35. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2014ko urtarrilaren 28koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Gorraizko Golf Gorraiz, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Gorraizko Golf Gorraiz, S.A. entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31008882012010) aztertu da, Erregistro honetan 2013ko abenduaren 23an sartu zena. Enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko abenduaren 18an izenpetu zuten, eta 2014ko urtarrilaren 27an zuzendu, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 28an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

GOLF GORRAIZ – 2012-14KO HITZARMEN KOLEKTIBOA

AURKIBIDEA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremu funtzionala eta langileria.

2. artikulua. Iraupena.

3. artikulua. Aplikatu beharreko legeria.

4. artikulua. Desadostasunak konpontzea.

5. artikulua. Batzorde paritarioa.

II. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

6. artikulua. Arau orokorra.

7. artikulua. Kategoriak.

8. artikulua. Mailaz igotzea.

III. KAPITULUA

Lanaldia, egutegia, oporrak

9. artikulua. Urteko lanaldia, egutegia eta ordutegia.

10. artikulua. Orduen poltsa.

11. artikulua. Oporrak.

12. artikulua. Lizentzia ordainduak.

III. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

13. artikulua. Ordainsariak eta lansari igoerak.

14. artikulua. Aparteko orduak.

15. artikulua. Fideltasun eta antzinatasun plusa.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

17. artikulua. Onura sozialak.

18. artikulua. Bazkariaren dieta.

IV. KAPITULUA

Segurtasuna eta higienea

19. artikulua. Arau orokorra.

20. artikulua. Laneko ekipamendua.

VI. KAPITULUA

Langileen ordezkariak

21. artikulua. Arau orokorra.

22. artikulua. Orduen kredituaren metaketa.

VII. KAPITULUA

Prestakuntza

23. artikulua. Prestakuntza.

VIII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

24. artikulua. Hutsegiteak.

25. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

26. artikulua. Hutsegite arinak.

27. artikulua. Hutsegite larriak.

28. artikulua. Hutsegite oso larriak.

29. artikulua. Zehapenak.

30. artikulua. Zehapenen graduazioa.

31. artikulua. Preskripzioa.

I. ERANSKINA

Zereginen zerrenda. Eguraldi txarra dagoenean lan egitea

II. ERANSKINA

Lanaren gaineko araudia

III. ERANSKINA

Soldata taula

IV. ERANSKINA

Hitzarmen honen eraginpeko beste langile batzuk

V. ERANSKINA

2013ko urriaren 22ko Akordioa

VI. ERANSKINA

Bestelako gaiak

ARTIKULUAK

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremu funtzionala eta langileria.

Hitzarmen honek Golf Gorráiz S.A. enpresako langileak ukitzen ditu. Haien eginkizun nagusia klubeko berdeguneak mantentzea da, eta lanbide kategoriak, aldiz, honako hauek: ofiziala, greenworker izenekoa eta peoia.

Halaber, IV. eranskineko langileak ukituko ditu hitzarmen honek, han zehazten diren mugak dituela.

2. artikulua. Iraupena.

Hitzarmen honek hiru urteko iraunaldia izanen du, 2012ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra arte.

Langileen Estatutuaren 85. artikuluan ezarritako ondorioetarako, bi alderdietako edozeinek hitzarmen hau espresuki salatzen ahalko du 2014ko uztailaren 1etik 2014ko urriaren 31ra. Hitzarmena salatzen ez bada, urteka luzatuko da.

3. artikulua. Aplikatu beharreko legeria.

Hitzarmen honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Langileen Estatutuan eta lan arloan aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

4. artikulua. Desadostasunak konpontzea.

Alderdiek desadostasunak Batzorde Paritarioari igorriko dizkiote.

Batzorde Paritarioan desadostasunak konpondu ezin badira, alderdiek men eginen diete (banan-banan zein modu kolektiboan) Nafarroako Lan Auzitegian edo Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuan adiskidetze eta bitartekotza faseetan gatazkak konpontzeko aurreikusitako konponketa prozedurei. Orobat, arbitrajearen irtenbidea har dezakete horretarako adostasuna badago.

5. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmeneko Batzorde Paritarioa eratzen da. Langileek ordezkatzen dituzten hiru pertsonak eta enpresa ordezkatzen duten hiru pertsonak osatuko dute.

1.–Batzorde Paritarioaren eginkizunak:

a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze lana egitea.

b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.

c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.

d) Langileen Estatutuak edo beste arau batzuek ezartzen dizkiotenak.

2.–Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

3.–Funtzionamenduko erregelamendua:

a) Bilerak. Batzorde Paritarioa bilduko da esku hartzeko eskatzen zaionean.

b) Deialdiak. Batzorde Paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena

Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez.

Epe horretan Batzordea biltzen ez bada, Batzorde Paritarioaren esku-hartzea amaitu dela ulertuko da eta interesatuak bidezko iruditzen zaizkion ekintzak baliatu ahal izanen ditu.

Batzordea bildurik, erabakiak hartuko ditu gai-zerrendako gaien inguruan, eta bidezko akordioak hartuko. Egokitzat hartzen bada, bilkura bertan behera geldi edo eten daiteke eta hurrengo hiru egun naturaleko epean jarraituko du. Gehieneko epe horretan gai-zerrendako gai guztiak jorratu ez badira eta haien gainean erabakirik hartu ez bada, ulertuko da Batzorde Paritarioaren esku-hartzea agorturik dagoela, eta interesdunak bidezko jotzen dituen ekintzak balia ditzake.

c) Quoruma. Aholkulariak. Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren bi kide bertaratzen direnean.

Alderdiak bileretara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.

d) Akordioen baliozkotasuna. Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren bi kideren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da eta bertaratzen diren kide guztiek sinatuko dute.

e) Helbidea. Batzorde paritarioak enpresaren lokaletan izanen du jakinarazpen eta deialdietarako helbidea, Gorraitzen, Eguesibarrean (Nafarroa).

II. KAPITULUA

Lanbide sailkapena

6. artikulua. Arau orokorra.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langileak hurrengo artikuluan adierazten diren kategorien arabera sailkatuko dira, haien ezagutzak, esperientzia, autonomia maila, erantzukizuna eta ekimena kontuan hartuta.

