65. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, Udal esparruan euskararen erabilera
eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren II. eranskinean. Behin betiko onespena

Argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betikoz onetsitako ordenantzaren II. eranskinaren testu osoa, Antsoaingo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen baititu, jendaurreko epean erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu ez delako; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan ezarritakoa betez. Udalak hasiera batean onetsi zuen, 2013ko urtarrilaren 29an egin osoko bilkuran, eta iragarkia 2014ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7an, baita Udalaren ediktu oholean ere.

Antsoainen, 2014ko martxoaren 17an.–Alkate udalburua, Antonio Gila Gila.

ORDENANTZA, ANTSOAINGO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

II. ERANSKINA

Antsoaingo herritarrei euskara ikastaroak egiteagatik
diru-laguntzak emateko oinarriak

Antsoaingo Udalak, Antsoainen erroldatuta dauden pertsonek euskara ikastaroak egin ditzaten, diru-laguntzak emanen ditu, honako baldintzak hauek betez gero:

1. Familiaren urteko diru-sarrera gordin ponderatuak ez dira izanen egungo lanbide arteko gutxieneko soldata baino 2,8 aldiz handiagoak.

2. Diru-sarreren ponderazioa honen arabera zehaztuko da:

Familiaren diru-sarrera gordinek zenbat aldiz hartzen duten zergaldiko LGSa, diru-laguntza eskatu aurreko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako.

–Familia unitateko kideen kopurua.

–Familia unitatean zenbat kidek sortzen dituzten diru-sarrerak, gutxienez ere diru-sarrera guztien %20 emanda.

Familiaren diru-sarreren ponderazioa egiteko, honako formula hau erabiliko da:

DSP = FD x N x A

DSP: Familiaren diru-sarrera ponderatuek zenbat aldiz hartzen duten lanbide arteko gutxieneko soldata.

FD: Familiaren diru-sarrera gordinek zenbat aldiz hartzen duten lanbide arteko gutxieneko soldata.

N: Ponderazio koefizientea, kontuan hartuta familia unitateko zenbat kiderentzat eskatzen den diru-laguntza.

A: Ponderazio koefizientea, gutxienez ere familiaren diru-sarrera gordinen %20 ekartzen duten kideen kopuruaren arabera.

Ponderazio koefizienteak honako hauek izanen dira:

A:

–Kide bateko familia unitateak: 1,00.

–2 kideko familia unitateak: 0,94.

–3 kideko familia unitateak: 0,89.

–4 kideko familia unitateak: 0,82

4 kidetik goiti, ponderazio balioari 0,06 kenduko zaio kide bakoitzeko.

Familia unitateko kide bat edo gehiago minusbaliatuak edo 65 urtetik gorakoak badira, berez egokitutako hurrengo tartekoa edo tarteetakoa izanen da aplikatu beharreko N koefizientea.

A:

–Familia unitatean pertsona bakar batek ekartzen baditu diru-sarrerak: 0,77.

–Familia unitatean bi pertsonak ekartzen badituzte diru-sarrerak: 0,75.

–Unitatean hiru pertsonak edo gehiagok ekartzen badituzte diru-sarrerak: 0,73.

Orientazio irizpide gisa, honi erantsitako kalkulu orria erabiliko da.

3. Familiaren diru-sarrerak.

Familiaren diru-sarrera gordinak dira laguntza eskatzen duen familia unitatetik datozenak.

Horiek frogatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo azken aitorpenen fotokopia konpultsatua aurkeztuko da, Foru Ogasunak edo Udalak konpultsatua; bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko adierazpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez.

Era berean, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzaileak besteren kontura ari diren langileak badira, nominak edo enpresaren frogagiriak aurkeztuko dituzte, indarreko lan araudiari lotuak, eskaera egin aurreko hamabi hilabeteei dagozkienak. Etxeko langile gisa ari diren pertsonek agirien bidez erakutsiko dituzte inguruabar hori eta lan horretan jasotako diru-sarrerak.

b) Eskatzaileak erretiratuak edo pentsiodunak badira, edota lanerako ezintasuna edo baliaezintasuna duten langileak, eskaera egin aurreko hamabi hilabeteetan jasotako pentsioaren edo laguntza ekonomikoaren ziurtagiria aurkeztuko dute.

c) Eskatzaileak nor bere konturako langileak badira, Gizarte Segurantzaren urteko kotizazioaren ziurtagiria aurkeztuko dute, kuotak kalkulatzeko oinarria erakusten duena, eta, gainera, diru-sarreren aitorpen pertsonala.

d) Eskatzaileak langabezian badaude, Enpleguko Institutu Nazionalak luzatutako ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, eskaera egin aurreko hamabi hilabeteetan jasotako laguntzak erakusteko.

