51. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

19E/2014 FORU AGINDUA, otsailaren 27koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilariak emana, karlismoari buruzko ikerketa proiektu baterako diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Nafarroako Gobernua Lizarran 2010ean irekitako Karlismoaren Museoaren titularra da. Museo ekipamendu horrek funtsezko helburu hauek ditu: karlismoaren ondarea berreskuratzea, karlismoaren gainean ikertzea eta haren zabalkundea egitea irizpide zientifikoak erabiliz, Espainiaren historian garrantzi bereziko mugimendu politikoa izan baita. Herritarrentzat, oro har, eta ikusle espezializatuentzat dago prestatua. Horretarako, erakusketa leku bat izateaz gainera, jendearentzat irekita dagoen dokumentazio zentroa eta liburutegia ere baditu.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du karlismoari buruzko ikerketa proiektu argitaragabe bat finantzatzeko laguntza-deialdi bat onestea, 4.500 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Karlismoari buruzko ikerketa proiektu baterako laguntza-deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jasotakoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

KODEA RCSA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-4809-333100: Karlismoari buruzko ikerketarako laguntza

4487

2014

4.500,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2014ko otsailaren 27an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

DEIALDI PUBLIKOA, 2014AN KARLISMOARI BURUZKO IKERKETA PROIEKTU BATERAKO LAGUNTZA EMATEKO

Foru agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza 4.500 eurokoa izanen da gehienez, eta 2014. urtera arte luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Karlismoari buruzko ikerketarako laguntza” izeneko A20003 A2310 4809 333100 kontu-sailaren kargura ordainduko da.

ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntza bat ematea, karlismoari edo horren inguruko gaiei buruzko lan dokumentalak edo ikerketa teorikoak edo aplikatuak egiteko, betiere argitaratu gabe badaude. Jakintza arlo desberdinetatik heltzen ahalko zaie ikerketei.

Laguntza proiektu zehatzak finantzatzeko erabiltzen ahalko da, bai eta ikerketa proiektu zabalagoen zati diren proiektuetarako ere, doktore titulua lortzera bideratutakoak barne.

1.2. Laguntzak 4.500 euroko diru zuzkidura du, 2014. urtera arte luzatutako 2012ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Karlismoari buruzko ikerketarako laguntza” izeneko A20003 A2310 4809 333100 kontu-sailaren kargura.

1.3. Proiektuek argitaragabeak izan behar dute.

2.–Onuradunak.

Diru-laguntza honako hauek jasotzen ahalko dituzte:

a) Laguntza hau lortzeko beharrezkoa da pertsona fisikoa izatea, goi mailako tituluduna izatea eta Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako baldintza orokorrak betetzea eskaerak aurkezteko epean.

b) Bai banakakoek bai lan taldeek eska dezakete laguntza hau. Bigarren kasuan, proiektuko zuzendari edo koordinatzaile batek ordezkatu behar du taldea.

3.–Eskaeren aurkezpena.

3.1. Laguntza eskaerak oinarri hauetako 1. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Navarrería kaleko 39an, 31001), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Eskaerak telematika bidez aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala beharko da.

Beharrezko baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak haien eskura jarri ditu erabiltzaileari arreta emateko Info 012 guneak. Han eskaerak aurkezteko moduaz aholkua emanen zaie eta, horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen dute ziurtagiri digitala izatea.

Dokumentazioa paperean eta bertsio digitalean aurkeztu beharko da, tramitazioa errazteko.

Eskaera Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museoen Zerbitzuari zuzendu behar zaio, “Karlismoari buruzko ikerketa proiektu baterako diru-laguntza emateko 2014ko deialdia” adierazita.

3.2. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriko 3. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskaera aurkezteak berarekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioaren Estatuko Agentzian, Nafarroako Ogasun Publikoan eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzan tributu arloko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria eska dezan.

4.–Dokumentazioa.

