45. ALDIZKARIA - 2014ko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

497/2014 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura onesten dituena, 2014-2015 ikasturterako.

Administrazio honen menpeko ikastetxe eta programetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaerak eta lanpostuak betetzeko deialdia ebazteak neurriak hartzera behartzen dute, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei, azkar eta modu eraginkorrean, 2014-2015 ikasturterako behin-behineko lanpostua esleitu ahal izateko.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuaren bidez aldatu zenak, adierazten du zenbait neurri hartu behar direla, aplikagarria den araudi osagarria administrazio honen benetako egoerara egokitzeko.

Horretarako, bidezkoa da 2014-2015 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak onestea. Horrela, batetik, funtzionarioek herrian edo eskualdean segitzeko eskubidea badute, eskubide hori bermatuko zaie eta, bestetik, funtzionarioek euskaraz irakasteko konpromisoa hartu badute, konpromiso hori betetzen dela ziurtatuko da.

Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuaren 4.7 artikuluari jarraikiz, unibertsitatekoak ez diren irakasleen lanaldi murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen da betiere, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen denean, eta eskatzen diren luzapenak ikasturte osorako izanen dira.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izan dezake ikastetxeetako plantillak zehazterakoan eta, horrenbestez, destinoko ikastetxetik behin-behinekoz aldarazita izatea ekar dezakeen egoera batek ukitzen dituen irakasleak zehazterakoan. Horregatik, komeni da plantillak eratu aurretik lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura ezartzea, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak abuztuaren 3an emandako 15/2011 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioei 2014-2015 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko eta zuzendaritza-karguak izendatzeko jarraibideak eta irakasleen lanaldia murrizteko eskaeren prozedura onestea, oinarri hauei jarraikiz:

I.–Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

II.–Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-karguen izendapena.

III.–2014-2015 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Deialdien Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzura, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak

Hezkuntza Departamentuak 2014-2015 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak edo zerbitzu-eginkizunetakoak arau hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz esleituko ditu:

Lehena.–Arau komunak.

1. Jendaurreko ekitaldi batean esleitzen diren behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak aukeratzeko, honako hurrenkerari jarraituko zaio:

1.–Funtzionarioen osasun-arrazoien ondoriozko zerbitzu-eginkizunak.

2.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

3.–Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko, beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

4.–Behin-behineko destinoa duten funtzionarioak.

5.–Irakasleei adingabeko seme-alaba zaintzeagatik eta salbuespenezko inguruabarrengatik emandako zerbitzu-eginkizunak.

6.–Praktiketako funtzionarioak.

7.–Irakaskuntzako lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak.

2. Lanpostuak aukeratu ahal izateko, dagokien gaikuntza eduki behar da edo espezialitate eta hizkuntzako titularra izan eta, hala badagokio, eskakizun zehatz bat egiaztatua izan. Beren espezialitate eta hizkuntzako lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahal zaie, espezialitateko titular diren irakasleei destinoa aukeratzeko lehentasuna bermatuta eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz; horrela, galarazi eginen da irakasleak beren destinoko herritik mugitzea irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira.

3. Pedagogia Terapeutikoaren edo Entzumena eta Hizkuntza espezialitateko titulua edo beharrezko gaikuntza duten maisu-maistrek aukera izanen dute Bigarren Hezkuntzako Institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan lanpostuak eskatzeko.

4. Euskaraz irakasteko lanpostuak aukeratu ahal izateko, EGA agiria edo baliokidea eduki beharko da.

5. Lanpostuak esleitzeko ekitaldiak zein egunetan eginen diren garaiz jakinaraziko da iragarkia Hezkuntza Departamentuaren web orrian jarrita: www.educacion.navarra.es.

Lanpostuak aukeratzeko ekitaldietan interesdunak berak edo bere ordezkari batek parte hartzen ahalko du, betiere interesdunaren nortasun agiriaren fotokopia eta ordezkariari baimena emateko idazkia, ordezkatuak sinatua, aurkezten baditu.

Jarraibide hauetan sartzen diren ekitaldi orotan, 2014-2015 ikasturtean zerbitzu-eginkizunetan aritzeko behin-behineko destinoa aukeratu behar duten funtzionarioen izen-deiturak eta eskaintzen diren lanpostuak jarriko dira jendaurrean, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Departamentu horren web orrian (www.educacion.navarra.es), betiere destinoak esleitzeko ekitaldiak egin baino lehenago.