Enpresaren ezaugarri bereziak direla eta, berebiziko garrantzia du langileen balio-aniztasunak. Hori dela eta, langile guztiek une bakoitzean agintzen zaizkien eta I. eranskinean labur aipatzen diren zereginak egin beharko dituzte.

7. artikulua. Kategoriak.

a) Ofiziala. Arduradunaren (eta, hala denean, gerentearen edo greenkeeper izenekoaren) zuzendaritzapean, I. eranskineko zereginak ezin hobeki eta bere kabuz egiten dituen langilea da.

b) Zelaiko langilea (greenworker). Lanbidea erabat kontrolatu gabe, I. eranskineko zereginak nahiko ongi eta nolabaiteko autonomiaz egiten dituen langilea da.

c) Peoia. I. eranskineko zereginak, prestakuntza berezirik behar ez dutenak, egiten dituen langilea da.

a) eta b) kategorietako langileek arauak ezarri eta beheko kategorietako langileei aginduak ematen ahalko dizkiete, gerenteak, greenkeeper izenekoak edo arduradunak adierazten dutenean.

8. artikulua. Mailaz igotzea.

6. artikuluko irizpideen arabera hasieran langilea kategoria zehatz bati atxikitzeari kalterik egin gabe, igoerak honela gertatuko dira:

–Peoia zelaiko langile bihurtuko da, lanean bi urte eman ondoren.

–Zelaiko langilea ofizial bihurtuko da, kategoria horretan bi urte eman ondoren.

–Epe hori bete baino lehen, enpresak erabakitzen ahalko du langilea goiko kategoriara igotzea, uste baldin badu horretarako behar bezala prestatuta dagoela.

Kontratatzen diren langile berriak enpresaren beharrizanen eta langileek egiaztatzen dituzten prestakuntzaren eta esperientziaren arabera dagokien kategoriari atxikiko zaizkio.

III. KAPITULUA

Lanaldia, egutegia, oporrak

9. artikulua. Urteko lanaldia, egutegia eta ordutegia.

9.1. Urteko lanaldia. Urteko lanaldia 1.734 ordukoa izanen da hitzarmen honek indarra duen denbora guztian. Horietatik, 44 igandeetan eta jaiegunetan eginen dira, eta gainerakoak, berriz, lanegunetan.

Igandeetan eta jaiegunetan 44 ordu baino gehiago egiten badira, soberako ordu horietako bakoitza bi izanen balitz bezala zenbatuko da.

Azaroaren erdialdetik martxoaren erdialdera (urte bakoitzeko egutegiaren arabera zehaztuko da aldia) ez da txandarik eginen igandeetan eta jaiegunetan, lehiaketarik egon ezean. Urteko gainerako igandeetan eta jaiegunetan, ostera, lan egin beharko da.

Eguneko lanaldian ogitartekoa jateko 20 minutuko atsedenaldia, berreskuratu behar ez dena, dagoela ezarri da.

9.2. Lan egutegia. Enpresaren jarduerak ezartzen dituen beharrizanak direla-eta, eguneko lanaldiaren iraupena laneko egutegian banatuko da modu irregularrean, urteko hil guztietan. Hitzarmen honetarako honako lanaldi hauek ezarri dira:

–Urtarrila eta abendua: egunero 6,0 ordu.

–Otsaila eta azaroa: egunero 6,5 ordu.

–Martxoa eta apirila: egunero 7,5 ordu.

–Maiatza eta ekaina: egunero 8,0 ordu.

–Uztaila, abuztua, iraila eta urria: egunero 7,0 ordu.

2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, ondoko lanaldi hauek ezartzen dira:

–Urtarrila eta abendua: egunero 5,5 ordu.

–Otsaila: egunero 6,0 ordu.

–Martxoa eta apirila: egunero 7,5 ordu.

–Maiatza eta ekaina: egunero 8,5 ordu.

–Uztaila, abuztua eta irailaren 1etik 14ra: egunero 7,0 ordu.

–Irailaren 15etik urriaren 15era egunero 7,5 ordu.

–Urriaren 16tik 31ra: egunero 7,0 ordu.

–Azaroa: egunero 6,5 ordu.

Lanaldian beste edozein aldaketa egin nahi izanez gero, alderdiek hitzartu beharko dute. Hemen ezarritakoa Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluaren babesean hitzartzen da, eta lanaldiaren %10 modu irregularrean banatzeko neurri osagarria ordeztu eta indarrik gabe uzten da.

Enpresak lana antolatuko du, urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean lan egin behar ez izateko.

9.3. Lan ordutegia. Enpresaren beharrizanak eta kanpoko faktoreen mendekotasuna (adibidez, enpresaren jardueraren berezko lanak egiteko behar den argia) direla-eta, lanaldia hasteko ordutegia malgua izanen da: goizeko 6:30etik 8:30era bitartean hasten ahalko da, eguzkiaren argiaren arabera, eta, beraz, lanaldia 14:00etatik 15:30era bitartean amaituko da, hasteko orduaren eta hilaren arabera. Larunbat eta jaiegunetako txandetan edo lehiaketa zehatz batzuetan, lanaldia goizeko 6:00etan hasten ahalko da.

Eremuen bi zulaketak egin behar direnean (bata udaberrian eta bestea udazkenean), langileek konpromisoa hartuko dute horietako bakoitzean 6 orduz lan egiteko arratsaldeko ordutegian. Lanordu horiek arruntzat joko dira urteko lanaldia zenbatzeko ondorioetarako, baina aparteko ordu gisa ordainduko dira.

10. artikulua. Orduen poltsa.

Urte natural bakoitzean enpresak 50 orduko gehieneko poltsa izanen du, eta hori erabiltzen ahalko du eguraldi txarra edo antzeko zirkunstantziak direla-eta lan egin ezin denean.

Langileek zor dituzten orduak itzultzeko kontuan hartuko dira enpresaren beharrizanak, eta %75eko proportzioan, hau da, itzuli beharreko ordu bakoitzaren 3/4 itzuliko dira, gutxienez 24 ordu aurrerago abisatuta. Ordu horiek itzultzen ez badira, langile bakoitzaren orduen urteko zenbaketa orokorretik kenduko dira, %75eko proportzioan.

11. artikulua. Oporrak.

Langileek 30 egun naturaleko oporraldia izanen dute urte naturalean.

