77. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 14koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Lekunberriko Agrozumos, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Lekunberriko Agrozumos, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31000162011987) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko otsailaren 25ean sartu zena. Enpresaren legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2014ko otsailaren 24an izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko martxoaren 14an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

Agrozumos, S.A. ENPRESAREN 2014 - 2015ERAKO HITZARMEN KOLEKTIBOA

AURKIBIDEA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde eremua.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

3. artikulua. Langile eremua.

4. artikulua. Iraupena.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

5. artikulua. Lanaren antolaketa.

III. KAPITULUA

Plantilla eta kontratazioa

6. artikulua. Zentsua.

7. artikulua. Kontratazioa.

8. artikulua. Lanpostu hutsak.

9. artikulua. Aldi baterako kontratazioak eta enplegua.

IV. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

10. artikulua. Xedapen orokorra.

11. artikulua. Kategorien definizioa.

12. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

13. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

V. KAPITULUA

Lanean hastea eta lana uztea

14. artikulua. Probaldia.

15. artikulua. Lana borondatez uztea.

VI. KAPITULUA

Lanaldia, aparteko orduak eta oporrak

16. artikulua. Lanaldia, araubide ekonomikoa eta ordutegia.

17. artikulua. Lan egutegia.

18. artikulua. Aparteko orduak.

19. artikulua. Luzapenak.

20. artikulua. Oporrak.

21. artikulua. Seigarren lanaldia.

22. artikulua. Astelehenetik igandera bitarteko astea.

23. artikulua. Laugarren txanda.

24. artikulua. Orduen poltsa.

VII. KAPITULUA

Baimenak, lizentziak eta eszedentziak

25. artikulua. Lizentzia ordainduak.

26. artikulua. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea.

27. artikulua. Eszedentziak.

VIII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

28. artikulua. Ordainsariak.

29. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

30. artikulua. Dietak.

31. artikulua. Aparteko eskersariak.

32. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

33. artikulua. Aseguru poliza.

IX. KAPITULUA

Segurtasuna eta higienea

34. artikulua. Arau orokorra.

35. artikulua. Laneko Segurtasuna.

36. artikulua. Lokaletako higienea.

37. artikulua. Osasun azterketa.

38. artikulua. Higiene zerbitzuak.

39. artikulua. Laneko arropa.

40. artikulua. Botika gela.

41. artikulua. Langileen higienea.

X . KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

42. artikulua. Hutsegiteak.

43. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.

44. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.

45. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.

46. artikulua. Zehapenak.

47. artikulua. Zehapenak betearaztea.

48. artikulua. Preskripzioa.

49. artikulua. Prozedura.

50. artikulua. Enpresaburuen arau-hausteak.

XI. KAPITULUA

Langileen ordezkariak

51. artikulua. Eskubide sindikalak.

52. artikulua. Sindikatuak.

53. artikulua. Langileen ordezkarien eskumenak.

54. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.

55. artikulua. Arauen erreferentzia.

XII. KAPITULUA

Prestakuntza

56. artikulua. Prestakuntza jarraitua.

XII. KAPITULUA

Erretiro partziala

57. artikulua. Erretiro partziala.

ERANSKINAK

I. Lan gatazken konponketa.

II. Batzorde paritarioa.

III. Soldaten behin betiko taula 2014-15erako.

IV. Bestelako gaiak.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Agrozumos S.A. enpresak Lekunberrin (Nafarroa) duen lantokiko langileei aplikatuko zaie bakarrik.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen kolektibo honen aginduen bidez Agrozumos S.A. enpresako lan harremanak arautzen dira. Enpresa horren jarduera nagusia da zukuak, nektarrak eta fruituen deribatuak prestatzea.

3. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Agrozumos S.A. enpresan jarduten duten langile guztiei aplikatuko zaie, testuan deskribatzen diren kategorien arabera.

Horretatik kanpo gelditzen dira, berariaz, Agrozumos S.A. enpresako zuzendaritza eta beren-beregi aipatzen ez diren lan talde guztiak. Hitzarmen honek ez du eraginik izanen haien gainean.

4. artikulua. Iraupena.

Hitzarmen kolektibo honek indarra izanen du 2014ko urtarrilaren 1etik 2015eko abenduaren 31 bitarte. Edonola ere, 2013ko urriaren 1etik aurrera aplikatuko da, eta egun horretatik aurrera atzera eraginez aplikatzeak soldata tauletan ekar ditzakeen diferentziak ordainduko dira. Urteko lanaldia izanen da salbuespena, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko baita.

Honetan hitzartutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute, eta orokorrean hartu behar dira aintzat.

Edozein alderdik sala dezake espres hitzarmen hau, indarraldia amaitu (2015eko abenduaren 31) baino hiru hilabete lehenago. Hitzarmena salatzen ez bada, urteka luzatuko da. Luzatzen bada, luzapeneko urtea bukatu baino hiru hilabete lehenago egin daiteke salaketa.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan xedatuaren ondorioetarako, hitzarmen kolektiboaren aurreraeragina gehienez ere bi urteko eperako ezartzen da. Kontuan izanik hitzartutako indarraldia 2015eko abenduaren 31ra artekoa dela, aurreraeraginak 2017ko abenduaren 31ra arte iraunen du. Ordura arte beste hitzarmen bat adostu ez bada, honako honek indarra behin betiko galduko du.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

5. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lana antolatzea Agrozumos S.A.ko zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.

Lana arrazionalizatu, mekanizatu eta zuzentzeko sistemen barnean etengabeko prestakuntza sartu behar da, langileek hura jasotzeko eta hobetzeko eskubidea baitute.

III. KAPITULUA

Plantilla eta kontratazioa

6. artikulua. Zentsua.

Agrozumos S.A.k langileen zentsu bat prestatuko du urte bakoitzeko urtarrilean eta ekainean. Haietako bakoitzaren lanbide kategoria eta kontratazio modalitatea zehaztuko dira. Zentsu horren kopia bat langileen ordezkariei emanen zaie adierazitako hilabete bakoitzean.

7. artikulua. Kontratazioa.

Agrozumos S.A.k indarreko araudiak baimentzen dituen kontratazio mota guztiak erabil ditzake. Egiten diren kontratazioak langileen ordezkariei jakinaraziko zaizkie. Landare-kontserben sektorerako indarra duen hitzarmenaren 20.A artikuluan ezarritakoarekin bat, behin-behineko kontratuen gehieneko iraupena bederatzi hilabetekoa izanen da hamabi hilabeteko epean.

8. artikulua. Lanpostu hutsak.

Langile finkoen artean lanpostu hutsik badago, Agrozumos S.A.n finkoa izan gabe lan egiten dutenekin betetzen saiatuko da lehentasunez, betiere Agrozumos S.A.ren iritziz profil profesional egokia baldin badute.

9. artikulua. Aldi baterako kontratazioak eta enplegua.

Aldi baterako kontratazioaren bolumena enpresaren plantilla osora egokitzeko asmoz, alderdiek adostu dute indarreko edozein kontratazio motarekin aldi baterako gehienez kontratatzen dena ez dela izanen urtean lan egindako orduen %25etik gorakoa. Muga hori kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko oporretan dauden langileak edo lan harremana etena dutenak (aldi baterako ezintasuna, eszedentziak, etab.) ordezteko lan egindako orduak. Muga hori gaindituz gero, enpresak konpromisoa hartzen du, urte bakoitzeko lehendabiziko hiru hilabetean, baldin eta lan kargari eta/edo salmenten bolumenari eusten bazaie, lan egindako orduen soberakina kontratu mugagabe bihurtzeko, lanaldi osokoa edota lanaldi partzialekoa izan.

