7. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

77/2013 FORU DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, honako hauek aldatzen dituena: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa; 188/2002 Foru Dekretua, abuztuaren 19koa, zerga gaietako diru-sarrera bidegabeak nola itzuli eta tributupekoen tributu jardunen gaineko zuzenketa eskaerak, inpugnazioak eta eztabaidak arautzen dituena; 129/2002 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituena; 69/2010 Foru Dekretua, azaroaren 8koa, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duena eta zerga edukia duten beste arau batzuk aldatzen dituena; eta Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretua.

Foru dekretu hau 5 artikuluk eta azken xedapen batek osatzen dute. Lehenbiziko artikuluan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen da, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean berriki egindako aldaketetara egokitzeko.

Hona zein kasutan egokitu den erregelamendua legearen aldaketa horietara:

a) Zenbait salbuespen aplikatzeko betebeharrerako aldez aurretik Nafarroako Zerga Ogasunari baimena eskatzeko legezko betebeharra kentzen da.

b) Subjektu pasiboaren inbertsio kasu berriak arautzen dira, eta horrek dakar enpresaburuen eta inbertsioak ukitutako eragiketetan esku hartzen duten hartzaileen arteko komunikazioa garatu behar izatea.

c) Eragiketen hartzailea konkurtsopean baldin badago, zerga-oinarrien aldaketari dagokionez, aurreikusi behar da batzuetan hartzaile-konkurtsopekoak ez duela zerga osorik kentzeko eskubiderik; horrenbestez, hornitzaileak faktura zuzentzen duenean, hartzailea zordun bihurtuko da kengarria ez den zergaren zatiari dagokionez. Doikuntza hori egin beharreko likidazio-aldia argitu beharko da.

d) Halaber, bai hartzekodunak, bai zordunak zerga-oinarrien aldaketak jakinarazteko betebeharra ezartzen da, eta horretarako modua eta baldintzak ezarri dira.

e) Legeari egindako beste aldaketa garrantzitsu bat kutxa-irizpidearen araubide berezia sortzea izan da, eta horrek, noski, erregelamendua legezko araudi horretara egokitu beharra dakar.

Hori horrela, araubide horretan sartzeko eta hari uko egiteko araubidea aurreikusi da, hiru urteko gutxieneko aldi baterako ondorioekin.

Era berean, kutxa-irizpidearen araubide berezia baztertzeko kasuak ere arautu dira: subjektu pasiboak urtean zehar egindako eragiketen bolumena 2.000.000 eurotik gorakoa denean, eta urte naturalean hartzaile berari buruzko eskudirutako kobrantzak 100.000 eurotik gorakoak direnean. Aipatu mugak zein urtetan gainditzen diren, hurrengo urtean izanen ditu ondorioak bazterketak.

Berriki sortutako araubide berezi horrek dakar erregistro-liburu orokorretan gordetako informazioa formalki aldatu behar izatea, ordainketa eta kobrantza noiz eta nola egin ziren ere jaso beharko baita.

f) Bestetik, hainbanaketa berezia aplikatzeko dagoen aukeraz baliatzeko epea aldatzen da, eta aukera ematen da urte naturaleko azken aitorpen-likidazioan baliatzeko.

g) Azkenik, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduari egindako erreferentziak Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendu berrian fakturazioaren arloan egindako aldaketei egokitu zaizkie. Erregelamendu hori apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bigarren artikuluari dagokionez, Zerga gaietako diru-sarrera bidegabeak nola itzuli arautzen duen abuztuaren 19ko 188/2002 Foru Dekretua aldatzen du, Nafarroako Zerga Ogasunak jasanarazpena bidegabeki jasan zuenari dirua itzultzeko eskubidea onar diezaion bete beharreko baldintzak eta legitimazioa argituz.

Hirugarren artikuluan, zenbait aldaketa sartzen dira Tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituen ekainaren 17ko 129/2002 Foru Dekretuan, prozedura jakin batzuetan Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduari egindako erreferentzia aldatuz.

Laugarren artikuluaren bidez, Hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duen azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuaren manu batzuk aldatzen dira.

Hasteko, aitorpena derrigorrez aurkeztu behar dutenen taldean sartuko dira jabetza horizontaleko araubidearen mende dauden ondasun-komunitateak eta izaera sozialeko entitate edo establezimendu batzuk, salbuespen batzuk tarteko. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide berezi erraztuaren mende dauden subjektu pasiboek eragiketaren baten ondorioz faktura jaso badute, eta faktura jasotako fakturen erregistro-liburuan idatzi badute, eragiketa horien gaineko informazioa aurkeztu beharko dute.

Bigarrenik, zenbait aldaketa sartu dira kutxa-irizpidearen araubide berezia sortzearen ondorioz; horrenbestez, araubide hori aplikatzekoa zaien eragiketetan eskatuko da egiazki kobratutako edo ordaindutako zenbatekoak aitortzeko, bai eta abenduaren 31n sorrarazitako zenbatekoak ere. Araubide berezi horren mendeko eragiketek bereizita agertu beharko dute hirugarren pertsonekin egindako eragiketen aitorpenean, eta zenbateko horiek ordaintzen diren urte naturaleko aitorpenean kontsignatuko dira.

Azkenik, 3.005,06 euroko muga baztertzailea kendu da administrazio publikoek pertsona edo entitate berari emandako diru-laguntzak aitortzeko betebeharretik.

Bosgarren artikuluak Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onetsi zuen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretua aldatzen du, kutxa-irizpidearen araubide bereziari buruzko erreferentziak sartuz. Horrez gain, salbuetsi egiten du Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 17.1.14 artikuluan, a) letratik n) letrara bitarte, eta 15. artikuluan definitutako zerbitzuetan fakturak luzatzeko betebeharretik libratzea, aseguru-etxeak edo kreditu erakundeak ez diren enpresaburuek zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan eta Melillan egindako eragiketen kasuetan.

Bestalde, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 109. artikuluak xedatzen du subjektu pasiboek honako betebehar hauek izanen dituztela: eragiketa guztien faktura ematea, ezartzen diren erregistroak eramatea, eta hirugarrenekin egindako eragiketei buruzko informazioa aurkeztea. Era berean, azken xedapenetako hirugarrenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari foru lege hori garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Horrenbestez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2013ko abenduaren 30eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehen artikulua.–Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, aldatzea.

Honela idatzita geldituko dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu hauek:

Bat.–5. artikulua indarrik gabe uzten da.

Bi.–6. artikulua.

“6. artikulua. Izaera sozialeko entitate edo establezimendu pribatuaren kalifikazioa.

Nafarroako Zerga Ogasunari egindako eskaeraren bidez eskuratzen ahalko da izaera sozialeko entitate edo establezimendu pribatuaren kalifikazioa.

Nolanahi ere, izaera sozialeko entitateek edo establezimenduek egindako zerbitzuei dagozkien salbuespenak aplikatzeko, Zergari buruzko Foru Legearen 17.3 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira, alde batera utzita kalifikazio hori noiz eskuratu den, aurreko lerroaldean xedatutakoaren arabera.”

Hiru.–8. artikulua, 2. zenbakia gehitzea. Artikuluaren oraingo edukia 1. zenbakia izanen da.

“2. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 17.1.12.A) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, 12. idatz-zatiko B) letran zaharberritzearen definizioan erabilitako irizpideak aplikatuko dira.”

Lau.–9.1.2.B) artikulua, a) letra.

“a) Salbuespena aplikatzeko, ondasun ematea faktura baten bidez frogatuko da, zeinaren zenbateko osoa, zergak barne direla, 90,15 eurotik gorakoa izanen baita.”

Bost.–9.1.5.A) artikulua, a) letra.

“a) Honako hauei ematea: ondasunak esportatzen edo bidaltzen dituztenei, ondasun horiek eskuratzen dituztenei, edo batzuen edo besteen kontura ari diren bitartekariei edo aduanako ordezkariei.”

