48. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

25E/2014 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Ezkaba-Arre 13,2 kV-eko linea elektrikoa berregitea eta Ezkaba-Zubiri aireko linearekin lotzea, Atarrabiako udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Bezeroei horniduraren kalitatea hobetzeko eta linea bakoitzaren kargak orekatzeko, sustatzaileak proiektatu du gaur egungo Ezkaba-Arre aireko lineak Arreko industrialdera duen deribazioa deskonektatzea eta Ezkaba-Zubiri aireko linearekin konektatzea. Horretarako, Ezkaba-Arre aireko linean, ordeztu beharreko 00.09 eta 00.11 euskarrien arteko tarteak desmuntatuko dira, eta tarte berri bat ezarriko da, aipatu den eta ordeztu beharrekoa den 00.11 euskarriaren eta Ezkaba-Zubiri aireko linearen 00.09 euskarriaren artean. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak 2014ko otsailaren 3an egindako aldeko txostena sartu da espedientean. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak ere espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Ezkaba-Arre 13,2 kV-eko linea elektrikoa berregitea eta Ezkaba-Zubiri aireko linearekin lotzea, Atarrabiako udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

–BCAC estalki bidez isolatuko dira terminalak eta autobalbulak. Lotzeko euskarrietako, lurpeko lineako eta ebakigailuko zubiak euskarrien gurutzetaren azpitik geldituko dira, behar adinako tartearekin, goiko aldean pausatzen diren hegaztiek ez dezaten ukitu tentsio elementurik. Orobat, autobalbulak eta ebakigailuak goi tentsioko lineara lotzeko zubiak, baita deribaziokoak ere, behar bezala isolatuko dira.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren linea guztiak desmuntatu beharko dira , euskarriak barne.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluaren arabera, azpiegiturari lotutako elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen eta txosten guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Atarrabiako Udalari, Iruña aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2014ko otsailaren 10ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1402245