35. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDAZUBI

Determinazio xehakatuetako aldaketa. Behin betiko onespena

Ikusirik Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 5879. Ebazpena, 2013ko irailaren 24koa, eta orobat ikusirik auzitegi beraren 245. Ebazpen Probidentzia, urriaren 15ekoa; ikusirik, halaber, Udalbatzako legelariaren 2013ko urriaren 18ko txostena; ebazpen horren kontra para litezkeen errekurtsoak deusetan ukatu gabe, Urdazubirako onetsitako hirigintzako determinazio guztiek ahalik eta lasterren indarra hartzeko xedez, udal honek, 2013ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea determinazio xehakatuen aldaketa Dantxarineko A3-1 unitatean. Sustatzailea Justo Arrechea Bidaur jauna da. Orobat onetsi zen jendaurrean edukitzea. Iragarkia 2013ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14an.

Jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ebatzirik, Urdazubiko Udalak, 2013ko abenduaren 20ko osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Dantxarineko A3-1 unitateko determinazio xehakatuen aldaketan bildutako antolamendu xehakatuko determinazioen aldaketa. Sustatzailea Justo Arrechea Bidaur jauna da.

Argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Urdazubin, 2014ko urtarrilaren 22an.–Alkatea, Santiago Villares Otheguy.

ERANSKINA

Hirigintzako arauak

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak eta definizioak

1. artikulua. Izaera eta xedea.

Araudi honetan erregulatzen da Urdazubiko A3-1 unitateko hirigintzako determinazioekin zerikusia duen guztia.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Araudi honen aplikazio eremua Urdazubiko A3-1 unitatea izanen da. Dokumentu honetan agertzen ez den orotarako, Urdazubiko Udal Plan indarduneko araudian ezarritakoak aginduko du.

3. artikulua. Indarraldia eta betebeharrezkotasuna.

Araudi honek indarra hartuko du antolamendu xehakatuaren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Antolamendu xehakatuko determinazioak, hura indarrean dagoen bitartean, nahitaez aplikatuko dira bai planeamenduan eta bai planeamendua gauzatzean. Nahitaez aplikatu beharrekoak izanen dira hala partikularrentzat nola administrazio publikoentzat.

Antolamendu xehakatuko determinazioak edozein unetan aldatu edo berrikusten ahalko dira, legedia aplikagarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

4. artikulua. Interpretazioa.

Antolamendu xehakatu hau osatzen duten dokumentuen edukien lehentasun ordenari dagokionez:

Agiri grafikoak eta idatziak bat etortzen ez badira, testua lehenetsiko da marrazkiaren gainetik; bat ez etortzeak agiri grafikoetan gertatzen badira, berriz, eskala handienekoa lehenetsiko da eskala txikiagokoen gainetik, salbu eta kontrako interpretazioa ondorioztatzen ahal bada testutik.

Agiri idatziak bat etortzen ez badira, hirigintzako arauen testua lehenetsiko da beti.

5. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hauen interpretazio eta aplikazioaren ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:

–Eraikinaren gehieneko lerrokadura: gehieneko lerrokaduratzat joko da BSean fatxada gaindi ez dezakeen lerroa, nahiz eta baimentzen diren atzeraemanguneak eta hegalkinak fatxadaren lerrotik 2 metro bitarte goiko solairuetan, betiere lurzatiaren barnean.

Gehieneko lerrokadura hori ezin da aplikatu sotoko-erdisotoko solairuetan; horiek lurzati pribatuak okupatzen ahal dituzte eraikuntzako gehieneko lerrokaduretatik haratago.

–Sotoak eta erdisotoak: halakotzat jotzen dira lurpean edo erdilurpean dauden solairuak, hots, beheko solairuaren edo urbanizazioko sestraren azpian daudenak. Sotoko eta erdisotoko solairuen azalera ez da zenbatzen eraikigarritasunaren kalkuluan.

–Eraikuntzaren garaiera: eraikuntzaren garaieratzat jotzen da bi hauen arteko distantzia bertikala: espaloiaren sestra puntutik fatxaden kanporanzko hormetako gailur lerrorainoko distantzia bertikala. Espaloiko sestraren puntua, erreferentzia gisa hartzen dena, kota altuenekoa izaten ahal da, betiere hori dagoen espaloia edo bidea lurzoru publikoa bada eta ez lurzati pribatu bat.

Orokorrean, gehieneko garaiera 10 m-koa izanen da.

–Azalera eraikia: azalera eraikia, eraikigarritasuneko kontsumo konputuaren ondorioetarako, honako hau izanen da: eraikina ixten duten hormen kanpoaldeko perimetroaren barneko azalera; ez dira zenbatzen karrerapeak eta terraza irekiak, estalita egon arren. Erdisotoak, sotoak eta solairuarteak ez dira zenbatuko ondorio horietarako.

