Iragarkia
52. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko otsailaren 19koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Arazuriko TSF Navarra de Técnicas de Soldadura y Fijación, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Arazuriko TSF Navarra de Técnicas de Soldadura y Fijación, S.L. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100562012014) aztertu da, erregistro honetan 2013ko abenduaren 12an sartu zena. Enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko azaroaren 15ean izenpetu zuten, eta 2014ko otsailaren 17an zuzendu, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko otsailaren 19an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
TSF NAVARRA DE TÉCNICAS DE SOLDADURA Y FIJACIÓN, S.L. ENPRESAREN 2009-2014KO HITZARMEN KOLEKTIBOA
TSF NAVARRA DE TÉCNICAS DE SOLDADURA Y FIJACIÓN, S.L. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Hitzarmen honek TSF Navarra de Técnicas de Soldadura y Fijación, S.L. enpresari eta plantillan alta egonda enpresa horren lantokian jarduten duten langile guztiei eragiten die.
2. artikulua. Betebeharrezkotasuna.
Hitzarmen kolektibo honen arauak, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraikiz itundu direnak, nahitaez bete beharko dira aurreko artikuluan aipatutako lan harremanetan.
3. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen kolektibo honen artikuluek, ezarritako legezko tramite guztiak eginik, indarra izanen dute 2009ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 bitarte, biak barne.
4. artikulua. Ordezko arauak.
Ordezko arauak izanen dira indarra duten lege orokorrak eta hitzarmen kolektibo honetan adostutakoaren osagarri diren lege xedapen guztiak.
5. artikulua. Bermea.
Hitzarmen kolektibo honetan biltzen diren baldintza guztiak gutxienekotzat joko dira; beraz, hitzartutakoak baino baldintza hobeak dakartzaten klausulek bere horretan segituko dute, halakoez baliatzen diren langileei dagokienez.
6. artikulua. Lanaldia.
Urte horietan, honako hau izanen da lanaldia, oporrak kalkulatzeko ondorioetarako:
–Astean 40 ordukoa eta urtean 1.746 ordukoa.
Benetako lanaldia, hitzarmena negoziatzeko ondorioetarako, hauxe da:
–Astean 38 ordukoa eta urtean 1659 ordukoa. (Ikus 1. eta 2. oharrak).
Biltegiko eta bulego orokorretako langileen ordutegia honela banatzen da:
–Astelehenetik ostegunera, 8:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara. (2. oharra).
–Ostiraletan, 07:00etatik 14:00etara. (1. oharra).
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte, honela banatuko da da lanaldia:
–Astelehenetik ostegunera, 7:00etatik 15:00etara (2. oharra).
–Ostiraletan, 07:00etatik 14:00etara. (1. oharra).
Jaiegunetako bezperetan, lanaldia 7:00etatik 15:00etara izanen da. (2. oharra).
Lantegiko langileen eta bulegokoen ordutegia honela banatzen da:
–Astelehenetik ostegunera, 7:00etatik 15:00etara (2. oharra).
–Ostiraletan, 07:00etatik 14:00etara. (1. oharra).
Jaiegunetako bezperetan, lanaldia 7:00etatik 15:00etara izanen da. (2. oharra).
Lan karga handia denean, lantegiko ordutegia bi txandatan banatuko da: goizekoa eta arratsaldekoa.
–1. Oharra: ostiraleko lanaldia 7 ordukoa da.
–2. Oharra: langileek 15 minutuko atsedenaldia izanen dute egunero, lanaldi zatituan aritzen badira, eta lanaldi jarraituan eta lanaldi osoan aritzen direnek, berriz, 30 minutukoa izanen dute.
Edozein arrazoirengatik (ikasketak, ikastaroak edo familia eta lana bateratzea) lanaldian aldaketa bat eskatzen duen langileak enpresarekin hitzartu beharko du.
7. artikulua. Ordainsariak.
