2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZANGOZA
Boulder eremuko instalazioa erabiltzeko baldintzak arautzen
dituen ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena
Zangozako Udalak, 2013ko urriaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa, Zangozako udal kiroldegian (Orreaga kalean) dagoen boulder eremuko instalazioa erabiltzeko baldintzak arautzen dituen ordenantzan.
Espedientea tramitaturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean xedatuari jarraikiz, jendaurreko aldian alegazioak aurkeztu dizkiote hasiera batean onetsitako testuari “Club Montañero Sangüesa” eta “Arrano Beltz Mendi Elkartea” izeneko elkarteek.
Zangozako Udalak, 2013ko abenduaren 30eko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen boulder eremuko instalazioaren erabilera arautzen duen ordenantzaren testua, Kirol Patronatuko Batzarrak proposatutakoarekin bat, hein batean baietsi baitzituen aurkeztutako alegazioak.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantzaren testua, egindako aldaketak barne, eta argitaratu eta hamabost egun baliodun geroago hartuko du indarra.
Zangozan, 2014ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Angel Navallas Echarte.
ORDENANTZA, ZANGOZAKO UDAL KIROLDEGIAN
(ORREAGA KALEAN) DAGOEN BOULDER EREMUKO
INSTALAZIOA ERABILTZEKO BALDINTZAK ARAUTZEN DITUENA
1. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da Zangozako udal kiroldegian (Orreaga kalean) dagoen boulder eremuko instalazioa erabiltzeko baldintzak arautzea.
2.1. Erabiltzeko egun eta orduak.
Udal kiroldegia irekita dagoen eta sarrera kontrolatzeko zerbitzua duen egunetan, eskalada egiten ahalko da boulder eremuan, jarraian azaltzen diren asteko egun eta orduetan:
–Erabiltzaileak, oro har:
- Astelehen, astearte eta asteazkenetan: 17:30etik 21:30era arte.
- Ostiraletan: 18:00etatik 22:00ak arte.
- Ostegunetan: eskaladako kirol eskolaren jarduerarik ez dagoenean.
- Larunbat eta igandeetan: instalazioan bestelako jardueraren bat programaturik ez dagoenean.
- Ordutegi horiek 2013-2014 denboraldirako izanen dira. Denboraldi bakoitzaren hasieran, aipatu diren egun eta orduak aldatzerik izanen da, Patronatuko Batzarraren erabakiz, kiroldegia erabiltzen duten kirol sailen arduradunek proposaturik, horrela instalazioan egiten diren jarduerak hobeki antolatu eta koordinatzeko edo instalazioak hobeki aprobetxatzeko.
- Halaber, Zangozako Udalak edo Kirol Patronatuak antolatu edo baimendutako edozein ekitaldi edo programaziok lehentasuna izanen du ordenantza honetan araututako erabileren aldean, eta azken horien egunak eta orduak aldi batez aldatzen ahalko dira, aipatu ekitaldi eta programazioen ondoriozko beharren arabera. Edonola ere, halako aldaketak egin behar direnean, gutxienez ere zazpi egun lehenago emanen zaie horren berri erabiltzaileei.
–Eskaladako eskola: ostegunetan 17:00etatik 20:00ak arte, urriaren 1etik maiatzaren 30era; haurren monitore arduradun batek bertan egon beharko du beti, haurrak instalazioan sartzen direnetik joaten diren arte.
2.2. Sartzeko baldintzak.
Boulder eremuko erabiltzaileek bete beharreko baldintzak:
–Adinaren baldintza:
- Adinez nagusia izatea (18 urte).
- Gutxienez ere 15 urte izatea eta gurasoen eta/edo legezko tutoreen baimen espres eta idatzia, instalaziora bakarrik joan ahal izateko.
- 15 urte baino gutxiago izatea eta instalaziora adin nagusiko beste erabiltzaile batzuekin batera joatea, haien ardurapean. Haien ardura duten adin nagusikoak joaten direnean bertan joan beharko dute adingabeek ere.
–Kasuan kasuko urteko federazio lizentzia edukitzea.
Erabiltzaileek aurreko bi baldintzak betetzen dituztela frogatu beharko dute sarrera kontrolatzen duten langileen aurrean.
2.3. Erabileraren baldintza orokorrak.
–Eskaladako kirol jardueran aritzeko soilik emanen da baimena kiroldegian boulder eremua dagoen pistan sartzeko. Erabat debekatuta dago instalazio barnean jan, edan edo erretzea.
–Boulder eremuan gehienez ere zortzi eskalatzaile arituko dira batera.
–Nahitaezkoa da honako hauek erabiltzea: kirol jantzi eta oinetako egokiak, eskalatzeko oinetakoak edo kalean erabili ez diren kirol oinetakoak.
–Boulder eremuan nahitaezkoa da koltxoneta erabiltzea.
–Kirolean aritu ondoren, instalazioa egoera onean utzi behar da. Okerren bat ikusiz gero, hala nola heldulekuak edo aseguruak mugituta, instalazioaren arduradunei emanen zaie horren berri.
–Instalazioaren kontrolaz arduratzen direnen argibideei kasu eginen zaie beti.
–Instalazioa erabiltzeko baldintzak betetzen ez badira, bertatik kanporatzen ahalko da erabiltzailea.
3. Boulder eremua erabiltzeko prezio publikoak.
–Adingabeak (18 urte arte): salbuetsirik.
–Adinez nagusiak:
- Denboraldiko kuota (urriaren 1etik maiatzaren 31ra): 30 euro.
- 10 saio astearte, asteazken eta ostiraletan: 25 euro.
- Saio bakoitzeko: 3 euro.
- Ordaintzeko eguna: urte bakoitzeko azaroaren 30a baino lehen.
Iragarkiaren kodea: L1402709