Bide horietaz gain, Antsoaingo Udalak beste frogabide batzuk ere eskatzen ahal ditu, eskatzaile bakoitzaren familiaren benetako diru-sarrerak egiaztatzeko hori egin behar dela uste duenean.

4. Baremo ekonomikoa eta eskaerak.

Diru-laguntza hauek lortzen ahalko dituzte Antsoainen erroldaturiko pertsonek, eskaera aurkeztuz gero, honako baremo ekonomiko honen arabera:

–Familiaren diru-sarrera gordinak. Diru-laguntzaren ehunekoa.

–Diru-sarrera ponderatuak, kontuan izanik hilabeteko errentak zenbat aldiz hartzen duen LGSa.

–Diru-sarrerak LGSa baino 2,8 aldiz handiagoak: %0.

–LGS halako 2,6 eta halako 2,8 arteko diru-sarrerak: %10.

–LGS halako 2,4 eta halako 2,6 arteko diru-sarrerak: %20.

–LGS halako 2,2 eta halako 2,4 arteko diru-sarrerak: %30.

–LGS halako 2 eta halako 2,2 arteko diru-sarrerak: %40.

–LGS halako 1,8 eta halako 2 arteko diru-sarrerak: %50.

–LGS halako 1,6 eta halako 1,8 arteko diru-sarrerak: %60.

–LGS halako 1,4 eta halako 1,6 arteko diru-sarrerak: %70.

–LGS halako 1,2 eta halako 1,4 arteko diru-sarrerak: %80.

–LGS halako 1 eta halako 1,2 arteko diru-sarrerak: %90.

–LGStik beherako diru-sarrerak: %100.

Eskaerak urte baterako izanen dira, eta laguntzak emateko baldintza da eskaera egiten den ekitaldi ekonomikoan Antsoaingo Udalaren aurrekontuetan dirua izatea.

Antsoaingo Udalak, beharrezko dela uste duenean, diru-laguntzaren urtebeteko epean onuradunen egoera soziala eta familiaren inguruabarrak berrikusiko ditu, horiek izan baitziren laguntza emateko oinarria, eta berrikuspen horren ondorioz zenbatekoa handitu edo txikitu, egoera eta inguruabarrak aldatu badira.

Diru-laguntza eskaerak Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira; gutxienez ere, agiri hauekin batera:

5. Agiriak:

Eskabide orria, alkateari zuzendua.

Familiaren diru-sarrera gordinak egiaztatzen dituzten agiriak.

Matrikula ordaindu dela erakusten duen bankuko transferentzia.

Eskatzailearen kontu zenbakia.

Familia unitateko inork ez izatea inolako zorrik (tasak, isunak...) Udalarekin.

Minusbaliotasunaren egiaztagiria, halakorik bada.

Familia Liburuaren fotokopia.

Eskatzailearen NANaren fotokopia.

Bertaratze-ziurtagiria. Hartan hau zehaztu behar da: bertaratzearen portzentajea, egindako maila/urratsa, gainditutako maila. Bertaratzea %85ekoa izanen da, gutxienez. Aztertu eginen dira justifikatutako hutsegiteak.

6. Ikastaro estentsiboak eta trinkoak eta barnetegietako ikastaroak (gutxienez ere bi astekoak) egiteko emanen dira laguntzak; laguntzetatik kanpo daude nork bere kasa ikasteko ikastaroak. Euskara ikastaroetarako diru-laguntzek lehentasuna izanen dute Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen aldean.

Eskatzaile bakoitzari gehienez ere 800 euroko diru-laguntza ematen ahalko zaio, urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumoko prezioen indizearen arabera.

EGA prestatzeko ikastaroak ez dira diruz lagunduko.

7. Ikastaro osoa egin bitartean erroldatuta egon beharko du.

Laguntzak beti izanen dira urte horretan bertan egin diren matrikuletarako.

8. Ez du diru-laguntza jasotzeko eskubiderik izanen lehendik maila edo urrats bera egiteagatik beste erakunde baten diru-laguntza jaso duen pertsonak.

9. Euskalduntze prozesuan, maila edo urrats bat bi aldiz gainditu ez duen pertsonak ez du izanen diru-laguntza jasotzeko eskubiderik.

10. Hona nor diren diru-laguntzak eskatzen ahal dituztenak: 16 urtetik goitikoak.

11. Laguntza eskabidea aurkezteko epe hau dago:

Ekainaren 1etik uztailaren 24ra, deialdi honen aitzin urteko uztailaren 1etik eta aurtengo ekainaren 30a bitarte egindako ikasturte trinko, barnetegi eta/edo estentsiboetarako. Epe hori ezin izanen da luzatu eta ez da eskaerarik onartuko epe horretatik kanpo.

Eskabideak aztertu eta baloratu ondoan, Euskara Patronatuak diru-laguntza ematea edo ukatzea erabakiko du, baita diru-laguntzari buruzko zehaztasunak ere.

Iragarkiaren kodea: L1404203