Iragarkia
35. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
222/2014 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, toki entitateei, erakundeei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2014. urtean diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako.
2014ko ekitaldira luzatutako 2012. urteko Nafarroako Aurrekontu Orokorrek kreditu lerro batzuk ezarrita dituzte, azken helburu gisa prebentzioa eta osasunaren sustapena duten jarduerei diru-laguntza emateko.
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dago ezarria. Arau horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu egin beharko dira, diru-laguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratu ahal izateko.
11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da toki entitateek eta bestelako erakunde, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek autolaguntza taldeak sortu eta abiarazteko berariazko ekintzak egitea, baita, herritarren partaidetza bultzatuz, prebentzioa eta osasuna sustatzeko programak garatzen dituzten ekintzak ere, Osasun Departamentuak osasun politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen jarraibideekin bat, eta bereziki Osasun Planean, Paziente Kronikoei Arreta Integratua emateko Nafarroako Estrategian eta Nafarroako Laneko Osasun Planean aipatzen diren helburuekin bat datozenak.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2014. urtean prebentzioa eta osasuna sustatzeko programak, Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen jardueren osagarri direnak, egiteko diru-laguntzetarako deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean biltzen diren oinarriekin bat.
2. Guztira, 1.532.971 euroko gastua baimentzea 2014ko ekitaldira luzatutako Nafarroako 2012ko Aurrekontu Orokorretan, zuzkidura hauekin kontu-sailen arabera:
–51110-511003-4819-311100 “Osasun programetarako laguntzak”: 317.000 euro.
–51200-520000-4609-313902 “Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntza”: 425.000 euro.
–51200-520000-4819-313902 “Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako”: 182.004 euro.
–51200-520000-4819-313900 “GKEekiko hitzarmenak (HIESa)”: 170.797 euro.
–51200-520000-4609-313900 “Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak”: 152.166 euro.
–51200-520000-4819-313903 “Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak”: 130.284 euro.
–51200-520000-4819-313904 “Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak”: 155.720 euro.
3. Ebazpen hau eta eranskina Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzura, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegora eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2014ko otsailaren 12an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Cristina Ibarrola Guillén.
ERANSKINA
Toki entitateei, erakundei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2014. urtean diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako
1. Diru-laguntzaren xedea:
Deialdi honen xedea da toki entitateei eta bestelako erakunde, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2014. urtean programak eta jarduerak egin daitezen prebentzioari, osasunaren sustapenari eta laneko arriskuen gaineko jarduketei buruz, esparru hauetan:
–“Osasun programetarako laguntzak”: osasun arazoak dituztenentzako proiektuak, arreta berezia emanez Paziente Kronikoei eta Pluripatologikoei Arreta Emateko Nafarroako Estrategian jasotako prestakuntza edo/eta autolaguntzako programei.
–“Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntzak”: drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako programak, udalerriek eta/edo mankomunitateek eginak.
–“Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako”: drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako programak, gobernuz kanpoko erakundeek eta antzekoek eginak.
–“GKEekiko hitzarmenak (HIESa)”: GIB-HIESaren infekzioari lotutako programa komunitarioak.
–“Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak”: taldeko eta komunitateko osasunaren sustapenerako eta prebentziorako programak, eskualdeko zerbitzu eta baliabideen lankidetzarekin eginak. Tabakoari buruzko programak hemen sartuko dira, baina ez droga-mendekotasunei aurrea hartzekoak eta HIESaren gainekoak, lehenago aipatutako kontu-sailen kargura finantzatuko dira eta.
–“Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak”, ijitoen gutxiengo etnikoentzako osasun bitartekotzako programetara bideratuak.
–“Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak”. Modalitate honetan langileak ukitzen dituzten arrisku eta/edo kalteei buruzko jarduketa dakarten azterlan eta ikerlanak sartuko dira.
2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Ebazpen honen bidez ezartzen diren diru-laguntzen onuradunak izaten ahalko dira toki entitateak, erakundeak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen erregistroetan inskribaturik badaude eta 2014an Nafarroan prebentzioa eta osasuna sustatzeko ekintza edo programak burutzen badituzte, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat datozenak.
Nafarroako Foru Komunitatean pazienteei eta haien familiei arreta ematen dieten elkarteentzat bakarrik izanen dira osasun programa hauen laguntzak.
Entitate publikoak ez diren eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorren ordainketak ere.
