2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ALESBES
Aldaketa, Zakurrak, bereziki arriskutsu gerta daitezkeenak, edukitzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Alesbesko Udalak, 2014ko urtarrilaren 20an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Zakurrak, bereziki arriskutsuak izan daitezkeenak, edukitzea arautzen duen udal ordenantzan. Hura 2014ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Alesbesen, 2014ko martxoaren 10ean.–Alkatea, María Carmen Segura Moreno.
ZAKURRAK, BEREZIKI ARRISKUTSU GERTA DAITEZKEENAK, ALESBESKO UDALERRIAN EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Alesbesko udalerrian egokitu eta aplikatzea abenduaren 23ko 50/1999 Legea eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua, Arriskutsu gerta daitezkeen animaliak eta bertzelakoak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa.
2. artikulua. Definizioa.
Arriskutsuak izan daitezken animaliatzat hartuko dira, 50/1999 Legean eta 287/2002 Errege Dekretuan aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:
1.–Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko edo lagun egiteko erabiliz, pertsonei nahiz bertze animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.
2.–Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, Mallorcako ausiki zakurra, Kanarietako ausiki zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.
3.–Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.
4.–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin diotenak.
Animaliak dituztenek haiek identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta Udalaren zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.
3. artikulua. Lizentzia
1.–Ordenantza honetan oinarriturik, animalia arriskutsuen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuan, eta 4. ataleko kasuan, berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.
2.–Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:
a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.
b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.
c) Animalia arriskutsuak edukitzearen inguruko arau-hauste larriengatik edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osorik bete bada.
d) Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.
e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egin ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko zenbatekoa duena.
f) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.
3.–Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Alesbesko udalerrian bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Alesbesen egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Alesbesen egon behar badu.
Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazi ahalko dio Alesbesko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.
4.–Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.
Erranak erran, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.
4. artikulua. Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzailearen betebeharrak.
Arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabe, hazle eta edukitzaileak honako betebehar hauek ditu:
a) Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.
b) Lizentzia eskuratzeko ordenantza honen 3. artikuluaren 2. atalean aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.
c) Erregistroan sartzea arriskutsuak izan daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.
d) Udalari komunikatzea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bortz eguneko epean, baita hura bertze inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabortz eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.
e) Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzinetik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari komunikatu beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.
f) Erregistroko datuetan gertatzen den bertze edozein aldaketaren berri ere eman beharko da, gehienez ere hamabortz eguneko epean.
g) Animalia zikiratu edo antzutu dela komunikatu beharko du, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten denean.
h) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.
i) Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Alesbesa ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurriak hartu beharko ditu.
j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz zerikusia duten beharkizun guztiak bete beharko ditu.
Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabortz egun izanen da.
5. artikulua. Erregistroa.
Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Alesbesko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:
a) Animaliaren espeziea.
b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.
c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.
d) Sexua.
e) Jaiotze-data.
f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.
g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.
h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.
i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.
j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.
k) Eraso kasuak.
l) Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.
Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala komunikatu behar baita.
6. artikulua. Segurtasun neurriak.
1.–Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak eramanen dira gehienez ere metro eta erdiko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jarria dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua). Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.
2.–Arriskutsuak izan daitezkeen zakurrak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:
a) Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.
b) Instalazioetako ateek inguruko gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek beraiek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.
c) Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartarazteko.
7. artikulua. Bertze arau batzuk.
1.–Ordenantza honetako 2. artikuluan sartzen ez diren zakurrei arau hauek aplikatuko zaizkie:
a) Adinagatik beharturik badaude, zakur guztiek txertaturik eta txip bidez identifikaturik egon behar dute.
b) Hirigunean eta ibilgailuen trafikora irekitako karrika edo errepideetan debeku da zakur askerik ibiltzea. Bazter horietan zakurrek nahitaez ibili behar dute pertsona arduradun bati loturik, bortz metrorainoko luzera izan dezakeen uhal sendo edo kate baten bidez.
2014ko aldaketa.
c) Debeku da arras zakurrak herriko alderdi hauetan sartzea eta ibiltzea:
–Eskoletako patioa.
–Udal igerilekuak.
–Eskoletako pasealekua.
–Udal pilotalekuko kirolgunea.
–Futbol zelaia.
–Velázquez plazako lorategia.
