2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BERBINTZANA
Ordenantza, Udal hilerriaren erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena
Udalak, 2013ko azaroaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenaren iragarkia 2014ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 5ean, eta jendaurreko epea inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, behin betiko onetsirik gelditu dira.
Berbintzanan, 2014ko martxoaren 10ean.–Alkatea, Francisco Javier Terés Ibáñez.
ORDENANTZA, UDAL HILERRIAREN ERABILERA
ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan ezarritakoaren arabera, Berbintzanako Udalari dagozkio udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokion guztia, barne araubideari eragiten dion guztian.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua: lurreko hilobian, panteoiak eta errauts-kutxategiak.
d) Eskubideak eta kuotak kobratzea.
3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.
4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.
Orobat, errauts-kutxategi batzuk paratzeko aurreikuspena eginen da, egungo eskaerei erantzuteko.
5. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, betiere legezko tramiteak bete badira; zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira kuoten eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.
6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita bertze hilerri batera eramateko ere.
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.
7. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.
Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.
Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahalko ditu hilotza ateratzeko lanak. Udalari jakinarazi beharko dio aitzinetik, horrek baimena eman eta lanak ikuskatu beharko baititu.
8. artikulua. Hilerrian berean bertze hilobi batera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.
9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:
a) Panteoietan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.
b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere zortzi urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.
c) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.
Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik batere aterako, epaile batek manatu ezean.
Hala ere, hilabete horietan hildako lagun baten ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak atera daitezke, hilarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko. Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.
Salbuespenez, baimena ematen ahalko da aitzinetik aurreikusi gabeko gorpuzkiak ehorzteko edo ateratzeko, arrazoi sentimentalak edo bertzelakoak baldin badira.
10. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da ongi kontserbaturik ez badago.
11. artikulua. Hilotz bat ehorzten bada, edo ateratzen bada bertze leku batera eramateko, edo berriz ere ehorzten bada edo errauts-kutxategiak erabiltzen badira, horren oharra eginen da kasuan kasuko hilerriko erregistro liburuan.
12. artikulua. Kostu bidez erabiliko dira hilerriko zerbitzu guztiak, eta horretarako Ehorzteko kontzesio administratiboa beharko da, Udalak emanen duena ordenantza honi jarraikiz.
Ez da inoiz inola epe mugarik gabeko kontzesiorik emanen.
Kontzesioa izanen da banakako lurreko hilobietarako, 10 urterako; epe hori berritzen ahalko da 10 urteko bertze epetarako, gehienez ere 40 urte osaturik.
Errauts-kutxategien kontzesioak, gorpuzkinetarako nahiz errautsetarako izan, 15 urteko epe bakar baterako izanen dira.
Hala ere, leku guti izateagatik premiarik izanez gero, legeak ezartzen duen gutieneko epea beteta jasoko da.
13. artikulua. Interesdunek aitzinetik eskatuta, Udaleko alkateak emanen du hilobien kontzesioa, eskaeren ordenari jarraikiz.
Eskatzaile bakoitzari gehienez ere hiru hilobi emanen zaizkio.
Hilobien kontzesioa eskatzen ahalko dute adinez nagusi diren guztiek, hilerriko erregistro liburuak betetzeko behar diren identifikazio datu guztiak ekartzen badituzte.
14. artikulua. Kontzesioen eta berritzeko prezioen kuotak urtero argitaratuko dira eta tasen eranskinean heldu dira.
Kontzesioaren lehenbiziko 10 urteak dohainik dira banakako hilobi bakoitzerako.
Epe hori berritzen ahalko da 10 urteko bertze epetarako, gehienez ere 40 urte osaturik.
Errauts-kutxategiak 15 urteko epe bakar baterako izanen dira. Haien prezioa tasen eranskinean zehaztuko da.
15. artikulua. Dohaineko nahiz kostu bideko kontzesioen titularrek baimena izanen dute apaingarriak paratzeko, soil-soilik Hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko urriaren 15eko 207/2001 Foru Dekretuari dagokionez Hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko ekainaren 20ko 2263/74 Foru Dekretuan hilobietarako ematen diren neurriei loturik.