Bigarrena.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1.–Behin betiko destinoa duten irakasleek euren ikastetxean segituko dute 2014-2015 ikasturtean, behar adina irakastordu badute.

2.–Behin betiko destinoa duten irakasleak, 2013-2014 ikasturtean irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazi bazituzten eta 2014-2015 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar adina ikastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten idatziz, 2014ko apirilaren 30a baino lehen, beste irakaspostu bat aukeratu nahi dutela.

Modu berean, atal honetan ezarritakoa aplikatuko zaie bere ikastetxetik 2013-2014 ikasturtean aldarazitako irakasleei, kasu hauetan: zegoen beharra ibiltaria izanik, funtzionarioak ibiltaritza onartu ez zuelako, edo, beharra betetzeko eskakizun zehatz bat ezinbestekoa izanik, funtzionarioak eskakizun hori egiaztatu ez zuelako.

3.–Ikastetxetik aldarazitako berriak.

Behin betiko destinoa duten irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2013-2014 ikasturtean aritu zireneko ikastetxetik aldarazi behar badituzte, hurrengo ikasturterako lanpostu bat aukeratuko dute destinoak esleitzeko ekitaldian, zehaztuko den datan.

Ikastetxetik aldarazitako berriez gain, beren lanpostua kentzeagatik behin behineko destinoa duten irakasleek ere aukeratuko dute destinoa ekitaldi horretan.

4.–Behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan izan arren, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako maisu-maistrei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako lanpostuetan behin-behineko destinoa esleitzen ahalko die Hezkuntza Departamentuak.

5.–Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoetako irakasle batzuen artean behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoan bakar-bakarrik izaten bada, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira ikastetxetik. Zeintzuk izanen diren zehazteko, arau honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoan eta/edo Batxilergoan bakar-bakarrik izaten bada, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoetako funtzionarioak aldaraziko dira. Zeintzuk izanen diren zehazteko, arau honen 5. atalean kidego horietarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldarazteak dakarren irakastorduen murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan batera izaten bada, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira. Zeintzuk izanen diren zehazteko, arau honen 5. atalean kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

6.–Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuetan aritzen diren irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Maisu-maistren Kidegoa:

1. Ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena.

2. Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora laburrena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario gisa zuten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

–Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun, Irakasle eta Tailer Maisuen eta Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoak:

1. Bere kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen denbora laburrena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu-urtea salbu.

2. Ikastetxean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Halakorik bada, dagokion Katedradunen Kidegokoa ez dena.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik txikiena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu-urtea kenduta.

Hori dena, Katedradunen Kidegoko funtzionarioei dagozkien eskubideak galarazi gabe, baldin eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoak indarra hartu aurretik erdietsi bazuten lanpostua.

–Teknologia ematen duten irakasleak:

Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna galarazi gabe.

–Lanbide Hastapeneko Programetako irakasleak:

Ikastetxe batean, Lanbide Hastapeneko Programetan behin betiko destinoa duten irakasle guztiek bertan eskola eman ahal izateko adina irakastordu ez baldin badago, irakastordurik ez duten irakasleak, titulazio egokia ez dutenak salbu, ikastetxetik aldaraziak izan daitezke, edo curriculum aniztasuneko zein curriculum egokituko unitateetan edo lanbide heziketako heziketa zikloetan eskola eman.

Lanbide Hastapeneko Programetako lanpostuak betetzen dituzten irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira.

7.–Lehentasun hurrenkera.

Oinarri honetan sartzen diren langileek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen jarraian aplikatuko direnak berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako hogeita bederatzigarrenari jarraikiz, kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu-urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2014ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak konputatuko dira.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu-urtea salbu.

2. Kidegoan berrikien sartu dena.

3. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Irakaslearen espezialitateko lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaio, baina irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleek (kasuan kasuko espezialitateko titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa aukeratzerakoan.

8.–Hezkuntza Departamentuari Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 2123/2012 Ebazpenaren bidez atxikita dauden langileak, irakastordu nahikorik ez izateagatik aldaraziak badira, kidegoan 2012ko irailaren 1ean baino lehen sartu eta behin-behineko destinoa duten funtzionarioen ondoren aukeratuko dute destinoa.

