52. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Udalaren lokalak herritarren elkarteei edo irabazi asmorik
gabeko entitateei lagatzea arautzen duen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2013ko irailaren 5ean egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren lokalak herritarren elkarteei edo irabazi asmorik gabeko entitateei lagatzea arautzen duen udal ordenantza. Jendaurreko iragarkia 2013ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 19an, argitaratu zen, eta jendaurreko epean espedienteari buruz aurkeztutako alegazioak 2013ko abenduaren 12ko osoko bilkuran ebatzi ziren. Bilkura berean, behin betiko onetsi zen aipatu ordenantzaren testua, aurkeztutako alegazioen ebazpena eta baietsi edo ezetsi ziren kontuan harturik. Udalak osoko bilkura hartan onetsitako behin betiko testua honako hau da:

UDALAREN LOKALAK HERRITARREN ELKARTEEI EDO
IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEEI LAGATZEA
ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1.–Xedea.

1. Erregelamendu honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra arautzea, Udalarenak diren edo Udalaren esku dauden lokalak doan eta prekarioan lagatzeko legez eratutako elkarteei, kulturaren, gizartearen eta kirolaren arloan eta beste xede publiko batzuen arloan finkatuak dituzten helburuak gara ditzaten, kasuan kasuko akordioan ezartzen den epean.

2. Halaber, lokalen erabilera eta funtzionamendurako esparru orokorra arautzen da, haien izaera juridikoari, berariazko erabilerari eta elkarte onuradunen helburuei loturiko berezitasunak galarazi gabe.

3. Erregelamendu honetatik kanpo geratzen dira aldi baterako lagapenak, behar puntual edo iragankorrei erantzuteko direnak, bidezkoa den udal baimenaren bitartez arautuko baitira; kanpoan geratzen dira, orobat, berariazko araudia duten eraikinak edo ekipamenduak, bai eta lokalak beste administrazio publiko batzuei eta haien mendeko entitate edo erakundeei lagatzea ere, berariazko araudia izanen baitute.

2.–Onuradun izan daitezkeen entitateak.

2.1. Irabazi asmorik ez duten eta kultur, gizarte eta kirol helburuak eta beste batzuk dituzten entitateek erabiltzen ahalko dituzte, jarraian edo une batean, araudi honetan arautzen diren eremuak, baldin eta entitate horien egoitza soziala Eguesibarren badago.

2.1.1. Lagapen puntualen onuradun izaten ahalko dira, egoitza soziala ibarrean ez izan arren, ibarreko bizilagunei zuzenduriko egintzak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateak.

2.1.2. Lagapen jarraituetan lehentasuna izanen dute edozein departamentu edo zerbitzutan Eguesibarko Udalarekin lankidetzan aritzen diren toki entitateek.

2.2. Herritarren entitateak edo elkarteak irabazi asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren emaitza bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

3.–Lagako diren eremuak.

3.1. Lagapen jarraitua izan dezaketen eremuak:

–Kirol kluben bulegoa: 40 metro karratuko gela, eta bertan armairua eta mahaia.

Edukiera, gutxi gorabehera: 6 pertsona.

–Kirol kluben bilera gela: 40 metro karratuko gela, eta bertan erdiko mahaia eta hamabi aulki.

Edukiera, gutxi gorabehera: 15 pertsona.

–Eguesibarko lehengo Udaletxeko bilera gela (lehen solairuan).

Edukiera, gutxi gorabehera: 15 pertsona.

–Eguesibarko lehengo Udaletxeko bilera gela (beheko solairuan).

Edukiera, gutxi gorabehera: 15 pertsona.

3.2. Lagapen puntuala izan dezaketen eremuak:

–Kirol kluben bilera gela: 40 metro karratuko gela, eta bertan erdiko mahaia eta hamabi aulki.

Edukiera, gutxi gorabehera: 15 pertsona.

–Kirol kluben biltokia-jatetxea: 100 metro karratuko gela, eta bertan mahaiak eta 80 aulki.

Edukiera, gutxi gorabehera: 80 pertsona.

