4. ALDIZKARIA - 2014ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

39/2013 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, saltoki handien gaineko zerga arautzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, SALTOKI HANDIEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Saltoki Handietarako Zerga bat sortzeko azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legeak saltoki handietarako zerga ezarri zuen, Nafarroako Foru Komunitatean daudenei aplikatzekoa. Zerga horren xedea da merkataritza-guneen eta saltoki handien ahalmen ekonomikoa kargatzea, kanpo-efektu negatiboak sortzen baitituzte, bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak bere gain ez hartzeagatik, bereziki hiriguneetako ehunari eta jarduerei, lurraldearen antolamenduari, ingurumenari eta azpiegiturei dagokienez.

Konstituzio Auzitegiak 2012ko azaroaren 14an emandako epaian ezetsi egin du aipatu foru legearen aurka Gobernuko lehendakariak aurkeztutako konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa. Epai hura betetzeko, eta 23/2001 Foru Legean jasotako ahalmen-emateetan xedatutakoaz baliatuz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena ematen baitio foru lege hura garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko, eta bereziki subjektu pasiboen errolda egiteko, zerga aplikatzeko beharrezkoak diren datuekin, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak abenduaren 24ko 1061/2012 Foru Agindua onetsi zuen, saltoki handietarako zergaren errolda prestatzeko arauak eta zerga kudeatzeko sistemarenak ematen dituena 2012. urterako, Saltoki Handietarako Zerga bat sortzeko azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legea garatzeko asmoz, eta 910 eredua onesten duena. Foru agindu horrek 2012an zerga ordainarazteko nahitaezkoak ziren alderdiak arautu zituen, zerga kudeatzeko eta 2012ko zergadunen errolda egiteko prozedurarekin lotutakoak hain zuzen ere.

Saltoki handien gaineko zergaren kudeaketan izandako esperientzia dela medio, Nafarroako Zerga Ogasunak aldaketa batzuk proposatu ditu, zergaren kudeaketa oztopatzen zuten edo ordaindu beharreko tributu kuota kalkulatzean egoera bidegabeak sortzen zituzten arazoak gainditzeko.

Helburu horrekin, lege honek bost kapitulu ditu, hamahiru artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen. I. kapituluan, foru legearen xedea eta aplikazio esparrua jasotzen dira, bai eta zergapetu beharreko gaia ere. II. kapituluan, zergapeko egintza, zergaren menpe ez dauden kasuak eta subjektu pasiboa arautzen dira. Zergapeko egintzari dagokionez, betebehar bat kendu da, saltokiek kasuan kasuko merkataritza lizentzia eskuratu izanarena alegia, eta zehazten da zein diren saltoki handiak, produktuen salmenta eta erakusketarako azalera erabilgarria 2.000 metro koadrotik gorakoa dutenak hain zuzen. Finean, zergaren aplikazio esparrua zabaldu eta erraztu egin da, produktuen salmenta eta erakusketarako 2.000 metro koadroko gutxieneko azalera erabilgarria eskatuko baita, eta araua ulertzeko garaian aurreko testuak eragiten zituen zalantzak argitu dira beraz.

Zerga-oinarria eta likidazio-oinarria, karga-tasa eta zerga-kuota III. kapituluan zehazten dira. Kapitulu horretan nabarmendu behar da produktuen salmenta eta erakusketarako azalera erabilgarriaren kontzeptua zehaztean egin den hobekuntza. Azalera erabilgarritzat hartzen da produktuak erakusteko eskuarki nahiz aldi baterako erabiltzen dena, barne hartuta jendea pasatzeko tokiak eta produktuak aurkeztu, eman eta kobratzekoak ere, baina kontuan hartu gabe honakoak: bulegoak, aparkalekuak, zamalanetarako eremuak eta biltegiak, erosleei itxitakoak. Zergapeko egintzarekin lotuta, 2.000 metro koadroko azalera salbuetsirik dagoela deklaratzen da. Bestetik, aparkalekuetarako erabiltzen den azalera nola kontatu argitzen da, eta mota hauek bereizten dira: beren aparkalekuak dituzten saltokiak, aparkaleku komunak dituztenak, beren instalazioetan aparkalekurik ez dutenak, eta, azkenik, aparkalekuetarako azalera berariaz ez, baina aparkalekuetako tokien kopurua zehaztuta dutenak. Aparkalekuetarako gutxieneko eta gehieneko azalerak aurreikusi dira. Amaitzeko, azpimarratu behar da oraingoan ez dela kontuan hartuko biltegiek, tailerrek, prestalekuek eta ekoizpenerako eremuek hartzen duten azalera, subjektu pasiboaren ahalmen ekonomikoaren behar bezain adierazgarria ez delako.

