51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 26an hartua, Eratsun 2-ko herrilurretako ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarriak onesten dituena.

Ekainaren 25eko 164/2001 Foru Dekretuaren bidez (2001eko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 30ean), Eratsungo iralekuen transakzio hitzarmenaren oinarriak onetsi ziren, zeinek 18 hilabeteko indarraldia izan baitzuen.

Eratsungo Udalak jakin du hasieran hura izenpetu ez zuten partikular ukitu batzuek interesa agertu dutela antzeko hitzarmen bati heltzeko; hortaz, proposatu du beste hitzarmen bat onestea.

Eratsungo Udalak, bere herrilurretako ondasunak behin betiko zehaztearren eta hasiera batez herrilurtzat hartzen diren finken titulartasunaren gainean sor daitezkeen erreklamazio auziak saihestearren, herrilurretako ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmena egiteko oinarri berri batzuk onetsi ditu, partikularren aprobetxamendurako eskubidea konpentsatzeko.

Aipatu hitzarmena Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 30., 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz prestatu da. Urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen erregelamendu horrek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen zati bat garatzen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Eratsungo 2-ko herrilurretako ondasunak berreskuratzeko transakzio hitzarmenaren oinarriak onestea, erabaki honen I. eranskinean ageri direnak.

2. Oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen dira aplikatzekoak.

3. Erabaki hau jakinaraztea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalari eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Eratsungo Udalari, eta adieraztea, halaber, erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Eratsungo Udalak Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Erabaki hau, eranskinarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2014ko otsailaren 26an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

I. ERANSKINA

Eratsun 2ko herrilurretako ondasunak berreskuratzeko transakzio oinarriak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 116. artikuluarekin bat eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen Erregelamenduaren 30., 31. eta 32. artikuluekin bat

Lehenengo artikulua.–Oinarri hauen xedea da herrilurretako ondasunen gaineko aprobetxamenduetako eskubideak erregistraturik dituzten partikularrekin Eratsungo Udalak eginen dituen transakzio hitzarmenak arautzea.

Bigarren artikulua.–Eratsungo Udalaren iritziz, Foru Berriaren edo Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren Bildumaren 388. Legean ezarritakoari atxikiz, iralekuak, orokorrean, herrilurrak dira eta partikularrek horiek aprobetxatzeko eskubidea baizik ez dute.

Zuzenbidean oinarritutako bestelako arrazoiak galarazi gabe, Eratsungo Udalak aurreko paragrafoko irizpideari eusten dio herrilurretako aprobetxamenduen eskubideei buruz.

Iritzi hori defendatu eta aplikatuko du eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliz, batez ere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan biltzen direnak.

Hirugarren artikulua.–Aurreko artikuluan ezarritakoa gorabehera, Eratsungo Udalak, herrilurretako ondasunen gaineko aprobetxamenduen arazoa konpontzeko eta ukitutako partikularrek zein Udalak berak ere auzi astunik izan ez dezaten, erabaki du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 116. artikuluan agertzen den eta Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 30., 31. eta 32. artikuluetan garatzen den transakzio ahalmena erabiltzea. Horiek horrela, transakziorako oinarri orokor hauek onetsi ditu, ondotik Nafarroako Gobernuak onetsi beharko dituenak, hori gabe ez baitute baliorik izanen.

Laugarren artikulua.–Partikular bakoitzaren notario-eskrituretan ageri diren aprobetxamenduen guztirakoa hartuko da hitzarmenaren unitatetzat, 1999ko abenduaren 31 baino lehenagoko data badute. Dena dela, data horren ondoko notario-dokumentuak onartzen ahalko dira baldin eta, Eratsungo Udalaren iritziz, titularrak saiatu ez badira herrilurren ondarea bidegabe eskuratzen.

Honi dagokionez, elkartu eginen dira titularren eskrituretan ageri diren aprobetxamenduak ere, baldin eta bizitoki, etxe edo sutondo berean elkarrekin bizi badira.

Bosgarren artikulua.–Notario-agirietan zuhaitz kopuruaren bidez adierazita ageri diren aprobetxamenduetan, azalera neurri bilakatu eta hitzarmen unitatea atera ahal izateko, Eratsungo Udalak irizpide honi jarraituko dio:

–Gaztainondo batek hartzen duen lur azalera: 25 metro koadro.

–Lizar batek hartzen duen lur azalera: 20 metro koadro.

Seigarren artikulua.–Eremu beraren gainean aprobetxamendu bat baino gehiago baldin badago, onuradun baten baino gehiagoren izenean eskrituratuta, hitzarmen unitatea kalkulatzeko, aprobetxamendu-eremu hori zatitu eginen da onuradun kopuruaren artean, non ez den aprobetxamenduren bat notario-agirietan zuhaitz kopuruaren bidez adierazita, orduan haren eremua onuradun horrentzat oinarri hauetako 5. artikulua aplikatuz aterako baita, eta beste onuradunaren eremua izanen da kenketa bidez ateratzen den aldea.

Zazpigarren artikulua.–Eratsungo Udalak ondoko portzentajeetan esleituko dio partikularrari eskrituratutako aprobetxamenduen lurren jabetza, aurreko artikuluan zehaztutako hitzarmeneko unitateari aplikaturik:

–%27 lehendabiziko 10 hektareetan.

–%5 gainerako guztietan.

