Iragarkia
52. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
22E/2014 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko 2014ko diru-laguntzetarako deialdia onesten duena.
Nafarroako Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko 2012-2015erako III Planak, besteak beste, “Lehiakortasunaren hobekuntza” izeneko 1. programa ezartzen du, eta bost jarduketa lerro zehazten ditu programa horretan.
Merkatariei eta merkatarien elkarteei informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartzen laguntzea du helburu “IKTak eta teknologia” izeneko 1.1 jarduketa lerroak, sektoreko garapen teknologikoa handitu dadin, eta hori negoziorako edo jarduera garatzeko hobekuntzak ekarriko dituzten inbertsioak bultzatuz.
Bestetik, azpiegiturak berrituz eta hobetuz, Nafarroako txikizkako merkataritza modernizatzea du helburu “Merkataritza establezimenduen modernizazioa eta hobekuntza” izeneko 1.4 jarduketa lerroak, egungo merkataritza sareak eta sektoreko enpleguak jarrai dezaten.
Besteak beste, merkataritza establezimenduak eta beren hornikuntza berritu eta hobetzeko inbertsioak bultzatzea da jarduketa lerro horien ondorioz aurreikusi diren jarduketa neurriak.
Orobat, Salmenta-Puntuko Diagnostikoa (SPD) berariazko proiektuaren eta Enpresa Integrazioko (EI) berariazko proiektuen ondorioz saltokietan egindako inbertsioetarako ere aurreikusi dira diru-laguntzak. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak egin du SPD proiektua.
Nafarroako Gobernuaren 2014ko otsailaren 26ko Erabakiaren bidez, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio diru-laguntzen deialdi hau tramitatzeko banakako ebaluazioaren araubidean.
Horrenbestez, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Txikizkako merkataritza enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzetarako 2014ko deialdia onestea.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. 700.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, diruz laguntzen ahal diren proiektuen arabera. Hona hemen, zehaztuta:
a) Modernizazio edo erreforma proiektuetako inbertsioak: 580.000 euro.
b) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) eta Enpresa Integrazioko (EI) berariazko proiektuetako inbertsioak: 70.000 euro.
c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) inbertsioak: 50.000 euro.
4. Gastu hori 2014ra luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretako kontu-sail honen kargura finantzatuko da:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | RCSA KODEA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A10003-A1140-7701-431402: txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea (MBP 1. programa) | 4552 | 2014 | 700.000,00 |
5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2014ko martxoaren 5ean.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. oinarria. Xedea.
Nafarroako txikizkako merkataritza berritu eta hobetzea da diru-laguntza honen onura publikoa, baita haren azpiegiturak hobetzea ere, egungo merkataritza sarea indartzeko, sektoreko enplegua sustatzeko eta haren lehiakortasuna eta errentagarritasuna handitzeko.
2. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.
Foru agindu honen II. tituluan zehaztu diren inbertsio proiektuak dira diru-laguntzaren xede, honako hauek hain zuzen:
A) Lehendik dagoen merkataritza establezimendu bat modernizatu, erreformatu, berritu, handitu edo lekualdatzeko proiektuetako inbertsioak.
B) Berariazko proiektuetako inbertsioak.
B.1) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) Zerbitzua.
B.2) Enpresa integrazioko (IE) proiektuak.
C) Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako (IKT) inbertsioak.
3. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.
Honako betekizun hauek betetzen dituzten inbertsioek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:
1. Nafarroan kokatuta eta hiri bilbean integratuta dauden txikizkako merkataritza establezimenduetan egitea (hiri lurzoruak edo urbanizagarriak, bizitegitarako erabilera nagusia dutenak). Betekizun hori ez da eskatuko hurrengo kasuetan:
–Lorezaintzako produktuak saltzen dituzten txikizkako merkataritza jarduerak (Ekonomia-Jardueren Sailkapen Nazional (EJSN-2009) barreneko jarduera, 47.76 kodea).
–Eraikuntza eta saneamenduko materialak saltzen dituzten txikizkako merkataritza jarduerak (EJSN-2009 barreneko jarduera, 47.52 kodea).
