Iragarkia
53. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
299/2014 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2014. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Prestakuntza oinarrizko zutabea da garraio sektoreko enpresen kalitatea, eragimena eta lehiakortasuna hobetzeko.
Merkatuen globalizazioa eta kapitalaren nazioarteratzea enpresak berrikuntzen dinamika batean sartzera behartzen ari dira. Egungo sisteman, lanpostuak etengabe eraldatzen ari dira, aurrerapen teknologikoen eraginagatik.
Enpresek eta erakundeek, lehiakorragoak izateko, estrategia berriei heldu beharko diete, eta giza faktorea ezinbestekoa da haien aurrerapen eta hazkunderako.
Testuinguru horretan, garraio sektoreko profesionalen prestakuntza oinarrizko tresna da planteatzen diren erronkei heldu ahal izateko.
Horregatik, Garraio Zerbitzuak proposatu du diru-laguntzen deialdi bat onestea 2014. urtean Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko.
Horrenbestez, Sustapen Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen martxoaren 20ko 21/2013 Foru Dekretuaren 26.h) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2014. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdia onestea. Haren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.
2. 30.000 euroko gastua onestea, 2014. urtera luzatutako 2012. urteko Gastuen Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 640003/63420/4819/441100 kontu-sailaren kargura. Espedientearen zenbakia: RCSA 4572.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ustiapenerako Atalari, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako eta Gastuaren Kontrolerako Zerbitzuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.
4. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Sustapen kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2014ko otsailaren 21ean.–Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.
I. ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak. Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz banatuko dira
Lehendabizikoa.–Xedea.
1. Prestakuntza oinarrizko baliabidea da errepideko garraioaren sektorearen profesionaltasuna eta lehiakortasuna hobetzeko eta sektorearen modernizazioa faboratzeko.
Deialdi honen xedea da diru-laguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan errepideko garraioaren sektorearekin zerikusia duten pertsonentzat prestakuntza eta hobekuntza ekintzak, jardunaldiak eta ikastaroak antolatzeko eta testu didaktikoak argitaratzeko.
2. Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin, eta bukatuak egon beharko dute 2014ko azaroaren 14a baino lehen.
Laguntzetatik kanpo daude lanbide gaitasunaren ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta salgai arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak.
Bigarrena.–Diru-laguntzen zenbatekoa eta laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2014ra luzatutako 2012. urteko Gastuen Aurrekontuko “Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza” izeneko 640003/63420/4819/441100 kontu-sailaren kargura finantzatuko dira.
Egiten diren prestakuntza ekintzei dagokien diru-laguntza 30.000 eurokoa da.
Deialdi honen babesean antolatutako prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren %80 bitarteko diru-laguntza ematen ahalko da, gehienez.
2. Honako hauek dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:
A) Aplikazio zuzeneko gastuak:
A.1.–Irakasleak edo hizlariak.
A.2.–Material didaktikoa.
A.3.–Instalazioak alokatzea.
A.4.–Laneko ekipo eta baliabideak.
A.5.–Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.
A.6.–Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko kostuak.
Diru-laguntzak emanen dira, bakarrik, argitaratutako liburu edo giden kopurua Nafarroako Foru Komunitatean horien xede diren garraiolarien kopuruaren araberakoa denean.
B) Ekintzaren kostua kalkulatzeko, agiri bidez justifikatutako gastuak (A atalekoak) hartuko dira kontuan, gehi ehuneko hamar, justifikatzen zailak diren gastuei dagokiena (antolakuntza, administrazioa, gutuneria eta beste).
C) Erabili beharreko instalazioak prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatearenak direnean, beste ehuneko hamar bat erantsiko zaie A) ataleko gastu justifikatuei, instalazioen amortizazio, argi, ur, kontribuzio eta abarren kostuak direla eta.
Aurreko ataletan aipatu diren kontzeptuetarako soilik emanen da diru-laguntza.
Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, horiek gehi ematen den diru-laguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez daitezen.
Hirugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuetarako mugak.
Agiri bidez frogatu behar diren gastuen artean (bigarren oinarriko 2.A) atalean zehaztuak) honako muga hauek ezarri dira gastuak hobeki arrazionalizatzeko eta lortu nahi diren helburuei hobeki egokitzeko.
1. Irakasleen edo hizlarien gastuan zerbitzu-sariak eta joan-etorri, egonaldi eta mantenu gastuak sartuko dira. Jardunaldien kasuan, diru-laguntza jaso dezaketen kostuak ez dira 135 eurotik gorakoak izanen pertsona eta ordu bakoitzeko.
