53. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza. Aldaketa

Vianako Udalak, 2013ko abenduaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa, Vianako udalerrian Taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutakoan, xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, aldaketa behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Vianan, 2014ko otsailaren 24an.–Alkatea, Gregorio Galilea Arazuri.

ORDENANTZA, VIANAKO UDALERRIAN TAXI ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

LEHEN TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da osorik Vianako udal mugapean egiten diren hiriko taxi zerbitzuak arautzea.

2. artikulua. Administrazio eskuduna.

Vianako udal mugapean taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea Vianako Udalari dagokio.

BIGARREN TITULUA

Lizentziak

I. KAPITULUA

Lizentzia, gaitasuna ematen duen titulua

3. artikulua. Lizentziak.

1. Hiriko taxi zerbitzua udal mugapean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

2. Vianako udalerrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia emateko eskumena Vianako Udaleko alkatearena da.

II. KAPITULUA

Lizentzia kopurua

4. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra, udalerrian, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8. artikuluan xedatuari jarraikiz finkatzen da.

2. Erreferentzia-indize orokorraren aldaketa, betiere, lege horren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz eginen da.

III. KAPITULUA

Lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna

5. artikulua. Emateko prozedura.

1. Udalak emanen ditu hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentziak, lehiaketa bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.

2. Udalak lehiaketa deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira segitu beharreko prozedura eta esleipenetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeria eza. Nolanahi ere, emateko prozeduran emakumea taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko jarduketak eginen dira. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Lehiaketa egin ondoan, puntu berdinketarik bada hainbat lehiatzaileren artean, eta haien kopurua eman daitezkeen lizentzien kopurua baino handiagoa bada, gelditzen diren lizentziak deialdiaren oinarrietan zehazten den gisara emanen dira.

6. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Lizentziaren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, izatezko edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren arabera.

2. Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da gutxienez ere 50.000.000 euro arte.

7. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

IV. KAPITULUA

Lizentzien indarraldia, ikus-onespena, etendura eta iraungipena

8. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira betiere.

2. Udalak noiznahi begiratu ahal izanen du taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak betetzen ote diren, eta horretarako horien gainean beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkie titularrei, aldez aurretik eskatu ere.

9. artikulua. Ikus-onespena.

1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betiere betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere, hori guztia batere ukatu gabe Udalak ikuskapena egiteko noiznahi duen ahalmena.

2. Alkatetzaren ebazpenaren bidez arautuko dira lizentziak ikus-onesteko behar diren tramite, agiri eta gainerako baldintzak.

3. Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin bada, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana nahitaezko baldintza izanen da, betiere, ikus-onespena emateko.

10. artikulua. Etendura.

1. Lizentziaren titularrek lizentziaren etendura eskatu ahal izanen dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik goitiko aldian zerbitzua egitea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.

2. Etendura eskariarekin batean, hura funtsatzen duen egoeraren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

3. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluko kasuan, lizentzia etenik geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.

11. artikulua. Iraungipena.

1. Taxi lizentziak legeetan ezartzen diren arrazoiengatik iraungiko dira.

2. Lizentziak iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da eta hura, interesdunak berme handiagoa izan dezan, zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz tramitatuko da.

3. Prozedura hura tramitatzen den bitartean, zehapen espedientea irekitzeko eskumena duen organoak komenigarri iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu.

4. Komenigarria izateagatik lizentzia baliogabetzen bada, iraungitzeko behar den espedientea ireki aitzin eskainiko da titular interesdunek beren lizentziari uko egiteko aukera, zer baldintzatan baliogabetuko den, horiexetan beretan.

V. KAPITULUA

Lizentziak eskualdatzea

12. artikulua. Eskualdatzea.

1. Udalak aitzinetik baimena emanez gero eskualdatzen ahal dira hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, betiere eskuratzaileak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.

2. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako jarduketa hauek egitea:

–Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezik.

–Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu beharko die ibilgailu berriak, non ibilgailua eskuratzen ez den lizentziarekin batean.

–Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu toki entitateak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin badu, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.

3. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo bahitura baten eraginpean badira, debekua edo bahitura kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ere ez da baimenduko baldin eta lizentziaren titularrak Udalarekin taxi zerbitzuarekin ikusteko duten zorrak kitatu gabe baditu.

4. Eskualdatzeko eskaera batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira eskuratzaileak Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak.

5. Lizentzia eskualdatzen duena 10 urtean ez da beste lizentzia baten titular izaten ahalko.

6. Hona hemen eskualdatzea baimentzeko prozedura:

a) Eskuratzaileak eta eskualdatzaileak sinaturiko eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkeztea.

b) Behin-behineko baimena.

c) Gainerako dokumentazioa aurkeztea.

d) Behin betiko baimena.

VI. KAPITULUA

Lizentzien erregistroa

13. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak erregistro batean inskribaturik daude eta hartan jasoko da:

–Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.

–Lizentzia esleitzeko berezko ezaugarriak eta baldintza berariazkoak.

–Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena, halakorik bada, baimena zein egunetan eman zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

–Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia; zer egunetan matrikulatu zen lehen aldiz eta zer egunetan atxiki zen lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zenbat denboratarako balio duen eta azken azterketa zer egunetan egin zen; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua, ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean doazen erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

–Soldatapeko gidaria, halakorik bada, eta haren ezaugarrien gaineko datuak, lan araubidea, eta dedikazio mota, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluko 1. atalari jarraikiz.

–Bestelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPSa, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bestelako segurtasun neurriak.

–Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

–Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

–Lizentzien ikus-onetsiak, aparteko azterketak, halakorik bada, zein egunetan egin ziren eta zenbat denboratarako balio duten adierazita, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez adierazita.

–Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

–Zerbitzu berezietarako baimenak eta ezar daitezkeen beste batzuetarakoak, baimenaren eta balioaren datak eta guzti.

–Lizentziari dagozkion beste datu batzuk, hala nola etendurak, eskualdatze baimenduak eta haien zenbatekoa, lizentziaren iraungipena etab.

HIRUGARREN TITULUA

Zerbitzua emateko baldintzak

I. KAPITULUA

Jarduera eta gidariak

14. artikulua. Zerbitzu egitea.

1. Taxi baimenen eta lizentzien titularrek berek edo soldatapeko langileek jardun ahal izanen dute zerbitzuan, ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

2. Soldatapeko langileak kontratatu aitzin, Udalak baimena eman beharko du.

15. artikulua. Dedikazioa jardueran.

1. Taxi zerbitzua egitean jarraitutasuna bermatzeko, lizentziaren titularrek zerbitzua eginen dute ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren gainean Udalak zerbitzua antolatzeko ematen dituen arauei jarraikiz.

Zerbitzua egitea eragozten duen gorabeherarik gertatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio Udalari.

2. Salbuespenez, eta zerbitzua behar bezala beterik dagoenean, Udalak ematen ahalko du lizentziari dagokion zerbitzua egitetik gelditzeko baimena.

Zerbitzua egitetik gelditurik gutxienez ere hiru hilabetez egon daiteke eta gehienez ere urtebetez. Azken epe hori iraganik, lizentziaren titularra zerbitzura itzuliko da. Dagokion baimenean aipaturiko epean ez itzultzea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren d)1 atalean iraungitzeko aurreikusitako kasuarekin parekatuko da.

Zerbitzua egitetik gelditurik epe bat buruturik, hiru urte iragan arte ez da berriz ere eskatzen ahalko.

3. Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bestelako xede publiko edo profesionaletarako erabiltzea.

16. artikulua. Prestakuntza.