–Azalera okupatua: beheko solairuan eraikinaren kanpoaldeko itxiturek osatzen dituzten lerroak plano horizontalean proiektaturik definitzen diren mugen barneko azalera da.

2. KAPITULUA

Lurzoruaren hirigintza araubidea

6. artikulua. Unitatearen bereizketa.

Unitatea honela bereizten da:

–Tokiko sistema: bereizketa hau osatzen dute antolamendu xehakatuko sarbideek eta barneko sareak, baita eremu libreek eta berdeguneek ere.

–Lurzatiak: agiri grafikoetan zehaztutako bereizketak dira, eta horien gainean eraikinen bat eginen da.

7. artikulua. Lurzoruaren kalifikazioa. Erabilera xehakatuak.

Antolamendu honetan sartutako lurzoruak merkataritzako kalifikazioa du P.1etik P.2ra bitarteko lurzatiei dagokienez. Ekipamendutarako P.3 lurzatia. V.1 lurzatiaren kalifikazioa erabilera publikoko bideei dagokie, eta ZV.1 lurzatiak, berriz, erabilera publikoko eremu libreen/berdegunearen kalifikazioa du.

Erabilera xehakatuak honako hauek dira:

–P.1 eta P.2 lurzatiak.

  • Erabilera nagusia: Merkataritza.
  • Tipologia: Merkataritzako nabea.
  • Erabilera onartuak: (Erdisotoan-sotoan) garajea, biltegia, instalazioak.
  • Erabilera toleratuak: Jarduera nagusiaren osagarriak.
  • Erabilera debekatuak: Gainerakoak.
  • P.3 lurzatia: Erabilera anitzeko ekipamendua.

–V.1 lurzatiak

  • Erabilera nagusia: Bide sarea eta oinezkoena, erabilera eta jabari publikokoa.
  • A3.–1 eta A3.–2 arteko bide sare komuna A3.1eko urbanizazioarekin batera gauzatuko da, eta A3.2a konpentsatu beharko da kostuaren %50ean.
  • Erabilera onartuak: Aparkaleku publikoak, oinezkoendako eremuak eta ibilgailuenak, lurzatien sarbideak.
  • Erabilera debekatuak: Gainerakoak.

–ZV.1 lurzatiak.

  • Erabilera nagusia: Erabilera eta jabari publikoko eremu librea.
  • Erabilera onartuak: Berdegunea (zuhaitzak dituena), kiroletarako, haurren jolasetarako eta aisiarako eremua.
  • Erabilera toleratuak: Erabilera komuneko zerbitzuak edo ekipamendu eta instalazioak eta azpiegitura publikoak.
  • Erabilera debekatuak: Gainerakoak.

8. artikulua. Lurzati eraikigarrien forma eta neurriak.

Merkataritzako nabearen tipologia hartu da kontuan, kasuan kasuko lurzatiak baldintzatu eta eratzen dituena.

Lurzati horiek eta bertako eraikuntza, aprobetxamendu mugen eta eraikuntzaren gehieneko lerrokadurako inguratzaileen barnean, agiri grafikoetan finkatuta daude. Lurzatiak eta beren azalerak honako hauek dira:

LURZATI ZK.

AZALERA

ERAIKIGARRITASUNA

P.1

13.480 m²

9.714,24 m²

P.2

8.595 m²

6.192,48 m²

P.3

1.338,28 m²

662,78 m²

Aurreko taulan aipatu eraikigarritasunak erantsi dira, eta agiri grafikoetan ezarritako antolamendura bideratu dira.

Halaber, eraikuntza hartzen duten lurzatiak ezarri dira, eta agiri grafikoetan zehaztuta daude orientazio moduan. Lurzatian eraikinak okupatzekoa ez den azalera erabilera publikokoa izanen da gainazalean, eta ez du zortasunik sortuko, gerora aldaketak egiteko aukera eman dezan; lurzatien zorupea, hedadura guztian, erabilera pribatukoa izanen da eta eraikinen sotoek okupatzen ahalko dute, eraikinaren gehieneko lerrokaduretatik haratago.

Lurzati pribatuetako eraikinetan sartzeko arrapalek eremu publikoa hartzen ahalko dute.

Baimentzen dira kanpoko terrazako elementuak, eta orubeei erantsitako eremu libreak, itxitura elementuekin edo egitura desmuntagarriekin estaltzen ahalko direnak, nahiz ez diren zenbatuko azalera eraikigarri edo okupatu gisa.

9. artikulua. Urbanizazioa.

Antolamendu xehakatu honen ondoren, dagokion urbanizazio proiektua prestatuko da, unitate osorako bakarra, eta 85/1995 F.D.ko 49. artikuluan eta hurrengoetan eskatutako agiri guztiak bilduko ditu.

