Iragarkia
63. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 2a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Udal ordenantza, Tafallako udal mugapean jarduera ekonomikoetan aritzeko aurretiazko komunikazioa duen erantzukizuneko aitorpena edo establezimenduen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedurak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Tafallako Udalak, 2013ko abenduaren 17an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako udal mugapean jarduera ekonomikoetan aritzeko aurretiazko komunikazioa duen erantzukizuneko aitorpena edo establezimenduen aurretiazko komunikazioa egiteko prozedurak arautzen dituena.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 artikuluan xedatuari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, 2014ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 20an.
Jendaurreko epea bukaturik, inork ez du haren kontrako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsi da eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan.
Tafallan, 2014ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Cristina Sota Pernaut.
UDAL ORDENANTZA, TAFALLAKO UDAL MUGAPEAN JARDUERA EKONOMIKOETAN ARITZEKO AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA DUEN ERANTZUKIZUNEKO AITORPENA EDO ESTABLEZIMENDUEN AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA EGITEKO PROZEDURAK ARAUTZEN DITUENA
LEHENBIZIKO KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1. Ordenantza honen xedea da Tafallako udal mugapean kokaturik dauden establezimendu edo lokalen gainean Udalak esku hartzeko dituen prozedurei aplikagarri zaien araubide juridikoaren alderdi orokorrak arautzea, merkataritzako jardueretan edo txikizkakoetan eta halako bertze zerbitzu batzuetan aritzeko eskatzen diren erantzukizuneko aitorpen edo aurretiazko komunikazioari dagokionez, baita komunikazio sare elektronikoak aipatu 12/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen diren baldintzetan paratzeari dagokionez ere.
2. Aitzinekoaren ondorioz, kendu dira komunikazio elektronikoen sare publikoei, merkataritzako establezimenduei eta haien instalazioei eta erantzukizuneko aitorpen edo aurretiazko komunikazioari buruzko araubide berriaren mendeko halako obra batzuei loturik orain arte eskatzen ziren udal eremuko lizentziak.
3. Halaber, a posteriori egiaztatzeko araudi bat ezarri da, arestian aipatu jarduera ekonomikoetan aritzen diren establezimenduek betetzen ote duten hirigintzako araudia eta segurtasunaren, higienearen, osasunaren, irisgarritasunaren, erosotasunaren, bibrazioen eta asots mailaren aldetik, jarduera bakoitzaren arau berariazkoek erregelamenduz ezartzen dituzten baldintza teknikoak, eta orobat Eraikinetako eraikuntzari eta suteen aurkako babesari buruzko oinarrizko arauetan ezartzen direnak eta ingurumenaren babesaren eta eraikinetako irisgarritasunaren arloan aplikatzen ahal den araudia, eta orobat deklaratu edo komunikatutako jarduera arautzen duen bertze edozein araudi, izanik hura berariazkoa, orokorra edo sektoriala.
2. artikulua. Definizioak.
Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:
1. Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan aurreikusiari jarraikiz.
2. Zerbitzua: norbaitek bere kontura eta normalean ordainsari baten truke egiten duen jarduera ekonomikoa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 50. artikuluan jasoa.
3. Erantzukizuneko aitorpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentu horretan, hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten du eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako betekizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikulua).
4. Aurretiazko komunikazioa: dokumentu honen bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari adierazten dizkiote beren datu identifikagarriak eta gainerako baldintzak, eskubide bat erabiltzeko eta jarduera abiatzeko eskatzen direnak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71 bis artikulua).
5. Baimena: norbaitek zerbitzu jarduera baterako sarbidea izan dezan edo hartan aritu ahal izan dadin agintaritza eskudunak aldez aurretik eman behar dio, berariaz edo isilbidez.
6. Kontrola a posteriori: Erantzukizuneko aitorpen edo aurretiazko komunikazio baten ondoko egiaztapena egiteko jarduketa egiten da, betetzen ote diren interesdunak deklaratu edo aurretiaz komunikatu dituen alderdiak, eta legeria sektorialak deklaratu edo komunikatu den jardueran aritzeko ezartzen dituen baldintzak.
7. Egiaztapena: Udalari atxikitako zerbitzu teknikoek egiaztatze lana egiten dute, erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duen jarduerak berau garatzeko baldintzak betetzen ote dituen; ekarritako datuak badirela eta egiazkoak direla frogatzea dakar.