–Virgen del Portalgo lorategia.
d) Herriaren inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurra ibili ahal izanen da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero. Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aurreko artikuluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.
2.–Zakur bat edo bertze edozein animalia bide publikoan, plazetan, espaloietan, lorategietan edo bertze edozein eremu publikotan arintzen bada, paseatzen duenaren ardura izanen da hura berehalakoan garbitzea.
3.–Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa eramanagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Debeku honen barrenean sartzen da etxeetako igogailuen erabilera. Arau honek salbuespenak ditu, hala nola itsu-zakurrak, horiek espresuki baimendu behar badira ere.
4.–Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.
5.–Hirigunean, debeku da animaliak edukitzea arduradunek modu egoki eta berehalakoan kontrolatzen ahal ez dituzten tokietan. Zakurren jabeena da beren animaliek egiten dituzten zaunka eta zalapartak isilarazteko ardura, bereziki 22:00etatik 08:00etara gertatzen direnean, eta neurriak hartu beharko dituzte berriz ere auzoei gisa horretara trabarik ez egiteko.
6.–Zakurrak hirugarrenei egiten ahal dizkien kalteak berdinduko dituen erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea aholkatzen zaie zakurren jabeei.
8. artikulua. Arau-hausteak.
Abenduaren 24ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere arau-hauste administratibo larritzat jotzen dira:
1.–Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea. Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
2.–Arau-hauste larrietan berrerortzea.
Hauek arau-hauste administratibo larritzat hartuko dira:
1.–Arriskutsua izan daitekeen animalia lotu gabe, edota muturrekorik gabe edo adin txikiko batek daramala erabilera publikoko eremuetan edo toki publikoetan barna ibiltzea.
2.–Eginez edo ez eginez, arriskutsua izan daitekeen animaliari bide ematea eraso egiteko pertsonei edo bertze animalia batzuei, edota kalte egiteko, bertzenaz, edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean eta/edo aitzinetik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.
3.–Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.
4.–Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.
5.–Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.
6.–Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
7.–Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.
8.–Arau-hauste arinetan berrerortzea.
9.–Alesbesko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.
(2014ko aldaketa).
10.–Udalak ordenantza hau bete beharrez debekatzeko edo ohartarazteko paratzen dituen kartel edo seinaleak suntsitzea, tapatzea, pintatzea edo horiek erabili ezinik uzten dituen bertze edozein ekintza.
11.–Zakurrak toki debekatuetan edo sarrera murriztua dutenetan sartzea edo ibiltzea, edo behar bezalako segurtasun neurririk gabe joatea.
12.–Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 legearen aurkako arau-haustetzat.
Arau-hauste administratibo arintzat hartzen da ordenantza honetako 7. artikuluaren barreneko edozein ataletan xedatzen dena ez betetzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat hartu ez bada.
9. artikulua. Zehapenak.
50/1999 Legean aurreikusitako arau-hausteek 30 eurotik 150 eurora bitarteko isuna izanen dute, eta ordenantza honetan aurreikusitakoek jarraian aipatzen diren isunak:
–Arau-hauste arinak 30 eurotik 200 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste larriak 200,01 eurotik 600 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
–Arau-hauste oso larriak 600,01 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.
Erantzulea izanen da arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea, hau da, esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.
Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
–Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.
–Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
–Arau-hausteak errepikatu diren edo haietan berrerori ote den.
Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.
10. artikulua. Prozedura.
1.–Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari jarraituko zaio.
2.–Udalerri honetako alkateari edo hark legez hautatzen duenari dagokio zehapen espedienteak irekitzeko eskumena, ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteetan.
Alkateari dagokio ebazteko eskumena arau-hauste arin eta larrietan; aldiz, Udalbatzaren Osoko Bilkurari, arau-hauste oso larrietan.
11. artikulua. Datu pertsonalen babesa.
Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:
Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.
50/1999 Legean udalei ematen zaizkien beharkizunak Alesbesko Udalak betetzea du helburu. Fitxategia Alesbesko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.
Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.
Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentziaren espedientea.
Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.
Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra.–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Bigarrena.–Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan aplikatuko da Arriskutsuak Izan Daitezkeen Animaliak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua, baita arautzen diren gaietan aplikatzen ahal diren xedapen guztiak ere, Udalaren erabakiak baino maila handiagokoak badira.
Iragarkiaren kodea: L1403765