2009. urterako soldata igoera Nafarroako 2008. urteko KPI erreala adinakoa izanen da, 2008ko abenduaren 31n indarra zuten lansarien taulak oinarri harturik.
2010. urterako soldata igoera Nafarroako 2009. urteko KPI erreala adinakoa izanen da, 2009ko abenduaren 31n indarra zuten lansarien taulak oinarri harturik.
2011. urterako soldata igoera Nafarroako 2010. urteko KPI erreala adinakoa izanen da, 2010eko abenduaren 31n indarra zuten lansarien taulak oinarri harturik.
2012. urterako soldata igoera Nafarroako 2011. urteko KPI erreala adinakoa izanen da, 2011ko abenduaren 31n indarra zuten lansarien taulak oinarri harturik.
2013. urterako soldata igoera Nafarroako 2012. urteko KPI erreala adinakoa izanen da, 2012ko abenduaren 31n indarra zuten lansarien taulak oinarri harturik.
2014. urterako soldata igoera Nafarroako 2013. urteko KPI erreala adinakoa izanen da, 2013ko abenduaren 31n indarra zuten lansarien taulak oinarri harturik.
Hitzarmen kolektibo honetan itundutako soldata igoerak langile bakoitzaren soldata errealaren gainean aplikatuko dira.
Hurrengo urteetako KPIak enpresarekin hitzartuko dira, enpresaren egoera zein izanen den aurreikusita.
8. artikulua. Parekatutako kategoriak.
Lehen mailako ofizioko profesionalen soldata 25 urtetik gorako saltzaileek dutenarekin parekatuko da.
Biltegiko morroia, enpresan urtebetez aritu ondoren, besterik gabe morroi espezializatuaren kategoriara pasatuko da.
Enpresan 4 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten ofizioko laguntzaileak bigarren mailako ofizioko profesionalen kategoriara pasatuko dira.
25 urtetik gorako bigarren mailako ofizialak, morroi espezializatuak eta administrari laguntzaileak, euren kategorian 3 urte baino gehiago eman dutenean enpresa berean, lehen mailako ofizialaren, 25 urtetik gorako saltzailearen eta administrari-ofizialaren kategoriara pasatuko dira. Antzinatasuneko 3 urte horiek enpresa barnean eta nork bere kategorian eginak direla ulertuko da.
9. artikulua. Antzinatasuna.
Langileek 5 laurteko eta 3 hirurteko sorraraziko dituzte, eta ikastun sartu berriei edo gaur egun ikastun edo izangaiaren kategoria dutenei probaldia ere kontuan hartuko zaie.
Antzinatasuna honela banatuko da: lehenengo 5 laurtekoak sorraraziko dira, eta gero, 3 hirurtekoak.
Aldi baterako kontratu bat mugagabeko kontratu bihurtzen denean, aldi baterako kontratuaren iraupena ere kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko.
Laurteko bakoitzeko zenbatekoa hitzarmenaren soldataren %5 izanen da, une oro indarra duten legezko xedapenetan aurreikusitakoari jarraikiz.
Hirurteko bakoitzeko zenbatekoa hitzarmenaren soldataren %3 izanen da, une oro indarra duten legezko xedapenetan aurreikusitakoari jarraikiz.
Enpresan 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera sartzen diren langileei Metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektibo indardunaren baldintzak aplikatuko zaizkie.
10. artikulua. Aparteko eskersariak.
Enpresek uztaileko eta Eguberriko aparteko eskersariak ordainduko dizkiete, hilabeteko soldatakoak, ordainsari guztiak barne, horietarako eskubidea duten langile guztiei.
Enpresak langileentzako eskersari araubide bat prestatuko du, irabazien edo salmenten araberakoa, establezimendu bakoitzaren antolaketari egokitua. Eskersari horiek langileak hilabetean jasotzen duen soldata osoa adinakoak izanen dira gutxienez.