Hirugarrena.–Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

I.–Euskaraz irakasteko konpromisoa bete behar duten irakasleek, hots, behin betiko destinoa dutenek, beren destinoko ikastetxean berean beteko dute konpromisoa, betiere irakats dezaketen espezialitate batean nahiko ordu emateko aukera badute.

Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek euskarazko lanpostuetan ere eman dezakete eskola. Orobat, Euskal Hizkuntzako plazak aukeratzen ahalko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetan, behin betiko destinoa kurtso horietan badute. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko funtzionarioek ere Euskal Hizkuntza eta Literaturako lanpostuetan ematen ahal dute eskola, A ereduan.

2.–Behin betiko destinoko irakasleek, 2013-2014 ikasturtean konpromiso hori betetzeko aldarazi bazituzten eta egoera horretan segitzen badute, ikastetxe berean segituko dute, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, idatziz, 2014ko apirilaren 30a baino lehen, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

3.–Ikastetxetik aldarazitako berriak.

Konpromiso hori hartzen duten irakasleak, behin betiko destinoa badute eta beren ikastetxean berean betetzerik ez badute, ikastetxetik aldaraziak izanen dira eta beste batean arituko dira zerbitzu-eginkizunetan. Ikastetxetik aldarazitako irakasleek jendaurreko ekitaldi batean aukeratuko dute hurrengo ikasturterako lanpostu berria.

4.–Lehentasun hurrenkera.

Euskaraz irakasteko konpromisoa betetzeko beren ikastetxeetatik aldarazitako irakasleek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, honako irizpide hauei jarraituko zaie, bata bestearen jarraian aplikatuko direnak berdinketarik gertatzen bada:

1. Euskaraz irakasteko konpromisoaren antzinatasunik handiena.

2. Beraiei dagokien kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen xedapen gehigarrietako 29.ari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei lehenengo zerbitzu-urtea kenduko zaie, praktikalditzat jotzen baita. Ondorio horietarako, 2014ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak konputatuko dira.

3. Kidegoan berrikien sartu dena.

4. Maisu-maistren Kidegoan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako zerrenda-zenbaki baxuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozeduran erdietsitako puntuaziorik altuena.

Laugarrena.–Behin-behineko destinoak eta praktiketakoak esleitzea.

Behin-behineko destinoa duten irakasleek eta praktiketako funtzionarioek, baldin eta ondoko kidego hauetakoak badira, destino berria aukeratu beharko dute 2014-2015 ikasturterako, horretarako eginen den ekitaldian: Maisu-maistren Kidegoa, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoa eta Arte Plastikoetako edo Diseinuko Katedradunen, Irakasleen eta Tailer Maisuen Kidegoa.

Behin-behineko destinoak ondotik aipatzen diren irakasleek aukeratuko dituzte, hurrenkera honi jarraikiz:

1. 2013-2014 ikasturtean behin-behineko destinoa duten irakasle kidegoetako funtzionarioak eta praktikaldian “gai” kalifikazioa jaso duten langileak, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 10eko 2466/2013 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa lortu dutenak izan ezik.

Langile horien hurrenkera-zerrenda prestatzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak urriaren 10eko 2466/2013 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan erdietsitako puntuazioari jarraikiko zaio.

Langileek zerbitzuak dituen beharren arabera aukeratuko dute destinoa, hautapen prozeduran zein gainditu, kidego, espezialitate eta hizkuntza horietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan. Horrelakorik ezean, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan aukeratuko dute.

Bigarren Hezkuntzako Katedradunen eta Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako karrerako funtzionarioek esparrurako osoa den lanpostua aukeratzen badute destinoak esleitzeko ekitaldian, halaxe adieraziko da zerbitzu orrian, ondorio guztietarako.

2. Praktiketako funtzionarioak.

Funtzionario horiek zerbitzuko beharren arabera aukeratuko dute destinoa, zein kidego, espezialitate edo hizkuntzatarako izan ziren hautatuak, haietako lanpostu hutsetan edo aldi baterako ordezkapenetan; bestela, kidego bereko edo beste irakasle kidego batzuetako antzeko espezialitateetan, hautapen prozeduran guztira ateratako puntuazioa kontuan hartuta.

Hautatu diren izangaien artean, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzean, sarbide irekiko prozeduraren bidez hautatutako langileen gainetik.

