74. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

135/2014 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten duena 2014. urtean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 54. artikuluan, goi mailako arte ikasketetan sartzeko modua aurreikusten du baldintza akademikoak ez dituztenentzat: hezkuntza administrazioek araututako sarrera proba gainditzea.

Orobat, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako goi mailako arte ikasketak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak eta maiatzaren 14ko 631/2010, 632/2010, 633/2010, 634/2010 eta 635/2010 Errege Dekretuek (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako goi mailako ikasketa artistikoen oinarrizko edukiak arautzen dituztenak musikako graduan, dantzako graduan, diseinuko graduan, arte dramatikoko graduan eta kultur ondasunen kontserbazio eta berriztapeneko graduan, hurrenez hurren) goi mailako arte ikasketetan sartzeko modua arautzen dute, eta ezartzen dute ezen hezkuntza administrazioek proba bat arautu eta antolatuko dutela ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten hemeretzi urtetik gorako izangaientzat, Batxilergoko helburuetarako heldutasuna eta ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak dituztela frogatzeko.

Ebazpen honen bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egiten da eta haren oinarriak eta sei eranskinak onesten dira.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko.

Datuak ikusteko, zuzentzeko, kontra egiteko eta deuseztatzeko eskubideak erabili ahal izanen dira, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura joz. Zerbitzu hori Santo Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean.

Berariaz horrela adierazten duten pertsonek kontra egiten ahalko diote beren datuak tratatzeari, bidezko arrazoi oinarrituak badituzte.

Ikusita Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak heldutasun probarako deia egitearen alde emandako txostena, eta deialdiaren epeak, inskripzioak eta, oro har, heldutasun proba garatzeko arauak finkatzearren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun probarako deia egitea. Proba 2014. urtean eginen da eta haren oinarriak ebazpen honen eranskinetan agertzen dira.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Hezkuntza Antolamenduaren eta Berrikuntzaren Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Administratiboaren Atalera, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Eskolatze Bulegora eta Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2014ko apirilaren 3an.–Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, David Herreros Sota.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1. Probaren ezaugarriak.

1.1. Irakasgai hauek osatuko dute goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba:

–Gaztelania edo Euskara.

–Artearen Historia edo Espainiako Historia.

–Atzerriko hizkuntza: Ingelesa edo Frantsesa.

Heldutasun proba osatzen duten irakasgaien edukiak eta curriculum-erreferentziak ebazpen honen II. eranskinean biltzen dira.

1.2. Gaztelaniaren ariketa eta Euskararen ariketa gaztelaniaz eta euskaraz erantzun beharko dira, hurrenez hurren, zein den ere proba egiteko aukeratu den hizkuntza.

1.3. Atzerriko hizkuntzaren ariketa kasuan kasuko atzerriko hizkuntzan erantzun beharko da.

1.4. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gaztelaniaz edo euskaraz eginen da. Izangaiak inskripzioa egiten duenean aukeratu beharko du probaren hizkuntza.

1.5. Goi mailako ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditzeak ikasketa horietan sartzeko aukera ematen du. Horretarako, gainera, berariazko proba gainditu beharko da, frogatzeko norberak badituela ikasketak probetxuz egiteko behar diren ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak.

1.6. Heldutasun proba gainditzeak Estatuko lurralde osorako balio du.

1.7. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte honako hauek:

–Desgaitasunen bat egiaztatzen duten pertsonak. Inskripzio eskabidean proba egiteko eskatzen den egokitzapena adierazi beharko da.

–Hezkuntzako premia bereziak dituztela egiaztatzen duten pertsonak, ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin) izateagatik. Egokitzapenak Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

1.8. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz (lege hori aldatu egin zen Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 20/2011 Foru Legearen bidez), abenduaren 30eko 1621/2005 Errege Dekretuarekin loturik (haren bidez Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen erregelamendua onetsi zen), baita Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legean xedatutakoari ere, hauek dira proban inskribatzeko tasak:

–Proba egiteko inskripzioa: 18 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 9 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia), eta ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontide eta seme-alabak ere: doan.

