1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
53E/2014 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: behe tentsioko linea elektrikoa, futbol zelai baten eta nekazaritza biltegi baten hornidurarako. Subitzako Kontzejuak sustatu du.
2013ko abuztuaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Hau da proiektatuko jarduketaren xedea: lurpeko linea elektriko bat, behe tentsiokoa, egitea, herriko futbol zelai baten eta nekazaritza biltegi baten hornidurarako. Galarko udal mugapeko 7. poligonoko 427. eta 563. lurzatietan daude, hurrenez hurren, Subitzako herrian. Kale nagusiko kontagailuen modulu batean eginen da lotura, zehazki Biurrungo bidea hasten den tokian, hortik joanen baita hoditeria. Lotura horretatik futbol zelairaino 665 metro dago. Bide horretatik 135 bat metroko deribazioa eginen da biltegi bateraino. Hoditeriak PVC korrugatuzko bi hodi izanen ditu, Ø160 mm-koak, eta 60 x 60 cm-ko kutxetak. Egin beharreko zangaren ebakidura 0,50 m zabal x 0,85 m sakon izanen da.
Ez da aurreikusten jarduketak ingurumeneko ukipen nabarmenik izatea. Bideen azpitik joanen da trazadura osoa, eta, izatez ere, izan daiteke bazterretan dagoen landaredia ukitzea, arinki. Abelbideek izan ditzaketen ukipenei dagokienez, nabarmendu behar da ezen, nahiz eta kale nagusiaren zati bat Milagro-Aezkoa altxonbidea izan, jarduketa bide horretatik kanpo gelditzen dela, eta ez dela ukituko.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Ondorio horietarako, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman zuen 2014ko martxoaren 3an, lurzoru urbanizaezinari dagokionez.
Eskaera Galar Zendeako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. 2013ko azaroaren 7an, haren erantzuna jaso zen, jarduketa hirigintzaren ikuspuntutik bateragarria zela zioena.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: behe tentsioko linea elektrikoa, futbol zelai baten eta nekazaritza biltegi baten hornidurarako. Subitzako Kontzejuak sustatu du.
2. Baimen honek neurri zuzentzaile hauek betetzera behartzen du:
Ingurumen arloko edukiak, proiektuaren Ingurumen ukipenen azterlaneko neurri zuzentzaileez gain:
–Zangetako erauzketa gaiak betelana egiteko erabiliko dira gero. Hormigoizko zoruak kentzeagatik sor daitezkeen hondakinei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.
–Landaretzak hartutako bide tarteetan, bermatu beharko da bazterretako zuhaixkak ahalik eta gutxien ukituko direla, saiakera eginen da erauzketa lurren azpian geldi ez daitezen, eta lanen trabagarri izan daitezkeen adarrak inausi eginen dira.
Hirigintza arloko edukiak:
Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Galar Zendeako Udalari, Iruña aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2014ko otsailaren 10ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1402246