1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko martxoaren 6koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Orkoiengo FM Logistic Ibérica, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Orkoiengo FM Logistic Ibérica, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100171012014) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko otsailaren 19an sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta zenbait sindikaturen ordezkariek (UGT eta ELA-STV) 2014ko urtarrilaren 28an izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko martxoaren 6an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
FM LOGISTIC IBÉRICA, S.L. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBORAKO PROPOSAMENA
Atariko artikulua.
Langileen Estatutuaren 82. artikuluan xedatutakoa betez, honako hauek dira hitzarmen kolektibo hau itundu duten alderdiak:
Enpresako ordezkariak: Jorge Rodríguez Lopesino, Pedro Miguel Ruiz López Rancaño eta Pascual Arriazu.
Langileen ordezkariak: Javier Pérez, Jesús María Bonel eta Iñaki Ros (UGT).
1. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen honetako xedapenak FM Logistic Ibéricaren prestazio logistikoan aplikatuko dira, Nafarroako KYBSE bezeroarentzat.
2. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen honek 2013ko urtarrilaren 1ean plantillan diren langile guztiengan du eragina, baita haren indarraldian enpresan sartzen direnengan ere.
3. artikulua. Indarraldia, luzapena eta salaketa.
Hitzarmen honek 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hartuko du indarra, eta 2015eko abenduaren 31n bukatuko zaio indarraldia, ondorio guztietarako. Iraupena 3 urtekoa izanen da.
Hitzarmenaren iraupena bukaturik, indarra izaten jarraituko du harik eta bi aldeek hura ordeztuko duen beste bat sinatu arte.
Besterik gabe eginen da hitzarmen honen salaketa, hura bukatzen denean.
4. artikulua. Ez aplikatzea.
Enpresak ezin izanen du hitzarmen hau aplikatu gabe utzi Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraren bidez. Mugaegunera iritsi baino lehen, hura berriz negoziatzen saiatu beharko du beste bat lortzeko edo, Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak hura berrikusteko aurreikusten duen aukera baliatu beharko du.
Bi alderdiek espresuki erabaki dute adiskidetze eta bitartekotza organo eskudunen menpe jarri beharko direla prozesuak, desadostasunak konpontzeko. Arbitraje prozedura aplikatuko da soilik berari men egiteko bi alderdien arteko akordioa badago.
Betiere, bi alderdiek adostu beharko dute aipatu sistemen menpe jartzea, eta espres baztertu da nahitaezko arbitrajea.
Ekonomia, teknika, antolaketa edo produkzio arloko arrazoiak direla eta, enpresak hitzarmen kolektibo hau aldi batez ez aplikatzea nahi badu, langileen ordezkariekin akordiorik lortzen ez bada eta gatazkak konpontzeko prozedurek desadostasuna ebazten ez badute, bi alderdien arteko akordioa beharko da (enpresaren ordezkaritza eta langileen ordekaritzaren gehiengoa) aplikazio ezaren gaineko desadostasuna CCNCCren edo autonomia erkidegoetan sortzen ahal den hirualdeko organoaren menpe jartzeko.
5. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Batzorde Paritarioak Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko dio.
Batzorde Paritarioaren eginkizunak dira hitzarmen kolektiboa aplikatu eta interpretatzea, alderdiek bere menpe jarritako kontu edo arazoetan bitartekotza eta arbitrajea egitea, itundutakoa zehazki bete dadin zaintzea eta sortzen diren afera orokorrak ebaztea.
Hitzarmen kolektibo honen esparruko edozein gatazka kolektiboren aurrean, nahitaezkoa eta aginduzkoa izanen da Batzorde Paritarioa biltzeko dei egitea.
Batzorde Paritarioak, salaketa egin eta 15 eguneko epean, hitzarmen kolektiboa interpretatzean sortzen ahal diren desadostasunak konponduko ditu, bileren akta eginen du, akordioak aho batez hartuko dira eta, akordiorik ez bada, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.
Batzorde Paritarioari jakinarazpenak egiteko helbidea enpresaren zentroak duen helbidea izanen da. Langileen aldetik, hiru ordezkarik gehienez ere osatuko dute Batzorde Paritarioa, eta beste hiruk enpresaburuen ordezkaritzaren aldetik.
Batzorde Paritarioak, aurreko atalean aurreikusitakoaren arabera bere menpe jarritako gatazkak konpontzeko akordioak lortzen ez dituenean, alderdiak behartuta daude lan arloko agintariek gatazkak konpontzeko legez ezarritako bidera jotzeko.
6. artikulua. Berme pertsonala.
Urteko konputuan hitzarmen honetan itundutakoa orokorrean gainditzen duten egoera pertsonalak errespetatuko dira, hark indarra hartzen duenean.
7. artikulua. Mailaz igotzea.
Lanpostu huts bat sortzen denean, bertako langileekin betetzen saiatuko da. Lanpostu hutserako behar diren bertako langileen gaitasun eta jarrerak ebaluatzeko prozedura finkatuko du enpresak.
