52. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Erregelamendu organikoaren aldaketa. Behin betiko onespena

Udalak, 2013ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen Udalaren erregelamendu organikoaren aldaketa onestea, zinegotzien boto eskuordetzea sartzeko. Erabaki hori jendaurrean jarri zen, iragarkia 2013ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 14an, argitaratuz, eta ez da alegaziorik aurkeztu legez ezarritako epean. Hori horrela, aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik ematen da argitara. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Orkoienen, 2014ko otsailaren 17an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

ERANSKINA

Erregelamendu organikoaren aldaketa

Ikusirik 11/2013 Foru Legea, martxoaren 12koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen duena, udaletako zinegotzien boto eskuordetzea ezartzeko.

Kontuan harturik, aipatu foru legearen ondorioz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 84.4 artikulu berriak aukera ematen diela Udalei beren erregelamendu organikoan zinegotzien boto eskuordetzea sartzeko, legezko xedapenean ezarritako kasuetan.

Kontuan izanik Udal honek onetsia duela erregelamendu organikoa, 1993ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 30ean, argitaratua. Bestalde, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49. artikuluak tokiko ordenantzak eta erregelamenduak onesteko prozedurari buruz xedatutakoaren arabera, honako hau da prozedura: a) Osoko Bilkurak hasiera batean onestea, b) hogeita hamar egunez jendaurrean edukitzea, c) aurkeztutako erreklamazioak ebaztea eta Osoko Bilkurak behin betiko onestea; erreklamaziorik ez bada, erabakia behin betiko hartutzat joko da.

Horrenbestez, erabaki da:

1. Orkoiengo Udalaren erregelamendu organikoan artikulu hau sartzea:

LAUGARREN ATALA

Bozketak

69. bis artikulua. Zinegotziek botoa eskuordetzeko kasuak.

Orkoiengo Udaleko zinegotziek honako kasu hauetan eskuordetzen ahal dute beren botoa:

a) Bere amatasunaren kariaz bilkuretara joaten ahal ez den zinegotziak bere botoa beste zinegotzi baten esku uzten ahalko du, erditu ondoko sei astean. Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen boto eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaten ahal ez den zinegotziak bere botoa beste zinegotzi baten esku uzten ahalko du.

c) Ezgai egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasota.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen boto eskuordetzea, inoiz ez lan batzordeetan edo bozketa behar duten bertzelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Boto eskuordetzea egiteko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

Iragarkiaren kodea: L1402581