–Mugaz bestaldeko eremuetan dauden merkataritza establezimenduetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak.
2. Establezimendu berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago egitera, bultzatu behar den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz laguntzeko modukoak. Kasu guztietan, lokaleko jarduera ekonomiko nagusia izan behar du.
Bereziki, elikagaiak eta edariak saltzen dituzten establezimenduek, bertan dastatzeko gune bat badute, laguntza izan dezakete; betiere, gune hori ez da merkataritza establezimenduaren azaleraren %40 baino handiagoa izanen.
3. Diruz laguntzen ahal diren proiektuen arabera, deialdi honen II. tituluan ezarritako berariazko baldintzak bete beharko dituzte.
4. Diru-laguntza eskatzen duen enpresak egindako lanek ez dute diru-laguntzarik jasoko, ezta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindakoek ere.
5. Leasing bidez finantzaturik eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izanen dira, baldin eta enpresak ondasuna erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa hartzen badu eta, gainera, eragiketagatik ordaintzeke dagoen BEZa aldez aurretik ordaintzen bada.
6. Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute, leasing-aren bidez finantzatzen direnenak izan ezik, eta haien kudeaketa ekonomikoa zuzenean egin.
7. Ez dira diruz lagunduko hurrengo kontzeptuak:
a) Bigarren eskuko aktibo finkoak.
b) Merkataritza lokala eta lursailak erosteko inbertsioak.
c) Garraioko elementuak.
d) Negozioen eskualdaketa gisa ordaindutako gastuak.
e) Edozein eratako tributuak.
f) Erakusketako eta probako altzari eta artikuluak, gero salgai jartzen ahal direnak.
g) Merkataritza lokalen alokairu gastuak eta material suntsigarrienak.
4. oinarria. Onuradunen betebeharrak.
Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta deialdi honetan ezarritako berariazko baldintzak bete beharko dituzte.
5. oinarria. Baldintzak betetzen direla frogatzea.
1. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Diru-laguntza eskatzen duenak “erantzukizuneko aitorpen” baten bidez adierazi beharko du ez duela Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezartzen diren debekurik urratzen.
b) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jaso diren bestelako laguntzei buruzko erantzukizuneko aitorpena, “de minimis” laguntzak barne.
c) Enpresa txiki eta ertaina izateko baldintza betetzen duen erantzukizuneko aitorpena, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoari jarraikiz.
d) Erantzukizuneko aitorpena, txikizkako merkataritza arloko jarduera ekonomiko arruntean eta aurkeztutako proiektuaren exekuzioan jarduerak sortutako hondakinak txikiagotzeko eta egokiro tratatzeko behar diren neurriak hartzen direla dioena.
e) “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” izeneko jatorrizko inprimakia, inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.
f) Eskaeraren xedeko proiektuaren memoria, gutxienez ere honako hauek jasoko dituena: enpresaren aurrekarien deskribapena, inbertsioak egitea komeni dela azaltzen duten arrazoiak, lortu nahi diren helburuak, deialdiak gastuetarako onartzen duen epean egin gogo diren inbertsioen deskribapena eta zerrenda baloratua, eta haiek gauzatzeko aurreikusi diren epeak.
g) Eskatzailea nor den frogatzen duten dokumentuak.
–Sozietate erregularren kasuan: sozietatea eratzeko eskritura publikoaren eta horren aldaketen kopiak, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuak, merkataritza arloko pertsona juridikoak badira.
–Sozietate irregularren edo zibilen kasuan: Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen dokumentuaren kopia.
–Pertsona fisikoen kasuan: nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
2. Laguntza eskatzeko inprimakian sartzen dira aurreko 1. puntuko a), b), c) eta d) ataletan adierazitako erantzukizuneko aitorpenak.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz, erantzukizuneko aitorpenek deialdian zehaztutako ondorioak sortuko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak galarazi gabe.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari egindako erantzukizuneko aitorpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, ez-zuzenak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, ez du segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.