4.1. Eskabidearekin batera (1. eranskina) agiri hauek aurkeztu beharko dira, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak:

–Eskatzailearen NANaren kopia. Atzerritarra izanez gero, nortasuna frogatzen duen agiria. Eskaera lan taldeek eginez gero, nahikoa izanen da proiektuko zuzendariaren nortasuna frogatzea.

–Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintzak betetzen direla adierazten duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Eskatzailearen curriculum vitaea eta, lan taldeen kasuan, kide guztiena, beren dedikazioa zehaztuta, eta kide horiek emandako onarpen sinatua.

–Ikerketa proiektua, alderdi hauek zehaztuta: gaiaren abiaburua, helburuak, iturriak, metodologia, interesa, lan kronograma eta finantziazio plana (zenbatekoak, entitateak eta epeak). Aurkeztutako proiektua proiektu zabalago baten zati denean, haren izaera, iraupena, helburuak, interesa eta finantza entitatea eta jasotako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluari jarraikiz, eskatzaileak uste badu eskatzen zaizkion agirietakoren bat lehendik Foru Administrazioak baduela, ez du aurkeztu beharko, bere eskabidean horixe adierazita.

4.2. Diru-laguntza eskabidea behar bezala betea ez badago, antzemandako akatsa zuzen dezala eskatzen ahalko zaio eskatzaileari. Horretarako, hamar egun naturaleko epea emanen zaio, akatsa zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

5.–Tramitazio faseak.

5.1. Eskaerak Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

5.2. Eskaerak ebaluazio batzorde batek aztertu eta baloratuko ditu. Honako hauek osatuko dute batzordea: Museoen Zerbitzuko zuzendaria, Museoen Zerbitzuko teknikari bat eta Karlismoaren Museoaren batzorde zientifikoko bi kide.

5.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, aurkeztu eta onartutakoak baloratuko ditu batzordeak, eta laguntza emateko proposamena bidaliko dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, zuzentze fasean aurkeztutako azken dokumentazioa jaso eta hogei egun naturaleko epean.

6.–Balorazioa.

6.1. Aurkezten diren eskaeren balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, ikerketa jarduerarekin lotua: argitalpenak, proiektuetan izandako parte-hartzea, egindako ponentziak, etab. Titulazioa azken bost urteetan lortu duten eskatzaileei bakarrik baloratuko zaie ikasketa espedientea: 25 puntu gehienez.

Lantaldeen kasuan, taldeko kideak honela baloratuko dira:

–Proiektuko zuzendariaren edo koordinatzailearen curriculum vitae-a: 10 puntu gehienez. Taldeko zuzendaritza edo koordinazioa konpartitua denean, puntu gehien duena hartuko da kontuan.

–Lantaldeko gainerako kideen curriculum vitae-a: taldekide bakoitzari 5 puntu emanen zaizkio gehienez, eta balorazio guztien artean ezin dira 15 puntu baino gehiago bildu.

b) Proiektuaren interesa eta kalitatea: 50 puntu gehienez, honela banatuta:

–Gaiaren egoeraren araberako interesa: 10 puntu.

–Helburuak: 5 puntu.

–Aplikatu beharreko metodologia: 20 puntu.

–Erabiltzekoak diren baliabideak: 5 puntu.

–Ikerketaren iturriak: 10 puntu.

c) Lanaren lehentasunezko ildoak: argitaratu gabeko artxiboak eta dokumentu iturriak, Nafarroan kokatuak: 25 puntu gehienez.

6.2. Batzordeak, erabakiak hobeki hartu ahal izateko, argibide gehiago eta eskatzailea agertzea eska ditzake.

6.3. Batzordeak erabakiko du laguntzarik ez ematea 6.1.b) puntuaren balorazioan (proiektuaren interesa eta kalitatea) gutxienez 25 puntu (%50) lortzen ez duten proiektuei eta 6.1 puntuko baremo guztia aplikatuta gutxienez 50 puntu (%50) lortzen ez dutenei.

