77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Barañaingo Sahats Fundazioa entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Barañaingo Sahats Fundazioa entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100602012014) aztertu da, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko otsailaren 1ean izenpetu ondoren erregistro honetan sartu zena 2014ko otsailaren 5ean, eta 2014ko martxoaren 11n zuzendua, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko martxoaren 13an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

SAHATS FUNDAZIOAREN I. HITZARMEN KOLEKTIBOA (2013-2014-2015)

I. KAPITULUA

Eremuak

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Sahats Fundazioko langile guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen kolektibo honek eragina dauka Sahats Fundazioko langile guztien gainean. Fundazioak irakaskuntza eta prestakuntza ez-arautua ematen ditu, bertaratzekoa, distantziakoa, partez bertaratzekoa edo on line izan.

3. artikulua. Indarraldia, iraupena eta luzapena.

Hitzarmen honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta ondorio ekonomikoak 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira. Iraupena hiru urtekoa da, 2015eko abenduaren 31ra bitarte.

Legearen araberako ondorio guztietarako, alderdiek salatutzat ematen dute hitzarmen hau, ondorioetarako data 2015ko abenduaren 31 izanik. Hitzarmena salatuta, alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute elkarrizketan hasteko, gehienez ere, hitzarmenaren edo luzapenaren mugaeguna baino hilabete bat lehenagotik.

Beste hitzarmenik izan ezean, lehengoaren arauek indarrean segituko dute, bi urtez gehienez ere, salatzen den egunetik hasita.

4. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen honek eragina izanen du lan kontratuaren araubidean Fundazioan jarduten duten langile guztien gainean.

II. KAPITULUA

Kontratazioa, lan taldeak, lan eta eginkizun kategoriak

5. artikulua. Kontratazioa.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek unean-unean indarra duten legezko kontratazio modalitateetako edozein jasotzen ahal dute.

Kontratazioa indarra duten lege xedapenen arabera eginen da. Enpresak kontratatu baina, iraupenari dagokionez, inolako modalitaterik hitzartzen ez duten langileen kasuan, probaldia amaitutakoan mugagabekotzat hartuko dira, aldi baterakoak zirela frogatzen ez bada behintzat.

Halaber, mugagabekotzat joko dira 30 hilabeteko epe batean 24 hilabetetik gora kontratatuta egon diren langileak, jarraian edo epeka izan, lanpostu berean edo beste batean aritzeko, enpresa edo enpresa talde berean, aldi baterako bi kontraturen edo gehiagoren bidez, zuzenean zein aldi baterako laneko enpresek kontrataturik, iraupen zehatzeko kontratu mota berdinetan nahiz desberdinetan; hori guztia unean-unean indarra duen legedian ezarritakoarekin bat.

Enpresak behar baldin badu eta, Zuzendaritzaren iritziz, langileek baldintza guztiak betetzen badituzte, lehenik lanaldi partzialeko modalitatean kontratatutako langileei aukera eskainiko zaie euren lanaldia luzatzeko.

a) Aldi baterako kontratua, ekoizpenaren inguruabarrengatik.

Lan hitzarmen kolektibo honen eranginpeko enpresek eta langileek Langileen Estatutuaren 15. artikuluko 1.b) atalean ezarritako iraupen jakineko kontratu bat sinatuz gero, kontratu horrek gehienez hamabi hilabeteko iraupena izanen du hemezortzi hilabeteko aldian. Hemezortzi hilabete horiek haren erabilera eragiten duen arrazoi edo inguruabarrak hasten diren egunean hasiko dira kontatzen.

Baldin eta kontratua 12 hilabetetik beherako eperako ituntzen bada, luzatzen ahalko da aldeak ados jarrita, baina kontratuak ez du gehieneko muga hori baino gehiago iraunen.

Kontratu hori bukatutakoan, langileak eskubidea izanen du indarreko araudiarekin bat dagokion kalte-ordaina jasotzeko.

b) Obra edo zerbitzu jakin bat egiteko kontratuak.

Obra edo zerbitzu bat egitea helburu dutenak, zentroaren jardueren barnean autonomiadunak. Kontratuan argi eta garbi zehaztu beharko da kontratazioaren izaera, eta behar bezala azaldu beharko da zein den kontratuaren xedeko eginkizuna edo lana. Kontratuaren iraupena izanen da lana edo zerbitzua egiteko behar dena, eta ezin izanen du inola ere gainditu Langileen Estatutuan gehienez zehazten den epea.

Aurreko lerroaldearen aplikazio ondorioetarako, obra edo zerbitzu jakinetarako kontratua izanen da eta balio hori izanen du honakoetan: Fundazioak, hirugarrenekin, edozein enpresa pribatu zein esparru guztietako erakunde eta administrazio publikoekin, akordioak sinatzen dituenean, zerbitzuak edo prestakuntza ikastaroak eskaintzeko, eta kontratu edo akordio horien ondoriozko zerbitzuekin lotutako jardueretarako langileak kontratatzen dituenean.

Aurreko lerroaldean azaldutako kontratazioak, obra edo zerbitzu jakinetarako, ez du legearen arabera baimendutako lan kontratatazio mota horren beste edozein aplikazio edo erabilera inola ere galaraziko.

Kontratu hori bukatutakoan, langileak eskubidea izanen du indarreko araudiarekin bat dagokion kalte-ordaina jasotzeko.

c) Praktikaldiko lan kontratua.

Hauetakoren bat dutenekin egin daiteke: unibertsitateko titulua, edo erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketakoa, edo ofizialki baliokidetzat hartutako tituluak, edo lanbide ziurtagiria, Langileen Estatutuaren 11. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, baldin eta kasuan kasuko ikasketak bukatu eta ondoko bost urtean eskuratu badute, baina ikasketak bukatu eta ondoko zazpi urtean izan daiteke desgaitasuna duen langile batekin egiten bada. Kontratu horiek enpresak eta praktikaldiko langileak eginen dituzte, ondoko arauei jarraituz eta, osagarri gisa, indarreko araudiari jarraituz.

1. Kontratuak ez du sei hilabete baino gutxiago iraunen, ez eta bi urte baino gehiago ere. Alderdiek bi luzapen bitarte adostu dezakete, baina kontratuaren iraupen osoak ezin du 2 urteko gehieneko iraupen hori gainditu. Luzapen bakoitzaren iraupena ezin da 6 hilabetetik beherakoa izan.

2. Aldi baterako ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasunak, adopzioak edo harrerak, edoskitzaroko arriskuak eta aitatasunak etenen dute kontratuaren indarraldia. Enpresak eta langileak, ahal dela, formalizatu beharko dituzte kontratu berriaren iraupenak, kontratuari erantsiko zaion agiri batean.

3. Titulazio edo lanbide ziurtagiri beraren arabera, praktikaldietako kontratu bakarra egin daiteke, dagozkion luzapenekin. Ondorio horietarako, graduko tituluak, masterra, eta, hala balegokio, doktoretza, ez dira titulazio beretzat hartuko, salbu eta lehendabiziko aldiz praktikaldiko kontratuaren bidez kontratatzen denak dagoeneko badauka kasuan kasuko goi mailako titulua.