Langileen ordezkariek mailaz igotzera aurkezten diren izangaien gaitasun proben emaitzak eskuratzen ahalko dituzte.
Aukeratzen dena hiru hilabetez egonen da proban lanpostu berrian eta, gero, lana behar bezala egin badu, kategoria berriaren jabe eginen da. Kategoria horrek aginte erantzukizuna badu, edozein inguruabar dela-eta enpresak eta interesdunak lanpostuaren erantzukizunak uztea adostuz gero, kategoria horretako langileak agintearen osagarria hartzeari utziko dio, halakorik bada, eta igoera aurretik zuen kategoriara itzuliko da.
8. artikulua. Lan kontratua.
Unean uneko legeria indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.
9. artikulua. Ohiko lanaldia.
Betiere, lan egutegia bezeroaren beharrei egokituko zaie.
Urteko benetako lanaldi erreala 1.744 ordukoa da, eguneroko 15 minutuko atsedenaldia barne dela.
Lanaldia irregularki banatua aplikatuz gero, alderdien arteko akordioa beharko da.
10. artikulua. Lanalditik kanpo lan egindako orduen konpentsazioa.
Enpresak konpromisoa hartu du, ahal dela, aparteko orduak enplegua sortuz ordezteko.
Dena dela, eta enpresak zer jarduera duen eta gure bezeroekiko zerbitzuaren ezaugarriak ikusita, lanalditik kanpo lan egindako orduak urteko oporraldiari ezin gehitu zaizkion atseden egunekin konpentsatzeko aukera itundu da; hori guztia, une bakoitzean indarra duen legerian aurreikusitako mugekin. Langilearen eta bere nagusi hurrenaren artean adostuko dira atseden egunak, gehiegizko ordu bakoitza 1,5 atseden ordurekin konpentsatuta.
Aparteko orduak diruz ordaintzea aztertzen den kasuetan, 16 euro gordinekin konpentsatuko da ordu bakoitza.
11. Larunbat, igande eta jaiegunetako lana.
Enpresaren funtsezko xedea bezeroekiko zerbitzua izanik, haiek eskatzen duten aldiro emanen zaie; izan ere, prestasun hori da enpresak aurrera jarraitzeko giltzarria.
Horregatik honako hau erabaki da:
Boluntarioen zerrenda bat eginen da urte hasieran, eta behartuta egonen dira larunbat, igande eta jaiegunetan sortzen diren beharrak betetzera. Enpresak bere beharren arabera erabiliko ditu boluntarioak, baina ezin izanen ditu zerrenda horretako pertsonak zerbitzuak ematera behartu lehendik behartu baditu; aurretik, zerrendako guztiak behartu beharko ditu inskribatuta dauden langileen balioaniztasuna kontuan hartuta. Arrazoi objektiboak salbu, enpresak zerrendako ordena errespetatuko du.
Urtero, urritik aurrera eguneratuko da boluntarioen zerrenda hurrengo urterako eta, behar adina lagun ez bada, ordura artekoak jarraituko du indarra izaten. Betiere, zerrendako lagunak baino gehiago behar direnean lanaldi horietarako, sortutako beharretarako egokienak diren langileak erabiliko ditu enpresak.
Larunbatean lan eginez gero, 135 euro gordin ordainduko da, edo atseden egunekin errekuperatuko da, larunbat bakoitzeko 1,5 egun emanez.
Atsedenaldiak aukeratuz gero, aste osoak hartuko dira; hau da, aste osoa osatzeko behar diren orduak pilatuta. Garaiz eskatuko dira, enpresak antolaketa egin dezan, eta ez dira txanda berean langileen %10 baino gehiago atsedenaldian egonen.
Igandean edo jaiegunean lanaldi osoa eginez gero, 135 euro gordin ordainduko da igandea edo jaieguna. Bestela, atsedenaldia emanen da, larunbatetako ideia berarekin, baina jaiegun bakoitzeko 2 atseden egun; horiek pilatu egin beharko dira astea osatu arte.
12. artikulua. Lan egutegia eta oporrak.
Oporrak 30 egun naturalekoak izanen dira, hau da, 23 lanegunekoak.
Betiere, bezeroarekiko zerbitzua bermatuko da. Enpresak langileen ordezkariekin prestatuko du lan egutegia eta, bidezko bada, opor txandakatuak ezarriko dira.
Urteko lanaldia gutxituz gero, ez dira oporrak handituko.
Bezeroak egutegia aldatuz gero, enpresa hari egokituko zaio. Enpresak langileekin adostutako oporrak errespetatuko ditu; betiere, bezeroarekiko zerbitzua bermatuta.
Egutegiz aldatzeko egunak ez dira jaieguntzat joko.
Langileek maiatzaren lehena baino lehen eskatuko dituzte oporrak eta, non ez den bidezko arrazoirik, langileak garaiz jakinen du zein diren eta bakoitzaren egutegian jasoko dira.
Baimen ordainduak ez dira inoiz opor egun gisa pilatu, kontatu edo kudeatuko.
13. artikulua. Soldataren igoera eta berrikuspena.
