haren osagai izanen dira.
BIGARREN KAPITULUA
Langileen sailkapena
10. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak sei maila funtzionaletan sailkatuko dira, “1. taldea”, “2. taldea”, “3. taldea”, “4. taldea”, “5. taldea” eta “6. taldea”, bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.
Langile guztiek eskubidea dute bakoitzaren lanbide kategoriari egokitutako lanpostu batean aritzeko eta lanpostu horri esleitutako ordainsariak jasotzeko. Enpresako lanbide kategoria bakoitzaren ordainsariak unean uneko soldaten taula indardunean daude.
Enpresan maila-igoerak eta lanbide-sustapenak irizpide eta sistema jakin batzuetara egokituko dira zeharkako edo zuzeneko bereizkeriarik ez dagoela bermatzeko. Ekintza positiboko neurriak ezartzen ahalko dira bereizkeriak kendu edo konpentsatzeko.
–1. taldea.
Irizpide orokorrak: eginkizun konplexuak eta heterogeneoak burutzea, maila handieneko gaitasun profesionala eskatzen dutenak; hau da, enpresaren garapenerako jarduerak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea.
Prestakuntza: goi mailako edo erdi mailako unibertsitateko titulazioa, edo sektorean esperientzia handia duela frogatzea.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: instalazioko zuzendariak, kudeatzailea, proiektuko arduraduna.
–2. taldea.
Irizpide orokorrak: zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola lankide talde baten lana antolatzeko ardura.
Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak.
Prestakuntza: unibertsitateko titulazioa, erdi mailako prestakuntza akademikoa edo lanpostuari dagokion titulazio berariazkoa, praktikaldi batez edo antzeko lanetan izandako esperientziaz osatua.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: kirol koordinatzailea, fisioterapeuta, OLT-EDU, arloko buruak.
–3. taldea.
Irizpide orokorrak: diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta exekuzioan autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, eduki homogeneoko zereginak, lankide talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea eska dezaketenak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez bi urtez izandako esperientziarekin.
Parekatzea: 1. maila: talde honetan sartzen dira kirol jardueretako teknikariari (monitoreari) dagozkion jarduera guztiak, espezialitate guztietan. 2. maila: arloaren arduradunak (administrazioa, mantentze-lanak, kirol jarduerak...).
–4. taldea.
Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak integratu, koordinatu eta gainbegiratzea eskatzen dituzten eginkizunak. Jarraibide zehatzak jasota egiten badira ere, ezagupen profesional egokiak eta gaitasun praktikoak eskatzen dituzten zereginak. Erantzukizuna mugatua da, gainbegiratze sistematikoa egiten baitzaie. Zeregin zehatzak betetzeko lanak dira, jarduera handiago batean kokatuak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II) izanen da edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez bi urtez izandako esperientziarekin.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: aretoko teknikaria, masaje-emailea, administrazioko lehen mailako ofiziala, mantentze-lanetako lehen mailako ofiziala, zenbait lanbidetako lehen mailako ofiziala eta soroslea.
–5. taldea.
Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz burutzekoak.
Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza lehen mailako lanbide heziketaren parekoa (LH I) izanen da edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez urtebetez izandako esperientziarekin.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: administrari laguntzailea, zerbitzu orokorretako langilea, monitorearen laguntzailea.
“Zerbitzu orokorretako langilea” deitzen zaio 5. eta 6. taldeetako eginkizunetan diharduen balioanitzeko langileari.
–6. taldea.
Irizpide orokorrak: lan metodo zehatz, jakin eta aurrez ezarritakoari jarraikiz egiten diren lanak, lanbide-ezagupen oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituztenak.
Prestakuntza: eskatzen den prestakuntza eskola graduatuaren parekoa da, eginkizun horietan izandako esperientziarekin ordezka daitekeena.
Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: garbiketako langileak, etxezaina, atezaina eta instalazioen mantentze-lanetako peoia.
11. artikulua. Balioaniztasuna.
Sektorean ematen diren zerbitzuen izaeragatik, denbora partzialean eta asko murriztutako lanaldietan ematen diren zerbitzu asko daudenez, eta horrek, besteak beste, sektorea profesionalizatzea zailtzen duenez, bi alderdien iritziz funtsezkoa da sektoreko langileen balioaniztasuna espresuki arautzea, mugigarritasun funtzionalaren mugak eta balioaniztasuna erregulatzekoak oztopo bihur ez daitezen sinatutako denbora partzialeko kontratuetan lanaldia luzatzeko eta hasieratik lanaldi luzeagoa kontratatzeko aukera izan dadin.
Aurreko horretan oinarrituz, erabaki da ezen, kontratu partzialetan lanaldi gehiago kontratatu ahal izateko edo ondoren luzatzeko, betiere ondotik adierazten diren kasuen mugen barnean, zilegi izanen dela enpresaren eta langilearen artean ituntzea lanbide talde zenbaiti dagozkien eginkizunak egitea, alderdiek espresuki adosten eta idatziz jasotzen badute hasierako lan kontratuan edo hasierako kontratu horretako lanaldia luzatzen duen kontratu berrituan.
Zehazki, balioaniztasun kasu hauek ezarri dira:
a) Kirol jardueretako teknikaria (3. taldea) eta kirol koordinatzailea (2. taldea).
b) 3. eta 4. taldeak.
c) Kirol jardueretako teknikaria (3. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
d) Soroslea (4. taldea) eta zerbitzu orokorretako langilea (5. taldea).
e) Edozein lanbide taldek berezko eginkizunak eta 6. taldekoak egiten ahal ditu batera.
Artikulu honetan aipatu kasuetan eta mugen barnean, eta bi alderdiek balioaniztasun sistema honek bideratzen duen kontratazioan edo lanaldien luzapenean duten interesa ikusirik, itundu da ezen, kasu bakoitzeko eginkizunak gorabehera, bakoitzari ordaindu beharreko ordainsaria lanbide talde bakoitzarentzat ezarritakoa izanen dela, talde bakoitzeko eginkizunetan emandako denboraren arabera.
Artikulu honetan aurreikusitako inguruabarrak izaten ez direnean, legeria orokorrean balioaniztasunaren eta mugigarritasun funtzionalaren kasuetarako xedatutakoa aplikatuko da.
