53. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

30/2014 FORU DEKRETUA, martxoaren 5ekoa, abenduaren 9ko 350/1998 Foru Dekretua indargabetzen duena. Foru dekretu horren bidez erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularren lehentasun eskubidea arautu zen.

ZIOEN AZALPENA

Erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularrek duten lehentasun eskubidea Lurreko Garraioen Antolamenduaren buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 89. artikuluaren bidez ezarri zen legez, eta lege horren erregelamenduak, irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuak onetsitakoak, garatu zuen 108. artikuluan.

Zenbait autonomia erkidegok, berriz, arlo horretan aitortuak dituzten eskumenekin bat, lehentasun eskubide hori arautu dute, haien emakiden ustiapenak duen errentagarritasuna hobetzeko xedeaz.

Nafarroako 1998ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian jasotako aurreikuspenarekin bat, abenduaren 9ko 350/1998 Foru Dekretua onetsi zen, erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularrek duten lehentasun eskubidea arautzen duena.

Foru dekretu horrek 3. artikuluan ezarri zuenez, lehentasun eskubidea aitortzeko nahitaezkoa da baldintza hauek betetzea, enpresa guztien kasuan:

1) Erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregular osoaren urteko okupazio indizea 16 bidaiari baino gutxiagokoa izatea ibilgailu eta kilometro bakoitzeko.

2) Erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregularrak erabilera mugatukoak izan behar duen ibilbidean 100eko 50an bederen bat datozen trafikoak baimenduta izatea.

Lehentasun eskubideaz baliatu ahal izateko, 5. artikuluak ezartzen du enpresak esleitzeko prozeduran parte hartu beharko duela eta eskubidea berariaz alegatu lizitazioan parte hartzeko momentuan. Lehentasun eskubidea alegatu ondoren eta lizitazioaren ondorioz kontratua zein baldintzatan eman behar den jakinik, enpresa titularrak aukera izanen du baldintza berdintsuak eskaintzeko edo eskubidea erabiltzeari uko egiteko.

Auzitegi Gorenak zenbait epai eman ditu eskubide horren gainean, azkenak 2012ko ekainaren 7an eta urriaren 15ean, Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako bi epairen kontra –zenbait ibilbidetan lehentasun eskubidea aitortzeari uko egin izanaren kontra aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak ezetsi zituzten– aurkeztutako kasazio errekurtsoak zirela eta; Auzitegi Gorenak bere epaietan adierazi du lehentasun eskubidea Europar Batasuneko antolamenduaren oinarri diren tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioen kontrakoa dela, eta, zehazki, Europar Batasunaren Itunaren 12. eta 49. artikuluek ezartzen dutenaren kontrakoa.

Epai horietan Auzitegi Gorenak bere egiten ditu Europako Batzordeak 2006ko apirilaren 4an emandako 4625/2004 Irizpen Arrazoituan jasotako irizpideak.

Kode Zibilaren 1.6. artikuluan ezarritako iturrien sistemaren arabera epai horiek antolamendu juridikoaren osagarri dira, hauxe xedatzen baitu: jurisprudentziak antolamendu juridikoa osatuko du Auzitegi Gorenak legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak interpretatu eta aplikatuz behin baino gehiagotan ezartzen duen doktrinarekin.

Epaietan jaso den irizpidea abenduaren 9ko 350/1998 Foru Dekretuan araututako lehentasun eskubidean ere aplikatu daiteke, zeren Auzitegi Gorenak iritzi baitio, Europar Batasuneko zuzenbidearen nagusitasuna aintzat hartuz, Europako araudian jasotako printzipio horiek, diskriminazio ezarena eta tratu berdintasunarena, alegia, autonomia erkidegoetako araudian aitortzen den lehentasun eskubidearen aurretik daudela, are gehiago ikusita foru dekretuak aukera ematen diola eskubidearen titularrari eskaintzaren onenaren pareko baldintzak eskaintzeko edo eskubideaz baliatzeari uko egiteko, nahi bezala.

Horrexegatik, abenduaren 9ko 350/1998 Foru Dekretuaren indargabetzea bat dator Europako araudiarekin eta auzitegiek erabakitakoarekin. Foru dekretu horren bidez erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularren lehentasun eskubidea arautu zen.

Horiek horrela, Sustapeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko martxoaren 5ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Indarrik gabe uztea.

Lehena. Abenduaren 9ko 350/1998 Foru Dekretua indargabetzen da. Foru dekretu horren bidez erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularren lehentasun eskubidea arautu zen.

Bigarrena. Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru dekretu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko martxoaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F1403475