Langileak berak aukeratuko du noiz hartu oporrak, hurrengo baldintzak beteta:

–Apirila, maiatza eta ekaina dira lan handiena biltzen duten hilak; hori dela eta, horietan ezin izanen da oporrik hartu. Norbaitek oporrak eskatzea dakarten ohiz kanpoko zirkunstantziak badaude, Zuzendaritzak horiek emateko aukera baloratuko du.

–15 egun uztailean eta abuztuan hartuko dira, baina ezin izanen dira kategoria bereko bi pertsona baino gehiago oporretan egon hamabostaldi berean, zelaiko arduradunaren ustez pertsona bat gehiago oporretan egoteko baldintzak betetzen direnean izan ezik.

–15 egun urteko gainerako hiletan (irailetik martxora). Pertsona bakarrak hartzen ahalko ditu oporrak hamabostaldi eta kategoria bakoitzean. Dena den, abenduan eta urtarrilean kategoria bereko 4 pertsona, gehienez, egoten ahalko dira oporretan hamabostaldi berean.

Oporrak hartzeko egunak enpresari jakinarazi beharko zaizkio, hilabete aurrerago, gutxienez, eta, nolanahi ere, ekainaren 1a baino lehen. Horretarako ezarritako epean ez badira eskatzen, enpresak esleituko du oporraldia.

12. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langileek baimen ordaindu berezi hauek izaten ahalko dituzte:

a) Ezkontza: 15 egun natural.

b) Odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradura arteko ahaideen eritasun larria edo heriotza: 5 egun natural, langilea bizi den autonomia erkidegoan gertatzen bada, eta 6 egun natural, erkidego horretatik kanpo gertatzen bada.

Hirugarren mailako odol-ahaidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko ahaideen heriotzagatik: egun natural 1 edo bi, kontuan izanik autonomia erkidego berean edo beste batean den.

c) Semea edo alabaren jaiotza edo adopzioa: 3 egun natural, horietatik bi gutxienez egun baliodunak, eta 2 gehiago autonomia erkidegotik kanpo izanez gero.

d) Lanbide Heziketa, DBH, Batxiler eta unibertsitateko ikasketak direla-eta langileak egin behar dituen azterketetara joateko behar den denbora, aurretik abisatuta eta ondoren justifikatuta.

e) Bizitokia aldatzeagatik: 2 egun natural.

f) Publikoa edo pribatua den eginbehar saihestezina betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora. Aldi bat lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenari eta diru-ordainari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.

Goian aipatutako eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko aldian lanorduen ehuneko hogei baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutukaren 46. artikuluko 1. idatz-zatian arautu den bezala. Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.

g) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

h) Bederatzi hilabetetik beheitiko semeari edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezakete, hala nahi izanez gero, helburu horretarako.

i) Legepeko zaintza dela eta, langileren batek zortzi urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko edo psikikoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

j) Norberaren edo ezkontidearen guraso, seme-alaba, biloba edo neba-arreben ezkontza: egun natural 1. Bi ezkontzaren gehieneko muga egonen da urte naturaleko, edo proportzionalki dagokiona lan-kontratuaren iraupena laburragoa bada.

k) 7 orduko 4 egun, norberaren aferetarako. Horietatik, bi egun azaroaren hasieratik otsailaren amaierara bitarte har daitezke soilik.

III. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

13. artikulua. Ordainsariak.

a) Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek III. eranskinean adierazten diren diru kopuruak jasoko dituzte, hileko lansari gordin gisa.

Kopuru horiek zenbateko bereko hileko hamalau soldatatan ordainduko dira. Horietako bi uztaileko eta abenduko aparteko pagak izanen dira, sei hilean behin sortzen direnak eta uztaileko lehenbiziko astean eta abenduko lehenbiziko hamabostaldian, hurrenez hurren, jasotzen direnak. Gainerakoa hileko hamabi soldatatan jasoko da, oporrak barne.

Era berean, hileko hamalau soldatetan langileek antzinatasunagatik dagokien zatia jasoko dute, III. eranskinaren arabera.

Hitzarmen honek irauten duen bitartean, langile guztiei III. eranskinean adierazten den zenbatekoa duen urteko sari finkoa ordainduko zaie, honako kontzeptu hauek barne hartzen dituena: laneko ekipoaren kontserbazioa, eta toxikotasun, nekagarritasun eta arriskugarritasunaren oroharreko prezioa (zehatz eta banan-banan zehazteko zailtasuna dela-eta). Kopuru hori bi zatitan ordainduko da: erdia martxoaren 30ean eta beste erdia irailaren 30ean.

b) Hitzarmenaren indarraldian, III. eranskinean biltzen den soldata taula aplikatuko da (hango zenbatekoak 2011ko soldata-taulakoak adinakoak izanen dira).

c) Hala ere, 2013ko urriaren 22ko akordioaren B.3 eta C.5 puntuetan ezarritakoa hartuko da kontuan; halako kasuan, soldata taula murriztuko da, hitzartutako atzeraeragineko ondorioak dituela. V. eranskinean akordioan zehaztutako puntuak transkribatzen dira.

14. artikulua. Aparteko orduak.

14.1. Aparteko orduak. Legez ezarririko mugak izanda, enpresak eskatuta lanegunetan (astelehenetik larunbatera) norberaren borondatez egiten diren orduak izanen dira. Haien prezioa III. eranskinean ezartzen dena izanen da.

14.2. Igande eta jaiegunetako orduak. Igande eta jaiegunetan egiten diren orduak dira, baldin eta hitzarmen honen 9.1 artikuluaren arabera egiten diren orduak gainditzen badituzte. Haien prezioa III. eranskinean jasotzen da. Erabaki da soberakineko ordu horiek ordu arrunt bihurtzea urtea bukatzean, urteko konputu osoa lortzeko. Bihurtze hori 2-1eko proportzioan eginen da (bi ordu arrunt soberakineko jai ordu bakoitzeko).

Langileek konpromisoa hartuko dute aparteko orduak egiteko, legeetan ezarririko mugen barnean.

15. artikulua. Fideltasun eta antzinatasun plusa.

Hileko plusa sortuko da lanean emandako denboraren arabera, bi (2), sei (6), hamar (10), hamalau (14), hamazortzi (18), hogei (20), hogeita bi (22), hogeita lau (24), hogeita sei (26) eta hogeita zortzi (28) urte betetakoan. Hitzarmen honek indarra duen bitartean, haren zenbatekoa III. eranskin gisa gehitu diren tauletan adierazten dena izanen da.

