74. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Ideia-lehiaketa, Nafarroan terrorismoaren biktima izandakoen oroimenez artelan plastiko bat egitekoa.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2014ko martxoaren 24an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

1. Nafarroan terrorismoaren biktima izandakoen oroimenez artelan plastiko bat egiteko ideia-lehiaketaren oinarriak onestea.

2. Agintzea ideia-lehiaketa has dadin eta bidezko diren iragarkiak argitara daitezen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta webgune ofizialean.

Iruñean, 2014ko martxoaren 24an.–Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Alberto Catalán Higueras.

OINARRIAK, NAFARROAN TERRORISMOAREN BIKTIMA IZANDAKOEN OROIMENEZ ARTELAN PLASTIKO BAT EGITEKO HAUTAPEN PROZESUA ARAUTZEN DITUZTENAK

Nafarroako Parlamentuan terrorismoaren biktimen oroimenez artelan plastiko bat jartzeko proposamenen hautapen prozesua arautzen duten oinarriak.

Lehena.–Lehiaketaren xedea.

Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako herria ordezkatzen duen erakundea den aldetik, terrorismoaren biktimen oroitzapenari bizirik eutsi behar dio memoria kolektiboan. Horregatik beharrezkotzat jotzen du terrorismoaren erruz bizia galdu duten pertsona guztienganako Nafarroako gizartearen errekonozimendua artelan batean islatzea. Hortaz, ideia-lehiaketa bat antolatu du, terrorismoaren biktimen omenezko artelan plastiko bat (eskultura, pintura edo grabatua) egiteko.

Obra irabazlea Nafarroako Parlamentuko atalondoaren goiko aldean jarriko da (0 solairuan, osoko bilkuren aretoko gonbidatuen tribunarako bi sarreren artean).

Bigarrena.–Parte-hartzaileak.

Nafarrak diren edo deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren artistek parte hartu ahal izanen dute, banaka nahiz taldean.

Hirugarrena.–Baldintza teknikoak.

Proiektuak terrorismoaren biktimen oroimenezko adierazpen artistikoak izanen dira, libreak teknikaren, neurrien eta adierazpideen aldetik, originalak eta argitaragabeak.

Izendatutako gune publikoari egokitu behar zaizkio proiektuak, eta artelanaren iraunkortasuna bermatuko duten materialak erabili behar dira, aukeratzen den arte-modalitatea aukeratzen dela: eskultura, pintura nahiz grabatua.

Parte-hartzaileek, aurkeztu beharreko dokumentazioan, izendatutako gunearen barruan egokiena iruditzen zaien kokalekuaren proposamena erantsiko dute. Kokaleku horrek ez ditu mugatuko igarolekua erabiltzeko aukerak, eta ez du traba eginen bertako jende-ibilbide nagusietan.

Nolanahi ere, Nafarroako Parlamentuak artelanaren kokalekua aldatu ahal izanen du, egokitzat jotzen badu.

Laugarrena.–Hornidura ekonomikoa.

Sari bakarra emanen da: proiektu saridunak 2.000 euro jasoko ditu. Diru kopuru horri zergak direla-eta atxiki beharreko diru kopurua gehituko zaio. Proiektatutako obra egiteko, 16.000 euroko gehienezko hornidura ekonomikoa gordeko da, zergak aparte. Zenbateko horrek barnean hartuko ditu obra garraiatu eta kokatzeko balizko gastuak.

Obra egin, garraiatu eta kokatzeko kostuak lana amaitutakoan ordainduko zaizkio egileari. Aldez aurretik gastuak justifikatu beharko ditu fakturak aurkeztuz, eta inoiz ez dira gaindituko finkatutako zenbatekoak.

Obrarekin batera plaka bat jarriko da, "Terrorismoaren biktimen omenez" inskripzioarekin.

Egileak bere obraren garraio- eta kokapen-lanak gainbegiratuko ditu, eta lan horien erantzulea izanen da.

Bosgarrena.–Inskripzioa eta betekizunak.

Lanak lehiaketarako onar daitezen, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Interesdunek gutun-azal itxi bat aurkeztuko dute, eta horren kanpoaldean "Ideia-lehiaketa, Nafarroan terrorismoaren biktima izandakoen oroimenez artelan plastiko bat egitekoa" esaldia eta egileak obrari jarritako izena edo leloa agertuko dira. Egilea ez da inola ere identifikatuko gutun-azalaren kanpoaldean.

