2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARTAZU
Ordenantza, Artazuko Bide publikoen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Artazuko Udalak, 2013ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Artazuko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespen hori 2013ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 22an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Artazun, 2014ko otsailaren 14an.–Alkatea, Javier Albizu Sanz.
ARTAZUKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Oinarria.
Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2.B artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.
Hemendik aitzina ibilgailuek Artazuko udalerriko bideetan bete beharko dituzten arauak ezartzea du xede ordenantza honek.
Landabideetako eta mendiko pistetako erabilera publikoa gero eta handiagoa denez, haien erabilera arautu beharra dago, hiru xede lortzearren:
–Artazuko natur ondarearen balioak begiratzea.
–Erabilera egokia bultzatzea haietan dabiltzan guztien artean.
–Erabiltzeko maneran mantentzea.
2. artikulua. Xedea.
Artazuko udal mugapean, bide publikoetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.
3. artikulua. Definizioak eta bide motak.
Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo beste xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkalekuetarako eta abar.
Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:
a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak dira eta dagokien planimetrian agertzen dira.
b) Gainerako bideak: udalerriko bertze bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik aurrera eraman ez direnak. Zabalera ezberdinak izan ditzakete, izan dituzten erabileren arabera: abelbideak edo lurzati berrantolamenduan sartu gabeko bide zaharrak.
4. artikulua. Aplikazio esparrua.
Ordenantza hau Artazuko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, bide publikoetan ibilgailuen joan-etorrietarako behar badira.
5. artikulua. Erabilera onartuak.
Bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.
Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.
Udalak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunen inguruko lehiaketa ofizialetarako eta turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.
Seinalerik ez duten bidegurutzeetan, trafikoari buruzko arau orokorrek aginduko dute eta, beraz, eskuinetik dabilenak izanen du lehentasuna.
6. artikulua. Mugak.
Muga hauek ezarri dira bideetan dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat.
a) Pisua, gehienez ere: 15 tona.
b) Abiadura, gehienez ere: 30 kilometro/orduko ibilgailu guztiek.
Ur ibilguen gaineko pasabideetan muga ezartzen ahalko zaio pisuari, beharrezkoa balitz, kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua finkatuta.
Lehentasuna dute nekazaritzan eta abeltzaintzan dabiltzan ibilgailuek gainontzekoen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.
7. artikulua. Erabilera debekatuak.
Artazuko bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek espresuki debeku dira:
a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.
b) Arekak eta erabiltzen ez diren bide publikoko tarteak landatzea.
c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera.
d) Nekazaritzako lanetan ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 40 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.
e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.
f) Lasto metak egitea areketatik 4 metro baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.
g) Obra-hondakinak, harriak eta nekazaritzako hondakinak (aihenak etab.) botatzea bide, areka eta erretenetara.
h) Areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza lanak egitean, haietara lurra bota eta estaltzea.
i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea; zuzenean erretenetara eramatea baizik ez da baimentzen.
j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.
k) Finketako ura ezpondetara botatzea hodiak erabiliz. Erortzak izanez gero, Udalak kenduko du lurra jabearen kargura.
l) Nekazaritzako hondakinak (aihenak, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.
m) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, lursailen zolaren kaltetan bada.
n) Kate metalikoak daramatzaten ibilgailuak pasatzea, zola hondatzen badute.
ñ) Udalerriko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.
o) Finketako harriak arekan botatzea.
p) Ibilgailu motordunetan egindako edozein lehiaketa, lasterketa edo jarduera turistiko, non ez dagoen Udalaren baimenik.
8. artikulua. Mugapen eta debekuen salbuespenak.
Erakunde eta entitate publikoek agindutako lanak direnean, ibilgailuek ez dute baimenik beharko beren eginkizunetan ari badira.
9. artikulua. Baimenak.
Ordenantza honetako mugetako bat hautsi behar bada, jarduera egin gogo duenak Udalari baimena eskatu beharko dio.
Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugapenak eta fidantza osagarriak ezarriko ditu.
Honako jarduketa hauetarako, baimena behar da beti:
a) Zurgai diren basoko gaiak ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira, etxerako egurra izan ezik.
b) Eraikuntzako materialak mendiko bide eta pistetan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.
c) Makina handiak bide horietan barna ibiltzea.
d) Mendiko bideetan eta pistetan ibilgailu motordunak iragatea, aisialdirako eta beste erabilera batzuetarako.
Erabat debekatuta dago oihangintzako produktuak eta eraikuntzako materialak herrestan eramatea, horiek ez badira behar bezala ibilgailu egoki batean eramaten.