Plus hori sortzen hasiko da langileak bere antzinatasuna betetzen duen egunetik, sortu eta hurrengo hileko nominan kobratuko dela.

16. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.

Gaixotasun arruntaren, lanbide gaixotasunaren eta laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik entitate kudeatzaileak ematen dituen sariak kontuan hartu gabe eta ospitaleratzea behar denean bakarrik, enpresak osagarria ordainduko du, gaur egun indarrean dagoen zenbatekoan erregelamenduzko sariei batuta, hitzarmeneko lansariaren %100 bermatzen duena aipatzen den ospitaleratzeak eta geroko sendatze prozesuak irauten duten bitartean, baldin eta aldi baterako ezintasuneko egoerak jarraitzen badu.

Halaber, laneko istripuaren ondoriozko baja, ospitaleratzerik ez dakarrena, dagoenean, enpresak osagarria ordainduko dio langileari, gaur egun indarrean dauden erregelamenduzko sariei batuta, hitzarmeneko lansariaren %100 bermatzen duena, 365 egunean (urtebetea), gehienez.

Gaixotasun arruntaren eta lanez kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna dagoenean, enpresak osagarria ordainduko du, gaur egun indarrean dauden Gizarte Segurantzaren konturako erregelamenduzko sariei batuta, hitzarmeneko lansariaren %90 bermatzen duena lehenbiziko bost (5) egunetan edo %100, bajaren seigarren (6) egunetik aurrera.

Kasu bakoitzerako legez eskatzen den gutxieneko gabezialdia ez betetzeagatik langileak ezin badu hartu aldi baterako ezintasuneko saririk, enpresak ez du zertan inolako osagarririk ordaindu.

Aldi baterako ezintasuneko egoerek ez dute murrizketarik ekarriko aparteko pagetan jaso beharreko diru kopuruari dagokionez.

17. artikulua. Onura sozialak.

Langileek 100 euro jasoko dituzte ezkontzen direnean eta beste 100 euro, semea/alaba jaiotzen denean.

18. artikulua. Bazkariaren dieta.

Lanaren beharrizanak direla-eta enpresak langileei proposatzen dienean bertan bazkaltzeko, bazkaria emanen die.

IV. KAPITULUA

Segurtasuna eta higienea

19. artikulua. Arau orokorra.

Enpresak eta langileek zehatz bete beharko dituzte segurtasun eta higienearen arloan indarra duten xedapen guztiak. Enpresak urteroko osasun azterketa bermatuko die langileei, horiek hala nahi badute.

20. artikulua. Laneko ekipamendua.

Enpresak lana betetzeko beharrezko ekipamendu pertsonalak emanen dizkie langileei. Honakoa izanen da neguko arropa: parka iragazgaitza berogarriduna, praka iragazgaitz berogarridunak, lepo altuko jertsea, praka luzeak eta mendiko botak. Honakoa izanen da udako arropa: kirol-jertsea, kamisetak edo poloak, praka bereizgarriak eta olanazko bota baxuak. Hasiera batean, enpresak konpromisoa hartzen du jantzi horiek emateko, langileen beharren arabera, baldin eta horiek irregulartasunik egiten ez badute ekipamendua zaintzeari dagokionez (axolagabetasuna, zabarkeriak, behin eta berriz desagertzea eta abar). Alde horretatik, langile bakoitza bere laneko ekipoa zaintzeaz, mantentzeaz, garbitzeaz eta ez galtzeaz arduratuko da. Ezin izanen dira erabili enpresak ematen dituen jantziak ez direnak.

VI. KAPITULUA

Langileen ordezkariak

21. artikulua. Arau orokorra.

Arlo honetan arau orokorretan xedatutakoari jarraituko zaio.

22. artikulua. Orduen kredituaren metaketa.

Langileen ordezkaritza gauzatzen duenak Langileen Estatutuan aintzatetsita duen orduen kreditua metatzen ahalko du bere alde hil batetik bestera, hurrengo mugak izanda:

–Metaketa ezin izanen da urte natural bakoitzetik kanpo luzatu.

–Hil natural batean beste bi hiletako orduak baino ezin izanen dira metatu.

–Apirilean, maiatzean eta ekainean ezin izanen da ordurik metatu.

VII. KAPITULUA

Prestakuntza

23. artikulua. Prestakuntza.

Enpresa langileen prestakuntza jarduerak antolatzeaz arduratuko da, hala nola ikastaroak, beste zelai batzuetako bisitak eta abar.

Prestakuntzak langile bakoitzaren urteko lanaldiaren 8 ordu hartuko ditu, gutxienez.

VIII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

24. artikulua. Hutsegiteak.

Enpresak zehapenak jar diezazkie langileei, lanean hutsegiteak egiteagatik

25. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Langileak lanean edo lanaren ondorioz eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen tamaina, garrantzia eta helburua: arina, larria edo oso larria.

Hutsegiteak hitzarmen honetan eta unean-unean indarra duen araudian xedatuarekin bat mailakatuko dira.

26. artikulua. Hutsegite arinak.

Honako hauek dira hutsegite arinak:

1. Hogeita hamar egun naturaleko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean egun batez.

3. Zerbitzua bertan behera uztea funtsezko arrazoirik gabe, denbora gutxirako bada ere. Horren ondorioz, enpresari nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, hutsegite hau larritzat edo oso larritzat har daiteke, kaltearen edo istripuaren larritasunaren arabera.

4. Bidezko arrazoia izanik, lanera joan ez izanaren berri behar den epean ez ematea, non ez duen ezinezkoa izan zaiola frogatzen.

5. Behar bezain garaiz ez jakinaraztea bere kargura dituen familiakoen datuak eta datu pertsonalak aldatu direla, horrek enpresaren gainean eragina izan baitezake atxikipen fiskalen edo enpresako beste betebehar batzuen ondorioetarako. Horrelakoetan fede txarrik bada eta/edo kaltea egiten bazaio enpresari, hutsegite larritzat hartuko da.

27. artikulua. Hutsegite larriak.

Hutsegite larriak honako hauek dira:

1. Arrazoirik eman gabe, lautik seira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean.

2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean bi egunetan.