HIRUGARREN KAPITULUA
Baldintza ekonomikoak
12. artikulua. Soldatak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek hitzarmeneko I. eranskineko soldaten taulan lanbide talde bakoitzarentzat ezarritako ordainsariak jasoko dituzte. Ordainsari horiek lanaldi osoko zerbitzu emateari dagozkio.
Urtean osotara zenbatutako behialako eskurapenak hitzarmen honen testuan ezarritakoak baino handiagoak badira, langilearen aldeko diferentzian “ad personam” izeneko osagarria erantsiko da, “osagarri pertsonala” deitzen dena.
Orientazio gisa, aipatu I. eranskinean lanbide talde bakoitzarentzat ezarri da benetan lan egindako ordu bakoitzaren prezio gordina, zeinean sartzen baita asteko atsedenaren ordainsariaren, aparteko pagen, oporren eta jaiegunen proportziozko partea.
Orduaren prezio horretan ez da sartzen hitzarmeneko 16. artikuluan ezarritako gaueko lanaren plusa, ez eta benetan lan egindako jaieguneko edo igandeko lanaren plusak ere, 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoak.
13. artikulua. Soldaten igoera.
2013. urteko ordainsariak 1. eranskineko soldaten tauletan ezarritakoak dira.
2014. urtean: 2014ko otsailean, ekitaldia itxi ondoren, alderdiak bilduko dira 2014rako igoeraz eta plus aldakor baten ezarpenaz aritzeko. Hona hemen plus horren baldintzak:
2013ko abuztuaren 31n dauden bazkideen kopurua erreferentziatzat hartuta, bazkideen kopuru gordina 50 edo gehiago igotzen bada, langile guztien ordainsariak %3ko igoera izanen du. Plus aldakorra ordainduko da bazkide kopuruaren igoera hori mantentzen den bitartean.
14. artikulua. Aparteko eskersariak.
Langile guztiek urtean aparteko hiru paga izanen dituzte: ekaineko paga, abenduko paga eta martxoko paga. Horien zenbatekoa, hitzarmenaren 1. eranskineko soldaten taulan ordainsarien maila bakoitzean ezarrita dagoena izanen da.
Aparteko paga horietarako araubide hau ezarri da:
1. Ekaineko eta abenduko aparteko pagak:
Aparteko paga horiek urteko ekainean eta abenduan kobratuko dira, eta hilez hil proportzioan banatzen eta ordaintzen ahal dira bakoitzaren soldata agirian, lan kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa baldin bada.
Bi paga horiek sei hilabetetik behin sorraraziko dira. Ordainketa, kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, hasiera edo bukaera ezartzeko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko tartea hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31 bitartekoa bigarrenean.
Ekaineko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, urteko ekainaren 20a baino lehen ordainduko da.
Abenduko aparteko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, urteko abenduaren 20a baino lehen ordainduko da.
2. Martxoko aparteko paga.
Aparteko paga hori, sortu eta hurrengo urteko martxoan kobratuko dira, eta hilez hil proportzioan banatzen eta ordaintzen ahal da bakoitzaren soldata agirian, lan kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa baldin bada.
Paga hori urte oso bakoitzeko sorraraziko da. Likidazio, barnean sartu edo lana uzteagatik zenbaketa edo hainbanaketa egiteko, hasiera edo bukaera ezartzeko, aintzat hartuko da ekainekoa, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
Ordainketa, sorrarazpenaren urtean indarrean dauden taulen arabera eginen da, eta erantsitako soldaten tauletan ezarri da zenbatekoa, hitzarmen honen 13. artikuluan ezarritako irizpideekin bat.
Martxoko aparteko paga, sortu eta hurrengo urteko martxoko nominarekin batera ordainduko da, azaldu diren baldintzen arabera.
15. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 06:00ak bitarte egiten dena da gaueko lana.
Lana gauez egiten duten langileek soldata osagarria jasoko dute gaueko orduetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Osagarriari “gaueko lanaren plusa” deitzen zaio eta gaueko orduetako zerbitzualdiaren arabera ordainduko da, hitzarmenaren 1. eranskineko soldaten taulan ezarritako ordainsarien maila bakoitzari ezarritako diru kopuruan.
Gaueko lanaren plusa benetan lan egindako ordu bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.
16. artikulua. Jaiegunetako plusa.
Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jaiegun izanen dira urterako ezarritako 14 jaiegun ofizialak; horiexek besterik ez.
Euren zerbitzuak 14 jaiegun ofizial horietakoetan ematen dituzten langileek jaiegun plusa kobratuko dute, kategoria guztietan berdina, hitzarmen honen 1. eranskinean eransten diren soldaten tauletan ezartzen den zenbateko gordina.
Jaieguneko plusa 14 jaiegun ofizial horietan benetan lan egindako ordu bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.
17. artikulua. Igandeko lanaren plusa.
Euren zerbitzuak igandeetan ematen dituzten langileek igandeko lanaren plusa kobratuko dute, kategoria guztietan berdina, egun horietako batean benetan lan egindako ordu bakoitzeko, zehazki hitzarmen honen 1. eranskinean jasotako soldaten tauletan ezartzen den zenbateko gordina.
Igandeko lanaren plusa benetan lan egindako orduengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.
18. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunaren eta haurdunaldiko arriskuaren osagarria.
A) Lan istripuak edo lanbide eritasunak eragindako heriotza:
Enpresak laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazioak osatuko ditu, hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era arte, gaueko lanaren, jaiegun edo igandeko lanaren osagarriak salbuetsita.
B) Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna:
Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren prestazio hauek ezarri dira, kontuan hartuta urte naturalean zehar langileen bajak zenbat izan diren eta haien iraupena:
–Lehenbiziko baja: urteko lehenbiziko bajako aurreneko 10 egunetan, enpresak hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %80era arte osatuko du, gaueko lanaren, jaieguneko edo igandeko lanaren osagarriak salbuetsita.
Bajako 11. egunetik 60.era arte, biak barne, enpresak hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era arte osatuko du, salbu gaueko lanaren, jaiegun edo igandeko lanaren osagarriak.