Laguntza eskatzen duen entitateko langile soldatadunek ematen dituzten ikastaro edo hitzaldien kasuan, justifikatzen den lan kostura mugatuko da laguntza. Entitateko bazkideek ematen dituztenean, berriz, 135,00 euro orduko izanen dira gehienez.
2. A) ataleko gainerako kontzeptuen gastuak proposatzen diren ekintzen araberakoak izanen dira.
Laugarrena.–Onuradunak.
Diru-laguntza jasotzen ahalko dute legearen arabera eratuak eta Nafarroako Foru Komunitatean helbideratuak dauden garraiolari elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuek.
Ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuetakoren batean dauden elkarte edo entitateei.
Bosgarrena.–Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak, II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Sustapen Departamentuan duen bulegoan aurkeztu beharko dira (San Ignazio etorbidea, 3, behea, eta Alondegi kalea 1, lehenbiziko solairua, Iruñean), edo 2013ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 13koan, argitaratu zen Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuaren iragarkian aipatutako Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.
2. Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauen jatorrizkoak edo notario batek edo administrazioak kautotutako kopiak aurkeztuko dira:
2.1. Laugarren oinarrian eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa:
a) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.
b) Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.
c) Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria.
d) Identifikazio fiskaleko txartela.
e) Nafarroako Foru Komunitateko garraioaren sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.
f) Eskatzailea bere zerga betebeharretan eta gizarte segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lehendik dituen datuak badira, a), b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpen bat egiten ahalko da, agiri horiek aurkeztu zirenetik aldaketarik ez dutela izan azaltzeko.
2.2. Egin beharreko jarduerei buruzko dokumentazioa:
a) Egin beharreko jarduerak azaltzeko memoria eta horiek egiteko aurreikusten den egutegia.
b) Irakasleak. Ikastaroak eman behar dituzten pertsonen izena, lanbide kualifikazioa eta curriculum vitae-a azaldu beharko dira. Aurreko ekitaldietan irakasleen curriculumak aurkeztu badira, aski izanen da hori aipatzearekin ekintzaren memorian.
c) Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu xehakatua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.
d) Eskaintzen diren postuen kopurua.
Diru-laguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzeko azalduko dira datu horiek, III. eta IV. eranskinetako eredua erabiliz; interesdunek Garraio Zerbitzuko bulegoetan (Alondegi kalea, 1, 2. solairua, 31002 Iruña) jasotzen ahal dute eredua. Interneten ere eskuratzen ahalko da (Nafarroako Gobernuaren ataria: www.navarra.es, zerbitzuen atalean, gaiak: garraioa).
3. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar egun balioduneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.
Garraio Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.
Seigarrena.–Baloraziorako irizpide objektiboak.
1. Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskaeren kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:
a) Garatzekoa den jarduera (20 puntu gehienez):
–Ikastaroak eta mintegiak: 20 puntu.
–Jardunaldiak: 15 puntu.
–Prestakuntzarako liburu, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 20 puntu.
b) Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza (20 puntu gehienez).
c) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioen esparruko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalkundearen arloetan dauden beharrekin (15 puntu, gehienez):
–Errepideko garraioari buruzko berariazko gaiak: 15 puntu.
–Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 10 puntu.
d) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak eta egin beharreko jardueren kalitatea (20 puntu gehienez).
Gai hauekin lotuta dauden ekintzak baloratuko dira bereziki:
–Garraiorako eta logistikarako hizkuntzak.
–Garraioaren eta logistikaren sektorerako berariazko aplikazio informatikoak.
–Garraioaren araudia eguneratzea (gidatzeko eta atseden hartzeko denborak, salgai arriskutsuak, enpresa betebeharrak, etab).
e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 25 puntu gehienez.
Aipatu diren puntuazioen batura 0tik 100era bitartekoa izanen da.
2. Diru-laguntzaren zenbatekoa bigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatu, eta irizpide hauek aplikatuz lortutako puntuazioen arabera ponderatuko da. Aurkeztutako ekintzarako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da baldin eta c) eta d) ataletako gehieneko puntuazioaren %50 lortzen ez bada. Halaber, guztira 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten ekintzek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
3. Ikastaro, mintegi edo jardunaldietako parte-hartzaileen gutxieneko kopuruak eskainitako postuen %60 gainditu behar du, eta, horretarako, bertaratzea dokumentu bidez kontrolatzeko sistemak ezarriko dira. Bestela, ez da ekintzarako diru-laguntzarik jasoko.
4. Hala kalkulatutako diru-laguntzen zenbatekoak aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua baino handiagoak badira, hainbanaketa eginez zehaztuko da azken kopurua.
Zazpigarrena.–Ebazpena emateko eskumena eta epea.
1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraio Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskudantzia, baita aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskaerak ebaluatzekoa ere.
Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, diru-laguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta eskaera bakoitzari eman beharreko diru kopurua.
2. Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak diru-laguntza nori eman ebatziko du. Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.
1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
2. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzetakoren bat egin ezean, onuradunek horren berri eman beharko diote Garraio Zerbitzuari, ez egiteko arrazoiak azalduta.
Diruz lagundutako ekintza bat edo gehiago egin behar ez badira, entitate onuradunak eskatzen ahal dio Garraio Zerbitzuari, Erregistro Orokorraren bitartez, deialdiko baldintzak betetzen dituzten beste batzuekin ordezkatzeko, hasi baino 10 egun lehenago gutxienez, eta hasi aurretik kontrakorik adierazten ez bada ordeztea onartu dela ulertuko da, baina emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da handituko. Ez da diruz lagunduko onartuta dagoen beste ekintza bat ordeztuko duena, aldez aurretik jakinarazten ez bada.
3. Diru-laguntza jasotzen dutenek Garraio Zerbitzuari jakinaraziko diote, prestakuntza ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia ere, aurkeztutako eskabidean datu zehatzak ageri ez badira edo aldaketaren bat izan badute, zerbitzu horretako funtzionarioek haren garapenaren segimendua egin dezaten. Eskuliburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen baloratzeko. Puntu honetan adierazitakoa bete ezean ezin izanen da ekintzari dagokion diru-laguntzaren ordainketa eskatu.
4. Onuradunak jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako diru-laguntzarik eskatu edo jasotzen badu, haren berri eman behar dio Garraio Zerbitzuari.
5. Laguntzen onuradunek, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen kargura diru-laguntzaren bat jasotzen badute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritako gardentasunerako betebeharrak bete beharko dituzte, bi baldintza hauek aldi berean gertatzen badira:
a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Gardentasunerako betebeharrak dituzten onuradunek honako informazio hau jakinarazi beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori guztia telematika bidez aurkeztuko da Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Garraio Zerbitzuko Ustiapen Atalari zuzendua, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.
Entitate onuradunak ez badu gardentasunaren arloko betebeharrik, onuradunak, adierazitako epean, aitorpen bat aurkeztuko du azaltzeko ez duela horrelako betebeharrik, adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako. Aitorpen hori V. eranskinean azaldutako V. eranskinaren arabera prestatuko da.
6. Publizitatean eta edozein argibidetan, Nafarroako Gobernuaren komunikazioaren arloan indarra duen araudia aplikatuko da. Diruz lagundutako jardueren xedeko dokumentu guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Halaber, deialdi honen bidez egiten diren jarduerak jendaurrean zabaltzeko ekintzetan, espresuki adieraziko da Nafarroako Gobernuak, Sustapen Departamentuaren bitartez, parte hartu dutela. Komunikabideak bertan direla egiten diren ekintzetan, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusia gonbidatu beharko da bertara joateko, eta zuzendaritza horrek egokia iruditzen zaion pertsona bidaliko du.
Bederatzigarrena.–Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.
1. 2014. urtean egindako prestakuntza ekintzetarako diru-laguntzen onuradunek 2014ko azaroaren 17tik azaroaren 28ra bitarte (bi egun horiek barne) aurkeztu beharko dituzte bai ordaintzeko eskaera, baita epe horretan egindako ekintzen gastuen eta diru-sarreren frogagiriak ere.
Frogagiriak epe horietatik kanpo aurkezteak kasuan kasuko kontzeptuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen diru-laguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.
2. Onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatu beharko dute memoria hori.
b) Ikastaroen kasuan, irakasleen nortasun datuak eta kualifikazioa.
c) Egindako jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.
d) Egindako gastuen eta ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin egin baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai parte hartu duten langileen soldata gordinaren kostua, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.
e) Matrikulengatik izandako diru-sarrerak.
f) Entitate onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinean berretsiko baitu egindako ekintzarako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publiko baten eskutik.
g) Ekintza egiteko hornitzaileen kontrataziorako 12.000 euro baino gehiago behar baldin badira, diru-laguntzaren onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du, jarduera egiteko hornitzaileen kontratazioa eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela azaltzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraio Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den diru-laguntza ordainduko da.
Hamargarrena.–Ez-betetzeak.
Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.
Gardentasunerako betebeharrak dituzten onuradunek informazioa eman beharra bete ezean, emandako diru-laguntza ez zaie ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hamaikagarrena.–Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
Hamabigarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Ematen diren diru-laguntzak, gardentasunerako betebeharrei dagokien informazioa eta onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko dira: www.navarra.es (zerbitzuak, gaiak, garraioa).
