45. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MONTEAGUDO

Bide publikoen erabilera arautzen duen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Monteagudoko Udalak, 2013ko azaroaren 15ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Monteagudoko bide publikoen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Hasierako onespenaren eta jendaurreko aldia irekitzearen iragarkia 2013ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Monteagudon, 2014ko otsailaren 11n.–Alkatea, Mariano Herrero Ibáñez.

MONTEAGUDOKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2.B artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da landabide publikoetarako eta finketako sarbideetarako arauak ezartzea, Monteagudoko udal mugapean.

Helburua du landabide publikoak babestea, erabiltzaileen erabilera partekatua erraztea eta bide horiek egoera onean edukitzea.

3. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jabari eta erabilera publikokoak, jendea, ibilgailuak eta animaliak ibiltzeko direnak, baita horiei lotutako espazioak ere, hala nola zabalguneak, aparkalekuak eta bide horien atal diren beste zerbitzu batzuk.

Oro har, bideen eta, beraz, bide jabari publikoaren atal dira, galtzadaz edo ibilgailuendako den gainaldeaz landa, beste elementu guztiak ere, hala nola bazterbideak, arekak, pasealekuak, ezpondak eta lubetak, eustormak, zubiak, egiturak eta fabrikako beste obrak eta, oro har, bidearen ondorioz eraikitako elementu guztiak.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Bide publiko nagusiak: bukaera udalerriaren mugan dutenak, udalerriaren katastroko planoetan agertzen den moduan.

b) Bigarren mailako bide publikoak: bukaera finka partikular edo herrilur batean edo batzuetan dutenak, edo udalerriko beste bide batzuetan, udalerriaren katastroko planoetan agertzen den moduan.

c) Bidezidor eta pasabide tradizionalak: betiko bidezidorrak eta pasabideak dira, pertsonak eta nekazaritzako makina txikiak pasatzeko erabilitakoak, batez ere familia-baratzeen ingurunean daudenak. Bide horiei, ezaugarri bereziak izateagatik, ez zaie aplikatuko orokorrean ordenantza honetan ezarritakoa, 7 e) artikuluan zortasun eremurako ezarritako 3 metroko mugari dagokionez.

4. artikulua. Erabilera komun orokorra.

Orokorrean, bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute eta hertsiki bete behar dituzte pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Udalak, salbuespen gisa, lehiaketa ofizialak eta turismoko edo motorezko aisialdiko jarduerak baimentzen ahalko ditu.

Berariazko seinalerik ez badago, oro har trafikoko arau orokorrei jarraikiko zaie bideetan.

5. artikulua. Mugak.

Muga hauek ezarri dira bideetan dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 10 tona ardatz bakoitzeko.

b) Abiadura, gehienez ere: 40 kilometro/ordua ibilgailu guztientzat; bide meharretan edo aldatz handikoetan, berriz, 20 kilometro/ordua. Uzta biltzeko makinek eta antzeko ezaugarriak dituzten nekazaritzako makina guztiek errepideetan betetzen dituzten baldintza berak beteko dituzte bideetan, uzta garaian finken artean ibiltzen direnean izan ezik.

Pisua eta abidura bestela ere mugatzen ahalko dira, beharrezkoa denean, pasabide goratuetan edo horiek mugatzea eskatzen duten lekuetan ibiltzeko, kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua finkatuta.

Halaber, halako urtaro batzuetan erabilera mugatzen ahalko da, hezetasuna eta zoruen egoera direla-eta, zoruan edo beste azpiegituretan kalte egiteko arriskua dagoenean.

Lehentasuna dute nekazaritzan eta abeltzaintzan dabiltzan ibilgailuek gainontzekoen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Salbuespen gisa emandako baimenak.

Aurreko artikuluan adierazitako muga gainditzen duten kargako ibilgailuek, lizentzia eskatzen ahalko diote Udalari, salbuespen gisa.

Ibilgailu astun horiei lizentzia emateko, fidantza baten gordailua egin beharko da betiere; zainketak zer arrisku duen, horrenbestekoa izanen da haren zenbatekoa. Lizentziak zehazten duen epean jarri beharko da fidantza eta, betiere, hura erabili baino lehen; bestela, baliorik gabe geratuko da lizentzia.

Lizentziaren titularrak, nahiz eta fidantza eman, bere gain hartuko ditu bideetan egiten diren kalteak, horien konponketak fidantzaren zenbatekoa gainditzen duenean, eta fidantza itzuli eginen da, bidea kalterik gabe lehengoratu dela egiaztatzen denean.

Baimenak urtebete iraunen du, salbu eta lan publiko baten esleipenaldirako eskatzen bada.

Alkate udalburuak emanen du baimen hori.

7. artikulua. Erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen abiadurari, pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

b) Areketako lurra lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera.

d) Nekazaritzako lanetan ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Zuhaitzak landatzea edo eraikinak egin edo finkak ixtea, bideen distantziak eta zortasun eremuak errespetatu gabe, legedia zibil eta administratibo aplikagarrien eta Udal Plan Orokorraren arabera. Untxiak babesteko sareetarako baimena ematen da, horien ezaugarriak eta behin-behinekotasuna kontuan izanda.

f) Lasto metak egitea areketatik 8 metro baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka edo hustubideetara.

h) Areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza lanak egitean, haietara lurra bota eta estaltzea.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bideetara edo nekazaritza lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean areka eta hustubideetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo hustubideetan erretzea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udalerriko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo hein batean trabatzea.

n) Bide publikoak euri handia egiten duen egunetan erabiltzea, bide zola hezetasunagatik biguna dagoenean eta ibilgailuak pasatzean eman egiten duenean.