1. Udalak, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteekin lankidetzan, lizentzien titularrak eta soldatapeko gidariak prestatu eta birziklatzeko programak prestatuko ditu.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak

17. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Baimenduko diren ibilgailuek gutxienez ere bete beharko dituzten baldintzak:

–Luzera, guztira, 4.400 mm edo gehiago izanen da eta ez da onartuko, beraz, gero elementu gehigarriak eranstea, gutxieneko balio horretara iristeko.

–Maletategiak aulki gurpildun bat eramateko bezainbateko edukiera izanen du, bizkarra eta oin-euskarria dituena, tolestuta 900 mm garai eta 1.030 mm luze izanen dena eta gurpilen arteko barne distantzia 290 mm izanen duena.

–Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak eta baimenak, gidariaren jarlekua barne dela. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak eman ahal izanen dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.

–Modelo bakoitzaren itxura ez da inoiz kirol auto batena izanen eta, eurotaxiak eta taxi egokituak kenduta, lehentasuna emanen zaio hiru bolumenekoari. 2 edo 2,5 bolumenekoa onartuko da bidaiarien aldeak elementu fisiko bat baldin badu, maletategiaren aldetik erabat bereizten duena.

–Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko; betiere, bi aldeetatik sartu eta ateratzeko moduan kokatuko dira atzeko jarlekuak, aurreko jarlekuetatik aparte.

Salbuespenez, mugikortasun murriztuko jendeak eramateko moldaturiko ibilgailuek gibeleko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahalko dute erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legeriari jarraikiz beste ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, taxiek aulki gurpildunean dauden bi bezero biltzeko bezainbat edukiera izan dezaten.

–Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2. Udalak atal hauen gainean ematen ahalko ditu arauak:

–Motorizazioa.

–Tarifen sistemaren instalazioa.

–Konexioen zigiluak.

–Zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatzea.

18. artikulua. Ibilgailu moldatuak.

1. Ibilgailu moldatuen ezaugarriak horiei buruz indarra duten arauekin bat etorriko dira. Udalak ezaugarri gehiago zehazten ahal ditu bi betekizun hauek bermatzeko:

–Aulki gurpildunean doan jendea taxian erosotasun eta higiene osoz sartzea.

–Aulki gurpildunean doazen pertsonek segurtasun baldintza egokietan –aulkiaren ainguratzea eta segurtasun-uhalak barne, indarra duten arauekin bat– eta ibilgailu barnearekin interakzio osoan bidaiatzea.

2. Taxi moldatuak mugikortasun urria duten pertsonen zerbitzurako izanen dira lehentasunez, baina ez erabilera horretarako soil-soilik.

19. artikulua. Ezaugarriak.

1. Zerbitzu hau eginen duten ibilgailuak zuriak izanen dira eta aitzineko ateetan zerrenda gorri bat eramanen dute, hamar zentimetro zabal izanen dena. Ibilgailuek ez dute artikulu honetan aipatzen ez den bereizgarririk eramanen.

2. Ibilgailuaren barneko aldean zein kanpoko aldean, haren lizentziaren zenbakia paratuko da, erabiltzaileak ikusteko moduko tokian. Orobat, ibilgailuaren barnean ikusteko moduko tokian, plaka bat ezarriko da jarleku kopurua agertuko duena.

3. Udalak zehaztuko du zein izanen diren erakundearen nortasun korporatiboaren bereizgarrietan taxiek eraman beharko dituzten ezaugarriak eta zein tokitan.

4. Ibilgailu moldatuek, eko-taxi izenekoek, ordezkapenak egiteko taxi-ibilgailuek eta ezaugarri bereziak, hala nola txartel irakurgailua eta GPSa, dituzten ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramanen dute Udalak erabakitzen dituen tokietan eta halabereko ezaugarriekin.

5. Udalak zehaztuko ditu, irratien edo zerbitzua kontratatzen duten bestelako enpresen informazioaren eremu eta ezaugarriak, ibilgailuaren barnean nahiz kanpoan.