3. II. tituluan ezarritako berariazko baldintzak betetzen direla frogatzeko, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da, diru-laguntzaren xedeko proiektuen arabera:
a) Kasu guztietan: laguntza eskaeraren xedeko merkataritza establezimendua jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman izanaren kopia. Hori ez bada, dagokion udalerriko ziurtagiria, non adieraziko baita noiz hasi duen eskatzaileak txikizkako merkataritza jarduera establezimendu horretan.
b) Salmenta-Puntuko Diagnostikoa: diagnostikoaren eta egindako gomendioen kopia, bai eta laguntzak jaso ditzaketen gastuen eperako aurreikusi diren jarduketena ere.
c) Enpresa integrazioko proiektuetan parte hartzea: enpresa egituraren parte dela frogatzen duen dokumentazioa edo hartan integratzea eskatu izanarena.
6. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko dokumentazioa.
1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Navarrería, 39; 31001 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren lekuetako edozeinetan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira. Ordua eta minutua agertu ezean, ulertuko da datu horiek dituen egun bereko azken eskaeraren ondoren aurkeztu dela 7. oinarrian ezarritako ondorioetarako.
2. 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31ra, biak barne, egindako edo egin gogo diren jarduketetarako eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3. Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariaren (http://www.navarra.es/home_es/Servicios) zerbitzuen katalogoko fitxan eskuratzen ahal den inprimakiari jarraituko dio, eta dokumentazio hau erantsi beharko zaio:
a) Deialdiaren 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.
b) 2013ko azaroaren 1etik eskaera aurkezteko data arte, biak barne, egindako inbertsioei dagokienez, 8. oinarrian adierazitako dokumentazioa ere aurkeztuko da.
c) Eskaera aurkezteko epearen biharamunetik 2014ko urriaren 31 bitarte egin gogo diren inbertsioetarako, epe horretarako aurreikusitako gastuen zerrenda baloratu eta zehatza aurkeztuko da, aurrekontuekin, pro forma fakturekin edo gastu horiek zenbatzeko modua ematen duen beste dokumentazio batekin justifikatuta, eta ez dira inola ere onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
4. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira laguntza eskatzeko inprimakian eta jarduketen memorian proiektu mota bakoitzerako ezarritako zenbatekoak. Ondorio horietarako, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren eskatzaileak emandako beste edozein agiri.
7. oinarria. Diru-laguntza ematea.
1. Diru-laguntza banakako ebaluazioaren bidez emanen da, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera espedienteak tramitatu eta ebatzita deialdiaren 2. oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, harik eta horretarako aurrekontu-krediturik dagoen arte.
2. Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako proiektu mota bakoitzaren barrenean, Turismoa eta Merkataritza Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak jasotzen diren eskaerak ebaluatu eta aztertuko ditu aurkezpen ordenaren arabera eta, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala, errekerimendua jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean, gehienez ere; horrekin batera, adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela.
3. Epe hori bukaturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.
4. 2. A) oinarrian ezarritako proiektu motako eskaera guztiak ebaluatutakoan, konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 2. B) eta 2. C) oinarrietan, hurrenez hurren, ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.
5. 2. B) oinarrian ezarritako proiektu motako eskaera guztiak ebaluatutakoan, konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 2. A) eta 2. C) oinarrietan, hurrenez hurren, ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.
6. 2 C) oinarrian ezarritako proiektu motako eskaera guztiak ebaluatutakoan, konpromiso horiek betetzeko esleitutako kreditu erabilgarririk bada, aurrekontu eskasiagatik laguntzarik izan ez duten 2. A) eta 2. B) oinarrietan, hurrenez hurren, ezarritako proiektu motetako eskaerei laguntza emateko erabiliko da kreditu hori.
7. Diru-laguntza ematen duen ebazpena bost hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak isiltasun administratiboaren bidez ezetsi direla ulertuko da.
8. Laguntzak eman ondoren, aurreko atalei jarraituz, deialdiaren aurrekontu-kredituak agortuz gero, gainerako eskaerak ezetsi eginen dira.
9. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
8. oinarria. Egindako inbertsioen justifikazioa.