8. Ikuskapena: Erantzukizuneko aitorpenean eta eskura dagoen dokumentazioan adierazitakoa egiaztatzen dute Tafallako Udaleko teknikari eskudunek; nahitaezkoa izanen da, bertatik bertarako agerraldia eginez.
3. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Ordenantza hau aplikatuko zaie Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen I. eranskinean zerrendatzen diren industriako jarduerei, merkataritzako txikizkako jarduerei eta zerbitzuetakoei, establezimendu iraunkorren bidez gauzatzen badira, eta erakusketarako eta jendeari saltzeko azalera erabilgarria hirurehun (300,00) metro koadro edo indarra duen legeriak aldi bakoitzean ezartzen duena baino handiagoa ez bada.
Ordenantza honen aplikazio eremua doi zehazteko, kontuan hartu beharko da Gobernuak aldatzen ahal dituela 12/2012 Legearen I. eranskinak aipatzen dituen jarduerak, lege horren zortzigarren azken xedapenean ezarritako baldintzetan, eta orobat jarduerak egiten diren establezimendu iraunkorren azalera, aipatu legearen bederatzigarren azken xedapenak emandako eskumenaren arabera.
2. Halaber aplikatuko zaie jendearen eskura dauden komunikazio elektronikoak emateko erabiltzen diren estazio edo instalazio erradioelektrikoei, 12/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta hura aldatzen ahal duen geroko araudian jasotzen diren baldintzetan; hori guztia, apartze utzirik instalazio horiei aplikatzea Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorra eta hura garatzeko araudia.
3. Orobat, ordenantza honen aplikazio eremuaren barnean geldituko dira lokalak merkataritzako jardueran aritzeko egokitzeko obrak, non ez duten obra proiekturik behar Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz.
4. Merkataritzako jarduera eta zerbitzuetakoen titulartasun aldaketak, orobat, ordenantza honetan xedatzen denari lotuko zaizkio.
5. Ordenantzaren aplikazio eremuaren barnean geldituko dira, halaber, jarduera, instalazio eta obrak, haiek abiatzeko edo gauzatzeko araudi orokor, sektorial nahiz autonomikoak aurreikusten badu erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa egitea, eta haien gaineko ikuskapena a posteriori egitea aurreikusten bada.
7. Alkatetzaren ebazpenaren bidez onetsiko da ordenantza honi loturiko jardueren zerrenda, aldi bakoitzean indarra duen legeriari jarraikiz eta Udalaren egoitza elektronikoa argitaratua.
4. artikulua. Salbuespenak.
Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek:
1. Ondare historiko-artistikoan eta jabari publikoko ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan eragina duten jarduera eta obrak, edo obra proiektu bat prestatzea behar dutenak Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.
2. Jarduerak eta obrak, haien gaineko eskumena eta kontrola Nafarroako Foru Komunitateari badagokio.
3. Jarduerak, ordenantzaren aplikazio eremuaren barnean arestian jasotako kasuei loturik ere, ezaugarri hauetariko bat baldin badute:
a) Jarduerak, haien establezimendua Nafarroako Foru Komunitatearen kultur ondarea osatzen duten ondasun, multzo edo inguruneei loturik badago, edo Udal Katalogoan sarturiko eraikinetan egiten badira.
b) Jarduerak, haietan aritzeak jabari publikoko ondasunen afektazioa edo erabilera pribatiboa dakarrenean, hala nola prentsa, aldizkariak eta argitalpenak, gozokiak, loreak eta gisako bertze batzuk saltzeko kioskoak, udalerriko espazio publikoetan daudenak.
c) Kaleko salmenta, eremu publikoan eta espazio publikoetan.
d) Establezimendu fisikoak, Udalaren hornidura azoketan daudenak, baita erakunde eta enpresa publikoen instalazio, lurzati edo bertzelako higiezinetan daudenak.
5. artikulua. Aurretiazko kontsulta.