–Musika Eskolaren entzunaldi aretoa: 8 x 10 metroko gela, 7,8 m x 3 m-ko agertokia eta 120 aulki.

Edukiera, gutxi gorabehera: 120 pertsona.

-Olazko udal liburutegia: 135 metro karratuko gela, eta bertan mahaiak eta aulkiak.

Edukiera, gutxi gorabehera: 50 pertsona.

–Eguesibarko lehengo Udaletxeko bilera gela (lehen solairuan).

Edukiera, gutxi gorabehera: 15 pertsona.

–Eguesibarko lehengo Udaletxeko bilera gela (beheko solairuan).

Edukiera, gutxi gorabehera: 15 pertsona.

4.–Erabilerari buruzko baldintzak.

1. Entitate onuradunek zainketa lana eginen dute esleituriko eremuak egokiro mantendu eta kontserba daitezen, denek erabiltzekoak diren eremuak, altzariak eta haietan dagoen materiala barne.

2. Jarduera amaitzen denean, lehengo baldintza beretan utzi beharko da lagatako eremua.

3. Kalteak izanez gero, konponketa eginen da edo kalitate bera zein antzekoa duten elementuekin ordezkatuko dira kaltetutakoak, Udalak egiten dituen oharrei jarraikiz.

4. Entitateek ez dute baimenik lagatako eremuetan obrak edo aldaketak egiteko, non eta ez dagoen berariazko baimenik eta ez dakarten inolako kalterik.

5. Erabaki arautzailean, erabileraren hasieran lagatako eremuan zeuden ondasun higigarrien inbentarioa sartuko da.

6. Lagapena zer jarduera edo ekintzetarako eskatu eta lortu zen, bakarrik haietarako erabiliko dira lokalak, Udalak berariazko baimena eman ezean.

7. Erantzukizun zibila:

a) Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako lokaletan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

b) Entitate bakoitzak frogatu beharko du aseguru poliza bat duela, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteetarako. Erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakian zehaztuko da polizak gutxienez zenbateko balioa aseguratu behar duen, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta beste alderdi objektibo batzuk.

Elkarte onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Udalaren zerbitzu teknikoek noiznahi eskatu ahalko dizkiote ordainagiriak.

8. Lagapenaren epea: Lagapen jarraitua urte natural baterako izanen da gehienez. Eremuen lagapen jarraitua arautzen duen erabakian zehaztuko da kasuan kasuko lagapen epea.

5.–Baimendu gabeko jarduerak eta sarrera.

1. Zentroaren barnean, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

2. Era berean, eremuen lagapena ez da erabiliko irabazi asmoko jarduerak gauzatzeko edo hirugarrenendako merkataritzako publizitatea egiteko (eta publizitatetzat jotzen dira haien jardueren ondasunak eta/edo zerbitzuak salerostea edo kontratatzea zuzenean nahiz zeharka bultzatzen edo sustatzen duten komunikazio era guztiak).

3. Udal esparru guztietan debeku da tabakoa, alkohola eta beste substantzia kaltegarri guztiak kontsumitzea.

4. Oro har, eta behar bezala arrazoitutako salbuespen batzuk egon daitezkeen arren, animaliak ezin izanen dira sartu.

5. Lagapen jarraituko eremuetan, zilegi da telefonoak, internet etab. instalatzea, eskatzailearen kontura betiere.

6.–Entitate onuradunaren betebeharrak.

1. Entitate onuradun guztiak behartuta daude arau orokor hauek eta jarraian zehaztuko diren hauek betetzera:

–Eskabidean adierazitako jarduerak egiteko lagatako eremuen helburua errespetatzea.

–Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diete hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

–Lagatako lokalak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz eta lokalak osasungarritasun eta higiene baldintza egokietan edukiz.

–Bizikidetza egokiaren arauak betetzea, saiatuz inori eragozpenik ez sortzen lokalak erabiltzen diren orduetan.

–Zentroa erabiltzen duten beste entitate edo erabiltzaileak errespetatzea, haien jardueretan trabarik egin gabe.

