51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

252/2014 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez 2012-2013 ikasturtean aurkeztu eta onartutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako Ikasketen Amaierako Proiektu onenei sariak emateko deialdia onetsi du.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoko Katedra Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak finantzatzen du, eta haren xedea da laguntzea jakintzaren sorreran industria ingeniaritzaren arloetan. Industria ingeniarien jarduera ikertzaile eta profesionala laguntzen eta sustatzen da.

Horren arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoa Katedraren Jarraipen Batzordeak, 2014. urtean egingo dituen jardueren programaren barruan, 2014ko urtarrilaren 20an erabaki zuen, 2012-2013 ikasturtean aurkeztu eta gainditutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketen Amaierako proiektu onenei sariak emateko deialdia onestea. Deialdi hori zuzentzen zaie 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan Industria Ingeniaritzako Ikasketen Amaierako Proiektuak aurkeztu eta gainditu dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoa Katedraren akta ikusirik. Haren bidez 2012-2013 ikasturtean aurkeztu eta gainditutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako Ikasketen Amaierako Proiektu onenei sariak emateko deialdiaren oinarriak eta bere aurrekontua onetsi ditu.

Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena ikusirik.

Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena ikusirik.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egin duen txostena.

Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren ziurtagiria ikusirik.

Kontu-hartzailetzak egindako txostena ikusirik.

Ikerketarako errektoreordeak egindako proposamena ikusirik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetako 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehena.–Deialdi honek sorrarazitako gastua egiteko baimena ematea. Gehienez ere 4.000,00 eurokoa da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoa Katedraren aurrekontuen bidez finantzatutako deialdi horren sarien zenbatekoei dagokiona.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2014ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako kontu-sailen kargura ordainduko da.

2014.

30.31.05.3433 480.04.–Ikasketen Amaierako Sariak: 4.000,00 euro.

Bigarrena.–Honako hauek dira deialdiko sariak:

–2.000,00 euroko saria Ikasketen Amaierako Proiektu Onenarentzat.

–Bi sari, 1.000,00koa bakoitza, aukeratutako Ikasketen Amaierako Proiektu Onenarentzako bi akzesitetarako.

Sari hauek lan errendimenduak dira, P.F.E.Z.ari dagokionez, eta %2ko atxikipena egingo zaie.

Hirugarrena.–2012-2013 ikasturtean Nafarroako unibertsitate publikoan aurkeztu eta gainditzea lortu duten industria ingeniaritzako ikasketen amaierako proiekturik onenei saria emateko deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedrak egindakoa, onestea, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoa Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoko Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Atalari, Ikerketa errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoa Katedraren web-orrialdean (www.unavarra.es/catedracolegioindustriales) eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren web-orrialdean (www.coiina.com) argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta bere aurka zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2014ko otsailaren 17an.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Julio Lafuente López.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO INDUSTRIA INGENIARIEN ELKARGOAREN KATEDRAREN DEIALDIKO OINARRIAK, 2012-2013 IKASTURTEAN NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN AURKEZTU ETA GAINDITZEA LORTU DUTEN INDUSTRIA INGENIARITZAKO KARRERA AMAIERAKO PROIEKTURIK ONENEI SARIA EMATEKO

Otsailaren 17ko 252/2014 Ebazpenaren eranskina.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedra osatzen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (IIGMET) eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoak, uste dute beharrezkoa dela ezagutza sortzea industria ingeniaritzaren alor guztietan, eta horretarako ikerketa eta prestakuntza jarduerak antolatu behar direla, unibertsitateko ikasleentzat eta arlo horretako profesionalentzat ere.

Ildo honetan, aurreko urteetan ere, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoak urtero deitu ohi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko industria ingeniaritzako karrera amaierako lanik onenentzako sariak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedra sortu eta gero, Katedra honen jardueretako bat sari hauen deialdia eta sustapena egitea da.

Horregatik, Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedrako Jarraipen Batzorde Askotarikoak honako deialdi hau egin du:

Lehenengoa.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu eta gainditzea lortu duten industria ingeniaritzako karrera amaierako proiekturik onenak egin dituzten ikasleei sariak emateko prozedura arautzea, publizitate, objektibitate eta lehiaketaren oinarriei jarraikiz.

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 4.000,00 euroko aurrekontua du osotara. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2014ko gastuen aurrekontuko 30.31.05.3433.480.04 Karrera amaierako sariak izeneko kontu-sailaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak jartzen du diru-kopuru hau, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedra finantzatzeko egiten duen ekarpenaren barruan.

Hirugarrena.–Deialdiko sariak.

Honako hauek dira deialdiko sariak:

–2.000,00 euroko saria Ikasketen Amaierako Proiektu Onenarentzat.