Interesa dutenek Herriko Etxean aurkezten ahalko dituzte aurretiazko kontsulta egiteko eskaerak, establezimenduak irekitzeaz edo jarduerak abiatzeaz, baita jarduerak hasi aitzin edo haietan aritzean egin nahi diren egokitzapen edo instalazioez. Eskaerarekin batera txostena aurkeztuko dute, behar bezainbat datu izanen dituena proiektaturiko jardueraren eta hura gauzatzeko higiezinaren ezaugarriak deskribatzeko. Kontsulta hamar eguneko epean erantzun beharko da, eskaera eta aitzinean aipatu dokumentazioa Udaleko Erregistro Orokorrean sartzen denetik hasita.
BIGARREN KAPITULUA
Erantzukizuneko aitorpena behar duten jarduketen araubidea
6. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena behar duten jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
1. Erantzukizuneko aitorpena eta ondoko kontrola beharko dute ondotik zehazten diren jarduera, zerbitzu eta obren hastapenak, garapenak eta gauzatzeak, betiere ordenantza honek baztertzeko aipatzen dituen arrazoiak gertatzen ez badira:
a) Jardueren irekierak edo hastapenak, izanik horiek sailkatuak edo ez, txikizkako merkataritzakoak eta 12/2012 Legearen eranskinean jasotzen diren gainerako zerbitzuetakoak, betiere egiten badira establezimendu iraunkorren bidez, eta haien erakusketarako eta jendeari saltzeko azalera erabilgarria indarra duen legeriak aldi bakoitzean ezartzen duena baino handiagoa ez bada.
b) Aitzineko lokalak egokitzeari loturiko obrak egitea, merkataritza edo zerbitzu jardueran aritzeko, obra proiekturik behar ez dutelarik, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean xedatuari jarraikiz.
c) Bertze edozein jarduera, zerbitzu eta obra, une bakoitzeko legeria orokor, sektorial, autonomiko edo estatalak hala ezartzen badu.
2. Erranak erran, jarduketaren sustatzaileak, obrak hasi aitzin, behar den dokumentazio teknikoa izan beharko du eraikuntzako segurtasunari eta osasunari buruz, baita jardueretarako instalazioen gaineko proiektuak ere, hau da, teknikari eskudun batek sinaturiko dokumentuak, halako jarduera batean aritzeko lokal batek behar dituen elementu mekaniko eta elektronikoak, makineria eta instalazio berariazkoak.
3. Obrek proiektu teknikorik ez badute behar, eta dagokien tributu likidazioaren ondorioetarako, jardueraren sustatzaileak izan beharko du, gutienez, obrak hasi aitzin, eraikuntza enpresa edo teknikari eskudun batek luzaturiko agiria, honako hauek agertzen dituena: obra gauzatzeko aurrekontua, kontu-sail eta unitateak zehaztuta, eta egin beharreko obrak deskribatzeko eta justifikatzeko txostena.
7. artikulua. Erantzukizuneko aitorpenaren edukia eta aurkezpena.
1. Erantzukizuneko aitorpenean interesdunek idatziz adierazi beharko dute, I. eranskineko ereduaren arabera, aipatzen dituzten jarduerak eta obrak abiatu, garatu eta gauzatzeko indarra duen araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horrela frogatzen duen dokumentazioa daukatela eta aitorpen eta aritze horri darion denboran segituko dutela horikek guztiak betetzen.
Baldintza horien artean, interesdunek adierazi behar dute behar delarik eskatzen ahal zaien dokumentazio administratibo eta teknikoa daukatela, eta hura teknikari eskudun batek sinaturik dagoela indarra duen araudiarekin bat, eta orobat daukatela dagokion zerga aginduta dagoenean ordaindu izanaren egiaztagiria.
2. Erantzukizuneko aitorpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko 30/1992 Legearen 38-4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetako edozeinetan aurkeztuko da, baita Udalaren egoitza elektronikoan ere.
3. Erantzukizuneko aitorpenarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Interesdunaren nortasuna ziurtatzen duen agiria.
–Hala behar badu, noren ordezkaritzan aritzen den ziurtatzen duen agiria.
8. artikulua. Erantzukizuneko aitorpenaren ondorioak.
1. Erantzukizuneko aitorpena aurkezteak jardueran edo zerbitzuan hasteko eta aritzeko gaitasuna emanen du, baita deklaratutako obra egiteko, betiere deklarazioan jasotzen badira horretarako behar diren datu guztiak. Interesdunek komenigarriak iruditzen zaizkien irizpideak ere aurkezten ahalko dituzte, erantzukizuneko aitorpenaren ereduko datuak zehazteko eta osatzeko, zer organotara jo duten, harexek onartu eta kontuan hartu behar baititu.