–Sortzen diren arazo edo gorabehera guztien berri ematea Zentroaren kudeatzaileari, eta larrialdiak berehala jakinaraztea hari.

–Entitatearen ordezkari bat izendatzea, lagapenarekin zerikusia duten gauza guztietan harengana jotzeko.

–Udalari betiere uztea jarraipena egiteko eta gainbegiratzeko ahalmena erabiltzen, araudi hau betetzen ote den jakin dezan, eremuetan sartzeko aukera emanez eta eskatzen duen informazioa eskuratuz.

–Lagatako eremuen giltzak zaintzea, giltzak uzten bazaizkie, eta ixtea erabiltzen duen azken entitatea izanez gero, giltzak aldez aurretik adostu den lekuan utzita, hitzarmenean beste zerbait ezarri ez bada.

–Erabiltzeko lagatzen zaizkien lokalak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.

–Haiei esleitutako lokalak eta zentroa erabiltzen duten beste entitate edo elkarteei esleitutakoak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

–Lagatzeko erabakia edo baimena iraungi edo ezeztatuz gero, lokalak lehengo hartan itzuliko dizkiote Udalari, erabileraren ondoriozko higadura izanen dela kalte bakarra.

7.–Udalaren ahalmenak eta betebeharrak.

Eguesibarko Udalak honako betebehar hauek ditu:

–Araudi honetatik eta indarra duen legeriatik sortzen direnak.

–Eraikina zaintzea, denbora igarotzeak eta instalazioak era normalean erabiltzeak dakartzaten mantentze kostuak bere gain hartuta.

–Mantentze orokorraren gastuak bere gain hartzea (argia, berogailua, garbiketa, ...).

–Lagatako eremuen erabilera gainbegiratzea eta proposamenak egitea, funtzionamendua egokia izan dadin, entitate erabiltzaileetako batek arauak betetzen ez dituenean.

8.–Hitzarmena aldatzeko eta/edo iraungitzeko arrazoiak.

Erabaki edo hitzarmen erregulatzailea, bai erabilera puntualeko lagapena duten entitateekin sinatua bai erabilera jarraitua dutenekin sinatua, tarte baterako aldatzen ahalko da edo betiko iraungi, honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

–Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaitu direlako.

–Bien artean hala erabaki delako.

–Entitate onuradunak uko egin duelako.

–Lagatako eremuak ez direlako erabili.

–Hitzarmenean agertzen ez diren jarduerak egiteagatik.

–Araudi erregulatzaile honetan agertzen diren beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.

–Entitate onuraduna desegin delako.

–Lagatako ondasuna fisikoki edo juridikoki galdu delako.

–Baimena kentzeagatik.

–Ebazpen judizialaren bidez.

–Iraungitzeagatik.

–Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.

–Udalak ondasunen gainean zuen eskubidea iraungitzen denean.

–Interes publikoko arrazoi bategatik, Udal Administrazioa horretaz ohartuta, lehentasunezkotzat jotako beste erabilera batzuei uzteko lokala edo bizilagunen interes orokorrekoak diren helburuetarako erabiltzeko.

–Udalak hartutako alde bakarreko erabakia, edozein arrazoi dela medio.

Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena edo baimena iraungitzen denean, entitate edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.

Lagatzeko erabakia edo erabiltzeko baimena ezeztatu edo iraungi ondoan, elkarte edo taldeak Udalari itzuliko dio lagatako lokala. Betiere, lagapenaren onuraduna kalteen eta galeren arduraduna izanen da, lokala berandu uzteak halakorik ekartzen badu.

9.–Eskabideak tramitatzeko prozedura.

1. Eskatzailea:

Entitate eskatzaileak pertsona fisiko bat izendatu eta baimendu beharko du eskabidea kudeatu dezan, honako araudi honi jarraikiz, eta ordezkari gisa ari dadin eskabidetik etortzen den edozein behar dela eta.

2. Eskaera egiteko epeak:

Eremuen lagapen jarraitua:

Eskabideak Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Udalak horretarako ezartzen duen epean, iragarkia paratuta Udalaren ediktu oholean, nahiz eta Udalaren web orrian argitara daitekeen, informazioa zabaltzeko.