Enpresak, indarreko araudiarekin bat, aldi baterako laneko enpresen zerbitzuak har ditzake, langileak lagatzeko kasuan kasuko kontratuak izenpetuz.

Salbuespenez, amatasun bajak eta eszedentziak betetzeko, hala egitea erabakitzen bada, enpresak zuzenean egin beharko du, iraupen mugatuko kontratuen bidez.

IV. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

10. artikulua. Xedapen orokorra.

Agrozumos S.A. enpresan lan egin eta hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden langileak beren ezagutzak, esperientzia, autonomia, erantzukizuna eta ekimena kontuan hartuz sailkatuko dira.

Sailkapen hori dela bide, Agrozumos S.A.ren beharretarako lanbide egitura egokia lortu nahi da, langile guztiak hobeki integratu daitezen produkzio lanetan eta uneoro hobeki egokitu daitezen lanpostu batera, behar duten prestakuntzaren bitartez.

Egitura horri atxikita dagoen langile orok, horren ondorioz, lanbide talde eta ordainsari maila jakin bat izanen du, hitzarmen kolektiboaren III. eranskinean ezarritakoarekin bat.

11. artikulua. Kategorien definizioa.

Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak konpromisoa hartzen du eginkizunak ondoko lanbide talde eta maila hauetara egokitzeko:

1. lanbide taldea.

–0. gradua: peoiak: oinarrizko manipulazio lanak modu iraunkorrean egiten dituzten langileak. Halaber, talde horretarako aurreikusitakoaren arabera ordainduko zaie eragiketetan akabera egokia eta zuzena emateko behar adinako gaitasuna lortu ez duten langileei (izangaiak), kategoria honi lotzen bazaie lehendabiziko lau hilabeteetan, jarraian edo txandaka izan. Ondotik, peoi espezializatuaren kategoriara (1-B) edo handiago batera pasako dira.

–A gradua: picking-eko peoiak: beharrezko tresnak dituztela eta jarraibide zehatzen arabera, funtsean produktu bukatua biltzeko lanak egiten dituzten langileak. Kategoria hau ez zaie aplikatuko ontziratze lineetan aritzen diren langileei.

–B gradua: peoi espezializatua: prestaketa edo trebakuntza berezirik gabe, funtsean ahalegin fisikoa egitea eskatzen duten eginkizunez arduratzen den langilea.

–C gradua: espezialista: peoi espezializatuaren gaitasunetik gorakoa dakarten praktika, espezialitatea eta arreta eskatu arren, etengabe eginkizun jakin eta zehatzak egiten dituen langilea da, lanbide zehatza ez badauka ere. Gradu honetako lanpostuen artean, jasomakinako gidaria eta lineako alde lehorreko langilea daude (titulazio akademikorik gabe).

2. lanbide taldea.

–A gradua: fabrikazioko 3. mailako ofiziala: lan perfektuetarako eskatzen den espezializazioa izan gabe, bere lanbideko edo ofizioko lanak behar bezain txukun eta zuzen egiten dituen langilea. Berari dagokio zenbait makinaz arduratzea.

Produkzio lineako alde lehorreko langileei eskatuko zaizkie, gradu horretarako, esperientzia eta gutxieneko prestakuntza akademikoa, lanposturako egokia dena (goi mailako teknikaria edo horren baliokidea).

–A gradua: administrari laguntzailea / nahasketak / biltegia / laborategia / mantentze lanak: oinarrizko eragiketak egiten dituen langilea; oro har, aipatutako arloetako eragiketa funtsezkoenak edo mekanikoak.

–B gradua: fabrikazioko 2. mailako ofiziala / administraria / nahasketak / biltegia / mantentze lanak: langile hori, lanbide bat izanik, halako perfekzio eta errendimendu mailarekin aritzen da horretan, non lan orokorrak ez ezik, ahalegin eta arreta berezia eskatzen dutenak ere egiten baititu. Administrarien artean, hizkuntzak jakitea dago sartuta.

–C gradua: 2 taldeko B gradukoa izanik, Agrozumos S.A.n lanean, gehienez ere 6 hilabeteko epea gainditu ondoren beharrezko maila lortzen duen langilea 3. taldeko A gradukoa izatera pasako da.

3. lanbide taldea.

–A gradua: laborategiko urgazlea: unibertsitateko titulazio egokia izanik, analisi fisikoak, kimikoak eta biologikoak, eta laborategiko determinazioak egiten dituen langilea, beharrezkoa izan gabe beti arauak eta zehaztapenak adieraztea, eta, halaber, horren barnean dago gailuak zaintzea, behar diren erreaktiboak prestatzea eta analisi txostenak eta buletinak ematea.

–A gradua: lanbideko urgazlea: zerbitzu osagarriez eta laguntzakoez arduratzen den enplegatua. Halako zerbitzuetan, agintzen dizkioten lanak egiten ditu, behar adinako praktikarekin, baina ofizialen perfekzio mailara iritsi gabe.

–A gradua: 1. mailako administrari-ofiziala: bere ekimenez eta agindutako eginkizunez arduratuta, enpresako arloren bat bere menpe daukan enplegatua.

–B gradua: ofizioko / laborategiko 2. mailako ofiziala: lana arduraz eta autonomiaz eginda, edariaren edo ontziratzearen kalitatearen gainean eragina duen enplegatua, edo, hala balegokio, laborategiko espezialista (hala nola, tetrako, nahasketetako edo betetzeko makinako langileak). Kategoria horren barnean, mantentze-lanetako teknikariak daude.

Gradu horretako langileei, betetzeko/ontziratzeko makinaren, mantentze-lanen eta nahasketen arloetan aritzen badira, gutxieneko prestakuntza akademikoa eskatuko zaie, lanposturako egokia (goi mailako teknikaria edo horren baliokidea). Laborategiko bigarren mailako ofizialei ere eskatuko zaie unibertsitateko titulazioa.

–B gradua: prozesu bereziko arduraduna: kasu bakoitzean eskatzen den titulazioa edo beharrezko esperientzia maila edukita, azken produktuaren edukiaren osaeraren gainean eragin zuzenik ez duten lan-taldeen koordinazio eginkizunak betetzen eta bere gain hartzen dituen enplegatua.

–B gradua: administrazioko teknikaria: kasu bakoitzean eskatzen den titulazioa edo beharrezko esperientzia maila edukita, enpresaren funtzionamendurako eginkizun konplexuak eta erantzukizun handikoak betetzen eta bere gain hartzen dituen enplegatua.

–C gradua: 3 taldeko B gradukoa izanik, Agrozumos S.A.n lanean, gehienez ere 9 hilabeteko epea gainditu ondoren beharrezko maila lortzen duen langilea 4. taldeko A gradukoa izatera pasako da.

4. lanbide taldea.

–A gradua: arduraduna: antolaketa maila baxuago batean lankide talde batek egiten dituen zeregin homogeneoak integratu eta gainbegiratzeko lanak.