2. Deklarazioa egiten duen pertsona beharturik egonen da deklaratutako elementu eta baldintzen ziurtagiriak jarduera gauzatzen den establezimenduan gordetzera eta Udalaren eskura jartzera eskatzen zaion momentuan, frogapen edo ikuskapen jarduerak egiten badira.
3. Erantzukizuneko aitorpena aurkezten bada eskatzen diren datuak jaso gabe, hori zuzentzeko eskatuko da Udalak egiaztatzeko duen epean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan xedatuari jarraikiz. Halakoetan, erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasuna etenik gelditu da harik eta jaso ez diren datuak zuzendu arte, horiek funtsezkoak badira.
Zuzentzeko emandako epea iraganik hori egin ez bada, organo eskudunak ebazpena emanen du hori gertatu dela jasorik, eta erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasun eza deklaratuko da, baita, hala behar badu, jardueran aritzetik gelditzea.
4. Erantzukizuneko aitorpenean aurkezten diren datuak edo adierazpenak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, edo zerbait funtsezko falta bada, horrek jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu ezina ekarriko du, egoera horren berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik izan litezkeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.
Hala gertatzen bada, Udalak ebazpena emanen du aipatu inguruabarrak gertatu direla deklaratzeko eta erabakitzen ahalko du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko unera lehengoratzera, eta orobat erabaki xede berarekin bertze erantzukizuneko aitorpen bat aurkezteko ezintasuna, bi hilabeteko epean, maila goragoko araudiak epe laburragoa xedatu ezik.
5. Erantzukizuneko aitorpena aurkezten baldin bada ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo dagoen jarduera abiatzeko edo ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo dagoen obra edo instalazioa gauzatzeko, ebazpen arrazoituaren bidez adieraziko da erantzukizuneko aitorpen horren onartezintasuna; horrek berekin ekarriko du adierazpen espresa, eskubidean edo jardueran hasteko ezintasunaz behar den lizentzia aitzinetik eskuratu gabe.
6. Erantzukizuneko aitorpena aurkeztu ondoan, interesdunari noiznahi egiten ahalko zaio errekerimendu administrazio espedientea ekar dezan edo erakuts dezan aitorpenaren arabera daukan dokumentazioa, baita bidezko den gainerakoa, jarduera bera edo jarduerari lotutako obrak egiaztatzeko.
9. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena behar duten jardueren kontrola.
Erantzukizuneko aitorpena aurkezteak ez dakar berez jarduera, zerbitzua eta obra aplikatzeko den araudiarekin egiazki bat egitea, eta ez du mugatzen Udalari aplikatzeko den araudiak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko ematen dizkion ahalmenen erabilera.
HIRUGARREN KAPITULUA
Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubidea.
10. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduera, zerbitzu eta obrak.
1. Jarduketa hauek behar dute aurretiazko komunikazioa:
a) Merkataritzako eta zerbitzuetako jardueren titulartasun aldaketa.
b) Arau orokor edo sektorial, estatal nahiz autonomikoek jasotzen dituzten gainerakoak.
11. artikulua. Aurretiazko komunikazioaren edukia eta aurkezpena.
1. Aurretiazko komunikazioan interesdunek idatziz adierazi behar dituzte, II. eranskineko ereduaren arabera, beren identifikazio datuak eta eskubide bat erabiltzeko edo jarduera bat abiatzeko eskatzen ahal zaizkien gainerako baldintzak, barne dela behar den zerga ordaindu izanaren gordekina daukalako aitorpena, hura aginduzkoa delarik.
2. Aurretiazko komunikazioarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Interesdunaren nortasuna ziurtatzen duen agiria.
–Hala behar badu, noren ordezkaritzan aritzen den ziurtatzen duen agiria.
–Behar diren zergak ordaindu izanaren gordekina.
3. Aurretiazko komunikazioa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko 30/1992 Legearen 38-4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetako edozeinetan aurkeztuko da, baita Udalaren egoitza elektronikoan ere.