Sei.–9.1.5.B) artikulua, b) eta c) letrak.

“b) Zuzenbideak onartutako edozein frogabidez justifikatuko da ondasunak ateratzea.

c) Ondasunak ateratzea justifikatzen duten agiriak zerbitzua eskaintzen duenari bidaliko zaizkio. Horretarako, hiru hilabete izanen dira, ondasunak ateratzen direnetik aurrera.”

Zazpi.–10.1.5 artikulua, lehenengo lerroaldea.

“5. Objektuak itsasontzietan sartzeko hiru hileko epea egonen da, objektu horiek eskuratzen direnetik aurrera, eta dagokion ontziratzeko administrazio-dokumentuaren bidez frogatuko du hori hornitzaileak. Garraiobideen titularrak dokumentu horren kopia bat igorriko dio objektuen hornitzaileari, objektuak ontziratu ondoko hamabost eguneko epean.”

Zortzi.–10.1.6 artikulua, lehenbiziko lerroaldea.

“6. Hornitzaileak ontziratzeko administrazio-dokumentuaren bidez frogatuko du hornigaiak itsasontzietan eta aireontzietan sartu direla, eta garraiobideen titularrak dokumentu horren kopia bat igorriko dio aipatu produktuen hornitzaileari hilabeteko epean, produktuak entregatzen direnetik zenbatzen hasita.”

Bederatzi.–11.3 artikulua.

“3. Ondasunak eskuratzen dituenak edo zerbitzuak hartzen dituenak aitorpen sinatua eman beharko dio ondasunak igorri edo zerbitzuak eman dizkionari, non salbuespena justifikatzen duten ondasunen egoera adieraziko duen.

Ondorio horietarako, eskuratzaileak edo hartzaileak Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen inprimakia erabiltzen ahalko du.”

Hamar.–12.1.2 artikulua.

“2. Ondasunen eskuratzaileak edo zerbitzuen hartzaileak aitorpen sinatua ematea ondasunak igorri edo zerbitzuak eman dizkionari, non salbuespena justifikatzen duten ondasunen egoera adieraziko duen.

Ondorio horietarako, eskuratzaileak edo hartzaileak Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren egoitza elektronikoan horretarako eskuragarri dagoen inprimakia erabiltzen ahalko du.”

Hamaika.–15.1 eta 15.2 artikuluak.

“1. Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan aipatzen diren kasuetan, subjektu pasiboa beharturik dago eragiketen hartzaileari faktura berria luzatu eta igortzera, non jasanarazitako kuota zuzendu edo, kasua bada, bertan behera utziko duen, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 15. artikuluan aurreikusten den moduan. Erregelamendu hori apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Zergari buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluko kasuetan, konkurtso administrazioari aipatu fakturaren kopia bat luzatu eta igorriko zaio epe berean.

Zerga-oinarriaren murriztapena edo, kasua bada, eragiketaren hartzaileak kendu beharreko kuoten areagotzea faktura berri bat luzatu eta igortzearen mende egonen dira, eta subjektu pasiboak faktura hori igorri duela egiaztatu beharko du.

2. Zergaren kargapeko eragiketetako hartzailearen konkurtsoa deklaratzeko auto judiziala ematen denean, eta jasanarazitako kuotei dagozkien kredituak osorik edo hein batean kobraezinak diren gainerako kasuetan, zerga-oinarriaren aldaketa jarraian ematen diren arauei lotuko zaie:

a) Baldintza hauek bete beharko dira:

1. Zerga-oinarria zuzendu nahi zaien eragiketek behar diren garaian eta moduan fakturatuak eta hartzekodunak luzatutako fakturen liburuan idatziak izan behar dute.

2. Hartzekodunak hilabeteko epea izanen du, zuzenketa-faktura igortzen denetik aurrera, bide elektronikoen bidez, Interneten bidez, horretarako prestatutako inprimakia erabilita, zerga-oinarriari egindako aldaketaren berri emateko, eta adieraziko du aldaketa horrek ez dituela ukituko kreditu bermatuak, finkatutako kredituak edo segurtatutako kredituak, edo elkarri lotutako pertsonen edo entitateen arteko kredituak, ezta zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan edo Melillan kokatzen ez den hartzailea duten eragiketak ere, Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan aurreikusitako moduan, eta kreditu kobraezinen kasuan, zorduna ez dagoela konkurtsopean edo, kasua bada, luzatutako zuzenketa-faktura konkurtsoa deklaratu zueneko autoa baino lehen luzatu zela.

Jakinarazpen horri, jarraian adierazten diren agiriak erantsiko zaizkio, Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistro telematikoaren bidez:

–Zuzenketa-fakturen kopiak. Zuzenketa-fakturetan zuzendutako fakturak zein egunetan luzatu ziren jarri behar da.

–Zordunari edo konkurtsoko administratzaileari zuzenketa-faktura igorri zaiola frogatzen duen agiria, zuzenbidean frogatako onartzen den edozein baliabideren bidez.

–Kreditu kobraezinak badaude, hartzekoduna zordunari erreklamazio judizialaren bidez edo notarioaren aginduei bidez kreditua kobratzen saiatu dela frogatzen duten agiriak.

–Erakunde publikoek zorretan dituzten kredituei dagokienez, erakunde publiko zordunaren organo eskudunak egindako ziurtagiria, Zergari buruzko Foru Legearen 28.4.A) artikuluaren 4. baldintzari dagokiona.

b) Eragiketetako hartzailea enpresaburua edo profesionala bada:

1. Hartzekodunak igorri dizkion zuzenketa-fakturak jaso izana jakinaraziko du bide telematikoen bidez Interneten bidez, horretarako prestatutako inprimakia erabilita, eta kuota zuzenduen zenbateko osoa jarriko du, baita, halakorik bada, kendu ezin diren kuotena ere, hurrengo lerroaldean aipatzen den aitorpen-likidazioa aurkezteko ezarritako epe berean. Betebehar hori ez betetzeak ez dio hartzekodunari zerga-oinarria aldatzea galaraziko, betiere a) letran aipatu baldintzak betetzen badira.

2. Aurreko lerroaldean aipatu jakinarazpenaz gain, eragiketen zuzenketa-fakturak jaso diren aldiari dagokion aitorpen-likidazioan, aipatu hartzaileak kuota zuzenduen zenbatekoa jarri beharko du kendutako kuoten murrizketa gisa.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitako kasuan, zuzendutako kuotak honako hauetan adieraziko dira berariaz:

a’) Jasandako kuotak murrizteko eskubidea erabili den aldiei dagozkien aitorpen-likidazioetan.

b’) Aurrekoaren salbuespen gisa, erregelamendu honen 62.5 artikuluan araututako konkurtsoa deklaratu aurreko zergapeko egintzei dagokien aitorpen-likidazioan, baldin eta:

a’’) Eragiketen hartzaileak eskubiderik ez badu zerga osorik kentzeko eta kengarria ez den kuota zuzenduaren zatiari dagokionez.

b’’) Eragiketen hartzaileak zerga kentzeko eskubidea badu eta Zerga Administrazioak tributu zorra zehazteko duen eskubideak preskribitu baldin badu, hots, zuzentzen diren jasandako kuotak kentzeko eskubidea baliatu den likidazio-aldiari dagokiona.

4. Aldaketa edo aldaketak aurkezteko epea zuzenketa-fakturak jaso diren aldiari dagokion aitorpen-likidazioa egiteko epe bera izanen da.

