1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko martxoaren 7koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Fomento de Construcciones y Contratas, S.A. (B.G.) entitatearen hitzarmen kolektiboaren aldaketari buruzko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Fomento de Construcciones y Contratas, S.A. (B.G.) entitatearen hitzarmen kolektiboaren aldaketari buruzko Akordioaren testua (kode zenbakia: 31003402011988), Erregistroan 2014ko otsailaren 24an sartu zena eta entitatearen batzorde paritarioak 2014ko otsailaren 18an sinatu zuena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Batzorde Paritarioari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko martxoaren 7an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
Iruñeko Fomento de Construcciones y Contratas, S.A. enpresak Iruñeko eta Iruñerriko Hiri Hondakin Solidoen Bilketa zerbitzuan aritzen diren langileekin duen hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioaren akta.
Iruñean, 2014ko otsailaren 18an bildu zen batzorde paritarioa, honako kide hauekin:
Enpresa Batzordearen aldetik: Juan M.ª Azcarate jauna, ATSU sindikatukoa; Juan Bataller jauna, LAB sindikatukoa, eta Jose Miguel Martinez Bazan jauna, UGT sindikatukoa.
Enpresaren aldetik: Luis Hualde Manso jauna eta Isidro Alvarez Alvarez jauna,
ERABAKI DUTE:
1. Hitzarmen Kolektiboaren 11. artikuluaren edukia zuzentzea, testua hauxe izan dadin:
11. artikulua. Oporrak.
Urteko oporraldi ordaindua 30 lanegunekoa izanen da enpresan zerbitzuan urtebete daramaten langile guztientzat, eta horren zati proportzionalekoa denbora gutxiago dutenen kasuan. Larunbatak lanegun osoak izanen dira.
Lansarien taularen I. eranskinean eta “Oporrak” II. eranskinean jasotakoarekin bat ordainduko dira oporrak, gehi kasu bakoitzari dagokion antzinatasuna.
Enpresan emandako hirurteko bakoitzeko, urtean lanegun bat gehituko zaio oporraldiari. Kontratu mugagabea, obra edo zerbitzu kontratua edo errelebo-kontratua duten langileen hirurteko egunak 9 izanen dira gehienez ere, eta 2013ko apirilaren 1etik aurrera kontratatuta daudenenak, berriz, 5 egun.
Langileek nahi duten moduan hartu ahal izanen dituzte hirurteko bakoitzean emandako egun horiek, itzuli behar ez direnak, betiere muga hauekin:
1.–Gehienez ere 11 langilek har dezakete egun bera, non ez den langile bakoitzaren asteko atseden egunaren bezpera edo jaiegun bezpera, edo udako oporraldiaren hasiera edo amaierako eguna.
2.–Arestian aipatutako kasuetan, egun horiek batera har ditzaketen langileen gehieneko kopurua 10 izanen da.
Bi kasuetan, hartu beharreko eguna baino 4 egun natural lehenago, gutxienez, eskatu beharko da. Eskaera egiten den egunetik eskatutako egunera bitarte bi jaiegun baldin badaude, eskatzeko epea 6 egun naturalekoa izanen da.
Eskabide gehiegi daudelako zozketa bat egin behar baldin bada, lau egun natural lehenago eginen da.
Udako oporraldia bi txandatan hartuko du plantillak, erdiak bakoitzean, kategoria bat bestearen atzetik, uztailean eta abuztuan, bakoitza 23 lanegunekoa, eta horiei 10. artikuluan aipatzen den baimen ordainduko 3 egunak gehituko zaizkie.
Langileek honela aldatu ahal dituzte oporrak:
a) Txandatik kanpo geldituz, oporraldi osorako.
b) Txandatik kanpo geldituz 13 laneguneko bi alditan.
c) 13 lanegun hartuz esleitutako txandan, uztailean edo abuztuan, eta 13 laneguneko beste aldi bat txandatik kanpo.
d) 13 lanegun trukatuz kategoria bereko beste langile batekin uztailean eta abuztuan.
e) Uztailean eta abuztuan txanda osoa trukatuz beste langile batekin.
Arestian ezarritako aukera horietako bat behin baizik ez da erabili ahal izanen, eta, lehen aipatutako aldaketen ondorioz, ezin izanen dira 6 peoi eta 6 gidari baino gehiago egon txandatik kanpo data berberean.