6.4. 6.1 puntuko baremoa aplikatuta puntuaziorik altuena lortzen duen eskaerari laguntza emateko proposamena eginen du balorazio batzordeak. Museoen Zerbitzuak proposamen hori Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko dio, onuradunak baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen duen txostenarekin batera.

7.–Ebazpena.

7.1. Laguntza Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bitartez esleituko da. Zuzendaritza horrek deialdia hutsik gelditu dela deklaratzen ahalko du, eskaerarik aurkezten ez bada edo eskatzaileek deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte. Ebazpen hori eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie, eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak laguntza bi epetan ordainduko du:

–Emandako laguntzaren %50 (2.250 euro) lanen garapenari buruzko txosten bat aurkeztutakoan ordainduko da. Txosten hori 2014ko maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da Museoen Zerbitzuan.

–%50eko azken zatia (2.250 euro) ikerketa lana aurkeztu eta 5. puntuan aipatutako ebaluazio batzordearen oniritzia jaso ondoren ordainduko da.

Nolanahi ere, aurrerakinen ordainketa onartutako obligazioei aurre egiteko aurreikusitako funts likidoen egoeraren mende egonen da. Hortaz, aurrerakinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko ditu.

7.3. Egindako lana aurkezteko data, azken ordainketa egin ahal izateko, 2014ko abenduaren 1a izanen da beranduenez. Epe hori bukatu eta lana aurkeztu ez bada, laguntzaren kontzesioa ondoriorik gabe geratuko da.

8.–Onuradunaren betebeharrak.

8.1. Onuradunak honako hauek bete beharko ditu:

a) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo laguntza hau emateko oinarri den portaera izatea, diru-laguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoetara egokituz.

b) Betebeharrak eta baldintzak betetzen direla, diru-laguntza jaso duen jarduera egin dela eta bere helburua bete dela justifikatzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen dituen egiaztapen-lanak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzariorako lanak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Diru-laguntza jaso duen proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster emanen da haien berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

e) Diru-laguntza jaso duen proiektuaren ezaugarrietakoren bat aldatzen bada eta hura gauzatzean, eskaeran agertzen denarekin alderatuta, aldaketaren bat izaten bada, horren berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Proiektuaren gaineko edozein aldaketak, aurretik, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

f) Ikerketaren zabalkundean agerraraztea Nafarroako Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren finantziazioarekin egin dela.

g) Diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

h) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

j) Egindako ikerketa edo lana noizbait argitaratzen bada edo doktore tesi bat sorrarazten badu, Karlismoaren Museora bi ale bidaltzea.

k) Azken lana euskarri informatikoan (PCarekin bateragarria den Word formatuan) eta paperean aurkeztuko da. Datu baserik edukiz gero, horiek access formatuan aurkeztuko dira.

9.–Zabalkundea eta jabetza intelektuala.

9.1. Ikerketaren aurrerapenak ezin izanen dira inolako argitalpen, komunikazio edo baliabideren bitartez zabaldu azken memoria aurkeztu baino lehen, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimenik ematen ez badu behintzat.

9.2. Lanaren jabetza intelektuala egilearena edo egileena da, nahiz eta Administrazioaren esku geldituko den lanaren lehen argitalpenaren eskubidea; egileek, beraz, uko eginen diote arrazoi horrengatik izan lezaketen edozein eskubideri. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak lana aurkeztu eta hiru urteko epe luzaezinean egin beharko du argitalpena. Epe hori bukatu eta jakinarazpenik edo argitalpenik egin ez bada, egilearen edo egileen esku geldituko da, osorik, argitaratzeko eskubidea.

9.3. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa alde batera utzi gabe, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak baimena ematen ahalko dio ikerketaren egileari, arrazoiturik, ikerketa horren lehen argitalpena egiteko.

10.–Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza bateragarria eta osagarria da ikerketa proiektu zabalagoak finantzatzeko onuradunak jaso ditzakeen beste batzuekin, hala nola doktore titulua lortzera bideratuekin, baina gainerako laguntzak, guztira, 16.100 eurokoak izanen dira gehienez urtean.