Gardentasunerako betebeharrak dituzten onuradunen informazioa urtebetez egonen da eskura, argitaratzen denetik hasita, eta 15 hilabete gehienez, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen denetik. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate onuradunak eman behar duen informazioan dauden datuak jakinarazteko ez da beharrekoa izanen interesdunaren baimena, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian baimentzen baita.
Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Sustapeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo delako egintza jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
II. ERANSKINA
Izena: ...................., NAN/IFZ: ........................, helbidea: ........................., kalea: .........................., posta kodea: .........., telefonoa: ......................, helbide elektronikoa: .............................., bere izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ................... NAN/IFZ: ..........., helbidea: ......................, kalea: .........................., posta kodea: ................, telefonoa: .................. Eskabidea aurkezten dut Nafarroako Foru Komunitatean, 2014. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntzen deialdirako, Lurraldearen Antolamenduaren, Mugikortasunaren eta Etxebizitzaren zuzendari nagusiak ..............(e)ko ...........aren ......(e)an emandako ....../2014 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz. (2014ko ........... Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren .........koa).
Eta, oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:
1.–Aitortzen dut ez nagoela sarturik Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan.
2.–Deialdiaren 5. oinarrian, 2.1 atalean, eskatutako dokumentazioa aurkezten dut, edo adierazten dut dokumentazio hori Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko ........................ Departamentuan aurkeztu zela, eta adierazten dut dokumentazio horretan aldaketarik ez dela izan (ezabatu behar ez dena).
3.–Egin beharreko jarduerari buruz bosgarren oinarriaren 2.2 atalean eskatutako dokumentazioa aurkezten dut, ekintza bakoitzerako ondoko datu hauek zehaztuta:
Iruñean, 2014ko .....................aren ..............(e)an.
(Sinadura)
III. ERANSKINA
Ikastaroaren edo jardueraren izena
EGITEA KOMENI DELA AZALTZEKO MEMORIA
Helburua
Bete nahi diren beharrak
Eskura dauden baliabideak
Eskatutako diru-laguntza
AZALPEN MEMORIA
Ikastaro/mintegi/ekintzaren egitaraua
Egiteko tokia
Irakasleak (curriculum vitae-a)
Aurrekontu zehaztua
Aurreikusitako diru-sarrerak: Matrikulengatik
Bestelako diru-laguntzengatik
.................(e)n, 2014ko .............aren ..........(e)an.
(Sinadura)
IV. ERANSKINA
PRESTAKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZAK, 2014KO EKITALDIA | ||
EKINTZAREN IZENA: | ||
EKINTZAREN ZENBAKIA | ||
AURREIKUSTEN DEN HASIERA DATA | ||
AURREIKUSTEN DEN PARTAIDE KOPURUA | ||
IRAUPENA, ORDUTAN | ||
DIRU-LAGUNTZA JASO DEZAKETEN GASTUEN KALKULUA | |||
IRAKASLEAK | |||
ESKOLAK EMATEA | |||
DIETAK ETA BIDAI SARIAK. | |||
OSTATU HARTZEA | |||
MANTENUA | |||
Irakasle gastuak, guztira: | |||
MATERIAL DIDAKTIKOA | |||
Material didaktikoa, guztira | |||
INSTALAZIOEN ALOKAIRUA | |||
Instalazioen alokairua, guztira | |||
LANEKO EKIPAMENDU ETA TRESNAK | |||
Laneko ekipamendu eta tresnak, guztira | |||
ZABALKUNDEA ETA PUBLIZITATEA | |||
Zabalkundea eta publizitatea, guztira | |||
GASTUAK, GUZTIRA | |||
AURREIKUSITAKO DIRU-SARRERAK | |
Oharra: honako hau bete, bakarrik, prestakuntza ekitaldien eta/edo ikastaroen kasuan. | |
V. ERANSKINA
Izena: ...................., NAN/IFZ: ................., helbidea: ........................., kalea: .........................., posta kodea: .........., telefonoa: ......................, helbide elektronikoa: .............................., bere izenean edo ondoko honen izenean (bidezko ez dena ezabatu): ..................... NAN/IFZ: ..................., helbidea: .............................., kalea: ............................, posta kodea: ................, telefonoa: ...................... Nafarroako Foru Komunitatean, 2014. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko diru-laguntza bat jaso dut, Garraioetako zuzendari nagusiak ..............(e)ko ...........aren ......(e)an emandako ....../2014 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriei jarraikiz (2014ko ................ Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ...............aren ......(e)koa).
1.–Aitortzen dut ez nagoela behartua gardentasunerako betebeharrak betetzera, izan ere, ez dira gertatzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan adierazitako baldintzak.
Iragarkiaren kodea: F1402939
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