4. Ordainsaria lanbide kategoria horretarako hitzarmenean ezartzen den ordainsariaren %80koa izanen da lehendabiziko urtean, eta %90ekoa bigarrenean.

5. Kontratu mota horren probaldia hilabete batekoa izanen da erdi mailako tituludunentzat edo 1. edo 2. mailako lanbide ziurtagiria dutenentzat eta bi hilabetekoa, berriz, goi mailako tituludunentzat edo 3. mailako lanbide ziurtagiria dutenentzat. Kontratua bukatutakoan, langileak enpresan jarraitzen badu, ezin da beste probaldi bat egin, eta praktikaldiaren iraupena kontuan hartuko da antzinatasunaren ondorioetarako.

d) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua.

Prestakuntzarako kontratuak helburu izanen du beharrezko prestakuntza teorikoa eta praktikoa lortzea, lanpostuan behar bezala aritzeko. Hori 16 urtetik 25 urtera bitarteko langileekin egin daiteke, lanbide kualifikazio aitorturik ez badute enplegurako lanbide heziketaren sisteman edo hezkuntza sisteman praktikaldiko kontratua egiteko eskatzen dena ez badute. Orobat, kontratu mota hori egiten ahal zaie hezkuntza sistemako lanbide heziketan ikasten duten langileei.

Adin gehieneko muga hori ez da aplikatuko desgaitasunak dituzten pertsonekin egiten denean kontratua, edo gizarte bazterketa jasateko arriskua duten kolektiboekin (gizarteratze enpresen araubidea ezartzen duen abenduaren 13ko 44/2007 Legean aurreikusita daudenak), betiere dagokion administrazio erregistroan kualifikatuta eta aktiboak dauden gizarteratze enpresek kontratatzen badute.

Kontratu horiek arau hauek izanen dituzte:

1. Kontratua gutxienez 6 hilabete iraunen du, eta gehienez 3 urte. Alderdiek bi luzapen bitarte adostu dezakete, baina kontratuaren iraupen osoak ezin du 3 urteko gehieneko iraupen hori gainditu. Luzapen bakoitzaren iraupena ezin da 6 hilabetetik beherakoa izan.

2. Aldi baterako ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasunak, adopzioak edo harrerak, edoskitzaroko arriskuak eta aitatasunak etenen dute kontratuaren indarraldia. Enpresak eta langileak, ahal dela, formalizatu beharko dituzte kontratuaren iraupenaren epe berriak, kontratuari erantsiko zaion agiri batean.

3. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren iraupena bukatuta, langilea ezin da kontratatu modalitate horrekin, enpresa berean edo beste batean izan, salbu eta kontratu berriaren berezko prestakuntzak helburu badu bestelako lanbide-prestakuntza lortzea.

Ezin izanen da prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontraturik egin baldin eta kontratuko lanpostuan langilea jadanik aritu bada, enpresa horretan berean, hamabi hilabetez baino gehiago.

4. Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko maiatzaren 19ko 5/2002 Foru Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarrian adierazitako ikastetxe batean, zuzenean, jasoko du langileak prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren berezko prestakuntza; aurretik enplegu sistema nazionalak ikastetxe hori aitortu beharko du. Nolanahi ere, prestakuntza hori enpresan bertan ere jaso daiteke, hartan instalazio eta langile egokiak daudenean e) atalean aipatzen den gaitasuna edo lanbide prestakuntza egiaztatzeko ondorioetarako, ezertan ukatu gabe aipatutako sareko ikastetxeetan prestakuntza osagarriko aldiak egiteko premia.

Langileak enpresan duen lan jarduerak lotura izan behar du prestakuntza jarduerekin. Prestakuntza eman izana justifikatu beharko da kontratuaren bukaeran.

5. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren bidez lortutako lanbide gaitasuna edo kualifikazioa egiaztatu beharko da Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian zehaztu bezala. Arau horretan ezarritakoarekin bat, langileak administrazio publiko eskudunari eska diezaioke kasuan kasuko lanbide ziurtagiria, lanbide heziketaren titulua edo, hala balegokio, egiaztapen partzial metagarria luza diezaion.

6. Benetako lan denbora bateragarria izanen da prestakuntzarako jardueretarako denborarekin eta ezin izanen da hitzarmen kolektiboan gehienez ere aurreikusten den lanaldiaren (edo, bestela, legezko gehieneko lanaldiaren) %75etik gorakoa lehendabiziko urtean, edo %85etik gorakoa bigarren eta hirugarren urtean. Langileek ezin dute aparteko ordurik egin, non ez den betetzen 35.3 artikuluan aurreikusitakoa. Orobat, ezin dute gaueko edo txandako lanik egin.

7. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratatutako langilearen ordainsaria benetan lan egindako denboraren arabera finkatuko da, hitzarmen kolektiboan ezarritakoarekin bat.

Ordainsaria ezin da, inola ere, lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan, benetan lan egindako denboraren proportzioan.

8. Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratatutako langilearen Gizarte Segurantzaren babes-ekintzak kontingentzia, egoera babesgarri eta prestazio guztiak bilduko ditu, langabezia barne. Halaber, Soldatak Bermatzeko Funtsaren estaldurarako eskubidea izanen du.

9. Kontratua bukatutakoan, langileak enpresan jarraitzen badu, ezin da beste probaldi bat egin, eta prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuaren iraupena kontuan hartuko da antzinatasunaren ondorioetarako.

Hitzarmen honetan prestakuntzarako kontratuei buruz berariaz arautu ez den orotan, indarreko araudian xedatuari jarraituko zaio.

e) Dei seguru gabeko aldizkako kontratu finkoak:

Irakaskuntza ez-arautuaren ezaugarriak kontuan izanik, Fundazioak aldi baterako kontratuak alda ditzake, edo langileekin aldizkako lan kontratu finkoak izenpetu, lanaldi osorako zein lanaldi partzialerako, hori guztia Langileen Estatutuaren 15.8 artikuluan eta harekin bat datorren gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitakoarekin bat.

6. artikulua. Probaldia.

Hitzarmen honen arabera kontratatzen diren langileentzako probaldia 6 hilabetekoa izanen da, unibertsitateko edo graduko titulazioa edo haien baliokidetzat hartzen diren tituluak dauzkaten langileen kasuan, eta bi hilabetekoa, berriz, gainerako langileen kasuan. Denbora hori antzinatasuna kalkulatzeko kontatuko da.

7. artikulua. Lanbide kategoria eta taldeak.

Sahats Fundazioak hurrengo talde eta kategoriei jarraikiz kontratatuko ditu langileak. Kategoriak sailkapen konturako dira eta ez da beharrezko guzti-guztiak betetzea Sahats Fundazioak behar ez baditu.

