65. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, hautaproben bitartez eta aldi baterako kontratazioaren bidez, gizarte langile izateko lanpostuan aritzeko zerrenda osatu beharrez, Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2014ko martxoaren 26an; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1.–Deialdia egiten da gizarte langile izateko lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Iruñeko Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda hori erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

Dena dela, kontuan hartuko da norbait ote dagoen hautaprobak gainditu eta lanposturik gabe gizarte langile izateko lanpostuan lan-kontratudun finko edo funtzionario izateko egin den edo egitekoa den azken deialdi publikoan; izan ere, egindako azken deialdi publikoa gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek lehentasuna izanen dute aldi baterako lanpostuak betetzeko.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Gizarte Laguntzailearen titulua edo Gizarte Laneko diplomatura izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautapen prozedurak diraueino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat baliatuz.

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratu ahalko baita Iruñeko Udaleko Laguntza Bulegoan, Kale Nagusiko 2an, edo Internet bidezko www.pamplona.es gunean, edo, bestela, aldizkari ofizialetik bertatik hartuta, argitaratzen denean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako titulazioaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopiak ere aurkeztu beharko dituzte izangaiek.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, Herriko Etxearen gibelaldean.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, deialdi honen zazpigarren oinarrian aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiek ebatzi ondoan, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.

6.–Epaimahaiak.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztu ahalko da behin betiko osaera:

Mahaiburua: M.ª Jesús Vicente Goicoechea, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko zuzendaria.

Mahaikidea: Virginia Eraso Barrio, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko gizarte langilea.

Mahaikidea: Itziar Echeverría Aldunate, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko zuzendariordea.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Jesús María Pascal Mendioroz, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko idazkari teknikoa.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Iruñeko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

7.1. II. eranskinean jasota dauden gaiei buruzko test tankerako galderei erantzunda eginen da hautaketa. Proba egiteko gehieneko denbora epaimahaiak zehaztuko du, hasi aurretik.

7.2. Hautaprobaren balorazioa 100 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (50 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

7.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

7.4. Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortu duten azken puntuazioaren hurrenkeran, eta Giza Baliabideen zuzendariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei Iruñeko Udalean gertatzen diren premien arabera eginen zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.3. Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. atalean ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

8.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2014ko martxoaren 26an.–Giza Baliabideen jarduneko zuzendaria, Nuria Larráyoz Ilundáin.

I. ERANSKINA

IZENA

N.A.N./NORTASUN AGIRIA

JAIOTEGUNA

JAIOTERRIA

NAZIONALITATEA

EGUNGO HELBIDEA (kalea, zenbakia, solairua)

POSTA KODEA/HERRIA

SAKELAKO TELEFONOA

TELEFONO FINKOA

AZALTZEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetarik batere.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

q Desgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

q Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea hautaproben bidez izangai zerrenda bat osatzeko deialdian (..... urteko ........ zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ...... egunean argitaratua) gizarte langile izateko lanpostuan aritzeko aldi baterako kontratuaren bidez.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Kale Nagusia, 2, 31001 Iruña).

  Iruñean, 20....(e)ko ...............aren ......(e)an

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1.–Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea. Sistemaren antolamendua, eskumenen artikulazioa eta eskubideen aitorpena. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa.

2.–Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena: zerbitzuen zorroaren edukiak: prestazio motak, edukien definizioa eta eskubidearen babesa.

3.–Oinarrizko laguntzaren erakunde antolaketa, Iruñeko Udalaren gizarte zerbitzuetan.

a) Harrera eta orientabide sozialerako programa.

b) Gizarteratzeko programa.

c) Haurrei eta familiari laguntzeko programa.

d) Autonomia pertsonala sustatu eta menpekotasuna duten pertsonei laguntzeko programa.

Arreta espezializatuko programak eta zeharkakoak, Iruñeko Udalaren gizarte zerbitzuetan:

a) Prestakuntzako eta enpleguko planak: Gizarteratze eta laneratze taldea (EISOL), enplegurako lantegi-eskolak eta beste batzuk.

b) Enplegu sozial babestuaren programa (ESP).

c) Zailtasun sozialak dituzten haur eta nerabeei laguntzeko taldea (EAIA).

d) Emakumeendako laguntza zerbitzua (SMAM).

e) Bazterketa handia: Provivienda, Etxegabeentzako udal zerbitzua, ostatu-etxeetan egoteko txartelak, jantoki soziala etab.

f) Berdintasunerako Programa.

g) Garapenerako laguntza programa.

5.–Iruñeko Udalaren prestazio ekonomiko propioak:

a) Ikastetxeetan jateko laguntza ekonomikoa.

b) Errehabilitazio zentroetako egonaldiak ordaintzeko laguntza ekonomikoa.

c) Larrialdi sozialeko laguntza ekonomiko zuzenak.

d) Larrialdi sozialeko laguntza ekonomiko transferituak.

e) Bere kargura 0tik 12 urtera bitarteko haurrak dituzten familiendako laguntza ekonomikoa, bizitza pertsonala, lana eta familia bateratzeko.

f) Taxi-bonoa.

6.–Udal ordenantzak:

a) Familietan esku hartzeko programa.

b) Udal apartamentuak.

c) “Aukera eman zure buruari” programa.

d) Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ).

e) Adinekoentzako zerbitzuak.

f) Gizarte-ekimenerako auzo-etxeak.

7.–Gizarte lanaren kode deontologikoa.

8.–Gizarte lanaren metodologia: oinarrizko prozedura gizarte lanean. Lana sarean. Kasuen kudeaketa. Akonpainamendu soziala. Gizarte lan komunitarioa.

9.–Gizarte laneko teknikak: gizarte diagnostikoa, gizarte txostena, gizarte laneko elkarrizketa.

Iragarkiaren kodea: L1404478