1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak bukaturik, onuradunek haiek egin izana frogatu beharko dute eta, horretarako, honako hau aurkeztu:
a) Egindako jarduketak frogatzeko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan (www.navarra.es) eskuratzen ahal dena, dokumentazio hau gehituta:
b) Egindako jarduketen azken txostena, honako hauek azaltzen dituela, gutxienez ere:
–Egin diren jarduketen deskribapena.
–Hasieran aurreikusitako proiektuan egindako aldaketak.
c) Aurkeztutako fakturen zerrenda zehatza, haiek diru-laguntzaren xedeko kontzeptuen arabera multzokatuta, eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta daudela.
d) Diruz lagundutako aktibo finkoen proba grafikoa eta, merkataritza lokala berritu, modernizatu edo egokitzeko proiektuen kasuan, establezimenduaren argazkiak, barrenekoak zein kanpokoak, aurkeztu beharko dira, haren egoera egiaztatu ahal izateko jarduketen aurretik eta ondotik.
e) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; horiek bat etorriko dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zuen 205/2004 Foru Dekretuarekin eta, betiere, laguntza eskatzailearen izenean jaulki beharko dira.
f) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak, hau da, ordainagiriak edo bankuko karguak. Parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta haien eragiketetan gastuak eskudirutan ordainduz gero, ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 euroko zenbatekoa edo handiagoa badute, edo balio bera atzerriko monetan, eta hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzko urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz.
g) Diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa (BEZa barne) denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan (lokalak egokitzeko zaharberritzea eta obra zibila), edo 12.000 eurotik gorakoa (BEZa barne) aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan, hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu izana dioen erantzukizuneko aitorpena, laguntza justifikatzeko inprimakian sartua, bete beharko da.
Onuradunak ez du aurrekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.
h) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) proiektuaren ondoriozko inbertsioak frogatzeko, aurrekoaz gain, jarraipena egin duen teknikariaren azken txostena aurkeztuko da, horretarako egindako merkataritza-diagnostikoan agertzen diren gomendioen ezarpenari buruz. Gomendio horien ondoriozko inbertsioak 17.3 oinarrian agertzen den epetik kanpo ezartzen badira, laguntzen hurrengo deialdietan ez dituzte izango berariazko proiektuen onurak.
2. Ekintzen gaineko frogagiriak epe hauetan aurkeztu beharko dira:
a) 2013ko azaroaren 1etik eskaera aurkezteko data arte egindako inbertsioak: diru-laguntzarako eskaerarekin batera.
b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2014ko urriaren 31 bitarte egindako inbertsioen kasuan: 2014ko azaroaren 15a arte, egun hori barne.
Diruz laguntzen ahal diren ekintzak frogatzeko ezarritako epean ezin bada dokumenturen bat aurkeztu, eskatzaileak ez aurkezteko arrazoiak agerrarazi beharko ditu, eta epe hori handitzeko eskatuko du; Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak onartuz gero, interesdunari jakinaraziko zaio, epe berriaren berri eman ahal izateko.
9. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.
Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea dakarten betebeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.
Diru-laguntzak epe hauetan pagatuko dira:
a) Eskaera aurkeztearekin batera justifikatzen diren gastuetarako, diru-laguntza ematen dela dioen ebazpenean berean aginduko da ordainketa egiteko.
b) Edozein kasutan, emandako diru-laguntzaren lehen ordainketa egin ahal izateko, diru-laguntza jaso dezakeen proiektu mota bakoitzari eskatzen zaion gutxieneko inbertsio-bolumena berdindu behar du justifikatutako gastu onartuak. Hala izan ezean, diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da diruz lagundutako proiektuaren gastu guztiak justifikatu ondoren.
c) Eskaera aurkeztu ondoren justifikatutako gastuetarako, aurreko oinarrian adierazitako frogagiriak aztertu eta onartu ondoren eginen da ordainketa.
10. oinarria. Onuradunen betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela egiaztatzeko, eskaintzen den aitorpenaren ereduan eskatzaileari jakinarazten zaio horren bidez baimena ematen diola departamentuari betebehar hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean.