Hilobi eta errauts-kutxategietako apaingarriak eraberritzeko, Udalaren baimena beharko da; horrek ez du kuotarik sortuko, baina eraberritze horiek Udaleko langileek gainbegiratuko dituzte beti; horiek egiaztatuko dute eraberritzea Hilerria Erregularizatzeko Planeko neurri orokorretara eta hilotzen gaineko osasun neurriei buruzko araudian aurreikusten direnetara egokitzen ote diren.
16. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren kontzesio guztiak, ehorzteko eta hilobietako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira kontzesioen eskubide guztiak. Horren ondorioz, bai lurzatia bai paratzen diren hilobietako elementuak ordenantza honetan ezartzen diren baldintzei lotuko zaizkie.
17. artikulua. Lurren kontzesioak ez dira saltzen ahal. Kontzesioko lurren gainean apaingarriak edo hilobi elementuak paratzeak ez dakar haien gaineko xedapen egintzarik.
18. artikulua. Bi kontzesiodun ukitzen dituzten obretan, mehelinei buruz indarra duten xedapenek aginduko dute.
19. artikulua. Hilobien kokalekua, lurrerauzketa gastuak eta gainerako guztiak, lanak bukatu artekoak, kontzesiodunaren kontura izanen dira.
Hilobien alboetako tarteak egiteko, ehorzketa eremuak mugatzeko egungo zintarrietarako material eta luze-zabal berak erabiliko dira; Udalak bere gain har ditzake tarte horiek egiteko lanak, kontzesio hartzaileen bizkar.
20. artikulua. Ordenantza honen aitzineko kontzesioak beren horretan eta haien tituluaren arabera errespetatuko dira, betiere joaten ez badira hilerriko barne araudiaren kontra. Hemendik aitzina ematen direnek, ordea, 12. artikuluan aipatu den iraupena izanen dute.
21. artikulua. Udalak hilobien ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.
22. artikulua. Onartutako panteoiak, kaperak eta lurrak eskualdatzen ahal dira inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere; horrelakoetan, araubidea oinordetzarena bera izanen da.
23. artikulua.
1. Eskualdaketa inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana kontzesioa eman zenetik. Salbuespenez, hilobia erabili izanik ere, Udalak baimena eman diezaioke eskualdaketari, eta hartarako behar diren baldintzak adieraziko ditu.
2. Eskualdaketa egiten bada ondoko ahaidetasun mailetan sartzen ez den pertsona bati:
–Titularraren ezkontideari.
–Horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza bidezko ahaidetasunaren 3. graduraino. Eskuratzaile berriak kontzesioa eman zenean lurraren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifaren arabera ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du kontzesioa hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago eskuratzen ahal.
Hala ere, erregistroko liburuaren arabera, kontzesioa eman zenetik 5 urte baino gutxiago iragan baldin bada, Udalak kontzesioa bertan behera uzteko eskubidea izanen du, eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da. Udalak eskubide hori erabiltzen ez badu, aurreko lerroaldean ezarritakoari lotu beharko zaio. Eskubide hori erabiltzeko epea hilabetekoa da, Udalari modu sinesgarrian eskualdaketaren berri ematen zaionetik.
24. artikulua. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 26. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak.
Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira kontzesioaren tituluan.
25. artikulua. Hilerriko hilobiaren edo errauts-kutxategiaren kontzesioak hobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta ahaideei, ordenantza honetako aginduei lotuz betiere.
Lurreko hilobien kontzesioetan, titularraz eta ezkontideaz landa, lerro zuzeneko haien ahaideak ere ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, mugarik gabe, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.
Udalak bertze edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.
26. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak, panteoiak eta errauts-kutxategiak segur, xahu eta apain edukitzea.
Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.
Epe hori iraganik, Alkatetzak obren ordezko exekuzioa xedatuko du, baita arlo horretako ordenantza fiskalean horren gainean xedatzen dena aplikatzea ere. Hortaz, horren ondoriozko kontua interesdunei pasatuko zaie, eta, ordaintzen ez badute, kontzesioa amaitutzat joko da eta hilobia udalerriari itzuliko zaio.
