7. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

431/2013 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, “Planak, pentsio-funtsak, sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, banakakoen aurrezpen sistematikoko planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Urteko aitorpena” izeneko 345 eredua, abenduaren 5eko 415/2007 Foru Aginduaren azken xedapenetako hamargarrenak hala deitua, onetsi zuen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 8/2000 Foru Agindua aldatzen duena, baita barreneko orriak ordenagailuan zuzenean irakurtzeko moduko euskarriekin ordezteko baldintzak eta diseinu fisikoak eta logikoak ere.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legearen lehen artikuluko zazpigarren idatz-zatiak azken lerroaldea erantsi dio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) 55.1.4 artikuluari, eta aurreikusten du enpresek ordaindu eta langileei egozten zaizkien mendekotasun aseguru kolektiboen primek langilearen zerga-oinarria murriztuko dutela, 5.000 euroko murriztapena urtean gehienez ere, aurreikuspen sozialeko gainerako tresnetatik aparte, aseguru horietan enpresa izanik aseguru-hartzaile bakarra, eta langilea aseguratua eta onuraduna.

Hori dela eta, beharrezkotzat jo da “Planak, pentsio-funtsak, sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, aurrezki sistematikoaren banakako planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Urteko aitorpena” izeneko 345 ereduari beste gako bat gehitzea, enpresek mendekotasun aseguru kolektiboei ordaintzen dizkieten primak aitortzeko.

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–“Planak, pentsio-funtsak, sistema alternatiboak, gizarte aurreikuspeneko mutualitateak, aurreikuspen plan aseguratuak, banakakoen aurrezpen sistematikoko planak, enpresen gizarte aurreikuspeneko planak eta mendekotasun aseguruak. Urteko aitorpena” izeneko 345 eredua, abenduaren 5eko 415/2007 Foru Aginduaren azken xedapenetako hamargarrenak hala deitua, onetsi zuen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 8/2000 Foru Agindua aldatzea, baita barreneko orriak ordenagailuan zuzenean irakurtzeko moduko euskarriekin ordezteko baldintzak eta diseinu fisikoak eta logikoak ere.

Ondotik aipatzen diren urtarrilaren 20ko 8/2000 Foru Aginduaren manuek testu hau izanen dute:

Bat. Bigarren atala. Bat. a).

“a) Inprimatutako paperean; Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakiak sortzeko duen zerbitzuan lortuko da, beste inon ez. Zerbitzu hori Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean dago eskuragarri.”

Bi. II. eranskina. “L” gakoa erantsi zaio 2. erregistro motako (aitortutakoen erregistroa) “Gakoa” eremua (82. posizioa) betetzeko jarraibideei, eta testu hau du:

“L Gakoa. Mendekotasun aseguru kolektiboei ordaindutako primak.

Erregistro independenteetan adierazi beharko dira mendekotasun aseguru kolektiboei ordaindutako primak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 55.1.4 artikuluko azken lerroaldean aipatzen direnak. Testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Pentsio Plan eta Funtsak arautzen dituen Legearen Testu Bategineko lehen xedapen gehigarrian adierazitako baldintzak bete beharko dituzte aseguru horiek, eta enpresa agertuko da aseguru-hartzaile gisa, beste inor ez, eta langilea izanen da aseguratua eta onuraduna. Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen aipatu testu bategina. Aseguru kontratu horiek direla-eta enpresak ordaindu eta langileari egozten zaizkion primek 5.000 euroko murriztapen independentea izanen dute urtean gehienez ere.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2013ko ekitaldiari dagozkion aitorpen informatiboei aplikatuko zaie lehen aldiz.

Iruñean, 2013ko abenduaren 30ean.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1400037