–B gradua: lineako burua / txandako burua / laborategiko burua: laneko arauak bere ataleko enplegatuei betearazteko lanak egiten dituena, bere ekimena, balio erantsia eta etengabeko hobekuntza erabiliz, Agrozumos S.A.ren plan orokorretan zehaztutako helburuak lortzeko, haiek zehazki bete daitezen begiratuz. Eskatzen den gutxieneko prestakuntza akademikoa egokia izanen da lanposturako, eta, gutxienez, goi mailako teknikariaren titulua izanen da, edo horren baliokidea lineako buruarentzat eta txandako buruarentzat, eta unibertsitateko titulua, berriz, laborategiko buruarentzat.

–C gradua: departamentuko burua: 4 taldeko B graduko langilea izanik, Agrozumos S.A.n lanean, gehienez ere 12 hilabeteko epea prestakuntzan eta egokitzapenean eman eta gainditu ondoren, beharrezko maila lortuta, Agrozumos S.A.rekin berariazko kontratua sinatuko du hitzarmen kolektibo honetatik kanpo.

Berariaz ezartzen da hitzarmen hau sinatzearekin letra etzanez markatutako doikuntzak etorkizunean sartuko direla, eta, horrenbestez, horrek ez du inolako eraginik izanen 2013ko urriaren 1ean talde eta gradu horietako batean jardunean aritzen ziren langileen lanbide kategoriaren eta baldintzen gainean.

12. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak, teknika, ekoizpen edo antolakuntza mailako beharrizanak kontuan harturik, langileei lanbide talde desberdinaren barruan, lanbide kategoriaren aldaketa ekartzen duten zereginak esleitzen ahalko dizkie, bai aldi baterako bai epemugarik gabe, ordainsaria murriztu gabe.

Artikulu honetan arautu ez den orotan Langileen Estatutuaren 39. artikuluan gai beraren gainean zehaztutakoa beteko da.

13. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

Agrozumos S.A.k eta/edo GRUPO RIHAk erabakitzen badu beste lantoki bat irekitzea nazioko geografian, Langileen Estatutuaren 40. artikuluan xedatuari jarraituko zaio.

V. KAPITULUA

Lanean hastea eta lana uztea

14. artikulua. Probaldia.

Probaldi bat hitzartzen ahalko da, eta idatziz jasoko da sei hilabetekoa izanen dela gehienez teknikari tituludunentzat eta bikoa gehienez gainerako langileentzat.

Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak izan ezik (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).

Probaldia iraganda atzera egin gabe, kontratuak bere modalitateak berezko dituen ondorioak sortuko ditu.

15. artikulua. Lana borondatez uztea.

Beren borondatez Agrozumos S.A.tik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari idatziz jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:

1. eta 2. lanbide taldeak: 15 egun natural.

3. lanbide taldea: hilabetea.

4. lanbide taldea: 45 egun natural.

Aipatu epeetan aurreabisua egiten ez bada, Agrozumos S.A.k eskubidea izanen du langilearen likidaziotik eguneko lansariaren bikoitza deskontatzeko aurreabisua atzeratzen den egun bakoitzeko.

VI. KAPITULUA

Lanaldia, aparteko orduak eta oporrak

16. artikulua. Lanaldia, laneko araubidea eta ordutegia.

A) Oro har, eta Langileen Estatutuaren 34.1. artikuluaren 1. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, urtean egin beharreko benetako lanorduak hauek izanen dira, erregulazio honen arabera:

2014. urtean: 1.744.

2015. urtean: 1.744.

B) Lanaldia eta ordutegia: asteko lanaldia, oro har, honelakoa izanen da lanaldi jarraituan:

Goizeko orduetan

6:00-14:00.

Arratsaldeko orduetan

14:00-22:00.

Gaueko orduetan

22:00-6:00.

Eta lanaldi zatituan:

Goizeko orduetan

08:00-13:30

Arratsaldeko orduetan

14:30-17:00

17. artikulua. Lan egutegia.

Urtarrilean, Agrozumosek lan ordutegia prestatuko du, eta haren ale bat paratu beharko da lantokiko leku batean, ikusteko moduan.

Aldaketak egin behar badira urtean zehar, langileen ordezkariei kontsultatuko zaie.

Urteko ordutegia urte natural bakoitzean onesteak ordu soberakina ekartzen duenean, enpresari dagokio konpentsazioa zehaztea. Enpresak soberakineko egunak finkatuko ditu urtean zehar, ahalik eta lasterren produkzioaren beharren arabera.

18. artikulua. Aparteko orduak.

Oro har, zuzendaritzak eta langileen ordezkariek, enplegua sustatzeko asmoz, erabaki dute ahal duten guztia egitea aparteko orduak murrizteko produkzio arruntean.

Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak irizten duenean beharrezkoa dela, langileei proposatuko die aparteko orduak egitea, eta nahitaez egin beharko dira ezinbestekotzat jotzen diren kasuetan, produkzioari eraginda konponketa luzaezina duten matxuretan, edo kalterik ez egiteko lehengaiei edo produktu erdiprestatuei fabrikazio prozesuan.

Agrozumos S.A.ri dagokio aparteko orduak egiteko ekimena. Langileari, berriz, hura libre onartzea, aurreko paragrafoetan zehaztutako kasuetan izan ezik.

Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak, aparteko orduak egin daitezela eskatzeko, irizpidetzat hartuko du arrazionalki eta ekitatez banatu daitezela egin nahi dituzten langile guztien artean, baldin eta ahal baldin bada, lan motarengatik.

Aparteko orduak ordu arruntaren prezioarekin konpentsatuko dira, diruan konpentsatu behar direnean zein atsedenaldian konpentsatu behar direnean.

Ordua ordaintzeko, kontuan hartuko dira tauletan jasotzen den orduaren prezioa eta “ad personam” plusa, hitzarmenaren 28. artikuluaren arabera jasotzen duten langileentzat.

Goizeko 6ak baino lehen eta gaueko 10ak pasa ondoren egiten diren aparteko orduak egiteagatik, gaueko plusaren zati proportzionala jasoko da, dagokion bezala.

Aparteko orduak bulegoetan egiteko, beharrezkoa izanen da zuzendaritzan dagoen maila goragoko nagusiak berariaz baimentzea eta kasu guztietan atsedenaldiarekin konpentsatuko dira.

19. artikulua. Luzapenak.

Beste langile batzuen lana abiarazi edo ixteko eginkizuna duten langileek beren lanaldia luzatzen ahalko dute horretarako behar-beharrezkoa den denbora bakarrik.

20. artikulua. Oporrak.

Oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honi lotutako lanbide talde guztientzat. Urte bakoitzeko urtarrilean, Agrozumosko zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak oporren egutegia prestatuko dute.

Oporrak hartzeko, langileak egun erdiak aukeratu ahalko ditu, eta Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak beste erdiak hautatuko ditu.

Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute oporraldietan produkzio premiak behar bezala beteta gera daitezen.

21. artikulua. Seigarren laneguna.

Produkzioan balizko problemak konpontzeko asmoz, ezartzen da larunbatetan lan egiteko aukera, seigarren lanegun gisa.

Seigarren lanegunean, zerbitzuak egiteko araubidea honelakoa izanen da:

1. Nahitaezkotasuna.

Seigarren laneguna nahitaez egin beharko dute, kasu guztietan, astean goizeko txandan aritu diren langileek.

Nahitaezkoa izanen da, halaber, gehienez ere urtean bi larunbatetan joatea astean arratsaldeko txandan aritu diren langileentzat. Hirugarren arratsaldeko larunbatetik aurrera, seigarren laneguna arratsaldeko txandan egitea borondatezkoa izanen da langileentzat.

