1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
18/2014 FORU DEKRETUA, otsailaren 14koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak aldatzen dituena. Estatutuak martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuak onetsi zituen.
ZIOEN AZALPENA
Apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu zen, izaera administratiboko erakunde autonomo gisa, orduko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikia, eta haren jarduketa arautzeko estatutuak onetsi ziren.
Nafarroako Enplegu Zerbitzua abian jarririk, hainbat inguruabarrek berekin ekarri zuten errealitate berrietara egokitu behar izatea, edo funtzionamendu egokia eragozten zuten alderdiak ezabatu behar izatea; horrek eragin zuen hainbat aldaketa izatea urte hauetan denetan, eta, nahitaez betetzekoak direnez, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuan jaso dira, hots, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren indarreko estatutuak onesten dituen horretan.
Martxoaren 20ko 19/2013 Dekretu bidez horien aldaketa bat onetsi zen, hain zuzen ere esperientziaren bidez lanbide prestakuntzaren esparruan hartutako gaikuntzak egiaztatzeko prozedurak diseinatu, koordinatu, kudeatu eta betearazteko arloetan eginkizun berriak sartzea, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak proposaturik.
Egitura orekatuagoa egiteko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako bi prestakuntza zentroen planifikazioa, kudeaketa eta programazioa bateratzeko, batez ere kontuan izanik horietan prestakuntza jarduera txikitu egin dela, egokia dirudi bi ikastetxeak unitate administratibo bakarrean batzea, eta izen hau hartuko luke: Zentro Berekien eta Esperientziaren bidezko Egiaztapenerako Atala.
Bestalde, Konstituzio Auzitegiak apirilaren 25eko 104/2003 Epaian deklaratutakoarekin bat, estatutuen 2.2 artikuluan jasotzen den eginkizun sortan sartzen da lan arloko arau-hausteak zehatzeko ahalmena, Nafarroako Foru Komunitateari dagokiona.
Horiek horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak, aldatzea.
Martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak aldatu eta honela gelditzen dira:
Bat.–2. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eremua.
2.2 artikuluan eginkizun berri bat gehitzen da, honako eduki hau duena:
“m) Zehapen ahalmena erabiltzea, Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gorde ez dituen lan arloko arau-hausteetan”.
Bi.–Estatutuen 19. artikulua honela geldituko da:
“19. artikulua. Prestakuntza Zerbitzuaren egitura.
Prestakuntza Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:
a) Enplegurako Prestakuntza Garatzeko Atala.
b) Enplegurako Lanbide Prestakuntzako Programen eta Kalitate Jarraipenaren Atala.
c) Enplegurako Lanbide Prestakuntza Kudeatzeko Atala.
d) Zentro Berekien eta Esperientzia bidezko Egiaztapenerako Atala.”
Hiru.–Estatutuen 23. artikulua honela idatzita geldituko da, hitzez hitz:
“23. artikulua. Zentro Berekien eta Esperientzia bidezko Egiaztapenerako Atalaren eginkizunak.
Zentro Berekien eta Esperientzia bidezko Egiaztapenerako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Iturrondo Prestakuntza Zentroaren eta Energia Berriztagarrien eta Energia Eragimenaren Erreferentziako Zentro Nazionalaren (Enplegurako Prestakuntzaren Arloa) prestakuntza ekintzen eta jardueren koordinazioa, programazioa eta gauzatzea.
b) Prestakuntza arloko ekintza berritzaileen garapena eta esperimentazioa bi zentroetan.
c) Energia Berriztagarrien eta Energia Eragimenaren Erreferentziako Zentro Nazionalaren (Enplegurako Prestakuntzaren Arloa) teknologia arloko ekintzak koordinatu, programatu eta gauzatzea, baita Estatuko Zerbitzu Publikoarekin energia berriztagarrien sektorean adosten diren lan planak ere.
d) Bi zentroetan egiten diren prestakuntza ekintzak ebaluatu eta haien gaineko txostena egitea, baita Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarekin adosten diren lan planei dagozkienak ere.
e) Bi zentroetako langileen antolaketa eta zuzendaritza lana.
f) Otsailaren 15eko 229/2008 Errege Dekretua aplikatuz enplegurako prestakuntza eremuan dagozkiokeenak. Dekretu horren bidez, Erreferentziako Zentro Nazionalak arautu ziren lanbide prestakuntzaren arloan.
g) Enpresen prospekzioko jarduerak kudeatzea, lan merkatuaren bilakaerari egokitutako prestakuntza ekintzak eskaintzeko.
h) Kualifikazioen sistema nazionala garatzea.
i) Laneko esperientziaz eta prestakuntzarako bide ez formalen bidez lortutako gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozedura antolatu, kudeatu eta betearaztea, indarreko araudiak ezartzen duenarekin bat.
j) Bere zerbitzuko zuzendariak, dagokion jarduketa eremuan, agintzen dizkion eginkizun guztiak.”
Lehen xedapen gehigarria.–Izendapenak.
Berretsi egiten da, gertatu zeneko baldintza beretan, Iturrondo prestakuntzarako eta esperientziaren bidezko egiaztapenerako Zentroko buruaren izendapena, Zentro Berekien eta Esperientziaren bidezko Egiaztapenerako Ataleko buru gisa.
Bigarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko aldaketak.
Ahalmena ematen zaio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Hirugarren Xedapen Gehigarria.–Genero berdintasuna.
Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal mugatuko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko “consejero”, “director”, “presidente”, “secretario” eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio guztietarako.”
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, berariaz, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 24. artikulua.
Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko ahalmenak.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko otsailaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1402281