51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

74/2014 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulego berriaren egitura eta antolaketa ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zuen; erreforma horren ondorioz antolaketarako eredu berri bat ezarri zen Bulego Judizialerako eta, horrekin batera, haren antolaketa egitura estreinakoz.

Erreformak ez du ukitzen Fiskaltzen egitura, baina bertan aritzen diren langileak, karrera fiskalekoak ez direnak, lanpostu-zerrenda berrietako lanpostuak aldatu eta sailkatzeko prozesuaren menpe gelditu dira. Halatan, 19/2003 Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarriak adierazten du “lege organiko honetan antolaketaren arloan ezarritako xedapenak eta arauak erreferentzia izanen dira fiskaltzetako eta fiskaltza atxikipenetako lanpostuak antolatzeko garaian; lanpostu horietan soilik arituko dira Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidegoetako funtzionarioak, eta lege honetan eta lege hau garatzeko ematen diren erregelamenduzko xedapenetan kidego horietarako ezartzen den estatutu juridikoaren arauak aplikatuko zaizkie.

Beraz, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoan Bulego Judizialerako ezartzen den antolaketa eredu berriaren aplikazioak Fiskaltzaren Bulegoa ere hartu behar du, hau da, definizioz ministerio fiskalaren jarduerari sostengu eta laguntza emateko baliatzen den erakunde instrumentala; nolanahi ere, onartzen da ez dela erraza fiskaltzak txertatzea BJLOak antolaketarako ezartzen dituen oinarrizko unitate berrietan.

Urriaren 9ko 24/2007 Legearen bidez Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoa aldatu zelarik, transformazio sakonak egin ziren fiskaltzen egituran, antolaketan eta funtzionamenduan, eskatzen zaizkien eta beharrezkoak dituzten eraginkortasuna eta efizientzia bete ditzaten beren jardunean, espezializazio printzipio baten bitartez nagusiki. Ezin da gehiago luzatu hortaz Fiskaltzaren Bulegoa berrantolatzeko proiektuari heltzeko unea; gainera, proiektuak Bulego Judizialerako egindakoarekin bat etorri beharko du. Egungo antolaketa eredua gainditu beharra dago, Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoak planteatzen dituen helburu berriei erantzunak emateko zurrunegia bihurtu baita.

2011ko urriaren 26an Madrilen egindako bilkuran, Justizia Ministerioak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta autonomia erkidegoek aho batez onetsi zuten erreferentzia eredu bat, betiere lurralde bakoitzean fiskaltza mota bakoitzak dituen behar berezietara, tipologiara eta tamainara egokitu beharko zela aintzat hartuta. Horrekin batera, lurralde bakoitzerako garatu beharreko fiskaltzaren bulegoaren eredu berria edo berriak Estatuko Fiskaltza Nagusiak, Justizia Ministerioak eta kasuan kasuko autonomia erkidegoak osatutako batzorde misto baten bidez zehaztuko zirela ezarri zen.

Foru Komunitatean 2012ko otsailaren 29an eratu zen batzorde mistoa, eta erreferentziako eredua Nafarroako Fiskaltzaren Bulegoen antolaketara eramatea erabaki zen bertan, beharrezkotzat jo diren egokitzapenak eginda, teknikoak nola antolaketa aldetikoak.

Nafarroan, egun, hauek ditugu: Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusia (Probintziako Fiskaltzaren eginkizunak bere gain hartzen dituena) eta Tuterako Fiskaltza Atxikipena (Lurralde Atal gisa). BJLOaren 521. artikuluarekin bat, Fiskaltzak gure erkidegoan izan beharreko antolaketa eredu berria abiapuntutzat hartuta prestatu diren lanpostu-zerrendetan jasotako langileak atxikitzeko destinoko zentroak dira aipatutako bi horiek.

Nafarroako Fiskaltzaren Bulegoko zuzendaritza Foru Komunitateko fiskal nagusiaren esku egonen da, Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 71. artikuluan ezarritakoarekin bat. Beraz, sortutako Fiskaltzaren Bulegoetan destinoa duten langile guztiak fiskal nagusiaren menpe daude eginkizunei dagokienez, baina organikoki gure erkidegoan giza baliabideen arloko eskumena duen kudeaketa zentroaren menpe egonen dira.

Proposatzen den eredu berria kontuan hartuta, beharrezkotzat jo da Fiskaltzaren Bulegoko kudeatzaile arduradunaren edo koordinatzailearen lanpostua sortzea. Lanpostu berezia izanen da, burutzak dituen antolaketa eta administrazio lanak bere gain hartuko dituena, bai eta langileen arloko barne kudeaketa ere. Halaber, Foru Komunitateko fiskal nagusiaren idazkariaren lanpostua ezarri da, beharrezkoa delako sostengu administratibo egokia ematea karguaren burutzak eta eskumenek dakartzaten eginkizunei eta lan agendaren kudeaketa onari. Horrekin batera, Erregistro, Estatistika eta Kalitatearen Kontrolerako arduradunaren lanpostu bat sortu da, alegia, kalitatea eta eraginkortasuna kontrolatzen burutzari laguntzeko lanpostu berezi bat, fiskaltzaren erregistro informatikoei eta informazio sistemari, estatistikari eta kudeaketa datuei dagokienez.