ñ) Ibilgailu motordunetan egindako edozein lehiaketa, lasterketa edo jarduera turistiko, non ez dagoen Udalaren baimenik.

o) Bideetara ura botatzea.

Animaliek, bereziki ardiek, ahalik eta gehien errespetatuko dituzte erabilera publikoko bideak.

8. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ordenantza honen debekuetatik salbuesten dira erakunde eta ente publikoen ibilgailuen ibilia beren egitekoan ari direnean, hala nola polizia, suhiltzaile, mendizain eta abarrena.

Inguruabar berezietan, eskaera arrazoitua aitzinetik eginda eta kasu zehatzetarako, aitzineko paragrafoan aipatu ez bezalako egoerak ere hartzen ahalko dira kontuan.

9. artikulua. Arau-hausteak.

a) Baimendu baino gehiagoko pisua duela ibiltzea edo dagokion baimenik gabe, hala behar den eremuetan.

b) Arekak eta bideak hondatzea.

c) Nekazaritza lanetan aritzean, bideak itzulia egiteko erabiltzea.

d) Ezpondak hondatzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Zuhaitzak landatzea edo eraikinak egin edo finkak ixtea, bideen distantziak eta zortasun eremuak errespetatu gabe, legedia zibil eta administratibo aplikagarrien eta Udal Plan Orokorraren arabera.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideen mugetatik 8 metro baino gutiagora. Haiek egiteko, Udalaren baimena beharko da. Lasto fardoak bide hurbilenetik perpendikularrean paratuko dira, nahitaez.

g) Bide, areka eta hustubideetan harriak edo nekazaritzako hondarrak utzirik, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

h) Nekazaritzako lanak hurbil egitean edo finkan sartzean bideetako areka eta hustubideetara lurra botata, azpiegiturak berezko dituen eginkizunak trabatzea.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bideetara edo nekazaritza lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean areka eta hustubideetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak bide, areka edo hustubideetan erretzea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

m) Udal mugapeko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo hein batean trabatzea.

ñ) Lehiaketak eta lasterketak, bai eta pasealarientzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

o) Sarbideak egitea finketara, Udalaren baimenik gabe.

p) Bideetara ura botatzea nahita edo zabarkeriaz.

q) Ondoko artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

10. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari baimena eskatu beharko zaio eta hura eskuratu. Eragiketa hauek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez.

b) Areka gaineko pasabideak eta finketako arekak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin.

c) Edozein inguruabar dela-eta, areka edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finkaren jabeak eta/edo erabiltzaileak izanen du haiek garbitzeko ardura, eta zehapena ezarriko da hala egin ezean.

d) Bideetan ibili nahi izanez gero, ibilgailuen abiadura bideen egoerari eta haien ezaugarriei egokitu beharko zaie; ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin.

e) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbideak trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

f) Aziendak bideetan ibiliko dira, ez areka edo hustubideetan, azpiegitura horietan egin ditzaketen kalteak direla eta.

g) Bideekin muga egiten duten finketan, lurrak berdintzeko edo mugitzeko, Udalaren lizentzia beharko da aldez aurretik. Lurra berdintzean edo erauztean gorabehera edo maldak sortzen badira, bidearen kanpoko ertzarekiko 3 m utzi beharko dira nahitaez, eta sortzen den gorabehera metro bat baino handiagoa bada, ezponda bat egin beharko da, sortutako gorabeheraren luzera bera izanen duena.

h) Saiatu beharko da ureztaketek bideetako elementuetan eragin ez dezaten; horretarako, behar diren babes neurri guztiak hartuko dira. Bideen ondoan jarritako aspertsoreek babes pantaila izanen dute, pertsonei, ibilgailuei eta bide publikoari berari kalterik ez egiteko.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak erabakien edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke:

–Arau-hauste arina izanen da: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintzak edo ez-egiteak, baita Udalak edo alkateak erabakien edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

–Arau-hauste larria izanen da: ordenantza honetan edo gainerako arauetan xedatua urratzeaz gain, pertsonei eta ondasunei ondorio ekonomiko txarrak ekartzen dizkien edozein ekintza edo ez-egite.

Beraz, besteak beste, arau-hauste larritzat hartuko da bide baten ezaugarriak aldatzea, haren planimetrian agertzen direnak, alegia.

Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko nahiz enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin bi urteko epean egitea.

12. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei isuna ezarriko zaie, gutxienez 60 eurokoa eta gehienez 300ekoa.

Arau-hauste larriei isuna ezarriko zaie, gehienez ere 600 eurokoa.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

Zehapen espedienteak ofizioz irekiko dituzte bai Alkatetzak edo udal zerbitzuek bai goragoko agintariek; salaketa bidez ere irekiko dira.

Xedapen iragankorra

Ordenantza honen aurretik zeuden obrek, instalazioek edo jarduketek ez badituzte ordenantzako determinazioak betetzen, 4 hilabeteko epea izanen dute ordenantza onesten denetik aitzina, haien edukietara egokitzeko. Epe hau luzatzen ahalko da, interesdunak eskaera arrazoitua eginda.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1402127