Honako obra eta zerbitzu hauen definizioa eta ebaluazioa zehaztuko dira bertan:

–Hondeaketa eta lur mugimenduak.

–Bide eta espaloiak zolatzea eta seinale etzan eta zutikakoak paratzea.

–Ureztatzeko sareak eta sute ahoak.

–Ur beltzen eta euri uren hustubideen sarea.

–Ur banaketarako sarea.

–Argindarra banatzeko sarea.

–Telekomunikazioetako hodiak.

–Eremu libreen eta hiri altzarien egokitzapena.

–Argiteria publikoa.

–Beste sare eta/edo kanalizazio batzuk.

Urbanizazio proiektuak bideen sareak eta oinezkoenak zehaztuko ditu, eta hirigintzako oztopoak kenduko dira 4/1998 F.L.arekin eta 154/1989 F.D.arekin bat.

10. artikulua. Aldi bereko eraikuntza eta urbanizazioa.

Eraikitzeko eskubidea erabiltzen ahalko da urbanizazioko lanak bururatu baino lehen, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

–Irmo bihurtzea, administrazio bidean, birzatiketa proiektua behin betiko onesteko egintza.

–Formalizatzea Antolamenduan erabilera eta jabari publikoko eremu libreetarako eta ekipamenduetarako erreserbaturiko lurren lagapena, Udalaren aldekoa.

–Urbanizazio proiektua behin betiko onestea.

–Behar bezainbateko fidantza ematea, legerian onartzen diren moduetako edozeinen bidez, kasuan kasuko urbanizazio lanak beteko direla bermatzeko.

–Lizentzia eskatzeko idazkian sustatzaileak konpromisoa hartzea urbanizazioko lanak bururatzen diren arte eraikuntza ez erabiltzeko.

Eraiki eta aldi berean urbanizatzeko betebeharra betetzen ez bada, eta horrek urbanizazio obrak ez bukatzea ekartzen badu, ez dira emanen bizigarritasun zedula eta eraikuntza lehen aldiz okupatzeko lizentzia.

11. artikulua. Jarduketa sistemak.

Aurreikusitako jarduketa sistema konpentsaziokoa da, Udal Planean zehaztutako moduan eta 85/1995 F.D.aren 62. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera. Borondatezko birzatiketaz ordezten ahalko da.

Urbanizazioa gauzatu eta birzatiketa egin ondoren, ondoriozko lurzatien gaineko jarduketa zuzenekoa izanen da.

12. artikulua. Gauzatzeko epeak.

Hala urbanizazioa gauzatzeko nola eraikuntza lizentziak eskatzeko gehieneko epea lau urtekoa izanen da, aprobetxamendu eskubidea eskuratzen denetik hasita, eta zehaztuko da kasuan kasuko birzatiketa proiektua edo konpentsazioa behin betiko onesten den unean.

13. artikulua. Jarduketa eremua.

Jarduketa eremuak exekuzioko unitate bakar bat osatzen du, antolamendu xehakatu honen bitartez garatu beharrekoa eta, ondoren, urbanizazio proiektuen eta unitate osoaren birzatiketa proiektuaren bitartez, garatu eginen da.

3. KAPITULUA

Eraikuntza arauak

14. artikulua. Eraikinaren gehieneko lerrokadura.

Agiri grafikoetan zehaztuta daude, eta lurzati baten barnean eraiki daitekeena mugatzen dute. Gehieneko lerrokaduraren ondorioetarako, betebehar hori ez dute izanen sotoko edo erdisotoko solairuek, baina bai zedarritu beharko dira lurzatiaren mugen barnean.

15. artikulua. Gehieneko okupazioa.

Agiri grafikoetan zehaztuta dago eta lurzatiaren barneko gehieneko okupazioa ezartzen du. Gehieneko okupazioa gehieneko lerrokaduraren mugen barnean garatu beharko da.

16. artikulua. Eraikigarritasuna.

Lurzatietako beheko solairuko gehieneko okupazioak zehazten du. Baimenduriko eraikuntzaren garaiera 10 metrokoa da BS+1ean.

Eraikigarritasunaren ondorioetarako, ez dira zenbatuko sotoan, erdisotoan eta solairuartean eraikitako azalerak.

17. artikulua. Eraikinen garaiera.

Eraikinak 10 metroko garaiera izanen du gehienez sestraren gainean. Solairu hauek hartuta: beheko solairua, lehen solairua eta solairuartea (BS+1+SA). Sestrapean sotoak eta erdisotoak egin daitezke.

18. artikulua. Estalkiak.

Estalkiak egitean, halako eraikinetarako inguru horretan tradiziozkoak diren akaberak emanen dira.

Iragarkiaren kodea: L1401159