Eragiketen hartzailea konkurtsopean badago, aurreko lerroaldeetan ezarritako betebeharrak hari egokituko zaizkio, eta hura izan ezean, konkurtsoko administrazioari, baldin eta haren ahalmenetan esku hartzeko araubidearen mende badago eta, betiere, bere administrazio- eta xedatze-ahalmenak bertan behera utzi badira.

c) Hartzailea enpresaburua edo profesionala ez denean, Zerga Administrazioak eskatzen ahalko dio hartzekodunak bidaltzen dizkion zuzenketa-fakturak aurkezteko.

d) Hartzekodunen hitzarmena onesten bada, horrek ez du eraginik izanen aurretik zerga-oinarrian egindako aldaketan.”

Hamabi.–IV bis titulua, 15. quater artikulua gehitzea.

“15. quater artikulua.–Subjektu pasiboaren inbertsio arauak aplikatzea.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.2.e).b’) artikuluan aipatutako entrega egiten duen enpresaburuak edo profesionalak eskuratzaileari berariaz eta sinesgarriro jakinarazi beharko dio egindako eragiketa bakoitzaren salbuespenari uko egin diola.

Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies. Bost artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, eskualdatzaileak aurreko lerroaldeko uko egitea soilik gauzatzen ahalko du baldin eta eskuratzaileak frogatzen badu kasuan kasuko ondasun higiezinak eskuratzeagatik jasandako zerga osorik kentzeko eskubidea duen subjektu pasiboa dela.

2. Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.2.e).c’) artikuluan aipatutako eragiketen hartzaileek entrega gauzatzen duen enpresaburuari edo pofesionalari berariaz eta sinesgarriro jakinaraziko diote enpresaburu edo profesional izaera duten aldetik ari direla.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.2.f) artikuluaren lehen lerroaldean aipatutako eragiketen hartzaileek, kasua bada, berariaz eta sinesgarriro jakinarazi beharko dizkiote inguruabar hauek kontratista nagusiari (edo kontratista nagusiei):

a) Eragiketa horiei dagokienez, enpresaburu edo profesional izaera duten aldetik jardun dutela.

b) Eragiketa horiek lursailak urbanizatzeko edo eraikinak eraiki edo zaharberritzeko prozesu baten barnean gauzatu direla.

4. Zergari buruzko Foru Legearen 31.1.2.ºf) artikuluaren bigarren lerroaldean aipatutako eragiketen hartzaileek berariaz eta sinesgarriro jakinarazi beharko dizkiete artikulu honen aurreko zenbakiko b) letran aipatutako inguruabarrak azpikontratistei.

5. Aurreko zenbakietan aipatutako jakinarazpenak eragiketa horien xedeko ondasunak edo zerbitzuak jaso aurretik edo jasotzen diren une berean eginen dira.

6. Aurreko zenbakietan aipatutako eragiketen hartzaileek, beren erantzukizunpean frogatzen ahalko dute, haiek berek sinatutako eta entrega egiten duen edo zerbitzua ematen duen enpresaburuari edo profesionalari zuzendutako aitorpenaren bidez, honako inguruabar hauek suertatu direla:

a) Eragiketa horiei dagokienez, enpresaburu edo profesional izaera duten aldetik jardun dutela.

b) Kasuan kasuko ondasun higiezinak erosteagatik jasandako zerga osorik kentzeko eskubidea dutela.

c) Eragiketa horiek lursail batzuk urbanizatzeko edo eraikinak eraiki edo zaharberritzeko prozesu baten barnean gauzatu direla.

7. Zergari buruzko Foru Legearen 33. Bat artikuluan aurreikusitako inguruabarrak suertatuz gero, aipatu hartzaileek solidarioki ordainduko dute kasuan kasuko tributu zorra, foru legearen 115.2.2 artikuluan xedatutakoa aplikatu ahal izatea galarazi gabe.

Hamahiru. 17. artikulua.

“17. artikulua–Zerga-tasa murriztua.

Zergari buruzko Foru Legearen 37.Bat.2. artikuluko 10. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, hartzailea enpresaburu edo profesional izaerarik gabe jarduten ari dela frogatzeko, edo etxebizitza erabilera partikularrerako erabiltzen duela eta etxebizitzaren eraikuntza edo zaharberritzea obrak hasi baino bi urte lehenago gutxienez bukatu dela frogatzeko, obren hartzaileak subjektu pasiboari zuzendutako aitorpen idatzia eginen da, bertan adierazita, bere erantzukizunpean, aurretik adierazitako inguruabar horiek.

Zergari buruzko Foru Legearen 33.Bat artikuluan aurreikusitako inguruabarrak suertatuz gero, aipatu hartzaileak solidarioki ordainduko du kasuan kasuko tributu zorra, foru legearen 115.2.2 artikuluan xedatutakoa aplikatu ahal izatea galarazi gabe.”

Hamalau.–17 bis. Bi, 1. eta 2. artikuluak.

“Bi.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 37.Bi.1.4. artikuluko bigarren lerroaldean aurreikusitakoa aplikatuko da mugikortasun murriztua duten edo gurpil-aulkian dauden minusbaliatuak garraiatzeko ibilgailuak entregatzeko, Batasunaren barnean erosteko edo inportatzeko, betiere baldintza hauek ematen badira:

1. Gutxienez lau urte igaro izana beste ibilgailu bat antzeko baldintzetan erosi zenetik.

Nolanahi ere, baldintza hori ez da eskatuko ibilgailuen erabateko hondamenaren kasuetan (aseguru-etxeak egiaztatuta), edo ibilgailuen behin betiko baja justifikatzen bada.

Mugikortasun murriztua duten edo gurpil-aulkian dauden minusbaliatuak garraiatzeko ibilgailuak erosteko baldintzak ez dira antzekotzat hartuko, baldin eta ibilgailu horiek autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari laguntzeko zerbitzu sozialak eskaintzen dituzten pertsona juridikoek edo entitateek erosi badituzte, hots, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatutakoek, bai eta Minusbaliatuak gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuek ere, betiere pertsona talde jakin batzuen ohiko garraiorako erabiltzen badira, edo pertsona talde jakin batzuek erabil ditzaten erosten badira, edo aurreko ibilgailua edo ibilgailuak erostea eragin zuten horien lurralde edo geografia eremuetan erabiltzeko badira.

Nolanahi ere, eskuratzaileak aurreko ibilgailua edo ibilgailuak erosteko suertatu ziren inguruabarrak aldatu direla justifikatu beharko du.

2. Gero “Inter vivos” egintzen bidez ez eskualdatzea, erosi eta ondoko lau urteko epean.

2. Zergari buruzko Foru Legearen 37.Bi.1.4 artikuluko bigarren lerroaldean aurreikusirako zerga-tasa aplikatzeko, aldez aurretik Nafarroako Zerga Ogasunak eskubidea aitortu beharko du, eta horretarako, eskuratzaileak eta desgaitasuna duenak eskaera sinatu beharko dute. Aitorpen hori, gertatzen bada, eskatzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

Egiaztatu beharko da ibilgailua mugikortasun murriztua duten edo gurpil-aulkian dauden minusbaliatuak garraiatzeko erabiliko dela. Hona, frogagiri gisa onartuko diren agiri batzuk:

a) Ibilgailuaren titulartasuna desgaituaren izenean egotea.

b) Eskuratzailea desgaituaren ezkontidea edo senidea izatea (ahaideak lerro zuzenekoak nahiz aldamenekoak izan, hirugarren graduraino).

c) Eskuratzailea desgaitasuna duenaren bikote egonkor gisa inskribatua egotea Nafarroako Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalean edo bizilekua duen autonomia erkidegokoan.

d) Eskuratzailea desgaituaren tutorea, legezko ordezkaria edo egitezko zaintzailea izatea.

e) Eskuratzaileak frogatzea desgaituarekin bizi dela erroldaren ziurtagiria aurkeztuz edo helbide fiskala etxebizitza berean izateagatik.

f) Ibilgailua pertsona juridiko batek erostea, pertsona horrek desgaitasuna dutenei laguntzeko jarduerak garatzen jardutea edo, kasua bada, bere plantillaren barnean langile desgaituak kontratatuak izatea, ibilgailua maiz erabiliko dutenak.

