4. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

40/2013 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO OGASUN PUBLIKOARI BURUZKO APIRILAREN 4KO 13/2007 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 18. artikuluak ezartzen duenez, “Diputazioak Nafarroako Parlamentuari bere jarduera ekonomikoaren berri emanen dio, Parlamentuak hura kontrolatu ahal izan dezan”.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko hitzaurrean, “gardentasuna”, beste printzipio batzuekin batera, “ezinbesteko printzipio” jotzen da diru-sarrera eta gastu publikoak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, eta bere artikuluetan sarritan aipatzen da beharrezkoa dela Nafarroako Parlamentuak Gobernuaren erabakiak eta aurrekontu-kudeaketa kontrolatzea.

VI. legegintzaldian, Erregelamendu Batzordean proposatu zen, argi zegoelako parlamentariek aurrekontu-kudeaketari buruzko informazio aski ez zeukatela, “nolabaiteko aurrekontu-bulego bat sortzea, aurrekontu-betetzeari dagokionez parlamentariek unean-unean duten informazioa hobetzeko”.

Nafarroako Gobernua osatzen zuten parlamentu-taldeetako eledunak proposamenaren aurka azaldu ziren, eta proposatu zuten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere aurrekontu-kudeaketako sistemarako sarbide informatikoa ematea foru parlamentariei, zehaztuko ziren baldintzetan eta sistemaren segurtasunerako beharrezkoak ziren bermeekin betiere.

Horren ondorioz, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua aldatu zen, eta, Gobernuko alderdiek proposatuta, ondoko testua onetsi eta gehitu zitzaion Erregelamenduaren 14. artikuluari, 5. idatz-zati gisa:

“5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere aurrekontu-kudeaketako sistemarako sarbide informatikoa emanen die foru parlamentariei, zehaztuko diren baldintzetan eta sistemaren segurtasunerako beharrezkoak diren bermeekin betiere”.

Zazpi urte igaro dira erabaki hori hartu zenetik, eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 14.5 artikulu hori indarrean dago VII. legegintzaldiaren hasieratik; eta lehen bezala jarraitzen dugu. Alegia, foru parlamentariok ez daukagu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrekontu-kudeaketako sistemarako sarbide informatikorik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrekontu-kudeaketako sistemak baditu gaur egun segurtasun-bermeak; horren froga da sistemarako sarbidea daukala Nafarroako Kontuen Ganberak, zeina, nahiz eta funtzionamenduaren aldetik autonomoa izan, organikoki Nafarroako Parlamentuaren menpeko erakundea baita.

Hori da, hain zuzen ere, Parlamentuaren Erregelamenduko 14.5 artikuluan aurreikusitako sarbide-mota eta foru lege honen xede dena. Egindako kontsultek erakusten dute ez dagoela konponbide errazik ez duen arazo teknikorik.

Artikulu bakarra.

Bat.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarra aldatzen da, eta hemendik aurrera izen hau hartuko du:

“Lehen xedapen gehigarria. Zenbait foru erakunderen araubidea”.

Bi.–Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean bigarren xedapen gehigarri berri bat gehitzen da. Hona horren testua:

“Bigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Parlamentuko sarbide informatikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren aurrekontu-kudeaketako sisteman.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aurrekontu-kudeaketako bere sistemarako sarbide informatikoa emanen die foru parlamentariei, Kontuen Ganberari eta Nafarroako Parlamentuko zerbitzu informatikoei, Nafarroako Kontuen Ganberak gaur egun dituen sarbide eta prestazio informatikoen baldintza beretan gutxienez ere.

Sarbide horrek ez du biderik emanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo beste administrazio publiko batzuekin harremanak dituztenen datu indibidualak ezagutzeko”.

Azken xedapenetan lehena.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarrian araututakoa egin beharko da foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean gehienez ere.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1318247