Astean gaueko txandan aritu diren langileentzat, seigarren laneguna egitea borondatezkoa izanen da kasu guztietan.

2. Aurreabisua.

Enpresak aste bat lehenago aurreabisua eginen du, matxuren kasuetan izan ezik; halakoetan, ahalik eta lasterren abisatuko du.

3. Ordezkapenak.

Langileek adostu dezakete beste lankide batek ordezkatzea, enpresari aurretik gaztigatuta.

4. Ordainsaria.

Honako hau izanen da seigarren laneguneko ordainsarien araubidea:

–Goizeko txanda:

1. lanbide taldeko 0 gradua: 120 euro gordin.

1. lanbide taldeko A, B eta C graduak: 130 euro gordin.

2. lanbide taldea: 140 euro gordin.

3. lanbide taldea: 150 euro gordin.

4. lanbide taldea: 160 euro gordin.

–Arratsaldeko txanda:

1. lanbide taldeko 0 gradua: 125 euro gordin.

1. lanbide taldeko A, B eta C graduak: 135 euro gordin.

2. lanbide taldea: 145 euro gordin.

3. lanbide taldea: 155 euro gordin.

4. lanbide taldea: 165 euro gordin.

–Gaueko txanda:

Gaueko txandako ordainsaria arratsaldeko txandakoa gehi gaueko plusa izanen da.

Zenbateko horiek, seigarren laneguna ostiral gaueko txandan egiten dutenek jasoko dituzte.

Ezarritako zenbatekoak ez dira aldatuko hitzarmen honen indarraldia bukatu bitartean. Txanda hori luzatu edo laburtuz gero, zati proportzionala erantsi edo kenduko da.

5. Beste erregulazio batzuk.

Enpresak ahaleginak eginen ditu, inguruabar bereziak gertatu ezean, lanaldia zortzi ordukoa izateko.

22. artikulua. Astelehenetik igandera bitarteko astea.

1. Produkzio beharrak eta/edo produkzioaren inbertsio berriak betetzeko, enpresak asteko lanaldi arrunta luza dezake, astelehenetik igandera arte, betiere asteko atsedenaldi beharrezkoak errespetatuz.

2. Txanden araubideak kontratazio berrien gainean izanen du eragina, aldi baterakoak edo mugarik gabekoak izan, baita aurreko hitzarmen kolektiboen 22. artikuluan xedatuarekin bat, araubide horretan lan egiteko kontratatu diren langileen gainean ere.

3. Enpresak aste bat lehenago aurreabisua eginen du araubide hori ezarri baino lehen.

23. artikulua. Laugarren txanda.

Enpresak, produkzioaren eta/edo antolaketaren beharrak kontuan izanik, jarduera etengabearen araubidea ezar dezake asteko 7 egunetan, halako gisan non egun horietan guztietan 24 orduz lan eginen baita.

Honelakoa izanen da araubide hori:

1. Zuzendaritzak enpresa batzordeari eginen dio aurreabisua, gutxienez bi aste lehenago, 4 txandako araubidea erabiltzen den bakoitzean.

2. Enpresak eta langileen ordezkariek, adostasunez, zehaztuko dute zein den erabili beharreko sistema. Bestelakorik hitzartzen ez den bitartean, 6+2 sistema aplikatuko da (6 lanegun + 2 atseden egun).

3. Sistema hori erabiltzearen ondorioz, ukitutako langileek sor daitekeen ordu gehiagoko lanaldia beste une batean hartu beharko dute.

Langileari dagokio zehaztea noiz hartuko dituen lau txandako araubideak ekartzen duen ordu gehiagoko lanaldiaren egunak.

Nolanahi ere, zehazte horrek eragina izateko, bermatu behar da produkzio prozesua normala izatea eta martxa onean joatea.

Egun bat hartzeko eskaerek gainditzen badute aurreko paragrafoko muga, eskaera lehenago aurkeztu duen langileak izanen du lehentasunezko eskubidea.

4. Enpresak erabakitzen badu laugarren txandako araubidea erabiltzea, hilabeteko epeka, gutxienez, egin beharko du.

5. Lanean larunbat, igande edo jaiegun batean aritzen den bakoitzean, langileek 78,3 euroko ordainsari gordina jasoko dute; halatan, hilabete batean 6 aldiz aritzen badira lanean larunbat, igande eta jaiegunetan, 470 euro gordin jasoko dute.

Zerbitzuak laugarren txandako araubidean egiten badira, larunbat, igande eta jaiegunen kopuruak, hilabete bateko gehieneko muga gainditzen ez badu, 78,3 euro gordinekin biderkatuz kalkulatuko da ordainsariaren zenbatekoa.

6. Larunbat, igande eta jaiegunetako ordainsari horiek laugarren txandako araubidean aritzen diren langileei aplikatuko zaizkie soilik.

24. artikulua. Orduen poltsa.

Orduen poltsa bat ezartzen da, urtean 50 ordukoa goitik eta 80 ordukoa behetik izanen dena langile bakoitzeko, une jakin batean lan gehiegi edo gutxiegi dela-eta, lehengaiak galkorrak izategatik eta garraioen erritmo arruntari lotua egoteagatik produkzioaren premiak direla-eta, edo antzeko inguruabarrak direla-eta produkzio programak betetzean egon daitezken desbideratzeak edo gorabeherak apaltzeko.

Poltsa urtetik urtera kalkulatuko da, baina unean uneko saldo biziak ezin ditu gehieneko muga horiek gainditu.

Edonola ere, poltsa erabiliko da legeak ezarritako gutxieneko atsedenaldiak (egunekoak eta astekoak) errespetatuz.

VII. KAPITULUA

Lizentziak, baimenak eta eszedentziak

25. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langileak baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, baldin eta aldez aurretik abisatu eta dokumentuz justifikatzen badu. Hona hemen horretarako arrazoiak eta denbora:

A) 15 egun natural, langilea ezkontzeagatik.

B) 3 egun natural, bigarren gradu arteko odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasun arteko ahaideen eritasun larriak izateagatik (ospitaleratzea ekartzen dutenean) edo hiltzeagatik. Lizentzia hori, ospitaleratzearen kasuan, modu diferituan har daiteke, egoera horrek irauten duen bitartean; hartara, hiru egun horietatik, bi lanegunak izanen dira gertaera eragilearen egunaren arabera lanegun bakarra dagokionean.

C) 4 egun natural, aurreko edo ondorengo ahaideen heriotzaren kasuetan.

D) 5 egun natural, ezkontidearen heriotzaren kasuan.

E) 3 egun natural andrea erditzeagatik.

F) Egun natural bat, ohiko bizilekua aldatzeagatik.

G) Publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora, boto ematekoa barne.

H) Gehienez ere 24 ordu urtean familia medikuarengana joateko, langilearen lan ordutegian denean, gehienez ere bi orduz egun bakoitzean. Gizarte Segurantzako mediku espezialistarengana joateko, behar adina denbora ematen da.

Artikulu honetako B), C) eta D) letretan jasotako kasuetan, langileak horretarako 400 kilometro baino gehiagoko bidaia egin behar badu, egun natural bat gehiago hartzen ahalko du.

D) eta E) letretako kasuetan ezkontideaz esandakoek izatezko bikotekidearentzat balio dute, aurkezten badute udalerrian urte batean elkarrekin bizi direla dioen Udalaren ziurtagiria.