3. Behin betiko destinoa galtzea zekarren egoera administratibo batetik etorri diren eta jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu duten irakasle kidegoetako funtzionarioak, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 15eko 2466/2013 Ebazpenaren bidez onetsitako lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa eskuratu dutenak izan ezik.

Langile horiek kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, handienetik txikienera. Ondorio horietarako, 2014ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak konputatuko dira. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna izanen du hautapen prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozeduran puntuaziorik altuena lortu duen funtzionarioak.

Lehentasunezko eskubideen titularrak diren funtzionarioei kontuan hartuko zaizkie eskubide horiek.

Bosgarrena.–Zerbitzu-eginkizunetako destinoen esleipena.

1.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin bat eta ebazpen honetan oinarriturik, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak zerbitzu-eginkizunak ematen ahalko dizkie irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle kidegoetako karrerako funtzionarioei, 2014-2015 ikasturterako, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Irakasle funtzionarioa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Jarduneko zerbitzuan egotea 2014ko irailaren 1ean, eta 2014-2015 ikasturterako beste zerbitzu-eginkizunik ez izatea.

2.–Zerbitzu-eginkizunen arrazoiak.

Giza Baliabideen Zerbitzuak, salbuespen gisa, honako kasuotan ematen ahalko ditu zerbitzu-eginkizunak bakar-bakarrik:

a) Antolamendu arrazoiengatik, Hezkuntza Departamentuak proposatuak eta seigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

b) Zazpigarren oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten interesdunek hala eskatzen dutenean.

3.–Zerbitzu-eginkizunen araubidea.

Zerbitzu-eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da esleitutako ikastetxe horretan kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan lanpostu hutsen bat izatea, 2014-2015 ikasturterako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu ondoren.

Seigarrena.–Antolamendu arrazoiengatik emandako zerbitzu-eginkizunak.

Zerbitzu-eginkizun horiek ikastetxe zehatz batean aritzeko eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek proposamen arrazoitua egin ondoren baizik ez dira emanen, honako arrazoi hauengatik:

1. Hezkuntza Departamentuan irakaskuntzako aholkulari lanetan aritzeko.

2. Ikastetxe batean programa jakin batean, irakasleentzako arreta zentro batean edo baliabide zentro batean irakasle gisa parte hartzeko.

2014ko apirilaren 10a baino lehen, zerbitzu-eginkizunak zein programatarako eskatu diren, haietako arduradunek proposatutako zerbitzu-eginkizunen zerrenda bakarra bidali beharko diote Giza Baliabideen Zerbitzuari, zerbitzu-eginkizun horiek hartuko dituzten interesdunen adostasuna erantsiz.

Atal honetan adierazitako epeaz kanpo proposatzen diren zerbitzu-eginkizunak besterik gabe ezetsiko dira, non eta salbuespenezko inguruabarrak gertatzen ez diren.

Zazpigarrena.–Interesdunek eskatutako zerbitzu-eginkizunak.

7.1.–Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionarioek honako arrazoi hauengatik bakarrik eskatzen ahalko dituzte zerbitzu-eginkizunak:

1. Toki-korporazio bateko kide izanik, ikastetxe batean irakasle jarduteko.

2013-2014 ikasturtean toki-korporazio bateko kide izateagatik zerbitzu-eginkizunetan aritu diren irakasleek 2014-2015 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, 7.3 atalean ezarritako epean eskatu beharko dute 2014-2015 ikasturtean ere zerbitzu-eginkizunetan aritzeko, eta oraindik toki-korporazio bateko kideak direla frogatu agirien bidez. Eskaera onartzen bazaie, langile horiek destinoko ikastetxe berean jarraituko dute zerbitzu-eginkizunetan, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, zerbitzu-eginkizunetarako eskaeran, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

Halaber, 2014-2015 ikasturtean toki-korporazioko bateko kide izanen denak eskatzen ahalko ditu zerbitzu-eginkizun horiek.

Zerbitzu-eginkizunak onartzeko, kontuan hartuko da 2014-2015 ikasturterako funtzionarioaren destinoko ikastetxearen eta toki-korporazioko herriaren arteko distantzia.