2. Onuradunek gutxienez 4 urtez eduki beharko dituzte Nafarroan enpresari lotuta dauden diru-laguntzaren xedeko ondasunak, inbertsioak abian jartzen direnetik, edo ondasunaren bizitza baliagarriak iraun bitartean, laburragoa bada. Ondasunak erregistro publikoan inskribatzen ahal badira, epea gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Epe horiek inbertsioak abian jartzen direnez geroztik hasiko dira.
3. Diru-laguntzaren onuradunek behar bezala jakinarazi beharko dute diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela. Horretarako, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak diru-laguntza ordaintzeko unean prestatu eta igortzen duen frogagiria erakutsi beharko du merkataritza establezimenduaren ageriko toki batean 2 urtez.
4. Onuradunak pertsona juridikoak edo entitateak badira, diru-laguntza onetsi dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki. Horretarako, deialdiaren informazioa jasotzen duen web orriaren zerbitzuen katalogoko fitxan (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) eskuratzen ahal den ereduaz baliatuko dira, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren (Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen duen foru dekretua). Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
5. Txikizkako merkataritza arloko jarduera ekonomiko arruntean eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan sortutako hondakinak txikiagotzeko eta egokiro tratatzeko behar diren neurriak hartu beharko dituzte onuradunek. Bereziki, elikagaien hondakinen kasuan, gomendatzen da aprobetxatzen ahal direnak bereiztea eta Nafarroako Elikagaien Bankuari edo antzeko beste erakunde bati ematea, Elikagaien Hondakinen Erabilerari buruzko otsailaren 25eko 7/2013 Foru Legean ezarritakoa betez.
6. Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horretako 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ondorio horietarako, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
11. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna eta “de minimis” izaera.
1. Txikizkako merkataritza establezimenduak modernizatzeko diru-laguntza bateraezina da jarduketa beretarako beste administrazio publikoetako, erakunde publiko edo pribatuetako edo partikularren diru-laguntzekin, haiek Estatukoak edo nazioartekoak izan, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ezarritakoak ez badira.
2. Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako “de minimis” laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zergaldiko edozein denboralditan.
Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako “de minimis” laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.
12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren web orrian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
II. TITULUA
Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak
I. KAPITULUA
Modernizazio edo erreforma proiektuetako inbertsioak egitea
13. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.
1. Honako inbertsio proiektu hauek izanen dira laguntzen xede:
a) Laguntza eskaera aurkezteko unean, jardueran bi urtetik gora daraman merkataritza establezimendu bat modernizatu, erreformatu, berritu edo handitzeko egiten direnak.
b) Lehendik zegoen merkataritza establezimendu bat tokiz aldatzeagatik, lokal berria modernizatu, erreformatu edo berritzeko egiten direnak; betiere, merkataritza jarduera berak jarraituko duela bermatuta.
c) Merkataritza establezimendu berri bat kokatzeko, lokala modernizatu, erreformatu edo berritzeko egiten direnak, baldin eta horrek txikizkako merkataritza enpresak dituen merkataritza establezimenduen kopurua handitzen badu.
2. Lehentasuna izanen dute merkataritza proiektu hauek:
a) Landa guneetan dauden merkataritza establezimenduetan egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak; ondorio horietarako, 3.000 biztanletik beherako biztanle guneak hartuko dira kontuan. Biztanleen kopurua zehazteko, Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen dituen Nafarroako udalerrietako eta kontzejuetako biztanleen datu ofizialak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra dutenak, oinarri hartuko dira.
b) Eskaera aurkezten den egunean, merkataritza establezimenduetan 25 urtetik gorako antzinatasunaz etenik gabe egiten diren txikizkako merkataritza jarduerak; betiere, laguntza izan dezaketen inbertsioko proiektuek abian den jarduera ekonomikoak jarraituko duela bermatu beharko dute.
14. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.
Hurrengo inbertsioei dagozkienak hartuko dira diru-laguntzaren xedeko jarduketatzat, eta ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte:
1. Kontzeptu hauetako bati egokitu beharko zaizkio:
a) Merkataritza lokalak zaharberritzea eta haiek egokitzeko obra zibilak.
b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:
–Altzariak, merkataritza hornikuntza eta makinak.