3. Enpresako instalaziotik joatea lanaldiaren erdian, arduradunak edo gerenteak baimenik eman ez badu.

4. Laneko aginduak edo jarraibideak ez betetzea, II. eranskinean zehaztutakoak barne, segurtasun eta higiene arauei buruz eta enpresaren laneko arriskuei aurrea hartzeko planean ezarritakoei buruz, bai eta lanean zuhurtziarik gabe edo zabarkeriaz aritzea, salbu eta horien ondorioz enpresari kalte larriak edo instalazioetan, makinetan eta, oro har, enpresaren ondasunetan matxurak sortzen direnean edo jendearentzat istripu arriskua dakarrenean, zeren horrelakoetan hutsegite oso larritzat hartuko baitira.

5. Publikoari beharrezko arreta eta zuzentasuna ez ematea, betiere jokabide horrek kalte berezirik ez badio ekartzen enpresari edo langileei; halakoetan hutsegite oso larritzat hartuko da.

6. Axolagabekeriaz zaintzea makinak, tresnak, lehengaiak, instalazioak eta gainerako gauzak, enpresaren dokumentuak barne.

7. Hordituta egotea laneko orduetan, edo horietatik kanpo, enpresaren uniformea jantziz gero. Inguruabarrok errepikatuz gero, hutsegite oso larritzat jotzen ahalko da, betiere ohartarazpenik edo zehapenik izan bada tartean.

8. Garbiketa eza, betiere tartean ohartarazpenik edo zehapenik badago eta langileen edo publikoaren arrazoizko kexa sortzeko adinakoa bada.

9. Baimenik gabe lan partikularrak egitea lanorduetan, edota enpresako tresnak, erremintak, makinak, ibilgailuak eta, oro har, enpresaren ondasunak lanetik kanpoko xedeetarako erabiltzea baimenik gabe, lanorduetatik kanpo bada ere.

10. Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea, enpresari kalte larririk eragiten ez zaionean.

11. Agindutako lanak gaizki egitea, pertsonei edo gauzei kalte egiten zaienean.

12. Beste langile batzuen fitxaketa txartelak erabiltzea, lanean daudela simulatzeko edo beste edozein helburu izanik.

13. Bi hutsegite arin edo gehiago, desberdinak izanagatik ere, laurogeita hamar egun naturaleko epean, haiengatik zehapenak ere izan baldin badira.

28. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1. Arrazoirik eman gabe, sei hutsegitetik gora lanera berandu iristeagatik, hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean. Eta, arrazoirik eman gabe, hamabi hutsegite berandu iristeagatik, ehun egun naturaleko epearen barnean.

2. Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabete batean, arrazoirik eman gabe.

3. Agindutako lanetan iruzur egitea, leialtasun eza edo konfiantza-abusua eta beste lankideei, enpresari edo beste edozein pertsonari ebastea eta lapurtzea, bai eta dolozko delitu izan daitekeen edozein jokamolde ere, enpresako lokaletan edo lanean beste edozein lekutan aritzean. Halaber, enpresaren instalazioetan, merkataritzarako edo industriarako negoziazioak egitea bere kasa edo beste norbaiten kontu, enpresak espresuki baimendu gabe.

4. Jarraian eta ohitura gisa, garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideengan edo bezeroengan arrazoizko arrangura sorrarazten duenean.

5. Gaixotasunaren edo istripuaren itxurak egitea, langilea horretaz baliatzen denean lanera ez joateko. Ulertuko da hala gertatzen dela aldi baterako ezintasuna duen langileak edozein motatako lanak egiten dituenean, bere kontura edo beste norbaiten kontura, edo baja luzatzea ekartzeko manipulazioa, engainua edo jokabide inkontsekuentea egiten denean.

6. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria, mespretxua edo errespetu falta larria nagusiei, lankideei eta menpekoei, edo haien ahaideei, bai eta bazkideei edo publikoari ere.

7. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo nahitaez isilpean eduki beharreko datuak enpresakoa ez den bati erakustea.

8. Eraso fisikoa, ohiko liskarrak eta ika-mikak lankideekin, lantokian edo lanak betetzen ari direla.

9. Jazarpen sexuala eta laneko jazarpena.

10. Enpresaren material, lanabes, tresna, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea.

11. Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.

12. Segurtasun eta higienerako babes elementuak eta laneko arriskuei aurrea hartzeko planekoak ez erabiltzea, behin eta berriz, behar bezala ohartarazia izan arren.

13. Drogak kontsumitzea laneko orduetan, edo horietatik kanpo, enpresaren uniformea jantziz gero.

14. Lehenbiziko hutsegite larria egin ondoko zortzi hilabeteen barrenean, beste hutsegite larri bat egitea, beste mota batekoa izan arren, lehendabizikoari ohartarazpena edo zehapena egin bazaio.

15. Langileen Estatutuaren 54.2 artikuluan hala aurreikusita daudenak.

29. artikulua. Zehapenak.

Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan eta lanaren arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

Hutsegiteak langileari jakinaraziko zaizkio, hura noiz egin zen eta zergatik jasota geldituta; langileak hartu-agiria egin edo jakinarazpena sinatu beharko du.

Zehapenik ezartzen bada, hura langileen ordezkariei jakinaraziko zaie.

30. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Enpresak, egindakoaren larria eta inguruabarrak kontuan hartuta, zehapen hauek jartzen ahal ditu:

Hutsegite arinengatik:

a) Hitzezko kargu-hartzea.

b) Kargu-hartze idatzia.

c) Bi egunera arteko enplegu-soldaten etenaldia.

Hutsegite larriengatik:

a) Enplegu-soldaten etenaldia, hiru egunetik hamabostera bitarte.

Hutsegite oso larriengatik:

a) Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Diziplinako kaleratzea.

31. artikulua. Preskripzioa.

Langileen hutsegiteak ondokoaren arabera preskribituko dira, betiere enpresak hura gertatu zela jakiten duen egunetik hasita:

Hutsegite arinetan, 10 egun. Hutsegite larrietan, 20 egun. Hutsegite oso larrietan, 60 egun. Eta kasu guztietan, hura egin eta sei hilabetera.

I. ERANSKINA

Zereginen zerrenda

–Soropila moztea makina ezberdinak erabiliz.

–Sastraka eta belar altuak kentzea, sasi-garbitzeko makina mekanikoez edo eskuz. Beharrezkoa denean, hondakinak biltzea.

–Traktorez, bestelako makinez edo eskuz ongarritzea.