Arrazoi hori dela medio ematen diren zerbitzu-eginkizunak ikastetxe zehatz batean aritzeko esleituko zaizkio, kontuan harturik zein herritakoa den korporazioa eta zer distantzia dagoen eskatzailearen destinoko ikastetxeraino.

2. Eskatzaile funtzionarioaren osasun arrazoiengatik.

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu-eginkizunak emateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraituko zaio.

Zerbitzu-eginkizun horiek eskatzen dituzten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskaerari, zein egoeragatik eskatzen diren azaltzeko. Medikuaren agiria gutun-azal itxian aurkeztuko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritu-txostena igorriko diote Ebaluazio Batzordeari, eskatu diren zerbitzu-eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

3. Adingabeko seme-alaba zaintzeagatik.

Adingabeko seme-alaba bat zaintzen duen irakasle funtzionarioek zerbitzu-eginkizunak eskatzen ahalko ditu, seme-alaba 2010eko abenduaren 31tik aurrera jaio bada eta funtzionarioak ondoko baldintza hauek betetzen baditu:

–Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko batean behin betiko destinoa izatea.

–Irakasleak helbidea duen Nafarroako Foru Komunitateko herria 60 kilometrora egotea, gutxienez, behin betiko destinoko ikastetxea kokatzen den herritik.

–Ezkontidea edo izatezko bikotekidea lanean aritzea, edo eskatzailea adingabea zaintzen duen bakarra izatea.

Zerbitzu-eginkizunak eskatzen dituzten funtzionarioek honako agiri hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari: familia-liburuaren fotokopia, eskatzaileak 2013ko abenduaren 31n helbidea zein herritan duen egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria eta beste gurasoa lanean ari dela edo adingabea zaintzen duen bakarra eskatzailea dela adierazten duen zinpeko aitorpena.

Alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu-eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

4. Salbuespeneko inguruabarrengatik.

Eskatzailearen ezkontidearen, aurrekoen edo ondorengoen eritasun larriagatik edo edozein mailatako mendekotasun handiagatik, eta eri hori behar bezala zaintzerik ez denean funtzionarioaren destinoko herritik.

Gorabehera hori frogatzen duten egiaztagiri mediko gaurkotuak alde batera utzita, eskatzaileak bi ziurtagiri ekarri beharko ditu: bata, zerbitzu-eginkizunak zein herritan eskatu, eria hartan bizi dela frogatzen duena, eta bestea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo Osasun Etxeetako gizarte langileek emandakoa, eria eskatzaileak zaindu behar duela frogatzen duena eta eskatzaileak zaindu behar duen pertsonaren mendekotasun maila agertzen duena.

Eskaeran alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu-eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Salbuespeneko inguruabar horiengatik subjektu eragile bakoitzeko ondoz ondoko bi ikasturterako esleitzen ahalko da zerbitzu-eginkizunetarako destinoa.

7.2.–Ikastetxe zehatz baterako zerbitzu-eginkizunak onartuko dira kargu hautetsia izatearen ondoriozko kasuetan, eta, orobat, 7.4 atalean aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak hala erabakitzen duenean, osasun arrazoien ondoriozko kasuetarako eta salbuespenezko inguruabarren ondoriozko kasuetarako.

Gainerako zerbitzu-eginkizunen kasuan, funtzionarioek horretarako eginen den ekitaldian aukeratuko dute destinoa, lehen oinarrian ezartzen den hurrenkeran. Orobat, aipatu lehen arauaren atal bakoitzean destinoa aukeratzeko hurrenkera zehazterakoan, bigarren arauaren 7. atalean ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu-eginkizunetan, Ebaluazio Batzordeak zilegi izanen du baldintzak ezartzea edo eskatzaileak lanpostuak esleitzeko ekitaldian zein lanpostu aukeratzen ahalko dituen erabakitzea.

7.3.–Zerbitzu-eginkizunetan aritzeko eskaerak.

Eskaerak ebazpen honen I. eranskinean argitaratzen den ereduaren arabera izanen dira, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, ondoko toki hauetakoren batean: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2013ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 13an) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Halaber, eta seme-alaba zaintzeagatik ematen diren zerbitzu-eginkizunetan soilik, behin betiko destinoa eskuratzen duten funtzionarioek eta aurreko atalean ezarritako epea bukatu ondoren jaio den seme-alaba dutenek hiru egun balioduneko epean aurkeztu ahalko dute zerbitzu-eginkizunetarako eskaera, lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ezarritako epeez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

7.4.–Ebaluazio Batzordea.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu-eginkizunen eskaerak kide hauek osatutako batzordeak ebatziko ditu:

Mahaiburua: Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Mahaikidea: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Mahaikidea: Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: irakaskuntza ez-unibertsitarioko langileen batzorderako azken hauteskundeetan boto gehien lortu zuten sindikatuetako hiru ordezkari.

