1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
69E/2014 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Irurtzungo udal mugapean aluminioa eraldatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzen duena. Titularra Inasa Foil, S.A. da.
Instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 1eko 0372/2007 Foru Aginduaren bidez Hydro Aluminium Inasa, S.A.ri emandakoa. Gero, instalazioaren titularra aldatu zen, Inasa Foil, S.A.ri eskualdatu zitzaiolako.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, 2012ko abuztuaren 7an, errekerimendua egin zion Inasa Foil, S.A.ri, bere produkzio jarduera uzten zuelako-eta instalazioa ixteko proiektu teknikoa eta lurzorua aztertzeko plana aurkez zitzan hilabeteko epean.
Enpresak, 2012ko abuztuaren 20an, bi hilabeteko luzapena eskatu zuen aipatu dokumentazioa aurkezteko, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak, 2012ko irailaren 3an, luzapen hori eman zion 2012ko azaroaren 16a arte.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 104.c artikuluan ezartzen denari jarraikiz, 2012ko azaroaren 16an, Inasa Foil, S.A.k instalazioak ixteko proiektu teknikoa aurkeztu zuen.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, abuztuaren 23ko 661/2013 Ebazpenaren bidez, instalazioaren Ingurumen baimen integratuaren eta irekitzeko baimenaren iraungipena deklaratu zuen, eta instalazioa ixteko baldintzak ezarri zituen.
Santiago Sánchez Villuendas jaunak, Inasa Foil, S.A. ordezkatuz, 2013ko urriaren 7an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, otsailaren 4ko 28/2014 Foru Aginduaren bidez, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baietsi zuen, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 23ko 661/2013 Ebazpena deuseztatu.
Orobat, errekerimendua egiten zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Inasa Foil, S.A.ren industria jarduera bukatzeari buruzko espedientea berriro hartzeko, eta jardueraren azken faserako (instalazioa behin betiko desegitea) beharrezko baldintzak ezarri dira, non ofizioz aldatuko den Ingurumen baimen integratuaren aldaketa, eta behin baldintza horiek beterik, beste ebazpen bat emanen da, itxiera baimendu eta Ingurumen baimen integratua aldatu edo, zein den kasua, iraungiko duena.
Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Irurtzungo udal mugapean aluminioa eraldatzeko instalazioaren Ingurumen baimen integratua aldatzea, instalazioa ixteko baldintzak ezartzearren, ebazpen honen II. eranskineko baldintzei jarraituz. Ingurumen baimena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 1eko 0372/2007 Foru Aginduaren bidez eman zitzaion.
Bigarrena.–Gehieneko epe bat ematea instalazioa ixteko jarduketak egiteko. Horrela, 2014ko urriaren 31 baino lehen, titularrak obraren bukaerako ziurtagiria aurkeztu beharko du, II. eranskineko 6. puntuan xedatutakoari jarraikiz.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
Bosgarrena.–Foru agindu hau Inasa Foil, S.A.ri, Irurtzungo Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zerbitzuari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko otsailaren 20an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F1402967