Zortzigarren artikulua.–Aprobetxamenduen lur azaleraren gainerakoa herrilurretan geldituko da, Eratsungo Udalak hura osorik eta nahi bezala erabil dezan. Handik goiti partikularrak ez du argudiatzen ahalko haren gainean inolako ez inongo eskubiderik, hitzarmen honen 12. eta 13. artikuluetan ezarritakoa ukatu gabe. Partikularrak baldintza hau espresuki onartu beharko du hitzarmena sinatzen denean.

Bederatzigarren artikulua.–Ez dira hitzarmenean sartuko Eratsungo Udalaren aldeko epai irmoa izandako aprobetxamendu eskrituratuak.

Hamargarren artikulua.–Transakzio hitzarmen bat eskatzen duen partikularrak identifikatu, zehaztu eta mugatu beharko ditu lursailean, Eratsungo Udalarekin batera baina bere kontura, hitzarmenaren xede diren aprobetxamenduak. Identifikatutako eremu erreala hitzarmen unitatetzat hartzeko ahalmena berekin du Udalak, hitzarmenaren ondorioetarako.

Hamaikagarren artikulua.–Udalak partikular bakoitzari dagokion partea lurzati batean edo gehiagotan emateko ahalmena izanen du, nahiz eta hitzarmenak ukitutako egungo aprobetxamenduekin bat ez etorri, xedea baita aprobetxamendu horiek biltzea, ahal delarik, partikularren enklaberik sortu gabe herrilurretan. Udalak ahalmen hori erabiliko du partikularrari entzun ondoren, hitzarmenak ukitutakoen antzeko ezaugarriak dituen lurra emanda, lurzati horiek partikularrarentzat ahalik eta hoberenak izan daitezen saiatuz.

Latargi, Launtza eta Penta alderdiak eta Gorotzenearen zati bat gordeko dira Udalak bere helburuak bete ditzan.

Hamabigarren artikulua.–Ukitutako lurretan dagoen zuhaiztiari dagokionez, honako irizpide honi jarraituko zaio:

a) Hitzarmeneko lurretan dauden zuhaitzak, berez sortuak, Eratsungo Udalarenak izanen dira.

b) Partikularrek landatutako zuhaitzak partikularrenak izanen dira, baldintza hauei jarraituz:

Hazten ari diren zuhaiztien kasuan, partikularrak mantendu beharko ditu egurra atera arte.

Denbora horretan kanon bat ordainduko du, ustiapen guztiaren eta zuhaiztiaren garapenean zehar egiten diren bakanketen balioaren %10aren parekoa; zenbateko horiek Nafarroako Gobernuko mendizainak zehaztuko ditu.

Eratsungo Udalak jabetza osoa izanen du zuhaitz landatuak dauzkaten aprobetxamenduen gainean, azken aprobetxamendua egitean.

Hamahirugarren artikulua.–Herrilurretan gaztainadi, lizardi eta abarren gainean (salbuespena pinudiak izanik) eskrituratutako aprobetxamenduen onuradunek bi urtez segitzen ahalko dute horiek erabiltzen, behin betiko onesten denetik aurrera norbanakoaren hitzarmena, Nafarroako Gobernuak oinarrion aplikazioan eskatutakoa. Data horretatik goiti, aprobetxamendu eskubideko herrilur horiek Eratsungo Udalaren eskura geldituko dira beren osoan, hitzarmen honen 8. artikuluak dioen gisara.

Hamalaugarren artikulua.–Oinarri hauek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta sei hilabeteko indarraldia izanen dute, aipatu egunetik hasita.

Data edo epe haietan transakzio hitzarmena eskatzen ez dutenek, oinarri orokor hauen bigarren artikuluak dioenari men egin beharko diote.

Hamabosgarren artikulua.–Oinarri hauen mende jartzen diren partikularrek dagokien hitzarmenaren onespena eskatu beharko dute, aurreko artikuluan finkatutako epearen barrenean, Eratsungo Udalari zuzendutako idazkiaren bidez. Hartan, oinarri hauek onartzen dituztela adierazteaz gain, zein aprobetxamenduren gainean eskatzen den hitzarmena zehaztuko dute, eta eskatzen diren aprobetxamendu guztiak bere eskrituretan ageri direla dioen zinpeko aitorpena gehituko dute, eta Eratsungo aprobetxamenduen gainean izan dezakeen beste edozein eskubideri uko eginen diote.

Hamaseigarren artikulua. Oinarri hauek aplikatuz eskatzen diren hitzarmenak, 30 egunean jendaurrean egon ondoren, Eratsungo Udalak onetsiko ditu lehenik, eta ondotik Nafarroako Gobernuak, bestela ez baitute baliorik izanen.

Hasierako onespena behin betikoa izanen da ez bada alegaziorik edo erreklamaziorik aurkezten.

Hamazazpigarren artikulua.–Nafarroako Gobernuak onetsi ondoren hitzarmenak eskritura publikoan jarriko dira, eta egilespenaren notario eta erregistro gastuak erdi bana izanen dira partikularraren eta Udalaren artean. Gastu fiskalak bakoitzaren kontura izanen dira.

Eskritura urtebeteko epean eginen da, Nafarroako Gobernuak banakakoaren hitzarmenak behin betiko onesten dituenetik aurrera.

Udalaren esku oso-osorik gelditzen diren hitzarmenaren xedeko lurrak Eratsungo Udalaren jabetzakoak bezala eskrituratuko dira, herrilurreko ondasunen gisan.

Hemezortzigarren artikulua.–Hitzarmenaren xede diren lurren artean Udalaren esku oso-osorik gelditzen direnak Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, herrilurreko ondasunen gisan.

Iragarkiaren kodea: F1403103