Halaber, ezin dira egon Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan, diru-laguntzen onuradun izateko, ezarritako gainerako debeku-egoeretan.
Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.
3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.
3.1.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:
–Jardueren, material suntsigarriaren eta entitate onuradunaren langileen gastuak, aurkezturiko proiektu edo programari lotuak badaude.
–Funtzionamenduko gastu orokorrak, gehienez ere diruz lagundutako kantitatearen %25era bitarte.
Salbuespenak:
–HIESak jotako eta gutxiengo etnikoetako pertsonen harrerarako programetan, funtzionamendu gastuetarako ezarritako %25eko muga hori ez da kontuan hartuko.
–“Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako” lerroaren konturako diru-laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da zenbat diru erabiltzen ahalko den alokairuak pagatzeko, elkarteek eta erakundeek diru-laguntzaren xedeko jarduera burutzeko lokal bat behar dutenean.
3.1.2. Diru-laguntzetatik kanpo geratzen diren gastuak:
–Gaixotasunei buruzko sentsibilizazioa eta informazioa, oro har herritar guztientzat direnak.
–Inprimatutako materiala. Salbuespenez bakarrik emanen da diru-laguntza inprimatutako materialetarako; hala eginen da baldin eta ebaluazioa egiten duen unitatearen iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.
–Bakar-bakarrik entitatearen publizitaterako diren gastuak.
–Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzuen zorroan ez dauden osasun jarduerak.
–“Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak” izeneko 51200 520000 4609 313900 kontu-sailaren kargura ordaintzen diren prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetan, langileen gastuak.
Orobat, eta oro har, “Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak” izeneko 51200-520000-4819-313904 kontu-sailean ez da diru-laguntzarik emanen jardunaldiak antolatzeko, biltzarretarako, sarien deialdietarako, bakarrik kontuan hartzen diren prestakuntza ekintzetarako, ezta entitateak behartuta dauden jarduketetarako ere, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko legeriaren ondorioz.
3.2. Zenbatekoak:
Laguntzen zenbatekoa lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da, eta hala badagokio, deialdi honetako Ebaluazio Batzordeak ezartzen dituen murrizketa proportzionalerako ehunekoak aplikatuta.
3.3. Deialdi hau garatzeko aurreikusi den aurrekontuko zenbatekoa 1.532.971 eurokoa da, gehienez ere, zuzkidura hauekin kontu-sailen arabera:
–51110-511003-4819-311100 “Osasun programetarako laguntzak”: 317.000 euro.
–51200-520000-4609-313902, “Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntza”: 425.000 euro.
–51200-520000-4819-313902 “Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako”: 182.004 euro.
–51200-520000-4819-313902 “GKEekiko hitzarmenak (HIESa)”: 170.797 euro.
–51200-520000-4609-313900 “Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak”: 152.166 euro.
–51200-520000-4819-313903 “Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak”: 130.284 euro.
–51200-520000-4819-313904 “Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak”: 155.720 euro.
4. Eskaerak.
4.1. Aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2014ko martxoaren 14an bukatuko da, bi egun horiek barne direla.
Ondokoei buruzko diru-laguntza eskaerak:
“Osasun programetarako laguntzak”.
Ahal dela, Osasun Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Amaia kalea, 2 A, Iruña).
Ondokoei buruzko diru-laguntza eskaerak:
“Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntza”.
“Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako”
“GKEekiko hitzarmenak (HIESa)”.
“Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak (tabakoarenak barne)”:
“Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak”.
Ahal dela, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Leire kalea, 15, Iruña).
Ondokoei buruzko eskaerak:
“Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak”.
Ahal dela, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Landaben industrialdean duen eraikinaren erregistroan aurkeztuko dira (F kalea, z.g.).
Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izanen dira (horien zerrenda 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ageri da, martxoaren 18koan) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinen bidez, barnean dela Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).
Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.
Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
a) Diru-laguntza eskatzeko inprimaki ofiziala, behar bezala betea, egin beharreko proiektuaren, ekintzaren eta programaren atal tekniko eta ekonomikoak egoki arrazoituz. Inprimaki ofiziala Osasun Departamentuan (Amaia kalea, 2 A, 31002 Iruña), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan (Leire kalea, 15, 31003 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) jaso daiteke.
b) Diru-laguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria (eskabidearen inprimaki ofizialean ageri dena) eta pertsona horren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
c) Eskatzailea inskribaturik dagoen Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen erregistroa adieraztea, bidezkoa bada.
d) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
e) Entitate eskatzaileak pertsonaren bat kontrataturik badauka: ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatua, Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eguneraturik dauzkala frogatzen duena.
f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira. Aitorpen hori diru-laguntzaren eskabideari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.
g) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
h) Diru-laguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 9. oinarrian xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak txosten bat aurkeztu beharko du, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla frogatzen duena.
i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko aitorpena, helburu bererako beste diru-laguntzarik jaso ote duen adierazten duena. Aitorpen hori diru-laguntzaren eskabideari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri direneko espedientea edo deialdia adierazten bada eta aurkeztu zirenez geroztik aldaketarik gertatu ez bada.
Entitate publikoek ez dituzte c), d), e), f) eta g) letretan aipatzen diren agiriak aurkeztu behar.
Eskatzaile bakoitzak gehienez ere hiru programa aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, toki entitateek izan ezik.
4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.
5. Prozedura instruitu eta ebazteko organo eskudunak eta ebazpena emateko gehieneko epea.
Deialdi honen instrukzioa unitate hauei dagokie, baloratu beharreko interes arloaren arabera:
Osasun Jardueren Ikuskapenerako eta Aseguramendurako Atalari.
–Osasun arazoak dituzten pertsonei arreta ematea helburu duten proiektuak.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko Atala.
–Drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako programak, udalerriek eta/edo mankomunitateek eginak.
–Drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako programak, gobernuz kanpoko erakundeek eta antzekoek eginak.
–GIB-HIESaren bidezko infekzioarekin lotutako programa komunitarioak.
–Prebentzio programak eta taldeko eta komunitateko osasuna sustatzeko programak, beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideen lankidetzarekin eginak, tabakoarenak barne, eta droga-mendekotasunaren eta HIESaren prebentzioarekin lotutakoak kanpoan utzita.
–Ijitoen gutxiengo etnikoentzako osasun bitartekotzako programak.
Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzua.
–Laneko lehentasunezko arriskuei aurrea hartzeko programak.
Aipatu diren instrukzio unitateek egiaztatuko dute eskatzaileek betetzen dituztela diru-laguntza lortzeko betebeharrak. Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak unitate guztien instrukzioa koordinatu eta prozeduraren gainean ebazteko proposamena aurkeztuko du, txostenak gainbegiratu ondoren, Ebaluazio Batzordeak luzatzen duenarekin bat.
Osasun Zuzendaritza Nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.
6. Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.
Ebaluazio Batzorde bat osatuko da, kide hauek izanen dituena:
–Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan arituko dena.
–Gizarte eta Osasun Laguntzako Foru Planeko zuzendaria.
–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko 8 kide, bertako zuzendariak izendatuak.
–Gizarte Politiketako Departamentuko kide bat, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiak izendatua.
–Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuko kide bat, bertako zuzendariak izendatua. Idazkari lanetan arituko da.
Ebaluazio Batzordeak eskaerak baloratu eta diru-laguntzak eman eta ukatzeko proposamena aurkeztuko du, eskatzaileek diru-laguntza lortzeko behar diren betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, instrukzio unitate bakoitzak luzaturiko txostenarekin bat. Unitate horiek lehenengo balorazioa eginen dute, ez loteslea, 7. oinarrian aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabiliz.
Ebaluazio Batzordeak proiektuak ebaluatu eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.
Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
7. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak:
7.1. Diru-laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, 7.3. puntuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Beharrezkoa bada, diru-laguntzetarako bideratutako kontu-sailen gehieneko diru-zenbatekoak hainbanatuko dira gutxieneko puntuazioa gainditzen duten onuradunen artean, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
7.2. Programak edo jarduerak banaka puntuatuko dira arlo bakoitzean, lortu nahi diren helburuen arabera. Arlo bakoitzari aurrekontuko kontu-sail bat dagokio, arlo hori finantzatzeko erabiliko dena, hain zuzen.
Gutxieneko puntuazio bat eskatuko da, eta horretara iritsi ezean, ez da diru-laguntzarik emanen.
Proiektu edo programa bakoitzean aurreikusitako kostu ekonomikoak ebaluatuko dira. Aurreikusitako gastuak, merkatuko prezioekin alderatuta, goitituak daudela edo deialdi honen esparrukoak ez diren jarduerak dituztela ikusiz gero, berriz eginen da proiektuaren balorazio ekonomikoa. Arau orokor gisa, ezarririk egonez gero, Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifak baino kostu handiagoak ez dira finantzatuko.