12. artikulua. Aurretiazko komunikazioaren ondorioak.
1. Aurretiazko komunikazioa aurkezteak jardueran edo zerbitzuan hasteko eta aritzeko gaitasuna emanen du, betiere komunikazioan jasotzen badira horretarako behar diren datu guztiak. Interesdunek komenigarriak iruditzen zaizkien irizpideak ere aurkezten ahalko dituzte, aurretiazko komunikazioaren ereduko datuak zehazteko eta osatzeko, zer organotara jo duten, harexek onartu eta kontuan hartu behar baititu.
2. Gainerakoan, aurretiazko komunikazioaren ondorioei dagokienez, ordenantza honen 7. artikuluari jarraituko zaio.
13. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jardueren kontrola.
Aurretiazko komunikazioa aurkezteak ez dakar berez jarduera, zerbitzua eta obra aplikatzeko den araudiarekin egiazki bat egitea, eta ez du mugatzen Udalari aplikatzeko den araudiak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko ematen dizkion ahalmenen erabilera.
14. artikulua. Baterako tramitazioa.
Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean hainbat jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizuneko aitorpenak eta aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira.
LAUGARREN KAPITULUA
Egiaztatzeko prozedura.
15. artikulua. Egiaztatzeko ahalmenen xedea.
Udalak egiaztatzeko dituen ahalmenak dira ondoko alderdi hauek egiaztatzeko udal zerbitzuek egiten dituzten jarduketa guztiak:
a) Erantzukizuneko aitorpenean edo aurretiazko komunikazioan aurkeztutako datu guztien zehaztasuna eta doitasuna.
b) Erantzukizuneko aitorpenean edo aurretiazko komunikazioan agertzen diren datu eta adierazpen guztien egiatasuna.
c) Baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiri guztien egiatasuna.
d) Egiazki gauzatutako jarduera erantzukizuneko aitorpenean edo aurretiazko komunikazioan aurkeztutako datuekin bat etortzea.
16. artikulua. Prozeduraren epea.
Egiaztatzeko prozedurak gehienez ere hiru hilabete iraunen du.
17. artikulua. Egiaztatzeko prozeduraren faseak: egiaztapena eta ikuskapena.
1. Egiaztapena da zerbitzu teknikoek egiaztatzea aitortutako jarduera erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten kasuetan dagoela eta jardueran aritzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.
2. Ikuskapena da in situ egiaztatzea betetzen direla erantzukizuneko aitorpenean edo aurretiazko komunikazioan adierazitakoa edo baldintzak frogatzeko agirietan adierazia.
18. artikulua. Egiaztapen aldia.
1. Egiaztapen aldian erantzukizuneko aitorpenaren agiriaren edukia eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertuko da. Agirien aldetik akatsak baldin badira edo baldintzaren bat betetzen ez bada, betiere zuzentzen ahalko da, salbu eta aitortutako jarduera edo gauzatutako obra ez badago erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten kasuen artean.
2. Egiaztapen aldiak ondorio hauek ekar ditzake:
A) Aitortutako jarduera edo, hala behar badu, gauzatutako obra ez dago erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten kasuen artean. Hala dela jasotzen duen txosten teknikoa eginen da eta horren ondotik interesdunari errekerimendu eginen zaio hamar eguneko epean alega eta aurkez ditzan egokiak iruditzen zaizkion agiriak; gero, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko komunikazioaren eraginkortasun eza deklaratzeko eta behar den lizentzia eskatzeko epea emateko; aldi berean, jardueraren badaezpadako etena aginduko da.
B) Agerian gelditu da akatsak badirela edo baldintzaren bat ez dela betetzen. Halakoetan, teknikari eskudunak akats edo ez betetze horiek kalifikatu beharko ditu: zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak ez direnak edo zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak.
a) Lehenbizikoan, segida emanen zaio egiaztapen prozedurari, ikuskapen aldiaren bidez.
b) Bigarrenean, jardueraren badaezpadako etena deklaratuko da, eta interesdunari epe bat emanen zaio akatsak zuzentzeko eta baldintzak betetzeko; epe hori arrazoizkoa eta motza izanen da, kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. Interesdunari ohartaraziko zaio akatsak zuzentzen eta baldintzak betetzen ez badira, ebazpena ematen ahalko dela erantzukizuneko aitorpenaren edo, hala behar badu, aurretiazko komunikazioaren eraginkortasun eza deklaratzeko eta establezimendua behin betiko ixteko agintzeko.