–Merkataritza jarduerarako behar den aktibo finkoko beste edozein inbertsio.
c) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketari zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak; zehazki, proiektua prestatzeko gastuak, obra zuzendaritzarenak eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuenak onartzen dira.
2. Foru agindu honen II. eranskineko a) atalean ezarritakoa da diru-laguntza eskuratzeko merkataritza establezimenduari eskatzen ahal zaion gutxieneko inbertsioa (BEZa kanpo), enpresaren tamainaren arabera.
3. 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31 arteko epean, biak barne, egindako inbertsioek izan dezakete diru-laguntza. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat. Oinarri honen 1.c) atalean, zerbitzu tekniko profesionalen ordainsarientzat zehaztutako gastuen kasuan, 2013ko irailaren 1etik aurrerako fakturak onartuko dira.
15. oinarria. Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun:
1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) hurrengo jardueretako bat izatea:
–47.11 eta 47.79 taldeen arteko jarduerak, biak barne.
–45.32 taldeko jarduerak (ordezko piezak eta hornigai berriak badira bakarrik).
2. Laguntzatik kanpo daude establezimendu espezializatuek egindako txikizkako merkataritza jarduerak, 47.30 taldekoak badira (automoziorako erregaia), eta, administrazioaren baimen edo emakida berezia behar dutelako, 47.26 (tabako-produktuak) eta 47.73 (farmazia-produktuak) taldeetako jarduerak.
3. ETEtzat jotakoak izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.
4. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztu aurreko bi urtean, gutxienez ere, Nafarroan zuzenean merkataritzan aritu izana diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimenduan. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatu establezimenduan hasteko eguna.
5. Ez da lokalaren antzinatasuna eskatuko 13. b) eta c) oinarrian aurreikusitako kasuetan.
16. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko irizpideak.
1. Diru-laguntza inbertsioaren portzentaje bat izanen da eta foru agindu honen II. eranskinean jasotako ponderazioa duten hurrengo irizpide objektiboen arabera emanen da:
a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumena.
b) Lehentasuna duen proiektua.
2. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa da merkataritza establezimendu bakoitzeko.
II. KAPITULUA
Berariazko proiektuetako inbertsioak
17. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.
Nafarroako merkataritza establezimenduen kudeaketa hobetzearen ondoriozko inbertsioak izanen dira diru-laguntzaren xedeko jarduerak, hurrengo proiektu hauetako baten ondoriozkoak badira:
B.1) Salmenta-Puntuko Diagnostikoko (SPD) Programa. Laguntza izan dezakete Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak 2013an kudeatutako proiektuan parte hartu duten enpresek merkataritza establezimenduaren kudeaketa berritzeko edo hobetzeko egiten dituzten inbertsioek, betiere zerbitzu horrek egindako gomendioen ondoriozkoak badira eta tutoretza plan batek lagunduta gauzatu badira.
B.2) Enpresa integrazioko (EI) proiektuetan parte hartzea: laguntza izan dezakete elkarte motan sartzeko, enpresa-egituran sartzeko eta egitura horien irudi komun edo korporatiboari egokitzeko behar diren inbertsioek, honako hauek eginak: erosketa-zentraletako enpresek, txikizkako udal merkatuetako kontzesionarioek, Eskurako Merkataritza Sarean integratutako establezimenduek edo bestelako enpresa elkarteetan sartzen diren enpresek.
18. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.
Diru-laguntzaren xedeko jarduerak ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:
1. Aurreko oinarrian aurreikusitako jardueretako baten ondoriozko inbertsioak, hurrengo kontzeptuetako bati dagozkionak:
a) Merkataritza lokalak zaharberritzea eta haiek egokitzeko obra zibilak.
b) Aktibo finko berriak erostea, hala nola:
–Altzariak, merkataritza hornikuntza eta makinak.