Idazkaria: Giza Baliabideen Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat.

Batzordeak aholkulari espezialistak ekartzea proposatzen ahalko du, haien eskumeneko arloen balorazioa egin dezaten, batez ere salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu-eginkizunak emateko. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

Eskatutako zerbitzu-eginkizunei buruz Batzorde horrek hartzen dituen erabakiak Hezkuntza Departamentuaren iragarki oholean (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña) argitaratuko dira, baita Hezkuntza Departamentuaren web orrian ere: www.educacion.navarra.es. Zerbitzu-eginkizunen behin-behineko zerrenda ikusita, interesdunek hiru egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko proposatutako zerbitzu-eginkizunei buruz. Erreklamazioak ebatzita, proposatutako zerbitzu-eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta Giza Baliabideen Zerbitzura bidaliko, baimena eman dezan.

7.5.–Eskatutako zerbitzu-eginkizunei uko egitea.

Interesdunek uko egiten ahalko diote zerbitzu-eginkizunen eskaerari, epe hauen barruan soilik:

–Eskaerak aurkezteko epean.

–Hiru egun balioduneko epean, Ebaluazio Batzordeak proposatutako zerbitzu-eginkizunen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Seme-alaba zaintzeagatik emandako zerbitzu-eginkizunetan, hiru egun balioduneko epean, lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horiek bukatutakoan, beste lanpostu bat zerbitzu-eginkizunetan betetzeko aukeratzen diren funtzionarioen ukoak baino ez dira onartuko.

Behin zerbitzu-eginkizunak baimenduta, ez dago haiei uko egiterik, eta funtzionarioa dagoen lanpostua eskainiko da 2014-2015 ikasturtean funtzionarioek edo aldi baterako lan-kontratudunek bete dezaten, zerbitzuaren beharren arabera. Seme-alaba zaintzeagatik emandako zerbitzu-eginkizunetan eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozkoetan, eskatzailearen lanpostua betetzea lanpostuak aukeratzeko ekitaldian destinoa benetan aukeratzearen baldintzapean egonen da.

Zortzigarrena.–Esleitutako destinoak argitaratzea.

Ebazpen honetan aipatzen diren funtzionarioei esleitutako destinoak Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dira, 2014-2015 ikasturterako destinoak esleitzeko ekitaldiak egin ondoren. Halaber, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak horretarako ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, interesdunei banan-banan egin beharreko jakinarazpena ordezteko.

II.–Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-karguen izendapena

2014ko maiatzaren 1a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio ikastetxeetako zuzendaritza-karguak salbuespenez betetzeko proposatutako langileen zerrenda, eta bertan adieraziko da proposatutako funtzionarioek zein ikastetxetan duten lanpostua eta zein ikastetxeren zuzendaritza-kargurako proposatzen diren.

Epe horretantxe, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio Hezkuntza Lege Organikoaren babesean deitutako merezimendu lehiaketen ondorioz zuzendaritza-taldeko kide izateko proposatutako funtzionarioen zerrenda.

Zuzendaritza-taldeen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen da, eta betiere zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapen hori kargualdia bitartean haiek betetzeko moduko lanpostu hutsak egotearen baldintzapean izanen da, ikasturte bakoitzeko hezkuntza-plangintzaren arabera.

III.–Irakasle funtzionarioek, lan-kontratadun finkoek eta lan-kontratu mugagabea dutenek lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura, 2014-2015 ikasturterako

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko irakasle ez-unibertsitarioek lanaldiaren heren bat edo erdia murrizteko eskaera egiten ahalko dute, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan azaltzen diren kasuetako batean eta baldintzetan badaude.

Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionario ez-unibertsitarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen kasuan, 2014-2015 ikasturterako lanaldi murrizketa edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatu nahi izanez gero, Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, 2014ko apirilaren 15a baino lehen.

