51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

18/2014 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Osasuneko kontseilariak emana, Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatzen duena. Hartan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura ezarri zen osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan.

Uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi ziren. Foru dekretu horren 13.2 artikuluak zehazten du ezen osasun laguntzako zerbitzuen, atalen eta unitateen egitura Osasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez ezarriko dela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposatu ondoren.

Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura ezarri zen osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak zenbait aldaketa proposatu ditu bere unitateetarako, eta aldaketa horiek 52/2012 Foru Agindua ukitzen dute. Zehazki, unitate mailako bi burutza sortzea, Nafarroako Ospitaleguneko Langileriaren Zuzendaritzari laguntza emateko, eta Langileriaren Gastuaren Plangintza eta Kontrolerako Zuzendariordetzan atalburutza bat kentzea. Lan zamaren tamainak justifikatzen ditu jarduketak.

Hortaz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Osasuneko kontseilariaren abuztuaren 8ko 52/2012 Foru Agindua aldatzen da ondoko alderdi hauetan (foru agindu haren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren egitura ezarri zen osasun laguntzaz kanpoko atalen eta osasun laguntzaz kanpoko unitateen mailan):

Bat.–Zazpigarren. ataleko 1. eta 2. puntuak kentzen dira.

Bi.–Zazpigarren ataleko 3. puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

“3. Kontratazioa Kudeatzeko Zerbitzuaren egitura.

Kontratazioa Kudeatzeko Zerbitzuak osasun laguntzaz kanpoko unitate hauek izanen ditu:

a) Langileen Erregistroaren eta Kontrol Administratiboaren Unitatea.

b) Deien Koordinazio eta Kontrolerako Unitatea.

Hiru.–Zazpigarren ataleko 3 bis puntua sartzen da. Hona hemen testu berria:

“3 bis. Langileen Erregistroaren eta Kontrol Administratiboaren Unitatearen eginkizunak.

Langileen Erregistroaren eta Kontrol Administratiboaren osasun laguntzaz kanpoko Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileriaren erregistro bateratua, espediente pertsonalak eta zuzendaritzari atxikitako langileen zerrenda ireki, mantendu eta eguneratzea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko plantilla organikoaren informazio eta erregistro sistemetako datuak mantentzea.

c) Aipatutako eginkizunekin zerikusia izanik, Kontratazioa Kudeatzeko Zerbitzuko buruak berariaz agintzen dizkionak.”

Lau.–Zazpigarren ataleko 3 ter puntua eransten da. Hona hemen testu berria:

“3 ter. Deien Koordinazio eta Kontrolerako Unitatearen eginkizunak.

Osasun laguntzaz kanpoko Deien Koordinazio eta Kontrolerako Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta zerbitzuen kontratazio eskaerak zentralizatzea, eta deiak egitea erregelamenduz ezartzen den prozedurari jarraikiz.

b) Kudeaketako Zuzendaritzako, Eriaren Arretarako Zuzendaritzako, Giza Baliabideen Zuzendaritzako, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako eta Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Zuzendaritzako osasun laguntzaz kanpoko langile beharrak betetzeko, administrazio araubidean egiten diren langileen kontratazioak tramitatzea.

c) Aipatutako eginkizunekin zerikusia izanik, Kontratazioa Kudeatzeko Zerbitzuko buruak berariaz agintzen dizkionak.

Deien Koordinazio eta Kontrolerako Osasun Laguntzaz kanpoko Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta zerbitzuen kontratazio eskaerak zentralizatzea, eta deiak egitea erregelamenduz ezartzen den prozedurari jarraikiz.

b) Kudeaketako Zuzendaritzako, Eriaren Arretarako Zuzendaritzako, Giza Baliabideen Zuzendaritzako, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzako eta Antolaketaren, Osasun Laguntzaren Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Zuzendaritzako osasun laguntzaz kanpoko langile beharrak betetzeko, administrazio araubidean egiten diren langileen kontratazioak tramitatzea.

c) Aipatutako eginkizunekin zerikusia izanik, Kontratazioa Kudeatzeko Zerbitzuko buruak berariaz agintzen dizkionak.

Bost.–Zazpigarren ataleko 8. puntua kentzen da.

Sei.–Zazpigarren ataleko 9. puntua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

“9. Nafarroako Ospitaleguneko Langileria Zerbitzuaren egitura.

Nafarroako Ospitaleguneko Langileria Zerbitzuak osasun laguntzaz kanpoko atal eta unitate hauek ditu bere egituran:

a) Nafarroako Ospitaleguneko Langileen Kontrataziorako Atala.

b) Nafarroako Ospitaleguneko Ordainsarien Kudeaketarako Atala.

c) Kudeaketa Administratiboaren Unitatea.

Zazpi.–Zazpigarren ataleko 10 bis puntua eransten da. Hona hemen testu berria:

“10 bis. Nafarroako Ospitaleguneko Langileen Kontrataziorako Atalaren egitura.

Nafarroako Ospitaleguneko Langileen Kontrataziorako Atalak osasun laguntzaz kanpoko unitate hauek ditu bere egituran:

a) Kontratazio Prozesuko I. Unitatea.

b) Kontratazio Prozesuko II. Unitatea.

Zortzi.–Zazpigarren ataleko 10. ter puntua eransten da. Hona hemen testu berria:

“10 ter. Kontratazio Prozesuko I. Unitatearen eginkizunak.

Osasun laguntzaz kanpoko Kontratazio Prozesuko I. Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Langileen erregistro bateratua mantentzen eta eguneratzen laguntzea, zerbitzuak Nafarroako Ospitalegunean ematen dituzten langile kontratatuen espediente pertsonalei dagokienez.

b) Aldi baterako langileen kontratazioa formalizatzea eta tramitatzea, ezarritako prozeduraren bidez, horretarako deiak kudeatuz eta indarreko aldi baterako kontratazio zerrendak kontrolatuz, zerbitzuak Nafarroako Ospitalegunean ematen dituzten langileen beharrak estaltzeko.

c) Aurrekoekin loturik, atalburuak berariaz agintzen dizkionak.

Bederatzi.–Zazpigarren ataleko 10 quater puntua sartzen da. Hona hemen testu berria:

“10 quater. Kontratazio Prozesuko II. Unitatearen eginkizunak.

Osasun laguntzaz kanpoko Kontratazio Prozesuko II. Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Langileen erregistro bateratua mantentzen eta eguneratzen laguntzea, zerbitzuak Nafarroako Ospitalegunean ematen dituzten langile kontratatuen espediente pertsonalei dagokienez.

b) Aldi baterako langileen kontratazioa formalizatzea eta tramitatzea ezarritako prozeduraren bidez, horretarako deiak kudeatuz eta indarreko aldi baterako kontratazio zerrendak kontrolatuz, zerbitzuak Nafarroako Ospitalegunean ematen dituzten langileen beharrak estaltzeko.

c) Aurrekoekin loturik, atalburuak berariaz agintzen dizkionak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko otsailaren 28an.–Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1403316