Bajako 61. egunetik aurrera, enpresak hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %80ra arte osatuko du, salbu gaueko lanaren, jaieguneko lanaren edo igandeko lanaren osagarriak.
–Bigarren baja: urteko lehenbiziko bajako aurreneko 10 egunetan, enpresak hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %80era arte osatuko du, gaueko lanaren, jaieguneko edo igandeko lanaren osagarriak salbuetsita.
Bajako 11. egunetik 60.era arte, biak barne, enpresak hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era arte osatuko du, salbu gaueko lanaren, jaiegun edo igandeko lanaren osagarriak.
Bajako 61. egunetik aurrera, enpresak hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %80ra arte osatuko du, salbu gaueko lanaren, jaieguneko lanaren edo igandeko lanaren osagarriak.
–Hirugarren baja: urteko lehenbiziko bajako aurreneko 10 egunetan, enpresak hil horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %80era arte osatuko du, gaueko lanaren, jaieguneko edo igandeko lanaren osagarriak salbuetsita.
Laugarren bajan eta hurrengoetan enpresek ez dute inolako osagarririk jarriko eta langileak dagozkion prestazioak jasoko ditu, ez besterik.
Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, langilea ospitaleratu beharra izanez gero, ospitaleratzeak dirauen bitartean, enpresak hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %90era arte osatuko ditu aldi baterako ezintasunaren prestazioak, salbu gaueko lanaren, jaieguneko lanaren edo igandeko lanaren osagarriak.
C) Haurdunaldiko arriskua:
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emakumezko langile bat haurdunaldiko arriskuan dagoela aitortzen duen kasuetan, enpresek hilabete horretan langilea bajan egon ez balitz zegokiokeen soldata gordinaren %100era arte osatuko dituzte aldi baterako ezintasunaren prestazioak, salbu gaueko lanaren, jaieguneko lanaren edo igandeko lanaren osagarriak.
19. artikulua. Kilometrajea.
Langileak bidaia egin behar badu bere lana betetzeko, 0,21 euro jasoko du kilometroko. Balio horrek hitzarmen honen 13. artikuluan itundutako igoera berak izanen ditu.
20. artikulua. Laneko arropa.
Euren eginkizunetarako laneko arropa behar duten langile guztiei urtean bi uniforme emanen zaizkie.
Soroslearen uniformea honela dago osatua: kamiseta, galtzamotzak, txankletak eta kapela.
Monitorearen uniformea honela dago osatua: kamiseta, bainujantzia eta txankletak.
Noizbehinka erabiltzen den laneko arropa berritzeko, kontuan hartuko da nola dagoen.
Kirol jardueretako teknikarien kasuan (monitoreak), ikusirik uniformeak jarduerak bezain ugariak direla, goian aipatu uniforme horien ordez 60 euro gordineko gastu ordejarria ordainduko da urtean, 0,17 euro gordin eguneko, alegia, enpresan alta izandako eguneko, benetako lanaldia edozein dela ere.
LAUGARREN KAPITULUA
Lanaldia, atsedenaldiak, baimenak, eszedentziak eta oporrak
21. artikulua. Lanaldia.
Orokorrean, eta Langileen Estatutuaren 34. artikuluak xedatzen duenarekin bat, urtean lanaldi osoko 1.696 orduko lanaldia ezarri da hitzarmenaren indarraldi osoan.
Kirol jardueretako teknikarien (monitoreak) jardueren baldintzak ikusirik, batez ere euren lan fisiko handia, talde horrek urtean lanaldi osoan 1.605 orduko lanaldia izanen du, hitzarmenaren indarraldi osoan.
Aretoko teknikaria: 1.629 ordu hitzarmenaren indarraldi osoan.
2013rako itundutako lanaldi-murrizketa 2014ko abenduaren 31ra arte gauzatzen ahalko da. 2014ko egutegiak egitean hitzarmenean itundutako lanaldia hartuko da kontuan.
Lan denbora kontatzeko, langileak, hala eguneroko lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du.
6 ordutik gorako eguneroko lanaldi jarraituan, 15 minutuko atsedenaldia ezarri da, benetan lan egindako denbora gisa hartuko ez dena.
Atsedenaldiok hartzeko txandak enpresaren arduradunen eta langileen artean adostuko dira, zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta.
Dena dela, langile bakoitzak norberak hartzeko bi egun hartzen ahalko ditu urte bakoitzean. Egun horiek ez dira errekuperatuko.
Norberak hartzeko egun gehigarria (2013rako itundutakoa) 2014ko abenduaren 31ra arte hartzen ahalko da. 2014ko egutegiak egitean norberak hartzeko egunak (hitzarmenean itundutakoak) hartuko dira kontuan.
Egun horiek hartzeko irizpidea hitzarmenaren 24. artikuluko 3. puntuko irizpide berbera izanen da.
Egun hori langile batek baino gehiagok eskatuz gero, lehentasuna eskaria aurkezteko ordenaren arabera zehaztuko da, eta, batera aurkeztuz gero, lanpostuko antzinatasunaren arabera.
22. artikulua. Lan egutegia.
Urte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehen eginen da. Jardueretako langileen kasuan, kanpainen araberako egutegiak eginen dira. Egutegietan lanegunak, atseden-egunak eta lanorduak ezarriko dira gutxienez. Horretarako, langileek hilabete lehenago eskatu beharko dituzte urteko oporrak.
Antolaketa arrazoiak direla medio, uda aldi berezia izanen da, eta udako ordutegiak eta neguko kanpainarenak ezberdinak izan litezke, salbuespenez hala behar bada.
23. artikulua. Lanaldi irregularra.
Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan araututakoarekin bat, alderdiek adostu dute lanaldia %0n banatuko dela modu irregularrean.
24. artikulua. Asteko atsedena.
Asteko atseden etengabea, bi egunekoa, gehienez hamalau eguneko tartean metatzen ahal da, eta horrelakoetan hiru eguneko atsedenaldia har daiteke hamalau eguneko tartean.
25. artikulua. Oporrak.
Urtean 30 egun naturaleko oporraldi ordaindua ezarri da.
30 egun naturaletatik 14 enpresak ezarriko ditu, eta 16 langileak.