Arrazoi personalengatik edo ezinbesteko kasuetan, langileren batek lehen aipatutako aldaketez beste bat egin nahi izanez gero (denbora laburragoa, txandatik kanpo, etab.), batzordeak eta zuzendaritzak aldatu ahal izanen dituzte esleitutako txandak, ados jarri eta kasua aztertu ondoren.
Oporretan ordezkapenak egiteko, urtarrilaren hasieratik abenduaren amaierara bitarte bitarteko izaeraz kontratatzen diren langileek dagokien oporraldia hartu ahal izanen dute eskatzen duten egunetan, udako oporralditik kanpo betiere eta bi alditan gehienez.
Data horien salbuespen bakarrak aldi baterako ezintasun prozesuak eta lizentziak izanen dira. Egoera horietan, lehen aipatutako salbuespena amaitu ondoren hasiko da txanda.
Gainerako zazpi opor-egunak hitzarmen honen 10. artikuluan ezartzen diren bost baimen-egunekin batera hartuko dira, udatik kanpo, txanda berdinetan eta kategorien arabera; egutegi bat prestatuko da horretarako.
Enpresaren opor egunen egutegiaren arabera finkatutako oporraldiak bat egiten badu langile baten haurdunaldiaren edo erditzearen ondoriozko edo bularra emateko aldi baterako ezintasun egoera batekin edo Langileen Estatutuaren 48.4 artikuluan eta 48.bis artikuluan ezarritako lan kontratua eteteko aldiarekin, langileak eskubidea izanen du opor egunak aldi baterako ezintasuna edo dagokion baimena bukatutakoan edo kontratuaren etenaldia bukatutakoan hartzeko, urte naturala bukatu bada ere.
Oporraldi batean, eritasun arrunt bat edo lan istripu bat dela eta, aldi baterako ezintasuna gertatuz gero, eta horren ondorioz langileak oporrak dagozkion urte naturalean hartzerik ez badu, osorik edo partez, ezintasuna bukatu ondoren hartu ahalko ditu, betiere oporretako urtea amaitu zenetik 18 hilabete baino gehiago igaro ez badira.
Oporretan dauden langileen tokian aritzeko kontratudunak hartuko dira.
Oporren egutegiak enpresak eta batzordeak adostuta prestatuko dira.
13. artikulua. Baimenak.
Gutxienez ere 4 egun natural lehenago eskaera egiten duten langileei enpresak ordainsaririk gabeko 8 baimen emanen dizkie gehienez ere, urtean 20 egun gehienez; baimena egun berean hartzen duten langileen kopuruak 7tik beherakoa izan beharko du, eta data hauetatik kanpo: uztail eta abuztuko larunbatak, uztaileko zubiak, abuztua, Eguberri eta Urte Berri egunak eta sanferminak, data horietan gehienez ere 4 pertsonak har dezaketelako egun bera. Ondorio horietarako, sanferminetako jaiegunak jaiak hasi eta amaitu bitarte dauden egun guztiak direla ulertzen da. Baimen horiek kontrolatzeko dietario bat ezarriko da, eta Oritzen gordeko (Garraioaren Hiria).
Eskaera egiten den egunetik eskatutako egunera bitarte bi jaiegun baldin badaude, eskatzeko epea 6 egun naturalekoa izanen da.
Eskabide gehiegi daudelako zozketa bat egin behar baldin bada, lau egun natural lehenago eginen da.
Dietarioa enpresa batzordearen esku egonen da eskatzen duenean ikusteko.
Ordainsaririk gabeko baimen-egun bakoitzeko oinarrizko soldata, antzinatasuna, eta egun bakar bateko plus guztiak deskontatuko dira, bai eta aparteko ordainsarien zati proportzionala ere, egun bakar bati dagokiona. Zenbateko horri 20 euroko deskontua gehituko zaio gidariaren kasuan eta 18 eurokoa peoiarenean.
Era berean, Gizarte Segurantzaren medikuaren kontsultara joateko behar den ezinbesteko denborarako baimena hartu ahal izanen du langileak, soldatan murrizketarik gabe, aurretik jakinarazita eta ondoren kontsultara bertaratu izanaren ziurtagiria emanez, aurretik ematerik ez badago.
2. Testua Lan arloko Agintaritzari igortzea, inskribatu eta argitaratzeko, bidezkoa bada, eta enpresaren ordezkariari baimena ematea aurkez dezan.
Hitz egiteko gai gehiagorik ez dagoenez, honako akta hau egin da eta bertan diren guztiek izenpetu dute, erabakitakoarekin ados daudela frogatzeko.
Iragarkiaren kodea: F1403658