Egun horren ondotik beste destino bat lortu dutenek lanaldi murrizketa edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, Argibide eta Agiri Bulegoan eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian lekualdatze lehiaketa behin betiko ebatziko duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2014ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Halaber, lanpostuak esleitzeko ekitaldian destinoa lortzen duten langileek lanaldi murrizketa edo murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, 2014-2015 ikasturterako destinoak esleitzeko ekitaldia egin eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2014ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Lanaldi murrizketa edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzeko, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberako eskaera bete beharko da.

Epe horietako batean eskatzen diren lanaldi murrizketak 2014ko irailaren 1etik 2015ko abuztuaren 31ra bitarterako emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen den.

Ebazpen honetan ezarritako epez kanpo eskatzen diren lanaldi murrizketak ez dira baliatzen hasiko harik eta lanaldi murrizketaren baimena jakinarazten den eguna arte, zeina arauz ezarritako epean jakinaraziko baitzaie.

Kasu guztietan, aurreko paragrafoan adierazitako lanaldi murrizketak 2015eko abuztuaren 31ra arte emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen den.

Oinarri honetan ezarritako prozedura ez da aplikatuko lanaldia seiren bat murrizteko irakasleek egindako eskaeretan, lanaldi murrizketa horiek emateak ordezkapenik ez baitakar.

Iruñean, 2014ko otsailaren 27an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

I. ERANSKINA

Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasle funtzionarioek zerbitzu-eginkizunen eskaera, 2014-2015 ikasturterako

Izen-deiturak:

NANa:

Telefonoa:

Helbidea:

Herria:

Kidegoa:

Espezialitatea:

Hizkuntza:

Destinoa (bidezkoa dena adierazi): Behin-behinekoa Behin betikoa.

Destinoko ikastetxea:

Herria:

ESKATZEN DU:

Zerbitzu-eginkizunak, arrazoi honengatik: (bidezkoa dena adierazi).

Eskatzailearen osasun egoera.

Adingabeko seme-alaba zaintzeagatik.

Salbuespeneko gorabeherak.

Toki-korporazio bateko hautetsia.

.................(e)n, 20.....ko .............aren ..............(e)an.
(Sinadura, ezinbestekoa)

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA

Santo Domingo kalea, z.g. 31001 Iruña

II. ERANSKINA

Irakasle funtzionario ez-unibertsitarioek, lan-kontratadun finkoek
eta lan-kontratu mugagabea dutenek lanaldi murrizketaren eskaera, 2014-2015 ikasturterako

Izen-deiturak:

NANa:

Helbidea:

Herria:

Telefonoa:

Posta kodea:

Kidegoa:

Espezialitatea:

Hizkuntza:

ESKATZEN DU:

Lanaldi murrizketa 2014-2015 ikasturterako:

12 urtetik beherako haurraren legezko zaintzagatik.

Legez aitortutako desgaitasuna duen pertsonaren legezko zaintzagatik.

Ezkontideak edo bikotekide egonkorrak edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek desgaitasuna duelako.

Adineko eri kronikoak diren edo ezintasunen bat duten ahaideekin bizitzeagatik eta haiek zaintzeagatik, bigarren mailako ahaidetasun edo ezkon-ahaidetasunera arte.

1/3 edo 1/2 (bidezkoa dena adierazi)

Lanaldi murrizketa (zerbitzu beharren araberakoa):

12 urtetik 16 urtera bitarteko haurraren legezko zaintzagatik.

55 urteko edo hortik gorako langilea izateagatik.

Lanerako aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkorra sor ez dezakeen eritasuna duen langilea.

Langilearen interes partikularragatik, baimena emateak ez badu zailtasunik sortzen zerbitzuen funtzionamenduan.

1/3 edo 1/2 (bidezkoa dena adierazi)

.................(e)n, 20.....ko .............aren ..............(e)an.
(sinadura, ezinbestekoa)

Oharra: eranskin honetan aipatzen diren lanaldi murrizketek ordainsariak eta kotizazio sozial guztiak proportzionalki murriztea ekarriko dute, familia-laguntza izan ezik, eta epe horretan ezin izanen da bestelako jarduera profesionalik edo lanik egin, apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

HEZKUNTZA DEPARTAMENTUKO GIZA BALIABIDEEN ZERBITZUA.

Santo Domingo kalea, z.g. 31001 Iruña.

Iragarkiaren kodea: F1403104