1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
241/2014 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana. Honen bidez, desgaitasuna dutenei arreta ematen dieten egoitzetan, Nafarroako Gobernuarekin itundutakoetan, daudenek jaso beharreko gutxieneko arreta zerbitzu oinarrizkoak arautzen dira, apirilaren 22an, 27an eta 29an eginen diren lanaldi osoko geldialdietan, CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deitutako greba dela eta.
CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek, 2014ko martxoaren 13an igorritako jakinarazpenaren bidez, greba iragarri dute desgaitasuna dutenei arreta ematen dieten egoitzetan, Nafarroako Gobernuarekin ituna duten eta SAR Quavitae, Aspace Residencial eta ADACEN entitateek kudeatzen dituzten egoitzetan hain zuzen ere; greba hori 2014ko martxoaren 25ean eta 30ean, eta apirilaren 1ean eta 6an eginen da, 8:00etatik 10:00etara, 15:00etatik 17:00etara, eta 22:00etatik 0:00etara.
Horrekin batera, greba partziala deitu dute apirilaren 8rako, 13rako, 15erako eta 20rako, 15:00etatik 19:00etara eta 22:00etatik 2:00etara. Apirilaren 22an, 27an eta 29an egun osorako dago deituta greba, eta maiatzaren 1etik aurrera, azkenik, mugagabekoa izanen da.
Greba deialdi horrek egoitza hauei eragiten die:
–Erronkari ibarra zentroa (Iruña).
–Oncineda zentroa (Lizarra).
–La Atalaya zentroa (Tutera).
–Las Hayas zentroa (Sarriguren).
–Monjardín eguneko zentroa (Sarriguren).
–Ramón y Cajal zentroa (Zizur Txikia).
–Carmen Aldave zentroa (Iruña).
–Infanta Elena zentroa (Cordovilla).
–ADACEN zentroa (Mutiloa).
–Pisu babestu funtzionalak.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan greba egiteko onartzen den eskubidearekin batera, gizartearen funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, Konstituzioak berak dioen bezala. Konstituzioari buruzko jurisprudentziak behin eta berriz adierazi duenez, gutxieneko zerbitzu horiek ezartzerakoan proportzionaltasun eta arrazionaltasun printzipioak hartuko dira kontuan eta horretarako arrazoiak eman beharko dira.
Mendekotasun edo desgaitasunen bat dutenei arreta emateko zentro guztietako instalazioetan zainketa eta zaintza behar dutenak egoten dira, haien oinarrizko premiei erantzuteko laguntza pertsonala behar dutenak, eta horien faltak kalte larriak eragin ditzake haien osasunean; hori dela eta, gutxieneko zerbitzuak zehaztu beharra dago, erabiltzaileek bermatuta izan ditzaten arreta egokirako nahitaezkoak dituzten zerbitzuak, zainketan etenik sortu gabe.
Grebarako deialdia dela eta, egoitza horietako laguntza zerbitzua ezin da osorik eten. Izan ere, gizartearentzako funtsezko zerbitzua da, eta haren hartzaileak desgaitasunak eta mendekotasunak dituztenak direnez, gorabehera larriak gerta daitezkeela hartu behar da kontuan. Hori horrela, Konstituzio Auzitegiak dioenez, gizarteak ezinbesteko prestazioetarako duen eskubidea grebarako eskubidearen gainetik dago, eta funtsean agintari publikoek babestu behar dituzte gizartearen zati batek ezinbestean behar dituen zerbitzuak.
Beraz, Konstituzioak grebarako aitortzen duen eskubidea errespetatu eta herritar horiei ongizate pertsonala bermatzen dieten gutxieneko zerbitzuak ezarri behar dira, Espainiako Konstituzioaren 28. eta 49. artikuluek agintari publikoei ezartzen dizkieten eginbeharrak betez.
Funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 58.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da erabiltzaileentzako gutxieneko arretan sartuta daudela, batetik, oinarrizko beharrei erantzuteko jarduera guztiak, otorduak, adibidez, eta, bestetik, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari dagozkien guztiak, osotara edo alderdi batzuetan berez egiterik ez dutenak, izan daitezkeen aldaketei behar den garaian egokituz, eta ahalik eta bizimodu normalena izan dezatela sustatuz.
Arestikoa kontuan harturik, gutxieneko zerbitzuak egoitzetan daudenei gutxieneko arreta emateko behar diren funtsezkoak dira, hau da, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan aritzeko behar direnak: jantzi, garbitu, toki batetik bestera joan, jan eta mugitzea, bai eta erabiltzaileen segurtasun pertsonala babestu eta zaintzea bermatuko duten zerbitzuak ere.
