2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ABARTZUZA
Ordenantza, Euskara ikastaroak egiteko laguntzak
arautzen dituena
Udalak, 2013ko abenduaren 11ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.
Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, iragarkia Udalaren iragarki oholean eta 2013ko 247. Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu ondoan, abenduaren 26an. Inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta osorik ematen da testua argitara.
Abartzuzan, 2014ko otsailaren 14an.–Alkatea, José María Ros Antona.
ORDENANTZA, EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA
Helburua
Euskara ikasteko laguntzak ematea da deialdiaren helburua; hartara, Abartzuzako Udalak beren gain hartzen du euskalduntze prozesuan duen erantzukizunaren zati bat.
Onuradunak
Laguntza hauen onuradun izanen dira 16 urte baino gehiago dituzten herritarrak, Abartzuzan erroldatuak daudenak eskabidearen egunean eta laguntzak eskatzen dituzten urtearen urtarrilaren 1a baino lehenagoko hiru urteetan, etenik gabe, bertan erroldaturik egon direnak. Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegietako ikastaro trinkoak egiteko emanen dira laguntzak. Ikastaroek 10 eguneko iraupena izan beharko dute gutxienez ere.
Baldintzak
Dagokion ekitaldirako Udalaren aurrekontuetan onesten den zenbatekoa emanen da. Zenbateko hori izanen da diru-laguntzetarako gehieneko muga.
Diru-laguntzaren portzentajeak
Gehieneko portzentajea ikastaroaren edo ikastaroen kostuaren %40 izanen da, eta gehienez ere 350 euro eskatzaile bakoitzeko. Kostu horretan ez dira beste kontzeptuak sartzen, hala nola ostatua, bidaiak eta abar.
Dokumentazioa
a) Eskabidea, Abartzuzako Udalari zuzendua.
b) Abartzuzan erroldatuta izatearen gaineko ziurtagiria.
c) Ikastaroa egin izanaren ziurtagiria (egunak, eskola-orduak, maila eta eskatzailearen errendimendua), eta matrikula ordaindu izanaren banku transferentziaren ziurtagiria.
d) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailaren kontu korrontearen zenbakiarena.
Aurkezteko epea
Eskabideak aurkezteko epea izanen da urte bakoitzeko urriaren 31 arte, data hori baino lehenago matrikulaturiko kurtsoetarako. Epe hori luzaezina izanen da. Eskaerak Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo, bertzenaz, 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozein erabilirik.
Laguntzen zenbatekoak aurrekontuan esleiturik dagoen kreditua izanen du muga. Eskatutako diru-laguntzen zenbatekoa deialdian gehienez ere ezarritako kopurua baino handiago bada, onuradunei ordaindu beharreko diru-laguntza proportzionalki gutxituko da, harik eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa agortu arte.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Iragarkiaren kodea: L1402622