Iragarkia
65. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ITZAGA ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Behin betiko onespena, Lizentziak oro har eta zehazki hirigintzakoak emateko tasak arautzen dituen udal ordenantzarena, Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantzarena, Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzarena eta Zoru, hegalkin eta zorupearen aprobetxamendu berezien
tasak arautzen dituen ordenantzarena
Itzaga Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen batzarrak, 2013ko azaroaren 26an egin bilkuran, honako hauen hasiera bateko onespena erabaki zuen:
–Udal ordenantza, Lizentziak oro har eta zehazki hirigintzakoak emateko tasak arautzen dituena.
–Udal ordenantza, Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituena.
–Udal ordenantza, Diru-laguntzak arautzen dituena.
–Udal ordenantza, Zoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituena.
Erabakiaren onespenaren iragarkia 2014ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 24an. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behin betiko onetsi dira Lizentziak oro har eta zehazki hirigintzakoak emateko tasak arautzen dituen udal ordenantza, Agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza, Diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza eta Zoru, hegalkin eta zorupearen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza, eta argitara daitezen agindu da, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Urrotz-Hirian, 2014ko martxoaren 6an.–Jarduneko mankomunitateburua, Fermín Julián García Gobeo.
ORDENANTZA, LIZENTZIAK ORO HAR ETA ZEHAZKI HIRIGINTZAKOAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza da zerbitzu teknikoak edo administratiboak ematea gainbegiratzeko ea eraikuntza egintzak, lurzoruaren erabilera, eraikinen lehen okupazioa etab. egokitzen zaizkion oro har antolamendu juridikoari eta, bereziki, hirigintzakoari.
3. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, udal jarduera hirigintzako edo bestelako jarduera hauetan gauzatzen da, besteak beste:
–Partikularrek aurkeztu antolamendurako plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, partikularrek aurkeztutako antolamendurako birzatiketak tramitatzea.
–Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legearen 189. artikuluan zehaztutako lizentzia eskaerak.
–Jarduera lizentzia, irekitzekoa, lehen okupaziokoa etab.
Ordaindu beharra
4. artikulua. Zergak ordaindu beharra lizentzia ematen den unean hasten da. Ez da tasarik sortuko interesdunak eskabideari uko egiten badio lizentzia emateko udal erabakia hartu baino lehen.
Behin betiko onestean sortuko da ordaindu beharra hasierako eta behin betiko onespena behar duten hirigintzako espedienteen kasuan: plan partzialak edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun azterlanak, birzatiketak eta urbanizazio proiektuak, besteak beste.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin hirigintzako lizentzia edo bestelakoa eskatzen badute.
Eraikuntzako lizentzietan, zergadunaren ordezkotzat joko dira lizentziaren xede diren obren kontratistak eta etxegileak.
Tarifak eta karga-tasak
6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.
Tramitazioa
7. artikulua. Hirigintzako lizentzien eskabide guztiak Udalaren hirigintzako ordenantzan aurreikusten den bezalaxe bete beharko dira.
Gainerako jardueretarako lizentzien eskaerak berariazko araudiari lotuko zaizkio.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Lizentzia baten eskaera tramitatu ondoan, lizentzia emateko agiriak ordainduko den tasaren zenbatekoa ekarriko du.
Udalak zehazten duen banku entitatean ordainduko da tasa hori, lizentzia ematen dela jakinarazi ondoko hilabetean.
Arau-hausteak eta zehapenak
9. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
Azken xedapena
10. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.
Tarifak
1.–Lizentziaren gutxieneko tasa: 10 euro.
2.–Kanpoko txostenak eta hirigintzako kontsulta txostendunak behar dituzten lizentzien espedienteak: 100 euro txosten bakoitzeko.
3.–Egunkarietan iragartzea behar duten lizentzien espedienteak: 300 euro iragarki bakoitzeko.
4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia paratzea behar duten espedienteak: 10 euro iragarki bakoitzeko.
5.–4/2005 Foru Legearen 4D eranskineko jarduera sailkatuetarako lizentzien espedienteen tasak: 240 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 584 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.
