2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXALAR
Ur horniduraren eta saneamenduaren tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Etxalarko Udalak, 2014ko ilbeltzaren 23an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxalarko Udaleko ur horniduraren eta saneamenduaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa.
Ordenantza hori jendaurrean egon zen, ediktua argitaratuta 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2014ko otsailaren 19, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko hogeita hamar eguneko aldian ez da alegaziorik aurkeztu.
Horrenbestez, ordenantzaren aldaketa behin betikoz onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak (maiatzaren 31ko 15/2003 Foru Legearen bidez aldatua) 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.
Bidezkoa da, beraz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea bai ediktua eta bai ordenantzaren testu osoa.
Etxalarren, 2014ko martxoaren 28an.–Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.
ETXALARKO UDALEKO UR HORNIDURAREN
ETA SANEAMENDUAREN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen IV. kapituluaren 7. atalean (100. artikulua eta hurrengoak) eta 12. artikuluan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Edateko uraren hornidura zerbitzua nahiz hondakin edo saneamendu uren hustuketakoa eskura izan edo benetan erabiltzea eta neurgailuak ezartzea, horra zergapeko egintza.
Subjektu pasiboa
3. artikulua. Subjektu pasiboak dira eta ordenantza honetan arautzen diren tasak ordaintzera beharturik daude ur hornidura eta hustuketako sareetarako loturen titularrak. Kontrakorik frogatzen ez den bitartean, loturen titulartzat hartuko dira higiezinen jabeak.
Karga-oinarriak
4. artikulua. Honako hauek dira oinarriak:
a) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantentze lanarengatik, kuota finkoa, paratutako kontagailuaren diametroaren ariora. Neurgailuen alokairuaren kostua barne izanen da, Udalak hornituak badira.
b) Hornidurako eta saneamendurako harguneak paratzeagatik:
–Udaleko kuota finkoa, betiere urtean behin Udalak onesten duen tasaren araberakoa (ura Udalak edo partikularrak eraman duen begiratu gabe, sarea publikoa delako).
–Kuota, behin bakarrik ordaindu beharrekoa, betiere Udalak zuzenean egin ez badu hodia. Kuota kalkulatuko da hodia lotzeko tokiraino eramateko aurreko partikularrek beren gain hartu duten kostuaren arabera, eta haiei ordaintzeko. Udalak kalkulatuko du kuota horren kostua, beti obraren fakturekin. Kuota horrek eskubidea emanen dio ordaintzen duenari kalte-ordainak jasotzeko, zati proportzionalean eginen diren hurrengo harguneetan.
c) Ura kontsumitzeagatik: kuota, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko.
Tarifak
5. artikulua. Kuotak izanen dira urtero Etxalarko Udalak osoko bilkuran onesten dituenak.
2014ko ekitaldirako, tarifak ordenantza honen eranskinean zehazten dira.
Tributu-kuota
6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari dagokion tarifa aplikatuko zaio.
Tasen sorrarazpena
7. artikulua. Zerbitzua eskura izateko eta hartan mantentze lanak egiteko tasak eta hornidurakoak urtean behin kobratuko dira. Hargune eskubideak hargunerako lizentzia ematen den unean kobratu eta sorraraziko dira.
Kudeaketa arauak
8. artikulua. Eraikin batean, industria batean eta abarrean hargune orokorra paratu nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek honela jokatu beharko dute.
A.–Hirigunean hargune orokorrak baldin badira, honako hau aurkeztu beharko da:
–Etxalarko Udalari zuzendutako instantzia, eraikineko lotura orokorra banaketarako sareari lotzea eskatuz. Aurreko instantzian honako hau aipatu behar da:
a) Zein eraikinetarako eskatzen den hargunea, horren kokapena.
b) Eskatzen den loturaren planoa edo krokisa.
c) Eskatutako hargune orokorraren diametroa.
B.–Hirigunetik kanpoko hargune orokorrak, etxebizitza, industria, baratze, aisia finka eta abarretarakoak baldin badira, honakook aurkeztu beharko dira:
a) Industria edo ustiapenaren jarduera.
b) Industria edo ustiapenetik sare orokorrean lotura egin gogo den gunera dagoen distantzia, metro linealetan.
c) Instalatu gogo den hargunearen diametroa.
d) Bidearen nondik norakoa eta kontagailuen kokaguneak erakusten dituzten planoak.
Hori dena ikusirik, Udalak eskabideari buruzko ebazpena emanen du, eta komenigarri iruditzen zaizkion argibideak eskatuko ditu. Etxalarko Udalak baimena emanen du edo ez, jarduera motaren arabera eta zerbitzuaren aukeren arabera. Kasu horretan, Udalaren oinarrizko jarraibideetan oinarrituta, partikularrak erabat hartuko du bere gain finkaraino sarea kanalizatzeko lanak egiteko kostua, eta Udalak horren jabetza osoa izanen du eta dagozkion eskubideak eta betebeharrak (bereziki sarea mantentzea eta kontsumitutako uraren ordainketa), jabetza horretatik sortzen direnak.