Nolanahi ere, irakasle titularraren kategoria duen langile bat, gutxienez, ez badago, ezin izanen da irakasle laguntzailearen edo alboko irakaslearen lanbide kategoria duen langilerik kontratatu.

I. taldea: Irakasleak.

  • Irakasle Titularra.
  • Lantegiko irakaslea.
  • Irakasle laguntzailea edo alboko irakaslea.
  • On lineko irakasle laguntzailea.
  • Instruktorea edo aditua.
  • Gizarte-hezitzailea.

II. taldea: Administrazioa.

  • Administrazioko burua.
  • Lehen mailako administrari-ofiziala.
  • Bigarren mailako administrari-ofiziala.
  • Lanbide orientatzailea.
  • Administrari laguntzailea.
  • Erredaktore-zuzentzailea.
  • Merkataritza-agentea.
  • Ikastuna-prestakuntzako kontratua.

III. taldea: Zerbitzuak.

  • Biltegiko arduraduna.
  • Zerbitzu Orokorretako burua.
  • Irakasleak ez diren laguntzaileak.
  • Begiralea-animatzailea.
  • Ikastuna-prestakuntzako kontratua.

IV. taldea: Irakaskuntzaz kanpoko tituludunak.

8. artikulua. Lan kategorien definizioa.

–I. multzoa: Irakasleak.

Irakasle titularra: araudian eskatutako baldintzak beteta eta titulazioak edukita, ikastetxean ezarritako programak garatu eta irakasten ditu.

Lantegiko irakaslea: beharrezko ezagutzak bilduta, programa sozio-kulturaletan irakasten du.

Irakasle laguntzailea edo alboko irakaslea: irakasle titularrari laguntzen dio eta horrek zuzentzen dio jarduna.

On lineko irakasle laguntzailea: irakasle titularrari laguntzen dio eta zuzenduta dago on lineko prestakuntzan.

Instruktorea edo aditua: ezagutza espezifikoen arabera irakasten du.

Gizarte hezitzailea: berariazko titulazioa eta/edo gaikuntza edukita, bere prestakuntzari dagozkion eginkizunak betetzen ditu.

–II. multzoa: Administrazioa.

Administrazioko burua: enpresaren zuzendaritza administratiboa eta idazkaritza haren kargura daude.

Lehen mailako administrari-ofiziala: horretarako kontratatua eta, gainera, enpresaren administrazio eta kudeaketa alorrean eginkizun jakin bat menderatu eta ongi ezagutzen du.

Bigarren mailako administrari-ofiziala: horretarako kontratatua izan arren, bere lana ongi betetzeko esperientzia nahikorik ez du, edo 1. mailako ofizialaren lanpostua ezin du bete, enpresak halako lanpostu hutsik ez duelako edo betebehar horiek egiteko 1. mailako ofizialaren prestakuntza edo espezializazioa beharrezkoak ez direlako.

Lanbide orientatzailea: zuzendaritzak kontratatzen du eta esleitzen dio ikastetxeko ikasleei orientazioa ematea balizko irteera profesionalei buruz.

Administrari laguntzailea: administrazioko lanak egiten ditu, burokratikoak, liburutegiaz arduratu, telefonoa hartu, harrera lanak eta Administrazio eta Zuzendaritzako departamentuarekin lotutako gainerako zerbitzuak.

Erredaktore-zuzentzailea: irakasleen edo zuzendaritzaren testuak gainbegiratzen ditu, behar bezala idatzita eta gero inprimatuta egon daitezen.

Merkataritza-agentea: enpresak eskaintzen dituen ikastaroak sustatu eta saltzeaz arduratzen da, enpresako titularrak zuzenduta eta gainbegiratuta.

–III. multzoa: Zerbitzuak.

Biltegiko arduraduna: hala kontrataturik egonda, enpresak bere jarduna garatzeko behar duen materiala eskuratu, gorde eta banatzeaz arduratzen da.

Zerbitzu Orokorretako langilea: instalazioen eta altzarien garbiketa zerbitzuaz, instalazioen eta ekipamenduen mantentze lanez eta abarrez arduratzen da.

Irakasleak ez diren laguntzaileak: zuzendaritzaren iritziz, ikasleei laguntza eta arreta ematen dizkie prestakuntza edo kultura programetan edo ekitaldietan.

Begiralea-animatzailea: zuzendaritzak hari esleitzen dio erabiltzaileei arreta eta laguntza ematea.

Ikastuna-prestakuntzako kontratua: bere jarduna egiten du ikasteko/prestakuntzarako kontratu baten arabera.

–IV. multzoa: Irakaskuntzaz kanpoko tituludunak.

Irakaskuntzaz kanpoko tituluduna: titulazio espezifiko bat edukita, bere kontratuaren xedeko eginkizuna betetzen du.

9. artikulua. Kategoria funtzionalak.

Izan daitezke:

Zuzendaria.

Zuzendariordea.

Ikasketaburua.

10. artikulua. Eginkizun-kategorien definizioa eta ezaugarriak.

Enpresako zuzendaritzak berezko dituen eginkizunak nori esleitzen dizkion, horrek beteko ditu. Kategoria hori eta ondoriozko tratamendua izanen ditu eginkizun hori betetzen duen bitartean. Beraz, eskuratutako eskubiderik ez da finkatuko.

Zuzendaria: Fundazioak aginduko dio haren bertako jarduerak eta langileenak zuzendu, bideratu eta ikuskatzeko.

Zuzendariordea: zuzendaria ordezten du.

Ikasketaburua: beharrezko baldintzak beteta, zuzendaritzak esleitzen dizkio ikastetxearen barnean irakasleen eta ikasleen diziplina, ikastorduen planifikazioa eta koordinazio pedagogikoa betetzeko lanak.

11. artikulua. Lana uztea.

Langileak lana uzten duenean Fundazioak eskatuta, Fundazioak bete beharko du legeak horretaz zehaztua.

Langilearen borondatez uzten bada lana, horrek idatziz jakinarazi behar dio enpresari, gutxienez 30 egun lehenago. Hori bete ezean, Fundazioak likidaziotik kentzen ahalko dio bi eguneko soldata aurreabisua berandu ematen den egun bakoitzeko, 30 egunera bitarte.

Fundazioak aurreabisua behar den denboran eta moduan jasotzen badu, langileari dagokion likidazioa ordaintzera behartua egonen da. Obligazio hori betetzen ez bada, langileak eskubidea izanen du bi eguneko soldata jasotzeko likidazioaren ordainketan atzeratutako egun bakoitzeko, 30 egunera bitarte.

III. kapitulua: Lanaldia, oporrak, baimenak, maila-igoerak, eszedentziak, erretiroak, amatasuna.

12. artikulua. Lanaldia.

1. Langileen urteko lanaldia, gehienez, hauxe izanen da:

I. taldea: 1.446 ordu.

II. eta III. taldeak: 1.715 ordu.

Eginkizunen araberako kategoriak: 200 ordu, talde horretarako ezarritako urteko kopuruaren gainean.