–Makinazko edo eskuzko tratamendu fitosanitarioak.

–Soropila makinaz edo eskuz zulatzea.

–Zulaketaren ondoriozko lur biribilkiak biltzea, makinaz edo eskuz.

–Landare hondakinak garbitzea haize-makinaz, arrasteluz edo bestelako tresnez.

–Soropila aratzea, makinaz edo eskuz.

–Soropil gune hondatuak edo irregularrak konpontzea zohiak ateraz, materiala emanez edo hustuz, mailakatuz eta zohiak berriro jarriz.

–Eremuetan “zuloak” konpontzea.

–Eremuetan zuloak aldatzea horretarako berariazko tresnaz.

–Kaleetan edo eremuen aurreko guneetan ateratako belar zatiak konpontzea.

–Ereiteko lurrak prestatzea, eskuz edo ereiteko makinaz ereitea eta amaierako lanak egitea.

–Belar gaiztoak eskuz jorratzea.

–Zelaiko guneak birmoldatzea, hala nola irteerako plataformak, bunkerrak eta abar, zohiak ateraz, materiala emanez edo hustuz, zuinkatuz, mailakatuz eta amaiera egokia lortzeko behar diren gainerako lanak eginez.

–Bunker, irteerako gune, bide eta abarretako ezpondak arteztea eta berriro trazatzea, hondeatzeko makina txikiez edo eskuz.

–Zamalanetarako, zuloak egiteko, zangak egiteko edo lurrak hedatzeko eta materialak banatzeko zamagailu txikiak, paladun traktorea edo bestelako makinak erabiltzea.

–Bunkerrak arrastelatzea makinaz edo eskuz.

–Bunkerretan harea aldatzea edota berriro jartzea.

–Drainatze berriak egitea edo eraginkorrak ez diren drainatzeak konpontzea makinaz edo eskuz zangak eginez, tutuak, kutxatilak eta bestelako elementuak jarriz eta drainatzeko materiala emanez.

–Zuhaitzak, zuhaixkak eta bestelako landareak landatzea, makinaz edo eskuz zuloak egin ondoren.

–Zuhaitzak, zuhaixkak eta beste landare batzuk oro har mantentzea moztuz, ziriztatuz, ongarrituz, tratamenduak emanez, zurkaitzak eta euskarriak jarriz edo kenduz, txorkoak eginez, ureztatuz eta abar eginez.

–Ertzean jartzeko elementuak, hainbat materialezkoak direnak, jartzea parterretan, bideetako ertzetan, txorkoetan eta beste gune batzuetan.

–Drainatzeko, materialak banantzeko, eguzkitik babesteko, belar gaiztoak kentzeko eta abarretarako hainbat motatako mantak, xafla geotestilak eta abar jartzea.

–Bideak egitea, konpontzea edo berrelikatzea oinarrian agregakinak erabilita, makinak erabiliz edo eskuz.

–Hormigoizko bideak egitea edota konpontzea zuinkatuz, kutxak eginez, enkofratuz, sare elektrosoldatuak jarriz eta hormigoia hedatuz eta talotxatuz (edo beste modu batean amaitzea). Hormigoia kamiotik edo hormigoi-makinatik bideraino garraiatzea dunperren edo beste ibilgailu batzuen bidez. Gogortu ondoren ebakiak egitea, diskoko ebakigailuen bidez.

–Hainbat gunetan trinkotze zereginak egitea, zapaltzeko motorrezko makinen, alperren eta bestelako tresna moten bidez edo ura erabiliz.

–Hesietarako zutoinak jartzea makinaz edo eskuz zuloak eginez, behin-behineko euskarriak instalatzea eta, hormigoia edo beste material batzuk erabilita, zapata egitea.

–Hesiak konpontzea txarrantxak, sare metalikoak, alanbreak, grapak edo beste material batzuk erabiliz.

–Seinaleztatzeko, guneak babesteko edo beste zerbaitetarako hainbat motatako seinaleak, markak, kartelak, sokak, hesolak eta gainerako tresnak egitea edota jartzea, bai finkoak, bai aldi baterakoak.

–Kanpoko altzarietako elementuak jartzea, adibidez bankuak, paperontziak, bolak garbitzeko tokiak, saretoak eta abar.

–Hainbat lanetarako (besteak beste, zoladuretako konponketak, paramentuak, etab.) hormigoia edo morteroak egitea eta erabiltzea.

–Eustormak, trenkadak, zokaloak eta abar egitea morteroz eta harriz, blokez edo adreiluz. Gauza bera egitea hormigoiz, behar bezala enkofratuta.

–Eraikinetako paramentuak, zoladurak, altzarietako elementuak edo zelaiko seinaleztapena pintatzea, bernizatzea edo beste produktu batzuk ematea.

–Hainbat produktu nahastea eskuz, nahasgailuz, hormigoi-makinaz eta abarrez.

–Hainbat produktu garraiatzea eskuz edo ibilgailuen bidez. Ibilgailuetan, biltegietan eta abarretan hainbat motatako materialen zamalanak egitea eskuz edo makinez.

–Zelaia oro har garbitzea paperak, plastikoak, latak eta abar jasoz eta paperontziak hustuz. Behar denean, zenbait gune (adibidez lakuak, kanalizazioak, kadak eta abar) berariaz garbitzea.

–Makinen eta langileen instalazioak garbitzea, eta horien barnean ordenari eustea. Hondakinak garraiatzea eta kontainer egokietan hustea, landare hondakinak konpost materialen kontainerretan sartuta.

–Bideak edo beste azal mota batzuk erraztatzea eskuz edo ekortzeko makinez.

–Klubaren eraikinetan kristalak garbitzea.

–Makinak eta tresnak garbitzea.

–Bolak makinaz edo eskuz biltzea.

Aurreko puntu guztiak enpresaren instalazio guztietara (golf zelaia, kirol kluba eta abar) aplikatzen ahalko dira.

Zerrenda hori ez da itxia edo zehatza, egin ohi denaren erakusgarria baizik. Hori dela eta, beharbada egonen dira hemen aipatu ez diren zereginak, baita etorkizunean behar diren beste batzuk ere.

Eguraldi txarra dagoenean lan egitea.