Gutun-azal horretan beste bi gutun-azal sartuko dira, horiek ere itxiak:

1. gutun-azala egilearen izengoitiaz identifikatuko da, eta barruan hau sartuko da:

1. Idatzizko dokumentazioa, egilearen izengoitiaz identifikatua, honako atal hauek bilduko dituena 5 DIN A4 orritan, gehienez ere:

–Proiektuaren deskribapen-memoria, proiektua nola gauzatuko den zehazten duena: materialak, neurriak eta akaberak, obraren ezaugarriak eta hura egin eta instalatzeko prozesua.

–Obraren portaeraren segurtasunaren eta mantentzearen deskribapena eta hura instalatzeko aurreikusitako ainguratze eta finkatze sistemen xehetasunak.

–Obra egin, garraiatu eta kokatzeko prozesuko kontzeptu guztiak bilduko dituen aurrekontu xehakatua, zergak barne.

–Proiektatutako obra egiteko eta instalatzeko beharko den denboraren zenbatespen tekniko arrazoitua.

2. Dokumentazio grafikoa, nahi adina, hori ere egilearen izengoitiaz identifikatua. Esaterako:

–Obraren edo horren maketaren argazkiak.

–Obraren oinplanoak, altxaerak eta perspektibak.

–Obraren diseinuaren, kokalekuaren eta inguruarekiko erlazioaren zirriborroak.

–Obraren amaierako aurkezpenaren fotomuntaketak, obra irudikatzen dutenak Nafarroako Parlamentuko atarian, goian, ezkerraldean (0 solairuan, osoko bilkuren aretoko gonbidatuen tribunarako sarreren artean).

–Egilearen ustez obra hobeki ulertzeko eta baloratzeko balio dezakeen informazio oro.

Informazio grafiko guztiak paperezko euskarrian aurkeztuko dira, egokitzat jotzen den formatuan.

2. gutun-azala egilearen izengoitiaz identifikatuko da, eta barruan hau sartuko da:

–Egilearen nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

–Egileak parte hartu nahi duela dioen idazkia.

–Curriculum vitae-a.

–Aurkeztutako obra egilearena eta originala dela dioen zinpeko adierazpena. Bertan adieraziko da, halaber, obra ez dela besteren baten kopia, eta inoiz ez dutela bere osoan hautatu, argitaratu edo saritu beste deialdi, hautapen, lehiaketa edo hedabideren batean. Adierazpen hori egilearen izengoitiaz identifikatuko da, eta ez da agertuko egilea nor den.

Gutun-azal hori lehiaketako obra irabazlea hautatu eta gero irekiko da.

Proposamenak sekretuak izanen dira. Haietako bat aurkezteak esan nahiko du interesdunak baldintzarik gabe onartzen duela oinarri hauetako klausula guztien edukia, eta bere erantzukizunaren pean adierazten duela aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdi honetan parte hartzeko eskatutako gainerako baldintzak betetzen direla. Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, irabazlearen izengoitia daukan gutun-azala jendaurrean irekiko da, hautatutako obraren egilea nor den jakiteko. Epaimahaiaren erabakia eta irabazlearen izengoitia daukan gutun-azalaren irekiera 2014ko ekainaren 27an emanen dira jakitera.

Izendatutako gunean obra nola kokatuko den aztertu ahal izateko, plano eta argazkien bidezko informazioa eskainiko da. Idatziz eskatu beharko da protocolo@parlamentodenavarra.es helbide elektronikoan, edo bestela 948209202 telefonora deitu.

Epaimahaiak agiri osagarri gehiago aurkezteko edo zerbait argitzeko eskatu ahal izanen die parte-hartzaileei. Agiri horiek hamar egun naturaleko epe luzaezinean igorri beharko dira Nafarroako Parlamentura.

Seigarrena.–Aurkezteko epea, modua eta tokia.

Inskripzioak, eskatzen diren agiriekin batera, Nafarroako Parlamentuan (Prentsa, Argitalpen eta Protokolo Zerbitzua) aurkeztuko dira edo bertara bidaliko dira (posta ziurtatuz). Helbidea: Navas de Tolosa kalea 1, 31002-Iruña. Proiektuak onartzeko epea 2014ko ekainaren 2ra artekoa izanen da.

Proposamenen igorpena parte-hartzaileen kontura izanen da.

Zazpigarrena.–Proposamenak itzultzea.

Egileek proposamen saritugabeak jaso beharko dituzte, eta aurkeztu ziren enbalaje beretan edo antzekoetan bilduta itzuliko zaizkie. Eskura aurkeztutako proiektuak era berean jaso beharko dituzte egileek. Agentzia bidez bidali zirenak modu berean itzuli ahal izanen dira, garraio-kostua ordaindu gabe, inskripzioan adierazitako helbidera. Nafarroako Parlamentuak ez du epaimahaiaren erabakiaren ondoko 60 eguneko epean jasotzen ez diren proiektuen gaineko erantzukizunik izanen.