Lana hobeki antolatzeari begira, I. talderako 34 orduko asteko modulua ezarri da eta II., III. eta IV. taldeetarako, berriz, 39 ordukoa astean.

Bertan egote hutseko orduak benetan egindako lanaldiaren barrukotzat joko dira, baldin eta, ikastetxeko zuzendaritzak ezarritako ordutegiaren arabera, hala jasota badago eta irakaskuntza lanak edo antzekoak egiten badira.

2. Aparteko ordutzat hartuko dira hitzarmenean ezarritakoak edo, lanaldi txikiagokoak badira, hitzartutakoak gainditzen dituzten guztiak. Aparteko orduak alderdiak bat etorrita eginen dira eta kontuan izanik legez horretarako ezarritako muga. Hilabeterik hilabetera ordainduko dira, edo, hala balegokio, kontratua bukatzean.

Lanaldi hori egitean, enpresan kontuan izanen ditu legez horretarako ezarritako mugak.

3. Programa soziokulturalei eta aisialdikoei atxikitako langileek zerbitzuak egitea jaiegunetan.

Programa soziokulturalen eta aisialdikoen jardueran, zerbitzuaren beharrei heltzeko edo zio teknikoak edo antolakuntzakoak direla-eta, jarduera horri guztiz edo zati batean atxikita dauden langileek, salbuespenez, zerbitzuak igande eta jaiegunetan (ofiziala izan ala ez) egin ditzakete, baldin eta aldez aurretik hitzarturik badago enpresaren eta ukitutako langileen artean. Enpresak eta langileak hitzartu bezala ordainduko (edo konpentsatuko) dira, betiere Langileen Estatutuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedenaldia errespetatuta.

4. Fundazioak eta langileak hitzartu ez badute jaiegunetan (ofizialak izan ala ez) lan egindako orduen ordainketa edo konpentsazioa, zuzendaritzak, antolaketarako arrazoiak direla eta, honako hauen artean dauka aukeratzea, betiere Langileen Estatutuaren 37.2 artikuluan aurreikusitakoa errespetatuz:

a) Ordu horiek ordaintzea, indarreko araudiaren arabera.

b) Baimen ordainduaren egun bateko atsedenaldia ematea goian aipatutako moduan egindako lanaldi oso bakoitzeko. Konpentsazioko atsedenaldi hori Fundazioak horretarako zehazten duen egutegiaren arabera hartuko da, jaiegunetan edo jai ofizialetan zerbitzuak egin eta hurrengo lau hilabeteen barnean.

Konpentsazio sistema hori ez dute aplikatzekorik edo eskatzerik izanen soilik jaiegunetan edo jai ofizialetan lan egiteko kontratatutako langileek.

13. artikulua. Oporrak.

Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean hilabete bateko oporrak izanen dituzte, edo lan egindakoari dagokion zati proportzionala. Enpresaren jarduna apalagoa denean hartuko dira, udan batik bat. Horretarako, enpresak bi hilabete lehenago, gutxienez, finkatuko ditu egutegia, txandak, etab.

Lan arloan indarra duen araudian aurreikusitakoari jarraituz zehaztuko dira.

I. taldeak, halaber, Aste Santuan, Eguberrietan, enpresak ikasleei ematen dizkien opor guztiak izanen ditu. Aste Santuan eta/edo Eguberrietan lanean jarduten badu, talde horretako langileak eskubidea izanen du baimen ordainduaren bi eguneko konpentsazioa jasotzeko, eta egun batekoa, berriz, klasea Aste Santuan eman dutenentzat. Enpresak zehaztuko du noiz hartzen diren egun horiek, enpresak antolaketan dituen beharren arabera.

II., III. eta IV. taldeek oporrak izanen dituzte Aste Santuan eta Eguberrietan enpresak irakaskuntzaz kanpoko jarduerak eteten dituenean, edo, nolanahi ere, urtean lau lanegunetan.

14. artikulua. Baimenak.

1. Langileak baimen ordaindu hauek edukitzeko eskubidea izanen du:

a) Hamabost egun natural, ezkontzen denean edo bizitza elkarrekin hasten denean izatezko bikoteen kasuan, erroldaren autonomia erkidegoaren erregistro ofizialean behar bezala inskribaturik badaude. Edonola ere, baimena 15 egun natural lehenago jakinarazi beharko da. Bikote batek baimen hori baliatzen ahalko du ezkontzen denean edo bizitza elkarrekin hasten denean.

b) Hiru egun, seme-alaben jaiotza edo 2. gradurainoko odol edo ezkontza bidezko ahaideen heriotza, istripu edo gaixotasun larria edo ospitaleratzeagatik, eta beste 2 egun gehiago mugakidea ez den probintzia batera edo uharte batera joan behar izanez gero.

c) Egun bat, bigarren gradurainoko odol edo ezkontza bidezko ahaideen ezkontzagatik.

d) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko denbora, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

e) Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko, aldez aurretik abisatuta eta horiek guztiak lanorduetan egin beharra justifikatuta.

f) Egun bat bizilekuz aldatzeko.

g) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.

h) Bi egun, odol edo ezkontza bidezko 2. gradurainoko ahaideen ebakuntzagatik, ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea agintzen bada, eta beste bi egun gehiago, mugakidea ez den probintzia batera edo uharte batera joan behar izanez gero.

2. Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek urtean hamabost egun arteko baimena eskatu ahal izanen dute soldata gabe, eta eman egin beharko zaie, gutxienez hogei egun lehenago eskatuz gero. Langileren batek baimena duen bitartean beste batek eskatzen badu, zuzendaritzak erabakiko du, enpresaren beharrak kontuan izanik.

15. artikulua. Maila-igoerak eta lanpostu hutsak.

1. Administrari-ofizialaren lanpostu hutsik egonez gero, administrari laguntzaileak kategoria hartara igoko dira, betiere, zuzendaritzaren iritziz eta langileen ordezkariak entzun ondoren, lanposturako baldintzak betetzen badituzte.

Lau urteko antzinatasuna izan eta beren eginkizunak modu egokian betetzen dituzten administrari laguntzaileek, ofizial lanpostu hutsik ez bada ere, eskubidea izanen dute haien lansariak jasotzeko.

2. I. taldeko lanpostu hutsak talde berean maila baxuagoa dutenek beteko dituzte, titularraren iritziz beharrezko baldintzak betetzen badituzte.

3. I. taldeko inor ez badago aurreko lanpostu hutsak betetzeko, II., III. eta IV. taldeetako langileek izanen dute lehentasuna, titularraren iritziz beharrezko baldintzak betetzen badituzte.

4. Lanpostu hutsak zerbitzuetako langileen artean. Sortzen diren lanpostu hutsak maila beheragoko langileek beteko dituzte, baldin eta titularraren iritziz bete beharreko lanpostuan aritzeko gaitasuna badute.

