62. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

108E/2014 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Lapoblaciongo udal mugapean, Meanon, zerriak gizentzeko ustiategi baterako. Jardueraren titularra José Luis Sáez Pérez jauna da.

2013ko maiatzaren 23an, José Luis Sáez Pérezek Ingurumen baimen integratua eskatu zuen, bere zerri gizendegia handitzeko asmoz. Izan ere, instalazio horrek gainditzen du Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1 c) epigrafeko atalasea (“Oilategiko hegaztien edo behi nahiz zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak”). Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago eta nahitaezkoa du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa.

Halaber, instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3 b) atalean jasota dago, “Oilategiko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako gizentzeko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak” izenekoan; eta Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 1. taldeko e.3) idatz-zatian ere bai.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi diren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Gainera, industria emisioei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/UE Zuzentarauan ezarritako xedapen eta baldintza berriak erantsi dira, zuzentarau horrek zenbait aldaketa sartu baititu kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko araudian. Hartara, bete egiten da zuzentarau horren 80. artikuluan xedatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo isurketa berrikusi da, eta erabaki da horrelakorik ez dagoenez ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ebazpen proposamena tramitatzeko, entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hamabost egunean, eta ez du proposamen horren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi ziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera. Dekretu horrek ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Lapoblaciongo udal mugapean, Meanon, zerriak gizentzeko ustiategi baterako. Titularra José Luis Sáez Pérez da.

Bigarrena.–Instalazioa handitzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horrentzat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.–Jarduera Ingurumen baimen integratuaren proiektuan espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatzea, eta betiere ebazpen honen eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

Bosgarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean, bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitakoak bai Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoak.

Seigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isurketak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiarekin loturik eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Zazpigarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den ala ez, Ingurumena Babesteko Esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zortzigarrena.–Instalazioa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa (15P02141090002013). Sortzen ahal dituen hondakinak Ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakin arriskutsuen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bederatzigarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1410030452/2/3 plana onestea.

Hamargarrena.–Handitzeko jarduera hasi baino lehen, instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen eranskinetan ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea José Luis Sáez Pérezi, Lapoblaciongo Udalari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko martxoaren 6an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1403608