Zortzigarrena.–Epaimahaia.

Hauexek izanen dira epaimahaiko kideak:

–Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, epaimahaiburu ariko dena.

–Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea.

–Nafarroako Parlamentuko lehen idazkaria.

–Tomás Caballero Fundazioaren ordezkari bat.

–Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren ordezkari bat.

–Mariano González Presencio jauna, arkitektoa.

–Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoko zuzendaria.

–Gregorio Díaz Ereño jauna, Jorge Oteiza Museoko zuzendaria.

–Javier Briongos jauna, Tuterako Castel Ruizeko zuzendari eta Muñoz Sola Museoko arduraduna.

–Camino Paredes Giraldo andrea, Lizarrako Gustavo de Maeztu museoko zuzendaria.

–Javier Manzanos jauna, Huarte Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria.

Epaimahaiko kideren batek huts egiten badu, Nafarroako Parlamentuak hura ordeztea komeni den ala ez erabakiko du.

Bederatzigarrena.–Artelana egitea.

Epaimahaiak aukeratzen duen proiektuaren egileak proiektua egiteko adjudikazioa ere jasoko du, eta baldintza hauek onartu beharko ditu:

Sariaren irabazleak salerosketa kontratu bat sinatu beharko du Nafarroako Parlamentuarekin. Bertan, sariaren truke, Nafarroako Parlamentuari emanen dio egindako obraren jabetza, baita aurkeztutako proiektuarena ere, maketak eta dokumentazioa barne.

Proiektu sarituaren egileak Nafarroako Parlamentuari baimena emanen dio obraren eskala txikiko erreprodukzio asko egiteko, Nafarroako Parlamentuaren xedeen arabera erabil daitezen.

Horrez gain, kontratu berean, Nafarroako Parlamentuak obra eta proiektu sarituen jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak jasoko ditu esklusibotasunez, eta obraren erreprodukziorako, banaketarako, jendaurreko komunikaziorako eta eraldaketarako ahalmena izanen du Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako epean. Eskubidea izanen du obra erakusteko, zeinahi baliabide edo euskarri ukigarri nahiz ukiezin erabiliz, eta ustiapen-modalitate guzti-guztiak baliatzeko, tartean edozein euskarri edo formatutan erreprodukzioak egiteko eskubideak eta obraren banaketa eta komunikazio publikorako eskubideak. Horretan berariaz sartzen dira obren online igorpena eta emisioa eta Internet bezalako sare digital interaktiboen bitartez eskuragarri jartzea.

Obra bukatua eta bere lekuan kokatua aurkezteko eguna 2014ko azaroaren 21a izanen da.

Hamargarrena.–Informazio klausula (Datu Pertsonalen Babesari buruzko 15/1999 Lege Organikoa).

Jakinarazten zaizu badagoela "Erregistro Orokorra" izeneko fitxategi automatizatu bat, barne-erabilerarako dokumentuen sarrera-irteerak kontrolatzeko eta epeak egiaztatzeko erabiltzen dena, eta beste bat, "Kontabilitatea eta kudeaketa ekonomiko-finantzarioa" izenekoa, Nafarroako Parlamentuaren jarduera ekonomiko-finantzarioaren ondoriozko agiri, kontabilitate-orri eta kontratazio-espedienteak izapidetzeko eta horien kontrola eta jarraipena egiteko erabiltzen dena. Eskatutako dokumentazioa bidaliz edo aurkeztuz, interesdunak bere datuen tratamendu baimendurako adostasuna agertzen du.

Era berean, jakinarazten dizugu eskubidea duzula zure datuetarako sarbidea izateko, datu horiek zuzentzeko, ezabatzeko eta datuok ez erabiltzea nahi duzula adierazteko. Eskubide horietaz baliatzeko, horretarako eskaera biltzen duen idazkia zuzendu beharko diozu Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, helbide honetara: Navas de Tolosa kalea 1, 31002 Iruña (Nafarroa), Tel.: 948 209 209, Faxa: 948 228 444, edo helbide elektroniko honetara: registro@parlamentodenavarra.es.

Hamaikagarrena.–Oinarriak onartzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak esan nahi du oinarri hauek erabat onartzen direla eta epaimahaiaren erabakiak ere onartuko direla. Epaimahaiak saria inori ez ematea erabaki ahal izanen du.

Deialdi honetan sor daitezkeen auzi guztiak ebazteko eskumena Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bakarrik izanen du.

Iragarkiaren kodea: F1405505