11.–Dirua itzultzea.

Jasotako diru guztia edo zati bat itzultzeko eskatzen ahalko zaio onuradunari, eta zilegi izanen da azken ordainketa egin gabe uztea, honako kasu hauetan:

a) Laguntzaren xede den ikerketa lana ezarritako epean ez egitea.

b) Aurkeztutako lan osoa edo zati bat argitaragabea ez izatea.

c) Aurkezten den lana aurkeztutako proiektuarekin bat ez etortzea.

d) Ebaluazio batzordeak balorazio negatiboa egitea aurkeztutako lanari buruz, behar besteko kalitaterik ez izateagatik.

Dirua itzultzeari buruzko gainerako guztiari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, eta deialdiaren berariazko edo ustezko ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariari zuzendua. Errekurtso horiek aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu edo ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, kasua zein den.

1. ERANSKINA

Eskabidea

Eskatzailearen datuak:

Izena

IFZ ....................... Helbidea ................................ Udalerria ..................... Posta kodea ........................... Telefonoa ............................ Faxa: ................. Helbide elektronikoa

Oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat:

a) 4.1. oinarriko atal hauetan aipatzen diren agiriak aurkezten ditu:

–Eskatzailearen NANaren kopia. Atzerritarra izanez gero, nortasuna frogatzen duen agiria. Eskaera lan taldeek eginez gero, nahikoa izanen da proiektuko zuzendariaren nortasuna frogatzea.

–Erantzukizuneko aitorpena, onuradun izateko baldintzak betetzen direla adierazten duena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Eskatzailearen curriculum vitae-a eta, lan taldeen kasuan, kide guztiena, beren dedikazioa zehaztuta, eta kide horiek emandako onarpen sinatua.

–Ikerketa proiektua, alderdi hauek zehaztuta: gaiaren abiaburua, helburuak, iturriak, metodologia, interesa, lan kronograma eta finantziazio plana (zenbatekoak, entitateak eta epeak). Aurkeztutako proiektua proiektu zabalago baten zati denean, haren izaera, iraupena, helburuak, interesa eta finantza entitatea eta jasotako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira.

b) Oinarri arautzaileetan ezarritakoarekin bat (2. puntua):

Erantzukizuneko aitorpena, 2. eranskinaren arabera.

c) Eskaera aurkezteak berarekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea eskatzaileak Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziarekin, Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin tributu arloan dituen betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria eska dezan.

.................(e)n, 201...(e)ko..........aren ..............(e)an.

Sinatua ..........................................

2. ERANSKINA

Erantzukizuneko aitorpena

........................................ jaunak/andreak, karlismoari buruzko ikerketa proiekturako diru-laguntzaren eskaerari dagokionez,

Erantzukizuna nire gain hartuz, honako hau deklaratzen dut eskatzaileari buruz:

a) Ez dela epai irmo baten bidez kondenatua izan diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Ez duela konkurtsoaren deklaraziorik eskatu, ez dutela kaudimengabe deklaratu inolako prozeduratan, ez dutela konkurtso egoeran deklaratu, ez dagoela esku-hartze judizialaren mende eta, Konkurtso Legearen arabera desgaitua izan bada, ez dagoela konkurtsoa kalifikatzen duen epaian ezarritako desgaitasunaldian.

c) Errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin sinatutako ezein kontraturen suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

d) Ez dagoela indarreko araudian ezarritako bateraezintasuneko kasuetan.

e) Zergei buruzko betebeharrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak, eguneratuak dituela.

f) Egoitza fiskala ez duela erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Epai irmo baten bidez ez dela zehatua izan diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean edo tributuei buruzko legeria orokorrean ezarritakoaren arabera.

.................(e)n, 201....(e)ko .............aren ..............(e)an.

Sinatua ..........................................

Iragarkiaren kodea: F1403082