5. Kontratazio berri bat egin behar bada edo lanpostu huts bat sortzen bada, eta plantillako langile finkoek lanpostu horietara pasatzerik ez badute, lanaldi partzialeko kontratua duten langileek lehentasuna izanen dute.

16. artikulua. Eszedentziak eta jubilazioak.

1. Fundazioaren eszedentziak emateko, lan arloan indarra duen araudian eta zehaztutako baldintzetan ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Kontuan harturik langileen laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko indarreko araudia, hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek eskubidea izanen dute hiru urte bitarteko eszedentzia hartzeko, haurra bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira. Era berean, hitzarmen honen eraginpeko langileek bi urte arteko eszedentzia eska dezakete, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen ahaideren bat –odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara artekoa– zaintzeko.

Eszedentziako lehen urtean, langile guztiek eskubidea izanen dute lanpostua gorde dakien. Epea bukatuta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da.

Atal honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan, eta zatika hartzen ahalko da. Hala ere, subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.

Langileek atal honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian ematen duten denbora antzinatasunerako hartuko da kontuan.

3. Langileak erretiroa har dezake nahi izatera, unean-unean aplikatu beharreko araudi indardunarekin bat.

17. artikulua. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea: amatasuna, aitatasuna eta adopzioa.

1. Langileek lansari osoa kobratzeko eskubidea izanen dute amatasun baimenetan, indarra duen legediaren arabera eta hartan ezarritako baldintzetan.

Erditzearen kasuan, etenaldiak hamasei aste iraunen du jarraian. Erditze multiplea izanez gero, haur bakoitzeko bi aste gehiago hartuko dira bigarrenetik aurrera. Etenaldia interesdunak nahi bezala banatuko da, baina erditu ondoren sei aste hartu behar dira.

Haurra adoptatu edo babesean hartzen den kasuetan, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluarekin bat, etenaldiak hamasei aste iraunen du, jarraian. Haur bat baino gehiago adoptatzen edo babesean hartzen bada, beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko, bigarren umetik aurrera.

Langileen Estatutuaren 48 bis artikuluan xedatuaren arabera, haurra jaio, adoptatu edo babesean hartzen den kasuetan, Langileen Estatutuen 45.1.d) artikuluarekin bat, langileak kontratua hamahiru egunez eteteko eskubidea izanen du, jarraian, eta haur bat baino gehiago erditu, adoptatu edo babesean hartzen bada, etenaldiak bi aste gehiago iraunen du, haur bakoitzeko, bigarrenetik hasita. Halaber, gurasotasun baimen hori 20 egunera bitarte handituko da jaiotza, adopzio edo harrera berria familia ugari batean denean, edo hori dela-eta familia ugari bihurtzen denean, edo familian %33ko edo handik gorako desgaitasuna duen pertsona bat dagonean. Beste 2 egun luza daiteke seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera, jaiotza, adopzioa edo harrera anizkoitza denean.

Jaiotzaren, adopzioaren edo harreraren umeak gutxienez %33ko desgaitasuna badauka, baimena 20 egunera bitarte handituko da.

Etenaldi hori eta Langilearen Estatutuaren 48.4 artikuluan araututako amatasunagatiko atsedenaldiak independenteak dira. Erditze kasuan, etenaldia beste gurasoari dagokio soilik. Haurra adoptatu edo babesean hartzen denean, eskubidea soilik gurasoetako bati dagokio, eta interesdunek aukeratuko dute nor. Dena den, 48.4 artikuluan araututako atsedenaldia guraso batek osoki baliatu duenean, aitatasunagatiko etenaldia soilik besteak baliatu ahalko du. Langileak behar adinako denboraz jakinaraziko dio enpresaburuari eskubide hori baliatuko duela, egoki bada, ezarrita dagoen moduan.

Artikulu honetan berariaz aurreikusirik ez dagoen orotan, indarra duen legerian xedatutakoak aginduko du.

2. Seme-alaba izan, adopzioan edo harreran hartuz gero, Langileen Estatutuaren 45.1.d) artikuluarekin bat, haurrari esnea emateko bederatzi hilabete egin arte, langileek eskubidea izanen dute ordubetez lanetik kanpo egoteko, nahi badute bi zatitan banatuta. Ume baten baino gehiagoren erditze, adopzio edo harrera kasuan, proportzioan gehituko da baimenaren denbora. Eskubide hori baliatzen duenak, hala nahi badu, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, helburu berbererako, edo denbora hori lanaldi osotan pilatzen ahal du, negoziazio kolektiboan ezarritako baldintzetan edo enpresarekin adostuta (betiere negoziazio kolektiboan ezarritakoa errespetatuz).

Baimen hau langileen eskubide indibiduala da, gizon nahiz emakume izan, baina gurasoetako batek bakarrik erabiliko du, biak lanean ari diren kasuetan.

Langileari dagokio, eskubide hori baliatzean, haurrari bularra emateko baimena zein epe eta ordutan hartuko duen zehaztea, bere ohiko lanaldiaren barnean. Langileak, lanaldi arruntera itzuli behar badu, hamabost egun lehenago jakinaraziko dio enpresari.

3. Legezko zaintza dela-eta, langile batek zortzi urtetik beherako haurren bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat (bigarren mailara arteko odol-ahaidea edo ezkontza-ahaidea) zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

Langileari dagokio lanaldi laburraren orduak eta aldia bere lanaldi arruntaren barrenean zehaztea, eta enpresaburuari hamabost egun lehenago jakinaraziko dio bere aurreko lanaldira noiz itzuliko den.

Subjektu eragile bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresaburuak aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzen ahalko du, enpresaren funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.

Langileak, eguneroko lanaldira itzuli behar badu, hamabost egun lehenago emanen dio horren berri enpresaburuari.

4. Adopzioa, adoptatu aurreko harrera edo harrera iraunkorra egiten duen gurasoak eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, gutxienez erdira, soldata hein berean murriztuta, minbiziak (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo beste gaixotasun larri batek jota dagoen haren ardurapeko adingabea zaintzeko, gaixotasun horrek ospitaleratze luzea ekartzen badu eta, hortaz, umearen zaintzak zuzena, jarraitua eta iraunkorra izan behar badu, osasun zerbitzu publikoak edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko osasun organo administratiboak egiaztaturik, gehienez ere adingabeak 18 urte bete arte.

5. Etorkizunean gurasoak izanen diren langileek, hala nahi badute, badaukate lanaldia murriztea, ordutegi malgurik ez badago, edo hori egokitzea, erditzeko prestakuntzarako klaseetara joateko eta laguntzeko, hartzekoen murriztapen proportzionala edukita, baina beste edozein lan eskubide galdu gabe. Fundazioko zuzendaritza eta langilea ados egonda hitzartuko da lanaldia murrizte hori.

6. Artikulu honetan berariaz arautu ez den orotan, Langileen Estatutuaren 37. eta 48 artikuluetan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatuari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Eguneratzea eta hobekuntza

18. artikulua.