7.3. Balorazioan irizpide hauek erabiliko dira:
7.3.1. Aurkezturiko programaren egokitasuna eta/edo osagarritasuna Osasun Departamentuaren lehentasunezko arlo eta helburuekin, eta Osasun Barruti edo Eskualdean garaturiko beste programekiko integrazioa: 25 puntu arte.
7.3.2. Aurkezturiko proiektuaren kalitatea, xede den populazioaren egoeraren, beharren eta parte-hartzearen azterketa eta justifikazioa, haren prestaketaren diseinua eta zehaztasuna (xede-populazioa, helburuak, metodologia, aurrekontua eta autoebaluazioa), eraginkortasun eta eragimen maila: 40 puntu arte.
7.3.3. Programa aurrera eramateko entitatearen egokitasun maila. Azpiegitura: egoera finantzarioa, baliabideen optimazioa, entitatearen esku-hartzea, boluntarioak eta proiektu berean edo antzekoetan lehenago lorturiko emaitzak baloratuko dira, bai eta Foru Komunitateko zerbitzu eta entitateekin lankidetzan aritzea ere: 35 puntu arte.
Proiektu bat lagungarritzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 7.3.2 atalean lortu beharko dira.
Osasun programetarako kontu-sailaren diru-laguntzetan, elkarte bakoitzak kontu-sailaren %10 jaso dezake gehienez ere.
Proiektuak ebaluatu ondoren, aurrekontu lerroen arabera ordenatuko dira, lortutako puntuazioari jarraikiz.
Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat, lorturiko puntuen adinakoa, aplikatuta, betiere gutxienekoa gainditzen bada, eta aurrekontuan dagoen diru-izendapenaren arabera.
8. Onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
–Diruz lagunduriko jarduerak eskaeretan eta, bidezkoa bada, diru-laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzetan egitea. Diruz lagunduriko jarduerak 2014an eginen dira, eta Nafarroako Foru Komunitatearen barruan.
–Osasun Departamentuari komunikatzea beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo diru-laguntza guztiak, erantzukizuneko aitorpen baten bidez. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskabide ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizuneko aitorpenaren eredua.
–Eskuarki, jendaurreko ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilpena arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Logotipoa erabili aurretik, diru-laguntzaren onarpena tramitatu duen instrukzio unitateari jakinarazi beharko zaio.
–Jarduera burutzen ari dela, diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztiak instrukzio unitateari komunikatzea. Salbuespen gisa, diru-laguntza jasotzen duen entitateak eska lezake programaren edukia aldatzeko, aldaketa funtsezkoa ez bada, baita programa gauzatzeko modua eta epeak ere. Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa baloratzeko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi; betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen. Eskaera horiek kasuan kasuko instrukzio unitateak baloratu eta onetsi beharko ditu.
–Droga-mendekotasunari eta prebentzio komunitarioari buruzko udal planetako programak gauzatzeko, toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzen kasuan, langileei ordaintzeko ematen zaien diru-kopuru berbera jartzea beren funtsetatik.
–Orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.
Gardentasun betebeharrak:
Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargurako diru-laguntzak eskuratzen dituzten entitateek, laguntza horren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa denean urte naturalean eta, gainera, entitatearen urteko aurrekontuaren edo negozio-zifraren %20 bada, ondoren aipatzen den informazio gehigarriak beharko dute aurkeztu.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren zehaztearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.
b) Diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.
Aurreko kasuak gertatzen direnean, entitate hartzaileek hurren informazioaren berri eman beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptutan banatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan bildutakoa izanen da.
d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu ondoren aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabilita, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabete batekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.
Informazio hori urtebetez eskura egonen da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko muga gainditu gabe informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskatutakoa gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.
Entitateak gardentasunerako betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du.
Entitateak ekitaldi berean ondoz ondoko diru-laguntzak jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9. Diru-laguntzaren ordainketa.
9.1. Ordainketa aurreratua:
15.000 eurotik beherako diru-laguntza lortzen duten onuradunei, ordainketa bakar batean pagatuko zaie diru-laguntza, aurreraturik. 15.000 eurotik gorako diru-laguntzak ere aurreraturik pagatuko dira, entitate eskatzaileak frogatzen badu diru-laguntzaren helburuak lortzeko funts likidoak behar dituela. Horretarako, behar den txostena aurkeztu beharko du eskaerarekin batera.