Aurreko lerroaldean aipatutako eskersaria urtero ordainduko da eta, nolanahi ere, urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan likidatu beharko da.
Orobat, eta enpresaren emaitza ekonomikoaren arabera, langileek esku-erakutsi bat eta/edo eskersari bat jaso dezakete urtearen bukaeran. Gauzazko ordainketatzat hartuko dira, PFEZaren aitorpenaren ondorioetarako.
11. artikulua. Aparteko orduak.
Aparteko orduak, langilearen nahierara, lan egindako ordu bakoitzeko 1,5 ordu adinako ordaina kobratuz edo jai hartuta konpentsatuko dira.
12. artikulua. Bidaiak eta dietak.
Lanarekin lotutako bidaiak treneko lehenengo klasean eginen dira, gutxienez, edo horren mailakoan beste lokomozio-bide bat erabiliz gero. Enpresak ordainduko ditu langileak egiten dituen gastuak, behar bezala justifikatuta betiere.
Langileak 30 egun baino gehiago beste herri batera joan behar baldin badu lan egitera eta bertan bizitzera, enpresak erraztasunak eman beharko dizkio langileari etxera gutxienez 2 egunerako itzul dadin, inolako kalte ekonomikorik gabe.
Lanaldi zatituan eguerdiko atseden tartea ordu eta erditik beherakoa baldin bada, enpresak ordainduko ditu bazkari gastu logikoak, betiere langileak ordainagiria aurkeztuta, kontuan hartu gabe egoitza duen herrian egin den edo ez.
13. artikulua. Eritasuna eta istripua.
Edozein gertakizunen ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran, haurdunaldiko arriskua barne dela, enpresek Gizarte Segurantzak ematen duenaren eta soldata osoaren arteko diferentzia ordainduko dute.
Behin-behinekoz lanpostu egokiago bat emanen zaie haurdun dauden emakumeei, aldatzea beharrezkoa badute, medikuak justifikatu ondoren eta enpresako aukera teknikoak eta antolaketarenak kontuan hartuta.
14. artikulua. Lanetik gelditzeagatiko kalte-ordaina.
Enpresa batean hogei urtez aritu ondoren erretiratzen den langile orok kalte-ordain bat jasoko du, bi hilabetekoa 10 urteko zerbitzualdi bakoitzeko. Kalte-ordaina hamar urtetik beherako zatikien arabera kalkulatuko da, zerbitzualdian emandako denboraren proportzioan.
15. artikulua. Heriotzagatiko laguntza.
Langilea hiltzen bada, haren eskubidedunei enpresak hiru hilabeteko soldata ordainduko die, horietako bakoitza hil den langileak kobratu duen azken soldata adinakoa.
16. artikulua. Laneko arropa.
Enpresa behartuta dago langileei laneko bi jantzi edo gehiago ematera, bakoitzak dituen eginkizunetarako egokiak. Jantzi horiek enpresaren eta langilearen arteko lan harremanaren hasieran banatuko dira eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan berrituko dira, edo beharrezkoa denean.
17. artikulua. Oporrak.
Langile guztiek urtero opor ordainduak izanen dituzte, baldintza hauek kontuan hartuta:
1. Langilea eta enpresa ados jarriko dira oporrak noiz hartu erabakitzeko. Edonola ere, enpresak egun erdiak banatzen ahal ditu opor kolektiboak egiteko.
2. Urtean zehar enpresa uzten duen langileak eskubidea izanen du lan egindako denboraren proportzioko oporrak hartzeko.
Amatasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran oporrak eten eginen dira baina urte naturalaren barnean hartu beharko dira, emakumezko langileak eta enpresak adosten duten garaian.
Edonola ere, Langileen Estatutuan xedatutakoari jarraituko zaio.
Enpresa itxita egonen da aste batez abuztuan, enpresak hala erabakita.