Eremuen lagapen puntuala:

Urte osoan zehar egiten ahalko dira eskaerak, eta ezinbestekoa izanen da lokaletan egin nahi den jarduera hasi baino 15 egun lehenago aurkeztea eskaera.

3. Aurkeztu beharreko agiriak:

3.1. Eremuen lagapen jarraitua:

1. Eskaera formalizatzeko, Udalaren eskabide orokorra aurkeztuko da Eguesibarko udalaren erregistroan, entitatearen ordezkariak behar bezala beteta, “Eremuen lagapen jarraiturako hitzarmen arautzailea” sinatu aitzin. Gainera.

Eskabide horri honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio, entitate eskatzaileari buruzkoak:

–Estatutuen kopia. Legez eratutako entitatea ez bada, taldearen helburuak ageriki biltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

–Kudeaketako eta administrazioko organoen osaera erakusten duen dokumentazioa.

–Bazkideen kopurua erakusten duen zinpeko aitorpena.

–Lokalen bat alokairuan ote duten zehazten duen zinpeko aitorpena.

–Egin beharreko jardueren deskribapena (erantsitako agiria).

–Jarduerak zein egun eta ordutan egitea aurreikusi den.

–Erabiliko duten pertsonen datu pertsonalak.

–Tributu Administrazioaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, tributuen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela erakusten duena.

–Entitatea Toki Ogasunarekiko betebehar ekonomikoetan eguneratua dagoela erakusten duen ziurtagiria.

3.2. Eremuen lagapen puntuala:

1. Entitate interesdunak eskaera egin beharko du, helburu sozialeko toki entitateei udal eremuak lagatzeko eskabide puntualaren bidez. (2. eranskina).

Eskaera onesten denean, eremuaren lagapen puntualerako udal baimenaren bidez formalizatuko da lagapena. (3. eranskina). Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Entitate eskatzailearen IFKaren fotokopia.

–Pertsona eskatzailearen NANaren fotokopia.

4. Ebazpena:

Eremuen lagapen jarraitua:

Eskaerak jaso ondoren, alor bakoitzeko teknikari eskudunek ebaluatuko dituzte, eta eskaeraren ebazpena proposatuko dute, arrazoiak emanez eta ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Lagapen jarraituko eskaeren ebazpena Alkatetzaren ebazpen baten bidez eginen da.

Eremuen lagapen puntuala:

Eskaerak jaso ondoren, alor bakoitzeko teknikari eskudunek ebaluatuko dituzte, eta eskaeraren ebazpena proposatuko dute, arrazoiak emanez eta ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz.

Eskaera puntualen ebazpena alorreko arduradun politikoaren oniritzia duen agindu baten bidez emanen da.

Lagapen puntualak direnean, oro har, zortzi eskaera egiten ahalko dira urtean gehienez ere, eta urtean gehienez ere 24 orduko lagapena eginen da guztira. Salbuespenak egiten ahalko dira, eremua libre egonez gero, baina betiere alorreko teknikarien balorazioak horren aldekoa izan beharko du.

5. Baremazioko irizpideak:

Eremuen lagapen jarraitua:

Eskabideak baloratzeko, besteak beste, honako irizpide hauek izanen dira kontuan:

–Eremua zein udal zerbitzuri lotuta dagoen, zerbitzu horren xedeak izatea entitatearen helburuen artean.

–Entitateak Eguesibarren izan duen lan ibilbidea.

–Entitateak ez izatea lokalik Zentroan egin nahi duen jarduera egiteko.

Eremuen lagapen puntuala:

Eskaerak baloratzeko, beste irizpide batzuen artean, honako hauekin lotuta dauden alderdiak izanen dira kontuan: entitate eskatzailearen helburua, egin behar den jardueraren xedeak, aurreikusita dagoen erabiltzaile kopurua, erabiltzeko egunak eta ordutegia, eta Zentroko eremuak libre egotea.