Desgaitasuna dutenen eskubideei eta gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onetsi zuen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak 3. artikuluan ezartzen ditu printzipio hauek: a) Pertsonen duintasuna, banakako autonomia, hor sartzen delarik pertsonei dagozkien erabakiak hartzeko askatasuna ere, eta independentzia errespetatzea; b) Bizitza independentea; d) Desberdintasuna errespetatzea eta pertsona desgaituak onartzea, giza aniztasunaren eta gizaki izatearen alderdi gisa ikusita; e) Aukera berdintasuna; h) Irisgarritasun unibertsala; j) Gizartean erabat eta eraginkortasunez parte hartzea eta modu horretara jardunez gizarteratzea.
Lege testu horren 51. artikuluan aurreikusirik daude gizarte zerbitzu mota desberdinak, haietako bakoitzean ematen den arreta eta lortu nahi diren helburuak zehaztuta. Hortaz, etxebizitza zerbitzuak aipatzen ditu, egoitzako arreta zerbitzua izan, etxebizitza babestuak izan edo gizarteratzen laguntzeko bestelako ostatuak izan (5. idatz-zatia); eguneko eta gaueko zentroetako zerbitzuak (6. idatz-zatia), eta egoitzetako, eguneko eta gaueko zentroetako eta etxebizitza babestuetako zerbitzuak (7. idatz-zatia).
Azkenik, 63. artikuluak xedatzen duenez, desgaitasunen bat dutenek aukera-berdintasunerako duten eskubidea urratzen dela ulertuko da (4.1 artikuluan eman da haien gaineko definizioa), desgaitasuna dela-eta diskriminazioak eragiten direnean zeharka edo zuzenean, edo elkartzea dela-eta diskriminazioa eragiten denean, edo jazarpenak eragiten direnean, edo irisgarritasunaren baldintzak betetzen ez direnean eta arrazoizko doikuntzak egiteko betebeharra betetzen ez denean, edo legez ezarritako ekintza positiboko neurriak betetzen ez direnean.
Gutxieneko zerbitzuak finkatu edo ezartzeko, honakoa kontuan hartu beharko da:
1. Egoitza horien erabiltzaileen desgaitasun mailari dagokionez:
Zentro hauetako egoiliar guztiek desgaitasun fisiko edo adimeneko larria dute, eta gehienetan erabateko arreta behar izaten dute eguneroko bizimoduko oinarrizko beharrak betetzeko, bai eta haien segurtasun fisikoa babestu eta zaintzeko ere. Beraz, oinarrizko zereginak betetzeko duten ezintasun funtzionalean laguntza ematea ez ezik, adimeneko desgaitasunaren kasuan etengabeko eta erabateko zaintza ere behar dute.
2. Egoitza hauen ezaugarriak hauexek dira:
Zentro gehienak laguntza unitatetan egituratuta daude, eta unitate horiei berariaz atxikitako langileak dituzte.
3. Deitutako grebaren ezaugarriak, berriz, hauek dira:
Foru agindu honi dagokionez, zentro horietan lanaldi osoko geldialdiak egiteko deialdia egin da, 2014ko apirilaren 22, 27 eta 29 egunetarako.
Horrek berarekin dakar gutxieneko zerbitzu batzuk finkatu beharra langile kopuru handienaren arabera aukeratutako ordutegian funtsezkotzat jotzen diren eginkizunak betetzeko.
a) Goizeko txandetako eginkizunak:
–Erizaintzako laguntzaren partea zaintzaileei.
–Eguneroko bizitzako jarduerak:
- Garbiketa lanak ohean, dutxako aulkian edo bainu terapeutikoa, jarraibidearen eta hidratazioaren arabera.
- Bizarra egitea.
- Janztea eta zainketa pertsonaleko zereginak.
–Arropa zikinaren zakuak arropen garbitokira eramatea.
–Gosariak.
–Eguneko arreta jasotzen duten erabiltzaileei harrera egitea.
–Lantegietara eta/edo jardueretara eramatea, eta/edo unitate edo eremu amankomunetan gainbegiratzea.
–Bazkaria prestatzea.
–Otorduak.
–Bazkariaren ondoko garbiketa eta atsedena.
–Ordu tarte horretan guztian:
- Interfonoaz (txirrinak) egiten diren eskaerei erantzutea.
- Erizainekin koordinatzea sendaketa lanak egiteko eta enemak eta zundak jartzen laguntzeko.
b) Arratsaldeko txandetako eginkizunak.
–Erizaintzako laguntzaren partea zaintzaileari (baldin badago).
–Hidratazioa ahotik emateko jarraibideak.
–Siestako atsedena ohean aginduz egin behar dutenak altxatzea.
–Askarietarako eta afarietarako beharrezkoa dena prestatzea.