27. artikulua. Mota guztietako kontzesioak honako arrazoi hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Hilobi, panteoi edo lurzati batek 25 urte baino gehiago egiten badu abandonaturik.
c) Hilobia edo errauts-kutxategia erabili beharko luketenak desagertzeagatik.
II. KAPITULUA
Kuotak hilerrian zerbitzuak emateagatik
28. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:
–1.a: Ehorzketak-Hobitik ateratzeak.
–2.a: Lekualdatzeak (hobitik ateratzea eta ehorztea).
–3.a: Hilerriko bertze zerbitzu batzuk.
–4.a: Errauts-kutxategiak.
–5.a: Hilobitik ateratze aurreratuak.
–6.a: Kontzesioak berritzeak.
–7.a: Garbiketa.
29. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan horiek pertsona fisiko edo juridikoak, edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak.
30. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen kuoten eranskinean agertzen da.
Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
31. artikulua. Hobi bakar batean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularraren kontura izanen dira.
Aurreikuspen bera ezar daiteke errauts-kutxategien erabilera ezartzeko.
32. artikulua. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira kuotak. Gorpuzkiak bertze hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.
33. artikulua. 28. artikuluko 1, 2, 3, 4 eta 5 zenbakietan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 86. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, tasen likidaziotik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabetzat” hartuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehenbizikoa.–Aitzineko arautzetik salbuetsirik geldituko dira 1936ko gerla zibilaren ondoriozko hil guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikuluari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Indarrik gabe uzten dira, baliorik eta eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.
KUOTEN ERANSKINA
1. epigrafea.–Ehorzketak.
–Ehorzketak: 280,00 euro + ezartzen ahal diren kuota gehigarriak.
–Bertze hilerri batzuetatik ekartzen diren gorpuzkinen ehorzketak: zerbitzuaren kostua.
2. epigrafea.–Gorpuzkien lekualdaketak.
Lekualdaketak (hilerria ateratzea eta ehorztea) propio ireki behar den hilobira: zerbitzuaren kostua, non ez den eskatzailearen bizkar egiten; hark Udalaren jarraibideei jarraitu beharko die.
3. epigrafea.–Bertze zerbitzu batzuk:
Inork eskatzen badu ordenantza honetan zehazturik ez dagoen zerbitzurik edo ehorzketa bat arau orokorretik kanpo egin nahi bada eta, beraz, Udalak baimendu behar badu, zerbitzuaren kostu osoa kobratuko da, Udalak egiten badu, edo, bertzenaz, eskatzaileak bere kontura kontrataturiko pertsonek egiteko baimena emanen da.
4. epigrafea.–Errauts-kutxategiak.
–Kuota bakarra: 150,00 euro.
–Gehienez ere 15 urte, luzatzen ahal ez direnak.
5. epigrafea.–Ateratze aurreratuak.
–Zerbitzuaren kostua.
6. epigrafea.–Kontzesioa berritzea**
–Hobiak 1,20 x 2,20: 178,00 euro.
–Hobiak 1,40 x 2,20: 205,00 euro.
–Hobiak 1,50 x 2,20: 2,40 euro.
–Bi hobi batera: 2 kuota kobratuko dira. Hobi bakoitzagatik dagokion kuota ordainduko da banakako kontzesioagatik, eta horretarako bakoitzaren neurriak hartuko dira, arestian aipatu taulari jarraikiz.
Prezio hori urtero handituko da, aitzineko urtean KPIak izan duen goiti-beheitiaren arabera. Kuota urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eguneratuko da.
–Lurzatien kontzesioa: dohainik, ehorzketa egin eta 10 urte geroago berritu beharko da.
7. epigrafea.–Garbiketa***
*** Garbiketa: 0,00 euro.
–Aparteko lanak izanez gero kuota berezi bat ezartzen ahalko da.
Prezio guztiak urtero handituko dira, aitzineko urtean KPIak izan duen goiti-beheitiaren arabera. Kuota urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean eguneratuko da.
–Osoko bilkuran 1999an sartutako aldaketa.
* 1997an sartutako aldaketa.
** 2013an kendutako kuota.
Iragarkiaren kodea: L1403814