Urteko azken astean (Eguberrietan), enpresa itxita egonen da, langileekin akordioa lortu ondoren.
18. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Langile orok, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denborako:
Ezkontza | 20 egun natural |
Seme-alaben ezkontza | egun natural bat |
Aitaren edo amaren ezkontza | egun natural bat |
Anai-arreben ezkontza | egun natural bat |
Aiton-amonen gaixotasun larria | 2 egun natural |
Biloben gaixotasun larria | 2 egun natural |
Aita-amaginarreben gaixotasun larria | 2 egun natural |
Koinatu-koinaten gaixotasun larria | 2 egun natural |
Anai-arreben gaixotasun larria | 2 egun natural |
Ezkontidearen gaixotasun larria | 3 egun natural |
Seme-alaben gaixotasun larria | 3 egun natural |
Gurasoen gaixotasun larria | 3 egun natural |
Aiton-amonen heriotza | 2 egun natural |
Anai-arreben heriotza | 2 egun natural |
Biloben heriotza | 2 egun natural |
Aita-amaginarreben heriotza | 2 egun natural |
Koinatu-koinaten heriotza | 2 egun natural |
Aitaren edo amaren heriotza | 3 egun natural |
Seme-alaben heriotza | 4 egun natural |
Ezkontidearen heriotza | 5 egun natural |
Bizilekua aldatzea | egun natural bat |
Arreba erditzea | 2 egun natural |
Alaba erditzea | 2 egun natural |
Biloba erditzea | 2 egun natural |
Ama erditzea | 2 egun natural |
a) Heriotza, gaixotasun edo seme-alaben jaiotza kasuetan, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo joan behar denean, dagokion lizentziari bi egun gehituko zaizkio.
b) Izatezko bikoteek ere lizentzia horiexek berak izanen dituzte.
c) Gaixotasuna larria izanen da ospitaleratzea ekartzen duenean.
d) Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.
e) Hitzarmen honen eraginpeko langileek norberaren aukerako 9 egun izanen dituzte, 4 egun lehenago abisatuta, betiere.
f) Ordubeteko murriztapena egunean, haurrari esnea emateko. Baimen hori amak edo aitak hartzen ahal du, nahierara.
g) Lizentzia ordainduen hasiera gertaera eragilea sortzen den unetik beretik kontatuko da. Lizentzien iraupena nola banatu adostu eginen da edo ospitalizazioak dirauen bitartekoa izanen da.
19. artikulua. Kulturarako laguntza.
Enpresak ingelesaren 2 ikastaro eginen ditu urtean, interesa duten guztientzat.
Langileen kultura eta lanbide maila hobetzeko asmoz, enpresek Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskolan eta Hizkuntza Eskolan matrikulatzeko gastuak ordainduko dizkiete edozein hizkuntza ikasteko eskaera egiten duten langile guztiei, betiere ikasketak lanordutik kanpora egiten badira eta horien aprobetxamendua behar bezalakoa baldin bada. Horixe bera eginen da ikastunekin, ohartaraziz ezen bidezko arrazoirik gabe klasera ez joateak eskubidea galtzea ekarriko duela.
20. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.
Hitzarmen honetan aurreikusi edo arautu ez den orotan indarreko legedian ezarritako arauak aplikatuko dira.
Langile bat delitu arrunt bategatik edo arrunta ez den delituagatik atxilotua izan arren auziperatu ez badute edo auziperatu izanda ere errugabetzen badute, ez zaio lanera agertu ez izana kontuan hartuko; beraz ez da bidezko arrazoirik gabeko ausentziatzat joko eta horren ondorioz ez dute kaleratuko.
–Kontratazioa.
Lanaldi partzialeko kontratuak hamabi ordutik gorakoak izanen dira beti. Kontratuetan benetako lanaldia, zentroa, egunak eta ordutegiak finkatuko dira. Enpresak, beharrezkoa dela behar bezala egiaztatuta, baldintza horiek alda ditzake.