San Migel eguna: San Migel egunean, Nafarroan elikagaien jardueraren zaindaria baita, Agrozumos S.A.ren hitzarmen kolektiboaren eraginpeko langileek jaieguna izanen dute. Eskersari hori 2003ko urtarriletik dago sartuta tauletan, eta, horrenbestez, ez da bidezkoa hura banakako kontzeptu gisa jasotzea.

26. artikulua. Laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea.

Enpresako zuzendaritzak hitzez hitz hartzen du bere gain indarreko araudiak langileen laneko eta familiako eginkizunak batera eramateari buruz agintzen duen guztia.

27. artikulua. Eszedentziak.

Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke.

A. Nahitaezkoa izanen da kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izanagatik, lanera joatea galarazten duenean. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barrenean eskatu beharko da.

B. Agrozumos S.A.n gutxienez urtebete baino gehiago eman duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bosterako gehienez, ondoko baldintzak izanik:

a) Idatzizko eskaera.

b) Konpromiso formala adieraztea, eszedentzia bitartean, enpresaren jarduera berean ez aritzeko, ez bere kontura ez beste inoren kontura. Baldintza hori bete ezean, lan harremana eteten ahalko da eta eskuratutako eskubidea galdu.

Eszedentzia eskaerak aurkeztu eta hurrengo hamabost eguneko epean ebatziko dira, zerbitzu beharren arabera.

Eszedentzia bat hartuz gero, amaitzen denetik lau urte igaro behar dira eskubide honetaz berriro baliatu ahal izateko.

C. Bestetik, probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia Agrozumos S.A.n, beren karguak irauten duen denborarako.

D. Eszedentzian dagoen langileak Agrozumos S.A.n hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasunezko eskubidea baino ez du. Horretarako, eszedentzia bukatu aurreko hogeita hamar egun naturaletik hirurogeira bitarteko epean itzultzea eskatu beharko du. Bestela, interesdunak lan harremanari uko egiten diola ulertuko da.

VIII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

28. artikulua. Ordainsariak.

A) Soldata taula.

III. eranskinean jasotako soldata taula indarduna bere horretan geldituko da zenbatekoei dagokienez hitzarmenaren indarraldi guztian.

B) “Ad personam” osagarria.

2013ko urriaren 1etik aurrera, egun horretan enpresan jarduten duten langile guztientzat “ad personam” osagarri bat ezartzen da, konpentsatu edo xurgatu ezin dena. Urteko hamabi hileko soldatetan ordainduko da, 2013ko irailaren 30ean norberak dituen taldearen eta lanbide graduaren arabera.

Hitzarmen hau sinatzen den egunetik aurrera, 2013ko urriaren 1ean kontratua indarrean duten langile bakoitzari emanen zaio, hura sina dezan eta lan kontratuaren eranskintzat harturik, osagarri hori aitortzeko agiri bat, baita haren izaera, zenbatekoa eta Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza prozesuetan ezarritako gainerako baldintzak aitortzeko ere.

C) Asistentziagatiko osagarria.

Taulako zenbatekoez gain, ordainsari bat ezartzen da hitzarmenak indarra duen bitartean. Zenbatekoa urteko %1,23 izanen da. Soldata taulen balioen gainean aplikatuko da, gehi “ad personam” osagarriaren gainean, artikulu honen arabera hura jasotzen duten langileentzat.

Ordainsari horrekin soldata osagarri bat eratzen da, lanera joaten dela saritzeko. Aurreko urtean gutxienez lanaldi arruntaren %95eko asistentzia duten langileek baino ez dute jasoko.

Konputuaren ondorioetarako, benetan lan egindako ordutzat hartuko dira lizentzia ordainduaren ondoriozkoak, estatutukoak edo hitzarmenekoak izan, ordu sindikalak, amatasun/aitatasun bajak eta haurdunaldiko arriskuagatik lan kontratuan egiten den etenaldia, baldin eta, azken kasu horretan, ez badio enpresari inolako kosturik ekartzen.

Zenbatekoa ez da tauletan finkatuko. Ordainsari hori urtero kalkulatuko zaio langile bakoitzari, eta kontuan izanen da aurreko 12 hilabeteetan izandako asistentziaren indizea.

29. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Hitzarmen kolektibo honen 16. artikuluan xedatuaren arabera lanaldia gaueko ordutegian egiten duten langileek gaueko lanaren plusa jasoko dute. 2,49 euro gordinekoa izanen da orduko, hitzarmen honek irauten duen bitartean.

Plus horretatik kanpo daude gaueko lanak egiteko berariaz kontratatu diren langileak, edo hala eskatu dutenak.

30. artikulua. Dietak.

Hitzarmen honen eraginpeko edozein langilek, bere ibilgailuarekin joan-etorriren bat egin behar badu Agrozumos S.A.ren aginduz, 0,24 euro jasoko ditu egindako kilometro bakoitzeko.

Bazkaria: 12 euro.

Afaria: 2 euro.

Ostatua eta gosaria: 35 euro.

Dieta osoa: 59 euro.

Zenbateko horiek bere horretan utziko dira hitzarmenaren indarraldi guztian; ez dira horrenbestez eguneratuko edo aldatuko, ez goitik ez behetik.

31. artikulua. Aparteko eskersariak.

Agrozumos S.A.k ondokoak ordainduko ditu:

Uztaileko aparteko paga, hileko soldata baten parekoa (III. eranskineko taulako soldata). Uztailaren 5a baino lehen ordainduko da.

Eguberrietako aparteko paga, hileko soldata baten parekoa (III. eranskineko taulako soldata). Abenduaren 22a baino lehen ordainduko da.

Uztaileko aparteko paga urte natural bakoitzeko lehendabiziko seihilekoan lan egindako denboraren arabera sorrarazi eta likidatuko da.

Eguberrietako aparteko paga urte natural bakoitzeko bigarren seihilekoan lan egindako denboraren arabera sorrarazi eta likidatuko da.

32. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasuna.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromisoa hartzen dute atal honetan sor daitezkeen gehiegikeriak salatzeko eta baliabide egokiak ezartzeko gehiegizko absentismoaren kausak eta egoerak eragozteko.

Gaixotasun arrunta eta lanetik kanpoko istripua.

Aldi baterako ezintasuna gaixotasun arrunt baten edo lanetik kanpoko istripu baten ondoriozkoa bada, kalte-ordain osagarria ordainduko da, langilearen hilabeteko soldataren ondoko portzentajeen arabera.

1. egunetik 3.era bitarte:

%0

4. egunetik 15.era bitarte:

%15

16. egunetik 20.era bitarte:

%15

21. egunetik aurrera:

%0

Gehieneko epea, guztira:

18 hilabete

16. egunetik aurrera, eta azken 5 urteotako norberaren absentismoaren indizea %2tik beherakoa bada, beste %10rekin osatuko da.

Langileek orientazio moduan izan dezaten, ondotik zehazten dira aldi baterako ezintasunaren subsidioaren zenbatekoak, hitzarmena sinatzen den egunean indarra duen araudian finkatuak, eta egun horretan hitzarmen honetan zehaztutako osagarriaren eta subsidioaren batuketak zer egiten duen.