Eskola kanpainarako berariaz kontratatutako langileak alde batera utzita, enpresak ezarri beharreko oporraldia ekainaren eta irailaren artean hartuko da, bi hilabeteak barne.
Enpresak oporrak aldi horietatik kanpo ezartzen ahalko ditu, baina kasu horretan langileek beste bi egun hartzen ahalko dituzte konpentsazio gisa, baldin eta opor egun guztiak erreferentzia aldi horretatik kanpo ezartzen badira.
Erreferentzia aldi horretatik kanpo zortzi egun baino gutxiago ezartzen badira, konpentsazioa opor egun batekoa izanen da.
Konpentsazioko egun horiek oporrak benetan hartuz gero gehituko lirateke eta ez, ordea, oporren likidazioa egitea egokitzen denean.
Langileak ezartzen ahal dituen opor egunei dagokienez, baldintza bakarra da lanpostu bereko langileen %50 baino gehiago aldi berean ez egotea oporretan.
Aurreko irizpidea aplikatzearen ondoriozko kopurua baino eskari gehiago dauden kasuetarako, lehentasuneko irizpide hauek ezarri dira.
a) Egunari dagokionez eskaria lehenago aurkeztu duten langileek izanen dute lehentasuna, eta egun berean aurkeztu badute, lehenagoko ordu batean aurkeztu dutenek izanen dute lehentasuna.
b) Eguna zein ordua berbera izanez gero, enpresan antzinatasun handiagoa duen langileak izanen du lehentasuna.
c) Antzinatasun bera duten langileak egonez gero, enpresak dagozkien langileen aurrean egindako zozketa bidez erabakiko da lehentasuna.
Lantokia ixten bada, oporrak enpresako langile guztiek hartuko dituzte itxialdian.
Itxialdia 30 egun natural baino gutxiagoko oporraldian gertatzen bada, aurreko paragrafoan ezarritakoan ondorioetarako enpresak ezarri beharreko egunak kontsumituko dira lehenengo, eta egun horiek agortutakoan –ez lehenago–, langileari dagozkionak.
Opor egunen ordainsaria langilearen oinarrizko soldatak eta soldata osagarri finkoek osatzen dute, eta espresuki salbuesten dira gaueko lanaren plusa, jaieguneko plusa eta igandeko plusa, horiek gaueko orduetan, jaiegunetan edo igandeetan benetan lan egindako orduengatik soilik jasotzen baitira.
Baja oporraldi batean suertatzen bada, langileak eskubidea izanen du oporraldi berri bat ezartzeko aldi baterako ezintasuna bukatu ondoren.
26. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdiko konpentsazioa izanen da, atsedenaldiekin konpentsatu nahiz dirutan.
Aparteko orduak urteko 14 jaiegun ofizialetako batean eginez gero, aparteko ordu bakoitzeko bi orduko konpentsazioa izanen da.
Konpentsazioaldia 4 hilabetekoa izanen da aparteko orduak eginez geroztik.
Aparteko orduak borondatezkoak dira.
27. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Langileak, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborarako:
A) Langilearen ezkontza: 18 egun natural.
B) Seme edo alaba baten jaiotza: 3 egun natural.
C) Ondokoen heriotza:
Ezkontidea eta seme-alabak: 5 egun natural.
Gurasoak, aitaginarreba-amaginarrebak eta anai-arrebak: 2 egun natural.
Koinata-koinatuak eta aiton-amonak: egun natural bat.
D) Ondokoen eritasun larria edo ospitalizazioa:
Gurasoak, aitaginarreba-amaginarrebak, ezkontidea eta seme-alabak: 2 egun natural.
Anai-arrebak, koinata-koinatuak eta aiton-amonak: egun natural bat.
Baimen hauek hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira. Halaber, espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitaleratzealdia baino luzeagoa izan.
Ospitalizazioak dirauen bitartean har daiteke lizentzia. Ezein kasutan ezin izanen dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema honen bidez, egun gehiago gertaera eragilearen ondo-ondotik hartu izan balitu zegozkiokeenak baino.
Herri batetik bestera joan behar izanez gero, eta bien artean 200 kilometroko tartea edo handiagoa izanik, C) eta D) ataletan adierazitako baimenak luzatu ahal izanen dira:
Egun bat gehiago, 200 km-tik 400era arteko tartea baldin bada.
Bi egun gehiago, 400 km-tik gorako tartea baldin bada.
E) Ohiko bizilekutik aldatzea (ezkontzaren eguna ez dena): egun bat.
F) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontza: egun natural bat.
G) Publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.
H) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edo Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako titulu akademiko edo profesional bat ateratzeko azterketak egitera joateko behar-beharrezkoa den denbora. Joan-etorrietan ematen den denbora ez da baimen ordaindutzat hartuko, baldin eta joan-etorri hori Nafarroako Komunitatearen mugetatik kanpo egiten bada. Joan-etorria muga horien barnean egiten bada, joan-etorri hori baimen ordaindutzat hartuko da.
I) Gehienez ere urtean 6 orduko lizentzia ordaindua erabiltzeko eskubidea izanen dute kontsulta medikora joateko edo ezkontidea eta odol-ahaidetasuneko lehen mailako ahaideei kontsulta medikora laguntzeko.
J) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bati etxean atseden hartzea eskatzen duen kirurgia anbulatorioa egiteagatik: bi egun.
A), B), C), E) eta F) ataletan aipatutako kasuetan, baimen egunak gertaera eragilea sortu den unetik beretik hasiko dira kontatzen.
Artikulu honen C), D), F) eta J) ataletan aipatutako lizentziak, ezkontideari dagozkionak, langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi denari ere aplikatuko zaizkio, baldin eta gertaera eragilea baino urtebete lehenagotik gutxienez elkarrekin bizi badira eta inguruabar horiek bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badituzte.
28. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskubidea izanen dute borondatezko eszedentzia hartzeko, 4 hilabetekoa gutxienez eta 2 urtekoa gehienez, lanpostua gordeta baina antzinatasuna kontatzeko eskubiderik gabe, betiere.
Eszedentzian dagoen langileak ez du zilegi eszedentzian dagoen bitartean sektore bereko edo antzeko beste enpresetan lan egitea, adibidez gimnasioetan edo kirol klubetan.
Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.
Gainera, eta hitzarmenaren indarraldi osoan behin soilik, langileek gutxienez bi hilabete eta gehienez lau urte iraunen duen borondatezko eszedentzia bakarra hartzen ahalko dute, bi urtez lanpostua gordeta.
29. artikulua. Adingabe bat zaintzeko lanaldi murrizketa.
Legezko zaintza dela-eta, langileren batek adingabekoren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorial bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta. Lanaldia murrizteko eskubideak haurrak 12 urte bete bitarte iraunen du, eta luzatu ere luzatzen ahalko da, semeak edo alabak zein ikasturtetan egiten dituen urte horiek, hura bukatu arte (ekainean).
30. artikulua. Haurrari esnea emateko baimena.
Haurrari esnea emateko baimena, Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritakoa, hartzeko eskubidea duten emakumezko langileek aukeran Estatutuan ezarri bezala har dezakete ala hamalau egun naturaleko baimen ordaindu batekin ordeztu. Azken kasu horretan amatasun baimenaren ondoren hartuko litzateke.
Hitzarmen hau indarrean den bitartean, baimen ordaindu honen iraupena 15 egun naturalekoa izanen da.
Aukera hori izateko amatasun baimena amaitu baino hamabost egun lehenago, gutxienez, eskatu beharko da.
BOSGARREN KAPITULUA
Kontratazioak eta lanpostu uzteak
31. artikulua. Praktiketako kontratuak.
Praktiketako kontratuaren modalitatean kontrataturiko langileek lehenbiziko urtean hitzarmen kolektibo honetan lanpostu berean edo baliokidean ari den langilearentzat finkatutako ordainsariaren %90 jasoko dute, eta %100 bigarren urtean.
32. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.
Langileen Estatutuaren 15.8 artikuluan ezarritakoarekin bat, aldizkako langile finko bihurtuko dira egun jakin batzuetan errepikatzen ez diren lanak egiteko kontratatu diren langileak, aldi baterako lanetan aritzeko hirugarren denboraldirako deitzen zaien unean.
33. artikulua. Behin-behineko kontratuak.
Langileen Estatutuaren 15.1 b) artikuluan ezarritakoaren arabera, espresuki erabaki da Langileen Estatutuaren 15.1 b) artikuluan berean araututako produkzio gorabeherak, lan metaketak edo eskabide gehiegi izateak beharturik egiten diren behin-behineko kontratuek gehienez ere 9 hilabete iraunen dutela 12 hilabeteko epean, kontratu mota hori egiteko arrazoia gertatzen denetik hasita.
34. artikulua. Lanpostu uzteak eta aurreabisuak.
Langileek lanpostua euren borondatez uzteko erabakiaren berri emanen diote enpresari, idatziz eta gutxienez 15 egun aurretik.
Aurrez abisatzen ez bada, enpresak ahalmena izanen du azken likidazioan abisatu gabe utzitako egun kopurua kentzeko.
Era berean, enpresak kontratuaren amaiera idatziz eta gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko dio langileari, salbu eta langilearekin bitarteko kontratua itundua duenean eta ez dagoenean jakiterik ordezkatzearen arrazoia noiz bukatuko den, bai eta diziplinako kaleratze kasuetan ere.
35. artikulua. Lanpostu hutsak betetzea.
Lanaldi partzialeko kontratua duten langile finko edo aldizkako finkoek, behar den lanbide-trebakuntza izanez gero, eskubidea izanen dute lanpostu hutsak betetzeko, lanorduak behin betiko handituz. Horretarako, lehentasuna izanen dute antzinatasun handiena eta kontratuko lanordu gutxien dituztenek.
Lanpostua aldi baterako badago hutsik (oporrak, bajak...) eta enpresak betetzea erabakitzen badu, ordu osagarriak egiteko aukera eskainiko da, irizpide berak kontuan hartuta.
36. artikulua. Enplegua bermatzeko neurriak eta lan-baldintzen aplikazioa.
Agoizko Udalak konpromisoa hartzen du egungo kudeaketa-eredua mantentzeko Kanpondoa S.L. enpresa publikoaren bidez, legegintzaldi hau bukatu arte gutxienez.
Enpresa pribatu baten bidezko kudeaketa berriro aukeratzen badu, Agoizko Udalak baldintza-agirian sartuko du kontzesiodunak Kanpondoan 3 hilabeteko antzinatasuna edo gehiago duten langileak nahitaez subrogatu beharko dituela, Langileen Estatutuaren 44. artikuluan ezarritako bermeak errespetatuz.
Halaber, Kanpondoaren hitzarmen kolektiboaren testu osoa sartuko du agirian, nahitaez eta lehentasunez bete behar den hitzarmen gisa.
Zerbitzua lehengoratu eta bere langileekin zuzenean kudeatu nahi badu, lehiaketa-oposizioaren baldintzetan meritutzat baloratuko da antzeko lanpostuetan izandako esperientzia.
SEIGARREN KAPITULUA
Batzuk
37. artikulua. Nominen ordainketa.
Hileko nomina, hura sorrarazi eta hurrengo hileko lehen bost egun baliodunen barnean ordainduko da.
38. artikulua. Prestakuntza.
Enpresa guztiek urtero prestakuntza plan bat egiteko konpromisoa hartu dute.
39. artikulua. Lan osasuna.
Hitzarmen hau sinatzean batzorde bat eratuko da eta bertan proposatu eta zehaztuko dira lan osasunaren arloan egin beharreko jarduketak.
40. artikulua. Ordu sindikalak metatzeko aukera.
Langileen Estatutuaren 68.e) artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresa batzordeetako kideek edo langileen delegatuek hilean daukaten ordu kreditua langileen ordezkari bakar batek edo batzuek metatzen ahal dute.
41. artikulua. Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula.
Enpresak ezin izanen dio heldu bere kasa hitzarmen hau ez aplikatzeari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraren bidez. Saiatu beharko du lehenbizi hura berriz negoziatzen beste bat lortzeko mugaegunera iritsi baino lehenago, edo, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak hura berrikusteko aurreikusten duen aukera baliatu beharko du.