6.–4/2005 Foru Legearen 4D eranskineko jarduera sailkatuak irekitzeko lizentzien espedienteen tasak: 360 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 492 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.
7.–4/2005 Foru Legearen 4A, 4B, eta 4C eranskinetako jarduerak irekitzeko lizentzien tasak: 600 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 492 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.
8.–4/2005 Foru Legeko jarduera kaltegabeetarako lizentzien espedienteen tasak: 146 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 300 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.
9.–4/2005 Foru Legeko jarduera kaltegabeak irekitzeko lizentzien espedienteen tasak: 213 euro Gestión Ambiental de Navarrak luzaturiko txosten bakoitzagatik eta 300 euro teknikariak txostena prestatzeko agerraldia egiten duen aldiro.
Tarifa horiek pilatu eginen dira, baldin eta lizentzia ematean tarifetan zehaztutako kasuetako bat baino gehiago elkartzen bada.
Kasu bakoitzeko txosten teknikoaren kostua epigrafean adierazitako zenbatekoa baino handiagoa bada, arabera berean goitituko da tasa.
AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen IV. kapituluaren 7. atalean (100. artikulua eta hurrengoak) eta 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.
Ordainarazpenaren xedea
2. artikulua. Ordenantza honen xedea da tasak ordainaraztea, alderdi batek eskatuta Administrazioak egiten duen jardueragatik.
Zergapeko egintza
3. artikulua. Udal zerbitzu bat ematea da, alderdi batek eskaturik. Aipatze aldera, honako hauek izaten ahal dira:
1. Ziurtagiriak.
2. Fotokopiak.
3. Arma txartelak.
4. Agiriak konpultsatzea.
5. Deialdien tramitazioa.
6. Faxa eta gisakoak.
7. Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak.
8. Bestelakoak.
Sorrarazpena
4. artikulua. Administrazioak bideratu behar duen agiria aurkeztearekin sortuko da zerga ordaindu beharra edo ordainarazpen honen xedeko agiriren bat prestatzeko eskatzerakoan.
Administrazioak edozein unetan ezartzen ahalko du agirien eskaerak egin daitezela udal bulegoetan ematen diren inprimakietan.
Subjektu pasiboa
5. artikulua. Ordainarazpen honen xedeko agiriak tramitatzeko eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak izanen dira subjektu pasiboak.
Tarifak
6. artikulua. Ordenantza honetan araututako agiriak tramitatzeagatik ordaindu beharreko tasak ordenantza honen eranskinean ageri dira.
Kudeaketa arauak
7. artikulua. Honako hauek arau orokorrak izanen dira:
a) Tasak udal bulegoetan ordainduko dira, delako agiria tramitatzeko eskatzen den unean.
b) Tasak kobratzeko ardura duenak, aipatu likidazioaldian jasotakoaz kontuak emanen ditu hiru hilabetetik, eta Udalaren Diruzaintzan sartuko dira.
Azken xedapena
56. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.
AGIRIAK LUZATZEA ARAUTZEN DUEN
ORDENANTZAKO TARIFAK. IDAZKARITZA
–Indarrean diren agirien ziurtagiriak: 1,20 euro.
–Artxiboko agirien ziurtagiriak: 3,00 euro.
–Fotokopiak, alde bakarretik:
- DIN A4, zuri-beltzezkoa: 0,10 euro.
- DIN A4, kolorezkoa: 0,50 euro.
- DIN A3, zuri-beltzezkoa: 0,15 euro.
- DIN A3, kolorezkoa: 0,75 euro.
–Konpultsak, orrialde edo orri bakoitzeko: 0,30 euro.
–Arma txartelen tramitazioa: 0,60 euro.
–Txostenak eta kontsultei emaniko erantzunak: 3 euro.
–Faxa eta zehaztu gabeak: 0,30 euro.
–Agiriak euskarri digitalean ematea: 2 euro.
ITZAGAKO MANKOMUNITATEA OSATZEN DUTEN UDALEN DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
Zioen azalpena
I.–Publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.
Xedapen horiek betetzeko, ezinbertzekoa da arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bertzetik, Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalerrien errealitateari.