Greenkeeper izenekoak edo arduradunak zehaztuko du noiz ez den egokia kanpoan lan egitea. Kasu horretan I. eranskinean aipatzen diren barneko zereginetako batzuk eginen dira edo sortzen diren eta aterpean egiten ahal diren beste batzuk.

Aterpean lan egin ezin denean, 2 orduko epea egonen da, lanaldia hasten denetik zenbatuta, eguraldiak hobera egin zain. Ordu horietako bat enpresaren konturakoa izanen da; bestea, aldiz, langileen konturakoa.

II. ERANSKINA

Golf zelaiko langileentzako araudia

–Lanaldia hasten den ordu zehatzean langilea mantentze-lanetako nabean egonen da, laneko arropa jantzita, egin beharreko lanei buruzko jarraibideak hartzeko.

–Ezinbesteko arrazoi batengatik langile bat ezin bada bere lanpostuan egon lanaldia hasteko unean, jaiegunetako txandetan barne, horren berri eman beharko die arduradunei, ahalik eta lasterren, eta, betiere, hasteko ordua baino lehenago. Langile guztiek ezagutu behar dituzte sakelako telefonoen zenbakiak (Manolo Millan: 620 942 464; Paco: 659 323 655). Bi telefono horiek okupaturik badaude, edo estaldurarik gabe edo, beste edozein arrazoirengatik, ez badaude libre, langileak haietako baten erantzungailuan mezu bat utziko du, zergatik joanen den berandu edo zergatik ez den joanen azalduz.

–Ondorio horretarako instalatuta dagoen erlojuan fitxatuko du, laneko ekipoa jantzi eta gero. Era berean, lanaldia amaitutakoan berriro fitxatuko du, oraindik laneko ekipoa jantzita duela. Erabat debekatuta dago langile bakoitzaren txartela ez direnak manipulatzea.

–Agindutako zereginei erantzunen zaie lanaldian eta hori amaitutakoan ez da mantentze-lanetako nabera itzuliko indarreko ordutegiaren arabera amaitzeko une zehatzaren aurretik, arrazoi ezberdinak direla-eta (adibidez, makinak garbitu beharra eta abar) arduradunek bestelakoa adierazi ezean.

–Ogitartekoa jateko atsedenaldia 9:30etik 9:50era bitartekoa izanen da. 20 minutu horiek langileak lana eteten duen unetik berrabiarazten duenera arte zenbatuko dira. Debekatuta dago ogitartekoa klubeko etxeko jatetxean edo sukaldean jatea, lanegunetan zein jaiegunetan.

–Langile bakoitza sortzen duen zarama kentzeaz arduratuko da, bai bidean dauden paperontzietako baten bat erabiliz, bai lanaldia amaitu arte berekin eramanez. Ezin izanen da inola ere bota zelaiko guneren batean, ezta mantentze-lanetako nabeko patioan ere.

–Debekatuta dago alkoholdun edariak edo bestelako estupefazienteak kontsumitzea lanaldian, baita jaiegunetako txandetan ere. Nabaria denez, ezin izanen da lanaldia abiarazi alkoholaren edo estupefazienteen eraginaren mende egonda.

–Berariaz debekatuta dago enpresaren ibilgailuak edo edozein makina mota erabiltzea lan jarduerari zuzenean eta berariaz lotuta ez dauden joan-etorriak egiteko.

–Zelaiko guneak mozteko eta bunkerrak arrastelatzeko, ordena berari jarraitu beharko zaio beti, bestelakoa adierazi ezean. Ordena horren arabera, 1. zulotik hasiko da eta zenbaki korrelatiboei jarraituko zaie, 18. zulora heldu arte. Dena den, eremuak mozteko ordena honakoa izanen da, bestelakoa adierazi ezean: eremu zabala (putting green izenekoa), 9. eremua, 1. eremua, 10. eremua, 2. eremua, 3. eremua, 4. eremua, 5. eremua, 6. eremua, 11. eremua, 12. eremua, 13. eremua, 8. eremua, 14. eremua, 15. eremua, 16. eremua, 17. eremua, 18. eremua, jokalekuko eremua eta hurbilketa praktikatzeko eremu zabala (pitching green izenekoa).

–Nahitaez erabili behar dira enpresak langileei ematen dizkien jantziak. Ezin da erabili desberdina izateagatik bistarako deigarria den bestelako jantzirik, eta ezin da soina biluzik agerian utzi. Ezin da laneko arropak enpresatik kanpo jantzi, salbu eta betetzen ari bada arduradunek edo maila goragokoek agindutako lanaren bat. Era berean, langilea kasu bakoitzean agintzen diren babes-osagarriak erabiltzera behartuta egonen da.

–Makinekin edo tresnekin arazo teknikoak daudela-eta edozein langilek agindu zaion lana eten behar duenean, arduradunarekin edo greenkeeper izenekoarekin harremanetan jarri beharko da jarraibide berriak hartzeko, tailerreko edo klubeko etxeko irratiaren bidez. Horietako bat ere aurkitu ezin badu eta, nolanahi ere, beste zereginik agindu ez bazaio, mekanikariak arazoa konpontzen duen bitartean langileak makinetako nabeak, patioa edo guztiek erabiltzeko gelak (adibidez, aldagelak eta komunak) garbituko ditu.

–Mekanikariak makinen erabilerari buruzko alderdi teknikoak zehazten ditu. Abiadurei, karga mugei eta makinen osotasunarekin eta iraunkortasunarekin zerikusia duen erabilerari buruzko beste edozein alderi dagokienez, haren jarraibideei jarraitu beharko zaie beti.

–Debekatuta dago bazkideei edo jokalari orokorrei bola erabiliak zuzenean saltzea: langileek klubaren bidez baino ezin izanen dituzte zelaian aurkitzen dituzten bolak gainetik kendu.

–Praktiketako zelaian bolak biltzea: laneko istripuak saihesteko asmoz, langileak behartuta egonen dira bolak eskuz biltzera eta praktiketako zelaitik alde egitera, praktiketako kantxako lehenbiziko erabiltzailea agertzen denean goizean. Langilea bolak biltzeko ibilgailuaren barnean egon ezean, ezin izanen da praktiketako zelaiaren esparrura sartu. Argidun proiektagailuak daudenez, bolak biltzeaz arduratzen diren langileen lanaldia hasteko ordua 6:00etara arte aurreratzen ahalko da, egoerak hori eskatzen badu.

Enpresa arau horiek osatzen joanen da, beharrizanen arabera.