Enpresan akordiorik lortzen ez bada, bi alderdiek espresuki erabaki dute batzordeak desadostasunak konpontzeko ikusiko dituen prozesuak Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekotzakoak izanen direla. Arbitraje prozedura aplikatuko da berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.
Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzen ahal da bi alderdiek hala erabakitzen badute.
42. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz berandu iristea.
b) Lanera huts egitearen arrazoiak ez jakinaraztea aurrez behar den denboraz.
c) Lanetik bidezko arrazoirik gabe alde egitea, nahiz eta denbora gutxirako izan, baldin eta enpresarentzako, erabiltzaileentzako edo lankideentzako kalteak direla-eta arau-hauste larri edo oso larritzat hartzerik ez badago.
d) Fitxatzeko eginbeharra ez betetzea.
e) Zabarkeriaz jokatzea arauei edo jasotako aginduei dagokienez.
f) Aldi baterako ezintasun kasuan, baja-agiriak edo baja berresteko agiriak horretarako ezarritako epean ez jakinaraztea, ez eta helbide aldaketak eta, oro har, egoera zibilari eta familiarrari buruz zergen eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako garrantzitsuak izan daitezkeen datuak ere.
g) Laneko segurtasun eta higiene arauak ez betetzea, horren inguruabar edo ondorioengatik larritzat edo oso larritzat kalifikatzerik ez badago.
Arau-hauste larriak honako hauek dira:
a) Lanera behin berandu iristea, enpresari edo erabiltzaileei kalte larria egiten bazaie edo haientzako arriskugarria bada.
b) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea.
c) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, behin lanera ez joatea.
d) Agindutako lanetan behar den arreta ez jartzea eta goragokoen jarraibideei jaramonik ez egitea, zerbitzuei dagokienez, enpresaren edo erabiltzaileen kalterako.
e) Hirurogei egunean hutsegite arin bera errepikatzea edo beste hutsegite arin bat egitea.
f) Hirurogei egunean hutsegite arin bera errepikatzea edo beste hutsegite arin bat egitea, nahiz eta beste mota batekoa izan, tartean idatzizko zehapena izan denean.
g) Lankide baten ordez fitxatzea.
h) Laneko segurtasun eta higiene arauak ez betetzea, horren inguruabar edo ondorioengatik larritzat edo oso larritzat kalifikatzerik ez badago.
Arau-hauste oso larriak honako hauek dira:
a) Lanera bitan edo gehiagotan berandu iristea, enpresari edo erabiltzaileei kalte larria egiten bazaie edo haientzako arriskugarria bada.
b) Bidezko arrazoirik gabe hamabi hilabeteko aldian 20 aldiz baino gehiagotan berandu iristea.
c) Hogeita hamar egunean, bidezko arrazoirik izan gabe, hirutan lanera ez joatea.
d) Gaixotasunaren edo istripuaren itxura egitea.
e) Lana uztea edo zabarkeriaz jardutea, baldin eta enpresari edo erabiltzaileei kalte larria egiten bazaie edo egin badakieke.
f) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea erabiltzaileei, goragokoei edo lankideei.
g) Iruzurra, leialtasun eza edo konfiantza-abusua agindu zaion lanean.
h) Enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea, lapurtzea edo jokabide horren konplize gisa aritzea, enpresan berean edo jardueraren kokaleku den lantokian.
i) Agintekeria.
j) Lanerako bajan dagoen bitartean langileak norbere zein besteren kontura lan egitea, bai eta baja egoera sortu edo luzatze aldera iruzur egitea ere.
k) Laurogeita hamar egunean hutsegite larri bera errepikatzea edo beste hutsegite larri bat, nahiz eta beste mota batekoa izan, egitea.
Aurreko artikuluetako hutsegiteen zerrenda adierazpen gisa eman da.
Zehapenak:
Enpresak zehapenak jartzeko ahalmena du. Zehapenak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari; gertakariak, arau-haustearen gradua eta ezarritako zehapena adieraziko dira.
Arau-hauste larriak eta oso larriak lehenbizi langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie eta haien iritziak entzunen ditu enpresak zehapena jarri aitzin. Dena den, zehatzeko ahalmena enpresak izanen du beti.
Enpresak, arau-hausteen larritasuna eta inguruabarrak kontuan hartuta, gehienez zehapen hauek jartzen ahal ditu:
a) Hutsegite arinak: idatzizko kargu-hartzea.
Gehienez bi eguneko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Hutsegite larriak: idatzizko kargu-hartzea.
3 egunetik 15era arteko enplegu-soldaten etenaldia.
c) Hutsegite oso larriak: 16 egunetik 60ra arteko enplegu-soldaten etenaldia.
Kaleratzea.
43. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
Graduaren arabera, arau-hauste arinak hamar egunen buruan preskribituko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogei egunen buruan.
Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.
44. artikulua. Erretiro partziala eta errelebo kontratua.
Hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, indarreko legeriak aldian-aldian ezartzen dituen eskakizunak betetzen dituzten langileek erretiro partziala hartzen ahalko dute beren kabuz, baldin eta eskaria egiteko unean beren lanaldiaren %50ean gutxienez hartzen badute erretiroa.
Erretiroa %50 baino portzentaje txikiagoan hartu nahi badute, langilearen eta enpresaren arteko akordioa egin beharko da.
Aurreikusitako kasuetako edozeinetan, erretiro partziala hartu nahi duen langileak aurreabisua eman beharko du gutxienez erretiroa hartzeko eguna baino sei hilabete lehenago.
45. artikulua. Legezko berrikuspena.
Enpresaren Lan Hitzarmen Kolektibo honetan jasota ez dagoen orotan, Nafarroako beste entitate batzuen jabetzako kirol ekipamenduak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresa eta entitate pribatuen hitzarmen kolektiboan xedatutakoa hartuko da aintzat, hala nola, Langileen Estatutuan eta indarreko legedian xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENA
“Fideltasun plusa” izenekoa ezarri da, hamabi hilabeteetako paga bakoitzean kobratuko dena, enpresarekiko fideltasun baldintza jakin batzuk betetzen dituzten langileentzat, era honetan:
Enpresarekin 2 urte eta egun bateko lotura duten langileek kontzeptu honengatik hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %2 jasoko dute, edo bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko partea.