2. Inskripzioa egiteko baldintzak.

2.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Goi mailako arte ikasketetan zuzeneko sarbidea ematen duen titulazio akademikoa ez edukitzea.

–19 urte izatea edo proba egiten den urtean betetzea.

2.2. Heldutasun proban inskribatzeko unean frogatuko da hartarako behar diren baldintzak betetzen direla.

3. Inskripzioa.

3.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko epe arrunta: 2014ko maiatzaren 2tik 7ra, biak barne.

3.2. Toki hauetan egiten ahal da inskripzioa:

–Aurrez aurre: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistroan edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 7an) aurkeztu beharko da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (38.4 artikuluan) ezarritako tokietan, eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera zuzenduko da.

–Telematika bidez, on line, www.educacion.navarra.es web-orritik: “Gaiak”, “Arte ikasketak”, “Goi mailako musika ikasketak”, “Arautegia”, “Heldutasun proba” epigrafeetan. Horretarako, ziurtagiri digital balioduna eduki beharko da.

3.3. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” fitxako ereduen araberakoa (zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori eta Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian sarbide bat du). Inskripzio eskabide horien edukia ebazpen honen III. eranskinean ezarritakoa da.

Heldutasun probetarako inskripzio bat baino gehiago aurkeztuz gero, izangaia ez da prozesuan onartuko.

4. Dokumentazioa.

4.1. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskripzio eskabideari:

a) Nahitaezko dokumentazioa:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bi aldetatik, atzerritarren identifikazio txartelarena, pasaportearena, nortasuna frogatzen duen bidaia-agiri batena edo bisarena.

–Heldutasun probetan inskribatzeko tasaren kontzeptu gisa ezarritako diru kopurua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketa kontuan sartu izana frogatzen duen gordekina.

–Familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, hala balegokio.

b) Egokitzapenetarako dokumentazioa:

–Desgaitasunaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

–Ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin) izateagatik, hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleei buruzko txosten eta agiriak, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 5.7 artikuluan eta ebazpen honetan ezarritakoari jarraikiz.

4.2. Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak honako hauek bidaliko dizkio probak koordinatzen dituen epaimahaiari maiatzaren 14a baino lehen:

–Desgaitasuna dela-eta proban egin nahi diren egokitzapenen eskaerak, eta bakoitzari dagokion egiaztagiria.

–Ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin) izateagatik, hezkuntzako premia bereziak dituzten izangaien probetan egokitzapenak egiteko eskaerak, eta bakoitzari dagokion egiaztagiria. Eskaera horiek aldeko txosten bat beharko dute, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiko Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalarena.

5. Onartu eta baztertuen zerrenda.

5.1. Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak (horietan adieraziko dira baztertzeko arrazoiak) argitaratuko ditu 2014ko maiatzaren 14an Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” izeneko fitxan. Fitxa horretara iristeko Hezkuntza Departamentuaren web-orritik abiatu behar da (www.educacion.navarra.es).

Orobat, izangaiek eskatutako proba egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan.

5.2. Erreklamazioak maiatzaren 15etik 17ra bitarte eginen dira, biak barne, eranskin honen 3. oinarrian agertzen diren tokietan, IV. eranskineko ereduaren arabera:

–Onarpenaren kasuan, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera zuzenduko dira.

–Egokitzapenen kasuan, probak koordinatzen dituen epaimahaiaren buruari zuzenduko zaizkio.

5.3. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak 2014ko maiatzaren 23an argitaratuko dira Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” izeneko fitxan. Fitxa horretara iristeko Hezkuntza Departamentuaren web-orritik abiatu behar da (www.educacion.navarra.es).

Izangaiei proban dagozkien egokitzapenak ebatziko dira zerrenda horietan. Orobat, zerrenda horietan izangaien banaketa, epaimahaien araberakoa, agertuko da, baita zein ikastetxetan eginen den goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba ere.