Desgaitasuna edo mugikortasun murriztua frogatzeko, Foru Komunitateko gizarte gaien zerbitzuek luzatutako ziurtagiria edo ebazpena beharko da, edo bestela Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoetako organo eskudunek luzatutakoa.

Nolanahi ere, ulertuko da honako hauek dutela %33ko edo gehiagoko desgaitasuna:

a) Ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia aitortua duten Gizarte Segurantzako pentsiodunak.

b) Lanerako ezintasun iraunkorragatik edo lanerako desgaitasunagatik erretiro pentsioa aitortua duten klase pasiboetako pentsiodunak.

c) Epaile batek aitorturiko desgaitasuna dutenak. Kasu horretan, frogatutako desgaitasuna %65ekoa izanen da, maila horretara iristen ez bada ere.

Honako hauek dira mugikortasun murriztua dutenak:

a) Itsuak edo ikusmen urritasuna dutenak, betiere Espainiako Itsuen Erakundeko (ONCE) kide direnak, baldin eta dagokion egiaztagiriaren bidez erakundeko kide direla frogatzen badute.

b) Desgaitasuna dutenentzako aparkatzeko txartelen titular direnak. Toki korporazioek, edo bestela, autonomia erkidegoek luzatuko dituzte txartel horiek, eta beharrezkoa izanen da autonomia erkidegoko gizarte gaien zerbitzuen egiaztagiria edo ebazpena izatea, edo bestela, Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidego bakoitzean eskumena duen organoak luzatutakoa, mugikortasun murriztua egiaztatzen duena.”

Hamabost.–18.2.c) artikulua.

“c) Zerga arautzen duen araudiak, Merkataritza Kodeak edo enpresaburu edo profesional izaera dutenei aplikatu beharreko bestelako arau batzuek ezartzen dituzten betebehar formalak, erregistrokoak eta kontabilitatekoak betetzea.

Ildo horretatik, zehazki, honako betebehar hauek betetzen direla hartuko da aintzat:

a’) Erroldaren aitorpena aurkeztea, non administrazioari jakinaraziko zaion enpresa eta lanbide jarduerei hasiera eman zaiela eta, horretarako, ondasunak edo zerbitzuak erosi edo inportatu dituela jarduera horiek gauzatzeko, Zergari buruzko Foru Legearen 109.1.1 artikuluan aipatutakoaren arabera.

b’) Erregelamendu honen X. tituluan eskatutako kontabilitate arloko betebeharrak zuzen betetzea, eta zehazki, jasotako fakturen erregistro-liburuarena, eta betiere, inbertsio-ondasunen erregistro-liburuarena.”

Hamasei.–19.1.1 eta 2 artikuluak, lehenbiziko lerroaldea.

“1. Subjektu pasiboek aukera izanen dute kenkarien arloko eskaera hauek egiteko, adierazitako epeetan eta ondorioekin:

1. Hainbanaketa berezia aplikatzeko aukera, Zergari buruzko Foru Legearen 49.2.1 artikuluan aipatua.

Honela gauzatzen ahalko da aukera hori:

a) Oro har, urte natural bakoitzari dagokion zergaren azken aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatzen den arte; hala eginez gero, urte horretan aplikatutako kenkariak erregularizatuko dira.

b) Enpresa edo lanbide jarduerak hasten direnean, alde batera utzita aurretik egiten ziren jarduerez bestelako sektore batekoak diren, jarduera horiei dagozkien ondasunak edo zerbitzuak ohikotasunez banatzen edo ematen hasten deneko aldiari dagokion aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatzen den arte.

Hainbanaketa bereziaren araua aplikatzeko aukerak ondorioak izanen ditu subjektu pasiboak errebokatzen duen arte; nolanahi ere, aplikazioak hiru urte naturaleko gutxieneko balioa izanen du, barnean sartuta baliatutako aukeraren urte naturala.

Errebokazioa egiteko, aipatutako gutxieneko epea igaro beharko da, eta urte natural bakoitzari dagokion zergaren azken aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatu arte egiten ahalko da; hala eginez gero, urte horretan aplikatutako kenkariak erregularizatuko dira.”

“2. Aurreko idatz-zatian aipatutako eskaerak, uko egitea, eta horren aukera eta errebokatzea Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean eginen dira, horretarako prestatutako eredua aurkeztuz.”

Hamazazpi.–20.10. artikulua, d) letra.

“d) Nekazaritzako konpentsazioak ordaintzen dituzten enpresaburu edo profesionalen eragiketak, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 16.1 artikuluan aipatutako erreziboa luzatu dutenean. Erregelamendu hori apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.”

Hemezortzi.–20.bis artikuluaren titulua.

“20.bis artikulua.–Zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan eta Melillan finkatuta dauden enpresaburuek edo profesionalek dirua itzultzeko egindako eskaerak, Europar Batasunaren barnean egindako eragiketek jasandako kuotei dagozkienak, zergaren aplikazio lurraldean egin diren eragiketen kuotei dagozkienak izan ezik.”

Hemeretzi.–25.2 artikulua.

“2. Aurreko zenbakiko 3. inguruabarrak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboaren araubidearen aplikaziotik kanpo geratzen den urtetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Aurreko zenbakiko 4. inguruabarrak inguruabarra gertatu eta hurrengo urtetik aurrera izanen ditu ondorioak, salbu eta subjektu pasiboak ez badu aurretik enpresa edo lanbide jarduerarik egin; kasu horretan, bazterketak jarduerak hasten diren unetik izanen ditu ondorioak.”

Hogei.–50 bis.3 artikulua.

“3. Zergari buruzko Foru Legearen 108 sexies. Bost artikuluan ezarritako aukeraz baliatzen diren entitateek foru legearen 49.2.1 artikuluan aipatutako hainbanaketa bereziaren araua aplikatzen ahalko dute talde barruko eragiketen sektore bereiztuari dagokionez, derrigorrez aplikatzea galarazi gabe, aipatu foru legearen 49.2.2 artikuluaren arabera.

Entitate bakoitzak erabakiko du aukera horretaz baliatzea ala ez, eta horrek ez du galaraziko entitate horiek gainerako sektore bereiziekiko izan ditzaketen aukerak baliatzea, halakorik bada.

Honela baliatuko da aukera:

a) Oro har, urte natural bakoitzari dagokion zergaren azken aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatzen den arte; hala eginez gero, urte horretan aplikatutako kenkariak erregularizatuko dira.

b) Enpresa edo lanbide jarduerak hasten direnean, alde batera utzita aurretik egiten ziren jarduerez bestelako sektore batekoak diren, jarduera horiei dagozkien ondasunak edo zerbitzuak ohikotasunez banatzen edo ematen hasten deneko aldiari dagokion aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatzen den arte.

Hainbanaketa bereziaren araua aplikatzeko aukerak ondorioak izanen ditu subjektu pasiboak errebokatzen duen arte; nolanahi ere, aplikazioak hiru urte naturaleko gutxieneko balioa izanen du, barnean sartuta baliatutako aukeraren urte naturala.

Errebokazioa egiteko, aipatutako gutxieneko epea igaro beharko da, eta urte natural bakoitzari dagokion zergaren azken aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatu arte egiten ahalko da; hala eginez gero, urte horretan aplikatutako kenkariak erregularizatuko dira.”

Hogeita bat.–VIII. kapitulua gehitzea VIII. tituluari.

VIII. KAPITULUA

Kutxa-irizpidearen araubide berezia

50. septies artikulua.–Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzeko aukera.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 108.undecies artikuluan aipatutako aukera jardueraren hasieraren aitorpena aurkeztearekin batera baliatuko da, edo bestela, ondorioak izanen dituen urte naturala hasi aurreko abenduan, eta ulertuko da hurrengo urteetarako luzatuko dela, horri uko egin edo araubide horretatik baztertzen den arte.