Enpresarekin 3 urte eta egun bateko lotura duten langileek kontzeptu honengatik hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %4 jasoko dute, edo bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko partea.
Enpresarekin 4 urte eta egun bateko lotura duten langileek kontzeptu honengatik hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %6 jasoko dute, edo bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko partea.
Enpresarekin 10 urte eta egun bateko lotura duten langileek kontzeptu honengatik hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %10 jasoko dute, edo bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko partea.
Portzentaje horiek ezin dira metatu.
Ezarritako portzentaje bakoitzean plus hori jasotzeko, loturako denbora-tarte guztiak erabat osatu behar dira, hau da, 2 urte eta egun batekoa, 3 urte eta egun batekoa, 4 urte eta egun batekoa eta 10 urte eta egun batekoa.
Antzinatasunaren ondorioetarako, instalazioa lehen kudeatu duten enpresetan 2012ko abenduaren 31ra arte aritutako denbora hartuko da kontuan, instalazioan aplikatzen den probintzia-hitzarmenaren 35. artikuluaren arabera langileek subrogatuak izateko duten eskubideak oinarri hartuta.
AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA
Berdintasunerako planak
Hitzarmena sinatzen duten sindikatuek eta enpresaburuek pentsatzen dute sektore osoan jarduteko orotariko arautegi bat ezarri beharra dagoela tratu eta aukera berdintasunerako funtsezko eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bermatzeko. Horretarako, berdintasun politikak garatzeko konpromisoa aintzakotzat hartuz, orotariko helburu hauek ezarri ditugu:
A) Jarraibideak ezartzea berdintasun planen prestakuntzari, egiturari eta prozedurei dagokienez, giza baliabideak ahalik eta hobekien kudeatzeko, horrela, bereizkeriak saihesteko eta egiazko aukera berdintasuna eskaintzeko, elkarrizketa sozialaren bidea etengabe erabiliz.
B) Osatzen den batzorde paritarioari laneko tratu eta aukera berdintasunaren arloan lan eraginkorra egiteko aurrerago aipatzen diren eskumenak esleitzea.
–Berdintasun plana.
3/2007 Lege Organikoan (RCL 2007, 586) ezarritakoarekin bat, enpresek tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar dute lan esparruan, eta xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu behar dituzte. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta, hala bada, adostu behar dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan.
Enpresak 250 langile baino gehiago baditu, lantoki bakarra nahiz lantoki gehiago izan, aurreko lerroaldean aipatutako berdintasun arloko neurriak biltzen dituen berdintasun plana egin eta aplikatu behar da.
–Berdintasun planen kontzeptua.
3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, enpresetako berdintasun planak egoeraren diagnostikoa egin ondoren ezartzen diren neurrien multzo ordenatuak dira. Haien bidez, enpresan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna lortu behar da eta sexuagatiko bereizkeria ezabatu.
Berdintasunerako planetan finkatuko dira berdintasunaren arloko helburu zehatzak eta horiek lortzeko erabili beharreko estrategiak eta jardunbideak. Halaber, helburuen jarraipen eta ebaluaziorako sistema eraginkorrak ezarriko dira.
–Egoeraren diagnostikoa.
Lortu behar diren berdintasun helburuak finkatu aurretik, enpresek egoeraren diagnostikoa eginen dute, lan baldintzen inguruko datuak biltzeko sexuaren arabera sailkaturik. Gai batzuk arreta bereziz aztertuko dituzte, hala nola laneratzeko aukera, prestakuntza, lanbide sailkapena eta mailaz igotzea, lana ordaintzeko eta lanaldia antolatzeko baldintzak, lana, familiako bizitza eta bizitza pertsonala uztartzea, etab. Horrela atzemanen dira gizonen eta emakumeen arteko tratu edo aukera desberdineko egoerak, arrazoi objektiborik eta zentzuzkorik gabeak, edo sexuarengatiko bereizkeriak, halakorik bada; horrekin batera, horiek zuzentzeko helburuak finkatu beharko dira.
Enpresek horren guztiaren berri emanen diete idatziz langileen ordezkariei eta horiek txostena ematen ahalko dute.
Egoeraren diagnostikoan sexuaren arabera banatutako datuak emanen dira honako gai hauei buruz, besteak beste:
a) Plantillaren banaketa: adina, antzinatasuna, hierarkiako maila, lanbide taldeak eta prestakuntza maila.
b) Plantillaren banaketa: kontratu motak.
c) Plantillaren banaketa: lanbide taldeak eta soldata taldeak.
d) Plantillaren banaketa: lanaldiaren antolamendua, urteko lanorduak, txanden araubidea eta familiako bizitza eta lana bateratzeko neurriak.
e) Plantillaren banaketa: ordezkaritza sindikala.
f) Azken urtean enpresan sartu diren langileak eta enpresa utzi dutenak: lanbide taldea, adina eta kontratu mota.
g) Absentismo mailak, absentismoaren arrazoiak zehaztuta: baimenak, ezintasunak eta beste batzuk.
h) Azken urteko eszedentziak eta horien arrazoiak.
i) Azken urteko igoerak: zein lanbide taldetara eta lanpostutara igo den zehaztuko da, baita mugigarritasun geografikoari lotutako igoerak ere.
j) Azken urteko prestakuntza orduak, eta prestakuntza ekintzen motak.
k) Ondokoak ere diagnostikoan sartu behar dira: langileak aukeratu, trebatu eta mailaz igotzeko prozesuetan erabiltzen diren irizpideak eta informazio edota komunikazio bideak; lanbide profilen eta lanpostuen deskribapenetan erabiltzen diren metodoak; enplegu eskaintzetan eta langileak aukeratu, trebatu eta mailaz igotzeko prozesuetan parte hartzeko eskaera orrietan erabiltzen den hizkuntza eta agiri horien edukia.
–Berdintasun planen helburuak.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, bildutako datuetan oinarrituta, lortu beharreko helburu zehatzak ezartzen ahalko dira; adibidez, ekintza positiboko neurriak, arrazoi objektiborik gabe emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak dauden gaietan, edo tratu berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa eraginkortasunez aplikatzeko neurri orokorrak.