6. Heldutasun probaren kalifikazioa eta balorazioa.

6.1. Heldutasun probaren irakasgai bakoitza 0tik 10era puntuatuko da.

6.2. Probaren irakasgaietan lortutako noten batez besteko aritmetikoa, 0tik 10era eta bi zifra hamartarrekin adierazia, izanen da goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probaren azken kalifikazioa, eta 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira gainditzeko.

7. Proba egiteko egutegia.

7.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba 2014ko maiatzaren 29an eginen da, V. eranskinean adierazitako ikastetxean.

7.2. Proba egiteko, aldean izan behar da nortasun agiri nazionala, pasaportea, nortasuna egiaztatzen duen bidaia agiri bat, bisa edo atzerritarren identifikazio txartela, eta, horretaz gain, ariketak egiteko behar den materiala.

Informazio hori, izangaiak geletan banatzeko informazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” izeneko fitxan jarriko da jendaurrean 2014ko maiatzaren 27an. Fitxa horretara iristeko Hezkuntza Departamentuaren web-orritik abiatu behar da (www.educacion.navarra.es).

7.3. Heldutasun probaren ariketatarako deia 2014ko maiatzaren 29ko 15:30ean eginen da, eta hara joanen dira izangaiak heldutasun probaren irakasgaien ariketak egiteko.

Heldutasun probaren ariketak honela eginen dira:

PROBA

DEIA EGITEKO ORDUA

IRAKASGAIA

ARIKETAREN IRAUPENA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba

15:30

Gaztelania edo Euskara

ordubete

Espainiako Historia edo Artearen Historia:

ordubete

Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa)

ordubete

7.4. Ariketaren bat egitera aurkezten ez diren izangaiak “ez aurkeztutzat” joko dira ariketa horretan, eta, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako beharrezkoa denean, ariketa horren puntuazioa 0 izanen da.

8. Proben emaitzak eta erreklamazioak.

8.1. Emaitzak proba egiteko ikastetxean eta, www.educacion.navarra.es web-orritik abiatuta, “Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba” fitxan argitaratuko dira, ondoren azaltzen diren egunetan:

–Behin-behineko emaitzak: 2014ko ekainaren 13an.

–Erreklamazioak: 2014ko ekainaren 16tik 18ra, biak barne.

–Behin betiko emaitzak: 2014ko ekainaren 24an.

8.2. Emaitzei buruzko erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Santo Domingo kalea, 8), koordinazio epaimahaiko buruari igorriko zaion idazki baten bidez, IV. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa, eta hark dagokion ebaluazio epaimahaiari igorriko dio.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, dagokion epaimahaia bilduko da haiek aztertu eta ebazteko.

8.3. Emaitzen behin betiko aktak jendaurrean jartzearekin betetzat jotzen da ebaluazio epaimahaiek eta probetako koordinazio epaimahaiak, ebazpenen eta horien ondoriozko egintzen aurka aurkeztutako erreklamazioen gainean, hartzen dituzten erabakien berri emateko prozedura.

9. Egiaztagiriak.

9.1. Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gainditzen duenak eskubidea izanen du ziurtagiri bat, 17. eranskineko ereduaren araberakoa, jasotzeko. Gai dela adieraziko da bertan, eta zein kalifikazio, bi zifra hamartarrekin adierazia, lortu duen.

9.2. Interesdunek Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalean eskuratzen ahalko dituzte goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiriak, 2014ko ekainaren 25etik aurrera.

10. Epaimahaien osaera eta eginkizunak.

10.1. Heldutasun proba koordinatzeko epaimahaia sarrera probak koordinatzeko epaimahai bera izanen da. Epaimahai hori Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 9/2014 Ebazpenean ezarri zen. Horren bidez, deialdia egin zen 2014. urtean lanbide heziketako eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetan eta kirol ikasketetan sartzeko probetarako.