Kontratazioa, edozein modalitatetan, legeria indardunean xedatutakoari lotuko zaio.
Produkzio gorabeherengatik egiten den behin-behineko kontratazioan egoera hori gertatzen ari dela ulertuko da enpresak ohiko produkzioa baino gehiago egin behar duenean.
Indarra duen legeriaren babesean egindako lan kontratuak dituzten ikastunen soldata bigarren taldeko eta ofizioko profesionalen ikastunentzako lansarien taulen eranskinetan ageri da.
10etik 50 langilera bitarte dituzten enpresetan, behin-behineko kontratuak eta aldi baterakoak plantillaren %35 izanen dira gehienez ere. Probaldia.
Probaldia 15 egunekoa izanen da kategoria guztientzat, buru eta arduradunentzat izan ezik, horientzat, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen baita.
–Gaueko lanaren plusa.
Gaueko 10:00etatik goizeko 06:00etara lan egindako ordu guztiei gaueko lanaren plusa, %25ekoa, gehituko zaie.
Erretiro partziala. Errelebo kontratua.
Langileen esku dago 60 urtetik aitzinera erretiro partziala hartzeko erabakia hartzea.
Enpresak du, ordea, erretiro sistema horretan sartzen diren langileen lanaldia antolatzeko ahalmena.
21. artikulua. Eskubide sindikalak.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek legean ezarritako eskubide guztiak izanen dituzte, hauek bereziki:
1. Gai garrantzitsuen gaineko txostenak egitea, hala nola enplegu erregulazioari, lanaldi murrizketari eta instalazioak beste toki batera eramateari buruzkoak.
2. Enpresak langileei ezarritako zehapen oso larrien gaineko informazioa jasotzea. Ahal den neurrian, absentismoaren eta horren zergatien gaineko informazioa (laneko istripuak, lanbide eritasunak eta horien ondorioak) jasotzeko.
3. Lankideei lan harremanetan eragina duten edo izan dezaketen gaiei buruzko informazioa ematea, legeak ezarritako moduan.
Enpresa batzordeko kideek eta langileen delegatuek hilean benetako 20 lanordu izanen dituzte euren karguko eginkizunetarako.
22. artikulua. Aseguruen poliza.
Enpresak aseguru kolektibo bat kontratatuko du langileentzat, istripuaren ondoriozko heriotzako edo erabateko baliaezintasun iraunkorreko kasuetarako, honako kopuru hauek bermatzeko:
–36.060,73 euro, heriotza kasuetan.
–36.060,73 euro, laneko edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko edo laneko eritasun baten ondoriozko baliaezintasun iraunkorra eta erabatekoa gertatuz gero.
23. artikulua. Hitzarmena salatzea.
Langileen Estatutuaren 86. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera sinatzen den egunetik beretik iragartzen da.
24. artikulua. Negoziazioaren arloko akordioa.
Enpresaren hitzarmen kolektibo honetan bildutako baldintza guztiak gutxienekotzat joko dira eta horien gainetik langile guztientzat baldintza hobeak ezar ditzaketen enpresako itunak edo hitzarmenak egin daitezke. Horrelakoetan, hitzarmen honetako arauak itun horietan ezarritakoaren zuzenbide osagarri gisa aplikatuko dira.
25. artikulua. Enpleguaren sustapena.
Edozein arrazoirengatik enpresan lanpostu batzuk hutsik geldituz gero, INEMen izena emandako langileak hartuko dira horiek betetzeko.
Eskaera egiten duen langileak urriaren 31ko 1991/1984 Errege Dekretuan xedatutakoari lotzen ahal zaio, eta, horrela eginez gero, dekretu hartan ezarritakoa beteko da.
26. artikulua. Lan osasuna.
Enpresa behartuta dago langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Azterketa hori lan istripuetako ugazaben mutualitateetan eginen da; kasuan kasuko enpresa zeinetan dagoen inskribatua, hartantxe. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.