Enpresak hobekuntza ikastaroak antolatzen dituenean, eta, langileek beren borondatez egiten dituztenean, matrikularen, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak (hala balitz), Fundazioaren kargura izanen dira.

Ikastaroa lanaldiaren barnean badago, ordu horiek urteko lanaldian benetan egindako lanalditzat hartuko dira.

Etengabeko prestakuntza irakaskuntza pribatuaren sektoreko enplegurako prestakuntzaren gaineko akordio nazionalean aurreikusitakoaren arabera eginen da, edo hura ordeztu eta unean-unean indarra duen akordioaren arabera.

Akordio hura sinatu ez baina hitzarmen honen negoziazio mahaian parte hartu duten erakundeak irakaskuntza pribatuaren batzorde paritarioko kideak dira, zein etengabeko prestakuntzarako eratu baitzen. Batzorde horretako kideak diren aldetik, parte hartuko dute batzordeak irakaskuntza ez-arautuaren inguruko prestakuntzarako planak aztertu edo haiei buruz txostenak egiten dituenean, edo sektoreko lehentasunezko irizpideak ezartzen direnean deialdietarako. Hori dela eta, haien parte-hartzea irakaskuntza ez-arautuaren esparruari dagokio.

VII. KAPITULUA

Eskubide sindikalak

19. artikulua.

Ordezkaritza kolektibo eta sindikalerako eskubideak lan arloan indarra duen legerian ezarritakoaren bidez arautuko dira.

VIII. KAPITULUA

Hobekuntza sozialak

20. artikulua. Seme-alabentzako bekak.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek, gutxienez urteko lanaldiaren %40 kontratatuta dutenean, eskubidea izanen dute doako leku bat hartzera seme-alabentzat funtzionamenduan dauden ikastaro antolatuetan, ikastaro horietan matrikulatutako ikasleen %25 gainditzen ez bada.

Ikastetxean daudela, ikasle bekadunek gainerako ikasleek dituzten betebehar berberak izanen dituzte.

21. artikulua. Fideltasun sari berezia.

1994ko abenduaren 31 baino lehen kontratatutako langileek eskubidea izanen dute, enpresan 20 urte bete ondoren, hileko 3 soldata arrunten pare den paga bat jasotzeko. Paga hori behin bakarrean sorraraziko da.

22. artikulua. Erantzukizun zibileko eta istripuetarako asegurua.

1. Fundazioak erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu beharko du langile guztientzat, 42.070,85 euroko estaldura izanen duena langile bakoitzeko. Kontratatutako aseguruak erantzukizun zibil profesionala estali beharko du, murriztapenik izan gabe lanaldiaren arabera.

2. Era berean, enpresek kasuan kasuko istripuen poliza izenpetuko dute beren langileentzat, 42.070,85 euroko estaldura izanen duena langile bakoitzeko, langileak bere laneko bizitzan pairatzen duen edozein istripu motatarako, “in itinere” istripua barne.

Istripuen aseguru horren polizak ondokoak estaliko ditu langile bakoitzerako:

Kapital aseguratua istripuaren ondoriozko heriotzaren kasuan: 42.070,85 euro.

Kapital aseguratua istripuaren ondoriozko baliaezintasunaren kasuan: 42.070,85 euro.

Azken zenbateko hori murriztuko da, kasuan kasuko portzentajeen arabera, gorputz-atalak galtzeagatik edo horiek erabat ezindua gelditzeagatik, lanbide arrunterako ezintasun iraunkor partzialaren kasuetan.

Miokardio infartua eta haren ondorioak bermaturik gelditzen dira, baldin eta lan edo epai arloko agintaritzak irmo laneko istripu deklaratzen baditu.

IX. KAPITULUA

Ordainsariak

23. artikulua.

Ondoko kontzeptuek osatuko dute hitzarmeneko langileen soldata: oinarrizko soldata, antzinatasuna eta bakoitzari egoki dakizkiokeen gainerako osagarriak.

Enpresek langileei lanaren arabera dagokien hileroko soldata ordainduko diete, hil bakoitzeko lehendabiziko bost egunean.

Soldata hori, 14 hileko soldatatan jasoko dute langileek, edo 12tan, hala hitzartzen badute enpresarekin.

24. artikulua.

Hitzarmen honetako langileek urtean jasoko duten oinarrizko soldata, 12. artikuluan aurreikusitako lanaldi osoaren arabera ezarria, 1. eranskinean dago jasota.

2014rako, kontuan izanik zein den Fundazioaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa, hitzartu da soldatak izoztea.

2015erako, soldata igotzea hitzartzen da, aurreko urteko KPIaren desbideratzearen portzentajean 2014an jasotako kontzeptu guztien gainetik, muga %2koa izanik gehienez ere.

25. artikulua. Lanbide garapen eta hobekuntzaren osagarria.

Langileen ekimena sustatzeko asmoz zerbitzuak emateko prestakuntzari eta kalitateari dagokienez, eta haien garapen profesionalerako eta ekonomikorako pizgarria izan dadin, langileak 3 urteko epean lortutako prestakuntzaren eta ezagutzen araberako osagarria sorraraziko du, baldin eta prestakuntza hori enpresak antolatua bada edo berak berariaz baimendua.

Langileak eskubidea izanen du osagarri hori jasotzeko, baldin eta frogatzen badu aurreko hiru urtetan ondokoak egin izana:

Prestakuntzako 30 ordu, I. talderako.

Prestakuntzako 15 ordu, II. eta III. taldeetarako.

Prestakuntzako 10 ordu, IV. talderako.

Ordu horiek laneko ordutzat hartuko dira.

Aipatutako epeetan, langileak ezarritakoak baino ordu gehiago egiten baditu, horiek konputatuko dira, muga izanik hurrengo epeari dagozkion orduen erdiak.

Osagarri horren zenbatekoa dagozkion soldata tauletan ezarritakoa izanen da (hitzarmen honen 24. artikulua). Kasuan kasuko aldia igaro eta ondoko hilabeteko nominan ordainduko da.

I. eta II. taldeetan, osagarri horrek ezin du lanbide kategoria bakoitzari dagokion oinarrizko soldataren %30 gainditu (hitzarmen honen tauletan jasotzen da). III. taldean, garapen profesionaleko osagarri horrek ezin du lanbide kategoria bakoitzari dagokion oinarrizko soldataren %40 gainditu (hitzarmen honen soldata tauletan jasotzen da).

IV. taldean,osagarri horrek ezin du lanbide kategoria bakoitzari dagokion oinarrizko soldataren %50 gainditu (hitzarmen honen soldata tauletan jasotzen da).

26. artikulua.Komisioak.

Merkataritza agenteak, urtean dagokion soldataz gain, enpresarekin lan kontratuan hitzartuta duen banakako zenbatekoa jasoko du, komisioaren kontzeptuan.

27. artikulua. Plusak eginkizun-kategorien arabera.