–Norberaren higienea.
- Inkontinentziaren kontrola:
- Xurgatzaileak aldatzea.
- Laxanteen pautak (enemak).
–Eremu amankomunetara edo lantegietara eramatea.
–Afariak.
–Lotarako prestatzea.
–Ordu tarte horretan guztian:
- Interfonoaz (txirrinak) egiten diren eskaerei erantzutea.
c) Gaueko txandetako eginkizunak:
–Erizaintzako laguntzaren partea zaintzaileari (baldin badago).
–Garbiketarako gurditxoa prestatzea (inkontinentziarako materiala, oheko arropa, xaboiak, belakiak, kremak, eskularruak, etab.), gaueko erronda egiteko.
–Likidoak eta afalondokoak banatzeko gurditxoa prestatzea.
–Egoiliarrak bertan diren kontrolatzea.
–Zentroko azterketa, ateak, alarmak piztea.
–Gaueko erronda hastea:
- Inkontinentziaren kontrola: pixoihalak aldatzea, pixontziak, kolektoreak, zunda besikalak.
- Hidrataziorako jarraibideak eta afalondokoak.
- Jarraibideen araberako jarrera aldaketak eta oheko kokapena gainbegiratzea.
–Ordu tarte horretan guztian:
- Interfonoaz (txirrinak) egiten diren eskaerei erantzutea.
Horrenbestez, kontuan hartuta Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan xedatutakoa, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. lerroaldea eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 58.b) artikulua, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
Lehena.–CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek grebarako deia egin dute, 2014ko apirilaren 22rako, 27rako eta 29rako, lanaldi osorako, desgaitasuna dutenei arreta ematen dieten egoitzetan, Nafarroako Gobernuarekin ituna duten eta SAR Quavitae, Aspace Residencial eta ADACEN entitateek kudeatzen dituztenetan –lehen zehaztu dira–, hain zuzen ere; greba hori ondotik ezartzen diren gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek betez eginen da:
a) Oro har, desgaitasuna dutenei zerbitzuak ematen zaizkien zentroetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrak betetzen direla ziurtatuko da, alderdi hauetan: norberaren zainketa, komunikazioa, toki batetik bestera joatea, kontrola eta babesa; ez dira sartuko programekin eta aisiarekin lotutako jarduerak, ez eta osasun zerbitzuekin lotutakoak ere erizaintza eta medikuntzako 24 orduko zerbitzurik ez dagoen zentroetan; horrelakoetan larrialdietako zerbitzutik eman ahal izanen da arreta. Era berean, oro har, eguneroko bizitzako behar oinarrizkoetarako arreta horretatik kanpo egonen dira. Era berean, oro har, garbiketari, arropen garbitokiari eta sukaldeari dagozkion zerbitzuak eguneroko bizitzako behar oinarrizkoetarako arreta horretatik kanpo egonen dira gaueko txandan.
Goizeko eta arratsaldeko txandetan, egoitzako arretarako gutxieneko zerbitzu gisa, arropen garbitoki, garbiketa eta sukalde zerbitzuetako plantillaren %50 ezartzen da.
Egoitzako eguneko arretarako gutxieneko zerbitzu gisa, arropen garbitoki, garbiketa eta sukalde zerbitzuetako plantillaren %20 ezartzen da.
b) Bereziki, egoitzetan erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko xedearekin:
b.1) Zuzeneko arreta ematen duten langileetan (zaintzaileak, begiraleak), gutxienekoak hauek izanen dira:
Adimeneko desgaitasuna dutenentzako egoitzak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | GUTXIENEKO ZERBITZUAK LANGILEAK ZAINTZAILEAK-BEGIRALEAK |
Erronkari ibarra La Atalaya Oncineda Las Hayas | Egoitzako arreta Pisu babestuak | Goizeko txanda | unitateko %75 |
Arratsaldeko txanda | unitateko %60 |
Gaueko txanda | unitateko %60 |
Desgaitasun fisikoa edo askotariko desgaitasunak dituztenentzako arreta zentroak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | LANGILEEN GUTXIENEKO ZERBITZUAK ZAINTZAILEAK-BEGIRALEAK |
Infanta Elena Ramon y Cajal Carmen Aldave ADACEN | Egoitzako arreta | Goizeko txanda | unitateko %75 |
Arratsaldeko txanda | unitateko %60 |
Gaueko txanda | unitateko %60 |
Adimeneko desgaitasuna dutenentzako eguneko arreta zentroak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | LANGILEEN GUTXIENEKO ZERBITZUAK ZAINTZAILEAK-BEGIRALEAK |
Erronkari ibarra La Atalaya Oncineda Las Hayas | Eguneko zentroa | Goizeko txanda | unitateko %60 |
Arratsaldeko txanda |
Desgaitasun fisikoa edo askotariko desgaitasunak dituztenentzako arreta zentroak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | LANGILEEN GUTXIENEKO ZERBITZUAK ZAINTZAILEAK-BEGIRALEAK |
Infanta Elena Ramon y Cajal ADACEN | Eguneko zentroa | Goizeko txanda | unitateko %60 |
Arratsaldeko txanda |
Portzentaje horiek aplikatuta hamarren bat sortzen bada langileen kalkulua egitean, gorantz doituko da, hurrengo unitatera eramanez.