–Bi sari, 1.000,00koa bakoitza, aukeratutako Ikasketen Amaierako Proiektu Onenarentzako bi akzesitetarako.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharrekoak.

Sarien deialdian parte hartzeko hautagaiak 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan karrera amaierako proiektua aurkeztu eta gainditzea lortu duten industria ingeniariak izango dira, karrera amaierako proiektuak defenditzeko deialdi hauetako batean: 2012ko azaroa, eta 2013ko otsaila, apirila, ekaina eta iraila.

Bosgarrena.–Hautagaitzak aurkeztea.

Hautagaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroetan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluak ezartzen duen edozein modutan.

Aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Egun berean deialdia argitaratuko da, baita ere, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren weeb-orrialdean (www.coiina.com) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedraren web-orrialdean (www.unavarra.es/catedracolegioindustriales).

Dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

–Eskaera-orri normalizatua beteta, deialdiko Eranskinean dagoena.

–Karrera amaierako lanaren ildo nagusien laburpena (4 orri gehienez).

–Aurkezten duten karrera amaierako lanaren merezimenduak saria lortzeko (gehienez orri 1).

Sarietara aurkezteak esan nahi du onartzen direla deialdiaren oinarriak.

Seigarrena.–Sarituen betebeharrak.

1. Sarituek nahi duten moduan erabiliko dute jaso beharreko diru-kopurua. Ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedrak eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak antolatuko duten ekitaldi publiko batean egingo da.

2. P.F.G.Z zergari dagokionez, sari hauek lan-errendimenduak izango dira, eta beraz, Unibertsitateak %2ko atxikipena egingo du.

3. Deialdiko oinarriak betetzen ez badira, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, saria kendu ahal izango da. Hala gertatzen denean, doakionak sariagatik hartutako dirua itzuli beharko du.

Zazpigarrena.–Sarien epaimahaia.

Honako bost kide hauek osatutako epaimahaiak emango ditu sariak:

–Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko dekanoak, edo hark eskuordetzen duenak. Epaimahai buru arituko da.

–Industria Ingeniarien Elkargoko Katedraren zuzendariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle denak, edo hark eskuordetzen duenak.

–Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko hiru kidek, edo haiek eskuordetzen dituztenek.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoko Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta horretarako kideei dei egingo die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.–Sariak ematea.

1. Epaimahaiak txosten arrazoitu batean oinarrituta egingo du sariak emateko proposamena, karrera amaierako lanaren kalitatearen eta eraginaren arabera.

2. Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketa Errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniaritzako karrera amaierako proiektu onenei saria emanez. Ebazpen honetan saritutako hautagaien zerrenda baino ez da agertuko, eta gainontzeko hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

3. Sariren bat eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

4. Ikerketa errektorearen ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabeteko epean edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

5. Ekitaldi publikoa egingo da sariak emateko.

6. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoko Katedrak zabalduko du sari-ematearen ebazpena, saria emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago.

Bederatzigarrena.–Argitalpena.

Deialdi honetako oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, baita Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialaren weeb-orrialdean ere (www.coiina.com) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedraren web-orrialdean (www.unavarra.es/catedracolegioindustriales). Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoko Katedra eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala arduratuko dira oinarriak zabaltzeaz.

Deialdia aplikatuz emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko iragarki-oholean (Haginak eraikina, Arrosadiko campusa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedraren web-orrialdean argitaratuko dira, ez beste inon.

Bitarteko horiek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedrak publizitaterako onarturiko tresna bakarra, alde batera utzi gabe interesdunei posta elektronikoaren bidez eginiko jakinarazpen bat bidaltzea, modu osagarrian eta ez ofizialen.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa zilegi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

INDUSTRIA INGENIARITZAKO KAP SARIAK 2012-2013

Industria Ingeniarien Elkargoaren katedra

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Ingeniarien Elkargoaren Katedraren deialdiko oinarriak, 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu eta gainditzea lortu duten industria ingeniaritzako karrera amaierako proiekturik onenei saria emateko.

Eskatzailea:

Deiturak

Izena

IFZ/AIZ

Jaiotze tokia eta eguna

Nazionalitatea

Gaur egungo helbidea (kalea, herria edo hiria, posta kodea)

Telefonoa

Posta elektronikoa

Karrera Amaierako Proiektua:

Karrera Amaierako Proiektua

KAPa defenditzeko deialdia

Tutorearen eta sailaren izena

Lortutako kalifikazioa

KAParen ildo nagusien laburpena (4 orri gehienez)

Aurkezten duen karrera amaierako lanak saria lortzea merezi duela justifikatzen duten arrazoien azalpen laburra (gehienez orri 1)

......... (e)n, ..........................(e)k aren ............... (e)(a)n

Stua.

Iragarkiaren kodea: F1402678