Probak koordinatzeko epaimahaiak, aipatu ebazpenean adierazitako eginkizunez gain, probak egin eta ebaluatzeko prozesua antolatuko du eta proben garapenarekin lotura duen oro kudeatuko du, honako hauekin lotura duena izan ezik:

a) Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuko web-orrian onartuen eta baztertuen zerrendak (behin-behinekoak eta behin betikoak) argitaratzea, baita horien inguruan aurkeztutako erreklamazioak ebaztea ere.

b) Heldutasun probetan onartuak izateko epez kanpo aurkezten diren eskaerak ebaztea.

Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak bere gain hartuko ditu eginkizun horiek.

10.2. Ebaluazio epaimahaiek eta Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren otsailaren 3ko 9/2014 Ebazpenean aipatzen diren ahokulariek heldutasun probarekin lotura duten eginkizunak izanen dituzte, ebazpen horretan sarrera probarekin lotura duten eginkizunez gain.

11. Errekurtsoak.

11.1. Ebaluazio epaimahaiek eta koordinazio epaimahaiak ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari zuzendua, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

11.2. Deialdi honen, bere oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, ebaluazio epaimahaiek edo koordinazio epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probaren irakasgaien egitura, garapena eta edukiak

HELDUTASUN PROBA

Helburuak

Oinarrizko ezagutzak ulertzeko, aztertzeko, sintesiak egiteko eta ebaluatzeko gaitasunak ebaluatu nahi dira, Batxilergoko irakasgai hauetako batzuei dagokienez: Gaztelania edo Euskara, Matematika, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika, Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa), Espainiako Historia eta Artearen Historia.

Curriculumeko oinarrizko erreferentziak

–Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaroaren curriculuma, urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez arautua (2009ko abenduaren 18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

–Batxilergoko curriculuma, maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua (2008ko ekainaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), jakintza arlo hauekin lotuta:

Batxilergoko erreferentziako irakasgaiak: Gaztelania I / Euskara I / Atzerriko Hizkuntza I (ingelesa edo frantsesa) / Espainiako Historia / Artearen Historia.

–Artearen Historia irakasgairako: 1. Artearen Historiara eta hizkuntza artistikoetara hurbiltzea; 2. Artearen hasiera; 3. Arte klasikoa: Grezia; 4. Arte klasikoa: Erroma; 5. Arte paleokristaua eta bizantziarra; 6. Arte prerromanikoa; 7. Arte islamiarra; 8. Arte erromanikoa Mendebaldearen lehen definizio gisa; 9. Arte gotikoa, hiri kulturaren adierazle; 10. Errenazimentuko artea; 11. Errenazimentuaren zabalkundea. Errenazimentua Espainian; 12. Arte barrokoa; 13. Arte europarrak XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran; 14. Arkitektura modernorantz: hirigintza eta arkitektura XIX. mendearen bigarren erdialdean; 15. Modernitateranzko bidea: arte figuratiboak XIX. mendearen bigarren erdialdean; 16. Abangoardia historikoak: arte plastikoak XX. mendeko lehenengo erdialdean; 17. XX. mendeko arkitektura eta hirigintza; 18. Abstrakziotik azken joeretara: arte plastikoak XX. mendeko bigarren erdialdean; 19. Artea eta masen ikusizko kultura

Probaren garapena

Gaztelania / Euskara

Proba honen abiaburua idatziz emanen den gai bati buruzko informazioa izanen da. Informazio horretatik abiatuta izangaiak ondoko gaitasuna duela erakutsi beharko du:

–Aurkeztu den informazioa ulertzea eta testuari egokitzen zaion izenburua jartzea.

–Informazioa era sinbolikotik beste espresio mota batera transferitzea eta hitzezko forma batetik beste batera.

–Osagarria eta funtsezkoa bereiztea; halaber, ondorioak eta gertakizunak bereizteko gai izatea, kausak eta ondorioak ere bai, xedetzat duten helburua eta bitartekoak, etab.

–Akats logikoak edo informaziozkoak atzematea.

–Jaso den informazioa antolatzea eta horrekin material berriak prestatu edo osatzea, hala nola, editorial bat, eskutitza, txostena, narrazioa, etab.