b.2) Zerbitzu orokorretako gutxieneko langileak (garbiketa, arropen garbitokia, sukaldea) honako hauek izanen dira:
Adimeneko desgaitasuna dutenentzako egoitzak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | ZERBITZU OROKORRETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK |
Erronkari ibarra La Atalaya Oncineda Las Hayas | Egoitzako arreta Pisu babestuak | Goizeko txanda | %50 |
Arratsaldeko txanda | %50 |
Gaueko txanda | |
Desgaitasun fisikoa edo askotariko desgaitasunak dituztenentzako arreta zentroak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | ZERBITZU OROKORRETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK |
Infanta Elena Ramon y Cajal Carmen Aldave ADACEN | Egoitzako arreta | Goizeko txanda | %50 |
Arratsaldeko txanda | %50 |
Gaueko txanda | |
Adimeneko desgaitasuna dutenentzako eguneko arreta zentroak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | ZERBITZU OROKORRETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK |
Erronkari ibarra La Atalaya Oncineda Las Hayas | Eguneko zentroa | Goizeko txanda | %20 |
Arratsaldeko txanda |
Desgaitasun fisikoa edo askotariko desgaitasunak dituztenentzako arreta zentroak
ZENTROAK | MODALITATEA | ORDU TARTEA | ZERBITZU OROKORRETAKO GUTXIENEKO ZERBITZUAK |
Infanta Elena Ramon y Cajal ADACEN | Eguneko zentroa | Goizeko txanda | %20 |
Arratsaldeko txanda |
b.3) 24 orduko erizaintzako arreta dagoen zentroetan, gutxieneko zerbitzuak %50ekoak izanen dira lan-txanda bakoitzean.
c) Zehazki, era berean, garraio zerbitzua mantendu beharko da eguneko zentroetako erabiltzaileentzat, baina ordutegiak enpresak antolatu beharko ditu eta familiak jakinaren gainean jarri, behar beste denborarekin.
d) Bereziki, pisu babestu funtzionaletan langile baten etengabeko arreta izanen da, zentrotik kanpoko eguneko jardueraren ordutegian izan ezik, horrelakorik baldin badago.
e) Foru agindu honetan adierazitako portzentaje horiek aplikatuta hamarren bat sortzen bada langileen kalkulua egitean, gorantz doituko da, hurrengo unitatera eramanez.
Bigarrena.–Aurreko atalean aipatutako funtsezko zerbitzuak egoitzako erabiltzaileak zaindu ohi dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileek eginen dituzte.
Hirugarrena.–Lehen atalean aipatzen diren gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzurik ez egitea edo zerbitzua edonola ere aldatzea legez kanpokotzat joko da ondorio guztietarako, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betetzen ez dutenek edo araua hausten dutenek erantzun egin beharko dute.
Laugarrena.–Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko lanuztea arautzen duen legeriak langileentzat onartzen dituen eskubideei.
Bosgarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea sindikatu hauei: CC.OO. (jakinarazpenetarako helbidea, Zaragozako etor., 12, 5.a, 31003); ELA (jakinarazpenetarako helbidea, Iturralde y Suit kalea, aurrealdea, 10, 31004); UGT (jakinarazpenetarako helbidea, Zaragozako etor., 12, 3.a, 31003); eta LAB (jakinarazpenetarako helbidea, Arga ibaia, 12-14 behea, 31014).
Seigarrena.–Foru agindu hau igortzea honako egoitza hauetako zuzendaritzei: Erronkari ibarra (Iruña), Oncineda (Lizarra), La Atalaya (Tutera), Las Hayas (Sarriguren), Monjardín eguneko zentroa (Sarriguren), Ramón y Cajal (Zizur Txikia), Carmen Aldave (Iruña), Infanta Elena (Cordovilla), Centro ADACEN (Mutiloa) eta pisu babestu funtzionalak.
Zazpigarrena.–Ondorioak jakinarazten denetik bertatik izanen baditu ere, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara.
Zortzigarrena.–Foru agindu honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115.1. artikuluetan eta ondokoetan ezarrita dagoenarekin bat.
Iruñean, 2014ko apirilaren 11n.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1405636