1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 28koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako zura eta kortxoaren merkataritza sektoreko hitzarmen kolektiboa luzatzeko akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusirik Nafarroako zura eta kortxoaren merkataritza sektoreko hitzarmen kolektiboa, aurreraeraginari dagokionez, luzatzeko Akordioaren testua (kode zenbakia: 31001955011981), Erregistroan 2014ko urtarrilaren 27an sartu zena eta sektoreko negoziazio batzordeak 2014ko urtarrilaren 24an sinatu zuena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan eta Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2014ko urtarrilaren 28an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ZURA ETA KORTXOAREN MERKATARITZA SEKTOREKO HITZARMEN KOLEKTIBOAREN NEGOZIAZIOAN LORTUTAKO AURREAKORDIOA
Bildu egin da Nafarroako Foru Komunitateko zura eta kortxoaren merkataritza sektoreko hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordea, ondotik adierazten diren pertsonez eta ordezkaritzez osatua:
A) Alvaro Valgañón Villanueva (ADEMANen aholku-emaile juridikoa).
B) Amaia Villanueva (UGT sindikatua).
C) Gorka Martínez (UGT sindikatua).
D) Pablo Sánchez (ELA-STV sindikatua).
ADIERAZI DUTE:
Nafarroako Foru Komunitateko zura eta kortxoaren merkataritzako hitzarmen kolektiboaren mahaian negoziatzaileak adostasun batera iritsi direla zenbait puntutan; izan ere, sinatzaileek aurreakordio batera iritsi dira haietan:
E) Hitzarmen berriaren indarraldia 2014ko eta 2015eko ekitaldietarako.
F) Urtebete luzatu da aurreraeragina gaur egungo Langileen Estatutuan ezarritako legezko mugatik. Hau da, 2017ko abenduaren 31 arteko aurreraeragina erabaki da hitzarmenaren indarraldiarentzat.
G) Hitzarmenean 2011ko ekitaldian jasotako gaur egungo lanaldiari eutsiko zaio. Beraz, ez da ordu igoerarik izanen, ezta ordu murrizketarik ere.
H) Hitzarmenaren batzorde paritarioari dagokionez, hitzarmen kolektiboaren egungo 31. artikuluaren erredakzioak bere horretan jarraituko du.
I) Soldata igoera. %0,5eko soldata igoera ezarri da 2014rako, eta %0,7koa, 2015erako.
J) 32. artikuluari dagokionez (hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula arautzen du), hurrengo testuak ordeztuko du oso-osorik, indarra duen legeriarekin bat: “Aldeen asmoa da hitzarmen kolektiboan itundutako edukia betetzea haren indarraldian zehar. Horregatik, hura ez aplikatzeko edozein behar sortuz gero, hitzarmen kolektibo honetan 2014ko eta 1015eko ekitaldietarako aurreikusitako soldata igoerari dagokionez, egoera horretan dagoen enpresak gaur egungo Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako prozedura baliatuko du, eta aldeak ados jartzen ez badira, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekotza eta arbitrajearen menpe jarriko dira, Nafarroako Lan Auzitegiak Foru Komunitateko lurraldean aplikagarri dituen eginkizun eta eskumenei dagokienez”.
K) Aldeek hiru hileko epea eman diote elkarri, 2014ko martxoaren 31 arte, hitzarmenaren testu osoa eta behin betikoa adosteko eta hori sinatu, eta gerora, argitaratzeko. Epe horrek dirauen bitartean, egungo hitzarmen kolektiboaren indarraldia luzatuko da, 2014ko martxoaren 31ra bitarte.
Eta hala jasota gera dadin, akordio hau egiten da eta bertaratuek sinatzen dute, Iruñean, 2014ko urtarrilaren 24an.
Sinatua: Alvaro Valgañón (ADEMANen aholku-emaile juridikoa).
Sinatua: Amaia Villanueva (UGT sindikatua).
Sinatua: Gorka Martínez (UGT sindikatua).
Sinatua: Pablo Sánchez (ELA-STV sindikatua).
Iragarkiaren kodea: F1401657