Fiskaltzaren Bulego horietan destinoa duten langileek barne prozesu zehatzei jarraikiz beteko dituzte beren eginkizunak. Langile horien antolaketa eta egitura berri honetako Fiskaltzaren Bulegoetan sartzeko modua lanpostu-zerrendaren bidez zehaztuko dira, halaxe ezartzen baitu Botere Judizialaren Lege Organikoaren 521. artikuluak. Zerrenda hori onetsi eginen da eta publikoa izanen da. Egokitzapenerako prozesua Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzeko abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa izanen da, azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoak emandako testuaren arabera.

Bulego Judizial berrian zerbitzuaren kalitatea kudeatzeko erabiliko den sistema bera erabiliko da Fiskaltzaren Bulegoan ere. Sistema horrek zehaztu beharko du zein diren bulego horien kalitatea kudeatzeko behar diren metodologia eta tresnak. Kalitate sistema bereki gisa planteatzen da, Fiskaltzaren Bulegoek hemen izanen duten tipologiaren araberakoa, baina, betiere, Justizia Ministerioak, Estatuko Fiskaltza Nagusiak eta justizia arloan eskumenak dituzten autonomia erkidego guztiek berretsi zuten erreferentziako eredu batean txertatua. Etengabeko hobekuntzako prozesu batean beharrezkoak diren planifikazioa, helburuen betetzea, funtzionamendu akatsak eta neurri zuzentzaileak berrikusiko ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluaren bidez esleituta dauzkadan eskumenez baliatuz, eta aginduzko txostenak eskuratu, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari eta Gobernu Idazkaritzari jakinarazi eta Justizia arloan gure erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuekin negoziatu ondoren,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren barruko Fiskaltzaren Bulego berriaren eta Tuterako Lurralde Ataleko Fiskaltzaren Bulego berriaren egitura sortzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honen bitartez onesten den egitura berriak Nafarroako Foru Komunitateko fiskaltzaren organoen jarduera hartuko du bere baitan.

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoa Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiak zuzenduko du. Ministerio Fiskalaren jarduerari sostengu eta laguntza emanen dio, eta esleiturik dituen prozesu guztiek berekin dakartzaten zerbitzu eta zeregin guztiak beteko ditu.

4. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren barruko Fiskaltzaren Bulegoaren egitura eta antolaketa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren barruko Fiskaltzaren Bulegoak lanpostu berezi hauek izanen ditu:

a) Kudeatzaile koordinatzaile lanpostu bat, Foru Komunitateko fiskal nagusiaren zuzendaritzapean eta haren jarraibideekin bat, batez ere lan hauen ardura izanen duena, alde batera utzi gabe bere kidegoari dagozkion eta esleitzen zaizkion eginkizunak: antolaketa eta administrazio lanak, langileen arloko barne kudeaketa, eta lanpostuen eskuliburuan berariaz jasotako beste guztiak. Lanpostuak izaera berezia izanen du, eta behin betiko betetzeko berariazko lehiaketaren sistema erabiliko da.

b) Fiskal nagusiaren idazkari pertsonal bat, nagusiki eginkizun hauek beteko dituena, alde batera utzi gabe bere kidegoari dagozkionak: burutzak dakartzan laguntza lanak eta lan agenden kudeaketa egokia egitekoak, bai eta lanpostuen eskuliburuan berariaz jasotako beste guztiak ere. Lanpostu horrek izaera berezia izanen du, eta izendapen libreko sistema erabiliz beteko da, Nafarroako fiskal nagusiak txosten loteslea eman ondoren.

c) Erregistro, Estatistika eta Kalitatearen Kontrolerako arduradunaren lanpostu bat, hau da, lanpostu berezi bat burutzari laguntzeko kalitatea eta eraginkortasuna kontrolatzen fiskaltzaren erregistro informatikoei eta informazio sistemari, estatistikari eta kudeaketa datuei dagokienez. Eginkizun horiek bere kidegoari dagozkion eta esleitu ahal zaizkion beste guztiak alde batera utzi gabe beteko ditu. Izapidetze Prozesaleko kidegokoa izanen da lanpostua, izaera berezia izanen du, eta berariazko lehiaketaren sistema erabiliko da behin betiko betetzeko.