20. artikulua. Publizitatea.

Taxi lizentzien titularrek publizitatea kontratatu eta erakutsi ahalko dute ibilgailuetan, bai ibilgailuaren barruko aldean bai kanpokoan; betiere publizitateari eta bide segurtasunari buruz indarra duen araudia beteko da, ibilgailuaren estetika zainduko da, ez da ikuspena galaraziko, ez eta arriskurik sortuko ere, eta hiriko paisaiaren gaineko eragina ahalik eta txikiena izanen da.

21. artikulua. Agiriak.

1. Taxi zerbitzua egiten duten ibilgailuek agiri hauek eduki behar dituzte beti, ibilgailuaren barnean, eskatu nahi dituzten erabiltzaileen eta zerbitzuaren ikuskatzaileen eskura:

–Ibilgailuari buruzkoak:

  • Udalak emandako lizentzia.
  • Halakorik izanez gero, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako garraio baimena.

–Gidariari eta ibilgailuari buruzkoak:

  • Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra edo soldatapekoa izan.
  • Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.
  • Ibilgailuaren matrikula.
  • Gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, behar izatera, kontratu araubidea (lanaldi osoan, lanaldi partzialean etab.).
  • Derrigorrezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.
  • Erantzukizun zibileko asegurua.

–Zerbitzuari buruzkoak:

  • Ordenantza honen ale bat.
  • Nafarroako Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea.
  • Bi eranskailu, gibeleko ateetako bi lehiatiletan emanak, eta haietan indarra duten tarifen egitura eta mailak. Eranskailuek eguneratuak eta egoera onean egon beharko dute, erabiltzaileek aise irakur eta informazio egokia izan dezaten.
  • Erreklamazio liburua.
  • Ordainagiri eta fakturen taloitegi bat, Udalak baimendua, eta hartan, inprimaturik edo zigilaturik, lizentzia zenbakia.
  • Lizentziari loturiko beste batzuk, hala nola txartel ordainketa etab.

22. artikulua. Pilotua.

1. Taxi ibilgailuak ikus-sistema eduki behar du, erabilgarri dagoen ala ez adierazteko: kanpoaldean, argi-sistema ezarriko da sabaian eta haren bidez taxia zerbitzurako prest dagoenean pilotu berdea piztuko da; barnealdean, berriz, kartel batek taxia zerbitzurako prest dagoela adieraziko du, haizetakoaren barnealdean ezarrita, kanpotik ongi irakurtzeko maneran.

2. Orobat, modulu bat eduki behar du kanpoaldean, indarra duten tarifak agertuko dituena.

23. artikulua. Ibilgailuen urteak eta haien berritzea.

1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutxiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

2. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko ditu lizentziari atxikitako ibilgailuak eta betiere ibilgailuak 8 urte bete baino lehen.

3. Ibilgailua berritu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutxienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Horretaz gainera, proposatutako ibilgailua berria izanen da: berritzat joko dira hamabi hilabete baino gutxiago dituztenak, lehen aldiz matrikulatu zirenetik kontatzen hasita.

4. Eskariak tramitatuko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako prozedurari jarraituz.

5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berritzera, haren egokitasun ezaren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorrerako desegokia denean.

6. Lizentzia duen ibilgailua moldatua bada, horren ordezko ibilgailua ere moldatua izanen da.

24. artikulua. Taxia ordezkapenetarako.

1. Irratiak kudeatzeko osatutako elkarteek baimena eskatu ahal izanen dute zenbait taxi-ibilgailu prest edukitzeko, lizentzien titularrek beren ibilgailuen ordez erabili ahal ditzaten istripua edo matxura izaten dutenean.

Ibilgailu horiek Taxiei buruzko Foru Legean zein ordenantza honetan taxi zerbitzua egiteko ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Ordezko taxi-ibilgailu bat erabili aurretik, horren berri eman beharko zaio Vianako Udalari: ordezten duen lizentzia zenbakia eta lizentzia horren titularra adierazi beharko zaizkio.