IV. kapituluak zergaldia eta sortzapena arautzen ditu, eta V. kapitulua, berriz, zergaren kudeaketari buruzkoa da.

2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, zergaren subjektu pasiboen errolda urtero egin eta argitaratzearen ordez, zergaren autolikidaziorako sistema bat ezarriko da, kudeaketari begira abantaila asko dituena, bai Nafarroako Zerga Ogasunarentzat bai zergaren subjektu pasiboentzat. Zergaren kudeaketari buruzko alderdi batzuk, autolikidazioen aurkezpena eta ordainketa, esate baterako, aurrerago zehaztuko dira, lege hau erregelamendu bidez garatzen denean.

Xedapen indargabetzaile bakarrak Saltoki Handietarako Zerga bat sortzeko azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legea indargabetzen du, eta azken xedapenetako lehenak zehazten du foru lege honek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izanen dituela ondorioak.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Foru legearen xedea eta aplikazio esparrua.

Foru lege honen xedea da saltoki handien gaineko zerga bat sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean ezarritako guztiei ezarriko zaiena.

2. artikulua. Zergak zergapetzen duen gaia.

Zerga honek saltoki handien ahalmen ekonomikoa kargatzen du, kanpo-efektu negatiboak sortzen baitituzte, bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak bere gain ez hartzeagatik, bereziki hiriguneetako ehunari eta jarduerei, lurraldearen antolamenduari, ingurumenari eta azpiegiturei dagokienez.

II. KAPITULUA

Zergapeko egintza, definizioak eta subjektu pasiboa

3. artikulua. Zergapeko egintza.

1. Zergapeko egintza da txikizkako salmentan aritzen diren banakako saltoki handien jarduera eta funtzionamendua, hiriguneetan eta bertako jardueretan, lurraldearen antolamenduan, ingurumenean eta azpiegituretan sortzen duten eragina dela eta.

2. Banakako saltoki handiak produktuen salmenta eta erakusketarako 2.000 metro koadrotik gorako azalera erabilgarria dutenak dira.

4. artikulua. Definizioak.

1. Oro har, merkataritzaren antolamenduari dagozkion kontzeptuak eta sailkapenak Nafarroan merkataritzaren gaineko araudian xedatutakoak zuzenduko ditu.

2. Nolanahi ere, saltoki handiaren kontzeptuari dagokionez, 3.2 artikuluan xedatutakoak aginduko du.

5. artikulua. Zergaren menpe ez dauden kasuak.

Ez dira zergaren menpe egonen honako arlo hauetan baizik aritzen ez diren banakako saltoki handiak: lorezaintza, automoziorako erregaien hornikuntza, ibilgailuen salmenta, eraikuntzako materialen, makineriaren eta industria hornigaien salmenta.

6. artikulua. Subjektu pasiboak.

Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak edo juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko entitateak, 3. artikuluaren definizioaren araberako banakako saltoki handi baten titular direnak, saltoki hori saltoki kolektibo handi baten barruan nahiz kanpoan egon.

III. KAPITULUA

Zerga-oinarria, likidazio-oinarria, karga-tasa eta kuota

7. artikulua. Zerga oinarria.

Zerga-oinarria banakako saltokiaren azalera osoa da, metro koadrotan adierazia, kontzeptu hauek osatua:

a) Produktuen salmenta eta erakusketarako azalera erabilgarria. Azaleratzat hartzen da produktuak erakusteko eskuarki edo aldi baterako erabiltzen dena, bai eta jendea pasatzeko tokiak eta produktuak aurkeztu, eman eta kobratzekoak ere. Ez dira azalera erabilgarritzat hartuko, inola ere, bulegoak, aparkalekuak, jendeak bisita ez ditzakeen zamalanetarako eremuak eta biltegiak, eta, orokorrean, jendearen sarrera murriztuta duten leku guztiak.

Kontzeptu hori murriztuta kontatuko da, 2.000 metro koadroko azalera salbuetsirik.

b) Aparkalekuetarako azalera. Aparkalekuetarako azaleratzat hartzen da ibilgailuak aparkatzeko erabiltzen dena, edozein dela erabilerarako gaitzen duen titulu juridikoa, dela saltoki edo merkataritzako barrutiko erosleen edo langileen zerbitzuan dagoena, dela salgaien zamalanak egiteko ibilgailuek erabiltzeko dena, estali gabekoa edo estalia izan, eta barne hartuta ibilgailuak eta pertsonak ibiltzeko eremuak, kontrolerako guneak eta zerbitzuarekin lotutako beste edozein.