Soldata honela berrikustea adostu da:
–2013ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aurreko urteko KPIaren %33.
–2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aurreko urteko KPIaren %33.
–2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aurreko urteko KPIaren %33.
14. artikulua. Soldaten taulak.
Alderdien nahia izanik hitzarmen honetako taulak Nafarroako Foru Komunitateko salgaien errepidean barnako garraio sektorearen hurrengo hitzarmen kolektibo autonomikoarenak izan daitezela, 1. eranskinean jasotako soldata taula behin-behinekoa izanen da, harik eta sektoreko hitzarmen berria sinatu arte.
Behin hori sinatutakoan, hitzarmen horretan ezartzen diren soldata taulak aplikatuko dira enpresan, eta mahai negoziatzailea bilduko da hitzarmena aldatzeko eta taulak ordezteko, behar bezala ager daitezen dagokien erregistro publikoan. Orobat aldatuko da, bidezko bada, enpresaren nominaren egitura, sektoreko hitzarmen berriko taulei egokitzeko.
Sektoreko hitzarmeneko taulen arabera hitzarmen honetan ezarritakoa baino ordainsari txikiagoa zehazten bada, hitzarmen honetako taulen eta sektoreko hitzarmenekoen arteko aldea osagarri pertsonal bihurtuko da sektoreko hitzarmen berria argitaratzen denean altan dauden langileentzat bakarrik; betiere, ez da xurgatuko, ezta konpentsatuko ere eta eguneratu eginen da.
6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, sinatutako hitzarmenekoa baino soldata handiagoa duten langileentzat, 1. eranskinean jasoko dira soldaten taulak eta haien urteko ordainsari gordinerainoko aldea osagarri pertsonalaren kontzeptuan sartuko da. Osagarri hori ez da xurgatuko, ezta konpentsatuko ere, eta eguneratu eginen da.
15. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Laneko istripuagatik edo gaixotasunagatik aldi baterako bajan diren langileek ordainsari gordin finkoaren %100 jasoko dute lehen egunetik bajan dauden bitartean.
16. artikulua. Genero-indarkeria.
Epai judizial irmo baten bidez egiaztatuta dauden genero indarkeriaren biktimak, zerbitzu ematen ari ziren herrian lanpostua uztera behartuak baldin badaude, egiaz babestuak izan daitezen eta gizarte laguntza integrala izan dezaten, lehentasunezko eskubidea izanen dute lanbide talde bereko edo balio bereko beste lanpostu bat hartzeko; betiere, enpresak lanposturen bat hutsik izan beharko du Nafarroan dituen lantokietako edozeinetan.
17. artikulua. Ordezko zuzenbidea.
Hitzarmen honek aurreikusten ez duen hartan, Errepidean barnako Salgaien Garraioari buruzko Akordio Orokorrean eta Errepidean barnako Salgaien Garraioari buruzko Nafarroako hitzarmenean xedatutakoari jarraituko zaio. Hori galduz gero, Errepidean barnako Salgaien Garraioari buruzko Nafarroako 2008ko hitzarmenean ezarritakoa beteko da.
I. ERANSKINA
2013ko soldaten taulak (*)
Kategoria | Oinarrizko soldata | Eskorga-gidaria | PP Mozkinak | Gordina hilean | Gordina urtean |
Sehia | 1.231,86 | | 87,99 | 1.319,86 | 18.478,00 |
Mutil espezializatua | 1.247,48 | | 89,10 | 1.336,59 | 18.712,28 |
Eskorga-gidaria | 1.262,08 | 15,14 | 90,14 | 1.367,37 | 19.143,26 |
Taldeko burua | 1.309,26 | | 93,52 | 1.402,78 | 19.638,91 |
Administrari laguntzailea | 1.235,47 | | 88,24 | 1.323,72 | 18.532,07 |
Administrari-ofiziala | 1.270,94 | | 90,78 | 1.361,73 | 19.064,21 |
(*) Euro gordinak, lanaldi osoagatik. 2012ko KPIaren %33ko igoera sartzen da, hau da, %0,957ko igoera. |
II. ERANSKINA
2014ko soldaten taulak (*)
Kategoria | Oinarrizko soldata | Eskorga-gidaria | PP Mozkinak | Gordina hilean | Gordina urtean |
Sehia | 1.233,09 | | 88,08 | 1.321,17 | 18.496,38 |
Mutil espezializatua | 1.248,73 | | 89,19 | 1.337,92 | 18.730,91 |
Eskorga-gidaria | 1.263,34 | 15,16 | 90,24 | 1.368,74 | 19.162,30 |
Taldeko burua | 1.310,57 | | 93,61 | 1.404,18 | 19.658,54 |
Administrari laguntzailea | 1.236,71 | | 88,34 | 1.325,04 | 18.550,58 |
Administrari-ofiziala | 1.272,21 | | 90,87 | 1.363,08 | 19.083,16 |
(*) Euro gordinak, lanaldi osoagatik. 2013ko KPIaren %33ko igoera sartzen da, hau da, %0,1eko igoera. |
Iragarkiaren kodea: F1403659