6. Ebazteko epea:

Eremuen lagapen jarraitua:

Alkatetzak ebatziko ditu eskaerak, eskaera aurkeztu ondoko hilabetean. Epe horretan ebazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da, nahiz eta geroko ebazpen batek eremuen lagapena ezar dezakeen.

Eremuen lagapen puntuala:

Oro har, ebazpena eman eta gero posible izan beharko da entitate eskatzaileari jakinaraztea gutxienez ere 3 egun natural lehenago, jarduera hasteko aurreikusitako data baino. Jarduera hasi baino lehenago ebazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

7. Jakinarazpena:

Eremuen lagapen jarraitua:

Hartutako erabakia 15 egun naturaleko epean jakinaraziko da.

Ebazpena oro har iragarki oholaren bidez emanen da aditzera eta banan-banan ere jakinaraziko da, dagokion ebazpena entitate eskatzaileari igorrita, posta ziurtatuaren bidez, eskabidean adierazitako egoitza sozialaren helbidera, nahiz eta posta elektronikoz ere bidal daitekeen eskatzaileak eskabidean adierazitako helbidera.

Eremuen lagapen puntuala:

Emandako ebazpena telefonoz edo posta elektronikoz jakinaraziko zaio entitate eskatzaileari, ahalik eta azkarren.

10.–Zehapen prozedura.

1. Arau-hausteak:

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egintzak nahiz ez-egiteak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

1.1. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lokaletan kalteak eragitea, haien zenbatekoa 3.000 eurotik igarotzen ez denean.

b) Erabiltzeko lagatako lokalen erabilera arautzen duten xedapenak ez betetzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat hartu ezin denean.

c) Lagatako lokalak egoera onean iraunarazteko betebeharra ez betetzea.

d) Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea, larriak edo oso larriak direnak izan ezik.

1.2. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Lokaletan kalteak eragitea, haien zenbatekoa 3.000 eurotik gorakoa denean eta arau-hauste oso larritzat jo ezin direnean.

b) Baimendu gabeko obrak, lanak edo beste jarduketa batzuk egitea lokalean, atzera egin ezineko aldaketak sortzen direnean haietan.

c) Lokala erabiltzea, erabiltzeko lagapena iraungi dela deklaratu ondoan.

d) Hiru arau-hauste arin egitea.

e) Lagatako lokala erabiltzea baimena ekarri zuten edukiari edo helburuei lotu gabe.

f) Lokalean egindako jarduketek eragozten edo larriki zailtzen badute lokal hori dagoen eraikinean zerbitzu publikoa normaltasunez ematea.

1.3. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Lokaletan kalteak sortzea, eta horiekin lokala erabilezin bihurtzea edozein erabileratarako edo lokala dagoen eraikinean ematen den zerbitzu publikoan kalte oso larriak eragitea.

b) Erabiltzeko lagatako lokalak eskualdatzea edo lagatzea.

c) Hiru arau-hauste larri egitea.

d) Udalaren lokal bat erabiltzea baimenik izan gabe.

Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.

2. Zehapenak:

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak, kargu-hartze batekin eta/edo 60,10 eurotik 500era bitarteko isunarekin.

b) Larriak, ordenantza honetako lokalak urtebetez erabiltzeko ezintasunarekin eta/edo 501 eurotik 1.500era bitarteko isunarekin.

c) Oso larriak, ordenantza honetako lokalak hiru urtez edo denbora gehiagoan erabiltzeko ezintasunarekin eta/edo 1.501 eurotik 3.000ra bitarteko isunarekin.

3. Zehapen prozedura.

Zehapen prozeduraren instrukzioa Udalaren ordenantza fiskal orokorraren 32. artikuluan xedatuarekin bat eginen da.

4. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

5. Erantzuleak:

1. Lagatako lokalen erabilerari buruzko arau-hausteen erantzule solidarioak izanen dira erabileraren onura duen elkartea eta lagapena eskatu duena.

2. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

3. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

4. Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko legezko arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

5. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

1. ERANSKINA

Eremuen lagapen jarraitua arautzen duen hitzarmena

Eguesibarko Udalak, ..........................................(r)en titularra baita, .............................. elkarteari lagatzen dio ......................, 2013ko ........... (e)tik ..................... (e)ra arte.