Aurrerakin horren ordainketa onartutako betebeharrei aurre egiteko aurreikusirik dauden funts likidoen egoeraren mende egonen da. Hortaz, aurrerakina Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko du.
60.000 euroko edo hortik gorako diru-laguntzak izanez gero, diru-laguntza zatika pagatuko da, zenbateko txikiagotan. Ordainketa aurreratu bakoitza aurrekoa justifikatu ondoren eginen da, 2014. urtean zehar, diru-laguntza emateko ebazpenean xedatzen denaren arabera.
Onartutako kopuruak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezartzen diren bermeekin ordainduko dira, diru-laguntzen aurrerakinen kasuetan.
9.2. Gastuak justifikatu ondoko ordainketak.
Gainerako kasuetan, ordainketa hiru hilean behin egiten ahalko da, gastuak eta egindako jarduera aldez aurretik justifikatuta, 10.1 puntuan adierazten den moduan.
10. Justifikazioa.
10.1. Ordainketak hiru hilean behin egiten direnean, onuradunek ordura arte izandako gastu eta ordainketen justifikazioa aurkeztu beharko dute aldez aurretik, justifikatutako aldian egindako jardueraren gaineko tarteko txostenarekin batera. Tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatzean.
Fakturak gastuen zerrenda zenbakidun eta kontzeptuen arabera sailkatuarekin batera aurkeztuko dira, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoari jarraituz.
10.2. 2015eko urtarrilaren 9an amaituko da Memoria Teknikoa eta Ekonomikoa eta justifikazio ekonomikoak aurkezteko epea onuradun guztientzat, ordainketa aurreratua jaso zutenentzat nahiz laguntza hiru hilean behin jaso zutenentzat aldez aurretik justifikatuta.
10.3. Diruz lagunduriko programa edo jarduera egin eta helburua lortu dela frogatzeko memoria teknikoak, ahal dela, eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, Osasun Departamentuko Erregistroan.
Justifikazio ekonomikoa egiteko, diru-laguntza jasotako jardueren fakturak aurkeztuko dira, jatorrizkoak eta fotokopiak, 2014ko abenduaren 31 aurreko gastuetarako. Ordainketa zatikatuen kasuetan, ez da beharrezkoa izanen berriz ere aurkeztea ordainketen justifikazio partzialetarako jadanik aurkeztutako fakturak.
Fakturak gastuen zerrenda zenbakidun eta kontzeptuen arabera sailkatuarekin batera aurkeztuko dira, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoari jarraituz.
10.4. Jasotatako diru-laguntzaren erabilera justifikatzeko, udalek, memoriaz gainera, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada.
11. Azpikontratazioa.
Onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, jardueraren zenbatekoaren %50era bitarte gehienez. Muga horrek ez du indarrik izanen toki entitateentzat.
Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, “laneko lehentasunezko arriskuen” lerrorako, zilegi da azpikontratazioa egitea hirugarrenekin, diru-laguntzaren xede den jarduera erabat edo hein batean gauzatzeko.
Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren proiektuetan, xehetasunez.
Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.
Aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituzten zerbitzuetan, diru-laguntza jaso dezakeen gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat. Toki entitateek ez dute ziurtapen hori aurkeztu beharrik.
Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratu idatzia beharko da azpikontratazioa egiteko. Azpikontratazioetan, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak bete beharko dira.
Kontratistek onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera burutzearen erantzukizun osoa.
12. Bateragarritasuna.
Diru-laguntza hauek bateragarriak izanen dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, salbu xede bererako Osasun Departamentuak emandako beste laguntza batzuekin. Programa edota jarduera bererako bi diru-laguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere haren kostu osoa baino handiagoa izanen.
13. Laguntza itzultzea.
13.1. Programa burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutza interesa eskatzea, diru-laguntza ordaindu zenetik hura itzultzeko ebazpena eman arte sorrarazia.
13.2. Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
13.3. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.
14. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen den diru-laguntza hartzen duen entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.
Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
15. Aplikatzekoak diren arauak.
Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.
–Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 115. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 57. artikuluan xedaturikoarekin bat.
–Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
17. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Antolamenduaren eta Ikuskapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webgune ofizialean, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
Iragarkiaren kodea: F1402305
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