ALDIA

OSAGARRIA

SUBSIDIOA

BATURA

1. egunetik 3.era bitarte:

%0

%0

%0

4. egunetik 15.era bitarte:

%15

%60

%75

16. egunetik 20.era bitarte:

%15 (edo %25*)

%60

%75 (edo %85*)

21. egunetik aurrera:

%0 (edo %10*)

%75

%75 (edo %85*)

(*) Azken 5 urteetan banakako absentismoaren indizea %2tik beherakoa duten langileentzat.

Gaixotasun profesionala eta laneko istripua.

Agrozumos S.A.k kalte-ordain osagarri bat ordainduko die laneko istripuarengatik bajan dauden langileei, haien hileko soldataren %100 bete arte (gehienez ere 18 hilabetez). Horri gaueko lanaren kontzeptuan izandako ordainketak erantsiko zaizkie, aurreko 12 hilabeteetako batez bestekoa eginda.

Aldi baterako ezintasunetan, bajan dagoenak ez du sekula jasoko normalean kobratzen duena baino gehiago.

33. artikulua. Aseguru poliza.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldian, Agrozumos S.A.k konpromisoa hartzen du bere hautazko aseguru konpainia bati ordaintzeko poliza bati dagokion prima, ondoko kapitalak oinarri izanik, hitzarmenaren indarraldi osoan aldatuko edo berrikusiko ez direnak:

Lan istripuaren ondoriozko heriotza

30.000 euro

Laneko istripuaren ondoriozko baliaezintasun osoa eta erabatekoa

58.000 euro

Horren onuradunak izanen dira istripuaren egunean Agrozumos S.A.n altan dauden langile guztiak.

IX. KAPITULUA

Segurtasuna eta higienea

34. artikulua. Arau orokorra.

Hitzarmen kolektibo honetan, gai honen garapenak hiru oinarri nagusi izan behar ditu.

A) Agrozumos S.A. enpresako langileen osasunaren eta segurtasunaren babes egokia bermatuko duen prebentzio politika diseinatzea, atal bakoitzaren egoeratik abiatuta.

B) Langileek beren ordezkarien bidez arriskuen prebentzioan eta ezabaketan eraginkortasunez parte hartuko dutela bermatzea.

C) Agrozumos S.A.n araudia hobeki aplikatuko dela ziurtatzea.

35. artikulua. Laneko Segurtasuna.

Agrozumos S.A.k eta langileek zehatz bete beharko dituzte laneko segurtasun eta higienearen arloan indarra duten xedapen guztiak.

36. artikulua. Lokaletako higienea.

Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi eta higiene onarekin edukitzeko baliabideak izan; langileek Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak bete behar dituzte.

37. artikulua. Osasun azterketa.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean behin gutxienez osasun azterketa orokorra, egokia eta behar adinakoa egiteko eskubidea dute. Langileei egin beharreko proba medikoak lanaldiaren barnean eginen dira. Osasun azterketa horrek, gutxienez, honako proba hauek izanen ditu: odolaren eta gernuaren analisia, audiometria; halaber, ordenagailuko pantailekin eta eskorgekin aritzen diren langileei kasuan kasuko ikusmen azterketa eginen zaie.

Azterketa borondatezkoa izanen da; nolanahi ere, eskubide hori baliatzen ez badu, hori jasotzen duen idatzizko aitorpen bat sinatuko du langileak.

38. artikulua. Higiene zerbitzuak.

Lantokian edateko ura hartzeko behar beste toki izanen da, bai eta aldagelak, garbigelak, dutxak eta komunak ere, Segurtasunari eta Higieneari buruzko Ordenantza Orokorraren 38. artikulutik 42.era bitarte ezarritakoaren arabera.

39. artikulua. Laneko arropa.

Agrozumos S.A.k produkzio langile guztiei ondoko laneko arropa emanen die, lanean ari direla erabil dezaten soilik:

–Produkzioko langileak: mahuka luzeko bi ator, mahuka motzeko bi polo, bi praka, 2 bota pare, txano 1, hotzaren kontrako txaleko 1, jantzi polar 1, lepogaineko 1, behar adina eskularru.

–Laborategiko langileak: 2 kamisola, mahuka motzeko 2 polo, 2 praka, 2 mantal, 2 bota edo zapata pare, txano 1, hotzaren kontrako txaleko 1, jantzi polar 1.

–Biltegiko langileak eta jasomakinako gidariak: produkzioko langileen materialaz gain, hotzaren kontrako beroki bat ere emanen zaie.

–Nahasketetako langileak: produkzioko langileen materialaz gain, kotoizko 2 kamiseta eta jantzi iragazgaitz 1.

–Mantentze lanetako langileak: produkzioko langileen materialaz gain, hotzaren kontrako beroki bat ere emanen zaie.

–Administrazioko langileak: mantal 1, hotzaren kontrako txaleko 1, txano 1, segurtasun zapaten pare 1.

–Jantziak norberak erabiltzeko izanen dira, eta hotzerako txalekoak eta berokiak higatuta edo hautsita daudela egiaztatzen denean berrituko dira. Jantzi berriak ematean hartuko dira erabilitakoak.

Lanerako arropa horien kontserbazioa eta garbiketa langileen kontura izanen dira.

40. artikulua. Botika gela.

Agrozumos S.A. aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.

41. artikulua. Langileen higienea.

Jangaiak prestatzen eta maneiatzen zuzenean esku hartzen duten langileek zorrotz beteko dituzte higiene eta osasun neurri guztiak.

Agrozumos S.A.k beharrezkoak diren baliabide guztiak emanen dizkie, behar duten langileei, jangaiak erabiltzeko txartela lor dezaten.

Era berean, Agrozumos S.A.k arauak ezarriko ditu jangaiak zuzenean ukitu ez arren fabrikazio lanak egiten diren lokaletan sartu behar duten langileentzat.

Halaber, kontuan izanen da langileen higiene neurriei dagokienez indarra duen araudian ezarritakoa bete behar dela.

X . KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

42. artikulua. Hutsegiteak.

Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenetan, hitzarmen honetan eta Agrozumos S.A.ko zuzendaritzak ezarritako betebeharrak urratzea edo ez ezagutzea dakarten ekintzak edo ez-egiteak.

Garrantziaren arabera, hutsegiteak honela sailkatu dira: arinak, larriak eta oso larriak. Hurrengo artikuluetan jasotzen den zerrenda ez da zehatz-zehatza, eta orientazio moduan egiten da.

43. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.

Honako hauek izanen dira hutsegite arinak:

1.–Hilabete baten barnean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2.–Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.

4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.

5.–Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

6.–Noizean behin horditurik egotea edo sorgorkariak erabiltzea.

7.–Errespetu falta nagusiei edo lankideei, hura larritzat edo oso larritzat hartzen ez denean.

8.–Nagusiei men ez egitea, hura larritzat edo oso larritzat hartzen ez denean.

9.–Agrozumos S.A.k prestatu edo banatutako produktuen lapurreta edo kontsumo txikiak egitea.

44. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.

Hona hemen hutsegite larriak:

1.–Lautik zortzira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, 30 egun naturaleko epean.

2.–Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, bidezko arrazoirik izan gabe.

3.–Lan orduetan bestelako jarduerak egitea, harekin ikustekorik ez dutenak.

4.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.

5.–Zuhurtziarik eza, istripua izateko arriskua ekartzen badie langileari edo haren lankideei edo arriskutsua bada instalazioetarako edo salgaietarako. Gertaera berak hutsegite oso larritzat har daitezke sortutako arriskua munta handikoa bada.