9. artikulua. Sare orokorrari lotzeko lanak hasi aurretik, lotune eskubideak ordaindu beharko dira, Udalaren Diruzaintzan, ordenantza honen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusiari jarraikiz. Loturarako baimen, kontzesio edo lizentziek ez dute eraginik izanen, ez baldin bada aurkezten, aldi berean, behar den tasa ordaindu dela egiaztatzen duen agiria.
Etxeko erabilerarako soilik den hornidura izateko eskabideak, eredu ofizialaren arabera beterik aurkezten direnean, emandakotzat hartuko dira behin 30 egun iraganez gero, non eta Udalak ebazpenaren bidez ez duen ezetzik adierazten epe horren barrenean.
Hornidurako baldintza orokorrak eta gisako zerbitzuak ematea
10. artikulua. Eskatzailearen kontura izanen dira material gehienak. Salbuespenak (hautara eskatzaileak horrela espresuki eskatzen badu) dira kaxa eta kontagailua, Etxalarko Udalak emanen dituenak, aparailu hori alokatzeko tasa ordainduz.
Kontagailuak, posible den guztietan, eremu publikoan jarriko dira eta giltza izanen dute aurrealdean eta atzealdean. Etxalarko Udalak haien ezaugarriak jartzen ahal ditu.
11. artikulua. Etxalarko Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura moztu edo zerbitzuan beste edozein gorabehera gertatuz gero.
Etxalarko Udalak hornidura zerbitzua moztu edo, are gehiago, haren zenbait erabilera debekatu beharko balitu hornidura arazo larriak direla medio, erabileren hierarkia hau ezarriko da:
1. Etxeko erabilera.
2. Merkataritza eta zerbitzuak.
3. Nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilera.
4. Ureztaketa eta aisia.
5. Gainerako jarduerak.
12. artikulua. Udalak ur hornidurarako hargune baten edozein titularri kentzen ahalko dio hornidura, instalazio barrenean ur galerak sortzen dituen matxurarik badu. Eraikinaren banaketa sareak edo erabiltzailearen jabetza partikularraren barrenean dagoen edozein gailuk matxura izateagatik sortzen ahal diren kalteetan ere ez du Udalak inoiz erantzukizunik izanen.
13. artikulua. Hargunearen titularrak ezin du inondik ere beste inor uraz hornitu, ezta saretik hartzen utzi ere, Etxalarko Udaleko baimen espresik baldin ez badago. Gainera, galarazi beharko du bere axolagabekeriaz edo kontrol ezagatik gertatzen ahal den iruzurra. Halakorik bada, jokabide horren ondorioen erantzulea izanen da beti.
14. artikulua. Erabiltzaileek berehala jakinaraziko diote Etxalarko Udaleko behar den zerbitzuari ura banatzeko sare orokorrean matxuraren bat gertatzetik datozen gorabehera guztiak.
15. artikulua. Kontsumoa neurtzeko kontagailuak lursail pribatu baten barnean daudenean, erabiltzaile zergadunari dagokio kontagailuaren eta ixteko giltzaren tokia behar bezala zaintzea eta Udaleko behar den zerbitzuak horren gainean adierazten dituen jarraibideak betetzea. Kontagailua eta ixteko giltza leku diferenteetan badaude, Udalaren ardurapean geldituko da ur-sarea eta ixteko giltzaren tartea, eta gainerako tartea, hau da, kontagailurainoko zatia, jabearen ardurapean geldituko da.
16. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren tasetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo bestelako udal langileei, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu behar badira.
17. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 86.3 artikuluan jasotakoari jarraikiz, ordenantza honetan aurreikusitako tasen aplikaziotik ateratzen diren tributu-zorrak, “jakinarazpen gabekoak” izanen dira.
18. artikulua. Aipatutako tasak lau hilabetetik behin ordainaraziko dira, eta haien jakinarazpena egintzat hartuko da behar den bandoa edo ediktua argitaratu eta biharamunetik aitzina, eta egun horretatik hasiko da kontatzen 30 egun balioduneko epea, ordainketa borondatezko aldian eta errekargurik gabe egiteko. Hargune eskubideak, nola orokorrak hala partikularrak, hargune horiek egin aurretik ordaindu beharko dira.
19. artikulua. Nork bere borondatez ordaintzeko epeetan kuotak ordaintzen ez dituztenek erregelamenduz dagozkien errekarguak izanen dituzte. Aipatu erregelamenduaren 275. artikuluan ezarritako epeak igarota, premiamendu bidez ordainaraziko da, dagozkion errekargu eta gastuekin batera.