–Merkataritza jarduerarako behar den aktibo finkoko beste edozein inbertsio.
c) Frankizietan eta udal merkatuetan sartzeko, erosketa-zentralei hasieran atxikitzeko eta enpresa integrazioko beste modu batzuetan sartzeko kanonen ordainketari dagozkion gastuak.
d) Ezinbestekoak eta aurreko jarduketei zuzenean lotutako zerbitzu tekniko profesionalen ordainsariak, hala nola, proiektua prestatzea eta obra zuzendaritza eta dekoratzaile edo instalatzaileen proiektuak.
2. Diruz laguntzeko gutxieneko inbertsioa 1.200 eurokoa izanen da, BEZa kanpo.
3. 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31 bitartean, biak barne, egiten diren jarduketek jaso dezakete diru-laguntza. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat. Oinarri honen 1.d) atalean, zerbitzu tekniko profesionalen ordainsarientzat zehaztutako gastuen kasuan, 2013ko irailaren 1etik aurrerako fakturak onartuko dira.
19. oinarria. Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun:
1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) 47.11 eta 47.79 taldeetan, biak barne, sartuta dauden jardueretako bat izatea.
2. Mikroenpresak edo enpresa txikiak izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.
3. Laguntzatik kanpo daude establezimendu espezializatuek egindako txikizkako merkataritza jarduerak, 47.30 taldekoak badira (automoziorako erregaia), eta, administrazioaren baimen edo emakida berezia behar dutelako, 47.26 (tabako-produktuak) eta 47.73 (farmazia-produktuak) taldeetako jarduerak.
4. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztu aurreko bi urtean, gutxienez ere, Nafarroan zuzenean merkataritzan aritu izana diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimenduan. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatu establezimenduan hasteko eguna.
20. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren %40koa izanen da enpresa integrazioko proiektuen ondoriozko inbertsioetarako diru-laguntza; ondoren adierazten dira merkataritza establezimendu bakoitzak jaso dezakeen gehieneko zenbatekoa, jarduketa mota bakoitzerako:
–Salmenta-Puntuaren Diagnostikoa: 9.000 euro.
–Enpresa integrazioko proiektuetan parte hartzea: 9.000 euro.
III. KAPITULUA
Informazioaren eta komunikazioaren teknologietako inbertsioak
21. oinarria. Laguntza izan dezaketen proiektuak.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) txikizkako merkataritza ETEetan sartzea eta aplikatzea izanen da diru-laguntzaren xedea, lagungarria izan dadin haien kudeaketa modernizatu, negozioaren eredu berriak sortu eta lehiakortasuna hobetuko duten antolaketa prozesuak hobetzeko.
22. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen inbertsioak.
Hurrengo inbertsioei dagozkienak jotzen dira diruz laguntzeko moduko jarduketak:
a) Enpresa jardueraren garapenari zuzenean lotutako programa informatikoak.
b) Enpresaren jarduerari buruzko web-orriak diseinatu eta ezartzea.
c) Lehen aipatu a) eta b) ataletan adierazitako programa informatikoak edo web orriak ezartzeko behar diren mahai gaineko ordenagailuak, baita salmenta-puntuko terminalak (SPT) eta datafonoak ere.
23. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren inbertsioek bete beharreko baldintzak.
a) Diru-laguntzatik kanpo daude produkziorako edo antibirus programetarako programa informatikoak, baita softwarearen eguneratzeak, lizentzien berrikuntza edo beste edozein mantentze-gastu; hortaz, programa informatikoek lehen aldiz ezarritakoak izan behar dute.
b) Mahai gaineko ordenagailuen erosketak diru-laguntza izateko, programa informatiko bat edo web orri bat ezartzearekin batera egin beharko da; betiere, kontzeptu honetan egiten den gastua ez da aurreko oinarrian ezarritako a), b) eta c) kontzeptuetan guzira egindako inbertsioaren %50 baino handiagoa izanen. Ondorio horietarako, ordenagailuek funtzionatzeko behar diren programa informatikoak (Office) ordenagailuaren kostu handiago gisa kontatuko dira. Orobat, diru-laguntza ematen ahalko da ordenagailu baterako, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko.
