50. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

66E/2014 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Areson ura ekartzeko proiektu baterako, Aresoko udal mugapean. Sustatzailea Aresoko Udala da.

2013ko irailaren 19an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektaturiko jarduketaren helburua da, alde batetik, ura erreka batetik biltegi batera ekartzea grabitate bidez (1. eroanbidea), eta, beste alde batetik, lurzati batean drainatze-lanak egitea, urak bildu eta ikuztegira eramateko (2. eroanbidea).

Espedientean Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren aldeko txostena jasota dago, 2014ko otsailaren 7koa.

Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, eta ebazpen zatian aipatzen diren baldintzak ezarri ditu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Areson ura ekartzeko proiektu baterako, Aresoko udal mugapean. Sustatzailea Aresoko Udala da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–Obrak hasi aurretik, okupazio-zerrenda balizatuko da.

–Ez da zuhaitz bat ere botako, eta obrak kontu handiz gauzatuko dira, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.

–Kalteak saihesteko, eskuzko tresnak edo makina txikiak erabiliko dira.

–Irekitzen diren zangak lur berarekin estaliko dira.

–Lanak uda aldean eginen dira, lurra erabat lehorra dagoenean.

–Obrak bukatu ondoren, eremua obra hondakinik gabe utziko da.

–Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Aresoko Udalari eta Bidasoa aldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko otsailaren 13an.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1402546