2. Aukerak honakoak bilduko ditu: subjektu pasiboak egindako eta, Zergari buruzko Foru Legearen 108 duodecies artikuluko 2. idatz-zatian xedatuaren arabera, araubide berezitik baztertuak ez dauden jarduera guztiak.

50. octies artikulua.–Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzeari uko egitea.

Araubide bereziari uko egiteko, jakinarazpena igorriko zaio Nafarroako Zerga Ogasunari, eta horretarako, dagokion erroldaren aitorpena aurkeztuko da ondorioak izanen dituen urte naturalaren aurreko abenduan.

Uko egiteak hiru urteko gutxieneko epe baterako izanen ditu ondorioak.

50. nonies artikulua.–Kutxa-irizpidearen araubide berezitik kanpo geratzea.

Araubide berezi hori aplikatzearen alde egin duten subjektu pasiboak araubidetik kanpo geratuko dira baldin eta urte naturalean egindako jardueren bolumenak 2.000.000 euro gainditzen baditu.

Subjektu pasiboak urte naturalean hasi dituenean enpresa edo lanbide jarduerak, zenbateko hori urtebetekotzat jo beharko da.

Urte naturalean hartzaile bat berari buruzko eskudirutako kobrantzak 100.000 euroko zenbatekoa gainditzen duenean, subjektu pasiboak kutxa-irizpidearen araubide berezitik baztertuko dira.

Araubidetik kanpo geratzeak hori eragin duten inguruabarrak gertatu eta hurrengo urtean izanen ditu ondorioak. Kausa horiengatik kanpoan geratu diren subjektu pasiboek, ez badituzte aipatu zenbatekoen mugak gainditzen hurrengo ekitaldietan, araubide berezia berriro aplikatzeko aukera izanen dute 50.septies artikuluan adierazitako moduan.

50. decies artikulua.–Erregistroko berariazko betebeharrak.

1. Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek honako informazio hau sartu beharko dute luzatutako fakturen erregistro-liburuan, erregelamendu honen 54. artikuluan aipatzen denaren arabera:

1. Eragiketa osorik edo hein batean kobratu zeneko eguna, aparte adierazita zenbatekoa.

2. Banku-kontua edo kobratzeko erabilitako bitartekoa, eragiketa osorik edo hein batean kobratu dela egiaztatzeko.

2. Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, eta kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende egon gabe, araubide horren mendeko eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek honako informazio hau sartu beharko dute jasotako fakturen erregistro-liburuan, erregelamenduaren 55. artikuluan adierazitakoaren arabera:

1. Eragiketa osorik edo hein batean kobratu zeneko eguna, aparte adierazita zenbatekoa.

2. Eragiketa kobratzeko erabilitako bitartekoa, eragiketa osorik edo hein batean kobratu dela egiaztatzeko.

50. undecies artikulua.–Fakturatzeko berariazko betebeharrak.

1. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek araubide hori aplikatzekoa zaien eragiketetan luzatutako faktura guztietan eta horien kopietan “kutxa-irizpidearen araubide berezia” aipamena agertuko da. Aipatu erregelamendua apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mendeko eragiketen faktura eragiketa horiek egiten diren unean bertan luzatuko da, salbu eta eragiketaren hartzailea enpresaburua edo profesionala denean; izan ere, kasu horretan, faktura eragiketa egin eta hurrengo hileko 16a baino lehen egin beharko da. Aipatu erregelamendua apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.”

Hogeita bi.–54.3, 4. eta 6. artikuluak.

“3. Luzatutako fakturen erregistro-liburuan inskribatuko dira banan-banan luzatutako fakturak, bai eta honako datu hauek ere: fakturaren zenbakia, eta kasua bada, seriea, eman zeneko data, egindako eragiketen eguna (baldin eta aurrekoaren desberdina bada), hartzailearen izen-abizenak, sozietate-izena edo entitatearen izena osorik, eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eragiketen zerga-oinarria (Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluen arabera zehaztua), eta kasua bada, zerga-tasa, zerga-kuota eta eragiketa kutxa-irizpidearen araubide bereziaren arabera gauzatu den ala ez, eta kasu horretan, erregelamendu honen 50 decies.1 artikuluan adierazitako aipamenak sartu beharko dira.

4. Fakturen idatzoharra banan-banan egin beharrean, laburpen-idazpenak egin daitezke. Horietan agerraraziko da zein data edo alditan luzatu diren, zerga-oinarri osoa, zerga-tasa, hurrenez hurren zenbakitutako eta data berean luzatutako fakturen kuota osoa, eta idatzoharrean jasotako fakturen lehen eta azken zenbakiak, eta eragiketak kutxa-irizpidearen araubide bereziaren arabera egin ote diren; hala bada, 50 decies.1 artikuluaren adierazitako aipamenak sartu beharko dira, betiere aldi berean baldintza hauek betetzen badira:

a) Luzatutako fakturetan ezinbestekoa ez izatea hartzailearen identifikazioa, Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

b) Dokumentatutako eragiketen sorrarazpena hilabete natural beraren barnean izatea.

c) Horietan dokumentatutako eragiketei zerga-tasa bera aplikatu ahal izatea.

Faktura beraren idatzoharra hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan egitea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.”

“6. Era berean, bereizita idatzi beharko dira zuzenketa-fakturak, hots, 4. idatz-zatian aipatutako erregelamenduaren 15. artikuluan adierazitakoak, zenbakia, eman zireneko data, hartzailearen identifikazioa, zerga-oinarria, zerga-tasa eta zerga-kuota adierazita.”

Hogeita hiru.–55.4 artikulua, lehenbiziko lerroaldea.

“4. Jasotako fakturen erregistro-liburuan inskribatuko dira, banan-banan, jasotako fakturak eta, halakorik bada, aduanako agiriak eta aurrean aipatu gainerakoak. Datu hauek jarriko dira: agiriaren harrera zenbakia, luzapen data, eragiketaren data (luzapen data bera ez bada eta aipatu agirian hala ageri bada), agiria luzatu behar duenaren izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluei jarraituz zehaztutako zerga-oinarria eta, halakorik bada, zerga-tasa, zerga-kuota, eta eragiketa kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende dagoen ala ez; kasu horretan, erregelamendu honen 50 decies.2 artikuluko aipamenak sartu beharko dira.

Hogeita lau.–55.5 artikulua.

“5. Data berean jaso diren faktura guztien laburpen-idazpen orokorra idazten ahalko da, eta bertan agertuko dira hartzaileak fakturei esleitutako lehen eta azken zenbakiak, hornitzaile bakar batengandik heldu badira, zerga-oinarri guztien batura eta zerga-kuota osoa, eta eragiketak kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mende dauden ala ez (eta, kasu horretan, 50 decies.2 artikuluko aipamenak sartuko dira), baldin eta eragiketa guztien zenbateko osoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 6.000 eurotik gorakoa ez bada, eta faktura bakoitzean ageri diren eragiketen zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe, 500 eurotik gorakoa ez bada.”

Hogeita bost.–60. artikulua, 5. zenbakia gehitzea.

“5. Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eta erregistroan idatzi beharrekoak diren eragiketak erregistro-liburu orokorretan idatzi beharko dira aurreko zenbakietan ezarritako epeetan, eragiketa horiei aipatu araubide berezia aplikatu ez balitzaie bezala, kobrantza edo ordainketa osoak edo partzialak egiteko unean osatu beharreko datuak galarazi gabe.”

Hogeita sei.–62.5 artikulua eta hurrengoak.

5. Subjektu pasiboa konkurtsopean deklaratu bada, bi aitorpen-likidazio aurkeztu beharko ditu, aurreko idatz-zatian adierazitako epean, hain zuzen ere, konkurtsoa deklaratu den hiruhilekoari edo hilabeteari dagokion likidazio aldiari dagozkionak, bata aitorpen horren aurreko zergapeko egintzei buruzkoa, eta bestea, ondokoei buruzkoa.