–Testu idatzi bat edukiaren arabera epaitzea, bai eta okerreko oinarrietatik abiatuz eskuratu diren ondorio faltsuak atzematea ere.

–Testuari lotuta dauden galderei erantzutea, gizartearen eta kulturaren arlokoei, alegia.

Espainiako Historia

Bi ariketa proposatuko dira, izangaiek bat aukera dezaten; testu bat izanen da, Espainiako Historiari dagokion gai bati buruz, urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako prestakuntza ikastaroaren curriculumaren araberakoa; ariketa honen bidez, izangaiak gaitasun hauek erakutsi beharko ditu:

–Testuaren ideia nagusiak laburtzea.

–Testuan ageri diren kontzeptu batzuen esanahia azaltzea, kontzeptu horiek historiarekin lotuta.

–Gai horren inguruko galderak erantzutea.

–Gaiaren inguruko ezagutzari buruzko bizpahiru galderari erantzutea.

Artearen Historia

Proposatutako ariketan, ebazpen honetan markatutako helburuekin eta ebaluazio irizpideekin lotutako galderak erantzun beharko dira.

Matematika / Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika

Urriaren 23ko 319/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako irakasgai horien curriculumean adierazitako helburuei eta ebaluazio irizpideei lotutako gaiak ebazteko ariketa proposatuko da.

Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa)

Proba honen abiaburua zailtasun ertaineko informazioa izanen da, ingelesez edo frantsesez; informazio hori idatziz emanen da. Proba honetan hautagaiak ondoko gaitasuna izan beharko du:

–Aurkeztu zaion informazioa ulertzea.

–Jariotasun eta zuzentasun egoki samarrez aritzea idatziz

Ebaluazio irizpideak

Gaztelania / Euskara

–Izenburua edukiari eta testuaren izaera eta tonu orokorrari egokitzea; hortaz, idatziaren ideia nagusia bildu behar du eta haren izaerari egokitu.

–Edukia eta horren egokitzapen teknikoa. Era objektiboan eta zehatzean islatu beharko da egileak adierazi duena eta ideia nagusiak bildu beharko ditu, eta ez osagarriak bakarrik.

–Norbanakoak eginen duen argumentazioa kritikoa izanen da eta, beraz, egilearen iritziak argitu eta baloratuko ditu eta horiekin ados edo kontra dagoen azalduko argudio sendoen bidez.

–Testuak aztertu eta iruzkinak egiteko teknikak ezagutu eta aplikatzea.

–Era ezberdineko eta formalizazio maila ezberdineko testuak idatziz laburtzea, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak eta komunikazio asmoa adieraztea, izan daitezkeen koherentzia ezak eta anbiguotasunak ikustea eta iritzi pertsonala ematea.

Espainiako Historia

Historiari buruz ematen diren gai eta galderak ordenaz eta argi eta zehatz aztertu eta erantzutea.

Gaztelania / Euskara eta Espainiako Historia irakasgaietarako irizpide komunak:

–Hizkuntza zuzena. Akats ortografiko eta sintaktiko asko izateagatik ariketaren puntuazio negatiboa izaten ahal da, edukia gorabehera.

–Batxilergoko irakasgaietako (Historia eta Gaztelania / Euskara) oinarrizko ezagutzei buruzko galde-sortari emanen zaizkion erantzunak zuzenak izatea.

Artearen Historia

–Ariketak egiteko erakutsi diren oinarrizko trebetasunak baloratuko dira; halaber, argumentazioan frogatu den heldutasuna, koherentzia, ordena eta erantzunen lanketa neurtuko dira.

Atzerriko Hizkuntza (ingelesa edo frantsesa)

–Izangaiak bere hitzak erabil ditzala, testuko adierazpideak errepikatu gabe.

–Zuzentasun gramatikala, bereziki oinarrizko egituren arlokoa.