III.–Horrenbertzez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du ordenantza honek eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta eragimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta bat egitearen printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalerrien esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.
Ordenantza Orokor honetako xedapenak Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udal guztietan dira aplikagarri, eta denak daude haiei atxikiak: Ibargoiti, Itzagaondoa, Lizoain-Arriasgoiti, Elo, Untzitibar eta Urrotz-Hiria.
2. artikulua. Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua emateari esaten zaio diru-laguntza, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, hala nola bekak, primak, laguntzak, eta laguntza pertsonal, material eta ekonomikoa dakarten gainerako xedapen guztiak.
Printzipio orokorrak
3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen diru-laguntzak:
1. Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeria eza eta kontrola.
2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.
3. Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.
4. artikulua. Diru-laguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren gainean onesten diren oinarrietan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei begiratuta eman beharko dira diru-laguntzak.
Oinarriak onetsi aitzin, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.
Onuradunak
5. artikulua. Diru-laguntzak honako hauek eskatzen ahalko dituzte:
a) Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan egoitza edo ordezkaritza iraunkorra dutenak.
b) Pertsona fisikoak, irabazi asmorik gabeko talde, entitate, elkarte edo fundazioen ordezkari gisa dihardutenak, Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udaletan erroldatuak daudenak eta egiazki bertan bizi direnak.
Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriek ezarri ahal izanen dutenez, diru-laguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez ematen ahalko zaizkie onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da dagokion Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira entitateak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak
6. artikulua. Diru-laguntza bil dezakete diru-laguntzen deialdi bakoitzari dagokion aldian Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalerrien barrenean egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:
–Kultura.
–Hezkuntza.
–Kirolak.
–Gazteria.
–Gizarte laguntza.
–Giza laguntza eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.
–Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten entitate irabazi asmorik gabeendako laguntzak.
–Herritarren entitate eta talde irabazi asmorik gabeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.
Banakako ebaluazioaren sistema hautatzen denean diru-laguntza emateko, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera diru-laguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.
7. artikulua. Ez dezakete diru-laguntzarik bil:
a) Lokalak moldatzea edo eraikinetako beste edozein esku-hartze.
b) Ondasun higiezinen erosketa.
c) Funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak etab.).
Prozedura
8. artikulua.
1. Orokorrean, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza bil dezaketen jardueretarako.
Diru-laguntzak eman aitzin, organo eskudunak diru-laguntzetarako deialdia egin beharko du, eta haiek arautzeko oinarriak onetsi.
Aurrekontuan dagoen dirua aurkeztu diren eskaeren artean banatuko da, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jarduera arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta horretarako aurrekontuan dagoen kontu-saila. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoan emanen da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.
2. Nolanahi ere, bertze diru-laguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak interes publiko, sozial, ekonomiko, hezkuntzako, kultural, zientifiko, humanitario edo bertzelakoak direnean, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago lehia publikorako aukerarik, diru-laguntzaren xedea aurrera eramateko onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako. Kasu horietan udal aurrekontuan bakarkako kopuru ekonomiko bat jarriko da aurrekontuko dagokion kontu-sailean.
Kasu hauetan ematen diren diru-laguntzak ere zuzenekoak izanen dira:
a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.
b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.
c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako.
d) Gizarte Ongizateko laguntzak, hala nola Larrialdi sozialeko laguntzak eta Banakako gizarte laguntzak. Horiek emateari buruz Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoek aldeko txosten loteslea eman beharko dute aldez aurretik.
9. artikulua. Udalbatzaren Osoko Bilkura da ordenantza honetan aipatu deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo aldatzeko organo eskuduna, baita diru-laguntzak ematea edo ukatzea erabakitzeko ere eta haien zenbatekoa zehazteko, bahar den informazio batzordeak txostena egin ondoan.
10. artikulua. Diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan ezarriko da eskabideak aurkezteko epea zein den.
11. artikulua. Laguntzen eskatzaileek, eskabidearekin batean, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Programa zehatza eta guztirako aurrekontua, egin gogo diren jardueren arabera banatua, haietarako eskatzen baita diru-laguntza.
Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak
12. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira diru-laguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:
a) Jardueraren interes orokorra Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalentzat.
b) Biztanleriaren partaidetza aktiboa programa hauetan, eta jardueren eragina gizartean.
c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragiten ahal duten alderdiei mesede egitea.
d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.
e) Jarduerak Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.
f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.
g) Antzinatasuna Itzagako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan.
h) Gisako jardueren urritasuna.
i) Oinarrizko kirola eta kultura sustatzea.
j) Diru-laguntza gabe nekez gauza litezkeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.
k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen edo genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.
l) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.
m) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.
13. artikulua. Dagokion informazio batzordeak eskaerak aztertuko ditu eta, ondoren, txostena aurkeztuko dio Udalbatzako Osoko Bilkurari. Horrek ebazpena emanen du eta diru-laguntza onartuko, biltzen diren inguruabarrak azterturik, kasu bakoitzean zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal den zenbatetsi ondoan.
Arau orokorra da jarduerendako diru-laguntzek, guztira, ez gainditzea hartarako aurkeztu den aurrekontu osoaren %80. Gehieneko zenbatekoa deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute.
Onuradunen betebeharrak
14. artikulua. Honako hauek onuradunen betebeharrak dira:
–Diru-laguntza jasotzeko oinarri den xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo portaera izatea.
–Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.
–Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.
–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
–Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egitean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izatea.
–Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.
–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.
–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, bildutako diru-laguntzak itzultzea.
15. artikulua. Entitate laguntzaileak, onuradunak eta diru-laguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.
16. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.
17. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak diru-laguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea sei hilabetean ebatzi beharko da.
Justifikazioa eta kobrantza
18. artikulua. Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako diru-laguntzak biltzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da Herriko Etxean:
a) Egindako jardueraren memoria zehatza.
b) Eskabidea, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetzea duenak sinatua, alkatetzari idatzia, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.
c) Fakturak, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dutenak.
d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.
e) Bertze entitate publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzen zerrenda.
19. artikulua. Aitzineko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izatea.
b) Diru-laguntza eman den urteko data edukitzea, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.
c) Hartzailearen nortasun agiri nazionala edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.
d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.
e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.
20. artikulua. 18. artikuluan aipatzen diren frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Behar den batzordeak aztertuko du espedientea, eta onesteko eta ordaintzeko proposatuko dio Udalbatzaren Osoko Bilkurari. Onestea eta ordaintzea, bidezko bada, Udalbatzaren Osoko Bilkurari dagozkio; betiere, egin beharreko gastua bere eskumenen barrenean badago. Dena dela, diru-laguntza benetako gastuetaraino murritz dadin proposatzeko ahalmena beretzat gordeko du.
21. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuari jarraituko zaio.
Azken xedapena
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ORDENANTZA FISKALA, HORNIDURAKO ZERBITZU PUBLIKOAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESENDAKO HERRIKO JABARI PUBLIKOKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zergapeko egintza dira toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, betiere herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte.
Ordaindu beharra
3. artikulua. Tasa urtarrilaren 1ean sortuko da urtero, eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta aprobetxamendua urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta kuota hainbanatuko.
Ordaintzera behartuak
4. artikulua. Enpresak tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, baldin eta, toki entitatearen jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, hornidura zerbitzu publikoak ustiatzeko.
Oinarriak, tasak eta tarifak
5. artikulua. Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria, enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.
6. artikulua. Aplikatuko den tasa izanen da hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lortutako diru-sarrera gordinen %1,5.
Tasa hauek bateragarri izanen dira toki erakundeen eskumeneko zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ezar daitezkeenekin. Aipatu enpresek izan beharko dute haien subjektu pasiboak.
Kudeaketa arauak
7. artikulua. Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.
8. artikulua. Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.
9. artikulua. 1. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.
Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.
Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, itunean ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.
Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.
10. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik dauden hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhiletik behin aurkeztu beharko dute udalerrian erdietsitako diru-sarrera gordinen aitorpena. Diru-sarrera horiek aurreko hiruhilekoari dagozkionak izanen dira.
Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua. Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa Udalean berean edo horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.
12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.
Azken xedapena
13. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1403494
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