Kasu horretan, konkurtsoa deklaratu aurreko zergapeko egintzei buruzko aitorpen-likidazioak subjektu pasiboaren aldeko saldoa ematen badu, saldo hori aipatu aitorpenaren ondoko zergapeko egintzei dagokien aitorpen-likidazioan berdintzen ahalko da.

Subjektu pasiboak ez badu hautatzen aurreko lerroaldean aipatutako berdinketa, konkurtsoa deklaratu aurreko zergapeko egintzei dagokien likidazio-aitorpenak haren alde ematen duen saldoa berdinketari eta dirua itzultzeko eskaera egiteko eskubideari buruzko arauen mende geratuko da. Subjektu pasiboak berdinketa hautatzen badu, konkurtsoa deklaratu ondoko zergapeko egintzei dagokien aitorpen-likidazioak haren alde ematen duen saldoa, aipatu berdinketa aplikatu ondoren, berdinketari eta dirua itzultzeko eskaera egiteko eskubideari buruzko arauen mende geratuko da.

6. Aitorpen-likidazioa, aurreko idatz-zatian aurreikusitako salbuespenarekin, bakarra izanen da enpresaburu edo profesional bakoitzarentzat, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak zergaren gaineko araubide bereziei buruz ezartzen duena galarazi gabe, eta erregelamendu honen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Nolanahi ere, subjektu pasibo ezberdinen aitorpen-likidazioak dokumentu berean batera aurkezteko baimena ematen ahalko da, baimen bakoitzean ezartzen diren kasuetan eta baldintzekin.

Baimenak edozein unetan errebokatzen ahalko dira.

7. Artikulu honetako 4. eta 5. zenbakietan aipatutako aitorpen-likidazioez gain, subjektu pasiboek urteko aitorpen laburtua aurkeztu beharko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak kasu bakoitzerako onetsitako tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, betiere urtarrilaren 31 baino lehen.

Batera egindako aitorpen-likidazioetan sartutako subjektu pasiboek urteko aitorpen laburtua egin beharko dute aurreko lerroaldean ezarritako tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan.

Zergari buruzko Foru Legearen 17. eta 23. artikuluetan sartutako eragiketak soilik egiten dituzten subjektu pasiboek ez dute urteko aitorpen laburtu hori aurkezteko beharrik izanen.

8. Ondoren zehazten direnek aitorpen-likidazio berezia aurkeztu beharko dute, ez aldirokoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezarritako tokian, moduan, epeetan eta hark emandako inprimakien bidez:

1. Balio Erantsiari buruzko Foru Legearen 5. artikuluaren 1. zenbakiaren e) letran adierazitako pertsonak, Batasuneko beste estatu baterako norakoa duten garraiobide berrien entregengatik.

2. Zergari lotuta dauden garraiobide berriak Batasunaren barruan eskuratzen dituztenak, Zergari buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoa betez.

3. Enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoak, baldin eta Batasunaren barruan ondasunak (garraiobide berriak ez direnak) eskuratzen badituzte eta eskurapen horiek zergari lotuta badaude; eta Zergari buruzko Foru Legearen 5. artikuluko 4. zenbakian xedatutakoaren arabera enpresaburutzat edo profesionaltzat hartzen badira.

4. Kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen ez duten eragiketak edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia nahiz baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikatu ahal zaizkien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta zergari lotuta dauden ondasunen eskurapenak egiten badituzte Batasunaren barruan edo Zergari buruzko Foru Legearen 31.1. artikuluko 2. idatz-zatian jasotako eragiketen hartzaileak badira.

5. Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia aplikatu ahal zaien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta zergari lotuta eta hori ordaintzetik salbuetsita ez dauden higiezinetako inbertsioko ondasunak ematen badituzte, eta horien ondorioz zerga likidatu eta ordaindu behar badute, Zergari buruzko Foru Legearen 74.1. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

6. Baliokidetasun errekarguaren araubide berezia aplikatu ahal zaien jarduerak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboak, baldin eta Ogasun Publikoari eskatzen badiote bidaiariei ordaindu dizkioten kuotak itzultzeko, kuota horiek zerga ordaintzetik salbuetsita dauden ondasunen entregei badagozkie Foru Lege Arautzailearen 18. artikuluko 2. idatz-zatiaren A) letran xedatutakoaren arabera, eta zergari buruzko foru legearen 17. artikuluko 2. zenbakian eta erregelamendu honen 8.1 artikuluan ezarritako salbuespena aplikatzeari uko egin dioten eragiketak egiten badituzte.

7. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak zehazten dituen pertsonak edo entitateak.

9. Zerga Administrazioak hitzarmenak sinatu ahalko ditu beste administrazio publiko batzuekin, entitateekin eta sektore edo interes sozialak, laboralak, enpresakoak edo profesionalak ordezkatzen dituzten erakundeekin, zerga honen aitorpen-likidazioak aurkezteko gizartearen lankidetza gauzatzeko.

Aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmenak, besteak beste, ondoko alderdiei buruzkoak izanen dira:

1. Informazio eta zabalkunde kanpainak.

2. Aitorpen-likidazioak egiteko eta modu egokian eta egiazkoan betetzeko laguntza.

3. Aitorpen-likidazioak Zerga Administrazioari igortzea.

4. Akatsak zuzentzea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

5. Ofiziozko itzulketen tramitazioa nola dagoen jakinaraztea, subjektu pasiboek baimena eman ondoren.

Zerga administrazioak jarduera horiek burutzeko behar den laguntza emanen du, baina horrek ez du kenduko zerbitzu horiek subjektu pasibo guztiei emateko ahalbidea.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak, foru agindu baten bidez, baldintza batzuk ezarriko ditu hitzarmenak sinatu dituzten entitateek aitorpen-likidazioak, urteko aitorpen-laburpenak edo zerga arloko arauek eskatutako beste edozein agiri baliabide telematikoen bidez aurkezteko, hirugarren pertsonen izenean.

Halaber, foru agindu horretan aurreikusi ahalko da bestelako pertsona edo entitateek baliabide telematikoen bidezko aurkezpen sistema hori erabiltzeko aukera, hirugarren pertsonen izenean.”

Hogeita zazpi.–Zergari buruzko Erregelamenduan “ordezko dokumentua” edo “ordezko dokumentuak” aipamenak kentzen dira, zehazki manu hauetan ageri direnak: 40.a).4 artikulua; 40.b).4 artikulua; 54.1 artikuluko lehenbiziko lerroaldea; 60.2 artikulua eta bosgarren xedapen gehigarria.1.b).

Bigarren artikulua.–Abuztuaren 19ko 188/2002 Foru Agindua, zerga gaietako diru-sarrera bidegabeak nola itzuli eta tributupekoen tributu jardunen gaineko zuzenketa eskaerak, inpugnazioak eta eztabaidak arautzen dituena, aldatzea.

Honela idatzita geratuko dira abuztuaren 19ko 188/2002 Foru Dekretuaren agindu hauek:

Bat.–5.1. artikulua.

“1. Bidegabe egindako diru-sarrera, tributupekoarena dela onartua, izanen da diru-sarrera bidegabearen ondorioz itzuliko den zenbatekoa.

Legez beste pertsona edo entitate batzuek jasanarazi beharreko tributuetan, jasanarazpen bidegabea egiten duenak eskubidea badu jasandako edo ordaindutako kuotak osorik edo hein batean kentzeko, 15.2.Bi.3 artikuluan ezarritakoa hartuko da aintzat.

Bi.–15.2. artikulua.