–Adierazteko autonomia, beraz, galderaren bat irekia izanen da izangaiak bere hitzekin gai bati buruzko bere iritziak emateko aukera izan dezan

III. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proban inskribatzeko eskaera. 2014. urtean

1. Izangaiaren identifikazio datuak

Izen-deiturak:

NANa/AIT/Pasaportea:

Jaioteguna:

Jaiolekua:

Nazionalitatea:

Kalea/plaza/etab.:

Zk./Solairua:

P.K.:

Herria eta probintzia:

Tel. zk.:

Helbide elektronikoa:

2. Datu osagarriak

NAN/AITaren fotokopia (bi aldeetatik) edo pasaportearena.

Behar den tasa ordaindu izanaren gordekina.

Familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena

Desgaitasunaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

Ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin) izateagatik, hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleei buruzko txosten eta agiriak

Desgaitasunagatik proban egokitzapenak egiteko eskaera,

Ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin) izateagatik, hezkuntzako premia bereziak izateagatik proban egokitzapenak egiteko eskaera

3. Heldutasun probaren datuak

2013-2014 ikasturtean egiten dituen ikasketak:

Probaren hizkuntza.

Gaztelania

Euskara

Gutxienez 19 urte izatea 2014/12/31n

Irakasgaien hautapena:

Gaztelania

Euskara

Ingelesa

Frantsesa

Espainiako Historia

Artearen Historia

4. Eskatzen du 2014ko urtean goi mailako arte ikasketetarako heldutasun probetarako eskaera hau onar diezadatela.

Eskatzaileak adierazten du, bere erantzukizunpean, aurkeztutako datu eta agiriak egiazkoak direla eta deialdi honetako proban parte hartzeko baldintzak betetzen dituela eta badaki Administrazioak edozein unetan eska diezaiokeela betetze hori frogatzen duen dokumentazioa.

Iruñean, 2014ko ........................aren ...........(e)an

(Sinadura)

ARTE IKASKETETARAKO ETA MUSIKAREN HIRIA KUDEATZEKO ATALEKO BURUA.

IV. ERANSKINA

Erreklamazio orria

................................................................................ jaunak/andreak, ................................. NANa/AIT/pasaportea duenak, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutan proban inskribatzeko eskaera egin du.

Idazki honen bidez ondokoaren kontrako erreklamazioa egin nahi du:

1. Onartuen zerrenda:

Behin-behinekoa

Behin betikoa

2. Probako ariketak egiteko eskatutako egokitzapenen gainean hartu diren erabakiak:

Desgaitasun batengatik

[INen eta AFN-Haren ondorioz hezkuntzako laguntza premia bereziengatik

3. Probeko behin-behineko emaitzak:

4. Bestelako gaiak

Honako arrazoi hauek direla eta:

.................(e)n, 2014eko .............aren ..............(e)an

Interesduna

Stua.

Bildutako datuak behar den bezalako konfidentzialtasunarekin eta erreserbarekin informatizatuko dira, eta ezarritako helbururako bakarrik erabiliko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera.

..................................................... JAUNA/ANDREA.

V. ERANSKINA

Heldutasun proba egiteko ikastetxea

Proba egiteko ikastetxea:

Arte eskola (Iruña).

VI. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun proba gainditu izanaren ziurtagiria

................................................................................ jaunak/andreak, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak,

ZIURTATZEN DU:

............................................................................................. jaunak/andreak, .................................................. NAN/AIT/Pasaportea duenak, .................................... (eguna) egindako heldutasun probako ............. epaimahaiaren ebaluazio aktaren arabera, GAI dela frogatu duela, goi mailako arte ikasketetan sartzeko baldintza akademikoak ordezten dituen heldutasun probaren azkeneko kalifikazioa .................. puntukoa izan baitu. Proba hori .............aren .........(e)ko ...../2014 Ebazpenaren bidez arautu zen.

Kalifikazio honek goi mailako arte ikasketetan sartzea baimentzen du, indarra duen araubideari jarraituz, eta betiko balio du Estatuaren lurralde guztian.

Iruñean, 2014ko ekainaren ...........(e)an

HIZKUNTZEN ETA ARTE IKASKETEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: F1405168