Ematen zaion epean, interesdunak bere eskubidearen alde komenigarriak iruditzen zaizkion alegazioak egiten ahalko ditu, orobat. Emandako epea amaituta eta, alegaziorik aurkeztu bada, horiek ikusirik, behar den ebazpena emanen da.
Prozedura arintzeko, ahal dela ikuskapena egitean emanen da zuzentzeko moduko akats funtsezkoak ez direnen berri.
19. artikulua. Ikuskapen aldia.
1. Erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa eta haien dokumentazioa araudiarekin bat heldu direla frogatu ondoan, jarduera in situ egiaztatuko da, betiere funtzionamenduan baldin bada; horretarako, ikuskapenari dagokion akta jasoko da.
2. Ikuskapen aldiko egiaztapen prozedura arindu beharrez, administrazioa sinplifikatzeko neurri hauek artuko dira:
–Ikuskapena bururaturik eta behar den akta luzaturik, data horren ondoko lehen egun baliodunetik aitzina kontatzen hasiko dira bertan adierazitako epeak, proposatutako neurri zuzentzaileak hartzeko, horren gaineko ebazpenik eman behar izan gabe.
–Jardueraren badaezpadako edo behin betiko etenaren gaineko ebazpenaren aitzineko entzute epetzat hartzen dira neurri zuzentzaileak hartzeko nahiz agirien egiaztapen aldiaren ondoriozko akatsak edo baldintzak zuzentzeko epeak.
3. Jardueran ari bitarteko ikuskapenak ofizioz abiatzen ahalko dituzte udal zerbitzu eskudunek, edo hirugarren batek salaketa egin ondoan, egitate salatuak benetakoak ote diren egiaztatu beharrez.
Ikuskapen jarduketaz akta jasoko da, eta hura agiri publikotzat joko da, eta zehapen prozedurei dagokien proba balioa izanen du, aparte utzirik administratuek beren eskubide edo interesen defentsan aurkez ditzaketen probak.
Ikuskapen aktan ondokoak jaso behar dira, gutxienez:
–Jardueraren titularra nor den.
–Establezimendua eta jarduera zein diren.
–Ikuskapenaren data eta ordua, diharduen administrazioaren partetik nork esku hartu duen, eta nork jardueraren titularraren ordezkari, halakorik bada.
–Zer nolako jarduketak egin diren, motz adierazita, eta orobat zer inguruabar eta gorabehera jotzen diren muntakotzat.
–Egindako azken kontrola zein izan den, halakorik izan bada.
–Indarra duen araudia ez dela bete hasiera batean ohartuz gero, horren berri.
–Jardueraren titularraren adierazpenak, halakorik eskatu badu.
–Ikuskapen egintzarekin ikusteko duten bertzelako oharrak.
–Bertan direnen sinadura, edo inork akta sinatu nahi izan ez badu, nor izan den.
Jardueraren badaezpadako etenaren erabakiaren kontra, tramiteko egintza kualifikatua den aldetik, errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazio bidean nahiz bide judizialean.
4. ikuskapen akta izaten ahalko da:
A) Aldekoa: jarduera aitortu eta egiaztatua araudiaren arabera eta eskatu behar zaizkion baldintzen arabera gauzatzen ari bada. Ikuskapenaren aldeko aktaren kopia interesdunaren eskutan utziko da; hartan jasoko da agirien egiaztapenaren ondorioz zuzentzeko moduko akatsak, funtsezkoak ez direnak, ote diren, eta zuzentzeko epe bat emanen da, aktan berean jasoko dena.
Emandako epea iraganik, eta akatsak zuzendurik, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko.
Emandako epea iraganik, zuzenketarik egin ez bada, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko, eta zehapena emanen da akatsak zuzentzeko betebeharra ez betetzeagatik.
b) Baldintzatua: neurri zuzentzaileak aplikatu behar direlarik. Ikuskapenaren ondorioa baldintzatua baldin bada, aktan alderdi hauek jasoko dira:
–Hartu behar diren neurri zuzentzaileak eta haien motibazioa.