“2. Bat.–Diru-sarrera bidegabeak itzultzeko eskaera honakoek egiten ahalko dute nahitaez jasanarazi beharreko tributu kuoten gainekoa denean:

a) haiek jasanarazi dituen subjektu pasiboak, aurreko artikuluak agintzen duenaren arabera, eta foru dekretu honen 17. artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe.

b) jasanarazpenak jasan dituen pertsonak edo entitateak.

Bi.–Dirua diru-sarrera Foru Komunitateko Diruzaintzan egin zuen subjektu pasiboari itzuliko zaio, horrek jasanarazpena jasan zutenei ordaintzeko garatu beharreko jarduketak galarazi gabe.

Nolanahi ere, jasanarazitako kuotak horiek jasan dituen pertsonari edo entitateari itzuliko zaizkio, betiere baldintza hauek betetzen badira:

1. Jasanarazpena legezko eginbeharraren ondorioz egin izana.

2. Jasanarazpena faktura bidez egin izana, araudi erregulatzaileak hala ezartzen duenean.

3. Bidegabeki jasanarazitako kuotak ordaindu izana. Zerga bidegabeki jasanarazi duen pertsonak edo entitateak eskubidea duenean jasandako edo ordaindutako kuotak osorik edo hein batean kentzeko, ulertuko da bidegabeki jasanarazitako kuotak ordaindu direla pertsona edo entitate horrek bere zergaren autolikidazioan kontsignatzen dituenean, autolikidazio horren emaitza gorabehera.

Aurrekoa gorabehera, autolikidazioaren emaitzaren dirua sartu ez bada ordaindu beharreko autolikidazioen kasuan, bidegabeki jasanarazitako kuota soilik itzuliko da ordaintzeke dagoen autolikidazioaren emaitza baino handiagoa bada, eta hori ezin izanen zaio eskatu itzulketaren xede ez den eta bidegabeki jasanarazi den kuota jasanarazi zuenari.”

Zerga Administrazioak, dirua itzuli baino lehen, zerga bidegabeki jasanarazi duen pertsonaren edo entitatearen zerga-egoera egiaztatuko du.

4. Zerga Administrazioak dirua itzultzeko eskaera eragin duten jasanarazitako kuota bidegabeak ez itzultzea horiek jasan zituenari, jasanarazi zituenari edo hirugarren bati.

5. Jasanarazpena jasan duen tributudunak eskubiderik ez izatea jasandako kuotak kentzeko. Horiek hein batean kentzeko eskubidea balu, kengarria ez den zenbatekoa itzuliko zaio.”

Hirugarren artikulua. Ekainaren 17ko 129/2002 Foru Dekretua, tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautzen dituena, aldatzea.

Honela idatzita geratuko dira ekainaren 17ko 129/2002 Foru Dekretuaren eranskineko manuak. Foru dekretu horren bidez, tributu arloko zenbait prozeduraren gehieneko epeak eta administrazioaren isiltasunak sortutako ondorioak arautu ziren.

Bat. B) 1:

“1. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan jasotzen diren prozedura batzuk, honako hauek alegia:

a) Fakturatu beharraz salbuesteko baimena, 3.1.d) artikuluan azaltzen dena.

b) Faktura egin beharrean faktura erraztua erabiltzeko baimena, 4.3 artikuluan azaltzen dena.

c) Baimena, faktura erraztuetan erregelamenduaren 7.1 artikuluko zenbait aipamen ager ez daitezen. Baimen hori 7.4.b) artikuluan dago aurreikusia.”

Bi. C).

“Hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada onartutzat har daitezkeen prozedurak:

Entitate edo establezimendu batzuek duten izaera sozialaren kalifikazioa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3 artikuluan eta Erregelamenduaren 6. artikuluan araututakoaren arabera.

Hiru. D) 2:

“2. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan jasotzen diren prozedura batzuk, honako hauek alegia:

a) Jasotzaileak edo hirugarren batek fakturak egiteko baimenaren prozedura, Erregelamenduaren 5.4 artikuluan arautua dagoena.

b) Baimena emateko prozedura, ez dadin ezinbestekoa izan zuzenketa-fakturetan zuzendutako fakturak zehaztea, eta nahikoa izan dadin zein epetakoa diren jartzea, 15.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.”

Laugarren artikulua.–69/2010 Foru Dekretua, azaroaren 8koa, hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena arautzen duena eta zerga edukia duten beste arau batzuk aldatzen dituena, aldatzea.

Honela idatzita agertuko dira azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuaren manuak:

Bat.–1.1 artikulua, hirugarren lerroaldea gehitzea.

“Jabetza horizontalari buruzko ekainaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateek, eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3 artikuluan aipatutako izaera sozialeko entitate edo establezimendu pribatuek hirugarrenekin egindako urteko eragiketen aitorpenean sartuko dituzte enpresa edo lanbide jardueretatik kanpo erosten edo jasotzen dituzten ondasunak edo zerbitzuak, horrelako jarduerak egiten ez badituzte ere.”

Bi.–2.b) artikulua, bigarren lerroalde bat gehitzea.

“Aurrekoa gorabehera, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide erraztuaren mende dauden subjektu pasiboek hirugarrenekin egindako jardueren urteko aitorpenean sartuko dituzte erositako ondasunak eta zerbitzuak, baldin eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregelamenduaren 29.1 artikuluan aipatutako jasotako fakturen erregistro-liburuan idatzi beharrekoak badira. Erregelamendu hori, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.”

Hiru.–3.1. artikulua.

“1. 1.1 artikuluan aipatzen diren tributudunek, pertsona edo entitateren batekin edo batzuekin (edozein izaeratakoak direla ere) eragiketak egin badituzte, eta dagokion urte naturalean pertsona edo entitate haietako bakoitzarekin egindako eragiketa guztien zenbatekoa 3.005,06 eurotik gorakoa izan bada, urteko aitorpenean pertsona edo entitate horien zerrenda aurkeztu beharko dute.

Aurreko lerroaldean aipatutako informazioa hiruhilekotan desglosatua emanen da. Ondorio horietarako, bereizita zenbatuko dira ondasun eta zerbitzuen emateak, batetik, eta haien eskurapenak, bestetik.

Aurreko paragrafoetan xedatuta dagoenaren ondorioetarako, eragiketatzat hartuko dira bai ondasun emateak eta zerbitzu egiteak, baita haien eskurapenak ere. Bi kasuetan ohiko eragiketak eta noizbehinkakoak sartuko dira, bai, halaber, ondasun higiezinen inguruko eragiketak eta ematen edo jasotzen dituzten diru-laguntza, sorospen edo laguntzak, itzulgarriak ez badira.

Hurrengo idatz-zatian adieraziko diren salbuespenekin, balio erantsiaren gaineko zergari lotuta dauden eta hartatik salbuetsita ez dauden ondasun emateak eta zerbitzu egiteak eta horien eskurapenak sartuko dira urteko aitorpenean, baita zerga horri lotuta ez dauden edo hartatik salbuetsita daudenak ere.

Aseguru entitateek aseguru-eragiketak sartuko dituzte beren urteko aitorpenean.

Ondorio horietarako, hartutako prima edo kontraprestazioen zenbatekoa eta ordaindutako kalte-ordain edo prestazioen zenbatekoa hartuko dira kontuan, eta eragiketa horiei ez zaie inola ere aplikatuko hurrengo idatz-zatiko a) letran xedatuta dagoena.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek, eta araubide horretan sartutako eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek beren urteko aitorpenean sartu beharko dituzte urte naturalean zehar sorrarazitako zenbatekoak, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren 19/1992 Foru Legearen 24. artikuluan jasotako sorrarazpen arau orokorrarekin bat; eragiketa horiek urteko aitorpenean ere sartuko dira, urte naturalean sorrarazitako zenbatekoekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan ezarritakoarekin bat.