3. Vianako Udalaren berariazko baimenik gabe, titularrak edo kontratatutakoak, baldin bada, ezin izanen du ordezko taxi-ibilgailu baten bidezko zerbitzua egin 60 egun baino gehiagoan, urtebete natural bakoitzeko.

25. artikulua. Teknologia berriak.

Mankomunitateak, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteekin batera, sustapen lana eginen du taxi zerbitzuak egiteko modua eta segurtasuna hobetzeko behar diren berrikuntza teknologikoak pixkanaka sar daitezen, zerbitzua ordaindu eta fakturatzeko sistema automatikoak eta nabigazio sistemak erabil daitezen, ibilgailuek gutxiago kutsatzen dituzten motoreak, hau da, atmosferarako gas eta beste elementu kutsagarrien isurpenak murrizten dituztenak, erabil daitezen eta sektorean agertzen diren beste berrikuntza guztiak aintzat har daitezen.

Neurri horiek kontuan hartu beharko dituzte bideragarritasun teknikoa, erabiltzaileei egiten zaien zerbitzuaren kalitatearen bermea eta jardueraren titularrendako errentagarritasun ekonomikoa.

26. artikulua. Eko-taxiak.

Eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez baldintzak ezartzen ahalko dira gutxiago kutsatzen duten motor eta erregaien programetan sartzen diren taxi ibilgailuei eko-taxien kalifikazioa eta bereizgarria emateko.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

27. artikulua. Geralekuak.

1. Udalak, elkarte profesionalekin, kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin mintzatu eta gero, udalerriko taxi geralekuak finkatuko ditu.

2. Geralekuek behar bezalako zerbitzua eginen dute, Udalak une bakoitzean zehazten duenaren arabera.

3. Taxi ibilgailuak ailegatu ahalean kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan diren taxi-gidariek bestelakorik adosten badute edo ibilgailuaren moldaketa dela-eta minusbaliatuek beste ibilgailuren bat erabili behar badute.

4. Ibilgailuak geralekuan eginen dituen lan orduetan, gidariak bertan egon beharko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Bestela, ez dagoen gidariak txanda galdu eta azken lekua hartu beharko du.

28. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.

1. Interesdunak eremu publikoan eskatu ahal izanen du zerbitzua, libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, non eta ez duen bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena eragiten.

2. Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauez, ibilgailuak gailu bat eramanen du taxiaren kanpoko aldean, taxia erabilgarri dagoen edo ez argi eta garbi ikusteko maneran. Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da.

3. Desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ezin izanen du zerbitzua eskatu taxien geltoki hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo beste erabiltzaileren bat taxiaren esperoan.

4. Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik bildu bidaiari-garraioetako geltokien eta tarteka erabiltzaile anitz biltzen diren beste instalazio batzuen inguruetan, baldin eta gisa horretara taxi geralekuetan esperoan dauden erabiltzaileak biltzeko ohiko funtzionamendua kolokatzen badute.

29. artikulua. Zerbitzua irratien edo beste sistema batzuen bidez eskatzea.

1. Erabiltzaileak telefonoz edo beste sistema teknologiko batzuen bidez eskatu ahal izanen du taxi zerbitzua. Ibilgailuak zerbitzu horiei atxikita egoten ahal dira.

2. Zerbitzua irratien edo beste sistema batzuen bidez eskatzeko bi modu daude:

–Erabiltzaileek berehala egiteko eskatzen dituzten zerbitzuak.

–Erabiltzaileek beste une batean egiteko eskatzen dituzten zerbitzuak.

3. Zerbitzuaren kalitatearen onerako, erabiltzaileak berehala egiteko taxi zerbitzuak eskatzen dituenean, irratiek edo beste sistema teknologikoek zerbitzuak esleitzeko irizpideak ezarriko dituzte, erabiltzailearen itxaronaldiak murrizteko.

4. Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauez, ibilgailuak gailu bat eramanen du taxiaren kanpoko aldean, taxia erabilgarri dagoen edo ez argi eta garbi ikusteko moduan. Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da. Taxiari irrati bidezko zerbitzu bat egokitzen zaionean, taxia erabilgarri ez egotera pasako da eta modulu argidunean telefono bidezko kontratazioa adierazten duen “T” letra adierazi beharko da.

30. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

1. Arau orokor gisa, erabiltzaileak geralekuan lehen tokian dagoen taxia hartu behar du, bertan diren taxilari guztiek besterik adostu ezik; mugikortasun murriztua duten jendeendako ibilgailu moldatuaren beharra dagoenean beste ibilgailu bat hartu ahal izanen da.

2. Betiere, ibilgailua hautatzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun murriztua dutenek.

31. artikulua. Zerbitzuaren kontratazioa.

1. Araubide orokorra. Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.

2. Taxi zerbitzu erregularra edo eskatu ahalekoa, jarlekuka banan-banan ordaintzekoa. Biztanle gutxiko aldeetan, garraio publiko kolektiborik ez bada edo behar adinakoa ez, Udalak baimena eman ahal izanen du, hiriko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalekoak, jarlekuka kontratatu eta banan-banan ordaintzeko.

32. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1. Udalak zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauak ezartzen ahalko ditu ordutegi, egutegi, atseden eta oporren gainean, taxi zerbitzua ematean behar den jarraitutasuna bermatzeko.

2. Halaber, eremu, geltoki, egun eta ordu jakinetan (ospitalen aldea, tren eta autobus geltokia, geraleku nagusiak, etab.) zerbitzua nahitaez egin beharra ezarri ahal izanen dute. Hori egiten badute, taxi lizentzien titularrak koordinatzeko arau egokiak onetsiko dituzte, zerbitzuak berdintasun irizpideen arabera beteko direla ziurtatzeko.

3. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu ibilgailu moldatuen gutxieneko zerbitzua bermatzeko.

33. artikulua. Zerbitzuaren hasiera, eta zerbitzua ordaintzeko prozedurak.

1. Erregaia ezin izanen zaio zerbitzua egiten den bitartean bota, bidaiariak berariazko baimena eman ezean.

2. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

–Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

–Txartel batez ordainduta, halakoa duten ibilgailuetan flota guztira hedatu arte.

3. Nahitaezkoa izanen da egindako zerbitzuaren ordainagiria ematea, erabiltzaileak hala eskatzen badu.

4. Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, bide hauek erabiliko dira:

–Ordainagirien inprimagailua baliatuz, halakorik duten ibilgailuetan.

–Ordainagiri eta fakturen taloitegi baimendua baliatuz.

34. artikulua. Itxaronaldia.

1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordubeteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidariak zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bestelakorik adostu bada.

2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora-muga baino laburragoa bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo gisako bide baten bitartez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxaroteko eskubidea izanen du, taxi-gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

IV. KAPITULUA

Irrati igorgailuak

35. artikulua. Irrati igorgailuak.

1. Taxi zerbitzua eskatzeko erabiltzen diren irrati eta komunikatzeko bestelako sistema guztiek Vianako Udalaren aldez aurreko baimena beharko dute. Baimen hori, bai eta baimena denboran zehar mantentzea ere, lizentzien titularrek askatasunez elkartzeko bermea izateari baldintzaturik egonen da. Askatasunez elkartzeko berme horren aurkakotzat joko dira elkarte eskubide edo kuota neurrigabe, arbitrario edo/eta bidegabeen ezarpena, elkartekideen eskubide eta betebeharrei loturiko bereizkeria –norberaren antzinatasunaren edo bestelako ezaugarri subjektiboren baten arabera– eta, azken batean, lizentzien titular guztiek baldintza berdinak izan eta baldintza berdinetan parte- hartzearen aurka doazen praktika edo jarrera guztiak. Udalak edozein unetan eskatzen ahalko du, hala ofizioz nola parte batek eskatuta, egoki deritzon informazio eta dokumentazioa, askatasunez elkartzeko bermea mantentzen dela egiaztatzeko.