–Halakorik izan bada, agiriak berriz ere egiaztatzeko aldiaren ondorioz zuzentzeko moduko akats edo baldintza funtsezkoak ez direnak eta zuzenketak egiteko eman epea, eta ohartarazpen espresa aipatu epea amaiturik adierazitako neurri zuzentzaileak hartu gabe, jardueraren badaezpadako etena dekretatuko dela harik eta horiek bete arte. Emandako epearen barnean, interesdunak komenigarriak iruditzen zaizkion alegazioak egiten ahalko ditu; hala bada, etena dekretatzen duen ebazpenak horien gainean ere ebatziko du.
Epea iraganik eta neurri zuzentzaileak harturik, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko.
Neurri zuzentzaileak harturik oraino akatsik baldin bada, ebazpena emanen da jardueraren badaezpadako etena dekretatzeko harik eta horiek bete arte.
Emandako epea iraganik, neurri zuzentzailerik hartu ez bada, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasun eza eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko, eta zehapena emanen da akatsak zuzentzeko betebeharra ez betetzeagatik.
C) Kontrakoa: jarduerak irregulartasun funtsezkoak baditu.
Ikuskapen akta kontrakoa bada, horien arrazoiak jasoko dira, baita hartu beharreko neurri zuzentzaileak ere; interesdunari hamar eguneko entzute epea emanen zaio, eta horiek iraganik ebazpena emanen da jardueraren badaezpadako etena agintzeko. Etenak bere horretan egonen da harik eta neurri zuzentzaileak egin direla frogatu arte.
Epea iraganik, eta neurri zuzentzaileak hartu direla frogaturik, ebazpena emanen da erantzukizuneko aitorpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko.
Ikuskapen aktan adierazitako akatsak ezin zuzenduak badira, jarduera behin betiko uzteko ebazpena emanen da. Ezin zuzendua izatea berariaz jaso beharko da ikuskapen aktan.
Kontrako ikuskapen akta jasoko da, orobat, erantzukizuneko aitorpenari edo aurretiazko komunikazioari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiritan funtsezko zerbait zuzena ez dela, faltsua dela edo falta dela atzeman eta egiaztatu bada; halakoetan, udal administrazioak erabakiko du ez dela segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik dagozkiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak. Halaber, kontrako ikuskapen aktan jasoko da inguruabar horiek deklaratzen dituen udal administrazioaren ebazpenak interesduna behartzen ahalko du eskubidea erabili edo jardueran hasi aitzineko egoera juridikoa berrezartzera, baita erabaki ere aldi jakin batean ezin duela abiarazi bertze prozedurarik xede berarekin; hori guztia aplikatu beharreko arau sektorialetan ezarritakoarekin bat etorriz.
5. Ofizioz nahiz interesdunek eskaturik, neurri zuzentzaileak hartzeko ezarritako epea luza dezake, gehienez ere hasieran emandakoaren erdia baino gehiago ez bada, betiere egoerak hartara behartuz gero eta hirugarrenei kalterik egin gabe.
Aipatu neurri zuzentzaileak hartzeko epea bukaturik, bertze ikuskapen bat eginen da. Bete gabeko baldintzak zuzendu ez badira, txosten tekniko bat eta txosten juridiko bat eginen dira, eta haietan proposatuko jarduera uztea baldintzak ez betetzeagatik, eta ebazpen proposamen bat ere bai ikuskapen prozedura bururatua deklaratzeko eta jarduera bertan behera uzteko, osorik edo bidezko den partean; ebazpen hori hirigintzako ikuskatzailetzari eta Udaltzaingokoari igorriko zaio.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ordenantza hau bere esparruan hasten diren jarduera, zerbitzu eta obrei aplikatzekoa izanen da, indarra hartzen duen unetik aitzina.
Erranak erran, interesdunek uko egiten ahal diete indarra hartu aitzin hasitako baimen prozedurei, ordenantza hau interesdunei aplikatu ahal izateko, bertan eskatzen diren baldintzak beterik.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko udal xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabortz egun baliodun geroago hartuko du indarra.
I. ERANSKINA
Erantzukizunpeko aitorpenaren eredua
I.–Deklaratzailearen datuak.