Idatz-zati honetako bigarren lerroaldean xedatutakoaren salbuespen gisa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak egiten dituzten subjektu pasiboek, eta Jabetza horizontalari buruzko ekainaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateek urteko aitorpenean jarri beharreko informazio guztia eman beharko dute urteko konputuaren oinarriari buruz. Era berean, kutxa-irizpidearen araubide bereziaren barnean sartutako eragiketen hartzaileak diren subjektu pasiboek aurreko lerroaldean aipatutako eragiketei buruzko informazioa eman beharko dute urteko konputuaren oinarriari buruz.”

Lau.–3.2 artikulua, a) eta f) letrak.

“a) Tributudunei faktura egin eta eman beharra sortu ez dieten ondasun emateak eta zerbitzu egiteak, eta, orobat, balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezian, eskuratzaileak egindako ordainagiria sinatu beharra sortu ez dietenak eta jasotzailearen identifikazio-datuak agertzea behar izan ez dutenak.”

“f) Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.3. artikuluan aipatutako gizarte erakunde edo establezimenduek beren jarduera sektorean egindako eragiketak, horien ondasun emateak eta zerbitzu egiteak zergatik salbuetsita badaude, 1.1 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.”

Bost.–3.3 artikuluko azken lerroaldea.

“Halaber, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 2.2 artikuluan aipatutako administrazio publikoetan sartutako entitateek aipatu aitorpenean jarri beharko dute zein pertsonari edo entitateri ordaindu dizkioten diru-laguntzak, sorospenak eta laguntzak, zenbatekoa gorabehera, galarazi gabe kasu horretan aurreko zenbakiko i) letran aurreikusitako salbuespena aplikatzea.

Sei.–3. artikulua, 5. eta 6. zenbakiak gehitzea.

“5. Jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateei dagokienez, 1.1 artikuluan aipatutako aitortzeko betebeharretik kanpo geratuko dira eragiketa hauek:

–Energia elektrikoa eta edozein motatako erregaiak hornitzea erkidegoaren erabilerarako eta kontsumorako badira.

–Ura hornitzea erkidegoaren erabilera eta kontsumorako badira.

–Xedetzat eremu eta elementu komunak aseguratzea duten aseguruen ondoriozkoak.

6. Jabetza horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legea aplikatzekoa zaien entitateei dagokienez, 1.1 artikuluan aipatutako aitortzeko betebeharretik kanpo geratuko dira eragiketa hauek:

–Ura, energia elektrikoa eta erregaiak hornitzea.

–Aseguruen ondoriozkoak.”

Zazpi. 4.1 artikulua, b) letra, f) letra, lehenbiziko lerroaldea eta j), k) eta l) letrak gehitzea.

“b) Izen-abizenak, edo sozietate-izena edo entitatearen izen osoa, bai eta aitorpenean sartutako pertsona edo entitate guztien identifikazio fiskaleko zenbakia ere, edo kasua bada, eragiketa zer enpresabururekin edo profesionalekin egiten den, haren establezimendua kokatzen den estatu kideak hari esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako.”

“f) Bidaia-agentziek bereizita adieraziko dituzte inoren kontura eta izenean egiten dituzten bitartekaritza zerbitzuen kontratazioak, hain zuzen ere Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako horren) hirugarren xedapen gehigarrian adierazitako eskakizunak betetzen dituzten horiek.

“j) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak alderdi berdinen artean egiten diren beste jardueretatik bereizita idatziko dira. Eragiketa horiek irizpide hauei jarraikiz kontsignatuko dira:

Sorrarazten diren unean bertan, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 24. artikuluan jasotako sorrarazpen arau orokorrarekin bat, eragiketa horiei araubide berezia aplikatu ez balitzaie bezala.

Horien sorrarazpen osoa edo partziala egiten denean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan jasotako irizpideekin bat.

k) Subjektu pasiboa eragiketen hartzailea den eragiketen kasuan, alderdi berdinen artean egiten diren beste eragiketetatik bereizita idatziko dira, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 31.1.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

l) Alderdi berdinen artean egindako bestelako jardueretatik bereizita idatziko dira, Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsitako eragiketak, aduanez besteko gordailu araubideari lotutako edo araubide horretara lotuak izatera bideratutako ondasunak izateagatik (Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen eranskineko bosgarren idatz-zatia).”

Zortzi.–5.1 artikulua, hirugarren lerroalde bat gehitzea.

“Nolanahi ere, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketak (aurreko artikuluko hirugarren lerroaldeko 1.j) zenbakia) horien sorrarazpen osoa edo partzialari dagokion urte naturalean kontsignatuko dira dagozkien zenbatekoekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 108 terdecies artikuluan jasotako irizpideekin bat.”

Bosgarren artikulua.–Apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretua, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duena, aldatzea.

Honela idatzita geldituko dira Fakturazio Erregelamenduaren (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsiaren) ondorengo manuak:

Bat.–3.2. artikulua.

“2. Ez da beharrezkoa izanen faktura luzatzea Zergari buruzko Foru Legearen 17.1.14 artikuluko a) letratik n)-ra bitarte eta 15. artikuluan definitutako zerbitzuak emateagatik, salbuespen hauekin:

–Horiei aplikatu beharreko lokalizazio arauekin bat, ulertzen bada zergaren aplikazio lurraldean edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean egin direla eta horren mende badaude eta ez salbuetsiak.

–Horiei aplikatu beharreko lokalizazio arauekin bat, ulertzen bada zergaren aplikazio lurraldean, Kanarietan, Ceutan edo Melillan egin direla, haren mende eta salbuetsiak badaude, eta aseguru-etxeak eta kreditu erakundeak ez diren enpresaburuek edo profesionalek egin badituzte, beren jarduera ekonomikoaren edo aipatu lurraldean kokatutako establezimendu iraunkorraren bidez.”

Bi.–6.1 artikulua, o) letra gehitzea.

“o) Kutxa-irizpidearem araubide berezia aplikatuz gero, “kutxa-irizpidearen araubidea” aipamena.

Hiru.–7.1.i) artikulua.

i) Erregelamendu honen 6.1 artikuluko j)tik o)ra bitarteko letretan aipatzen diren kasuetan, haietan egiten diren aipamenak jasoko dira.

Lau.–11. artikulua, 3. zenbakia gehitzea.

“3. Zergari buruzko Foru Legearen VIII. tituluaren X. kapituluan araututako kutxa-irizpidearen araubide bereziaren mendeko eragiketetan, eragiketa egin eta hurrengo hilabetearen 16a baino lehen luzatuko da faktura.”

Lehen xedapen iragankorra.–Hainbanaketa bereziaren araua 2013ko ekitaldian aplikatzeko aukera.

Hainbanaketa bereziaren araua 2013ko ekitaldian aplikatzeko aukera erabiltzeko, dagokion aitorpena aurkeztu beharko da 2013. urteari dagokion zergaren azken aitorpen-likidazioa aurkezteko epea bukatu baino lehen. Hainbanaketa bereziaren araua aplikatzeko aukera Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregelamenduaren 19.1.1.a) eta 50.bis.3.a) artikuluetan dago jasoa.

Bigarren xedapen iragankorra.–Kutxa-irizpidearen araubide bereziaren aukera 2013ko abenduaren 31n jardunean dauden enpresaburu edo profesionalentzat.

Honako hauek erabiltzen ahalko dute 50 septies artikuluan aipatutako kutxa-irizpidearen araubide bereziaren aukera:

a) Enpresaburu edo profesionalek, baldin eta, 62.3 artikuluaren arabera, likidazio aldia hilabete naturalarekin bat badator, 2014ko urtarrilari dagokion likidazioaren aitorpena aurkezteko epea bukatzen den arte.

b) Enpresaburu edo profesionalek, baldin eta, 62.3 artikuluari jarraikiz, likidazio aldia bat badator hiruhileko naturalarekin, 2014ko martxoaren 15a arte.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, baina 2014ko urtarrilaren 1az geroztik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2013ko abenduaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1318004