62. ALDIZKARIA - 2014ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

33/2014 FORU DEKRETUA, martxoaren 20koa, Noain Elortzibarko udalerriko Zuluetako Kontzejua iraungitzen duena.

PROPOSAMENA

Zuluetako Kontzejuak eskatu dio Nafarroako Gobernuari toki entitate gisa iraungiko duen espedientea tramitatzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera. Izan ere, Kontzejuaren gobernu organoak egin du eskaera, bertaratutako kideek aho batez erabakita (Kontzejuko Batzordeko 5 kidetatik, 4), eta horrela legeak eskatzen duen gehiengoa betetzen da.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 1eko 96/2013 Ebazpenaren bidez, 2013ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, apirilaren 3an, Noain Elortzibarko Udalari eta Zuluetako Kontzejuari entzutea eman zitzaien eta kontzejua iraungitzeko espedientea jendaurrean jarri zen.

Entzuteko eta jendaurreko eperako emandako hilabetea iraganik, ez da alegaziorik izan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1 a) artikuluak ezartzen duenez, kontzejuak iraungitzen dira, kontzejuko gobernu organoek hala eskatuta, betiere hura osatzen duten legezko kideen bi hereneko gehiengoarekin.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola kontzejuak iraungitzat jotzea, Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena eman ondoren.

Lurralde Mugaketako Batzordeak, 2014ko otsailaren 17an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Lege horren 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Zuluetako Kontzejua iraungitzearen aldeko txostena eman du.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko martxoaren 20an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Noain Elortzibarko Udalerriko Zuluetako Kontzejua iraungitzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

2. artikulua. Kontzejua iraungitzeko prozedurako arau hauei jarraikiko zaie:

1. Zuluetako Kontzejuaren ondasun guztien inbentarioa eginen da, Noain Elortzibarko Udalarenean sartzeko.

2. Zuluetako Kontzejuaren kontuak likidatuko dira. Pagatu gabeko obligazioak eta kobratu gabeko eskubideak Noain Elortzibarko Udalaren aurrekontuei gaineratuko zaizkie. Iraungi den kontzejuaren baliabide finantzario guztiak udalaren diruzaintzara pasako dira.

3. Noain Elortzibarko Udalari emaniko ondasun, artxibo eta zigiluen akta eginen da.

3. artikulua. Foru dekretu hau Estatuko Administrazio Nagusiari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.2. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Urriaren 25eko 288/1990 Foru Dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz, Zuluetako Kontzejuaren izena desagerraraziko da Nafarroako Toki Entitateen Erregistrotik.

4. artikulua. Foru dekretu hau Noain Elortzibarko Udalari eta Zuluetako Kontzejuari jakinarazi beharko zaie. Aditzera ematen zaie haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko martxoaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1404239