Hona hemen helburu horiek:
a) Langileak aukeratzeko eta mailaz igotzeko prozesuetan bereizkeria eta hizkera sexista saihestea.
b) Emakumeek ardura handiko lanpostuak har ditzaten sustatzea.
c) Emakume gutxiegi dagoen lanpostuetan emakumeak hautatu eta sustatzeko berariazko programak ezartzea.
d) Ohiz kanpoko kontratazio motek (lanaldi partzialeko kontratuak eta aldi baterako kontratazioaren modalitateak) emakumezko langileen kolektiboan duten eragina aztertzea, gizonezko langileekin alderatuz, eta behar diren neurri zuzentzaileak hartzea, emakumezkoengan eragin handiagoa dutela ikusten bada.
e) Gizonei eta emakumeei berdintasunez bermatzea enpresako prestakuntza, bai bertakoa, bai kanpokoa, horrela emakumeek lanean iraun dezaten.
f) Emakumeei berariaz informazioa ematea, gizonezkoek bete izan dituzten lanpostuetarako prestakuntza ikastaroei buruz.
g) Aukera berdintasunari buruzko berariazko ikastaroak egitea.
h) Lansariaren osagarriak aztertzea, horien atzean emakumezko langileen kontrako bereizkeriarik ez dagoela egiaztatzeko.
i) Gizonen eta emakumeen arteko soldata desberdintasunak badaude, horiek zuzentzeko prozesuak sustatu eta epeak ezartzea.
j) Gizonek zein emakumeek familiako bizitza eta lana hobeki batera ditzaten lortzea, sentiberatze kanpainak eginez eta legezko baimen eta eszedentzien berri zabalduz.
k) Emakumezko langileen osasunari kalte egiten ahal dioten arriskuak atzeman eta zuzentzeko neurriak ezartzea, batez ere emakume haurdunentzat, eta jazarpen moral eta sexuala eragoztea.
–Enpresek eta langileen ordezkariek berdintasun planak prestatzeko dituzten eskumenak.
Enpresak egoeraren diagnostikoa egiteko eskumena izanen du. Diagnostiko horretan egiten diren agiriak langileen ordezkariei emanen zaizkie, txostenerako.
Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, xedapen hauen eraginpeko enpresek berdintasun plana negoziatu beharko dute langileen ordezkariekin. Negoziazioaren emaitza edozein dela ere, bai planaren edukia bai hartu beharreko neurriak beti egonen dira aurretik egindako diagnostikoaren mende, enpresan tratu berdintasunik atzeman bada. Desadostasunik baldin bada, legearen arabera liskarrak baldin badira, Batzorde Mistoko bitartekotza eta arbitraje organoak izanen dira eskudunak.
Enpresan berdintasunerako plana ezarririk, langileen ordezkariei urtero emanen zaie haren bilakaeraren berri, eta haiek txostena egiten ahalko dute, egokitzat jotzen badute.
Enpresek hitzarmen kolektibo honen indarraldia amaitu arteko epea izanen dute, artikulu honetan egoeraren diagnostikoei eta berdintasunerako planei buruz xedatutakoa aplikatzeko.
–Batzorde paritarioaren eginkizunak, aukera berdintasunaren arloan.
Hitzarmen hau sinatzen duten entitateen ordezkariek osaturiko batzorde paritarioa arduratuko da II. atalean harturiko konpromisoak betetzeaz. Eginkizun hauek betetzen ahalko ditu:
a) Aurreko puntuetan ezarritako berdintasun planei buruzko xedapenak interpretatu eta aplikatzerakoan enpresetan sor litezkeen zalantzei buruz argibideak ematea.
b) Sektoreko enpresetan adosten diren berdintasun planen bilakaeraren jarraipena egitea.
c) Gizonen eta emakumeen arteko laneko tratu eta aukera berdintasunari buruz txosten teknikoak prestatzea, alderdiek eskaturik.
d) Era berean, sektoreko aukera berdintasunari buruzko azterlan berariazko bat prestatzen ahalko da, zehazki, emakumeen lan eta enplegu egoeraren ebaluazio bat, hitzarmen honek ukituriko sektoreko enpresen artean inkesta bat eginez. Horretarako, enpresek generoaren arabera sailkaturik aurkeztu beharko dituzte datuak.
e) Lorturiko ondorioak ikusirik, Emakumearen Institutuarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzeko aukera aztertuko da, hitzarmen honek ukituriko enpresetan tratu eta aukera berdintasunaren arloko praktika egokien kode bat prestatzeko.
1. ERANSKINA Soldaten taula, 2013ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra |
LANBIDE KATEGORIA | OINARRIZKO SOLDATA | UZTAILEKO ETA EGUBERRIETAKO PAGA | UDABERRIKO PAGA | GUZTIRA URTEAN | SOLDATA ORDUKO | GAUEKO LANAREN PLUSA (ORDUKO) |
1. taldea | 1.590,57 | 1.590,57 | 1.590,57 | 23.858,55 | 14,06 | 2,80 |
2. taldea | 1.451,02 | 1.451,02 | 1.451,02 | 21.765,30 | 12,83 | 2,55 |
3. taldea, 2. maila (arloaren arduraduna) | 1327,79 | 1327,79 | 1327,79 | 19916,85 | 11,74 | 2,16 |
3. taldea, 1. maila (monitorea) | 1.227,79 | 1.227,79 | 1.227,79 | 18.416,85 | 11,47 | 2,28 |
4. taldea. Orokorra | 1.227,79 | 1.227,79 | 1.227,79 | 18.416,85 | 10,85 | 2,16 |
Aretoko teknikaria | 1.227,79 | 1.227,79 | 1.227,79 | 18.416,85 | 11,3 | 2,25 |
5. taldea | 1.171,96 | 1.171,96 | 1.171,96 | 17.579,40 | 10,36 | 2,07 |
6. taldea | 1.116,17 | 1.116,17 | 1.116,17 | 16.742,55 | 9,87 | 1,96 |
Jaieguneko lanaren plusa: 3,90 euro/h. Igandeetako plusa: 2,95 euro/h. (%12,5). Kilometrajea: 0,21 euro/km. F1404365 | ||||||
Iragarkiaren kodea: F1404365
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