Eginkizun-kategoriak betetzen dituzten langileek, oinarrizko soldataz gain, eta eginkizun hori izan bitartean, honako kopuru hauek jasoko dituzte urtean:

2013. eta 2014. urteak

Zuzendaria:

2.425,27 euro urtean.

Zuzendariordea:

2.276,86 euro urtean.

Ikasketaburua:

2.122,45 euro urtean.

X . KAPITULUA

Diziplina araubidea

28. artikulua.

Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondorengo artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

Langileak eginiko hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izanen dira, haien garrantzia, ondorioa eta asmoa aztertuta.

Honako hauek dira hutsegite arinak:

a) Lanera berandu iristea behin, bitan edo hirutan hilabete bateko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea, edo, bestela, hutsegitea gertatu eta hurrengo 24 orduan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, non eta ez den frogatzen ezinezkoa izan dela.

c) Zerbitzua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe, nahiz denbora laburrerako izan. Horren ondorioz enpresari edo lankideei nolabaiteko kaltea sortzen bazaie edo istripuren bat eragiten bada, hutsegite hau larritzat edo oso larritzat har daiteke, kasua nolakoa den.

d) Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.

e) Norbere garbitasun eta txukuntasun eza.

f) Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez atenditzea.

g) Enpresari bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea.

h) Lankideekin eztabaidak izatea lanorduetan.

i) Hilabetean egun batez lanera ez agertzea bidezko arrazoirik izan gabe.

Hutsegite larriak.

a) Lanera berandu iristea hiru aldiz baino gehiagotan hogeita hamar eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Lanera ez agertzea behin, bitan edo hirutan hogeita hamar eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da, baldin eta lankide bati erreleboa hartu behar bazaio edo enpresari nolabaiteko kaltea eragiten bazaio.

c) Lanaldian jostetan ibiltzea.

d) Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian. Datu horiek faltsutu edo maltzurki eman gabe uzten badira, hutsegite oso larritzat joko da.

e) Laneko edozein gaitan nagusien esanak ez betetzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei oztopoak eta eragozpenak jartzea barne, bai eta laneko orriak betetzeari, asistentzia kontrolari eta abarri uko egitea ere. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kaltea sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahal da.

f) Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.

g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

h) Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Langileari berari edo lankideei istripuren bat izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, oso larritzat jo daiteke. Nolanahi ere, nahitaezkoak diren segurtasuneko arropak eta tresnak ez erabiltzea ere zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da.

i) Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.

j) Hiruhileko berean beste hutsegite arin bat egitea (berandu iristea salbu), nahiz desberdina izan, eta langileari hitzezko kargu hartzea ez den zigorra jarri izan bazaio.

Hutsegite oso larriak.

Honako hauek hutsegite oso larriak dira:

a) Lanera berandu iristea hamar aldiz edo gehiagotan sei hilabeteko aldian, edo hogei aldiz urtean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Lanera ez agertzea hiru egun jarraian edo bost egun tartekatutan hilabete bateko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

c) Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua.

d) Gaixotasunaren edo istripuaren itxura egitea. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, beste edozein lanetan aritzen denean, norberaren kontura edo besteren kontura. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

e) Lanorduetan mozkortzea eta drogak hartu ondoko egoeran egotea. Langilea goian aipatu egoeretan dagoelako zantzuak ageri direnean, enpresako osasun zerbitzuak edo, bestela, enpresak izendatzen duen medikuak egin beharreko azterketa onartu beharko du. Azterketa horiek egitean langilearen duintasuna eta intimitatea ahalik eta gehien errespetatuko dira eta aurrean egonen da langileen legezko ordezkari bat edo, hura lantokian ez badago, enpresako beste langile bat, ahal izanez gero.

f) Enpresaren korrespondentziaren edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak jakitera ematea.

g) Enpresari bidegabeko lehia egiten dioten jardueretan aritzea.

h) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, sexu-jazarpena, agintekeria edo errespetu falta larria kargudunei edo haien ahaideei, baita lankide eta menpekoei ere.

i) Istripu larriak sorraraztea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.

j) Erantzukizun berezia izanik, lanpostua bertan behera uztea abisurik eman gabe.

k) Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.

l) Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.

m) Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, zehapena jaso badute.

Zehapenen araubidea.

Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hutsegite larri eta oso larriengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, data eta zehapena jartzeko arrazoiak adierazita.

Enpresak hutsegite larri edo oso larriengatik ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei. Zehapena ezartzen den egunetik hiru hilabete igaro daitezke bete arte.

Zehapenak.

Hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:

a) Hutsegite arinengatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Kargu-hartze idatzia.

b) Hutsegite larriengatik:

–Bi egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

–Beste lanpostu batera aldatzea, zentro berean.

c) Hutsegite oso larriengatik:

–Hogei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

–Enpresa beraren beste zentro batera nahitaez aldatzea, helbidez aldatzera behartu gabe.

–Kaleratzea.

Preskripzioa.

–Hutsegite arinak: hamar egun.

–Hutsegite larriak: hogei egun.

–Hutsegite oso larriak: hirurogei egun.

Horiek guztiak enpresak gertaeren berri izaten duenetik eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

XI. KAPITULUA

Segurtasuna, lan osasuna eta genero indarkeria

29. artikulua. Segurtasuna, laneko osasuna eta genero indarkeria.

1. Laneko osasunaren eta segurtasunaren gaineko eragina duten gai guztietan, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak eta harekin bat datorren araudian xedatutakoari jarraituko zaio (1995/11/10eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Ondorio horietarako, Fundazioak eta hitzarmen honen eraginpeko langileek aurreko paragrafoaren aplikazioari heldu behar diote, lege horretan aurreikusten diren irizpide eta xedapen orokorrekin bat.

2. Genero indarkeria.

Ikastetxeetako titularrek genero indarkeriaren biktima diren langileei emanen dizkiete, horiek hala eskatzen badute, Genero indarkeriaren aurka babes integrala emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Legean aurreikusten diren lan eskubideak, hala nola laneko ordua murriztea edo berrantolatzea, mugigarritasun geografikoa, lantokia aldatzea, lan harremana etetea lanpostua gordeta eta lan kontratua amaitzea, legez ezarrita dagoen bezala.

XII. KAPITULUA

Orokortasuna, irenspena, eskuratutako eskubideak

30. artikulua.

Hitzarmen honetako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute.

Itundutako hobekuntza ekonomikoak bere gain hartzen ahalko dituzte, hitzarmenak indarra hartzean enpresek pagatzen zituztenak.

Gainerako egoerak, bere osotasunean, kontuan hartuta, beti izanen dira langileek disfrutatzen dituzten onenak.

Lehen xedapen gehigarria.

Hitzarmen honetan xedatzen ez den orotan, indarreko araudian eta Irakaskuntzaren eta prestakuntza ez-arautuaren Estatuko Hitzarmen Kolektiboan xedatuari jarraituko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.