Enpresa behartuta dago langileei euren lanposturako behar dituzten jantziak edo babesgarriak ematera.
Enpresak hitz ematen du Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean aurreikusitakoa hertsiki eta berehala aplikatuko dutela.
Horretarako, enpresak eta langileen ordezkariek hitzematen dute prebentzioko planak ezarriko dituztela, ahal duten neurrian eta aurreikusitako epeetan, laneko arriskuak desagerrarazteko edo pixkanaka gutxitzeko eta sektoreko lan arriskuei eraginkorki aurrea hartzeko.
Prebentzioko delegatuei dagokienez, legean ezarritako bermeak izanen dituzte eta enpresek hitzeman dute erraztasunak emanen dizkietela euren eginkizunetarako behar dituzten ordu kredituen bidez.
27. artikulua. Emakumezko langilea.
Sexuagatiko bereizkeriarik eza. Aukera berdintasuna lortze aldera, hitzarmen hau sinatu duten alderdiek helburu garrantzitsutzat jotzen dituzte honako hauek:
a) Berdintasuna lanean, zuzeneko eta zeharkako bereizkeria baztertuz.
b) Soldatetan sexuarengatiko bereizkeriarik ez izatea.
c) Aukera berdintasuna enpleguan.
d) Lanbide prestakuntza eta birziklapen prozesuetan parte hartzea.
Amatasun eszedentzia, Langileen Estatutuan aurreikusitako moduan.
10 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko lanaldi murrizketa.
–Adin horretatik aurrera, enpresak eska diezaioke langileari enpresaren ordutegi arruntera eta lanaldi osora itzultzeko, eguneko 8 lanorduak oinarri hartuta.
Eskubide hori legezko adopzioetara hedatzea, Langileen Estatutuan aurreikusitakoari jarraikiz kasu horietan ere.
Hardunaldian lanpostu aldaketak egitea, osasunarentzat kaltegarria baldin bada eta enpresak lanpostu aldaketa egiteko aukera baldin badu.
Aldi baterako lanak ez du kalterik eraginen emakumezko langileen eskubide ekonomiko edo profesionaletan.
Aipatu ez diren gainerako esparruetan, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.
28. artikulua. Sexu jazarpenaren kontrako neurriak.
Laneko jazarpena, edozein motatakoa dela ere, hutsegite oso larritzat joko da.
29. artikulua. Tratu txarren biktimei laguntza emateko neurriak.
Erasotzailea eta erasoa jasan duena lantoki berean ari badira, enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, txandak aldatzea barne, lantokiko instalazioetan biak ordu beretan egon ez daitezen.
30. artikulua.
Hitzarmen hau enpresako langile guztiei aplikatuko zaie, kontratazio mota edozein dela ere.
31. artikulua. Aldi baterako laneko enpresetako langileak.
Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, ukitutako langileen eta enpresen artean diskriminazio eta desberdintasun egoerarik izan ez dadin eta hitzarmen hau ez aplikatzea saihestearren, beharrezkoa dutenean bakarrik kontratatuko dituzte langileak aldi baterako laneko enpresen bidez, eta betiere enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresetara zuzenduz; beraz, enpresaren hitzarmena aplikatuko diete horrelako langileei, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.
Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, indarra duen legerian xedatutakoari jarraituko zaio.
–Lanbide prestakuntza.
Enpresak haren langileriaren lanbide prestakuntza sustatuko du; horretarako, ordezkari sindikalen eta enpresaren artean aztertuko dituzte prestakuntza jarraituaren arloko beharrak, eta enpresa planak prestatzen ahal dituzte, bai eta sektoreka egin daitezkeen plan bateratuetan parte hartu ere.