10. artikulua. Baimenak ematea.
Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.
Baimenak urtebete iraunen du, salbu eta lan publiko baten esleipenaldirako eskatzen bada.
Baimen guztiek fidantza edo abal bat pausatzera behartuko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, bidea kalterik gabe dela egiaztatzen denean.
11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:
a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu. Eragiketa hauek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez.
b) Areka gaineko pasabideak eta finketako arekak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin.
c) Bide hauetara ematen duten itxitura guztiak, edozein motatakoak direla, garbi mantentzea, eta jabetza partikularretik aterata itxituraren ardatz bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kentzea.
d) Edozein inguruabar dela-eta, areka edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finka mugakidearen jabeak eta/edo erabiltzaileak izanen du haiek garbitzeko ardura, eta zehapena ezarriko da hala egin ezean.
e) Artazuko bideetan ibili nahi izanez gero, abiadura bideen egoerari eta haien ezaugarriei egokitu beharko zaie; ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin.
f) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbideak trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.
Erabiltzaileek ez badituzte betetzen gorago deskribatu diren betebeharrak, Udalak, aldez aurretik errekerimendua eginda, egiteko epea emanen die, eta hori iragandakoan subsidiarioki eginen dira, interesdunaren kontura; bidezko diren zigorrak ukatu gabe.
12. artikulua. Bideen erabilera berezia.
Bideen erabilera berezia da pisu gordina 15 Tm baino handiagoa duten ibilgailuek egiten dutena, nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioetan obrak egitean, etxebizitza berriak eraikitzean edo nekazaritzakoak ez diren gainerako jardueretan.
Erabilera horretarako Udalaren baimena behar da; beharrezkoa izanen da jakitea jabea edo sustatzailea nor den, kamioia zein den, zenbat tona egiten dituen eta zenbat bidaia egin behar dituen. Hartara, Udaleko langileek agerraldia eginen dute bidea erabili aitzin eta bidea erabili ondoan.
Tasa ordaindu beharko da bideen erabilera bereziagatik; haren zenbatekoa ordenantza honen I. eranskinean zehaztuko da.
Orobat, 3.000 euroko fidantza pausatu beharko da Herriko Etxean, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme.
Erabili behar den ibilgailuak 30 Tm baino gehiago baditu, erabili baino lehen, baimena eman aurretik, Udalak eska dezake bide zatia hormigoitzea 15 cm-ko geruza batekin, gutxienez, estali behar den azalera bidearen zabalera guztian prestatu ondoren. Obra hau Udalarekin adostutako enpresa baimendunak gainbegiratuko du, eta bidea erabili behar duen enpresak ordainduko.
13. artikulua. Behin-behineko bideak.
Obrak Artazuko udal mugapean egiteko, lur pribatu nahiz publiko batean behin-behineko igarobide bat irekitzeko, Udalak eta beste administrazioek eman beharko dute baimena. Herrilurra aldi batez okupatzeagatik tasa bat aplika daiteke, 2. eranskinean zehaztuko dena. Gainera, obraren aurretik zegoen bezala utzi beharko da.
14. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.
Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.
Arau-hauste arinak izanen dira: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.
Arau-hauste larria izanen da: ordenantza honetan xedatua urratzeaz gain, pertsonei edota ondasunei ondorio ekonomiko txarrak ekartzen dizkien edozein ekintza edo omisio.
Beraz, besteak beste, arau-hauste larritzat hartuko da bide baten ezaugarriak aldatzea, haren planimetrian agertzen direnak, alegia.
Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko nahiz enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin bi urteko epean egitea.
15. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinei isuna ezarriko zaie, gutxienez 60 eurokoa eta gehienez 150ekoa.
Arau-hauste larriei isuna ezarriko zaie, gehienez ere 600 eurokoa, gehi kaltea konpontzeko behar diren gastuak.
Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.
Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bidea erabiliko da, borondatez ordaintzen ez bada.
Zehapen prozedurei ofizioz emanen die hasiera erakunde eskudunak, beraren ekimenez edo beste organo edo administrazioen eskaera arrazoituaz edo salaketa baten ondorioz.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.
Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
I. ERANSKINA
Tasa, bideen erabilera bereziagatik.
Tasa euro 1,00 izanen da bidean barna ibili behar duen ibilgailuaren pisuaren tona bakoitzeko.
II. ERANSKINA
Tasa euro 1,00 izanen da bidean barna ibili behar duen ibilgailuaren pisuaren tona bakoitzeko eta pasatzen duen metro lineal bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: L1402477