III. ERANSKINA

2012-13-14ko soldata taulak

Oinarrizko soldata (eurotan):

KATEGORIA

HILEKO SOLDATA

EKAINEKO APARTEKOA

ABENDUKO APARTEKOA

GUZTIRA

Ofiziala

1.477,23

1.477,23

1.477,23

20.681,22

Greenworker izenekoa

1.255,67

1.255,67

1.255,67

17.579,38

Peoia

1.034,05

1.034,05

1.034,05

14.476,70

13. artikuluko sari finkoa:

KATEGORIA

PREZIOA

Ofiziala

602,89

Greenworker izenekoa

512,44

Peoia

422,02

Aparteko orduak. Igande eta jaiegunetako orduak:

KATEGORIA

APARTEKO ORDUAK

IGANDE ETA JAIEGUNETAKO ORDUAK

Ofiziala

17,86

25,03

Greenworker izenekoa

15,17

21,29

Peoia

12,51

17,52

Fideltasuna eta antzinatasuna (hileko kopurua):

DENBORA

HILEKO KOPURUA

2 URTE

26,28

6 URTE

72,93

10 URTE

127,63

14 URTE

176,89

18 URTE

182,36

20 URTE

272,89

22 URTE

291,73

24 URTE

356,71

26 URTE

400,89

28 URTE

462,72

IV. ERANSKINA

Hitzarmen honen eraginpeko beste langile batzuk

Hitzarmen honen barnean gelditzen dira langile hauek:

–Jorge Ciaurriz Barasoain.

–Aranzazu Arocena Iturri.

–Ramón Gómez Mora.

Langile horiek egun duten kategoriari eutsiko diote.

Hiru langile horiei etorkizunean hitzarmenerako ituntzen diren igoerak aplikatuko zaizkie, baita aldi baterako ezintasunaren osagarria eta ezkontzeagatik eta seme-alaben jaiotzengatik izaten diren onura sozialak ere.

Dena dela, eta aurrekoa gorabehera, langile horiek beren egungo ordainsarien sistemari eutsiko diote, eta hitzarmeneko ordainsarien araubidea ez zaie aplikatuko (soldata taula, sari finkoa, aparteko orduak eta fideltasun edo antzinatasun plusa).

Orobat, egungo lanaldia eta egungo egutegia eta ordutegia bereizgarri izaten jarraituko dute, eta hitzarmenean horri buruz xedatua ez zaie aplikatuko.

Langile horiei, halaber, 2013ko urriaren 22ko Akordioaren B.3 eta C.5 puntuetan zehaztua aplikatuko zaie. V. eranskinean jasotzen dira.

V. ERANSKINA

2013ko urriaren 22ko Akordioa

2013ko urriaren 22ko Akordioaren B.3 eta C.5 puntuak ematen dira.

B.3.–Natalia Garayoa Buñuales andrearen kaleratzeak tramitazio judizialean segituko du, ezertan galarazi gabe alderdiek horren adiskidetzea egin dezaketela edozein unetan, hura bidezko juzgatzen badute.

Epaitegiak Natalia Garayoa andrearen kaleratzea baliogabetzen badu, langile hura berriro onartzen den egunetik aurrera, betiere atzeraeragineko ondorioak aurreakordio hau sinatzen denetik aurrera dituela, eta hura berriro onartzeak enpresaren lan kostuak modu nabarmenean eraldatuko dituen heinean, plantilla osoari soldata murrizketa bat aplikatuko zaio.

Murrizketaren portzentajea kalkulatzeko, aurretik kalkulatuko da zer den ondoko langile hauen urteko soldata gordinaren %2.

–Arocena Iturri, Aranzazu.

–Ciaurriz Barasoain, Jorge.

–Galvez Ilardia, Jesus M.ª.

–Goiena Raton, Denis.

–Gomez Mora, Ramon.

–Goñi Gomez Fco.Jose.

–Herrera Saritama, Tomas Jesu.

–Martinez Berrio, Sandra.

–Millan Solis, Arkaitz.

–Pascual Jimenez, Maite.

–Viana Ruiz, Ainhoa.

–Villanueva Lerindegui M.ª Angeles.

–Garayoa Buñuales, Natalia.

–Maya Tainta, Amagoia.

Batuketa hori EREMU BATUKETA da. EREMU BATUKETA horri %2 aplikatuko zaio, hau da, 0,02rekin biderkatuko da. Emaitza plantilla osoaren urteko soldata gordinarekin zatituko da (BATUKETA OSOA). Azken emaitza hori 100ekin biderkatuko da, eta hori izanen da plantilla osoari aplikatu beharreko murrizketaren portzentajea.

% = 2 x EREMU BATUKETA/BATUKETA OSOA

Murrizketa hori enpresako langile guztien soldaten gainean aplikatuko da. Hortaz, ez da trabarik izanen murrizketa horren ondorioz ez lortzea Bulegoen, Garbiketaren eta Ostalaritzaren hitzarmenetan ezartzen diren edo etorkizunean ezartzen ahal diren soldatak (enpresak horiek izaten ditu erreferentziatzat enpresako zenbait langile talderentzat).

C.5.–Soldata baldintzak: hitzarmen honen hiru urteko indarraldian, izoztuak jarraituko dute, 2011ko soldata taulak aplikatuko baitira.

Kontuan hartuko da Natalia Garayoa andrea berriro onartzeari buruz adierazitakoa. Hartara, soldata taulak murriztu beharko dira, lehen aipatutako atzeraeragineko ondorioa izanda, hala behar izatera.

VI. ERANSKINA

Bestelako gaiak

1. Aurreraeragina.

Hitzarmenaren aurreraeragina ez da urte batekoa izanen salaketa egiten denetik aurrera, arauak xedatu bezala, baizik eta bi urte eta hiru hilabetekoa hitzartutako indarraldia bukatzen denetik aurrera.

2. Hitzarmena ez betetzea.

2015eko martxoaren 31ra bitarte, hitzarmena ez betetzea soilik gauzatu daiteke alderdiak ados baldin badaude. Egun horretatik aurrera, araudiak ezarri bezala egin daiteke.

3. Enplegu bermea.

Enpresak ez du kaleratze objektiborik edo enplegu erregulazioko espedienterik eginen 2014ko azaroaren 30era arte.

Iragarkiaren kodea: F1401656