Ondorio horietarako, aparkalekuetako azalera zein den jakiteko, arau hauek aplikatuko dira:

Lehena.–Beren aparkalekua duten edo beste saltoki batzuekin batera aparkaleku komuna duten saltokien kasuan, berariaz eta frogatzeko moduan adierazita baldin badago saltoki bakoitzak aparkalekuetan zenbat toki duen, toki horien azalera erreala hartuko da aintzat.

Bigarrena.–Aparkalekuetarako eremu komuna duten saltokien kasuan, saltoki bakoitzari dagozkion tokiak zenbat diren berariaz adierazirik ez dagoenean, edo toki horiek bereizirik edo banaka seinaleztaturik ez daudenean, saltoki bakoitzari esleituko zaion aparkalekuetako azalera izanen da produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren proportzioan dagokiona.

Hirugarrena.–Era berean, beren bezeroentzat beren instalazioetan aparkalekurik ez duten saltokien kasuan, aparkalekuetarako ekipamendua baldin badute horretarako propio erabiltzen diren besteren eraikinetan edo aparkaleku publiko edo pribatuetan, aurreko arauak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Aparkalekuetarako azalera berariaz adierazirik ez dagoenean, baina bai, ordea, aparkalekuko tokien kopurua, 28 metro koadroko azalera kalkulatuko da toki bakoitzeko.

Edozein kasutan ere, zerga-oinarria zehazteko, aurreko arauak aplikatuta lortzen den aparkalekuetako azalera erreala hartuko da aintzat. Aparkalekuetarako gutxieneko azalera produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren ehuneko 15ekoa izanen da. Aparkalekuetarako gehieneko azalera, berriz, azalera erabilgarri horren ehuneko 75ekoa izanen da.

Kontzeptu hori murriztuta kontatuko da, 2.000 metroko azaleraren eta produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarriaren artean dagoen aldearen proportzioan. Azkenik, 0,9ko koefiziente murriztailea aplikatuko zaio.

8. artikulua. Likidazio oinarria.

Altzariak, saneamenduko artikuluak, ateak eta leihoak eta brikolajeko gauzak gehienbat saltzen aritzen diren subjektu pasiboen likidazio oinarria zerga-oinarriari ehuneko 60ko murrizketa aplikatuz lortuko da.

9. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa 12 eurokoa izanen da metro koadroko.

10. artikulua. Zerga-kuota.

1. Zerga-kuota aurreko artikuluko karga tasa likidazio oinarriari aplikatzearen emaitza izanen da.

2. Saltokia irekitzen den urteko zerga-kuota izanen da kuotaren urteko zenbatekoa egun horretatik urtea amaitu arte dauden egunen kopuruaz hainbanatuta ateratzen den emaitza.

3. Saltokia ixten den urteko zerga-kuota izanen da kuotaren urteko zenbatekoa zergaldiaren hasieratik ixten den egunera arte dauden egunen kopuruaz hainbanatuta ateratzen den emaitza.

4. Zergaren likidaziorako oinarri diren elementuetan aldaketak gertatu diren urte naturalari dagokion tributu kuota hauxe izanen da: aldaketaren eragina zenbat egunez izan duten, aldatutako elementuak kopuru horrekin hainbanatuta ateratzen den emaitza.

IV. KAPITULUA

Zergaldia eta sorrarazpena

11. artikulua. Zergaldia eta sorrarazpena.

1. Hurrengo idatz-zatietan xedatutakoa ukatu gabe, zergaldia bat dator urte naturalarekin, eta zerga urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen sorraraziko da, non ez zaion jarduerari uzten egun hori baino lehenago, kasu horretan jardueraren azken egunean sorraraziko baita.

2. Saltokia urtarrilaren 1aren ondotik irekitzen bada, zergaldia kontatuko da saltokia irekitzen den egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte.

3. Saltokia ixten bada, zergaldia urtarrilaren 1etik saltokia ixten den egunera artekoa izanen da.

V. KAPITULUA

Zergaren kudeaketa

12. artikulua. Kontrola eta ikuskapena.

Zerga kudeatzea eta haren gaineko ikuskapenak egitea Nafarroako Zerga Ogasunari dagokio.

13. artikulua. Betebehar formalak eta laguntzeko betebeharra.

1. Subjektu pasiboak beharturik egonen dira zerga honen aitorpena aurkeztera, bai eta zerga zorra zehaztu eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak ezartzen dituen tokian, moduan eta epean ordaintzera ere.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak beste administrazioei eskatu ahal izanen die zergaren likidaziorako behar dituen datuak eta aurrekariak jakinarazteko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legea, Saltoki Handietarako Zerga bat sortzekoa, indargabetzen da.

Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, baina 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietan izanen ditu ondorioak.

Azken xedapenetan bigarrena.–Erregelamenduzko arauak emateko gaikuntza.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari egindako erregelamenduzko gaikuntzak ukatu gabe, Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2013ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: F1318248