50. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

Ordenantza, euskara ikastaroak egiteko laguntzak
arautzen dituena. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2013ko abenduaren 19ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen euskara ikastaroak egiteko Atezko Udalaren laguntzak arautzen dituen ordenantza. 2014ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ordenantza hori, urtarrilaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, euskara ikastaroak egiteko laguntzak arautzen dituen ordenantza behin betiko onetsi eta testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritze Atetzen, 2014ko otsailaren 21ean.–Alkatea, Francisco Javier Nuin Ibero.

ATETZEN EUSKARA IKASTAROAK EGITEKO LAGUNTZAK ARAUNTZEN DITUEN ORDENANTZA

Helburua

Euskara ikasteko laguntzak ematea da deialdiaren helburua; hartara, Atezko Udalak beren gain hartzen du euskalduntze prozesuan duen erantzukizunaren zati bat.

Onuradunak

Laguntza hauen onuradun izanen dira 16 urte baino gehiago dituzten herritarrak, Atetzen erroldatuak daudenak eskabidearen egunean eta laguntzak eskatzen dituzten urtearen urtarrilaren 1a baino lehenagoko hiru urteetan, etenik gabe, bertan erroldaturik egon direnak. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak nahiz trinkoak. Ikastaroek 10 eguneko iraupena izan beharko dute gutxienez ere.

Baldintzak

Dagokion ekitaldirako Udalaren aurrekontuetan onesten den zenbatekoa emanen da. Zenbateko hori izanen da diru-laguntzetarako gehieneko muga.

Diru-laguntzaren portzentajeak

Gehieneko portzentajea ikastaroaren edo ikastaroen kostuaren %40 izanen da, eta gehienez ere 350 euro. Kostu horretan ez dira beste kontzeptuak sartzen, hala nola ostatua, bidaiak eta abar.

Dokumentazioa

a) Eskabidea, Atezko Udalari zuzendua.

b) Atezko erroldan ageri dela frogatzen duen agiria.

c) Ikastaroa egin izanaren ziurtagiria (egunak, eskola-orduak, maila eta eskatzailearen errendimendua), eta matrikula ordaindu izanaren banku transferentziaren ziurtagiria.

d) Bankuaren egiaztagiria, eskatzailaren kontu korrontearen zenbakiarena.

Aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea izanen da urte bakoitzeko urriaren 31 arte, data hori baino lehenago matrikulaturiko kurtsoetarako. Epe hori luzaezina izanen da. Eskaerak Udalaren bulegoetan aurkeztu beharko dira edo, bertzenaz, 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren baliabideetako edozein erabilirik.

Laguntzen zenbatekoak aurrekontuan esleiturik dagoen kreditua izanen du muga. Eskatutako diru-laguntzen zenbatekoa deialdian gehienez ere ezarritako kopurua baino handiago bada, onuradunei ordaindu beharreko diru-laguntza proportzionalki gutxituko da, harik eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa agortu arte.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1403507