Enpresa beharturik egonen da beharrezko prestakuntza orduak ematera lanbide garapen eta hobekuntzaren osagarria jasotzeko, hitzarmen honen 29. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako aldiaren hiru laurdenak igarota (hiru urte), enpresak ez baditu eskaini prestakuntzarako nahitaezko orduak, enpresak ordu horiek eman edo baimendu beharko ditu, eta gainerako baldintzetarako hitzarmen honen 25. artikuluan ezarritakoa errespetatu beharko du.

Enpresak ez baditu baldintza horiek betetzen, langileak osagarri hori jasotzeko eskubidea sorraraziko du, hiru urte joandakoan.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Adierazpide ez sexistek, emakumea berdintasunean agertzen dutenek, trabak ekartzen ahal dizkietenez hitzarmen hau irakurri eta ulertzeari, testu honen sinatzaileek adierazi nahi dute ezen gaztelaniaz jarduera edo lanbidea zehazten duen esamolde oro (hala nola, trabajador, enpresario, delegado, afiliado, etab.), bi sexuko pertsonak biltzen dituela erabiltzen dela, non ez dagokion soilik emakumeari legearen aginduz.

Orobat, Fundazioak tratu eta aukera berdintasuna errespetatu behar du lan esparruan, eta, xede horretarako, lanean emakumeen eta gizonen arteko edozein bereizkeria eragozteko neurriak hartu behar ditu. Neurri horiek langileen legezko ordezkariekin negoziatu eta, hala bada, adostu behar dituzte, lan arloko legerian zehazten den moduan.

Azken xedapenetako lehena.

Batzorde Paritarioa.

Batzorde paritarioaren eraketa.

Alderdi sinatzaileek erabaki dute batzorde paritario bat eratzea hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoaren interpretaziorako, bitartekotzarako eta zaintzarako organoa izan dadin, eta indarreko legediak hitzarmen kolektiboen batzorde paritarioei esleitzen dizkien gai guztiei hel diezaien.

Batzorde paritarioa enpresako ordezkariak eta Sahats Fundazioa entitateko langileen ordezkariak osatuko dute.

Ondorio guztietarako, batzorde paritarioaren helbidea Sahats Fundazioaren egoitza izanen da: Barañaingo Haraneko Etorbidea, 2, behea (posta kodea: 31010).

Funtzionamendua.

Batzorde paritarioak hiru hilean behin eginen du bilera arrunta, eta bilera berezia, berriz, alderdi batek eskatzen duenean.

Bi kasuetan, deialdia idatziz edo faxez eginen da, gutxienez 10 egun baliodun lehenago. Bertan, zehaztuko da gai-zerrenda eta zein egun, ordu eta tokitan eginen den bilera, eta beharrezko dokumentazioa erantsiko da.

Batzorde paritarioaren erabakiak boto ponderatuaren bidez hartuko dira, erakunde bakoitzak hitzarmena negoziatzeko mahaian duen ordezkagarritasunaren arabera; erabakiak baliozkoak izateko, enpresaburuen eta sindikatuen ordezkagarritasunaren gehiengoa beharko da. 15 egun naturaleko epea izanen du bere balorazioaren menpe jarritako desadostasunak konpontzeko.

Alderdiak borondatez haren arbitrajearen menpe jartzen badira, batzorde paritarioaren ebazpena loteslea izanen da.

Azken xedapenetako bigarrena.

Lan harremanak indarra izan bitartean, hitzarmen honen eraginpeko langileak ezin izanen dira beste enpresa batzuetan edo beren kabuz aritu, baldin eta bidegabeko lehia sortzen bada edo kontratuetan denbora osoko dedikazioko klausula ezarri bada, berariazko konpentsazio ekonomikoa emanen baitzaie.

Azken xedapenetako hirugarrena.

Kanpo gelditzeko klausula: ados badaude enpresa eta enpresaren hitzarmen kolektibo bat edo maila beheragoko bat, Langileen Estatutuaren 87.1 artikuluan ezarria, negoziatzeko zilegitasuna duten langileen ordezkariak, bidezkoa izanen da, 15 egunetik gorakoa izanen ez den kontsultaldi bat egin ondoan, hitzarmen honetako baldintzak ez aplikatzea, aplikazio horren ondorioz enpresaren egoera eta aurreikuspen ekonomikoak kalteturik gelditzeko aukera dagoenean, eragina izanik bertako enpleguari eustearen gainean.

Enpresan langileen legezko ordezkaririk ez badago, langileek Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluan xedatutakoarekin bat izendatutako batzorde baten esku utzi ahal izanen dute ordezkaritza hori.

Kontsultaldia akordioa lortuta bukatzen bada, ulertuko da lehendabiziko paragrafoko arrazoiak daudela eta soilik eskumeneko jurisdikzioan aurkara daiteke, iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik. Akordio hori hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioari jakinarazi beharko zaio.

Aplikazio ezaren akordioak zehazki ezarri behar du zein diren lan baldintza berriak enpresa horretako langileentzat, hura ekarri zuten arrazoiak kontuan izanik. Aplikazio eza horrek ezin du hitzarmenaren indarraldia gainditu, edota, gehienez ere, hiru urteko iraunaldia.

Kontsultaldian adostasunik ez bada, edozein alderdik jar dezake desadostasuna hitzarmenaren batzorde paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko. Desadostasuna ez bada konpontzen batzorde paritarioaren menpe jarrita, estatuko edo autonomietako lanbidearteko akordioetan ezarritako prozedurei helduko zaie, eta, halakorik egon ezean edo desadostasuna konpontzen ez bada, edozein alderdik jar dezake hura Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Autonomikoaren menpe, edo, hori eratzen ez den arte, Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalaren menpe, hori eskuduna izanez gero. Erakunde horietako erabakiak kontsultaldian lortzen diren erabakien eraginkortasuna bera izanen du, eta horren kontra bakarrik jartzen ahalko da errekurtsoa Langileen Estatutuaren 91. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat eta arrazoien arabera.

1. ERANSKINA

2013KO soldaten taulak

KATEGORIA PROFESIONALAK

OINARRIZKO SOLDATA

I. taldea

Irakasle titularra

10.951,22

Lantegiko irakaslea

10.951,22

Irakasle laguntzailea edo alboko irakaslea

9.731,40

On lineko irakasle laguntzailea

9.731,40

Instruktorea edo aditua

9.121,70

Gizarte-hezitzailea

10.951,22

II. taldea

Administrazioko burua

12.393,78

1. mailako administrari-ofiziala

10.116,96

2. mailako administrari-ofiziala

9.815,82

Lanbide orientatzailea

9.815,82

Administrari laguntzailea

9.034,20

Erredaktore-zuzentzailea

9.034,20

Merkataritza-agentea

9.034,20

III. taldea

Biltegiko arduraduna

10.120,74

Zerbitzu Orokorretako langilea

9.034,20

Irakasleak ez diren laguntzaileak

9.034,20

Begiralea-animatzailea

9.034,20

IV. taldea

Irakaskuntzaz kanpoko tituluduna

10.951,22

LGHO (25. art.)

280,00

Iragarkiaren kodea: F1403965