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
II.–Ordezkaritzaren ziurtagiria.
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
Titulua:
III.–Datuak, jakinarazpenetarako (bakarrik deklaratzailearenekin bat egiten ez badute).
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
IV.–Lokalaren edo jardueraren kokalekua.
Merkataritzako errotulua:
Helbidea:
JEZ kodea:
Katastroko erreferentzia:
2.–Jardueraren azalpena.
Izena:
Deskribapena:
Azalera:
VI.–Obren azalpena.
Obren azalpena:
Obren aurrekontua:
Eremu publikoaren okupazioa:
VII.–Erantzukizuneko aitorpena.
Deklaratzailea naizen aldetik, erantzukizuna nirea izanik, honako hau diot:
1.–Egin beharreko obrek eta jarduerak ez dute eraginik ondare historiko-artistikoan edo jabari publikoko ondasunen erabilera pribatibo eta okupazioan.
2.–Egin beharreko obrek ez dute eraikuntzako obra proiekturik behar, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.
3.–Jarduera Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legearen eranskinaren barnean dago, eta jendearendako salmenta eta erakusketarako azalera ez da 300 metro karratu baino handiagoa; edo bertzelako xedapen orokor edo sektorial, estatal edo autonomikoaren barnean dagoenez, erantzukizuneko aitorpenari edo aurretiazko komunikazioari lotu nahi natzaio.
4.–Agiri hauek dauzkat:
–Proiektu teknikoa, dagokion araudiaren arabera eskatzen ahal delarik, teknikari eskudunak sinatua.
5.–Obra eta jarduerek betetzen dituzte indarra duen legerian aurreikusitakoaren arabera eta, bertzeak bertze, bereziki ondotik ematen diren xedapenen arabera eskatzen ahal diren baldintza guztiak: 12/2012 legea, hirigintzako legeria autonomikoa, aplikatzen ahal diren bertzelako arau sektorialak, udal ordenantzak.
6.–Hitza ematen dut aipatu arauak betetzen segituko dudala jardueran aritzean edo obrak gauzatzean, baita legeria berrira egokituko naizela ere, hura aldatzen bada jardueran aritu edo obrak gauzatu bitartean.
7.–Hitza ematen dut jardueran ari naizen bitartean, eskatutako baldintzak betetzen ditudala frogatzen duten agiriak atxikitzeko, baita horiek aurkezteko ere, frogapenak egiteko ahalmena duten langileek errekerimendu eginez gero.
8.–Lokala irekitzean betetzen da suteen kontrako araudiarekin eta kontratua egin da horretarako instalazioen mantentze lanetarako.
9.–Erantzukizun zibileko behar den eta indarra duen poliza daukat, edo bertzelako aseguru baliokidea, eta haren ordainketa eguneratua, aplikatzekoa den araudi sektorialak hala eskatzen duelarik.
Tafallan, 201...(e)ko ..........aren .......(e)(a)n.
Sinadura
II. ERANSKINA
Aurretiazko komunikaziorako araudia
I.–Deklaratzailearen datuak.
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
II.–Ordezkaritzaren ziurtagiria.
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
Titulua:
III.–Datuak, jakinarazpenetarako (bakarrik deklaratzailearenekin bat egiten ez badute).
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
IV.–Lokalaren edo jardueraren kokalekua.
Merkataritzako errotulua:
Helbidea:
JEZ kodea:
Katastroko erreferentzia:
2.–Jardueraren azalpena.
Izena:
Deskribapena:
Azalera:
VII.–Titular aldaketaren komunikazioa. Titular berriaren datuak.
Izena edo sozietatearen izena:
NAN/IFZ/IFK:
Helbidea:
Telefonoak:
Faxa:
Helbide elektronikoa:
Gorako aipatu titularrak eskualdatzen eta lagatzen ditu lizentziaren, aurretiazko komunikazioaren edo jardueraren hastapenaren erantzukizuneko aitorpenaren ondoriozko eskubideak, ondoko hauen bidez eman baitizkiote:
Ebazpena: .............. organo honena:
Eguna:
Pertsona honen alde:
NAN/IFZ:
VIII.–Oharrak:
............................................................................................................
............................................................................................................
Tafallan, ............ (e)(a)n
Iragarkiaren kodea: L1403329
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