6.–Lan orduetan norberaren lanak egitea, bai eta Agrozumos S.A.ren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.

7.–Langileak ikusitako egintzak edo hutsegiteak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.

8.–Norberaren akatsak nahita ezkutatzea, Agrozumos S.A.ri kalteak sortzen ahal dizkioten arren.

9.–Errespetu falta nagusiei edo lankideei, hura arintzat edo oso larritzat hartzen ez denean.

10.–Nagusiei men ez egitea, hura arintzat edo oso larritzat hartzen ez denean.

11.–Arau-hauste arinen errepika.

12.–Nahitaezko osasun azterketak ez egitea.

13.–Agrozumos S.A.k prestatutako edo banatutako produktuak edo haren jabetzakoak lapurtu edo kontsumitzea.

45. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1.–Lanera maiz berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.

a) Lanera zortzi alditan baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, hogeita hamar egun naturaleko epean, eta lanera hamasei aldiz berandu iristea arrazoirik gabe, 180 egun naturaleko epean.

b) Lanera ez joateagatiko hutsegitea: lanera hiru egunez ez agertzea, arrazoirik eman gabe, hiru hilabeteko epean.

2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta Agrozumos S.A.ri, lankideei edo beste edozeini lantoki barnean nahiz lanean beste edozein lekutan aritzean ebastea edo lapurtzea.

3.–Agrozumos S.A.ren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.

4.–Agrozumos S.A.ren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

5.–Agrozumos S.A.koa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

6.–Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.

7.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

8.–Lankideekin liskarrak maiz sortzea, arrazoirik gabe.

9.–Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.

11.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

12.–Arau-hauste larrien errepika.

13.–Agrozumosek prestatutako edo banatutako produktuak edo haren jabetzakoak lapurtzea, kantitate handiak direnean.

46. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:

1.–Hutsegite arinengatik:

–Hitzezko kargu-hartzea.

–Kargu-hartze idatzia.

–Enplegu-soldaten etenaldia, egun batetik hamarrera bitarte.

2.–Hutsegite larriengatik:

–Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

–Hamaika egunetik hogeita hamarrera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea hiru urterako gehienez.

3.–Hutsegite oso larriengatik:

–Lan eta soldatarik gabe uztea, hilabetetik sei hilabete bitarte.

–Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea bost urterako gehienez.

–Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

–Kaleratzea.

47. artikulua. Zehapenak betearaztea.

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik izanen dira betearaztekoak, baina Agrozumos S.A.k badauka horien betearazpena diferitzea hiru hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

Langileak zehapena aurkaratuz gero, irmo bilakatu eta hilabete bat atzeratzen ahalko du betearazpena.

48. artikulua. Preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan, eta oso larriak hirurogeiren buruan, Agrozumos S.A. hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

49. artikulua. Prozedura.

1.–Agrozumos S.A.ko zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena.

2.–Agrozumos S.A.k langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko dizkie hutsegite larrien eta oso larrien ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.

3.–Hutsegiteak arinak direnean ez da espedientea instruitu beharko. Hutsegite larrien edo oso larrien ondorioz ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen hutsegitea eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.

Gertaerak argitzearren, Agrozumos S.A.k erabakitzen badu zehapenak ezartzeko espedientea irekitzea, interesdunak eskubidea izanen du deskargu-orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.

4. Hutsegite larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, aginduzkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:

a) Agrozumos S.A.k espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu-orriaren berri emanen dio..

b) Agrozumos S.A.k idazkari bat eta insktruktore bat izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.

c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, alegazioak egin eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak aurkez ditzan bost eguneko epean.

d) Espediente irekitzea bukaturik, Agrozumos S.A.k ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.

50. artikulua. Enpresaburuen arau-hausteak.

5/2000 Legean eta indarra duten gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

XI. KAPITULUA

Langileen ordezkariak

51. artikulua. Eskubide sindikalak.

Agrozumos S.A.k errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela lanorduetatik kanpo eta Agrozumos S.A.ren ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela; era berean, ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik beste modu batez kalte egin langileari. Sindikatuek informazioa bidaliko dute Agrozumos S.A.ra, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eten gabe. Lantokian iragarki ohol bat izanen da, behar bezala ezarritako sindikatuek mezuak jar ditzaten; dena dela, horien kopia Agrozumos S.A.ko zuzendaritzari edo zentroko titularrari igorri behar diote lehenik.

52. artikulua. Sindikatuak.

Agrozumos S.A.n titulartasun pertsonalaren bidez ordezkatua izateko eskubidea dutela alegatzen duten sindikatuek behar bezala egiaztatu beharko dute enpresaren aurrean; horren ondoren, enpresak onartuko du ordezkari sindikalak sindikatua ordezkatzeko ahalmena duela, legezko ondorioetarako.

Ordezkari sindikal batek izanen du sindikatua ordezkatzeko ahalmena, plantillan 200 langile baino gehiago daudenean eta sindikatuek 35 langile baino gehiago badituzte afiliatuta.

Sindikatuko ordezkariak jarduneko langilea izan behar du dagokion Agrozumos S.A.n, eta ordezkatzen duen zentral edo sindikatuko estatutuen arabera izendatua.

Sindikatuko ordezkariaren eginkizunak izanen dira indarreko araudi orokorrean, batik bat Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan, esleitzen zaizkionak.

53. artikulua. Langileen ordezkarien eskumenak.

Agrozumos S.A.ko langileen ordezkariek eskumen hauek izanen dituzte:

–Hiru hilean behin bederen ondokoen gainean emanen zaien informazioa jasotzea: Agrozumos S.A.ren sektore ekonomikoaren eboluzio orokorra, entitatearen produkzioaren eta salmenten egoera, Agrozumos S.A.ren produkzio programa eta enpleguak izan dezakeen eboluzioa, eta enpresaburuek kontratu berriak egiteko dituzten aurreikuspenak, zenbat eta zein mota eta modalitatetakoak izanen diren zehaztuz eta, berdin, azpikontratazio asmoei dagokienez, lanaldi partzialeko kontratuak barne, baita zein ordu osagarri egin dituzten lanaldi partzialean kontratatutako langileek eta azpikontrataziorik egon den ere.

–Langileen Estatutuaren 8. artikuluaren 3. idatz-zatiaren a) paragrafoan aipatzen diren kontratuen oinarrizko kopia jasotzea, eta horien luzapen eta amaierak jakitea, hori gertatu eta hamar eguneko epean.

–Balantzea, emaitzen kontua, memoria eta bazkideei ematen zaizkien gainerako agiriak ezagutzea, horien baldintza berberetan.

–Txostena egitea, Agrozumos S.A.k ondoko arlo hauetan hartzen dituen erabakiak gauzatu aurretik:

a) Plantillaren berregituratzeak eta hartan izaten diren uzte erabatekoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak.

b) Lanaldi murrizketak, eta instalazioen lekualdaketa erabatekoak edo partzialak.

c) Agrozumos S.A.ren lanbide heziketako planak.

d) Lanaren antolaketako eta kontroleko sistemak ezarri edo berrikustea.

e) Denborak aztertzea, prima edo pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa egitea.

–Txostena egitea, Agrozumos S.A.ren “status” juridikoaren bat-egiteak, xurgapenak edo aldaketak enplegu kopuruan eragina baldin badu.

–Erabiltzen diren lan kontratu idatziko ereduak ezagutzea, bai eta lan harremana zehaztearen inguruko agirienak ere.