Enpresak hartzen badu langileak prestakuntza ikastaroetara joateko erabakia, langileek horrelakoetan ematen dituzten orduak benetako lanordutzat joko dira, eta ahaleginak eginen dira ikastaroak lanorduetan egin daitezen.
32. artikulua. Xedapen orokorrak aplikatzea.
Hitzarmen honetan aurreikusten edo arautzen ez den orotan, Nafarroan indarra duen metalaren merkataritzarako hitzarmena aplikatuko da.
Nafarroan indarra duen metalaren merkataritzarako hitzarmen horretan aurreikusten edo arautzen ez den orotan, indarreko legedian ezarritako arauak aplikatuko dira.
LEHENDABIZIKO KLAUSULA GEHIGARRIA
Langileek sorrarazitako ordainsarien atzerapenak, hitzarmen honetan ezarritako baldintzekin bat, asko jota ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean kobratuko dira.
Enpresaren, enpresa batzordearen eta sindikatuko edo langileen ordezkarien artean.
2009, 2010, 2011, 2012 ETA 2013ETARAKO SOLDATA TAULAK |
2008 | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
1. TALDEA. | ||||||
Ingeniariak | 1792,68 | 1.814,19 | 1.823,26 | 1.874,31 | 1.923,05 | 1.974,97 |
2. TALDEA. | ||||||
Kudeatzailea edo zuzendari komertziala | 1781,31 | 1.802,69 | 1.811,70 | 1.862,43 | 1.910,85 | 1.962,44 |
Arduradun nagusia | 1728,47 | 1.749,21 | 1.757,96 | 1.807,18 | 1.854,17 | 1.904,23 |
Biltegiko burua | 1603,52 | 1.622,76 | 1.630,88 | 1.676,54 | 1.720,13 | 1.766,57 |
3. TALDEA. | ||||||
Administrarien burua | 1728,47 | 1.749,21 | 1.757,96 | 1.807,18 | 1.854,17 | 1.904,23 |
Administrazio ataleko burua | 1603,52 | 1.622,76 | 1.630,88 | 1.676,54 | 1.720,13 | 1.766,57 |
Administrari-ofiziala | 1351,96 | 1.368,18 | 1.375,02 | 1.413,53 | 1.450,28 | 1.489,43 |
Administrari laguntzailea, 25 urtetik gorakoa | 1218,26 | 1.232,88 | 1.239,04 | 1.273,74 | 1.306,85 | 1.342,14 |
Kontularia | 1.482,24 | 1.500,03 | 1.507,53 | 1.549,74 | 1.590,03 | 1.632,96 |
Administrari laguntzailea, 25 urtetik beherakoa | 1.096,19 | 1.109,34 | 1.114,89 | 1.146,11 | 1.175,91 | 1.207,66 |
4. TALDEA. | ||||||
Ikastuna, lehen urtekoa | 707,88 | 716,37 | 719,96 | 740,12 | 759,36 | 779,86 |
OFIZIOKO PROFESIONALAK | ||||||
Zerbitzu teknikoetako burua | 1517,89 | 1.536,10 | 1.543,79 | 1.587,01 | 1.628,27 | 1.672,24 |
Tailerreko burua | 1373,38 | 1.389,86 | 1.396,81 | 1.435,92 | 1.473,25 | 1.513,03 |
Lehen mailako ofizioko profesionalak | 1351,96 | 1.368,18 | 1.375,02 | 1.413,53 | 1.450,28 | 1.489,43 |
Bigarren mailako ofizioko profesionalak | 1219,48 | 1.234,11 | 1.240,28 | 1.275,01 | 1.308,16 | 1.343,48 |
Laguntzailea | 1134,79 | 1.148,41 | 1.154,15 | 1.186,47 | 1.217,31 | 1.250,18 |
Arazurin, 2013ko ........................................ren ...................................(e)an. Sin.: Guillermo Petri / Sin.: Enpresa batzordea F1402742 | ||||||
Iragarkiaren kodea: F1402742
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