c) Web orriek menuen araberako nabigazioa izan beharko dute eta, gutxienez ere, enpresa aurkezteko orriak, egiten den merkataritza jardueraren xehetasunak, merkataritza establezimenduaren kokapena, harremana eta eskaintzen dituen produktuen gaineko informazioa jasoko dituzte. Ez da diru-laguntzarik emanen web orrien eguneratzeak egiteko.
d) Aurreko oinarrian ezarritako a), b) eta c) kontzeptuetarako guztira eskatzen den gutxieneko inbertsioaren zenbatekoa 1.000 eurokoa da (BEZa kanpo) eta gehieneko inbertsioaren zenbatekoa, hiru kontzeptu horietarako guztira, 5.000 eurokoa (BEZa kanpo) gehienez ere.
e) Ez da diru-laguntzan sartuko inprimagailu, eskuko ordenagailu eta aurreko oinarrian aipatu ez diren beste ekipamendu informatiko batzuen erosketa.
f) 2013ko azaroaren 1etik 2014ko urriaren 31 bitartean, biak barne, egiten diren jarduketek jaso dezakete diru-laguntza. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna hartuko da gastua egin den eguntzat.
24. oinarria. Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten txikizkako merkataritza enpresak izan daitezke diru-laguntza honen onuradun:
1. Negozioaren jarduera nagusia apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN-2009) 47.11 eta 47.79 taldeetan, biak barne, sartuta dauden jardueretako bat izatea.
2. Mikroenpresak edo enpresa txikiak izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera.
3. Laguntzatik kanpo daude establezimendu espezializatuek egindako txikizkako merkataritza jarduerak, 47.30 taldekoak badira (automoziorako erregaia), eta, administrazioaren baimen edo emakida berezia behar dutelako, 47.26 (tabako-produktuak) eta 47.73 (farmazia-produktuak) taldeetako jarduerak.
4. Diru-laguntzarako eskaera aurkeztu aurreko bi urtean, gutxienez ere, Nafarroan zuzenean merkataritzan aritu izana diru-laguntzaren xedeko merkataritza establezimenduan. Ondorio horietarako, zer egunetan ematen den alta jarduera ekonomikoen gaineko zergan, hura izanen da jarduera aipatu establezimenduan hasteko eguna.
5. Ez da lokalaren antzinatasunaren baldintza eskatuko inbertsioa jarduera ekonomikoa tokiz aldatzearen ondoriozkoa denean edo inbertsioa txikizkako merkataritza enpresak dituen merkataritza establezimenduen kopurua handitzearen ondorioa denean.
25. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren %40koa izanen da informazioaren eta komunikazioaren teknologietako inbertsioetarako diru-laguntza, eta 2.000 eurokoa, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko.
II. ERANSKINA
Diru-laguntza emateko irizpideak I. kapituluko proiektuetarako (modernizazio edo erreforma proiektuak)
Hauxe da deialdiaren 16. oinarrian laguntza emateko ezarritako irizpideen ponderazioa:
a) Diruz laguntzen ahal den inbertsioaren bolumen erlatiboa, oinarrizko diru-laguntzaren portzentajea zehazten duen enpresaren tamainaren arabera.
ENPRESAREN TAMAINA | GUTXIENEKO INBERTSIOA MERKATARITZA ESTABLEZIMENDU BAKOITZEKO (BEZA kanpo) | OINARRIZKO DIRU-LAGUNTZA |
Mikroenpresa | 15.000 euro | %35 |
Enpresa txikia | 40.000 euro | %23 |
Enpresa ertaina | 150.000 euro | %5 |
b) Lehentasunezko proiektuak, aurreko ataleko oinarrizko diru-laguntzaren portzentajearen gaineko igoera erabakitzen dutenak.
ENPRESAREN TAMAINA | LEHENTASUNEZKO PROIEKTUAK | |
Landa gunea | Establezimenduak | |
Mikroenpresa | %8 | %8 |
Enpresa txikia | %8 | %8 |
Enpresa ertaina | %8 | %8 |
Iragarkiaren kodea: F1403408
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