–Hutsegite oso larriengatik jartzen diren zehapen guztien berri izatea.

–Hiru hilean behin bederen ondokoei buruzko estatistikak jasotzea: absentismo indizea eta horren arrazoiak, lan istripuak eta lanbideari lotutako eritasunak eta horien ondorioak, ezbehar-tasak, laneko ingurumen arloko aldian aldiko azterketak edo azterketa bereziak, eta erabiltzen diren prebentzio baliabideak.

–Honako lana egitea:

a) Lan, Gizarte Segurantza eta enplegu arloetan indarra duten arauak eta enpresako gainerako itun, baldintza eta ohiturak betetzen diren begiratzea, eta enpresaburuaren eta erakunde edo epaitegi eskudunen aurrean bidezkoak diren legezko ekintzak gauzatzea, hala behar denean.

b) Lanean segurtasun eta higiene baldintzak betetzen diren begiratzea eta kontrolatzea, Langileen Estatutuko 19. artikuluan horren inguruan ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.

C) Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, produktibitatea mantentzen eta handitzen laguntzeko neurriak bete ahal izateko.

Hemen aitortutako eskumenen ondorioz langileen ordezkariek egin beharreko txostenak hamabost eguneko epean prestatu behar dira.

54. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.

Aldeetako baten batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.

55. artikulua. Arau erreferentzia.

Aurreko artikuluetan berariaz bildu ez den orotan, ekintza sindikalaren arloko aldeek Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute.

XII. KAPITULUA

Prestakuntza

56. artikulua. Prestakuntza jarraitua.

AGROZUMO S.A.ko zuzendaritzak langileen ordezkarien aurrean konpromisoa hartzen du plantillako langileen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Bi aldeek Agrozumos S.A.ko langileen etengabeko eguneratzea sustatu nahi dute, lehen mailako garrantzi estrategikoa duelako horrek enpresetan, teknologiaren eta antolamenduaren aldaketa handien garai hauetan.

XII. KAPITULUA

Erretiro partziala

57. artikulua. Erretiro partziala.

Horretarako legezko baldintzak betetzen dituzten langileek erretiro partziala har dezakete, betiere enpresaren eta erretiro partziala hartu nahi duen langilearen artean adostasunik badago.

Adostasuna erretiro partzialari, lanaldiaren portzentajeari eta haren banaketari dagokie.

I. ERANSKINA

Lan gatazken konponketa

Agrozumos S.A.ren hitzarmen hau sinatu duten alderdiek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan, eta aipatu auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara borondatez jartzeko ahaleginak eginen dituztelako konpromisoa agertzea.

Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, L.E.ko 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera borondatez lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

II. ERANSKINA

Batzorde paritarioa

Hitzarmeneko Batzorde Paritarioa eratzen da. Langileek ordezkatzen dituzten hiru pertsonak eta enpresa ordezkatzen duten hiru pertsonak osatuko dute.

1.–Batzorde Paritarioaren eginkizunak:

a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze lana egitea.

b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.

c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.

d) Langileen Estatutuak edo beste arau batzuek ezartzen dizkiotenak.

2.–Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

3.–Funtzionamenduko erregelamendua:

a) Bilerak: Batzorde Paritarioa bilduko da esku hartzeko eskatzen zaionean.

b) Deialdiak: Batzorde Paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.

Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko epean gehienez.

Epe horretan batzordea biltzen ez bada, batzorde paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesatuak bidezko iruditzen zaizkion ekintzak baliatu ahal izanen ditu.

Batzordea bildurik, erabakiak hartuko ditu gai-zerrendako gaien inguruan, eta bidezko akordioak hartuko. Egokitzat hartzen bada, bilkura bertan behera geldi edo eten daiteke eta hurrengo hiru egun naturaleko epean jarraituko du. Gehieneko epe horretan gai-zerrendako gai guztiak jorratu ez badira eta haien gainean erabakirik hartu ez bada, ulertuko da Batzorde Paritarioaren esku-hartzea agorturik dagoela, eta interesdunak bidezko jotzen dituen ekintzak balia ditzake.

c) Quoruma. Aholkulariak: Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren bi kide bertaratzen direnean.

Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.

d) Akordioen baliozkotasuna: Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren bi kideren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da eta bertaratzen diren kide guztiek sinatuko dute.

e) Helbidea: Batzorde paritarioak enpresaren lokaletan izanen du jakinarazpen eta deialdietarako helbidea, Lekunberriko industrialdean (Nafarroa).

III. ERANSKINA

Behin betiko soldaten taula

SOLDATA HILEKO

SOLDATA URTEKO (1)

1. TALDEA

0. gradua: Peoia

933,28

13.065,92

A gradua: Picking-eko peoia

965,46

13.516,44

B gradua: Peoi espezializatua

1.107,28

15.501,92

C gradua: Espezialista

1.169,58

16.374,12

2. TALDEA

A gradua: Fabrikazioko 3. mailako ofiziala.

Administrari laguntzailea / nahasketak / biltegia

Laborategia / mantentze-lanak

1.286,09

18.005,26

B gradua: Fabrikazioko 2. mailako ofiziala, / administraria / nahasketak

Biltegia / mantentze lanak

1.405,29

19.674,06

C gradua: Fabrikazioko 1. mailako ofiziala

1.440,52

20.167,28

3. TALDEA

A gradua: Lanbideko urgazlea

Laborategiko urgazlea

1. mailako administrari-ofiziala

1.524,50

21.343,00

B gradua: Ofizioko / laborategiko 2. mailako ofiziala

Administrazioko teknikaria

Prozesu berezien arduraduna

1.676,22

23.467,08

C gradua: Ofizioko 1. mailako ofiziala

1.722,27

24.111,78

4. TALDEA

A gradua: Arduraduna

1.855,03

25.970,42

B gradua: Lineako burua.

Txandako burua

Laborategiko burua

2.009,46

28.132,44

C gradua: Departamentuko burua

2.224,86

31.148,04

(1) Urteko soldata hilabetekoa bider 14 da.

IV. ERANSKINA

Bestelako gaiak

1.–Hitzarmena ez aplikatzea.

Hitzarmenak indarra duen bitartean (2015eko abenduaren 31ra arte), enpresak uko egiten dio hitzarmenean aurreikusten diren baldintzak, soldatakoak zein bestelakoak, ez aplikatzeko eskatzeari, non ez den aplikazio eza berariaz adosten langileen legezko ordezkariekin. Uko horrek ekartzen du ezin zaiola heldu, adostasunik lortzen ez bada, laudo lotesleari Hitzarmen Kolektiboetarako Aholku Batzorde Nazionalean edo, ondorio horietarako, gatazkak judizioz kanpo konpontzeko eskudun izan daitekeen erakundean.

2.–Hitzarmen berria negoziatzea.

Nafarroako lan gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko prozedurei buruzko lanbidearteko akordioaren 4. artikuluko 3.1.a) atalean aurreikusitakoarekin bat, alderdiek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza prozeduraren menpe jartzeko hitzarmen berria negoziatzean sorten diren desadostasunak, ez aurrera ez atzera gelditzea ekartzen badute. Bitartekotza prozedura adostasunik gabe bukatzen bada, alderdiek, hala ituntzen badute, badaukate desadostasunak epaitegi horren arbitrajearen menpe jartzea.

Iragarkiaren kodea: F1403964