............................... elkarteak konpromiso hau hartu du:

1. Esleituriko eremuak egokiro mantendu eta zaintzea, denek erabiltzekoak diren eremuak, altzariak eta haietan dagoen materiala barne.

2. Jarduera amaitzen denean, lehengo baldintza beretan utzi beharko da lagatako eremua.

3. Kalteak izanez gero, konponketa eginen da edo kalitate bera zein antzekoa duten elementuekin ordezkatuko dira kaltetutakoak, Udalak egiten dituen oharrei jarraikiz.

4. Entitateek ez dute baimenik lagatako eremuetan obrak edo aldaketak egiteko, non eta ez dagoen berariazko baimenik eta ez dakarten inolako kalterik.

5. Lagapena zer jarduera edo ekintzatarako eskatu eta lortu zen, bakarrik haietarako erabiliko dira lokalak, Udalak berariazko baimena eman ezean.

6. Erantzukizun zibila:

a) Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako lokaletan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

b) Entitate bakoitzak frogatu beharko du aseguru poliza bat duela, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteetarako. Erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakian zehaztuko da polizak gutxienez zenbateko balioa aseguratu behar duen, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta beste alderdi objektibo batzuk.

Elkarte onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Udalaren zerbitzu teknikoek noiznahi eskatu ahalko dizkiote ordainagiriak.

Lagatako eremuan debekatuta egonen da:

1. Zentroaren barnean, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

2. Era berean, eremuen lagapena ez da erabiliko irabazi asmoko jarduerak gauzatzeko edo hirugarrenendako merkataritzako publizitatea egiteko (eta publizitatetzat jotzen dira haien jardueren ondasunak eta/edo zerbitzuak salerostea edo kontratatzea zuzenean nahiz zeharka bultzatzen edo sustatzen duten komunikazio era guztiak).

3. Udal esparru guztietan debeku da tabakoa, alkohola eta beste substantzia kaltegarri guztiak kontsumitzea.

4. Oro har, eta behar bezala arrazoitutako salbuespen batzuk egon daitezkeen arren, animaliak ezin izanen dira sartu.

Elkarteak telefonoa eta internet paratzen ahalko ditu lagatako eremuan, aldez aurretik Eguesibarko Udalari eskatu eta haren baimena jasota.

Eguesibarko Udalak lagatzen duen materiala honako hau da:

Sarrigurenen (Eguesibar), 2013ko .............aren .......... (e)an

Udalaren aldetik Elkartearen aldetik

2. ERANSKINA

Helburu sozialeko toki entitateei udal
eremuak lagatzeko eskabide puntuala

.................................... jaunak/andreak, ....................... elkartea ordezkatuz, Eguesibarko Udalak ................... (e)n duen ................. eremuaren lagapen puntuala eskatzen du.

Jardueraren izena:

Egiteko eguna:

Ordutegia:

Parte-hartzaileen kopurua, gehienez:

Beharrak: ……..............….. aulkiak: ………..…… mahaiak:

Jardueraren azalpena:

Sarrigurenen (Eguesibar), 2013ko .............aren .......... (e)an

3. ERANSKINA

Eremuaren lagapen puntualerako udal baimena

.................................... jaunak/andreak ...................... (e)ko udal zerbitzuko teknikaria baita, ...................... (r)en lagapen puntuala baimentzen dio, ........................... egunean, elkarte honi ....................................

Lagatako eremuak .......................... (e)ko edukiera du gehienez eta, horregatik, .......................... elkarteak une oroz kontrolatu beharko du parte-hartzaileen kopuruak ez duela edukiera hori gainditzen.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2013ko .............aren .......... (e)an.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz; hori hala, ordenantza honek indarra hartu du Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragaten denean.

Hori hala izanik ere, ordenantza honen aurka bi errekurtso hauetako bat paratzen ahal da:

a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2014ko otsailaren 18an.–Alkatea, José Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1402587