20. artikulua. Bi ordainagiri edo gehiago ordaintzeko dituzten zergadunei zerbitzua kentzen ahalko die Etxalarko Udalak. Ordaintzeko dituztenak pagatuz gero, zergadun horiek zerbitzua berriz hartzeko eskatzen badute, aipatu diren zenbatekoak ordaindu beharko dituzte zerbitzua lehen aldiz hartuko balitz bezala, non ez den frogatzen ordainketan berandutu izana norberaren gogoz ez, bertze arrazoiren bategatik izan dela.
Orobat, Udalak abonatuei eteten ahalko dizkie ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak, honako kasu hauetan eta prozedura honi segituz:
a) Udalak edo, behar denean, enpresak edo Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzuagatik, ordainagiriak zehaztutako zenbatekoa ordaindu behar den egunetik lau hilabete iragan eta diru kopuru hori abonatuak ordaindu ez duenean.
b) Iruzurragatiko likidazio irmotik edo horren berrerortzea frogatutik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean.
c) Abonatuak, hornitu ura, kontratatutako polizan ezarritako modu eta xedeez kanpo erabiltzen duenean.
d) Abonatuak bere ordainketa polizan agertzen ez diren etxebizitza edo lokalak hornitzeko edo hustuketa egiteko, bere instalaziotik adarrak paratzen edo paratzera uzten duenean.
e) Abonatuak ez badie kontrataturiko zerbitzuak hartzen dituen lokalean sartzen uzten enpresak baimendutako langileei, beren dokumentazio eta nortasun agiri guztiak dituztela, instalazioak ikuskatu eta kontsumoa neurtzera joaten direnean. Kasu honetan beharrezkoa izanen da sarrera ukatzea bi lekukoren edo agintaritzaren agenteren baten aitzinean egitea.
f) Abonatuaren utzikeriagatik, hornidura eta saneamendu sarean arazoren bat eragin eta instalazio zuzentzailerik ez paratzeagatik, eskumena duten erakundeek hura zuzentzeko emandako epea iragan eta gero.
g) Abonatuak larriki hausten baditu ordenantza honetan aipatzen diren aginduak edo betetzen ez baditu abonu polizan finkatzen diren baldintzak.
Etenak nahiz lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.
Arau-hausteak
21. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 94. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako arau-hausteez gain, iruzurtzat hartuko dira ondoko hauek:
a) Udal langile behar bezala kreditatuek egiten dituzten ikuskapenei traba egitea.
b) Kontagailuak irakurtzera ez uztea.
c) Prezintuak, sarrailak eta kontsumoa neurtzeko Etxalarko Udalak ezarritako aparatuak aldatzea.
d) Etxalarko Udalak, neurketa edo kontsumo aparatuak aldatzeko edo berriak paratzeko, emandako jarraibideak ez betetzea, obrak zergadun erabiltzailearena den jabetzan egin badira.
e) Neurgailuak aldatzen dituzten edo ahal dituzten mekanismoak paratzea.
Zehapenak
22. artikulua. Toki Ogasunei buruzko Legearen 95. eta ondoko artikuluetan bildutako zehapenez gain, eta, halakorik izan bada, ur bolumenaren iruzurra zenbatekoa izan den zehazteko, udal langileen azken ikustalditik neurgailuetatik pasatu ahal izan den ur gehiena kontatuko da, eta Udalak finkatuko du noizdanik egina izan daitekeen iruzurra.
AZKEN XEDAPENA
23. artikulua. Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen guztian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea izanen da aplikatzekoa.
24. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.
ERANSKINA
Ur hornidura eta saneamenduaren tarifak
Ur hornidura.
Etxebizitzako erabilerarako.
Gutxienekoa 30 m³ hiruhileko izanen da: | 0,192 euro m³ bakoitzeko |
–31 m³tik goiti | 0,240 euro m³ bakoitzeko |
–71 m³tik goiti | 0,383 euro m³ bakoitzeko |
–120 m³tik goiti | 0,480 euro m³ bakoitzeko |
Saneamendua: | 0,096 euro benetan kontsumitutako ur m³ bakoitzeko |
–Hornidura sarera lotzea | 50,00 euro |
Kontagailua jarri beharko da etxebizitza bakoitzerako. |
Gainerako erabileretarako: industria, tailer, denda, ostatu, jatetxe, landetxe, ileapaindegi eta abar.
Gutxienekoa 30 m³ hiruhileko izanen da: | 0,221 euro m³ bakoitzeko |
31 m³tik goiti: | 0,276 euro m³ bakoitzeko |
71 m³tik goiti: | 0,441 euro m³ bakoitzeko |
120 m³tik goiti: | 0,552 euro m³ bakoitzeko |
Saneamendua: | 0,096 euro benetan kontsumitutako ur m³ bakoitzeko |
Hornidura sarera lotzea | 50,00 euro |
Iragarkiaren kodea: L1404577