Vianako Udalak uneoro bultzatzen ahalko ditu egoki jotzen dituen jarduerak erabiltzaileek zerbitzuak kontratatzea errazteko, edozein sistema teknologikoren bidez, telefonia barne.

2. Irratiek egiten dituzten zerbitzuen eta erabiltzaileen arretaren inguruko erregistro bat eraman beharko dute kontratatutako zerbitzuen kopuru eta ezaugarrien, eskatu arren erantzun ezin izan diren zerbitzuen, eta erabiltzaileen kexa eta erreklamazioen ingurukoa, batez ere.

Erregistro hori 3 hilabetez gordeko da gutxienez.

Zerbitzuak eskatzeko bi modu daude:

–Erabiltzaileek berehala egiteko eskatzen dituzten taxi zerbitzuak.

–Erabiltzaileek beste une batean egiteko eskatzen dituzten taxi zerbitzuak. Halako kasuetan, Erregistroak zerbitzua egin behar den eguna, ordua eta lekua jasoko ditu.

LAUGARREN TITULUA

Ikuskapena eta erreklamazioak

I. KAPITULUA

Zerbitzuaren ikuskapena

36. artikulua. Ibilgailuen azterketak.

Aldez aurreko azterketa.

–Ezin izanen dute zerbitzurik egin beharrezkoak diren baimen guztiak ez dituzten ibilgailuek. Horretarako, Udaleko organo eskudunak segurtasun, kontserbazio eta dokumentazio baldintzen aldez aurreko azterketa burutuko du.

Ohiko azterketak eta azterketa bereziak.

Ordenantza honen xedeko ibilgailuek urteko ohiko azterketa eta udal organo eskudunak deitutako bestelako azterketa berezi guztiak pasako dituzte. Azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzua egin harik eta atzemandako hutsuneak zuzendu eta ikuskapen zerbitzuek hala berresten duten arte.

II. KAPITULUA

Erreklamazioak

37. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori hiriarteko garraioari eskatzen zaion berdina da eta kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Vianako Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahalko du, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

2. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, 10 eguneko epean egoki deritzon alegazioak egin ditzan. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.

38. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

1. Gidariek, zerbitzu bakoitza bururatu eta gero, ibilgailua barnetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, horretarako prestatutako bulegoetan utzi beharko ditu, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluan ezarritako kasuan, oinordekoak lizentzia ustiatu nahi izanen balu baina taxi gidari profesionalaren txartelik ez balu, lizentzia bertan behera geldituko da hurrengo probak egin bitarte. Oinordekoak gidari profesionalaren txartela lortzen badu, lizentzia ustiatu ahal izanen du; bestela, eskualdatu beharko du.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ibilgailuen egokitzapena

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean taxi lizentzia baten titularrak diren pertsona fisikoek zerbitzuak egiten jarraitu ahal izanen dute, lizentzia duen ibilgailu horrekin berarekin. Ibilgailua berritzen dutenean, ibilgailu berriak ordenantza honen II. kapituluan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Irrati igorgailuak

Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 34. artikuluarekin bat, Ordenantza honek indarra hartzen duen egunetik aitzina, taxi zerbitzua eskatzeko erabiltzen diren irrati igorgailuek beharrezko izanen dute aurretiazko baimena.

Ondorio horietarako, adierazitako epean, Vianako Udalak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, ordenantza honen 36. artikuluarekin bat. Ordu arte, zerbitzua egiten jarraitu ahal izanen dute.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Indarra hartzea

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1402956