2. Kidego orokorretako gainerako langileek, destinoko zentro honetako lanpostu zerrendetan ageri direnek, Fiskaltzaren Bulegoari dagozkion eginkizun orokorrak beteko dituzte, barne funtzionamenduko jarraibideak eta garatzen diren protokolo tekniko-prozesalak betez, bai eta Fiskaltzaren Bulegoko lanpostuen eskuliburuan jasotakoak ere. Lanpostu orokorrak izanen dira, eta lehiaketaren sistema bidez beteko dira.

3. Fiskaltzaren Bulegoaren barne antolaketa eginkizun-arloen edo lantaldeen arabera egin ahal izanen da.

5. artikulua. Tuterako Lurralde Ataleko Fiskaltzaren Bulegoaren egitura eta antolaketa.

Tuterako Lurralde Ataleko Fiskaltzaren Bulegoak eta Nafarroako Foru Komunitatean etorkizunean sor litekeen beste edozeinetakoak egungo lanpostu antolaketa bera izanen du, eta ez du lanpostu berezirik sartu beharko bere lanpostu-zerrendetan. Haren kudeaketa eta koordinazio lana Foru Komunitateko Fiskaltzaren barruko Fiskaltzaren Bulegoko kudeatzaile koordinatzaileak beteko du, fiskal nagusiak ezarritako jarraibideekin bat.

6. artikulua. Fiskaltzaren Bulegoen funtzionamendua.

1. Kudeatzaile koordinatzaileak antolatuko du Fiskaltzaren Bulegoetako barne funtzionamendua, Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiak ezarritako irizpideekin bat. Horretarako, kontuan hartuko dira egin litezkeen prozesuen eskuliburuak, bai eta jasotzen diren funtzionamendurako jarraibideak, protokolo tekniko-prozesalak edo barne arau guztiak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoetan zerbitzua ematen duten funtzionarioak lanpostu-zerrendan ezarritako Bulegoko kudeatzaile koordinatzailearen menpe egonen dira zuzenean, zein fiskalarekin aritzen diren, harekiko menpekotasun funtzionala ezertan ukatu gabe.

3. Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusiak protokolo bat onetsi beharko du gure erkidegoan dagoeneko sortuta dauden edo etorkizunean sor litezkeen gainerako unitate judizialekin edo zerbitzu partekatuekin koordinatzeko, bai eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuarekin eta Fiskaltzarekin lotura duten beste erakundeekin ere.

7. artikulua. Kalitatea kudeatzeko sistema.

Nafarroako Fiskaltzaren Bulegoen antolaketa kalitate sistema ezagun eta zehatz baten irizpideekin bat eginen da. Sistema horrek planifikazioa egitea, helburuak zein neurritan bete diren neurtzea, akatsak aztertzea eta behar diren zuzenketa neurriak hartzea bultzatuko du, etengabeko hobekuntza ziklo batean. Bulego Judizialaren kalitate sistemarekin bat etortzea izanen du xede, Nafarroako Fiskaltzaren Bulegoen berezitasunetara moldatuta betiere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Langileen antolamendua.

Nafarroako Fiskaltzaren Bulegoetan lanean aritzen diren Justizia Administrazioko kidego orokorretako langileen antolamendua lanpostu zerrenden bitartez eginen da. Zerrenda horiek onetsi beharko dira eta publikoak izanen dira. Egokitzapenerako prozesua Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzeko abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa izanen da, azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoak emandako testuaren arabera.

Bigarren xedapen gehigarria.–Jarraipen batzordea.

1. Foru agindu honen bidez sortutako egituraren funtzionamenduaren gaineko Jarraipen Batzordea sortu da, behar bezala ezarri eta garatzen dela zain dezan. Atzemandako gabeziak ebaluatuko ditu eta beharrezkoak diren zuzenketa ekintzak planteatuko ditu. Hori guztia kalitatea kontuan hartuta, bulego judizialaren eta fiskaltzaren bulegoaren eredu berria ezarri ahala hura ere zabaltzen joan dadin.

2. Jarraipen batzordeak ondokoek osatuko dute:

–Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusia edo berak eskuordetutakoa.

–Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzaren Bulegoko kudeatzaile koordinatzailea.

–Nafarroako Gobernuan Justizia arloko eskumena duen zuzendari nagusia edo berak eskuordetutakoa.

–Nafarroako Gobernuan justizia arloko eskumena duen Zuzendaritza Nagusian bulego judizial berriaren eta fiskaltzaren bulego berriaren azterketez eta analisiaz arduratzen den teknikaria.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Funtzionamenduan hastea.

Foru agindu honen bidez sortzen diren fiskaltzaren bulegoak jardunean hasteko eguna Nafarroako Gobernuan justizia arloko eskumena duen zuzendari nagusiak ezarriko du, lanpostu-zerrendak behin betiko onetsi eta kasuan kasuko funtzionarioen egokitzapen prozesua amaitu ondoren.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko martxoaren 5ean.–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1403474